<![CDATA[Saioa Alkaiza Guallar | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 30 May 2023 17:09:18 +0200 hourly 1 <![CDATA[Saioa Alkaiza Guallar | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ongi izan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2041/019/002/2019-09-01/ongi_izan.htm Sun, 01 Sep 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/2041/019/002/2019-09-01/ongi_izan.htm post-it erabili ditut ideia nagusiak apuntatzeko. Ez naiz kapaza esateko zenbat kanta entzun ote ditudan. Idazten nabilen bitartean, normalean, Interneten hamar webgune dauzkat irekita; oraintxe bertan, hamabi zehazki, eta egiatan pentsatzen dudala horiek denak behar ditudala idazteko, ez dakit zergatik. Eta hementxe aitortza: besteen aipuak ibili ditut maiz, neroni hori bera esatera ausartu ezinda.

Lagun minenei eskatu diet zerbait otutzekotan ideiak bidaltzeko, gero idazteko materiala izateko. Bi pertsonari irakurri dizkiet haiek nahi baino gehiagotan testu hauek, zuzenketen bila (sortzaileen zaintzaz aritzerakoan, sostengatzen duten horietaz zenbatean ahazten garen gogorarazi ohi dit haietako batek). Egiletza kolektibotik ere badute testu hauek. Azkenean, egin dut zutabeena, behin baino gehiagotan galdetuta neure buruari egin beharko ote nukeen.

Ezagutza kokatua aldarrikatzen dut bizitzan, Donna Harawayrekin oroituz; autoetnografia, ikerketan gu garen horretatik jardun behar dugulako; sinesten dut auto-aren balioan, subjektibitatearen lubaki gorpuztuan. Hala ere, ahalegindu naiz zutabe hauetan, niretik bai, baina nitaz ahalik eta gutxien idazten. Inkoherentziak. Egiazko ni-ari buruz izkiriatutako esaldi gutxi horietan, Alaine Agirreren esan bat izan dut gogoan, eta, hala ere, kosta egin zait. Olerkia, hauxe: «Neure burua da agian ezagutzen dudan errealitate bakarra, baina sinetsita nago neure buruaz/ zintzo idatzita irakurleaz ere ari naizela, beste batzuen barruetan dauden beldur eta mamuekin/ bat egin dezakedala./ Nitaz idaztea da zutaz idazteko nire modua». Poema horrekin justifikatu diot neure buruari autoerreferentziaren bat.

Idaztea proposatu zidatenean, «Ni nor naiz, ba, idazteko?» pentsatu nuen. Gero eta gizarte indibidualistago honetan norbanakoen sinadurek duten pisuak larritzen nauelako; zinez sinesten dudalako antiautoritarismoan eta lezio ezean; zinez sinesten dudalako herri mugimenduaz herri mugimenduak baino ezin duela zintzotasunez hitz egin; zinez sinesten dudalako horizontaltasunean aritzeko talde idazki gehiago eta norbanako gutxiago behar ditugula.

Eta, hala ere, hemen nago, bestelako kazetaritza bati zerbait eman nahian, ahalik eta zintzoen neure buruarekin. Inork gustuz hartu badu zerbait, niretzat plazera izan da. Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan ikusiko dugu elkar.]]>
<![CDATA[Erabakiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2029/015/002/2019-08-30/erabakiak.htm Fri, 30 Aug 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/2029/015/002/2019-08-30/erabakiak.htm ni-en bizipenak, eta, orduan, zalantza, are handiagoa: eta utzitako horiek hautatutakoa baino hobea badira? Kapitalismoa aukeren efizientziaraino sartu zait: produktiboak behar dute erabakiek. «Duda dida doan dado bat da» zioen Maialen Lujanbiok Ornitorrinkus lanean: «Baina duda dado bada, duda bide bedi; duda da bide bi»; eta gero: «Atrebitu: ate bi ditu. Bi ate beti bi ote beti? Bi ate, bete ote». Bada, nik beldurrez begiratzen diet ate horiei, telebistako lehiaketa zaharkituetako irabazle aspirazioko galtzaileak nola: sentsazioa daukat A hartu, eta beti B izango dela zuzena, eta, une horretan, gentleman itxura eman nahi duen Colgate irribarredun aurkezle zuria azaldu, eta zurikeriaz esango didala: «Pena, ate okerra hartu duzu, baina hauxe da zure kontsolazio-saria!». Eta kontsolazio-saria nik hartutako erabakiz beteriko kutxa da: nire egungo bizia. Horra, amesgaiztoa, gaizki kalkulatu izana bizi erabakiak, edo Berri Txarrakek liokeen eran: «Kalkulatu al duzu aukerak dakarren galera horren neurria?/ Ta inoiz eman ote duzu urrats ergelen bat ondorioak doitu gabe?».

«Ez-dakit jendea» terminoarekin bataiatu gintuen Kattalin Minerrek Nola heldu naiz ni honaino liburuan. «Zer egin nahi duzu?» galdetuta, «Ez dakit» erantzuten duen jende klase hori, «Zer hartuko duzu?» esanda, «Berdin dit» dioena. Jende tipo hori. Badakizue. Dena dela, estrategiak garatu ditut egunerokotasunaren dudei aurre egiteko: tabernan, ia beti gauza bera eskatzen dut; izozki dendan nirekin dagoenak hartzen duen zapore bera eskatzen dut, inbidiarik ez pasatzeko; filmak hautatzeko, Interneteko puntuazioari egiten diot kasu.

«Noraezean ibili ondoren erabaki zuen amore ematea» idatzi zuen Lander Garrok Kontrarioa-n. Batzuetan, jasangarriak izango zaizkidan egoera horien aldeko amore emate txikiak dira erabakiak: koherentzia ideologikoari egindako traiziotxoak; koherentzia bezain eraikiak diren erraiei emandako lizentzia. Alegia, saiatzen naizela hautuak erabakitik izan dezan harakiritik baino gehiago. Bitartean, Pako Aristiren Erabakia olerkiak utzitako tatuajea daramat azaleko zalantzan, tatuatuak daramatzat erabakiak eta erabakien ezbaiak: «Erabaki bat/ eta hiru umeren aita/ inoiz maiteko ez duzun pisuan. […] Erabaki bat/ eta Himalaian hilotz,/izotzaren irribarre basatia/ zure aurpegi zurian. […] Erabaki bat/ eta beste ez-erabaki baten/ higadurak erreko dizkizu erraiak».

Batzuetan, dena dela, alferrik da erabakitzea, eta kitto, eta horrela uzten dut, gauzak gertatu egiten baitira; adibidez, zutabeetan nire buruari buruz hitz egingo ez nuela erabaki nuen, baina hemen nago.]]>
<![CDATA[Ingurune erdaldunetako bertsolariak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2029/015/002/2019-08-28/ingurune_erdaldunetako_bertsolariak.htm Wed, 28 Aug 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/2029/015/002/2019-08-28/ingurune_erdaldunetako_bertsolariak.htm arrazoia-gorputza banaketa dikotomikoaren adibide fisikoa. Hizkuntzaren jatorraren eta jasoaren edukiontzia, eta zutabearen gaiari eutsiz: euskaldun-euskalduna da. Bertsozale Elkartearen azken ikerketa soziologikoaren datuek bideratu dute zutabe hau, harriduratik: biztanleriaren %15en lehen hizkuntza da euskara Euskal Herrian, baina ohiko bertso saioetako publikoari begira, bertan %69ra igotzen da zifra hori. Are gehiago, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdietan, %81eraino handitzen da portzentajea. Salbuespen soziolinguistiko bat da bertsogintza. Eta eskerrak. Baina euskararen arnasgune kulturalean, zein toki dute inguru erdalduneko bertsolariek? Zein ez euskalkidunek? Aurreiritziak ezabatzen ari dira edo bere burua indartzen du estereotipoak?

«Bizkaiko txapela ez du inoiz euskara batuan kantatzen duen batek jantziko», entzun zuen Jone Uria bertsolari algortarrak 13 urte zituela, gaur egun Euskal Herriko Txapelketa Nagusian eta Bizkaiko finalean makina bat bider aritua bera. Konplexua zeukan txikitan, «zona erdaldunekoa» izateagatik «ez hain euskalduntzat» zeukatelako. Euskara etxetik jaso badu ere, batuaren «zama» nabari zuen. Egun, plazaz plaza dabilela, ezberdintasunen bat sumatzen du: «Uste dut erdalgunekooi gehiago kuestionatzen zaigula hizkuntza erabilera. Ez bakarrik euskalki/ez-euskalki zentzuan. Erdalguneko bati esaldia behar bezala tolestu ez eta akats batek alde egiten badio, lehenago pentsatuko du jendeak ezjakintasunetik etorri dela, edo hizkuntza erabilera gaitasun apalago batetik; erdalgunekoa ez denaren kasuan 'joan egin zaio' pentsatzea izango da lehen erreakzioa».

Oihana Bartrak ere, Bizkaiko Txapelketan eta Txapelketa Nagusian aritutakoak, antzeko bizipenak izan ditu: batzuetan batuaz zuzendu zaizkio kantukideak, soilik berari, beren artean euskalkian egin bitartean. Ulertuko ez balitu bezala. Beste zenbaitetan, bere izatea bera nola ote den posible galdetu diote: «Neska, bilbotarra eta bertsolaria? Nola, ba!». Tentsioan bizi izan zuen gaztetan bere jatorria: «Anekdota bat kontatzeko: behin Bizkaiko finalerdiaren zozketan galdetu zuten: 'Zein da bigarren oholtzara igotzeko?', eta nik esan nuen: 'Ni', eta gainontzeko guztiek esan zuten: 'Neu'. Eta hor pentsatu nuen, zergatik esan dut: 'Ni?! Joder!'». Deseroso igo zen oholtzara, bestelako euskara horren ustezko herrenarekin, besteak bezalakoa ez izatearen sentsazioarekin. Besteak baino «ez-bertsolariago» sentitu zen, besteek bezala inprobisatzen zuen bitartean.

