<![CDATA[Tasio Erkizia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 22 Mar 2023 05:01:05 +0100 hourly 1 <![CDATA[Tasio Erkizia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Eskola publikoak eta ikastolak, osagarriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2022-11-27/eskola_publikoak_eta_ikastolak_osagarriak.htm Sun, 27 Nov 2022 00:00:00 +0100 Tasio Erkizia https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2022-11-27/eskola_publikoak_eta_ikastolak_osagarriak.htm
Horrek ez du esan nahi, baina, Euskal Eskola Publikoa baztertzen dudanik. Eskola Publikoa eta Ikastola ez dira kontrajarriak, osagarriak baizik. Euskal Herria euskalduntzeko, hezkuntza sistema inklusiboa indartzeko eta biharko euskal eskola publiko berria eraikitzeko biak ala biak dira beharrezkoak. Hots, etorkizunean kalitatezko Euskal Eskola Publiko izateko lanean diharduen oro da beharrezkoa.

Hezkuntzari buruz aspaldi honetan asko idazten ari da, baina harriturik nago zergatik ez ditugun Hezkuntza Sistemak dituen arazoak ongi identifikatzen eta hausnarketa ardatz horietan zentratzen. Harriturik nago batzuek soluzio guztiak balizko ikastolen publikazio prozesu batean kokatzen dituztelako. Zinez, ez dut ulertzen. Zergatik nahi diren muturka jarri ikastolak eta eskola publikoa; nola kalitatezko hezkuntza baten gakoa soil-soilik eskolen titularra nor den definitzean datzan eta horretara murriztu nahi den; eta zertan oinarritzen diren euskararen egoera hain normalizatutzat emateko, ikastolak soberan daudela adieraztera heltzeraino.

Hasteko, hezkuntza alorrean ez gaude sistema dual baten aurrean, hiru sare dituen errealitatearen aurrean baizik. Nahi edo nahi ez onartu behar dugu hirugarren sarea osatzen dutela ikastolek. Barkatu, hemen eta Gaztelan ezin dira azterketa berdinak egin. Hemen, herriak sortu eta herritarrek mantentzen duten hezkuntza sarea daukagu. Akatsa eta ezintasunak dituena, zer hobetu asko duena, noski; baina bai, egungo erronkei aurre egiteko irekia dagoena, etengabeko hausnarketan lanean diharduena eta bereziki euskararen eta euskal curriculumaren alde ekarpen esanguratsua egiten ari dena. Herri zapaldu honetan, instituzioek ez diete ikastolei marko legal egokirik eskaini, eta ondorioz Espainiako edo Frantziako eskema dualean sartzera behartzen dituzte. Baina ikastolek beste eredu bat izan nahi dute. Eta nire uste apalean, ez da zilegi progresismoaren izenean herri nahi hori itotzen jarraitzea. Ikastolen eta eskola publikoen artean tirabirak eta gatazkak sortuz oso oker ari gara. Eskola Publikoa indartu behar da, noski, baina ez ikastolen kontura, barneko eskola komunitatea biziberrituz eta administrazioari nahiko bitarteko exijituz baizik.

Bestetik, zazpi herrialde dituen nazioa gara, eta herri gisara Hezkuntza Sistema propioa eraikitzeko eskubidea duen komunitatea osatzen dugu. Ikastolak dira zazpi herrialdetara hedatzen den hezkuntza sare bakarra. EAEko Eskola Publikoa hiru herrialdetara mugatzen da. Nola osatuko dugu biharko hezkuntza eredua, gaurko oinarriak deseginez? Hiru herrialdetara mugatzen den eskola, bera bakarrik, inoiz izan al daiteke zazpi herrialdeak osatzen duten Hezkuntza Sistema? Ikastolen mugimendua desagertuz nola gelditzen dira Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa?

Hirugarren gakoa. Hezkuntza inklusibo eta euskaldunaren gako nagusia hezkuntza komunitatea suspertzea eta indarberritzea da. Hori da hezkuntza sistemaren gako garrantzitsuena, hori da eskolak desberdinak egiten gaituztena, hori da kalitatearen giltzarria. Sindikatu, alderdi politiko zein udalbatzen eginkizun nagusia hezkuntza komunitate hori ahaldundu eta indartzea da, hain zuzen. Horretarako bitartekoak exijitu behar dizkiogu administrazioari, eskolaren autonomia bermatzen duen lege babesa bermatu, funtzionamendu egokia adostu, oinarrizko lanabesak arautu. Oso garbi izan behar dugu hezkuntza komunitatea dela eskoletan egon daitezkeen aldaketa eta berrikuntza guztien giltza eta zutabea. Ondorioz, horretan jarri behar dugu arreta osoa: irakasleak ilusionatzeko bitartekoak eskaini, gurasoak aktibatzeko mekanismoak adostu, ikastetxea kokatua den auzoarekin eta udalbatzarekin harreman sare zabala landu. Lege berriak beharrezkoak dira, baina ezin dute hezkuntza komunitatea ordezkatu. Eta zoritxarrez, honi buruz gutxi mintzatzen gara. Eskola nola izango da inklusiboa hezkuntza komunitate bizi, emankor eta aktiborik gabe?

Laugarren gakoa: nola euskaldundu eskola. Batzuei entzunda, badirudi euskararen normalizazioa lortua dugula. Gehiegi entzuten ari naiz: «Lehen behar ziren ikastolak, baina euskalduntzeko orain nahiko da eskola publikoa». Euskal Herria eta eskoletako egoera ikusiz, broma dirudi horrelako planteamenduak egiteak. Gaur-gaurkoz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzerakoan, 16 urtetan alegia, ikasleen erdiak ere ez dira heltzen hainbeste aipatzen den B2 mailara. Beraz, euskarak hezkuntza sare guztien atxikimendua eta konpromisoa behar ditu.

Hezkuntza Sistemak eztabaida zabala bezain sakona behar du. Ez da gure artean liskarrak sortzeko garaia, herri gisara pentsatuz elkarrekin ekiteko unea baizik. Ausardiaz jokatuz jauzi berriak emateko aukera dago. Biharko euskal herritarrak euskaldunak eta euskal kulturan murgildutako gizon-emakumeak izan daitezen; irizpide propioa duten pertsona solidarioak hezi ditzagun; naturaren defentsan konprometituak eta gizarte justuago baten aldeko ekintzaile aktiboak izan daitezen onena eman behar dugu hezkuntza sistema berri eta eraldatzailearen alde. Asko dugu egiteko. Bildu ditzagun indarrak. Sortu dezagun elkarlanerako ilusioa.]]>
<![CDATA[Agintariak eta euskara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2022-11-04/agintariak_eta_euskara.htm Fri, 04 Nov 2022 00:00:00 +0100 Tasio Erkizia https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2022-11-04/agintariak_eta_euskara.htm
Gaurkoan, horietako bat aztertu nahi nuke: agintarien ereduak eta erakunde publikoen euskarazko funtzionamendua bermatzeak izan dezaketen eragina. Zer ikusi hori ikasi: hala dio esaera zaharrak, eta eguneroko esperientziak eragin hori baieztatzen digu. Edozein delarik egoera, beti da garrantzitsua agintarien eredua, baina, hizkuntza minorizatuen kasuan, are esanahi bereziagoa du. Oro har, egoera diglosikoetan, herritarrek ez dute euren hizkuntzaren balioa aintzat hartzen eta, ondorioz, lotsatu egiten dira edo esfortzu berezirik egiteko motibaziorik ez dute, oztopo guztien gainetik euren hizkuntza erabiltzeko. Izan ere, lehen joera gehienek erabiltzen duten hizkuntza erabiltzekoa da, eta joera hori aldatzeko, arrazoi sakonak izan behar dira, ohiturak aldatu behar baitira. Funtsean, eguneroko praktikan, bat-batean barrutik ateratzen zaizun hizkuntza euskara izan behar da. Hizkuntza normalizatua izan dadin, erabiltzeko ohiturak barneratuak izan behar dituzu, eta gainera inguruko gehienekin dituzun ohiturak landu eta zaindu behar dira.

