<![CDATA[Saioa Alkaiza | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 05 Feb 2023 05:28:56 +0100 hourly 1 <![CDATA[Saioa Alkaiza | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Erromantizismo iraultzaileaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1907/006/001/2019-10-18/erromantizismo_iraultzaileaz.htm Fri, 18 Oct 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1907/006/001/2019-10-18/erromantizismo_iraultzaileaz.htm
Bestela esanda, bere garaian Anna Jónasdóttirek El poder del amor ¿Le importa el sexo a la democracia? liburuan Firestoneren pentsamendua jasotzerakoan azaldu zuen bezala, maitasuna beharrezkoa da patriarkatuaren mantenurako: «Patriarkatu garaikidean, maitasuna dominazio maskulinoaren zutabea da; izan ere, estatistikoki, emakumeek egindako maitasun inbertsioa handiagoa da: jaso baino gehiago ematen dute». Dioenez, maitasun plus hori dela-eta irteten dira gizonak esparru publikora autoestimu handiagoarekin, jasotako erreziprozitaterik gabeko kariñoaren ondorioz. Gauzak horrela, eta berriz diot, maitasun erromantikoaren kontra gaude. Ezinbestean.

Edo bestela, Estebanen Crítica del pensamiento amoroso lanean irakur daiteke Jónasdóttiren pentsamenduaren beste ale bat; eta merezi du gogora ekartzea: «Kapitala alienatutako lanaren metaketa bada, autoritate maskulinoa (emakumeengan duen eragina dela eta) maitasun alienatuaren metaketa da». Horregatik, berriz ere: maitasun erromantikoaren kontra gaude.

Ez naiz hutsetik ari, ez naiz berritik ari; aspaldi dago «gure» ezkerreko giroetan mugimendu antierromantikoa. Hau bagenekien. Aurrekoan, lagun batek, baina, gako bat eman zidan pentsatzeko ez ote garen ari geure buruari jarritako tranpan erortzen deseraikitze lan hauetan: «Bikotearen tiraniatik ihes egin nahian, lagun talde batean jarri nuen nire indarra, kolektibo batean, aurrera begirako proiektu bat garatzeko, eta, total, azkenean, bikotea baino gehiago erromantizatu nuen kolektiboa!».

Eta azaldu zidan nola imajinatu zituzten denen artean etxe berri bateko planoak, eta kolektibitatean nola pentsatu zituzten inoiz jaioko ez diren alegiazko haur batzuen bizitzak eta nola indar pila jarria zuen proiektuan, ia ahitzeraino, eta nola azkenean, bada, nola hautsi zen.

Eta nik neure burua ikusi nuen, binakako egitasmotik ihesi, eta lagun taldeak eta proiektu politikoak erromantizatzen. Erromantiko bezain inkoherente.]]>
<![CDATA[BERTSOKLIKA]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/011/001/2019-04-07/bertsoklika.htm Sun, 07 Apr 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1888/011/001/2019-04-07/bertsoklika.htm Trumoia ortzi beltzean hoska

Nekazaria, neo-hipsterra,
runner guayena, senez alferra,
aditz trinkoen militantea,
K-rekin duena gerra,
euskaltegiko marjinatua,
gela barneko liderra,
harri gaineko muskerra,
ta 1.120 taldetan
banatutako ezkerra.

Langabetua, kale-mimoa,
100 urteko andre irmoa,
behelainoak ere ilundu
ezin du(e)n optimismoa,
transak, bollerak, marikak eta
guztien algoritmoa,
pertsona anonimoa...
Denak, korrika, euskaraz josten
herri honen erritmoa.

Zoratutako jende erreka,
izerdi putzu den kamiseta,
buruak ezin ulertu duen
gorputzaren hausnarketa,
zipatutako kulero buelta,
'ttipi-ttapa' leherketa,
amets baten silueta...
Euskal Herria deitu ohi dugun
utopiaren maketa.]]>
<![CDATA[Zupatu eta ixo]]> https://www.berria.eus/albisteak/154320/zupatu_eta_ixo.htm Mon, 09 Jul 2018 13:26:44 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/albisteak/154320/zupatu_eta_ixo.htm <![CDATA[Polizia, Aldaketaren laguna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2571/035/002/2017-07-09/polizia_aldaketaren_laguna.htm Sun, 09 Jul 2017 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/2571/035/002/2017-07-09/polizia_aldaketaren_laguna.htm brunch bat baino gehiago, pilula bakarrean funtsezko bitamina guztiak dauzkana; galdu bada, emaiozue eskua, eskanea iezaiozue hatz erakusleko identifikagailua eta eraman Girien Meeting Point-era; eta, isunen bat jarri behar baduzue, beti irribarrez ipini. Herritarrak eta gu bat gara. Denon hobe beharrarengatik ari gara.

Etxeberria/Echeverria/Etcheverria /Echeverry/Etchxerripé udaltzainburuak azken aginduak eman dizkie agenteei, uztailak 5 dituenean. Egun bakarra baino ez da falta jaiak hasteko. Orain, udaltzainak ez dira udaltzainak. Figura hierarkiko hori amaitu egin zen Aldaketa iritsi eta bi legealdira. Aldaketaren Lagunak deitzen dira, 2034tik. E. andrea, beraz, ez da udaltzainburua, baizik eta Aldaketaren Bideratzaile Ez-Gorena.

Asko aldatu dira gauzak Iruñean borrak kendu, dialektika ikastaroetara bidali, eta soinu igorleak eman zizkietenetik Aldaketaren Lagunei. Baten bat atxilotu nahi izanez gero, aparatua frekuentzia altuenean jarri eta ustezko delitugile hori segundo batzuez gortu eta atzeman ahal dute orain, hori bai, jipoitu gabe. Soilik tinpanoa arinki minduta. Errepresioa erregimenaren kontua zen, ez Aldaketarena. Herritarrekin batera lan egitea da politika berria, 2073. urtean.

—Baina, E. andrea, eta iazkoa gertatzen bada? —galdetu dio, nekez, Aldaketaren Lagunak taldeko 4.639 kideak E. andreari. Jakinda iazkoa ia aipaezina dela. Armairuan gorde beharreko gaia. Tabua.

—Ez esan tontakeriarik, 4.639. Hori ez da gertatuko, ezinezkoa da, beharrezko neurri guztiak hartu ditugu. Ezin gara katramilatu urte bateko akatsarekin. Iazkoa gaizki joan zela, bai, ados, noski. Batzarrean gaude, eta hemen guztiok ondorioztatu genuen horizontalki hala izan zela, errore bat. Ez dakit nola lortu zuten. Dena dela, lasai ibil gaitezke: Etxabakoitzen dago A Herri Mugimenduaren Herri Gune Parte Hartzailea, eta Sarrigurenen, B Herritarren Jardun Askatzailearen Zonalde Horizontala. Txantrean, Arrotxapean eta Antsoainen, Aren eszisioa izan zen D Eremu Antikapitalista eta Parte Hartzaile Benetan Horizontala eta Alde Zaharrean, friki horiek, F Utopiaren Txoko Berdinzale-koak. Egon zaitez lasai, lau katu dira, eta oso banatuta daude.

—Bai, E. andrea —ausartu zen Aldaketaren Lagunak taldeko 3.384 kidea—, iaz ere lau katu ziren, eta, hala ere, lortu zuten: Txupinazoa izorratu ziguten, hogei minutu atzeratu zen pankarta erraldoi madarikatu horrekin... Herria da aldaketa jartzen zuen... Baina zer gehiago nahi dute? Zer esan nahi zuten horrekin? Zein pitzadura klase daukate? Dena aldatu da erregimenaren garaitik.

—Jende horri gertatzen zaiona da ez duela memoria historikorik, gehiago baloratuko bailuke bestela orain daukana—, ziurtatu du Aldaketaren Lagunak taldeko 3.384 kidearen ondoren eserita dagoen 1.837k.

—Aldaketaren etsaiak dira, hori baino ez. Eskuinari egiten diote mesede —erantzun du batzarraren izkina batean jarrita dagoen 5.374k.