Iruditegi soziala da kontua, berezkotzat zer jotzen dugun, zer ote datorkigun burura bertsolari entzuterakoan, eta, batez ere, burura etortzen ez zaigun hori nola izango den beti subalternoa hegemoniarekiko, hutsuneak definitutako hori. Euskararen toki pribilegiatua den bertso munduak behar luke erreferentziazkoa izan hizkuntza gatazka hauei erantzuterakoan ere; inor «ez hain euskaldun» edo «ez hain bertsolari» sentitzen den tokia ezin da izan. Bitartean, Sustrai Colinak Euskal Herriko Txapelketa Nagusian botatako azken agurra entzunez idatzi dut zutabea: «Euskal Herria gelditu ez dadin euskal erdian/ Bila ditzagun arnasak ta ardatzak periferian».]]>
<![CDATA[Miseriazko bizitzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2041/017/002/2019-08-25/miseriazko_bizitzak.htm Sun, 25 Aug 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/2041/017/002/2019-08-25/miseriazko_bizitzak.htm enok gorroto dugu polizia aldarri egiten du pegatina batek ostatuko komun zikinetik. Ez naiz amestu nuena, baina behintzat ez naiz zipaio dio esprai beltzez adreiluzko pareta gorrixkan idatzitako pintaketak, periferiako auzuneren batean. Txapelgorri bat inguratzen da, porra aterata. Mehatxuka hasten da. Zabiltza kontuz, kontuz bazpare, ezer egin gabe bazabiltza ere! kantatu zuen RIPek; eta, ostegunean, jendarme batek pistola bat jarri zion buruan auto batean zihoan herritar bati, hark eskuak altxatu bitartean, begiak, izu eta duintasuna, soinean; arma baten kanoia, bizitza kentzeko katu mugimendu leun bat baino ez zuena behar; dena, segurtasunaren izenean.

Polizia auto zapalduak tanke eta F-18 antzuak, alerta gorria komunikabideetan: argiak, kamerak eta sua! Piztu da piztia! erritmikoa oihukatu zuen Kuraiak, eta negar gasa bota dute G7koen kontrako kanpalekuetan, atxilotuak nonahi eta estatuen indar armatuak beldur adina errepresio. Kapitalismoa borra kolpe bakoitzean iltzatua.

Gorroto dut... polizi presentzia, epaile baten 'bahimenaz' zure etxera sartzen dena! rapeatu zuen Selektah Kolektiboak; eta, bitartean, prest dira armak, droneak, kolore guztietako maskulinitatearen gordailu gorpuztuak, atxilotze ziega baino etxola diren kubikulo prekarioak. «Askatasuna bermatzeko», diote politika liberalen militanteek.

Aurrekoan, ezagun batek esan zidan (agian Etsaia aipatzen ez den garaiotan): Etsaiari urik ez, eta, egarri denean, polboroiak; eta kapitalismoa bakea eta barrikadak basakeria diren garaiotan, zerbait argi, behingoagatik. Zerbait argi, demokrazia liberalak gaitzesten dut mantra errepikarazten digun aroan. Arbuia dezagun zakarrontzi bat sutan, miseriazko bizitza hauetatik.

Ekintzaile antikapitalistak atxilotu dituzte diote titularretan, eta ez dakit zergatik ez duten idatzi Kapitalismoaren aldeko ekintzaileek mundua suntsitzeko agenda adostuko dute edota Burgesiaren interesen defentsarako militanteek indarkeria erabiliko dute edozeinen kontra.

Horren guztiaren bueltan, Mikel Antzaren poema bat, orri artean, koherentzia baino zorrotzago: Kapitalismoa geu gara / horregatik ez dugu sekula garaitzen / garaitzeko geure buruaz beste egin behar genukeelako.

Dena dela, bere burua pentsatzen duen kolektibo bat bada, erresistentzia bat (edo batzuk), berdin kontragailurrean borrokan zein bide ertza mozteko batailan; ari dira, beraz, gehiengoaren diktadore diren gutxi horiek zertu nahi luketen hori bestelakotzen. Izan ere, badakizue: Miseria ereiten duenak, amorrua jasotzen du dio manifestaziotako leloak. Eta gauzak horrela, azken aipu bat: Atxilotuak askatu txilio egin du jendetzak. Bada, horixe bera. Kito.]]>
<![CDATA[Ezetzaren alde]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/014/002/2019-08-23/ezetzaren_alde.htm Fri, 23 Aug 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/1960/014/002/2019-08-23/ezetzaren_alde.htm Ez manifestua, tazaren aurreko baldosa zurietan, ajatutako orri zahar batean; desagertutako The Balde aldizkarian argitaratu zen, orain urte dexente, baina gutxik bezala adierazten du ezetzaren alde gozo hura: «Ez da ezetzaren apologia bat./ Beno...bai...bada./ Baiezkoak argiak pizten dituenez, ezetzak berarekin dakarren itzala ere nabarmendu nahi dugu./ Duintasuna, ideologia, aldartea edo beste edozein arrazoirengatik, sari bat jasotzeari, erakusketa bat egiteari, disko bat grabatzeari, komiki bat marrazteari, argazki bat ateratzeari, pelikula bat filmatzeari, liburu bat idazteari, elkarrizketa bati, […]/ uko egin diguzuenoi... loria./ Uste denaren aurka, ezetzak baiezkoak bezainbeste eraikitzen duelako».

Ausartu beharko genukeela esaten digute, saiatu, probatu, aldatu, pultsioei segi, eraiki, egin, sortu... eta batzuetan, besterik gabe, ba ez. Norberak ez du beti gogorik izaten, norbera ez da beti gai, norberak sarri ez daki zergatik ez duen nahi ere, baina ez du nahi, eta kitto. Azken finean, egiteak eramango zaitu norabaitera, baina ez egiteak ere bai, eta beste bidea bezain legitimoa izango da hori ere. Bezain gurea.

Ahultasunarengatik izan daiteke, perezarengatik, beldurrarengatik, plazerarengatik, gogorik ezarengatik; eta hala bada, zer? Zarauzko Paperezko kontzertuetan ihia kantua jo baino lehen Anarik esan zuen: «Neu behintzat ez naiz beti ailegatu nire bizitzako lekuetara indartsu izan naizelako, hori erabaki dudalako, baizik eta, igual, ahula izan naizelako, eta beste gauza batzuk ez ditudalako egin; hartzen ez den aukerak ere eramaten zaitu». Eta otutzen zait, hobe dela malgu izatea, zurruna hautsi egiten dela…

Eta sekula izan ez zen maitasun istorio tristeari kantatu zion Ruperrek, Sarrionandiaren letrarekin, Kontserba fabrikaren aurrean abestian; mundu posibleak ukatuko zituen ezetz horri kantatu zion, maitaleen arteko solasaldiarekin: «Baina oroitzekotan, 'hobe idiolirik gabe', esan nion, 'hobe gauzak ahaztutzea', arrain buruak zapaltzen geundela/ [...] Hobe horrela hobe dela pentsatzea [...]/ 'Egundo jaioko ez den gure umeak igerilari tristearen antza zikean', esan zidan kontserba fabrikaren aurrean». Ez esanda amaitu zen mundua da hori, izan zitezkeenak eta izan ez direnak.

Ukatutako, galdutako, ezeztatutako istorio horien aldeko zutabea da hau: sekula idatziko ez den ipuin hori, agur eta ohore; goian bego, zakarrontzian geratu den kanta; gogoan zaituztegu, eman ez diren hitzaldiak; zuekin gaude, galdutako harremanak; saminean lagun, azal izatetik azaleko izatera pasatu zaren gorputz konpartitua; fantasia bilakatu zareten eman gabeko muxuak, maite zaituztegu. Bitartean, hemen nago, Manel talde katalanaren musika entzuten: «Que la vida que ens hem perdur, simplement no existeix» (Galdu dugun bizitza hori, besterik gabe ez da existizen). Eta zutabe hau bera ere ezetzak eraiki eta suntsitu duenari eskainia dago. Izan ez eta izango ez denari.]]>
<![CDATA[Gorroto gaituzte]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2029/014/002/2019-08-21/gorroto_gaituzte.htm Wed, 21 Aug 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/2029/014/002/2019-08-21/gorroto_gaituzte.htm Welcome to Navarra, land of diversity. Horretarako bada aukera, eta egongo da gehiago; izan ere, euskara eta gaztelaniazko leku kopurua «aztertzeaz» gainera, eredu linguistikoak «birplanteatzeko» asmoa azaldu du UPNko ordezkariak, nabaria baita, dioenez, «euskarazko eredu mistoen gabezia». Edo, bestela esanda, euskaraz utziko duten apur horretan ingelesa sartzea ere gustatuko litzaiekeela. Hori gutxi ez, eta euskarazko toki kopuruaren birbanaketa «eskura dituen datuen arabera» egingo du udalbatza berriak, eta, apartheid linguistikoaren herrian, edozer espero daiteke.

Hello Egunsenti haur eskolan egindako bisitan egin ditu adierazpenok alkateak. Bai, Hello Egunsenti. Holaxe deitzen da Iruñean dagoen haur eskoletako bat: Hello, kosmopaletoki mundutar ustezko, Relaxing cup of cafe con leche in the plaza mayor bezainbeste ia; eta egunsenti, pixka bat euskaldun baina ez asko, aniztasun ukitu bat emateko adina besterik ez, turistei gustatzen zaien exotikotasun zertzelada hura. Egia da, Kaixo Dawn zela aldrebeseko aukera, eta arraro xamar geratzen dela hori ere.