Helburu horiek lortzeko bidean, nork uka dezake agintarien eguneroko praktikak ere garrantzi handia duenik? Egia da hainbat buruzagi politikok euskara erabiltzen dutela komunikabideen aurrean, kasu askotan modu traketsean bada ere. Baina erakunde publikoen funtzionamendua neurri handi batean gaztelaniaz gauzatzen da. Politikagintza erdaraz egiten da. Hori aldatzeko LAB eta ELA sindikatuek eta Euskararen Kontseiluak proposamen zehatza egin dute, epe jakin batean funtzionario guztiek euskara menpera dezaten. Oso ongi dago, eta guztiz beharrezkoa da; baina ez da nahikoa. Zer sinesgarritasun du horrelako plangintzak, bertako hautetsiak euskaldunak izateko eta egunerokotasunean euskara erabiltzeko neurririk hartu ez duen erakunde batean?

Zein da Euskal Herriko erakundeen praktika? Goi mailako instituzioen funtzionamenduari buruzko gainbegirada laburrak datu kezkagarriak erakusten dizkigu. Utzikeriaren eta errazkeriaren ispilu dira. Oso larria da egoera, zoritxarrez, erakunde handienak erdaraz funtzionatzen dutelako guztiz. Horrela, Gasteizko, Iruñeko zein Iparraldeko gobernuek, euskara ez dakiten kideak dituztenez gero, gaztelaniaz edo frantsesez funtzionatzen dute; Aldundietako gobernu-batzorde guztietan ere gaztelaniaz funtzionatzen dute. Nafarroako Parlamentuan berrogeita hamar kidetik soilik hamabost dira euskaldunak eta Parlamentuan egiten duten erabilera %15ekoa da, gehienera jota. Gasteizkoan, berriz, %60k euskaraz ondo jakin arren, Osoko Bilkuretako erabilera %28koa da.

Hiriburuetako udalbatzei dagokienez, Bilboko Udaleko Osoko Bilkuran euskararen presentzia aski larria eta esanguratsua da. Zinegotzien %80k euskaraz jakin arren, bilkura horietako erabilera %20 ingurukoa omen da, soilik. Eta informazio-batzordeetan, gaztelania baino ez da entzuten. Gobernu-batzordeak ere gaztelera hutsean egiten dira. Iruñeko Udalean oraindik ere datu eskasagoak dira: hogeita zazpi zinegotzitik zortzi baino ez dira euskaldunak, eta erabilera %25era iristen omen da. Gasteizen ere egoera berdintsua da. Donostiako zinegotzien artean euskaldunen presentzia handiagoa da, hogeita zazpi zinegotzitik hogei dira euskaldunak, baina bertako Osoko Bilkuretan %40an egiten da euskaraz eta %60an gaztelaniaz.

Asko eskatzea ote da erakunde horietan zinegotzia izateko euskaldun alfabetatua izan beharra exijitzea eta ohitura gisa bileretan euskararen erabilera ziurtatzea? Berrogeita lau urte pasatu ondoren, gehiegizkoa ote da herritarren zerbitzura dauden ordezkari publikoei eskatzea bertoko hizkuntza, kasu batzuetan ofiziala dena, jakin eta erabiltzea? Noizko horrelako erabakiak?

Galdera da zer balio duten Euskaraldia bezalako kanpainek, instituzioetako bizitzak gaztelania edo frantses hutsean jarraitzen badu. Ez al ote lotsagarria agintari askoren postureoa? Herritarrei euskaraz mintzatzeko esan eta beraiek, lasai, gaztelania hutsean jarraitu? Euskararen alde daudela esan baina ezinbestekoak diren neurri estrukturala hartzeari uko egin? Zinez, une aproposa da datorren kanpainaren karietara erabaki eragingarriak hartzeko, erakunde guztiak arigune bihurtuz. Aski eredugarria litzateke instituzio guztietan hausnarketa serioa egin ondoren, erabaki oldarkorrak hartzea. Hautetsi guztiak ados ez daudela? Tira! Hautetsi-talde bakoitzak eman ditzala urrats emankorrak, eta ziur instituzioaren funtzionamendu orokorra ere aldatuko dela denbora laburrean.

Ongi etorriak herritarrak astintzeko baliagarri izan daitezkeen herri-ekimenak. Eguneroko erabilera da hizkuntzaren etorkizuna berma dezakeen oinarrizko baldintza. Geroa gure esku dago, eta egunero eraikitzen dugu. Baina horrekin batera dei egin diezaiegun agintari politikoei, etikaz eta koherentziaz joka dezaten. Ez da nahikoa herritarrei eskatzea; norberarengandik hasi behar da euskararen susperraldia. Beharrezkoa da erakundeek euskaraz funtzionatzea, eta horretarako agintari publikoak euskaldunak izan behar dira. Ez da asko eskatzen. Politikagintza euskaraz egiten hasteko ordua da.]]>
<![CDATA[Lurraren defentsa irmoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/015/001/2021-09-01/lurraren_defentsa_irmoa.htm Wed, 01 Sep 2021 00:00:00 +0200 Tasio Erkizia https://www.berria.eus/paperekoa/1876/015/001/2021-09-01/lurraren_defentsa_irmoa.htm
Salgai dagoen etxaldea ederra da. Toki politean kokatua, lurra nahiko laua, erraz lantzeko modukoa eta batez ere oso ondo kokatua: Miarritzetik (Lapurdi) kilometro gutxira, kostatik hurbil, espekulatzaileentzat bereziki erakargarria. Egun Parisen bizi den bertako antzinako familia batena da etxaldea, eta eroslea, berriz, Suitzan bizi den pertsona dirudun bat.

Oraindik salerosketa guztiz burutu gabe dute, baina aurreakordioa sinatua, eta, beraz, diru seinalea jarria du jadanik erosleak. Eta adostua duten prezioa ez da edonolakoa, alajaina: hiru milioi eta hirurehun mila eurotan egina omen dute akordioa. Nekazaritzarako berreskuratu nahi dutenentzat ikaragarrizko diru kopurua. Eskandalagarria.

Hala ere, lurra berreskuratzeko helburua lortzeko bidean aurretik aipatutako herri eragileek SAFER deitutako Frantziako Estatu erakundearen aurrean, etxalde hori erosi eta nekazaritzarako erabiltzeko borondatea erakutsi zuten. (Frantziako Estatuan bada lege bat zeinen arabera, nekazaritzarako erabiltzen diren lurrak saltzerakoan lehentasuna duten helburu berdinerako erabili nahiko luketen erosleek). Eta, beraz, horri eutsiz, ELB eta Lurzaindiak eskatu zioten estatuko erakundeari bereiz zitzan: alde batetik, baserria eta berari lotu ahal zaizkion hiru hektarea; eta, bestetik, elikadura produzitzeko erabilgarriak diren beste hamaika hektareak. Eta beraiek prest leudekeela nekazaritzarako lurrak erosteko. Bere lana egin du SAFER deituriko erakundeak, eta lur horiek 100.000 inguru eurotan baloratu ditu. Orain, saltzailearen erantzunaren zain daude.

Abuztuaren 8an, hogei pertsonako taldea Arbonaraino hurbildu ginen, bertatik bertara ekimena ezagutu eta gure elkartasuna adieraztera. Bertan zeuden, txanda egiten, gaztetxe bateko dozena bat gazte, herri ekimena sostengatuz. Lurzaindiaren izenean, Urruñako Kristina Elizondo eta bere lagun Kotte aurreratu ziren ongietorria eman eta behar genituen azalpen guztiak egokiro eskaintzera. Atsegingarria da lurra hain sakon eta trinko defendatzen duten militanteak ezagutzea. Lurrik gabe, bizitza akabo baita.

Ez da erraza izanen lurraren aldeko erronka berri hau irabaztea, baina bai beharrezkoa. Aurretik, badira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan horrelako beste hogei etxalde, herri iniziatibaz erosiak eta herri erakundeek kudeatuak; horien artean, askorentzat aski ezaguna egingo zaigun Zuberoako Kako baserria. Arbonako etxaldea eskuratzea urrats garrantzitsua litzateke, eta horretarako guztion atxikimendua beharrezkoa izango da. Deialdi zabala prestatzen ari omen dira hurrengo asteetarako, eta guztioi dagokigu, modu batera edo bestera, ekimena sustatzea.