—Lasai, aurten ez da halakorik gertatuko -Ahots irmoz mintzatu da E anderea-. Hogeita bi prozesu parte hartzaile ditugu martxan billabesen ordutegiak finkatzeko, gune komunitarioen izenak zehazteko sei prozesu ez-lotesle, bi eraikinen aurrealdeak margotzeko bi herri bozketa, liburutegia ordu erdi gehiago irekitzeko sinadura bilketa, jaietako kartelak aukeratzeko irizpideak zehazteko bilera irekiak, udaletxeko leihoak aldatzeko auzolanak... Zer gehiago nahi dute ba?]]>
<![CDATA[Eguna gaua denean]]> https://www.berria.eus/albisteak/108615/eguna_gaua_denean.htm Wed, 04 Mar 2015 13:37:14 +0100 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/albisteak/108615/eguna_gaua_denean.htm <![CDATA[Artista adingabeak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/032/001/2014-09-17/artista_adingabeak.htm Wed, 17 Sep 2014 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1736/032/001/2014-09-17/artista_adingabeak.htm Hitza. Heldutasunez jositako hamabost abestik osatzen dute obra.

Gurasoek eramaten dituzte kontzertuetara, autoz, eta oraindik ezin dute kudeatu kobratutako dirua; hala ere, Gor diskoetxearen apustu handienetarikoa da hirukotea. «Grabatzeko elkartu zirenean, hasieran jarraibideak ematen nizkien, baina segituan ohartu nintzen ez zituztela behar; bigarren egunetik aurrera, grabaketarekin gozatu baino ez nuen egin». Gor ekoiztetxeko Patxi Goñirenak dira hitzak. Musikari gazteen estiloa nabarmendu du, eta haien kalitatea: «Gezurra dirudi duten adinarekin horren disko fina egitea, horren heldua».

Hitza izenez bataiatu dute bigarren lana, hain justu kontzeptu horrek laburbiltzen duelako proiektuaren muina: «Gure arma bakarrak hitza eta hizkuntza dira». Hala azaldu du Osinagak. Horregatik, lengoaiaren eta euskararen garrantziaren inguruan aritu dira. Horren adibide da grabatutako hamabost kantuetatik hamahiru euskaraz izatea —bakarra egin dute gazteleraz, eta bestea hitzik gabeko sorkuntza instrumentala da—.

Lehen baino «indartsuago»

Askotariko gaiak landu dituzte. «Gaur egungo arazoak» direla dio Osinagak: kuadrilla, hedabideen manipulazioa eta Nafarroan D ereduarekin dagoen gatazka, besteak beste. Dena den, ezohiko gai bat ere hautatu dute, kuriosoa: asma. Abaurreak eta Osinagak gaitz hori dute; hori dela eta, arnasketa arazoak dauzkatenei enpatia keinu bat egin nahi izan diete: Badaukat asma da emaitza, Toy Dolls taldearen kanta baten bertsioa. Horrez gain, kolaborazio bat ere izan dute: Vendetta taldeko Javier Etxeberriak ahotsarekin lagundu die Sé tú mismo kantuan.

Lehen lanetik bigarrenera aldea badagoela uste dute taldekideek. «Ahotsa aldatu zaigu!», esan du Abaurreak, barrez. Baina ez da hori soilik aldatu: «Lehen diskoa etxean grabatu genuen, eta hau, estudioan. Profesionalagoa da, eta aurrenekoa baino indartsuagoa». Argi daukate zein den orain euren helburua: «Horrela jarraitzea». Datorren kontzertua Tolosan emango dute, urriaren 11n, Leihotikan taldearekin batera.]]>
<![CDATA[Etenik ez duten jaietako egunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1791/038/001/2014-09-13/etenik_ez_duten_jaietako_egunak.htm Sat, 13 Sep 2014 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1791/038/001/2014-09-13/etenik_ez_duten_jaietako_egunak.htm
Asteazkenera arte iraungo dute ekitaldiz betetako jaiek.

Udalak eta herri mugimenduak prestatu dute egitaraua]]>

Gaur, goizean emango diote egunari hasiera: 10:30ean hamaiketakoa egingo dute, gaztetxean. 12:00etan izango da, baina, ekitaldi nagusia, udaletxeko plazan; orduan botako baitute txupinazoa Altsasuko Caritaseko kideek, bertako elikagai bankuan egindako lanarengatik. Buruhandiak, erraldoiak, gaita jotzaileak... plazan egongo dira suziria jaurti bitartean, giroa alaitzeko asmoz.

Arratsaldean, Santo Kristo Otadiakoaren 45. pilota txapelketa jokatuko dute, Burunda pilotalekuan. Eta gaua heltzearekin batera, zezensuzkoak hartuko ditu kaleak, 22:00etan. Egunero-egunero aterako dituzte, umeen gozamenerako.

Bihar, berriz, herri bazkaria izango da eguneko ekitaldi garrantzitsuena. Ioartia plazatxoan batuko dira, bazkaldu, eta, ondoren, kalejiran abiatuko dira herriko txokoetan barrena.

Festa, baita astegunez ere

Baina giroa ez da soilik asteburuan izango; astegunez ere bada zer gozatua. Festa Batzordeko zinegotzi Juan Carlos Orellanok nabarmendu du astegunez «hil» egiten dela herria; horregatik, «ahalegin berezia» egin dute aurten larunbata eta igandea ez ezik, gainontzeko egunak ere «erakargarriak» izan daitezen.

Astea animatzeko gakoa: eskaintza musikal «zabala». Orellanok azpimarratu duenez, musika talde askori deitzea izan da Festa Batzordearen hautua. Era horretan, edozein egunetan jende andana bilduko dela uste du. Besteak beste, Motxila 21, Haize berriak, Revolta eta Arrobe musika taldeak lotu dituzte oholtzara igo daitezen. Orellanoren irudiko, kaleak betetzeko formula egokia izan daiteke kontzertuena: «Musikaren bidez, jendea animatu nahi dugu ateratzera, eta jaiez gozatzera, baina bost egunetan».

Nolanahi, ez dituzte bakarrik musika emanaldiak antolatu. Esaterako, astelehenean playback emanaldia antolatu dute, 17:30ean, Foruen Plazan; asteartean, haurrentzako parkea, goiz osoan, Zumalakarregi plazan; eta, asteazkenean, peñen bazkaria eta antzerkia, Txarlestrup taldearen eskutik, Foruen plazan.

Bost eguneko erritmo frenetikoaren ondoren, asteazkenean bukatuko dira jaiak, baina giroak ez du behera egingo: festei agur esateko, petardo-sortak piztuko dituzte-eta altsasuarrek, udaletxe parean. Ostean, kalejiran abiatuko dira, peñen laguntzaz.]]>
<![CDATA[Lehengo jantziak, egungo festa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1812/030/001/2014-09-10/lehengo_jantziak_egungo_festa.htm Wed, 10 Sep 2014 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1812/030/001/2014-09-10/lehengo_jantziak_egungo_festa.htm
Asteartea izanik, ohi baino lasaiago zeuden plazak, baina festarik ez zen falta. «Giro ona» zegoela zioen Elixabet Urzelai gazte zarauztarrak: «Kanpoko jende gutxiago dabil; txosnentzat, okerrago; baina, parranda lasai egiteko, hobeto!».

Alproja taldearen antzerkia hasteko zain zegoen Urzelai, lagunekin batera. Garazi Agoues ondoan zeukan. Hura ere antzezleak oholtzara igotzeko esperoan zegoen. «Antzerkia da eguneko hitzordua da», ziurtatu zuen, itxaron bitartean, eta obraren garrantzia eta lana nabarmendu zituen.

Eta ez zen bakarra izan; izan ere, ikusmin handia sortu ohi du emanaldiak. Gakoa: herritarra da; herritarrek eginda eta herriarentzat. Horregatik, jende tropela mugitu ohi du urtez urte. Eguerdi partean hastekoa bazen ere, ordubete lehentxeago bete ziren kasik oholtza pareko aulki guztiak. Ez zen ia tokirik esertzeko, eta abilenek 11:00ak inguruan bete zituzten itzalpean zeuden lekuak. Axun Uzkurun eta Andoni Larreta ziren gerizpean egoteko zortea izan zutenetako bi; propio joan ziren goizean goiz. «Tokia hartzeko, ez, baizik eta itzala hartzeko!». Halaxe esan zuen Uzkurunek. Gogoko dute biek Munoa plazan urtero egiten den ikuskizuna. «Herriko jendeak parte hartzen du, eta gaiak oso egunerokoak dira», zioen Uzkurunek, eta Larretak ere bat egin zuen baieztapena horrekin.