Ez da harritzekoa egoera, dena dela, aurrekariak aintzat izanda. «Jende normalarentzako» gobernatuko zuela iragarri zuen Enrique Maia erregionalistak kargua hartu zuenean. Normala berdin erdalduna; normala berdin eskuindarra; normala berdin nafarra eta espainiarra, eta ez besterik. «Gobernu ez-nazionalista» osatuko zuela ere zin egin zuen, ikurrina debekatzeko bezain ez-nazionalista, kale izendegia aldatzeko bezain ez-nazionalista, euskara gutxitzen ahalegintzeko bezain ez-nazionalista. Hori ez baita nazionalismoa, baizik eta normaltasuna.

Honen aurrean ez da analisi soziolinguistiko sakonik behar: gorroto gaituzte, ez dago besterik. Hori bezain sinplea da. Kitto. Eta, hala ere, gora doa euskarazko izen ematea eskoletan; lau gaztetatik batek badaki euskaraz Nafarroan, eta orain urte gutxiren bueltan zifra hori oso urruti zegoen; euskaraz mintzo den herri mugimendua bizirik dago; oposizioetan eskatu ez badiete ere, mediku on eta euskaldunak daude; euskararen ofizialtasuna eskatzen duen jendetza ateratzen da kaleetara; euskaraz hartzen zaituzte liburutegietan, gaztetxeetan, lantegietan; euskaraz bizi gara etxean gaztelania baino jaso ez dugun asko; eta haurrak euskarazko eredura eramango dituzte familia ugarik heldu den urtean ere, eskuinaren oztopoak oztopo. Funtsean, gorroto gaituzte, baina gu hemen gaude, batzuen buruan sartzen ez bada ere: iruindar eta euskaldun.]]>
<![CDATA[Gaitzesten dut]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2114/017/002/2019-08-18/gaitzesten_dut.htm Sun, 18 Aug 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/2114/017/002/2019-08-18/gaitzesten_dut.htm inesten dut otoitzaren moldaketa da paragrafo hau, estilo librean, errezu moduan irakur bedi: Gaitzesten dut. Gaitzesten dut Kapitalismo Heteropatriarkal ahalguztidun zeru-lurren suntsitzailea. Gaitzesten dut Haren Seme bakar Miseriazko Bizitza gure jauna, Estatu Burges Santuaren egitez sortu eta Andre guztien gorputzak kapitalaren azken mugarritzat hartu dituena. Gaitzesten dut Gaitzespen Santua, moral santu katolikoa, bazterkeriara kondenatzen gaituzten horien barkamena. Amen.

Bestelako, gomendioa, Gaitzespena, Jose Luis Otamendiren poema, Kapital Publikoan; zatitxo bat, kaskezurrean iltzatua: «Gaitzesten ditut trafiko ezbeharrez gertatzen diren heriotzak/ lanean gertatzen diren heriotza guztiak gaitzesten ditut/ gaitzesten ditut genero indarkeriak/ gaitzesten ditut luiziek, erauntsiek, uholdeek eta naufragioek, lurrikarek eta gerrek eragindako hilketak[…]». Eta, olerki amaieran: «eta azkenik, gaitzesten ditut/ ni bezalako gaitzesleen gaitzespen hipokritak/ ekidin edo borrokatu daitezkeen gertaera tamalgarriak/ gure gaitzerizko epelarekin estaltzen ditugulako behin eta berriz».

Ekintzaren bat (normalean jendaurrean edo agerian egindakoa) txartzat edo zigorgarritzat hartzea da gaitzestea. Halaxe definitzen dute. Berriak irakurtzerakoan, antzerki politiko-eklesiastiko bat imajinatzen dut «hau eta beste gaitzetsi dute» entzuten dudan aldiro: sotanadun apezak moralaren zaintzan, Ongiaren aldaretik, Egiaren izenean. Ezin diot utzi marrazki bizidun itxuran imajinatzeari: nik punitibismoa Donde viven los monstruos liburuko izaki iletsu eta handi horietako baten antzera irudikatzen dut, zurikeriaren haitzuloan sartuta, eta Gaitzespena deitzen den kreatura txiki bat lurrean, goxo, jabearen oinetan, azala atzeraka tenkatuaz zigorraren eskuak laztantzen duen bitartean, txakur otzanena pertsonak ukitzerakoan nola.

Gaitzespena 781 aldiz erabili da BERRIAn, bilatzailean egindako tekleatze azkarraren arabera; gaitzesten hitza 43 alditan, gaitzespena, aldiz, 33tan. EITB taldeko bilatzaileak dioenez, haiek 7.000 alditan baino gehiagotan erabili dute. Argia-k: gaitzetsi, 409; gaitzesten, 113; eta gaitzespen, 75 bider. Uler bedi ez direla emaitza konparagarriak algoritmoak eta denbora tarteak direla eta. Nor da nor zer gaitzesteko eta zerk egiten du zer gaitzesgarri? Zer gaitzetik libratuko gaitu gaitzespenak? Arrainik ez, eta Gaitzespen bat oparituko dizut nola hazten den ikusteko.

]]>
<![CDATA[Beldur generizatua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2029/015/002/2019-08-16/beldur_generizatua.htm Fri, 16 Aug 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/2029/015/002/2019-08-16/beldur_generizatua.htm emakumea hitza BERRIAko bilatzailean, eta irakurri izenburuak: «Bi emakumeren gorpuak aurkitu dituzte; Gizon bat atxilotu dute emakume bati ukituak [...]; Emakume batek sexu eraso salatu du...». Sartu gizon hitza bilatzailean, eta ikusi, zer gertatzen den: «Bi gizon atxilotu dituzte sexu eraso bana leporatuta; Gizon bat atxilotu dute ukituak egiteagatik; Gizon bat atxilotua, andre bat korderik gabe uzteagatik [...]». Berdin du zenbat zutabe idazten diren, sekula ez baita nahikoa izango egoeraren gordina islatzeko. Beldurra da haien kontrol mekanismoa; askatasuna, guri ebatsitakoa.

«Emakume askorentzat, beldurraren esperientziak, bere handitasun eta boterearekin, zehatza den hori gailentzen du, eraso sexistaren balizko gertaerak elikatua baita», idatzi zuen Teresa del Vallek orain hogei urte, erasoarekiko beldurrak emakume sozializazioan zuen garrantzia agerian utziz, ez baita soilik inork eraso egitea, baizik eta eraso egin diezazuketela jakitea, abstraktuarekiko ikara da, konkreziorik ezaren mamuarekiko panikoa. Ustezko eraso baten atarian bizitzea da, horrek dakarrenarekin, balizko egoeretan zer eginen zenukeen pentsatuz, salbuespenezko etxera buelta etengabeetan. Nik kaputxa janzten dut, eta mutil batekin nahas nazaten desiratu, atzetik norbait etortzekotan, bidea errazagoa izango delakoan. Nire lagun askok giltzak daramatzate hatz artean eta ukabila gogor itxita, beste batzuek sakelakoa ateratzen dute, dei imajinarioak egiteko; badira etxera bakarrik bueltatzen ez direnak ere. Badira etxera abiatu, eta inoiz iristen ez direnak. Erraietan daramagu gorputzean sartu diguzuen beldurra.

Ez da kasualitatea: «Beldurra ezinbesteko elementua da emakumeen sozializazioan, argi eta garbi denboraren eta espazioaren kudeaketa mugatzen duena, bizitzen kontrolaren gaineko erretorika oso bat osatzearekin batera. [...] Beldurra emakumeari loturiko zerbait da». Mari Luz Estebanena da hausnarra. Kontrol mekanismo bat da beldurra, engranaje patriarkalaren beste parte bat; urratsak neurtzera bultzatzen zaituen ikara, berdin txosnetan zein diskotekan, kale batzuk atzean uztera bultzatzen zaituena, arropa, ibilkera eta keinukera pentsatzera zaramatzana. Gorputz egiten da zugan.

Zenbat «Ez zaitez etxera bakarrik bueltatu» entzun ditzake neskatiko batek bere bizitzan? Zenbat, «Kontuz ibili»? Zenbat neke eta estrategia mental kartografiatu ditzake bide argiztatuena bilatuz, bueltarako ordu aproposena zein izango ote den neurtuz? Zenbat ordu galarazi dizkigute? Zenbat nekatzen dute alde bakarreko prebentzio neurriek? Su-etenik ez al da gudaren alde honetan?