Izan ere, hau ez da Lapurdiko arazoa, Euskal Herri osoari dagokigun gaia da, ez esateagatik mundu zabalaren gakoa dela. Kapitalismoak, zoritxarrez, lurra merkantzia hutsa bihurtu du, salerosketarako tresna erabilgarria, batzuentzat negozio iturri borobila. Baina lurra zerbait gehiago da. Gu gara, gure parte da, gizateriaren arnasgune nagusia, guztion bizitokia, pertsonak egiten gaituen substratu kolektiboa. Lurra guztion ondasuna da, eta, beraz, berau berreskuratzea oinarrizko eskubidea da.

Nekazaritza lurrak gure eguneroko janarekin dute lotura, pertsonon oinarrizko beharrarekin; eta gurean, Euskal Herrian, hain txikia denean bertoko jakien ekoizpena, elikadurarako lur egoki-egokiak negozio edo turismoari begira jartzea ez da zilegia. Instituzioek, hainbestetan aipatu arren, Km O eta bertoko ekoizpena... lurrak edozein eta edonolako interes merkatalisten mesedetan erabiltzea babestea lotsagabekeria galanta da. Horrelako jokaerekin, negozio partikularra guztion biziraupenaren aurretik jartzen ari gara. Negozioa pertsonon gainetik.

Abuztuaren 16an, Euskadi Irratiko goizeko solasaldian, Arbonako gaia eztabaidagai izan zuten. Eta Begoña Sanzberro solaskideak argudio oso esanguratsua erabili zuen: «ondo iruditzen zait baserritarrak egiten ari diren borroka, baina ez da egokia 'okupazioa', propietate pribatuaren aurka doalako». Begoña, hori da, hain zuzen, nekazariek eztabaidan jartzen dutena: lurra, ondasun kolektiboa izanik, ez dela bidezkoa banaka batzuen negoziorako erabiltzea. Arbonan ez dute lurraren sozializazio orokorra eskatzen, baina espekulazioari Stop esan nahi diote. Orain arte nekazaritzarako erabilitako lurrak aurrerantzean ere helburu berdinerako erabiltzea. Interes kolektiboa negozio pribatuaren gainetik jartzea, alegia.

Denon ondasuna den lurra irmo defendatzea biziraupenaren alde egitea da, norberaren burua modu kolektiboan babestea. Lurra salgai jartzen duen herriak bere burua saltzen du, bere etorkizuna arriskuan jarriz. Aldiz, berau defendatzea kolektiboa zaintzeko modu biziki egokia da. Arbonan, ilusioa pizten duen ekimena martxan da.]]>
<![CDATA[Euskarak determinazioa eskatzen du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1981/017/003/2020-12-08/euskarak_determinazioa_eskatzen_du.htm Tue, 08 Dec 2020 00:00:00 +0100 Tasio Erkizia https://www.berria.eus/paperekoa/1981/017/003/2020-12-08/euskarak_determinazioa_eskatzen_du.htm
Ilusioa aipatzen duzu, Bingen, eta ados naiz. Elkar mokoka aritzea ez da jarrera egokiena Euskal Herria euskalduntzeko. Besteen erruak soilik aipatzeak ere, norberaren ezintasunak eta akatsak alde batera utzirik, ez garamatza inora. Eta jakina, historiako okerrak eta errak errepikatzera mugatzeak bide laburra du. Jakitun gaude menpeko hizkuntza normalizatzea izugarrizko apustua dela gure Herrian, bereziki zaila. Legez ezarri digute euskara bigarren mailako hizkuntza izatea, eta, ondorioz, menpekotasuna «demokratikoki» inposatu digute euskaldunei. Egoera hori iraultzea ez da erraza, baina posible da; eta zu eta ni, gu eta zuek, horretan ari gara.

Munduko bazter askotan menpeko hizkuntzek beren aukera galdu badute ere, gure apustua normalizazioa lortzea da, euskararen etorkizuna urratsez urrats irabaztea, erdi galdurik dagoen gure ondare preziatuena berreskuratzea. Horretarako, ez dago esan beharrik, ezinbestekoak ditugula herritar askoren ilusioa eta ausardia. Hain zuzen ere, horri esker urrats handiak egin ditugu azken hirurogei urteotan, eta asko aurreratu dugu. Beraz, aurrera begira ere, egiten duguna baloratzen dakitenen baikortasuna, milaka pertsonak egiten duten esfortzua txalotzeak sortzen duen zirrara, ahalegin kolektiboak dakarren poztasuna eta ilusioa behar ditugu. Ilusioa da bizitzaren gatza eta piperra.

Bestetik, lankidetza aipatzen duzu, eta badakizu guztiz ados naizela. Lankidetza norbanakoen artean, elkarlana herri-eragile desberdinen artean eta lankidetza erakundeekin batera. Guztiok gara beharrezkoak eta bakoitzak dugu geure eginkizuna eta geure rola. Inor ez da sobera. Lankidetza hori, ordea, ezin da asmo onetan geratu, hitzetatik ekintzetara egin behar da salto. Eta horretan, bizi berri dugun Euskaraldia eredugarria da oso, hizkuntza ohituretan eragitea helburu, esatetik egitera jauzi egiten duen ariketa sozial ausarta. Gakoa da lankidetza errealitate bihurtzea. Eta horretan asko dugu egiteke, izugarri ikasteke. Euskaraldian egin diren urratsak eredugarriak dira, nondik jo eta elkarrengana nola hurbildu erakusten diguten ibilbidea markatzen baitute. Egunerokotasunean nola jokatu erakusten digute.

Bingen, zure artikulu horri nik ondorengo hitza erantsiko nioke: determinazioa. Euskara normalizatzeko, determinazioa behar da: aurrera begira urrats eraginkorrak egiteko helburu tinkoak marraztea; euskara bizirauteko borondate argia bezain ausarta erakustea; euskarak behar dituen erabaki irmoak hartzea.

Izan ere, gaztelera eta frantsesa nagusi diren herrian, ahalegin handiko hautua da euskaraz bizitzea. Euskaraz mintzatzea ariketa arrunt eta ludikoa bihurtu nahi dugu, baina beti ezin da horrela izan. Aldaparik gabeko tontorrik ez dagoen gisara, euskara berreskuratzeko bidean ere esfortzurik gabeko garaipenik ez dugu lortuko. «Euskarak diskurtso positiboak behar ditu» diozu zeure artikuluan, eta bat nator zurekin. Baina horrek ez gaitzala zurikeriara eraman, errealitate gordina eta irauli beharra ezkutatuz.

Aurtengo Euskaraldia bukatu da, baina urte osoko 365 egunak dira euskararenak; beraz, erronkak aurrera dirau. Herritar euskaldunok behar dugu kontzientziatu, hizkuntzaren etorkizuna geure eskuetan ere badagoela sentitu. Guztiok behar dugu jarrera bizkortu, arnasberritu, barrena astindu, bizi den motelkeria alboratu eta indarrak suspertu. Euskaraldian 180.000 herritarrek parte hartu dugu; hortaz, herritarren aldetik badago nahia eta gogoa.

Eta erakundeek, zer? Bere ardura propioak eta saihestu ezinak dituzue, hala nola berandu baino lehen euskara normalizatzeko plangintza estrategikoa herri-eragileekin adostea, zeina oinarrizkoa den euskararen normalizazioa lortzeko. Hots, enpresetan, komunikabideetan, eskolan zein unibertsitatean, esparru pribatuan zein publikoan euskaraz bizitzeko aukerak bermatzen dizkiguten neurriak hartzea. Legealdi honetan ezagutuko al dugu? Gainera, Bingen, asko ote da gobernuak euskaraz funtziona dezan eskatzea? Duela gutxi, egunkari, telebista eta irratietako 300 profesionalek eskatu dute sailburu guztiak euskaldunak izatea. Sinesgarritasuna izateko, erakunde publikoak eredugarriak izan behar dira, eta, beraz, horrelako urratsak beharrezkoak lirateke.