Gerra, baina umorez

«30 urte baino gehiago» dira biak Zarautzen bizi direla, eta, ondorioz, «oso ondo» ezagutzen dituzte euskal jaiak. Egungoak gustuko badituzte ere, beste garai batekoen nostalgia puntu batekin mintzo ziren biak. Uzkurunek aho bizarrik gabe hitz egin zuen: «Oraingoak ez dauka zerikusirik ezagutu genuenarekin. Lehen, sanoagoa zen giroa. Beti edan da, baina orain eguna edateko ohiturak hartuta dago».

Iosu Isaias Villanueva gaztea ere plazan zegoen, kuadrillakoekin hamaiketakoa egiten, obra hasi baino lehen. Haren irudiko, orain dela zenbait urte «desfasatu» egin zen euskal jaien eguna. Baina gaur egun «lasaiagoa» da. Hala, giroaren inguruko iritziak kontrajarriak badira ere, bada ezbairik gabe denek onartzen duten gauza bat: «Oso festa polita da». Villanuevak hori azpimarratu zuen, baita Uzkurunek eta Larretak ere.

Eguzkiak gogoz jotzen zuen, eta ordu-orduan hasi zen emanaldia. Zenbat gerra, lau, bat, hiru, bost, zazpi izenburua zeukan obrak, eta, urtero bezala, gai nagusia sekretua zen. Baina agertokira igo, eta segituan argitu zuten zein izango zen ildo nagusia: gerra. Baina ez nolanahiko gudua, Zarautzen eta San Pelaioren arteko independentzia gerra baizik. «Guztia egia, baina gure ikuspuntutik» esan zuten alproja taldekoek obra aurkezteko. Eta hortxe aritu ziren: galtzagorriak, bi armada, Espainiako monarkiakoak... hamaika pertsonaia, dena umorez, etengabe Zarauzko errealitateari erreferentzia eginez.

Ikus-entzuleak ederki asko sartu ziren antzezleek proposatutako giroan, eta gogotik egin zuten irri eta txalo. Sargori bazegoen ere, obrak iraun bitarteko ordubetean inor ez zen eserlekutik mugitu. Eta amaierarekin batera, txalo zaparrada eskaini zieten ikusleek antzezleei.

«Hogeita hamar urte- edo badira hau egiten dela [antzerkia]; urte batzuetan, jende falta izan da, baina urtero-urtero atera da. Gainera, geroz eta jende gazte gehiago animatzen da». Kontent zegoen Kristina Ruedas ikuslea, obrarekin gustura.

Arratsaldean, erromeria

Ikuskizuna bukatuta, musika entzun zitekeen edozein bazterretan: batetik, pandero jotzaile eta trikitilarien dantza doinuak; bestetik, tabernetatik ateratzen zen abestien zaratotsa. Ruedasek kaleko giroaren alde egin zuen: «Gaurko eguna kalean egoteko da, ez tabernetan».

Bazen tabernetan ez baizik eta plazan dantzan zebilenik ere. Horren erakusgarri zen Musika plaza. Arin-arin eta fandangoen bueltan, jira eta bira ibili ziren asko. Izaskun Angoitia zarauztarrak dantza maite du, eta hori da, hain zuzen ere, eguneko gauzarik onena, haren aburuz. Baina «kritika txiki bat» egin zion egunari. «Fandangoa eta arin-arina bakarrik jotzen dute; badago beste dantza batzuk sartzea; hain dantza mugituekin lehertu egiten gara!». Iritzi berekoa da Agurtzane Agirre, Angoitiaren laguna. «Garai bateko erromeria-erromeria behar dugu!», zioen Angoitiak. Haatik, dantzak «presentzia handia» izan zuelako pozik agertu ziren biak. Eguneko onena, haien iritziko: larrain dantza eta kalejira. Horretan ere bat zetozen bi lagunak.

Eguerdi partean, herritar asko etxera joan ziren bazkaltzera. Baina egon zen ere kalean bertan ogitartekoa atera zuenik, edo elkartean bildu zenik, mahaiaren bueltan. Beste batzuk, berriz, gaztetxean elkartu ziren. Hala azaldu zuen Iker Itxaso gaztetxeko kideak. Otordua prestatu, eta gero jolasak egin zituzten txosnetan.

Baina euskal jaien eguna ez da soilik goiz eta eguerdian ospatzen. Arratsaldean eta gauean ere egon zen gozamenerako tartea Zarautzen: erromeria, kalejira, triki air txapelketa —trikitirik gabe, trikitia jotzen dutela antzezteko lehiaketa—, eta kontzertuak. Festa tradizio bihurtu dute zarauztarrek euskal jaien egunean.]]>
<![CDATA[Farmaziatik pasatu gabe zaintzeko erak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1787/036/001/2014-07-24/farmaziatik_pasatu_gabe_zaintzeko_erak.htm Thu, 24 Jul 2014 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1787/036/001/2014-07-24/farmaziatik_pasatu_gabe_zaintzeko_erak.htm Sendabelarrak eta etnobotanika Euskal Herrian: jakituria tradizionaletik pentsamendu zientifikora ikastaroko irakaslea. Oso garrantzitsua iruditzen zaio natura ezagutzea, eta hiru egunez hori transmititu nahi izan die ikastaroko ikasleei.

Izpilikua, kamamila, malba, garoa, elorri zuria, elorri beltza..., horiek dira mendian aurkitu dituztenetako batzuk. Izan ere, bi egunez aritu dira Etxauri eta Elizondoko inguruetan bide bazterrei so, eta zuhaitzen hostoei begira, espezie bakoitza nolakoa den jakiteko asmotan. Ez da kasualitatea bi herri horiek aukeratu izana. Etxauri isurialde mediterraneoko tokia da, eta, ondorioz, lehorragoa da landaredia. Elizondo, aldiz, isurialde atlantikokoa da, eta hori dela eta, hezeagoak dira bertako landareak, zuhaitzak eta belarrak. Hirugarren egunean, mendia utzi, eta infusio, ukendu eta kremak egiten ikasi dute, Iruñeko Jaso ikastolako laborategian.

Aitziber Zufiaurre da ikastaroko arduraduna, eta «oso kontent» dago emaitzarekin. Hasieran, hamabost pertsonarentzako tokia baino ez zegoen, baina zabaltzea erabaki zuten, eskari handiaren ondorioz. Hori dela eta, lortutakoarekin «gustura» dago. Dioenez, denetariko jendeak eman du izena: «Denetarik dago: gazteak, zaharrak, sendabelarrak ezagutzen dituztenak, ez dituztenak...». Interesa, beraz, ez da falta. Bestalde, galbidean dagoen jakintzari segida emateko saioa da ikastaroa. «Gure amonek pila bat zekiten sendabelarren inguruan; gure ama eta izebek, zer edo zer, eta guk, oso gutxi. Belaunaldiz belaunaldi galtzen ari den jakintza da». Horrelako saioekin nolabaiteko bultzada eman nahi diote belarrak eta landareak jasotzeko usadio zaharrari, gal ez dadin.

Azkenean, hogeita hamar bat lagunek eman dute izena. Mendian gora abiatu dira, motxila bizkarrean hartuta, eta ikasteko gogoz. Horietako bi dira Ibon Murua eta Axun Askarai. Muruak ez du harremanik izan sekula sendabelarren munduarekin, eta, hain zuzen ere, horregatik animatu da. «Niri mendia asko gustatzen zait, baina landareak, zuhaitzak, belarrak... ez nituen ezagutzen, eta interesa neukan». Behin ikastaroa eginda, pozik dago ikasitakoarekin. «Beste mundu bat» deskubritu duela dio.

Bestelakoa da Askarairen esperientzia. Hark bai, hark ongi zekizkien lehendik sendabelarren dohainak zein diren, baina gehiago ikas zezakeela iritzita eman zuen izena. Eta ez da damutzen. «Beti gustatu izan zaizkit sendabelarrak; eta, aurretik, ezagutu bai, baina izenak eta...». Orain, izenak ere badakizki, baita zertarako balio duten ere. Gehiago jakiteko gogoz geratu da. «Esan diet antolatzaileei datorren urtean bigarren mailako ikastaro bat egiteko!».