Bake faltsuaren garaiotan, beldur generizatua sentitzen dugu; heziketa prozesuan tatuatu digutena. Kontua da zapalkuntzak altxamendua sortzen duela ezinbestean, eta beldurra sentitzera ere ohitzen dela bat, eta, orduan, orduan erantzuna dator. Orduan, trafikoa moztuko dute Bilbon, zubitik zintzilik; orduan, Beldurra aldez aldatuko dugu eta Erasorik ez, erantzunik gabe oihukatu dugu manifestazioetan; eta batzuk kezkatuago azaldu dira alde hori zein ote den jakin nahian, ea haiei zuzentzen ari gatzaizkien ebatzi nahian, arazoaren sakontasunarekin baino gehiago. Gero, egonen da artikulu honen ostean Baina gizon guztiok ez... dioenik. Eta bihar eta etzi eta etzidamu, gureen erailketaz mintzatuko dira tituluak, eta, haiek, haiek beren buruari buruz mintzatuko dira, beste behin ere. Baina aski da, berdin zaigu: gu autodefentsa feministaz armatuta gaude.]]>
<![CDATA[Divak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/013/001/2019-08-14/divak.htm Wed, 14 Aug 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/1881/013/001/2019-08-14/divak.htm eyeliner arrastoak begi zuloetatik kendu ezinik oraindik; purpurina nabaritu du, makarrekin nahastuta. Zenbat kubata joan ote ziren? Kuba-libre gehiegi irentsi zituen atzo, badaki, bere tripen barneko mezzosopranoak esan dio, sabel-orroak entzun baitaitezke, ia-ia Las Felliniren espektakulua bezain ozen; burua, bitartean, atzoko errefusa emozionalaren kontainer bat baino ez da. Ez da gutxiagorako ere: gori dago eztabaida adituen artean, jakin ongi daki, eta interpelatua sentitzen da, zeren: «Eta sarrera berririk ez badago, zer? Onartzen ez badituzte?».

Potente dago kaña aspirazioa duen zurito handiegia, garagardo artisauak hartzeko mania hipsterrak irabazi du eta, gibelaren mugimendu protekzionistaren aurrean. Begiak, laino; burmuina, lanbro. Trago bakarrean irentsi du zerbeza, hala ere. Zutik dago taberna zuloan, pentsakor, gerta daitekeenaren aurrean, urduri, gogoz kontra soinketa klasean kantxaratzen duten nerabe frikia nola. Ez badago sarrera berririk bereak egin du. «Gaur emanen dute erabakiaren berri», hausnartu du, berriz ere, deseroso. Postprodukzio ariketa bat baino ez da haren memoria azken hilabetean, migrante bat da barne ideien anabasan, ez baitira egun errazak hauek, «Eta ez badituzte proposamenak onartzen, zer?» ideia baino ez dabilkio buruan. Zalantza betean dago Haize, duden kronoigoerari erritmoa hartu ezinik.

Pentsamendu koherenteetan bakarrak dio jateko zerbait beharko lukeela, ez flipatzeko bestelako perturbazioekin: bokata bat agian, klasiko jarrita, baina sobera iruditu zaio, eta pintxorik ez dago barran; kebab bat hartuko du bestela, pareko lokalean, legatza pla-pla eginda gusturen hartuko lukeen arren. Orduantxe izan da, unea heldu da: txilio ozen batez ernarazi du Hegoak Haize, smartphone-aren pantailako titulua erakutsiz, muturraren parean jarriz. Azkenean, bai: unea heldu da. BERRIAk dakar notizia: friki, zurito, diva eta tuper hitzak hiztegian sartu ditu Euskaltzaindiak.

Garrasi egin dute biek, begiak beteta, elkar besarkatuz, pozez kabitu ezinik, «Azkenean!», diote, malkoei ezin eutsiz. «Gramatikaren jonkiok behar genuen lubrifikatzailea da!», bota du Hegoak. Lasaitua hartu du Haizek: «Eskerrak! onartutako zerrendako 27 hitz sartu ditut gaurko testu honetan», erantzun dio. Ardoz bete dute kopa bana, pozik bezain morboso, eta topa egitea erabaki dute aho batez, erreferendum bidez ezin delako: «Bidea ireki zuten diven alde!».]]>
<![CDATA[Egunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2041/017/002/2019-08-11/egunak.htm Sun, 11 Aug 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/2041/017/002/2019-08-11/egunak.htm
Hamarrekoekin hasita, goazen. Hamaika: kasik bi aste pasa zituen esna, batere lorik egin gabe 17 urteko ikasle batek 1965ean, Chicagon; zehatzago: 264 orduan ez zuen begirik bildu, zientzia klaserako lan bat egiten ari zelako eta bere erresistentzia probatzea zuelako xede. Medikuntzak dio muga hori gaindituta burua joan eta azkenean giza gorputzak ezin duela gehiago. Hamaika egun: horra limite fisikoa. Eta mugekin segituz, hurrengoa. 60 egun: egun kopuru hori aguantatu dezake pertsona batek jan gabe, oso-oso egoera muturrekoan, baina normalena da lehenago hiltzea. Oso jende gutxik gainditu du hirurogeiko muga. Adibidez, Bobby Sands IRAko kideak 66 egun pasa zituen gose greban, 1981eko protestetan, espetxe sistemak erail aurretik. 70 egun inguru: denbora tarte horretan garatu ahal izan zuten Parisko komuna 1871n, bai Bakuninek bai Marxek, hurrenez hurren, anarkismoaren eta marxismoaren garaipentzat zutena. Errealitate egin zen utopia egun batzuez. Herriarenak izan ziren kaleak. 80 egun: hiru hilabetera ez zen iristen Jules Verneren eleberrian munduari buelta emateko beharrezkoa zen denbora muga. Phileas Foggek nahikoa abentura eta desbentura izan zuen tarte horretan. 80 egun, literaturan bidaiatzeko; mundu bat, deskubritzeko. 150 egun: behin, 150 egunez ibili nintzen neska batekin ateratzen, eta horren denbora bikoitza behar izan nuen ahazteko. Ustezko bulkada iraultzaile adina maitasun erromantiko, bost hilabetez. 270 egun: bizi bat sor daiteke bederatzi hilabetean, munduari begi berriz begiratuko dion izaki bat. Mundu bat sor daiteke eta mundu bat aldatu.

1.001 egun: Altsasukoek 1001 egun daramatzate espetxean polizia muntaia baten ondorioz. Zenbat bizi sartzen dira 1.001 egunetan? Nahi baino gehiago. Eta, azkena: zenbat egun beharko lirateke kartzela guztiei su emateko?]]>
<![CDATA[Emakume bizardunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2029/015/002/2019-08-09/emakume_bizardunak.htm Fri, 09 Aug 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/2029/015/002/2019-08-09/emakume_bizardunak.htm
Hirsutismo hitzarekin izendatu du medikuntzak emakumeek ileak izatea «berez emakumeek izaten ez dituzten tokietan»; eta izendatu ahala, patologizatu, noski, normalaren eta gehiegizkoaren arteko muga ezarriz. The Guardian egunkariak Female facial hair: if so many women have it, why are we so deeply ashamed? (Emakumeen aurpegiko ilea: hainbeste emakumek baldin badute, zergatik lotsatzen gara hainbeste?) artikulua argitaratu du egunotan, eta, ikerketa baten arabera, aurpegian ilea duten emakumeen %75ek antsietatea daukate. Antsietatea ematen baitu norman ez sartzeak. Beste datu batek eman dit arreta, dena dela: elkarrizketatuen parte handi bat ez litzateke sartuko ezta medikuntzak ere «ile gehiegitzat» jotzen duen horretan, baina «ile gehiegi» duela uste du, dena da eta neurriz gaindikoa korrektotasunaren neurgailua den feminitatearentzat. Funtsean, edozein emakume izan gintezkeen emakume horietako bat.

Raquel Pelaez kazetariak El País-en karrikaratu du beste erreportaje bat, eta ilea aurpegitik kentzen duten emakumeek ez edukitzeko zer egiteko prest ote leudekeen inkesta bidez galdetuta, %50ek adierazi du hilabetez utziko lituzkeela bere zaletasunak, horrela ileak joanen balira; elkarrizketatuen %36k sexua utziko luke, horrek aurpegiko biloa gutxituko balio.

Garesti ordaintzen da generoaren performancetik aldentzea, edertasunaren teknologia patriarkalei uko egitea; garesti ateratzen da ez sartzea moldean, sinetsarazi baitigute haragi dela binomioa, eta ez artefaktu konstruktibista bat. Sinetsarazi digute existitu existitzen dela emakume perfektu hori, depilatzen dena ia ilerik izan gabe, potea eta eyelinerra emanda jaikitzen dena, lirain beti.

Halakoetan, Virginie Despentes baino ez zait etortzen burura: «Emakume zuri, seduktore baina puta ez den hori, ondo ezkondua baina inoren itzalean bizi ez dena, lan egiten duena baina arrakasta handirik gabe, bere gizonaren gainetik ez gailentzeko, mehea dena, baina elikadurarekin neurotikoa izan gabe, gazte dirudiena beti baina kirurgia estetikoak desitxuratua ez dagoena [...]; emakume zuri zoriontsu hori... Kontua da ez dudala sekula ezagutu, inon ere. Are sinetsita nago ez dela existitzen». Imajinario kapitalista hetoropatriarkala irauli nahi badugu, hitz egin dezagun, bada, egiazki garen honetaz, ahoan bilorik gabe eta kokospeak iletsu (edo ez).]]>
<![CDATA[Debekatu gaitzazue]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2019-08-07/debekatu_gaitzazue.htm Wed, 07 Aug 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2019-08-07/debekatu_gaitzazue.htm This is not Spain zioten bitartean. Iruñea, 2019.

Eta, udaletxeko plazan, debekatuta, beste behin ere, ikurrak, sinbolismoaren guda zelaian hasia baitzen bataila. Errelatoaren beste norgehiagoka bat. Baina arrantzaleekin edo gabe, ikurrinak hartzen du plaza urtero, ikurrinak eta presoen etxeratzeen aldeko pankartak, autodefentsa feminista dioenak eta dena aldatzeko gaztetxeak behar ditugula aldarrikatzen duenak. Bitartean, «jaiak ez dira politizatu behar» diote politikari ez-nazionalistek, Espainiako banderaren arrimuan, gaztelania hutsez.