Asko aurreratu dugu, baina etorkizuna dugu jokoan. Euskararen aldeko ilusioak, lankidetzak eta determinazioak blaitu gaitzala.]]>
<![CDATA[Ikastolak-eskola publikoak: elkarlanean ala mokoka?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/017/001/2019-01-05/ikastolak_eskola_publikoak_elkarlanean_ala_mokoka.htm Sat, 05 Jan 2019 00:00:00 +0100 Tasio Erkizia https://www.berria.eus/paperekoa/1896/017/001/2019-01-05/ikastolak_eskola_publikoak_elkarlanean_ala_mokoka.htm
Ez nau kezkatzen eztabaidak, oso aberasgarria izan daitekeelako eta hezkuntzari buruz askoz gehiago egon beharko litzakeelako, gai estrategikoa baita Euskal Herriaren etorkizunari begira. Baina jarrerak kezkatzen nau, eztabaida partzialak eta arinki egindako adierazpenak ikusten ditudalako eta, batez ere, hezkuntzaren arloan buru-belarri lanean ari diren besteekiko errespetu falta sumatzen dudalako.

Arinki egindako adierazpenak aipatzen ditut, eta horrelakoak egin dira, adibidez, ikastolen mugimenduak azken berrogeita hamar urteotan euskara eta euskal kulturaren alde egin dituen ekarpenak eta gaur egun ere betetzen duen akuilu-lana lau hitzetan ahantziz edo mespretxatuz mintzatzea. Zeren, herri-iniziatibaz sorturiko hezkuntza-mugimendu pribatua dela besterik gabe esatea eta pribatu gisako trataera eman behar zaiola aldarrikatzea edo bere ibilbidean euskarari, pedagogiari eta eskola-ereduari egin dizkion ekarpenak kontuan ez hartzea errealitatea modu oso partzialean aztertzea baita.

Era berean, injustizia handia da euskararen zabalkuntzari dagokionez eskola publikoak egin dion ekarpena ez aitortzea, zeren mugarri izan baita gizartean modu naturalean euskararen presentzia hedatu izana. Eta, zer esanik ez, gizartearen berdintasuna eta integrazioa bermatze aldera, miserablea da eskola publikoaren lan eskergaitza ez txalotzea. Zentzu berean, zitalkeria da «administrazioaren eskola» gisara jotzea, bestelako eskola-ereduaren bidean herri eta auzo askotan egiten ari diren lana isilduz.

Horretan guztian, batzuen zein besteen aldetik, giza miseria gehiegi dago zenbaitetan, zeren, ustezko eztabaida serioen atzean, norberaren interesak ezkutatzen baitira, hala nola kasu batzuetako matrikulazio-lehia, lanpostu zehatzekiko interes propioa, edo esperientzia eta bizipen pertsonalak. Zeren, zilegi izan daitezkeen zenbait iritzi lekuz kanpokoak bihurtzen baititugu besteak deskalifikatzeko erabiltzen ditugunean.

Baina sakon-sakonean, bada argitu eta eztabaidatu behar dugun ideia bat, eta hori publikotasuna da, nire ustez gehiegitan modu partzialean eta testuinguru propiotik kanpo aztertzen duguna.

Hemeretzigarren mendetik gaurdaino, publikotasun kontzeptua administrazioari loturik egon da soilik. Horrela, Frantzian eta Espainian, bi eratako eskolak daudela esanez, pribatuak eta publikoa, inor ez da bazterturik sentitzen, ondo islatzen baitu tokiko errealitatea. Baina Euskal Herriaren historian bada fenomeno bitxi bat, Europa osoan bakarra dena: herri-ekimenak hezkuntzan izan duen eragina. Eta herri-ekimen hori askotarikoa eta zabala denean, guztiontzat zabalik dagoen zerbitzua eskaintzen duenean, administrazioaren goi-mailako kontrolak ontzat ematen duenean, eta gainera eragileen borondatea publikoa izatea denean, ez da ulergarria izaera publikoaren errealitatea ez aitortzea.

Administrazioak herriaren izenean eskaintzen dizkigu oinarrizko zerbitzu publikoak, hala nola osasuna, hezkuntza, pentsioak, haur zein pertsona helduentzako zerbitzu sozialak, elbarrientzako baliabideak... Baina zer gertatzen da gizarteak berak zerbitzu horiek bere esku hartzen dituenean, eta administrazioarekin batera, modu zabalean eta elkarlanean eskaintzen dituenean? Negozio pribaturik tartean ez dagoenean, herritartasuna ez al da publikoaren parekidea? Areago, herri-ekimenak ez al dio gehigarri osagarria eskaintzen publikotasunari?

Bai, badakit titulartasunaren gakoa askatu behar dela. Baina zerk egiten du ezinezko herri-ekimena publikotzat jotzea? Publikotasun kontzeptua ezin al da errealitate berriari egokitu? Beti kanpokoen menpe jarraituko al dugu? Espainiarren eta frantziarren legeak al ote dira nahitaez gure erreferentzia bakarrak? Noizko herri gisara sortutako antolakuntza-ereduak errespetuz jasoko dituen legeria?

Gizartea eraldatu nahi dugun guztiontzat, oinarrizko ariketa da herri-ekimenaren ezinbestekotasuna aitortzea. Ez dago egoera aldatzerik auzolana eta herri-ekimena indartu ezean. Guraso, irakasle eta herritarren protagonismo zuzenik gabe ez dugu inoiz hezkuntza euskaldun eta nazionalik izango. Herri-ekimena beharrekoa da Euskaraldia bezalako mugimenduak indartzeko, euskara normalizatzeko, eta nazio modura dagokigun hezkuntza-sistema propio eta berria eraikitzeko.

Bai ikastolek eta bai eskola publikoek badute zer ikasia elkarrengandik. Biak ala biak dira amesten dugun eskola berriaren zutabeak. Gaur egungo errealitatetik abiaturik eraikiko dugu berria. Eta elkarrekiko errespetuan aritzen bagara, asko irabaziko dugu. Bide antzua da elkar mespretxatzea. Badugu zer egina elkarlanean, mokoka aritzeari uko eginez. Izugarria da esku artean dugun erantzukizuna.]]>
<![CDATA[Manolo, euskaldun unibertsala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/032/001/2016-10-02/manolo_euskaldun_unibertsala.htm Sun, 02 Oct 2016 00:00:00 +0200 Tasio Erkizia https://www.berria.eus/paperekoa/1832/032/001/2016-10-02/manolo_euskaldun_unibertsala.htm
Euskarak asko zor dizu. Zurekin, kantuaren bidez, milaka haurrek deskubritu dute euskara. Zure kantu guztiak izan dira euskaraz pentsatu, sentitu eta idatziak. Gaztelaniaz ere bazenekien, noski, baina zure mundu-ikuskera eta hizkuntza propioa euskara zen, eta euskaraz egin dituzu milaka kantu eder. Euskaraz bizi zinen eta kantuaren bidez gure hizkuntza eta kultura dastatzen irakatsi diguzu. Euskal unibertso zoragarri hori euskaraz kantatuz azaleratzen zenigun eta iturri horretatik edan dugu haur, guraso eta irakasle askok.

Irakasle handia izan zaitugu. Haurren maisu eta irakasleen gidari. Gure eredu inbidiagarria, haurrengana maitekiro nola hurbildu irakatsi zenigulako. Haurren barne sentimenduak nola deskubritu eta euskaraz nola jolastu erakutsi zenigulako ehunka ikastaroren bidez, Donostiako Irakasle Eskolan eman zenituen klaseak tarteko; baina, batez ere, udalekuetan, asteburuko irteeretan, Goiatzeko baserrian egindako egonaldietan, hor bizi genituelako zurekin une hunkigarrienak, harremanik aberatsenak. Horren guztiaren erakusle da ziur jakitea, gaur eskola askotan milaka haurrek berriro ere zure kantuak abestuko dituztela eta presente egongo zarela zeure heriotzaren biharamunean.

Baina, egiari zor, aitortu behar dizut, irakasle gisa ez zarela izan beti behar adina baloratua eta eskertua. Areago, zenbait urtetan baztertua ere izan zarela. Oroitzen al zara, Manolo, frankismoaren azken urteetan, maisu-titulurik ez zenuelako zenbat komeria eta zailtasun jasan zenituen? Irakasle eredugarria izan arren, legearen mugek gogor estutu zintuzten. Zein erraz gutxiesten ditugun sortzaile eta artistak, lehen eta orain! Manolo, zu ez zaitugu gela bateko irakasle arrunta izan: bete-betean nola bizi irakatsi diguzu, euskaldun gisa nola gozatu.