Kritikotasunean irakasten

Ibili, begiratu, lore eta belarrak hartu, ukenduak egin... Hori guztia bada sendabelarren inguruko ikastaroa. Baina baita hori baino askoz gehiago ere. Zergatia: medikuntzaren inguruko ikuspegi kritikoa sustatzen ahalegintzen direlako. Zufiaurrek azaldu du zeintzuk diren eztabaidatu dituzten gaietako batzuk: «Zer da enpirikoa eta zer da magikoa? Zeintzuk dira farmakologikoki gaitasun batzuk dauzkaten sendabelarrak eta zeintzuk oinarritzen dira sinesmenetan?». Galdera horiek eginda, ez dute medikuntzaren bertsio bat edo beste hobetsi nahi, ikasleengan kritikotasunaren harra sartu nahi dute, zalantzak airean utzita.

Menendez irakasleak ere nabarmendu du zeinen garrantzitsua den gauzak ezbaian jartzea. «Ematen du natura gizakitik kanpo dagoela, edo kontrakoa, gizakia dagoela naturaz aparte. Hala, badirudi inguratzen gaituena arrotza dela. Baina ez; disoziazio horrekin hautsi behar dugu». Ondorioz, naturarekin kontaktuan sentitzeko gunea ere izan da ikastaroa.]]>
<![CDATA[Orgak erakusteko eguna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/036/001/2014-07-20/orgak_erakusteko_eguna.htm Sun, 20 Jul 2014 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1736/036/001/2014-07-20/orgak_erakusteko_eguna.htm
Uholdeek markatutako biltzarra izan arren, egitarau oparoa prestatu dute]]>
Baztanen eskuaraz barra-barra. Izan ere, herrien adiskidetasuna ez ezik, euskara da festaren ardatz.

Goizaldean hasiko dute egitaraua: 10:00etan, eskulangileen merkatua muntatuko dute plazan. Ekitaldi garrantzitsuena, baina, 11:00etan izango da: orga lehiaketa. Herri bakoitzak tokian tokiko errealitatearekin lotutako karroza bat prestatu du, eta gaur aterako dituzte kaleetara, kalejiran. Horren ostean, mutil dantza mistoa egingo dute; eta, hori bukatu eta gero, herri bazkariaren txanda helduko da. Bazkalondoan ere dantzarako aukera izango dute bertaratutakoek. 16:00etan, tonbolako zozketa egingo dute; ondoren, Trikidantzek joko du Laxoko frontoian. Eguna bukatzeko, Laiotz taldea igoko da oholtzara.

Herritik eta herriarentzat

Herriak egiten du Baztandarren Biltzarra; herriarentzat, gainera. Eta, horregatik, bada garrantzi berezia daukan elementu bat: auzolana. Herri bazkaria, esaterako, herritarren artean prestatzen dute, eta antolatzaileek azpimarratu dute urtero «oso ongi» ateratzen dela. Alvaro Garde da bazkariaren arduraduna, eta mahaiaren bueltan dena ezin hobeki ateratzeko prestakuntza lanetan dabil. «Oraingoz, 1.250 txartel saldu ditugu, baina 1.500 inguru izatea espero dugu». Eguraldia da aulki gehiago betetzeko faktore erabakigarria. «Azkenean, eguraldia gauza handia da. Badaezpada ere, ohi ez bezala, aurten frontoian eginen dugu bazkaria», adierazi du.

Baztango gazteek dute zerbitzatzeko ardura. Gardek esker hitzak baino ez ditu haientzat: «Nerabeek zerbitzatzen dute, 13 eta 18 urte artekoek. Lan handia egiten dute; aurten, 80 laguntzaile inguruk eman du izena». Urak hartutako bailarak «sekula baino gehiago» behar du festa, haren ustetan. «Inoiz baino ilusio handiagoarekin hartuko dugu».

Bazkariaz gain, orgak ere denen artean egiten dituzte. Oihana Retegi antolatzailearen zeregin nagusia da, hain zuzen ere, desfilean ezustekorik ez izatea. Haren hitzetan, aurreko desfileetan baino orga gutxiago erakutsiko dituzte gaur. «Uholdeen ondorioz, herriak geroago hasi dira orgak prestatzen; beraz, aurten hamabost baino ez dira izanen». Gutxiago izanda ere «gai anitz» landuko dituztela uste du Retegik: «Lekarozkoek eskola nahi dutela nabarmenduko dute; beste herri batzuetako herritarrek, berriz, lehengo ofizioak ekarriko dituzte gogora, belarra edo baserriko lanak nola egiten zituzten, kasurako; eta beste batzuek inkisizio eta frankismo garaiko pasarteak antzeztuko dituzte».

«Arras berezia» da festa, Retegiren aburuz. Argi dauka zergatik, gainera: «Baztandarren Biltzarreko xarma ez dagoelako beste edozein herritan!». Dioenez, Baztango historiari egiten diote gorazarre, eta horregatik da horren garrantzitsua hangoentzat. Hala ere, baztandarrak gustura sentitzeko elementu guztiak baditu ere, Euskal Herriko gainontzeko herritarrentzat ere badute tokia, eta hara joateko gonbita egin diete.]]>
<![CDATA[«Uholdeen ondoren, jendeak behar du halako besta bat»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1845/032/001/2014-07-18/uholdeen_ondoren_jendeak_behar_du_halako_besta_bat.htm Fri, 18 Jul 2014 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1845/032/001/2014-07-18/uholdeen_ondoren_jendeak_behar_du_halako_besta_bat.htm
Uholdeak izanda ere, festarekin aurrera jarraitu duzue.

Egin behar izan genuen balorazioa, baina nahiko argi ikusten genuen eginen zela. Elizondon, Erratzun eta Elbeten izan den auzolanaren ostean, uholdeen ondoren, uste dugu jendeak behar duela halako besta bat. Uholdeen ondorioa izan zen baztandarren beste biltzar bat kasik; herritarrak etorri ziren laguntzeko, etxetik hartuta isatsa eta pala. Hunkigarria izan zen. Bestarekin jarraitzea ona da bailararentzat.

Baztandarren Biltzarraren antolatzaileei nola eragin dizuete uholdeek?

Egoitzan eta biltegian ura sartu zen, baina, auzolanari esker, bi egunez garbitu dugu. Dena den, hori ez da izan okerrena. Tonbola bat muntatuz ateratzen dugu dirua, baina uholdeek eraman dute pila bat txartel. Lehenbiziko gastuei aurre egiteko, zailtasun handia izanen dugu. Hori dela eta, eskertuko dugu jendea bestara etortzea.

Ezagutzen ez duen bati nola azalduko zenioke zer den Baztandarren Biltzarra?

Bailarako hamabost herriak elkartzen garen besta da, arras polita dena. Folklorea eta kultura anitz lantzen ditu, gainera. Bestarako herri bakoitzak orga bat egiten du, bertako pasadizoak oinarri hartuta. Eta beste inon aurkituko ezin den orga desfilea egiten dugu! Giro paregabea egoten da.

Zein da festaren helburua?

Gure leloa da Baztanen eskuara barra-barra. Helburua da, beraz, inguru honetan euskaraz solastatzea. Hasmentatik lortu nahi dugun zerbait da, eta anitz hobetu da.

Egun bakarreko festa bada ere, aspaldi hasi zineten prestatzen.

Urtarrilean elkartzen gara, eta orduan erabakitzen dugu Baztandarren Biltzarra behar den edo ez. Harremanak egiten hasten gara, ekinaldiak prestatzen, diru laguntzak eskatzen...

51. biltzarra da aurtengoa: berrikuntzarik bai?

Udaletxean, Espainiako bandera inposatu digute, eta ez dugu, ohi bezala, han bukatuko desfilea; kultur etxean amaituko dugu.

Urtero omentzen duzue norbait; aurten, eskolak omendu dituzue. Zergatik?

Herriari bizia ematen diotelako eta euskara bultzatzen dutelako; baita Baztandarren Biltzarrarekin inplikatzen direlako ere.

Orga lehiaketa da ekitaldi garrantzitsuena. Zein gai aterako dira aurten?

Uholdeena, seguru. Bertzalde, herri bakoitzak tokiko istorioak ditu: pasarteak, aldarrikapenak...

Gai gatazkatsu bat ere bada: mutil dantza. Zuek dantzaldi mistoa antolatzen duzue.

Guk, antolakuntza taldekook, berdintasunaren aldekoa antolatzen dugu, mistoa. Hori dago egitarau ofizialean. Badago herritar talde bat herriko bertze toki batean soilik mutilentzakoa egiten duena... Dena den, inguruko herrietan, jendea dantza irekia izatearen alde dago.