Neutro behar omen dute festek, plastikozko edalontziak bezain neutro, txosnagune eza bezain neutro, guirientzako argazkiak bezain dibertigarri eta aseptikoki neutro, neutro, sistemiko bezainbeste, neutro makrojaialdien antzutasunean, lan baldintzen prekarizazioaren neutrotasunean, neutro, eraso matxista eta guzti. Ez-politiko bezain neutro.

Azkena Gasteizen izan da: Zeledonen jaitsieran pankartak debekatu zituen Urtaran alkateak. Beste behin ere, bikain atera zaio: ikurrez bete dute jaien hasiera gasteiztarrek; aurreko urteetakoekin nahikoa ez, eta, aurten, pankarta gehiago izan dira. Zelarik nahi ez duenari, eman bekio arbalda dio esaera zaharrak. Horra, bada, egikaritze praktikoa. Aurrekoekin nahikoa ez, eta, orain, dosi bikoitza. Debekuaren bekatua da zerbait legez kanpokoa izanez gero desagertuko dela sinestea, eta hori, besterik gabe, absurdoa da.

Antzinako Grezian, Delos uhartean, agintariek jendea hil zedin debekatu zuten, toki sakratua izanagatik, garbi mantendu nahi zutelako; bertan, heriotzak ez zuen lekurik. Jaioak hiltzea zor, baina hor ez zegoen hiltzerik eta kitto. Andaluziako Lanjarón herrian ere hiltzea debekatuta egon da, arrazoi politiko-urbanistikoak zirela medio: gobernuak ez zion hilerri berria eraikitzeko baimenik eman udalari, eta, orduan, protesta gisa, hiltzea legez kanpokotzat jo zuten. 1999an izan zen hori; handik urte gutxitara, ideia gustatu, eta kilometro exkax batzuetara dagoen Darro herriak ere debeku berbera ezarri zuen. Gauzak nola diren, inork ezin izan zuen ekidin herritarrak hiltzerik. Debekuaren antzua azaleratzen dutelako gustatzen zaizkit adibide hauek.

Horrela, debekatuko dizkigute ikurrak, asanbladak, kantak, kontzertuak, bertso saioak, hizkuntzak, herriak, izatea, bizitzea eta hiltzea... baina guk politizatu gabeko gauzetan bezainbeste sinesten dugu debekuan: batere ez.]]>
<![CDATA[Ez duzue ezer ulertu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1994/019/002/2019-08-04/ez_duzue_ezer_ulertu.htm Sun, 04 Aug 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/1994/019/002/2019-08-04/ez_duzue_ezer_ulertu.htm
«Bilbon sobran daude halako jazoera arbuiagarriak; Bilbon sobran daude gaizkile hauek», adierazi du minutu bat eta 28 segundo irauten duen bideoan, eta ezin dut pentsatu besterik egin zenbat esaldi egon daitezkeen gaizki horren denbora laburrean. «Gaizkile» dio, eta gaizkileak besteak dira, ez gureak, ez gure inguruko gizonak; gaizkilea arrotz zaigun hori da, ez kuadrillan duguna, ez gure aita, ez gure anaia, ez gure lagun minak. Besteak. Polizia txalotu du gero, eta «zorionak» esan die, egindako lanaz harro, eta kosta egiten zait pentsatzea inork sinetsi dezakeenik estatuaren indar armatuak direnik ezertarako konponbidea, hala uste dutela dakidan arren. Bost aldiz ikusi dut bideoa, iruditzen zaidalako indarkeria matxistarekiko aurreiritzi guztien bildumatxo bat: indarkeria salbuespentzat hartzea, kasu bakan batzuk balira bezala, eta ez ordenamendu oso baten emaitza. Instituzioen esku hartze zuriarekin amaituko den zerbait dirudi. Zerbait etereoa, gainera, nondik datorren ez dakiguna.

Ez duzue ezer ulertu, «ustezko bortxaketa» esaten duzuenean sistema kapitalista heteropatriarkalaren zimenduak mantentzeko zuen mass-medietan, erregimenaren hedabideetan, eta galdetzen diozuenean eraso baten inguruan parketik pasatzen den edozein herritarri. Zazpi hedabidetan ikusi dut berria, propio, eta, lehen ez nekien, baina orain badakit zer pentsatzen duten erosketak egitetik datorren pertsona batek, korrikalari batek eta erasotzaileak «oso-oso gaiztoak» direla uste duen beste batek. Berriak kontesturik gabe eskaintzen dituzue, begirada feministari izkin eginez, antzuki hutsalak diren hizketaldiekin. Datuak eman zenitzaketen, eta esan askoz ohikoagoa dela etxean bortxatu zaitzaten, askoz ohikoagoa dela ezagun batek bortxatu zaitzan; edo, bestela, aipa zenezaketen eraso egiten duten gehienak bertakoak direla, hemen jaioak eta zuriak. Enfatizatu zenezaketen erasotzaileak gizonezkoak direla, hori dela indarkeria matxistaren ezaugarri komuna. Baina ez. Ez duzue ezer ulertu. Eta okerrena dena, ez duzue ulertu nahi. ]]>
<![CDATA[Denbora]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2019-08-02/denbora.htm Fri, 02 Aug 2019 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2019-08-02/denbora.htm
Esther Ferrer sortzaile eta performance egilearen agerpen bat oroitarazten didate denbora-neurriek. Donostian izan zen, hitzaldi batean: solas egiten ari zen, bere lanaren zentzua eta zentzu eza azalduz, eta, bat-batean eten bat egin zuen, «denborak markak uzten ditu», esanda. Esan, eta isilik geratu zen. Aurrera begira. Kieto demonio. Denboraren pisutsua agerian utziz, entzuleek betetako Artelekuko gelak deserosotasuna eztul bihurtzen zuen bitartean. Lurrera begiratzen zuen jendeak artistaren begiradari eutsi ezinik. Olioaren dentsitatea hartu zuten minutuek. Geldotasuna atmosferan. Hitzari ekin zion gero berriz, natural eta egindako geldialdia aipatu gabe. Gorputz egin zuen denbora.

Segitu zuen hizketan sortzaileak, eta, halako batean, Mediterraneo itsasoan hildako migratzaileak aipatu zituen. Hildakoak zenbat ziren esan zuen. Orduko zifra zehatza jakinarazi eta, gero, banaka-banaka eta tarte handiz gogoratu zituen sistemak migratzera behartuz eraildako horiek, izenak jakin ezin ez, eta zenbaki bidez. Murtxikatu egiten zuen hitz bakoitza, mantso, eserita eta aurrera begira: bat (isilunea), bi (isilunea), hiru (isilunea), lau (isilunea), bost (isilunea), sei (isilunea), zapi (isilunea), zortzi (isilunea), bederatzi (isilunea), hamar (isilunea), hamaika (isilunea), hamabi (isilunea), hamahiru (isilunea), hamalau (isilunea), hamabost (isilunea), hamasei (isilunea), hamazazpi (isilunea)… Pertsona bilakatu zen denbora; aitortza, eskainitako tartea.

Harluxetentzat gauzak gertatzen eta izakiak aldatzen diren bitarte mugagabea da denbora; edo, bestela, hizkuntzalaritzan, kontzeptu nozionala da, aditzak adierazten duen ekintza kronologikoki noiz gertatu den azaltzen duena; fisikan, oinarrizko magnitudea, omen, espazioko puntu berean izandako bi gertaera berdin bereiztea ahalbidetzen duena. Zenbat irauten du, baina, denborak? Zenbat, 29 urte kartzelan pasa dituenarentzat? Bertan segitzen duenarentzat? Zenbat, patera batean dagoenarentzat? Zenbat, muga pasa ezinik bizia arriskuan jarriko duenarentzat? Zenbat minutu dauzka ordu batek norberaren azalean?]]>
<![CDATA[Frantziak asiloa ukatu dio Nigerian kartzela arriskuan dagoen lesbiana bati]]> https://www.berria.eus/albisteak/113817/frantziak_asiloa_ukatu_dio_nigerian_kartzela_arriskuan_dagoen_lesbiana_bati.htm Fri, 14 Aug 2015 19:34:15 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/albisteak/113817/frantziak_asiloa_ukatu_dio_nigerian_kartzela_arriskuan_dagoen_lesbiana_bati.htm Uztailaren 24tik dago Elita izeneko emakumea Hendaiako zentroan. Nigeriako Enugu herritik joan zen ihesi, auzoak haren bikotekidea harrapatu, eta herriko plazan gasolina eta gurpilekin erre eta hil ostean. Haiekin ziren beste bi emakume lesbianak atxilo hartu zituzten orduan, eta espetxeratuta daude egun. Orain, Cimade elkarteak Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko du, deportatu ez dezaten. «Gaur Nigeriara itzultzen bada, badakigu zer izango duen: hamalau urteko kartzela zigorra, irainak, torturak...», adierazi du asteon Francisco Sanchez Rodriguez Cimade elkarteko langileak.]]> <![CDATA[DBHko eta Batxilergoko kanpo azterketak atzeratuko ditu Madrilek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/006/001/2015-08-14/dbhko_eta_batxilergoko_kanpo_azterketak_atzeratuko_ditu_madrilek.htm Fri, 14 Aug 2015 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/1736/006/001/2015-08-14/dbhko_eta_batxilergoko_kanpo_azterketak_atzeratuko_ditu_madrilek.htm
LOMCE gelditzeko eskatu dute hainbat erkidegok]]>

LOMCE legearen egutegia bertan behera uztea galdegin zuten PPren esku ez dauden gainontzeko erkidego guztietako gobernuek atzo; ezartze prozesua luzatzea da erdietsi dutena. Kolore askotakoak dira bat egin duten hamabi erkidegoetako aginteak. Jeltzaleek gidatutako EAE eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemosen eta Izquierda-Ezkerraren esku dagoen Nafarroa. Eta, horiez gain, PSOEk gobernatutako zazpi erkidegoek ere bat egin dute: Andaluziak, Aragoik, Asturiasek, Balearrek, Gaztela Mantxak eta Extremadurak, alegia. Bai eta bestelako koalizio gobernuak dauzkaten Valentziak (PSOE eta Compromis), Kanariak (Coalicion Canaria eta PSOE) eta Kantabriak ere (Partido Regionalista de Cantabria eta PSOE). Katalunia ere (Convergencia Democratica de Catalunya) gehitu zaie.