Asko irakatsi diguzu eta zure pedagogiaren arrastoa Euskal Herriko eskola askotan aurki dezakegu. Han hemen irakasle aunitz dira zure kantak eta musika ikasteko metodo erakargarriak erabiltzen dituztenak. Oparotasunaren seinalea da, besteak beste, Santutxun duela 20 urte sortu genuen txirula mirula taldea. Santutxuko irakasle zein ikasle askoren izenean, eskerrak anitz.

Ba al dakizu, Manolo, zergatik ematen dizudan «euskaldun unibertsala» titulua? Zeure bizitzako pasarte batean modu praktikoan erakutsi zenidalako euskalduntasuna eta unibertsaltasuna nola uztar daitezkeen. Orduan, 1990ean, bat-batean esan zenigun Afrikako Kongo Errepublikako tribu batera zindoazela, hilabete batzuetarako haien kultura bertatik bertara ezagutzeko. Hasieran arraro egin zitzaidan. Baina zure arrazonamendua sakona zen: «Munduko kultura guztien oinarria bertsua da, eta nik kultura «ez merkantilizatu» batean murgildu nahi dut, erroak deskubritzeko. Modu horretara, nire irudimena eta sormena aberastuko dut». Gaia ez da ez, asko edo gutxi bidaiatzea, modu irekian «mundu berriak» bizitzea baizik. Hori da hori, euskaldun peto-petoa unibertsala ere izateko era naturala, kulturak uztartzeko modu eraginkorra.

Kantatzen duen herria ez da inoiz hiltzen dio atsotitz zaharrak. Kantugintzaren hazia bihotzez erein duzu, eta ondorioz, egon ziur zure ahotsak gure artean iraungo duela. Lur emankorrean erein duzu, Manolo, eta uztaren oparotasuna nabaria da jadanik. Zure aurpegi zabalean, milaka haurren irria eta esker ona dakusat.]]>
<![CDATA['Presoen ikurra eta Urkullu']]> https://www.berria.eus/albisteak/117672/039presoen_ikurra_eta_urkullu039.htm Sat, 12 Dec 2015 14:22:50 +0100 Tasio Erkizia https://www.berria.eus/albisteak/117672/039presoen_ikurra_eta_urkullu039.htm

Entrega de premios Rene Cassin de Derechos Humanos. El lehendakari retira pancarta de acercamiento de los presos pic.twitter.com/zPmwE2ebLM — glezdeuriarte (@nataliagdu) December 10, 2015 ]]> <![CDATA[Eskerrak anitz, Dominika maitea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/003/2015-10-22/eskerrak_anitz_dominika_maitea.htm Thu, 22 Oct 2015 00:00:00 +0200 Tasio Erkizia https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/003/2015-10-22/eskerrak_anitz_dominika_maitea.htm
Zure alabak hitz hauen bidez jakinarazi zidan berri latza: «Gure aita eta zuen Dominika maitea zendu da». Penaz eta aldi berean esker onez, pentsamendu ederretan murgildu nintzen. Negar isilean baina oroimen zoragarrietan. Zuri esker ezagutu eta maitatu izan dudan guztia eta elkarrekin bizi izandako pasadizo ugari datozkit burura. Zein maitagarria zaren, Dominika!!!

Zuberoako artzaina. Azken hamar urteotan harreman handia izan dugu, eta lotzen gintuen hestea elikadura zen; bertoko elikaduraren bidez Euskal Herria nola saretu, bion ametsa eta utopia. Oso gogoan dut 2005eko udaberrian zer esan zenigun Urdiñarbeko Txistera ostatuan gure funtsezko kezka bati erantzunez bete-betean galdetu genizuenean: «Abertzaleontzat Zuberoa oso garrantzitsua da, baina zuberotarrentzat zer da Euskal Herria?». Zure erantzuna berehalakoa izan zen, aurretik ongi hausnartua zenuela erakutsiz: «Gaur egun, zuberotar askorentzat ezer gutxi da, baina asko izan daiteke baldin eta Zuberoako produktuen merkatua bihurtuko balitz». Eta jarraitu zenuen esanez: «Begira, hemendik ikusten duzuen Azkorria gasna-kooperatiba, hemezortzi artzainek martxan jarri behar izan dugu, bestela lurrak utzi eta emigratu behar genuelako. Gasna hori Euskal Herrian saltzea izango litzateke gure herri-izaera esnatzeko biderik eraginkorrena». Erronka zaila eta berria, ezezaguna. Halere, gogoz eta ilusioaz bideak zabaltzeari ekin diogu azken hamar urteotan. Hainbat hitzordu, milaka kilometro, hausnarketa bizi, harreman berri... merkatu hori zabaltze bidean. Maixu handia izan zaitugu, Dominika!!!

Nekeza zen zure lana. Etxalde txikia izanik, ardiak eta behiak edukitzera behartuta zeunden. Etxean eta gainera gasnategian aritzen zinen, beti praka bete lan!!! Egun anitzetan egon zara goizeko 10:30erako Gipuzkoan edo Bizkaian Zuberoatik etorria, goizean goiz ardiak jetzi eta ukuiluko lanak egin ondoren. Langile porrokatu eta fina. Kalitatezko produktuaren aldeko apustua irmoa zenuen, bide bakartzat jotzen baitzenuen, bai naturarekiko errespetuagatik eta baita nekazarien etorkizunagatik ere. Horregatik, Azkorria kalitatearen ikur bihurtu da; ereindako hazia loratua ikusten da, laborarien garaipen eredugarria. Lurrarekiko atxikimenduaren erakuslea.

Euskaldun aberatsa. Euskal Herrian barna ederki konpontzen zinen Zuberoako euskara aberatsarekin. Euskara maite zenuenez, edozein euskalki zen erraza zuretzat. Eta batez ere, Zuberoako kultura-eragile eta euskaltzale sutsua izan zara. Xiberoko Botza irratia, Sohüta ikastola, kanta eta dantza-jaialdiak... guztiek dakite zer den zure babes eta laguntza. Eta nola ez, pilota-partidak euskaraz transmititzeko ere, Dominika zen aitzindaria. Horretarako ere abila eta trebea zinen, alajaina!!! Zuberoarentzat asko izan zara, baina batez ere, euskaltzale, herri gizon eta ekintzaile nekaezina.

Euskal Herriko semea. Zazpi herrialdeak aski ongi ezagutzen zenituen, eta guztietan zenituen lagun ugari, Dominika. Lurraldeen arteko zatiketa instituzionalak gaindituz, guztien arteko elkarlana sendotu eta saretzea zen zure eta gure ametsa, eta ekinbide horrek bildu gaitu Zazpiak Bat, Harreman Sarea elkartean, zeinaren lehendakari izan zaitugun hasieratik. Alderdirik gabeko abertzalea izan zara, edo, hobeto esanda, alderdi guztietako abertzaleen adiskidea. Herria maite zenuen eta beraren alde jarduteko beti prest izan zaitugu. Euskal Herriak, bere txikitasunean, ohorezko seme-alaba asko ditu, eta zu zerrenda horretan hizki handiz jartzen zaitugu.

Dominika, hutsune handia utzi duzu Marie Helene emazteak, Agnes eta Lüxi alabekin osatu duzuen familian; bai horixe! Baina zure hutsunea oso zabala da. Umezurtz utzi baituzu Zuberoa eta Euskal Herria; umezurtz zazpi herrialdeak saretzeko proiektua; umezurtz Azkorria eta bere ildoan lanean diharduten hainbat laborari. Triste, baina ez etsita. Gora begiratzen erakutsi diguzu, eta bide horri jarraituko diogu. Urdiñarbeko abestiak eta Orhi mendiko irrintziak bihar ere entzungo dira.

«Eskerrak anitz» erranez erakusten zenigun zure esker ona elikadura alorrean bide berriak zabaltzen egiten genuen ahaleginagatik. Nik ere horrela agurtzen zaitut, bihotz-bihotzez Dominika maitea. Besarkada eta musuak famili zabalari. Biba Dominika eta biba Zuberoa!!!]]>
<![CDATA[Diruaren tirania, eta Tsiprasen okerrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/001/2015-08-29/diruaren_tirania_eta_tsiprasen_okerrak.htm Sat, 29 Aug 2015 00:00:00 +0200 Tasio Erkizia https://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/001/2015-08-29/diruaren_tirania_eta_tsiprasen_okerrak.htm
Ziurrenik egia da, baina, halere, aitortu behar dut, nire uste apalean, atzera pauso nabarmena izan dela Syrizak eman duena. Tsipras gobernuan mantendu arren hurrengo hauteskundeak irabazita, iruditzen zait Grezian ezker berria sortze bidean aukera ezin hobea galdu dela eta ezkerzaleen sinesgarritasuna oso ahuldurik geldituko dela herritarren artean. Egoera aztertzeko, faktore desberdinak izan behar dira kontuan, noski, tartean Europako gainerako ezkerzaleek bere gain hartu behar dituzten erantzukizunak.