Mende erdi baino gehiago, eta festa bizi-bizi dago oraindik ere. Zein da sekretua?

Sortzen den giroa; baztandarrontzat da egun sakratua. Egun horretan denok gaude harro. Kanpokoei desfilea gustatzen zaie. Horrez gain, denen besta bat da: haurrak hor daude, gurasoak, helduak, gazteak...]]>
<![CDATA[Garbi eta azkar, arazorik gabe]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/038/001/2014-07-13/garbi_eta_azkar_arazorik_gabe.htm Sun, 13 Jul 2014 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1912/038/001/2014-07-13/garbi_eta_azkar_arazorik_gabe.htm
Bustita zegoen Iruñeko Alde Zaharreko galtzada. Lasterketak arrisku handiagoa izan zezakeen, eta logikoena zen eroriko ugari izatea. Baina huts egin zuten aurreikuspenek. Izan ere, euriak ez zuen batere baldintzatu lasterketa. Bi minutu eta 49 segundo iraun zuen.

Ziztu bizian ekin zioten korrikari sei zezenek, eta horietako bik argi utzi zuten saldoko aurrenekoak izateko bokazioa zutela. Besteak baino pare bat metro aurrerago ibili ziren ibilbide osoan. Bi zezen handi ziren: beltza bata; zuria bestea. Ekinaldiak airera egin zituen beltzak, kopetarekin, eta zuriak aldeetara begiratzen zuen, ekiteko imintzioak egiten. Bat-batean, laprast egin eta lurra jo zuen zezentzar zuriak. Erorketak ezin izan zuen gelditu, eta altxatu bezain pronto, amultsu hasi zen lasterkarien aurka. Gainontzeko zezenek aurrea hartutako bi animalien bideari jarraitu zioten, bestelako ezbeharrik eragin gabe.

Udaletxe plaza arazorik gabe iragan zuten sei zezenek, eta samaldak erritmo onean eutsi zion Mercaderesko bihurguneari. Mercaderes kalera sartutakoan, baina, okerrera egin zuen lasterketak. Zezen taldea pasatzean, jausi egin zen korrikalari tropel bat. Adardunak lurrean zeudenen gainetik pasatu ziren. Gero, bidearekin segitu zuten, eroritakoei kasu zipitzik egin gabe; ikusi izan ez balituzte bezala.

Aurrera, ezbeharrik gabe

Aurrera egin ahala, gaztaina koloreko zezen bat nabarmentzen hasi zen. Zuriarekin batera gogorren aritu zenetakoa izan zen; hasieran buruan zegoen beltza atzeratuxeago geratu ostean. Mercaderesen, gazte bat kamisetatik eutsi zuen adar puntarekin, eta parez pare geratu zitzaion, geldi eta begira-begira. Zorionez, buelta eman, eta ez zen haren kontra tematu. Aurrera jarraitu zuen besteekin batera.

Azkenean, Estafetara heldu ziren animaliak. Jende asko zegoen. Masifikazioak hartu zuen kalea, beste behin. Hala ere, korrikaldi politak osatu zituzten lasterkari batzuek zezenen aurrean. Samalda luzatu egin zen; adardun beltzak atzeko partean zeuden, eta aurrealdean, berriz, izutzen aritu ziren zezentzar zuria eta gaztaina kolorekoa.

Telefonica aldera oztopo-moztopoka ailegatu ziren. Tarte hori arazorik gabe gainditu, eta kailejoia azkar batean utzi zuten atzean. Zezen plazara adardun zuria iritsi zen aurrena, eta beste lau zezen gero. Zezen beltz bati besteei baino gehiago kostatu zitzaion kortara sartzea, eta lasterkarien laguntza behar izan zuen bidea aurkitzeko. Hala, entzierro lasaienetariko bat izan zen atzoko zezenek egindakoa.]]>
<![CDATA[Jandillakoak txintxo ibili dira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3111/038/001/2014-07-12/jandillakoak_txintxo_ibili_dira.htm Sat, 12 Jul 2014 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/3111/038/001/2014-07-12/jandillakoak_txintxo_ibili_dira.htm
Zortzi lagun eraman dituzte erietxera]]>

Abiadura handian aritu ziren: bi minutu eta 56 segundo behar izan zituzten adardunek ibilbideko 850 metroak igarotzeko. Berez, 2 minutu eta 20 segundoren bueltan sartu ziren kortara bost zezen, baina beste bat atzean geratu zen, eta horregatik iraun zuen gehiago lasterketak. Esperientziaren oinordekoa da Jandilla ganadutegia, eta, hori dela eta, orain arteko estilorik finena erakutsi zuen, zezenzaleen gozagarri.

Erritmo egokian hasi ziren animaliak, suziria lehertu bezain pronto; ez mantso, ez azkar. Santo Domingoko maldan eman zuten aurreneko sustoa: saldoko gaztaina koloreko zezen bakarrak ekinaldirako imintzioa egin zuen lasterkariengana hurbilduz. Baina ez zuen inor harrapatu, eta airean kontra egindako ekina saialdia baino ez zen izan. Gainontzeko zezenak ere korrikalarien- gandik gertu ibili ziren.

Berezko estilo ukitua eman zioten Badajozko (Espainia) animaliek korrikaldiari: inoiz ez ziren kale erditik ibili, bazterretara jo zuten, arriskua handituz. Hala paretetatik oso gertu iragan zuten Udaletxe plaza eta Mercaderes kalea, ezbeharrik gabe.

Mercaderes kaleko bihurgunearen ostean, erorikoak iritsi ziren. Saldoak elkarrekin egin zuen bidea, eta pasatu ahala erori ziren korrikalarietako asko. Egoera larriena, berriz, samalda aurrean korrika bizian ari zen jende tropel batekin gertatu zen; erori eta zezen taldea gainetik pasatu zen. Eta behin ez, baizik eta beste bi alditan gertaberritu zen irudia. Estafetako amaierako partean ere berriz lurra jo zuten lasterkari batzuek, eta adardunek bortizki zapaldu zituzten.

Argazkiak entzierroan

Ibilbidearen amaiera partean ere, Telefonica aldean, arriskua gorpuztu zen, berriro ere. Zezen batek han bildutakoetako bat bota zuen; horren ondorioz, inguruan zeudenak ere erori egin ziren, eta beste pilaketa bat sortu zen, hirugarrena. Arrapaladan pasatu ziren adardunak jausitakoen gainetik. Kaosaren ostean, plazara heldu ziren. Bost zezen buruan, eta beste bat atzeratuxeago, segundo batzuen bueltan.

Aurten, lehen aldiz, entzierroa erregulatzen duen araudia martxan dago, eta hainbat jarduera debekatuta daude: adibidez, entzierroan korrika egin bitartean argazkiak ateratzea. Baina horrek ez du saihestu hainbat korrikalarik argazkiak ateratzea. Atzo, esaterako, korrikalari batek bere buruari argazkia atera zion Jandillako zezenen ondoan. Araudiaren arabera, 751 eta 1.500 euro arteko zigorra jaso dezake. Lasterketa arriskuan jarri duela ebazten bada, berriz, isuna 3.000 euro ere izan daiteke.]]>
<![CDATA[Pilaketen eta erorikoen entzierroa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/038/001/2014-07-11/pilaketen_eta_erorikoen_entzierroa.htm Fri, 11 Jul 2014 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1912/038/001/2014-07-11/pilaketen_eta_erorikoen_entzierroa.htm
Ez zuten ezagutzen Iruñeko galtzadarrizko zola Garcigrandeko adardunek, baina ezbairik gabe hasi ziren korrika. Suziria lehertu, eta erasokor ekin zioten lasterketari. Santo Domingoko malda goitu ahala, zezen batek saldoari izkin egin, eta ekinean hasi zen, bera bakarrik. Hasierako partean zeudenen kontra jo zuen gogotik, eta airean hartu zuen lasterkarietako bat. Hegan egin zuen kasik korrikalariak. Haren ondoan zeudenen aurka ere aritu zen zezen beltza, kopetarekin ahalean. Gogor hasitako zezenaren adibideari jarraitu, eta gainontzeko animaliak ere oldarkor aritu ziren ibilbidearen hasieratik. Hain justu, Santo Domingoko maldan sartu zieten adarra orain ospitalean dauden bi lagunei. Hanketan adarkatu zituzten biak, eta, beraz, ez daude hain larri.