LOMCEren kontrako manifestua da hamabien artean hitzartu eta Madrilen defendatu dutena. Idazkian, PPk hauspotutako hezkuntza erreforma «premiagabekoa, desegokia eta tokiz kanpokoa» dela salatu dute hamabiek.

Bilkura amaitu eta gero, interpretazio kontrajarriak plazaratu dituzte kontseilariek. PPko kideek azpimarratu dute akordioak ez dakarrela «inongo atzerapenik» LOMCEren ezarpenerako. Era berean, lege organikoa denez, berez, «derrigorrean bete beharrekoa» dela zehaztu dute.

Baikortasuna eta kritika

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek oso positibotzat jo du aldaketa, eta ministroaren jarrera «ona» eta «akordiorako nahia» aitatu ditu. «Badago akordio bat, ez osoa, baina akordio bat bai. Ministroarekin guk jarri genuen baldintza bat, eta hori zen kanpoko ebaluazioen errege dekretua kaxoi batean gordetzea. Azkenean, ikusi du ia erkidego autonomo guztiok eskatu diogula hori», jakinarazi du. Presioak eragin du ministroak jarrera aldatzea, dioenez.

Ahoan bilorik gabe azaldu du zer dela eta mantenduko den Lehen Hezkuntzako proba. «Zergatik? datorren kurtsoan egin behar delako». Ñabardura bat txertatu du, gainera: «Garrantzitsuena da etsamina hori guk egiten dugula, ez du estatuak egiten. Guk egiten dugu zentroekin batera. Finean, lortu dugu ez ezartzea kanpoko ebaluaziorik, oso kaltegarriak direlako gure hezkuntza sistemarentzat; beraiek baldintzatzen dute zer ikasi behar dugun eta nola ikasi behar dugun. Honekin lortu duguna da guk geuk ebaluatzea guk jartzen dugun curriculuma».

Bide beretik jo du Kataluniako Hezkuntza kontseilari Irene Rigauk, erreforma «galdatu» dela aipatuta. Kritiko mintzatu da, haatik, LOMCE geratu ez izana salatuz. «Gauzak ez dira legeak agintzen dituelako egin behar. Ongi egin behar dira, edozein aldaketa politikok alda ez ditzan», esan du. Bestalde, LOMCEren arabera, Generalitateak bere gain hartu behar du gaztelaniaz ikasi nahi duten ikasleen matrikulen kostua. Rigauk horrek izan dezakeen eragina aztertuko duela zehaztu du.

Espainiako Hezkuntza Saileko bozeramaile Sandra Moneok, ordea, «arduragabekeriaz» jokatzea leporatu die kontseilariei, «legea martxan dagoelako jada».

Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die ELA sindikatuak «inola ere» LOMCE ez ezartzeko, eta «konpromiso garbia» izan dezaten exijitu du.]]>
<![CDATA[Kalea gorria da abuztuan ere]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/002/001/2015-08-13/kalea_gorria_da_abuztuan_ere.htm Thu, 13 Aug 2015 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/1890/002/001/2015-08-13/kalea_gorria_da_abuztuan_ere.htm
Zentroaren hastapenetan jarri behar da fokua. 2012ra arte, Neguko Aterpea deitzen zen, eta hilabete hotzenetan baino ez zegoen irekita. Bilduren ekinez, buelta eman zuen egoerak, ordea. Jon Albizu zen Gizarte Ongizateko zinegotzi orduan. Haiek adostu zuten 11 hilabetez egotea martxan. «Hilabeteko etenaldia mantentze lanak egiteko adostu genuen: margotzeko, berriketak egiteko, oheak aldatzeko...». Abuztuan geratzea erabaki zuten, «espero izatekoa delako eguraldi hobea egingo duela».

Gaia zabal hartu nahi izan du Albizuk. Izan ere, Donostian badira gaua pasatzeko beste eraikin batzuk ere —esaterako, udalarena den Abegi Etxea, eta Caritasek eta Gurutze Gorriak kudeatutako hainbat toki—. Horregatik, Gaueko Aterpea ixteak ez du eragiten kalean daudenak beste aukerarik gabe geratzea, haren aburuz. Gogora ekarri du zerbitzuaren nolakotasuna, halaber: exijentzia maila apalekoa da. Alegia, astero berritu behar dute txartela bertan daudenek, ez baitute toki finkorik. Azpiegiturei dagokienez, gela handi bat dauka 40 oherekin, eta, beraz, ez da inoren bizitoki behin betikoa. Itxita egon izan den abuztu guztietan erabiltzaile «gehienak» lekualdatu dituztela esan du.

Haatik, badaki hobetu beharra dagoela. «Segur aski, posible litzateke zerbitzua 365 egunez izatea. Guk aurretik zegoena bikoiztu egin genuen, eta hurrengo gobernuari dagokio guk utzi genuen baino hobeto uztea orain. Eta ez diot EAJri ezer leporatzearren».

Auzi «labainkorra» dela aitortu du. Ondorioz, horren inguruan esandakoak «neurtu» egin behar direla iruditzen zaio. «Jendea oso egoera larrian dago, eta ezin dugu edozein gauza esan», azpimarratu du.

«Euriak ez du hiltzen»

«Lokalaren helburua da jendea hotzak ez hiltzea». Aitziber San Roman zinegotziarenak dira hitzak. Udalean sortutako ika-mikarekin Gaueko Aterpearen izaera desitxuratzen ari dela salatu du. «Irabazi taldea etengabe esaten ari da aterpe bat dela, baina hau ez da aterpe bat. Hau exijentzia baxuko lokal bat da. Zein alde dagoen? Hau ez da leku finkoa; hemen inork ez die bermatzen tokia egongo denik». Ñabardura bat erantsi du: «Lokalaren errekurtsoak ez dira horiek. Beste kontu bat da ea lan hori egin beharko litzatekeen. Hor bat etor naiteke».

Legealdi berriari ekitearekin batera jaso zuen hark aterpetxearen kudeaketa arauen berri, eta azaldu du ez dutela denborarik izan gauzak aldatzeko. «Bilduk hartutako erabakia mantentzea erabaki dugu guk. Ba al zegoen beste aukerarik abuztua baino hilabete lehenago?», galdera erretorikoa bota du airera. Albizuk bezala, arrazoi teknikoak aipatu ditu gatazka azaltzeko orduan: «Desinfektatu behar da; zimitzak eta zorriak egoten dira toki horietan, eta, horretarako, bi aste behar dira».

Halaber, arrazoi meteorologikoak izan ditu gogoan erabilerari buruz hausnarrean. «Teknikariek esan zidaten: 'Bizia arriskuan jartzeko faktore behinena hotza da'. Izan ere, hiltzeaz ala bizitzeaz ari gara. Eta euriak ez du arriskuan jartzen kalean bizi diren pertsonen bizia. Ez da gauza bera zero gradupean egotea eta euria egitea, edo 10 gradu daudenean euria egitea».

Etxegabeen inguruan ere mintzatu da, eta egoeraren arabera moldatzen direla aipatu. «Ez dira jende tontoa. Askotan erabaki propioz kalean lo egiten duen jendeari buruz ari gara; beste batzuetan, ez. Batzuetan buruko gaitzak dauzkate, adizioak... Baina jendea ez da tontoa, eta, esaterako, hondartzako aterpeetan bila dezakete tokia», adierazi du.

Ez du, ordea, kontua arinkeriaz tratatu nahi, dioenez. «Gu oso kezkatuta gaude gai honekin», jakinarazi du. Horregatik, zerbitzua erabiltzen duten hainbat lagunen eskutan beste baliabide batzuk jarri dituzte, eta tokia eskaini diete gainerako gaueko zentroetan. Birkokatze horietarako ez dituzte propio toki berriak eskaini: lehendik etxegabeentzako zeuden ohe kopuru bera mantendu dute. Beraz, 40 toki gutxiago daude udan.

Aurrera begira, egoera konpontzearen aldekoa da San Roman. «Datorren urterako denbora gehiago edukiko dugu, eta buelta gehiago emango dizkiogu», azaldu du. Eta galdera batekin harilkatu du solasa: «Lokal horien itxiera beste era batean planteatu behar dela? Nik ez dut ezetz esango». Nolanahi ere, proposamen zehatzik oraindik ez dago mahai gainean. «Ez dut agintzen zer egingo dugun, baina, aurrera begira, ahalik eta denbora gutxien itxita egotea da helburua».

Aterpea, osotasunean

«Aterpetxeak ez dira soilik lo egiteko tokiak: kaleak eskaintzen ez duen segurtasunaz gozatzeko guneak dira; higienea izateko tokiak; hobeki elikatzeko lokalak». Osotasuna. Hori da aterpeek bermatzen dutena, Bizkaiko Caritasek koordinatutako Giltza egitasmoko Arturo Lekunberriren ustez. «Eskandalagarria» da, dioenez, Donostiako Udalaren analisia, eta «ulertezina» zaio aterpetxeen lana lo egiteko funtzio gisa baino ez hartzea. «Etxegabezia ez da hotza pasatzea bakarrik: pertsonaren ongizateari egiten dio kalte. Horregatik, gainditzeko, bizitzaren alor guztietan eragin behar da».