Europan, ezker berri baten ilusio argia piztu zigun Syrizak eta zazpi hilabetera nora ezean dabilen ipurtargia besterik ez zaigu gelditzen. Europako banketxe eta multinazionalen diru egarria aseezinari aurre egiteko prest zeuden zuzendariak izatetik beraien postuetan mantentzeko ezer gutxirako balio duten hauteskunde berriak deitzeraino. Zerk huts egin du? Zuzendaritzaren balentria ezak, indar korrelazioa gaizki neurtzeak ala gauza biak?

Bistan da diruaren tirania izan dela irabazle, kosta ahala kosta banku handiak eta FMI izan direla baldintzak inposatu dituztenak. Izugarria izan da Tsiprasen gobernuari egin dioten jazarpena, gobernura heldu aurretik eta ondoren; Europarekin negoziatzerakoan; Greziako Erreferendumaren inguruan eta oro har ezkerzaleen gobernuaren aurka. Diru etxeek, agintariek eta komunikabideek, guztiek batera benetako «estatu kolpea» eman dute Grezian, tankerik eta militarrik gabe baina faltsukeriaz eta gezurraz armaturik, manipulazioa erabiliaz estrategia gisara. Izugarria da banketxe eta dirudunek beraien tirania defendatzeko erabiltzen dituzten presioa eta manipulazioa, betiere jazarpen horiei «itxura demokratikoa» emanez!

Eta zer esan Syrizaren jokaeraz? Pertsonak eta jarrerak zorrotzegi juzgatu gabe, urrunetik errazegia delako besteak kritikatzea, badaude ukatu ezin diren bi datu aski objektiboak azpimarratzekoak. Lehenik, duela zazpi hilabete egindako promesak, saiatu arren, ez dituztela bete; eta bigarrena, erreferendumean herriak esan zuena ondorengo negoziazioan ez dela errespetatu. Lehen datari dagokionez, ulertzen dut hauteskundetako zenbait eskaintza, asmo onekin egindakoak, bete ezinekoak bilakatu zaizkiela; gainera, denbora gutxi izan dute bete ahal izateko agindutako guztia, eta aitortu behar da hasieran hartu zituzten hainbat neurri aurrerakoiak oso itxaropentsuak izan zirela.

Erreferendumari dagokionez, aldiz, askoz kritikoago naiz Tsiprasen jarrerarekin, bere eskariz herritarrek emandako iritziaren aurkakoa onartu duelakoz hurrengo egunetan hartzekodunekin izandako negoziazioetan. Syriza alderdiak herriari eskatu zion Europak inposatu nahi zizkien neurriak onartu ezinak zirela, eta herritarren % 60ak babesa eman zion. Jarrera hori herritarrei eskatzerakoan, ezagutzen zuen Europako diruzaleek egingo zioten presioa eta zer-nolako indar erlazio zegoen, eta, beraz, behin herriari jarrera hori eskatu ondoren, berak heldu behar zion agindu horri eta errespetatu. Herriari iritzia eskatzea, hurrengo egunetan kasurik egin gabe jokatzeko, ez da onargarria. Tsiprasek erreferenduma Troikari aurre egiteko presio gisara erabili zuela eta, hala ere, ondorengo negoziazioetan ezin izan duela ezer aurreratzerik lortu? Posible da, baina hori aurretik bazekien. Eta, beraz,Tsiprasek susmatzen bazuen ezin izango zuela bete, ez zion herriari iritzirik eskatu behar. Orain, Greziako herritarrei hitza ematen zaie, baina zein aukera eskainiz? Duela bi hilabete ezetz esan zion proiektuari baietz eskatuz Tsiprasek etorkizunik gabeko norabidea kudeatu dezan? Herriari hitza ematea ez da nahikoa, norabidea eskaini behar zaio.

Tsiprasek hauteskundeak irabaz ditzake, besteak beste une honetan Europako diruzaleen nolabaiteko babesa izan dezakeelako, baina nekez izango da Greziako herritarrek banketxeen diru egarriari aurre egiteko behar duten lider sendo hori. Gobernuan egon daiteke, eta zenbait neurri interesgarri hartu ere bai, baina ezker «domestikatua» bihurtuko da, Espainiako Estatuko IU gisara, sistemaren barruan egokiro mugitzen den ezkerreko mugimendua. Nire uste apalean, Syrizak aukera izugarria zeukan sinesgarritasuna irabazteko, baina zuzendaritzak huts egin du, ez dute nahiko ausardiarik izan, Europako zurrupatzaile guztiei aurre egiteko. Herritarrek, kanpoko presio guztien gainetik, beraien gobernuekiko konfiantza mantendu zuten, baina mugimenduaren zuzendaritzak ez du ausardiaz erantzun; amore eman dute.

Europako gainerako ezkerzaleok ere motel ibili gara Greziak Europako Troikari bota dion hordagoa babesteko orduan. Dudarik ez dago Greziako herriak Europa mailako erasoa jasan duela, eta, beraz, une egokia zela Europa mailako ezker mugimenduak dimentsio berdineko erantzun bateratua emateko. Ziur naiz, deialdi zabala eta indartsua egon balitz herritarren erantzuna sendoa izango zela, langileria eta herritar askoren artean sentsibilitate handiz jarraitu delako gaia, baina kasu horretan ere ederki nabarmentzen da erantzunak antolatu eta bultzatzeko ahulezia nabarmena dagoela. Bla,bla,bla…aritzeko denok prest, baina erantzun sendoak koordinatzeko gaitasun eskasa.

Ez dago dena galduta, eta, beraz, datorren hilabeteetan interesarekin jarraituko dugu Greziako ezkerzaleen mugimendua. Ea gai diren, bizi duten zatiketa eta ahulezia unetik irten eta erantzun bateratua emateko. Multinazionalek eta banketxeek, «kasta» osatzen duten politikarien laguntzaz, luzerako estrategia erabakia dute; horregatik, herritarren erantzunak ere luzarokoa izan beharko du.]]>
<![CDATA[Goazen aitzinera!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/003/2015-01-16/goazen_aitzinera.htm Fri, 16 Jan 2015 00:00:00 +0100 Tasio Erkizia https://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/003/2015-01-16/goazen_aitzinera.htm egun beltza. Injustiziaren aurkako elkartasuna ozen oihukatu ondoren, sarraski gehiago, giza eskubide berrien urraketa; gerra hotsak; sarekada lazgarria; neurri gabeko bortizkeria.

Erantzuna? Herritarren aldetik berehalakoa izan da. Sarekadaren baitan egiten ari ziren miaketa tokietara goiz-goizetik hurbildu ginen dozena eta ehunka lagun. Haserrea erakustera, atxilotuei animoak ematera, protesta biziak egitera. Gazteak, erretiratuak, lantokitik tarte batean irteteko baimena lortu zuten langileak, langabeak, etxeko gizon edo andreak... jende andana bildu ginen. Ikusten ari ginenarekin sinistu ezinik baina tinko eta zutik.

Bitartean, bertako alderdia den PNV zer? Madrili begira. Lotsagabeki giza eskubideen urraketa babesten. Errua, beti bezala, ezker abertzaleari bota, eta PPren aurrean burumakur. Eusko Jaurlaritza jeloskor eta oso haserre, «leialtasunik eza» leporatuz, aurretik informatu ez diotelako. Gainera, kezkatuta Ertzaintzak paper aktiboagoa ez duelako bete sarekada horretan. Erkoreka, errepresioan protagonismo gehiago eskatzen, alajaina! Egunero bere propagandan «pertsona helburu» dioen gobernuak ez dauka ezer esateko hamasei pertsona atxilotu ondoren. Normala iruditzen zaie nonbait PPren gerra deklarazioa. Boto batzuengatik edozer gauza egiten ari dira. PP da bake bideak ixten dituena, baina PNVren laguntzaz. Larria da alderdi horrek duen erantzukizuna.