Iritsi ez zen hondamendia

Aldapa gatazkatsuaren ondotik, Udaletxeko plazan ere gorriak ikusi zituzten bertaratutakoek. Zezen beltz batek hesiaren kontra jo zuen zuzen-zuzenean. Bortitz jo zituen hor zeudenak. Hori izan zen entzierroaren dinamika orokorra: kopetarekin ekinaldi pila bat, eroriko ugari, lurretik altxatu ezinda ibili ziren korrikalariak... anabasa zen nagusi. Saldoa Mercaderes kalera sartzerakoan, baina, baretu egin zen lehen metroetako kaosa.

Korrikaldi politen bat ikusi ahal izan zen Mercaderesen, nahiz eta lasterkari askok ezin izan zioten animalien erritmoari jarraitu. Horregatik, behin eta berriz errepikatu zen honako irudi hau: bertaratutakoak korrika hasi, erori, eta zezen talde osoa euren gainetik pasatzen zen. Abiadura bizian, gorputz gainean paratzen zizkieten adardunek apoak lurrean zeudenei. Ez da harritzekoa, beraz, laugarren entzierroaren ondorioz 56 pertsona artatu izana.

Lasterkariak zanpatzeari gustua hartu izan baliote bezala jardun zuten handik aurrera zezenek. Samaldak azpian hartzen zituen korrikalariak etengabe. Halaxe pasatu zen Mercadereseko bihurgunean; eta Estafetan sartuta ere, behin eta berriz.

Horrez gain, bestelako faktore bat ere sartu zen Estafetako korrikaldietan: masifikazioa. Jende asko zegoenez, korrikalari askok ez zituzten aurkitu beharrezko hutsuneak metro batzuk egiteko. Hortxe ibili ziren batzuk besteei bultzaka, tokia lortu nahian.

Hala, emozioz gainezka heldu ziren zezenak Telefonica aldera. Bat-batean, lurra jotzen hasi ziren korrikalari asko, bata bestearen atzetik, ziplo erortzen. Pilaketa sortu zen. Zorionez, ezikusiarena egin zuten zezenek. Hondamendia izan zitekeen momentu horrek ez zuen okerrera egin. Tematu gabe eutsi zioten ibilbideari. Adardunek aurrera jarraitu zuten, han-hemenka erorikoak eraginez. Telefonicako trantze estuaren ostean, une latzak bizi izan ziren kailejoian ere. Pilaketa sortu zen, beste behin.

Zezen plazako sarreraren estutasunean, arriskutsuak dira oso pilaketak, baina atzokoa kontu arina izan zen. Jausi zirenak azkar altxatu ziren, eta, beste behin, tragedia saihestu zen. Hala, Garcigrandeko animaliak plazara sartzen hasi ziren, denak bat izan ezik. Bost adardun beltzak azkar batean mugitu ziren kortarako bidea eginez, plazan denbora galdu gabe. Seigarrena ez. Seigarren zezena atzeratuxeago ibili zen, eta joaldunen laguntza ere behar izan zuen aurrera egiteko. Dena dela, oro har, tximistaren pare ibili zen ganadutegia bere lehen entzierrroan.]]>
<![CDATA[Saldoa bereizita, arriskuak gora]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/038/001/2014-07-10/saldoa_bereizita_arriskuak_gora.htm Thu, 10 Jul 2014 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1912/038/001/2014-07-10/saldoa_bereizita_arriskuak_gora.htm
Irteeratik antzeman zen Madrilgo ganadutegikoek ikuskizuna eskainiko zutela. Apoak determinazioz pausatu zituzten Santo Domingoko maldan, eta korrikari ekin zioten, azkar, baina ez sobera zalu. Samalda osatzeko intentziorik ez zuten izan sei zezenek; nork bere kabuz eutsi nahi izan zion korrikaldiari. Entzierro paraleloak egon ziren. Batetik, bi zezen beltzek aurrea hartu zuten, ziztu bizian, erdi estropezuka. Kopetarekin ekinaldi mordoa egin zuten biek, eta arrapaladan pasatu zituzten Udaletxeko plaza, Mercaderes eta Estafeta. Bi minutu eta hogei segundoan amaitu zuten ibilbidea. Bestetik, gainontzeko zezenek bakarrik ekin zioten bideari.

Nora joan ez zekien zezena

Azkar aritu ziren adardun guztiak, azkar eta etengabe ekinaldian. Estafeta kalea jendez mukuru zegoen, eta hor izan zen eroriko gehien. Baina ez zen hori izan zatirik arriskutsuena, Telefonica aldea baizik. Bertan adarka egin zieten zezenek orain ospitalean dauden bi lagunei.

Kaosaren erdian zezen bat galdu zen. Atzealdean geratu zen, eta gainontzekoak baino minutu bat beranduago heldu zen kortara. Bidea asmatu ezinik egon zen denbora luzez, xaxatzen zuten lasterkariek inguratuta. Zezen beltzak aurrera eta atzera begiratzen zuen, zer egin jakin ezinik. Desorientatuta zegoen oso. Oztopo-moztopoka mugitzen zen, jendetzaren erdian itota, eta, aldi berean, izua hedatuz. Eternitatearen antza izan zuten segundoen ostean, zezen plazara iritsi zen. Hala, orain arteko entzierrorik luzeena osatu zuten Victoriano del Rioko sei animaliek.]]>
<![CDATA[Saldoa bereizita, arriskuak gora]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/039/001/2014-07-10/saldoa_bereizita_arriskuak_gora.htm Thu, 10 Jul 2014 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1864/039/001/2014-07-10/saldoa_bereizita_arriskuak_gora.htm
Irteeratik antzeman zen Madrilgo ganadutegikoek ikuskizuna eskainiko zutela. Apoak determinazioz pausatu zituzten Santo Domingoko maldan, eta korrikari ekin zioten, azkar, baina ez sobera zalu. Samalda osatzeko intentziorik ez zuten izan sei zezenek; nork bere kabuz eutsi nahi izan zion korrikaldiari. Entzierro paraleloak egon ziren. Batetik, bi zezen beltzek aurrea hartu zuten, ziztu bizian, erdi estropezuka. Kopetarekin ekinaldi mordoa egin zuten biek, eta arrapaladan pasatu zituzten Udaletxeko plaza, Mercaderes eta Estafeta. Bi minutu eta hogei segundoan amaitu zuten ibilbidea. Bestetik, gainontzeko zezenek bakarrik ekin zioten bideari.

Nora joan ez zekien zezena

Azkar aritu ziren adardun guztiak, azkar eta etengabe ekinaldian. Estafeta kalea jendez mukuru zegoen, eta hor izan zen eroriko gehien. Baina ez zen hori izan zatirik arriskutsuena, Telefonica aldea baizik. Bertan adarka egin zieten zezenek orain ospitalean dauden bi lagunei.

Kaosaren erdian zezen bat galdu zen. Atzealdean geratu zen, eta gainontzekoak baino minutu bat beranduago heldu zen kortara. Bidea asmatu ezinik egon zen denbora luzez, xaxatzen zuten lasterkariek inguratuta. Zezen beltzak aurrera eta atzera begiratzen zuen, zer egin jakin ezinik. Desorientatuta zegoen oso. Oztopo-moztopoka mugitzen zen, jendetzaren erdian itota, eta, aldi berean, izua hedatuz. Eternitatearen antza izan zuten segundoen ostean, zezen plazara iritsi zen. Hala, orain arteko entzierrorik luzeena osatu zuten Victoriano del Rioko sei animaliek.]]>
<![CDATA[Ohiko moldeei eutsi diete]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/038/001/2014-07-09/ohiko_moldeei_eutsi_diete.htm Wed, 09 Jul 2014 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1912/038/001/2014-07-09/ohiko_moldeei_eutsi_diete.htm
Hiru pertsona eraman dituzte erietxera; bat, larri]]>

Zezenek bi minutu eta hogei segundoan igaro zituzten ukuiluetatik zezen plazaraino dauden 850 metroak. Idor zeuden kaleak, eta ez zen ia irristadarik izan.

Suziria lehertu, eta ordu-orduan ekin zioten korrikari sei zezen beltz suharrek. Ikara emanda goitu zituzten Santo Domingoko lehen metroak; izan ere, hasi bezain pronto, zenbait korrikalari lurrera erori ziren, eta airean zabaldu zen pilaketaren mamua. Dena den, abisua baino ez zen izan. Lurrean etzanda zeudenak ikusi izan ez balituzte bezala jardun zuten zezenek; korrikalarien aurkako ekinean tematu gabe.