Bat egin du harekin Bizkaiko Beste Bi Etxegabeen Elkarteen Plataformako kide Tinixara Guanchek. Bizkaiko egoera ezagutzen du, eta talaia horretatik so egin dio errealitateari, Gipuzkoarekin alderatuz. «Guk, plataforman, urte osorako duintasunez egokitutako aterpetxeak eskatu ditugu beti. Etxebizitza eskubidea ezin da asmoen adierazpen hutsa izan: benetako eskubide bat izan behar du». Horixe da gakoa, nabarmendu duenez. «Etxebizitza gabezia da arindu behar dena, lehenik eta behin, integrazio tresna gisa. Kontua ez da soilik muturreko eguraldi iragarpenei aurre egingo dioten planak prestatzea», esan du, irmo. Donostiako kasua hartu du hizpidetzat: «Ondo dago hotzez ez hiltzeko aterpe bat, baina ez da inondik inora beharrezkoa den egiturazko konponbidea. Gizarte bazterketaren inguruko diskurtsoak berritu behar dira, baztertuen egoera kriminalizatu egiten dute-eta; askotan, kalean daudenek berez arazoa balute bezala jokatzen da. Eta bazterturik daudenek ez dute berezko arazorik; arazoa pobrezia da. Ondorioz, txirotasunari egin behar zaio aurre. Handik abiatuta, aurrera egin ahalko dute».

Etxegabeen egoera ulertzea da matazaren hari muturretako bat, Lekunberrik adierazi duenez. Herritarrak ez dira jabetzen problemaren ertzez. «Bazterketaren muturreko aldaera da etxegabezia. Etxerik ez izatea da, bazterketa parametroen barnean, gogorrena». Zer ondorio du, bada? Aho bilorik gabe erantzun du Giltzako kideak: «Higadura fisikoa dakar, hondatze psikikoa, sare soziala okertzea, estigmatizazioa, lan eta aukera ekonomikorik eza...». Pentsamendua harilkatu du Guanchek, sustrai berei tiraka: «Ez da bakarrik kalean lo egitea: kalean hiltzea ere bada, kale gorrian hiltzea, bakarrik, eta babesik gabe, zaurgarri. Zeren eta pertsona horiek hil egiten baitira; eraso egiten zaie. Kate maila galdua dira».

Donostiako aterpea akorduan, azken ohar bat gaineratu du: «Abuztuan dena gelditzen da gehienontzat, lana dugunontzat, normalizatutako bizitza daukagunontzat; ez da geratzen, ordea, munduko egoera okerrenean daudenentzat. Are okerragoa da, beraz, joateko tokirik gabe geratzea».

Herritar ikusezin horiek

Ikusezinak. Horrela deitu izan zaie beti kalean bizi direnei. Ikusezinak, ez baitira existitzen, ez gizartearen begietara, ez politikarien legeetan. «Beti egon dira baztertuta, eta krisi garaian are gehiago», zehaztu du Lekunberrik. «Pobrezia egoeran dauden pertsonek dute irabazkin politiko txikiena», borobildu du Beste Biko partaideak.

Lekunberrik segitu du ikusezintasuna aletzen. «Janaria eta atsedena ziurtaturik ez daudenean, ezin zara arduratu salaketa sozialarekin. Lehenik eta behin, oinarrizko beharrak asebete behar dituzte. Etxerik gabe dagoen pertsona bat ez dago bere egoera salatzeko modurik onenean».

Indarkeria eta heriotza. Horiexek kale gorriak dakartzan mamuak, Guanchek azpimarratu duenez. Hatento Etxegabeen Aurkako Indarkeriaren Behatokiak aurten kaleratutako txostenak arrazoia eman dio. Donostian, Gasteizen eta Bilbon bildutako datuek frogatu dute kalean bizi diren hamarretik seik erasoren bat pairatu dutela. Bizi itxaropena, gainera, gainontzeko herritarrena baino «20 eta 25 urte» laburragoa dute. «50 bat urteren bueltan» biziko da kalean dagoen pertsona bat.

Egoerak hobera egin dezan, askotarikoak dira konponbideak: eragileen eta erakundeen elkarlana, bazterketaren inguruko diskurtso berrituak plazaratzea... Eta Guanchek beste puntu bat nabarmendu du: Europaren ekina. Hori izan daiteke argi izpi bat ekar dezakeen faktorea, haren ustetan. 2020rako Europako Estrategiak etxerik ez dutenen errealitatea aldatu nahiko luke, inork kalean bizi beharrik izan ez dezan. Horretarako, estatuei eskaintzen dizkien pobrezia ezabatzeko gizarte funtsen %20 etxegabezia konpontzeko izan beharko lirateke. Hala, gizartearen eta erakundeen artean «politika osoak» garatzea izan daiteke gakoa, Beste Biko partaideak aldarrikatu duenez.]]>
<![CDATA[Zer den eraso bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1825/005/001/2015-08-11/zer_den_eraso_batnbsp.htm Tue, 11 Aug 2015 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/1825/005/001/2015-08-11/zer_den_eraso_batnbsp.htm Ez gara sentitzen babestuak, irainduak baizik. Eraso sexistarik ezmobilizaziora deitu zuten; pankartaren leloari so, mugimendu feministaren moldeak eta sexu jazarpenak gaitzesteko, hurrenez hurren.

Ezinegona mugimendu feministaren protestak sortu dio batzordeari. Ez, ordea, Jatorrak kuadrillak emakumerik ez onartzeak bere barruan. Atsekabea, formak: kaputxa jarritako ahaldundutako subjektu feministek egindako ekintza. Ez omen da emakumeek protesta egiteko modu egokia.

Aurretik ere egon dira jazarpenak jaietan. Esaterako, Jatorrak talde ez-parekideko kide batzuek hitzez eraso zioten neska bati. Manifestaziorik ez zen egin horren harira. Kuadrillak berak ez zuen eraso sexisten aurkako protokoloa bete, eta ez zituen kideak kanporatu. Batzordeak ez du atsekaberik adierazi horren inguruan. «Konsternazioaren» inguruko hitzik ez. Barkamena eskatu zuten erasotzaileek. Hori da jakinarazi dutena. Bai eta beren bizitzako «momenturik okerrena» pasatu zutela ere.

Ez dira kasu bakanak. Jazarpenak, eraso lesbofobo eta homofoboak, irainak, mehatxuak... egunerokoak dira. Festetan, agerikoagoak. Eta horrela izan da Andre Mari Zuriaren jaietan ere.

«Lasaiak» izan dira egunak, ordea, Gasteizko alkate Gorka Urtaranen aburuz. Atzo bertan hiru gizon hartu zituzten atxilo hiru emakumeri erasotzeagatik. Baina «lasaiak» izan dira jaiak. Euskal Herriko gainontzeko festak bezain patxadatsuak ia-ia.

Mugimendu feministak esan du «beldurrik gabe» atera nahi duela kalera, «nazkatuta» dagoela irainak eta ukituak jasateaz. Jaiak ere modu askean bizitzeko eskubidea ekarri du gogora.

Udalak bitartekari lanak egin nahi ditu orain gatazka konpontzeko, eta «elkarrizketa» laudatu du. Batzordeak eta mugimendu feministak hitz egitea da gakoa. Dioenez. Bitartean, emakumeen parte hartzea ukatzen duen Jatorrak kuadrilla diruz laguntzen segituko du. Alabaina, erasoekin «zero tolerantzia» politika dauka udal taldeak. Hori dio Urtaranek.

Eraso bat zer ote den zehaztea litzateke akaso gakoa. Diru publikoz bazterketa babestea eraso bat ez ote den aztertzea. Edota analizatzea ea ez den eraso bat mugimendu feministaren borroka historikoari legitimitatea kentzea ere. Agian, autodefentsa feministari erasodeitzea da arazoa.]]>
<![CDATA[Politika injekzio bat ere bada]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1757/006/001/2015-08-06/politika_injekzio_bat_ere_bada.htm Thu, 06 Aug 2015 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/1757/006/001/2015-08-06/politika_injekzio_bat_ere_bada.htm
Polemika sortu du erabakiak.

Nafarroan jaio eta 15 hilabetera ipintzen dute jada; EAEn, aldiz, 10 urterekin]]>

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko errealitatea eraldatuko du, beraz, ekinaldiak. Adituen artean buru bezainbeste aburu daude; bada hauteskundeei begirako hautua dela dioenik, bai begi onez ikusten duenik ere. EAEko Txertoen Aholkularitza Kontseilura eraman du gaia Darponek, «zientzia» ardatz adostu dezan Espainiak onartutakoa aplikatu ala ez. Argi utzi du, dena dela, ez duela bat egiten ministerioak zehaztutakoarekin. «Prozeduraren kontra nago, guztiz. Txerto egutegi egokia daukagu, eta aurten aldaketa asko egin dituzte jada».

«Eleberri bat». Horixe da barizelaren txertoaren istorioa, EHUko Pediatria Saileko titular eta Donostiako Ospitaleko Zerbitzuen arduradun Eduardo Perezen hitzetan. Atzera begira jarri da egungo egoera ulertarazi nahian. Orain bost bat urte hasi zen dena, dioenez. Orduan, Nafarroan eta Ceuta eta Melillan doakoa zen txertoa; Espainiako gainontzeko lurraldetan eta EAEn, farmazietan erosi behar zen. Hautsak geroago harrotu ziren, baina. Iaz, hain zuzen. Ana Matok, Espainiako Osasun Ministro ohiak, «zaildu» egin zuen botiketan txertoa erostea, Perezek azaldu duenez. Hala, ospitaletan baino ezin zen jarri —bai eta doan ipintzen zuten lurraldeetan, noski—.