Funtsean, sarekada horren helburuak bi norabidetan doaz: PPren barne tirabirak isildu edo gainditzea eta euskal presoekiko solidaritatea itoaz gizartean etsipena barreiatzea. Larria da egin den egoeran egiteagatik (badira hiru urte eta erdi ETAk borroka armatua utzi zuela); egin duten era bortitz eta lotsagabeagatik. Baina esan behar da jauzi kualitatiboa dela, abokatuei presoen bisitak debekatzea eta batez ere kasta politikoaren aldetik izan duen onespena eta babesa. Kasta politikoa osatzen duten PNV-PSOE-PP hirukotearen eskutik eraso artikulatu baten aurrean gaude. Garai berrietara egokitzeko gaitasunik ez eta berriro Ajuria-Eneko Itunera itzultzen ari dira, fronte politikoen garai beltzetara. Berriro: denok ezker abertzalearen aurka, denok gara sistema.

Soilik horrela uler daiteke hainbat jarrera. Kasta politikoak lideratu nahi duen ezker abertzalearen aurkako ofentsiba bezala, uler daiteke joan zen ostiralean Joseba Egibarrek Sorturen aurka idatzi zuen artikulua edo egun berean Gasteizko Parlamentuan Parisko gertaerak eta euskal gatazka nahastuz Bilduren aurka abiatu zuten kanpaina; Erkorekaren protagonismo eskaerak; astelehenako sarekada; asteartean Auzitegi Gorenak presoen aurka egin zuen urrats antidemokratikoa; berriro ere Hasier Arraizen aurka bultzatzen ari diren eraso mediatikoa...

Euskal Herriak erantzun behar du. Eta erantzunak plurala bezain bateratua behar du izan. Herri bezala altxatu behar gara. Herri bezala mintzatu behar gara, «aski da» ozenki esateko. Beraz, gizartearen lidergoa behar da. Gizarteko eragileek hartu behar dute zuzendaritza. Instituzioetako ordezkariek parte hartu nahi dutela? Aukera ederra dute, baina, Urkullu eta Barcinaren isiltasun lotsagarriaren arabera, itxura denez nahiago dute eskuin muturren interesak babestu edo eztabaida antzuetan murgiltzea. Herritarren giza eskubideak urratzea gutxi axola zaie.

Hori guztia probokazioa eta mendekua da. Ezker abertzaleak estrategia politikoa aldatzeari ekin zionetik Espainiako Estatuak obsesio garbia du: ezker abertzalea zatitu eta euskal gizartean etsipena eta desilusioa barreiatzea. Ez dagoela zer eginik, borrokatzea alferrikakoa dela sinetsaraztea. Horretarako, era berezian presoen kolektiboa dute jomugatzat. Informazioa ukatu, intoxikazio informatiboa areagotu, bisitak oztopatu, abokatuen laguntza ukatu, diru laguntzak ito, elkartasuna delitu bihurtu... Zer gehiago ikusteko jaio gara?

Kolpe latzak jasotzen ari gara. Ez dira momentu gozoak. Baina eutsi goiari. Izan gogoan krisi larrian murgildurik dagoen estatu baten kolpeak direla. Aldaketa garaietan estatu guztien azken ostikadak mingarriak bezain luzeak izaten dira. Oroitzen zarete Frankoren azken eraso eta gehiegikeriataz? Askotan esana dugu, eta jakin badakigu Independentziaren bideak malkartsuak izango direla.

Gizartean barreiatu nahi duten etsipena iraultzea da gure zeregina. Garaipena gure esku dagoela sinistu eta determinazioz jokatzean datza etorkizunaren gakoa. Borrokatzen den herririk inoiz ez dute menperatu. Sufrimendua areagotu bai, gerrak luzatu ere bai, baina bere etorkizuna lapurtzea ez dute lortu. Euskal Herriak badu indarra; ilusioa eta itxaropena indartzea da gure konpromisoa. Goazen aitzinerat!!! Hurrengo hitzordua bihar, larunbata, urtarrilak 17, Donostian.]]>
<![CDATA[Ikastolak vs eskola publikoa?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2014-05-29/ikastolak_vs_eskola_publikoa.htm Thu, 29 May 2014 00:00:00 +0200 Tasio Erkizia https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2014-05-29/ikastolak_vs_eskola_publikoa.htm versus ikastolak? Hau da hau astakeria!!! Berriro ere gure artean mokoka? Norberaren proiektua defendatzeko modu bakarra besteena deskalifikatzea al da? Zaharrak bezain antzuak diren jarrerak berriro ere piztu dira aurtengo Ibilaldiaren eta Eskola Publikoen jaiaren harira. Kalean marmarka ugari. Irakasle eta gurasoen arteko komentario iraingarriak. Komunikabideetan zenbait idazki penagarri... Ikastolen Ibilaldia hauteskundeak direla-eta egunez aldatu izanak haserrea piztu du eskola publikoetako zenbait sektorerengan, eta hortik nahasmena.

Ez dakit beste modu batera konpontzerik bazegoen gaia. Ez dakit antolatzaileen artean zer-nolako harremanak egon diren. Dena den, nahiko informaziorik ez daukadanez, ez natzaizue sartuko dataren inguruko eztabaidan. Eta, gainera, nire helburua bestelakoa da. Gertaera horren haritik funtsezko bizpahiru hausnarketa egin nahiko nituzke. Modu laburrean, ikastoletako zein eskola publikoetako guraso, irakasle eta, oro har, hezkuntzaz arduratuta gauden herritarrok zer batzen gaituen eta gure erronkak zeintzuk diren azpimarratzea da nire xedea.

Hasteko, garbi utzi nahiko nukeena zera da: honelako hika-mika mikatz eta agresiboak ez direla batere mesedegarriak eta eguneroko elkarlana zaildu besterik ez dutela egiten. Ikuspegi ezberdinak edukitzeak ez luke arazo izan behar, horien inguruan liskarrak piztea da larria. Zentzu bereko bi jai data berean jartzea ez da inoiz erosoa, baina gai horiek garaiz eta modu egokian mahai baten inguruan bideratu beharrekoak dira. Eta interes ezberdinek talka egiten dutenean, arduradunei dagokie errespetuz eta sentsibilitatez bideratzea.

Ikastolak eta eskola publikoak gauza askok lotzen eta batzen gaitu. Bereziki euskaran eta euskal kulturan murgilduriko Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko ahaleginak elkartzen gaitu. Bi hezkuntza sare horiek baitira biharko euskal eskolaren zutabeak eta oinarriak. Gaur-gaurkoz, zoritxarrez, euskaldunok ezin dugu propioki gure Nazio Hezkuntza Sistema eraiki, ez dugu gure hizkuntza propioa eraikitzeko ahalbidetzen digun instituziorik. Eta, beraz, Euskal Estatua eraikitzen goazen bitartean, bi hezkuntza sare horiek hobetzen eta lantzen jarraitu behar dugu. Biharko hezkuntzaren hazia den eskola lantzea da gure erronka eta apustua.

Ikastolek gabeziak dituztela? Bai, noski. Juridikoki izaera pribatua dutela? Bai, baina kasu gehienetan halabeharrez, horretara behartzen dituztelako. Diru laguntzak direla medio instituzioekiko gehiegizko menpekotasuna dutela edo gurasoen parte hartzea eskasegia dela? Nire gusturako ere bai, baina krisi egoera honetan ez nuke ikastoletako zenbait zuzendaritzaren larruan egon nahi. Aski larri eta estu dabiltza. Akatsak akats, aitortu beharra dago ikastolek osatzen dutela dimentsio Nazionala duen hezkuntza sare bakarra; euskara zein euskal kultura gehien lantzen eta zaintzen dutenak direla eta, gainera, herri ekimenaz sorturiko mugimendu aberatsa dela. Gutxi al da? Ez al dira bere jaiak eta ekitaldiak laguntzeko nahiko arrazoi? Niretzat, behintzat, bai.