Horren ostean, arazorik gabe iragan zuten Udaletxeko plaza, eta bizi hartu Mercaderes kalea. Ohitura den bezala, bihurguneak eman zuen arazo gehien. Lau adardunek laprast egin zuten, eta bi lasterkariren gainetik pasatu ziren, haiek zapaltzen. Ordea, zezen gehienek ez zuten oreka guztiz galdu; bakarra erori zen lurrera. Hori dela eta, gainontzeko bostek aurrera jarraitu zuten bitartean, bakarrik geratu zen animalia, eta itolarria areagotu zuen.

Estafetan, bereizita

Buruan zeuden bost zezenak bereizi egin ziren Estafetan gora egin ahala. Hiruk erritmo azkarragoa hartu zuten; lasterkariak saiatu ziren animalien aurrean jartzen, baina gehienek ezin izan zuten abiadurarekin, eta korrikaldiak baldar xamarrak izan ziren. Gainontzeko hiru zezenek nork bere kabuz egin zuen bidea. Eskapatutako saldotik gertuago ibili ziren adardunetako bi; bestea, berriz, bakarrik ibili zen, galduta.

Bukaeran, Telefonica aldean, egoera zaildu egin zen. Kailejoira sartu aurretik, zenbait lasterkari jausi egin ziren, eta pilaketa txiki bat sortu zen. Dena den, aurreko bost zezenak ez ziren trabatu, eta zuzenean sartu ziren kortara. Atzeratutako adardunak ere kortarako bidea hartu zuen segundo batzuk geroago, arazorik gabe.]]>
<![CDATA[Zirrara, abiadura handian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1829/038/001/2014-07-08/zirrara_abiadura_handian.htm Tue, 08 Jul 2014 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1829/038/001/2014-07-08/zirrara_abiadura_handian.htm
Adarkatu bat izan da, eta beste lau lagun ere erietxera eraman dituzte, kolpeen ondorioz]]>

Berezia izan zen entzierroa, izan ere, bost zezenek osatu zuten saldoa, eta ez seik, ohi bezala —igandean, animalietako bat zauritu egin zen ukuilura bidean, eta ezin izan zuen korrika egin—.

Adarra sartuz hasieratik

Beldurra zabalduz egin zituzten aurreneko urratsak. Ukuilutik atera bezain pronto, Santo Domingoko maldaren ezkerraldera hurreratu zen zezen zuri-beltz bat, eta ipurmasailean adarkatu zuen korrika egiteko betarik ere izan ez zuen lasterkarietako bat. Segundo gutxi behar izan zituen Cadizko (Espainia) ganadutegiak entzierro lasaia ez zela izango iragartzeko.

Maldan gora erritmo azkarrean ekin zion korrikari adardun taldeak, batuta. Zezenak pasatu bitartean, lasterkari batzuk erori ziren, baina ez zen ezbehar larririk izan. Sintonia berean igo zuten zezenek Santo Domingo, sinkronizatuta kasik: antzeko erritmoan eta elkarrengandik oso gertu. Zezen saldoak talde moduan funtzionatzen zuen orduan. Horrela iragan zuen Udaletxeko plaza, baita Mercaderes kalea ere. Garbia izan zen lasterketa ordura arte, Mercadereseko bihurgunean, baina, dena aldatu zen.

Bustita zegoen lurra, irristakor. Ondorioz, bihurgunean zezenetako batek irrist egin, eta lurrera erori zen. Une horretan, korrikalarietako bat zapaldu zuen, eta zauriak eragin zizkion. Orduan, zezen saldoa bereizi egin zen, eta hiru multzo osatu zituzten. Taldetxotan hartu zuten Estafeta. Kale hori izan zen ibilbideko tarte korapilatsuena. Hantxe zauritu zituzten gero erietxera eraman zituztenetako bi. Dena dela, arriskuaz gain, zati horrek eman zien bertaratutakoei gozamenerako tartea, korrika egin ahal izateko txokoak zabaldu baitziren.

Zezen plazara heltzean, ez zen arazorik izan, ezta kailejoian ere. Buruan zeuden hiru zezenak kortara sartu ziren zuzenean, eta beste biak segundo gutxiren buruan heldu ziren.]]>
<![CDATA[Lakua izandako basamortua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1483/038/001/2013-09-06/lakua_izandako_basamortua.htm Fri, 06 Sep 2013 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1483/038/001/2013-09-06/lakua_izandako_basamortua.htm
Tuterako (Nafarroa) eskualdean kokatzen da Bardea: Zarrakaztelu, Cintruenigo eta Arguedas herrien inguruan, Nafarroaren eta Aragoiren arteko mugan. Bi eremu nagusik osatzen dute: Bardea Beltzak eta Bardea Zuriak. Beltza Aragoitik gertuago dagoen eremua da. Zuria baino landaredi oparoagoko eremua da, horren lehorra ez dena. Muinoek betetzen dute, baina ez da zuhaitzik falta. Eremu berdeena dela esan daiteke, beraz. Bestelakoa da Bardea Zuria. Karkabaz eta trokartez beteta dago. Seguruenik, parte ezagunena hori da. Desertua bete-betean, Far Westeko paisaia tipikoa, alegia. Biak ikusteak merezi du, higaduraren eta denboraren markak nabari baitaitezke hektarea luzeetako gainazalean.

Mediterraneoko klima dago Bardea natur parkean. Euri gutxi egiten du, eta oso egun gutxitan. Dena den, egiten duenean, zaparrada handiak sortzen dira. Horrez gain, ipar haizeak jotzen du Erriberako lurretan. Udan, bero handia egiten du, sargoria, eta lehorra. Kontrastea egiten du neguarekin. Izan ere, negua hotza izaten da, eta izozteak gertatzen dira maiz. Klima baldintza horietan animalia espezie anitz bizi da hn. Juan Ignacio Dean biologoak esan du Bardeak fauna «oso aberatsa» duela. «Mundu osoan arraroak diren espezie asko dago». Bardea ez da homogeneoa, beraz, hor bizi diren animaliak ere eremu jakin batera egokitzen dira. Espezie batzuk basamortukoak dira, besteak estepakoak, eta beste batzuk, ur guneetakoak.

Eremu lehorrenetan dauden animaliak dira desagertzeko arriskurik handiena dutenak. «Gizakien eragina gehien nabaritzen ari diren espeziak dira», esan du Deanek. Adibidez, hegazabala da arriskuan dagoenetariko bat. Bestalde, estepan espezie mordo bat dago. Besteak beste, buztanzuriak, kutturlioak eta hontzak ikus daitezke. Animalia guztiak, baina, ez dira lehorrekoak. Uretan bizi diren espezieak ere egon badaude. Bi urtegi nagusi daude: Zapata eta Feriala. Horietan arrainak daude: amuarrainak, aingirak, eta perkak, beste askoren artean.

Faunaz gain, berezko landaredia ere bada Bardean, Deanen esanetan. Botanikari dagokionez, espezierik berezkoena tamariza da, eta haranaren hondoetan aurkitu daiteke. Biologoak azaldu duenez, hainbat eremu bana daitezke flora aztertzeko tenorean: igeltsu harrien eremuak, gune gaziak eta material mediterraneoa duten eremuak.

Faktore klimatiko eta edafiko gogorrek bultzatuta, pinudiak dira nagusi Bardean. Aleppo pinua nabarmentzen da, eta Bardea Beltzean eta Eguarasko natur erreserban hazten da batez ere. Basoan hainbat soilgune izaten dira, eta, horietan, klima mediterraneoan ohikoak diren zuhaixkak hazten dira: abariztia, ena arrunta, hego-ipurua, sabina feniziarra, legeltxorra eta erromeroa. Pinua hazten ez den tokietan, abariztia da nagusi, eta eremurik harritsuenetan erromeroa eta linua.

Bonba hotsak parkean

Paradoxikoa irudi dezakeen arren, Bardearen bihotzean bonba eta tiro hotsak dira nagusi. Tiro eremua ez dago babesturik, ez da natur parkearen zati. Espainiako armadak 2.244 hektareako eremua erabiltzen du bere armak probatzeko, Bardearen eremuaren %5,4, hain zuzen ere.