Kontra azaldu zen Espainiako Pediatria Elkartea, beste hainbat eragilerekin batera. «Erabaki hori ez zen aho batezkoa izan, ez zuen inolako zentzurik», azaldu du Perezek. Oraingo hari mataza orduko anabasaren ondorengoa dela dio adituak. «Gaizki egindakoak» konpontzeko ahalegina.

Kateatutako eskumena

Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, nolanahi ere, are ertz gehiago ditu auziak. Katramilatsuagoa da. Izan ere, euren eskumena aprobetxatuta, 10 urtekoak eritasunaren aurrean immunizatzea izan dute arau, Espainiak bestela jardun badu ere. Baina orain ministerioak hartutako erabakiak airean utzi du Jaurlaritzaren ekinaldia. Eskumen gorena zeinek daukan da zintzilik dagoen beste gaietako bat. «Espainiak esan du barizelaren kontrako txertoa egutegian txertatuko duela, baina zeinek ordainduko duen da gakoa. Madrilen kontura izango da? Erkidegoen bizkar?». Alde ekonomikoak ere badu zer esana, Perezen begietara.

Horren guztiaren gainetik egon behar du, dena dela, osasunak. Horra Donostiako Ospitaleko medikuaren aho bizarrik gabeko arrazoiketa. «Gatazkak gatazka, pediatra profesionala naizen neurrian, esan dezaket barizelaren txertoa segurua dela eta ez duela zailtasunik. Gainera, nazioarteko erakundeek bi dosi gomendatzen dituzte: bat bizitzako lehenengo hamabi hilabeteetan eta bestea 2 edo 3 urterekin. Hori jarraitzea da lehenetsi behar dena».

Gaixotasuna gaiztotzea

Birus bat da barizela, herpes birusen familiakoa, zehatzago esatearren. Eta gaixotasun arintzat dute askok, gripearen antzeko sintomak baitauzka. Hori bai, badu bestelako berezitasun bat: azkura ematen duten kortikak eragiten ditu azalean. «Normalean, ez da oso larria, baina batzuetan bai, eta orduan umeak ospitaleratu behar dira», adierazi du Pedro Gorrotxategik. Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) pediatra da. Eritasuna konfiantza handiegiz ere ez dela hartu behar azpimarratu du. Besoak zabalik jaso du hark jaioberriei txertoa emateko neurria, nahiz eta jakin badakien aurkako argudioak dauzkatela hainbat adituk. «Alde batetik, posible da, bai, hauteskundeen aurretik propio hartutako erabakia izatea; dena dela, horrez gain, Espainiako Pediatria Elkartea aspaldi eskatzen ari da lehenago jartzeko, lehen hilabeteetan».

Gero eta goizago jarri,orduan eta seguruago egon. Horixe Gorrotxategiren leloa. Askotarikoak dira abantailak, haren irudiko: «Txikitan jarriz gero, ez da gaixotasuna pasatu behar, ez eta infekzioa ere. Eta hori hobea da: izan ere, azkura ematen du; gurasoek ezin dute haurra eskolara eraman... Gainera, 10 urtetik aurrera hartzea larriagoa izan daiteke». Bat egin du harekin Perezek: «Gehienetan onbera da eritasuna, baina gehienetan hitzak ez du esan nahi beti hala denik. Eta horregatik tentuz ibili behar da».

Kate berari beste katebegi bat txertatu dio Hego Euskal Herriko Pediatren Elkarteko presidente Ines Cabezak. Txertoaren eraginkortasuna «oso frogatuta» dagoela zehaztu du. Hori dela eta, hamabi hilabeterekin jarri behar dela uste du elkarteak, «haurrak ahalik eta lasterren» babesteko. Eztabaida politikoez gaindi, «zientziak» dioenari segitu behar zaiola adierazi du. «Medikuok, eta osasun arloko profesional guztiok, zientziak egunez egun agintzen digunari jarraitu behar diogu. Zorionez, Txertoen Aholkularitza Batzorde bat daukagu, osasun arloko hainbat profiletako jendeak osatuta, txertoen egutegia behar duen ganoraz lantzeko helburuz».]]>
<![CDATA[Ez da meteorito bat izan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1851/012/001/2015-08-02/ez_da_meteorito_bat_izan.htm Sun, 02 Aug 2015 00:00:00 +0200 Saioa Alkaiza Guallar https://www.berria.eus/paperekoa/1851/012/001/2015-08-02/ez_da_meteorito_bat_izan.htm
Meteoritoak, sumendiak, supernobaren leherketa... horiek azken 540 milioi urteetan espezien desagertze handiak eragin dituzten faktoreak. Oso bestelakoak dira egungoak: gehiegizko ustiapena, gainpopulazioa, kutsadura, espezieen salerosketa, hilketak —propio eragindakoak zein nahi gabekoak—, baso soiltzeek eragindako habitat suntsiketa eta klima aldaketa, besteak beste. Dodging Extinction (Desagertzeari izkin egiten) liburuan arrazoiak aletu ditu Anthony Barnosky paleobiologoak: «Desagerpenaren arrazoiak askotarikoak izan dira historikoki, sumendietatik asteroideetara, baina ezaugarri komun bat dute: ingurunean eta atmosferako CO2 kopuruan eragiten dutela, bai eta ozeanoen azidotasunean ere —%30 egin du gora azidotasunak industria iraultzatik—». Borobildu egin du hausnarketa: «Desagerpen hau espezie bakarrak bultzatu du: gizakiak».

Bat egin du harekin Manuel Salesa paleontologoak ere: «Gizakia ez da jabetzen, baina aurreko desagerpenen ondoren, urte asko behar izan ziren planeta loratu eta bizitza berriz jaio zedin. Orain, dena suntsitzen ari gara, inguru guztia, eta, azkenean, gu geu desagertu egingo gara».

Espeziez espezie

Planetan 1,7 milioi espezie inguru daude —zifra horren inguruan ere badira desadostasunak adituen artean; dena dela, gehienek hartzen dute aintzat—, eta horietatik %2,7 daude arriskuan. Ez dirudi asko zenbaki absolutuetan. Haatik, ikaragarria da galeren erritmoa. Gero eta azkarragoa. Eta iragartzeko gaitza da zein eragin izan dezakeen espezie baten desagerpena beste batenean. Izan ere, osotasun bat da ekosistema guztia. Gainera, datuak are larriagoak ere izan daitezkeela ohartarazi dute, zaila da-eta neurketa.

Ingurumari horretan, International Union for Conservation of Naturek kaleratutako azterketak eman dezake argi pixka bat: urtero, 50 espezie sartzen dira desagertze arriskuan daudenen zerrendan. Iaz plazaratu zuen egoera aztertzeko azken txostena: 76.000 espezie ikertu zituen —1,7 milioietatik zati txiki bat baino ez—, eta 22.400 zeuden galbidean; horietatik 4.635, «arrisku larrian», gainera. Alegia, behatutako %30 zeuden kinka estuan. Urtez urte, geroz eta animalia gehiago hartzen ditu ikergaitzat erakundeak, eta urtero doa gora arriskuan daudenen kopurua —adibidez, 2013an, 21.000 ziren arriskuan zeudenak; 1996an, 10.000ra ere ez ziren iristen—.

Familiei begiratuta, anfibioak dira kaltetuenak. Orain bost mendetik, 34 espezieren galera zegoen jasota; 1980tik hona, berriz, 100ena. Aurrerapen teknologikoek zerikusi handia badute ere zenbaketa prozesuan, ezin ukatuzkoa da gizakiaren esku hartzeak utzitako lorratza.

Espeziez espezie ere kimatu dute gaia. Itsas behiaren kasua deigarria da, esaterako: munduko zetazeo txikienak gorriak ikusten ari dira, ehun bat baino ez baitira. Eta jaisten. Arraste-arrantzak jartzen ditu arrisku larrian. Antzeko dabil hegalik gabeko mazpa: 1.500 baino ez dira geratzen. Hori ez da, halaber, uretan dagoen traba bakarra. Izan ere, botatako zakarra dela medio, itsas dortoken espezien %58 dago arriskuan, eta itsas hegaztien %21.

Lurrean ez daude askoz hobeki gauzak. Errinozeroak dira desagerpenerantz amiltzen ari diren beste batzuk, baten bat aipatzearren. Esaterako, Sumatra espeziaren 250 animalia baino ez daude, eta Javakoaren 35. Eta horiek hautatutako adibide batzuk baino ez dira. Baina baita errealitate konplexu baten nolakotasuna azal dezaketen zenbakiak ere.

«Gizakia drastikoki eraldatzen ari da planeta», esan du Salesak, egoeraren erradiografia eginda, eta larria dela ohartarazten ahalegindu da: «Ezin dugu hau egin, izan ere, bukaeran ordaindu egin beharko dugu, azkenerako kalterako izango da».

Adituetako askok diote egoerari buelta ematea dagoela, posible dela konponbideren bat aurkitzea. Horretarako, ingurumenean egindako neurririk gabeko ustiapenak geratu beharko lirateke; haatik, bada konponbidea oso zaila dela esaten duenik ere. Ezkortasunetik egin du azterketa Salesak: «Agian, dena aldatu egingo da, eta birziklatzen hasiko gara, ingurua zaintzen... Baina, agian, ez da hori pasatuko, eta geure burua suntsituko dugu. Amets bat litzateke kontzientziatzea, baina zaila da. Katastrofearen aurreko egunean, inor ez da gertatuko denaren jakitun».]]>