Dean biologoaren aburuz, tiro eremuak ez du horko espezieetan eragin zuzenik. «Kontrakoa, eremu horretako eremu batzuk oso toki onak dira espezien babeserako, ez baita inor sartzen». Halere, tiro eremuaren aurkako ahotsak ozen aditu dira Nafarroan. 2008. urtean, batik bat, Espainia eta Bardearen arteko kontratua amaitu zenean. Orduan, sinadura bilketa hasi zuten, eta manifestazioak egin zituzten. Bardea nafarrena zela galdegin zuten protestetan. Hala ere, hurrengo hamabost urteetan tiro eremuak bere horretan iraungo du, seguruenik.

Bisitatzeko zein lan egiteko

Bardea ez da bisitan joateko eremua bakarrik. Bada nekazaritza eta abeltzaintza jardunetarako tartea ere. Nekazaritza da nagusi. 20.000 hektarea baino gehiago lantzen dituzte; gehienbat, garia eta garagarra ereiten dituzte nekazariek. Lursailak urtebetez erabili, eta, ondoren, urtebeteko atsedena ematen diete, lurraren kalitatea okertu ez dadin. Abeltzaintzari dagokionez, artzaintza da garrantzirik handiena duen lanbidea. Transhumantzia egiten dute artzainek artaldearekin batera, eremu beroagoen bila dabiltzanean. Urtero, irailaren 18an, artzainak iparraldetik hegoaldera abiatzen dira ardiekin batera.

Hala, desertua izan arren, Bardea ez da eremu estatiko eta bizigabea. Ondoko herriko biztanleen bizitzaren parte dira. Handik hartu izan dute egurra, eta, garai batzuetan, natur parkera sartu ahal izan ziren bakarrak eskualdeko herritarrak ziren. Dean biologoak azaldu du egun estimu handiko ingurua bada ere, historian ez dela baloratutako gunea izan. «Orain 30 urte, inork ez zuen uste Bardea inguru garrantzitsua izan zitekeenik».

Natur parke izendatzearekin batera etorri zen herritarren aitorpena, Deanen ustez. 1999an eman zioten natur parke kategoria. Aurretik, 1986tik, jada bi toki babestuta zeuden: Buren txokoa eta Erorketa Beltza. Aldiz, natur parke izendatzeak ingurua oso-osorik babesteko balio izan zuen. Ordutik, turismoa bultzatzeko hainbat ekinbide jarri dituzte martxan. Interpretazio zentroa ireki dute Arguedas eta Tutera artean, eta 09:00etatik 17:00etara bisita daiteke. Horrez gain, panel informatiboak jarri dituzte ingurune osoan, eta desertutik buelta egiteko hainbat aukera eskaintzen dituzte. Ibiltariak bakarrik egin dezake ibilbidea, edo, hala nahiago badu, turismo enpresek antolatutako txangoak egin ditzake. Aldez aurretik markatuta daude oinez, bizikletaz zein autoz egiteko ibilbideak.

Deanen iritziz, ona da Bardean turismoa bultzatzea, betiere inguruaren zaintzaren eta bisiten arteko orekari eusten baldin bazaio. «Ongi kudeatu behar da natur parkeen inguruko turismo guztia. Ekonomiaren aldetik, gune bat bideragarria bada, hobeki iraungo du ekologiari dagokionez. Horixe da lortu behar dutena». Parkeak diru etekinak ematen baditu herritarrek hobeki zainduko dutela uste du biologoak.]]>
<![CDATA[Mende oso baten lekuko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/040/001/2013-08-27/mende_oso_baten_lekuko.htm Tue, 27 Aug 2013 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza https://www.berria.eus/paperekoa/1892/040/001/2013-08-27/mende_oso_baten_lekuko.htm
Gurpil aulkian eserita dago, baina oinez jartzeko gai da. Medikuak aholkatu zion hankek esfortzu handirik ez egiteko. Dena den, Garciak aurreko urtean erabaki zuen aulkian jartzeko ordua heldu zela, 110 urterekin.

Osasun aldetik «oso ongi» dagoela dio. Ez du aparteko gaixotasunik. «Jainkoari esker heldu naiz ni adin honetara», azaldu du. Ezkerreko belarritik baino ez du aditzen, eta lauso ikusten du; dena den, «adinaren ajeak» dira horiek. Kontent dago horrenbeste bizi izanaz, eta «adinaren txapelduna» dela esaten du irribarrez.

Zahar etxean badago ere, egunero egoten da familiakoekin. Seme-alaben artean, alaba bakarra baino ez dauka bizirik. Hura arduratzen da ama zaintzeaz. Alaba ere Francisca Garcia deitzen da, amaren gisan. Egunero bisitan joaten zaio alaba, goizez eta arratsaldez. Harez gain, bilobak ere joaten zaizkio, astean behin, eta birbilobak ere eramaten dituzte. Konpainia begiko du Garciak: «Izugarri gozatzen dut bisitekin; ilusio handia egiten didate».

Zahar etxera, oso berandu

Landazabal zentroan berandu sartu zuten, 103 urte zituenean. «Etxean zegoela, erori eta aldaka hautsi zuen», azaldu du Garciaren alabak. Horren ostean, gutxi barru hilko zela pentsatu zuten medikuek, eta zahar etxean sartzeko agindu zuten.«Pentsa, bi hilabetetarako baino ez zuten erreserbatu zahar etxeko ohea!», kritikatu du. Pronostikoaren kontra, bederatzi urte baino gehiago daramatza Francisca Garciak zaharren egoitzan. Irailaren 13an, bertan ospatuko ditu 112 urte.

Gorabeheraz beteta egon da Garciaren bizitza. 111 urtek garai goxo eta hainbat garai latz bizitzeko aukera ematen dute. Haurtzaroarekin oroitzen da, bereziki; Jaenen pasatu zuen. Eskolara joan zen, baina irakasleak harrikoa egitera behartzen zuen, baita lurra garbitzera ere. Hala, ez zuen irakurtzen ikasteko tarterik izan.

Segituan, lanean jarri zuten. «Gurasoek ezin ninduten mantendu, eta neskame joan nintzen», esan du. Etxean ez ezik, landan ere egin zuen lan. Olibondoetara bidali zuten, oliba biltzera. Bertan ezagutu zuen bere senarra izango zena, Antonio Garcia. Urteetan batera ibili ziren landan. Elkarrekin hiru alaba izan zituzten, eta bi seme.

Bost seme-alaben artean, egun gazteena baino ez da bizi, Paqui Garcia. Amari, baina, Francisca Garciari, ez diote kontatu alaba bakarra geratzen dela bizirik. Semeetako bat oraindik bizi dela pentsatzen du. «Hil zenean, ez genion amari kontatu nahi izan, atsekaberik ez izateko», azaldu du alabak.

1970ean, Francisca Garciaren senarra hil zen, eta bakarrik geratu zen. Orduan, Nafarroara gonbidatu zuen alabak. «Batetik, herrian bakarrik ez egoteko, eta, bestetik, seme-alabak hazten laguntzeko», azaldu du Paqui Garciak. Geroztik, 43 urte inguru daramatza Burlatan Francisca Garciak. Nafar bezain jaendar sentitzen dela dio, «erdi eta erdi». Alaba ere kontent dago, ama alboan duelako: «Hiltzeak pena handia emango dit. Badakit hilko dela noizbait, eta hala ere...», esan du triste.

Bizitza osoan, aldaketa handiak ikusi ditu Garciak bere inguruan. Jaio zenean ez zegoen autorik, «soilik zaldiek tiratzen zituzten gurdi horiek» zeuden. Telebistarik ere ez zen herrian, ezta irratirik ere. Gerora, Garciak halako gailuak ezagutu bazituen ere, behin ere ez diote arreta handirik deitu. Telebistan, behin baino gehiagotan azaldu izan da hainbeste urte bizi izanagatik. «Itsua naizenez, ezin izan dut neure burua telebistan ikusi. Pena da», esan du.

Etxeko gailuak gainontzeko tramankuluak baino gehiago erabili izan ditu, baina, hala ere, «nahiko gutxi». Gauzak «lehengo erara» egitea gustatzen zaio. Mikrouhin labea erabili izan zuen, «behin edo behin», baina hori ere ez zitzaion gustatzen. Garbigailua ere ez du begi onez ikusten. «Ez da garbigailuarekin fio. Beti eskuz garbitu du arropa guzti-guztia», azaldu du Paqui Garcia alabak.]]>