Eskola Publikoek ere ekarpen baliotsua egiten dute. Erdara hutsezko eskola izatetik, kasu askotan eskola euskalduna izatera pasa dira. Eta ez administrazioaren eraginez, irakasle eta gurasoen bultzada eta lan eskergagatik baizik. Oraindik ere, zenbait kasutan, euskal kultura gai nahiko arrotza bilakatzen zaiela? Edo gurasoen parte hartzea, egituraz, oso murritza eta mugatua dela? Bai, baina badira kasu eredugarriak ere. Besteak beste, euskararen erabilera normalizatua noizbait lortuko badugu, eskola publikoen ekarpena ezinbestekoa da; lehen esaten nuen bezala, Hezkuntza Sistema Berriaren zutabetariko bat. Eta euskalduntzeaz gain, beste arrazoi ugari ditugu antolatzen dituzten jaiak aktiboki bultzatzeko. Ekainaren 1ean dugu hurrengo aukera.

Zerk batzen gaituen Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko herritarrok? Egiteke dugun hezkuntza proiektuaren aldeko ilusioak eta erronkak. Ikastoletako zein eskola publikoetakook, biak ala biak, saihestu ezinezko lana eta konpromisoa dugu. Espainia zein Frantziako Estatuek eskolaren bidez asimilazio prozesua bermatzea dute helburu. Eta horri aurre egin diegunez Frankismo garaian zein ondorengo 40 urte hauetan, orain LOMCE inposatzera datozkigu. Onean lortu ez dutena indarrez eta eraso bortitzen bidez nahi dute erdietsi. Gai izango al gara jarrera intsumisoa hartzeko eraso horien guztien aurrean? Etorkizuna jokoan dugu. Horri erantzutea da ezinbesteko erronka, eta horretarako guztion elkarlana beharrezkoa da.

Gernika eta Balmaseda, Balmaseda eta Gernika. Bietarako dugu deialdia. Bietan aldarrikatuko dugu gauza bera. Biharko Nazio Hezkuntza gaurdanik eraiki behar dugu. Inor baztertu gabe. Gure euskara eta euskal kultura oinarri izanik, Euskal Herriaren geroa eraikiko duten neska-mutilen garapen integrala bermatuko duen eskola eredu askatzailea, solidarioa, hezkidetzailea, kritikoa, zientifikoa eta, noski, euskalduna indartu dezagun. Huts handiena ekainaren 1ean etxean gelditzea da.]]>
<![CDATA[Lehenik herria, gero alderdia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/006/001/2013-12-19/lehenik_herria_gero_alderdia.htm Thu, 19 Dec 2013 00:00:00 +0100 Tasio Erkizia https://www.berria.eus/paperekoa/1513/006/001/2013-12-19/lehenik_herria_gero_alderdia.htm
Bi mila eta bederatziko Aberri Eguna zen. Independentista Sareak egina zuen Irungo mugan biltzeko deialdi bateratu eta zabala. Ordu eta egun berean, PNVk, Ramon Labaienen betiko alderdiak alegia, Bilbora deitzen zuen. Ramonek ez zuen dudarik izan. Mugako deialdian parte hartu zuen, eta bukaerako hitzaldian ozen mintzatu zitzaigun: «Lehenik Herria edo Aberria eta ondoren Alderdia». Independentista legez mintzatu zen, Euskal Herriak bere nortasuna garatzeko ezinbestean Euskal Estatua eraiki behar zuela garbi adieraziz. Ausardiaz, gainera, jakitun baitzegoen bere jarrera eta hitzak ez zirela gustukoak izango alderdiko zenbait buruzagirentzat.

PNV alderdiko kidea izan da bera. Kide leial eta ondradua. Baina, aldi berean, oso gutxik daukaten gaitasuna erakutsi digu askotan, bere alderdiak jartzen zizkion mugak gainditu eta herrigintzan ausardiaz jokatzeko. Ramon ez zegoen ados ETAren jarduera armatuarekin, baina presoen aldeko manifestazio askotan ikusi dugu giza eskubide guztien defentsa sutsua eginez. Ez zen Ezker Abertzalekoa, noski, baina ilegalizazioaren garaian partaide izan genuen legeztatzearen aldeko hamaika ekimenetan. Gobernuko Kontseilaria izan zen autonomismo zatikatzaile batean, baina inoiz ukorik egin gabe independentismoari. Euskararen alde behar adina egiten ez zuen gobernukide izan zen, baina, aldi berean, Euskal Herria Euskaraz herri mugimendua bultzatzen zuen, euskararekiko politika epelegia zorrotz kritikatzen zuena. Honatx, bere muga eta kontraesan guztiekin, herrigintzari lehentasuna ematen zion alderdikidea.

Gizartea aldatzeko, herritarrak antolatu egin behar gara. Antolakuntzarik gabe ez dago aldaketarik, ez iraultzarik. Eta era askotako antolakuntza horren barnean alderdiek badute beren lekua; mendebaldeko gizarte-sisteman horrela gertatzen da, behintzat. Baina, jakina, badituzte zenbait arrisku, hala nola jarraian nabarmenduko ditudan bi hauek: batetik, alderdien arteko jarraitzaileen artean lubakiak zulatu eta harresiak eraikitzearen arriskua; bestetik, berriz, alderdiko buruzagiek beren militanteengan agindu osoa eduki nahi izatearen arriskua, alegia, pertsonaren dimentsio guztiak kontrolatu nahi izatearena. Biak ala biak kaltegarriak gizartearentzat, eta, gainera, antzuak norberaren ekarpenari begira.

Euskal Herrian, askotariko arrazoiak direla medio, bi espresio politiko abertzaleen artean lubaki handia dago. Eta okerrena da, militante asko harro sentitzen direla «tribu» ezberdinak osatuz. Bakoitzak bere tribua du, eta tribu bien artean inpermeabilitate ia erabatekoa dago. Badirudi elkar kutsatzeko beldur garela. Lehengo batean, Bilboko alkate ohia izan zen Beti Duñabeitiaren hiletan gertatu zitzaidanak penatu ninduen: «Tasio, ¿qué haces tú aquí?, ¡si tú no eres de los nuestros!». Ez al da tristea eta pobrea «nuestros» eta «vuestros» alderdien arabera banatzea? Gure identitatea hizkuntza, kultura eta herri-nortasunaren arabera garatzea normala eta aberatsa da, ene ustez. Baina alderdi baten arabera definitzea ez ote da itsukeria?

Nire irudiko, aipatzen ari naizen inpermeabilitate hori PNVren aldetik askoz nabarmenagoa dago, baina aitortzen dut agian beraien ikuspuntutik gu ere berdintsuak garela. Kasua da, gure herrian sortzen diren herri-ekimenekiko mesfidantza eta boikota nabarmena izaten ari dela. Katalunian ez bezala, gure herriko eskuinak ez dio herri-mugimenduari inolako zirrikiturik utzi nahi. Eta herri-iniziatibak modu zabalean sortu arren, beraiek kontrolatzen ez dutena baztertu behar duela dirudi. Horrela, Alderdia lehenesten da Herriaren kalterako, noski. Ibilbide eskaseko jokamoldea, abertzaletasunaren etorkizuna iluntzen duena.

Bat nentorren Ramon Labaienekin, PNV eta Ezker Abertzalearen artean funtsezko akordioetara heldu behar genuela zioenean. Ados geunden biok, lubakien arteko zubiak egiten jarraitu behar genuela komentatzen genuenean. Bistan da bi mugimendu politiko hauen artean ezberdintasun handiak daudela, baina goazen zintzotasunez mahai gainean jartzera proposatzen dugun ibilbidea. Adostu ditzagun eman beharreko urratsak. Bide bakarra dugu espainolen eta frantsesen bortizkeria gainditzeko: indarrak bildu eta bide propioa egitea. Desadostasunak errespetatuz, goazen adostasunak indartzera. Ez dugu Kataluniak daraman bidea kopiatu beharrik, baina bide propioa marraztuz joan behar dugu, ezinbestean. Franko hil ondoren, aukera galdu genuen erregimen faxistarekin apurtzeko. Orduan PNVko zuzendaritzak zioen militarrak altxatuko zirela autodeterminazio-eskubidea eskatuz gero. Orain, zein da eragozpena erabakitzeko-eskubidea errespetatu diezagutela exijitzeko? Gaur da momentua; bihar, agian, zailagoa egingo zaigu.

Ramonek ez zuen begiratzen nork antolatzen zituen giza eskubideen edo presoen aldeko protestak. Kausa justua bazen, hor zegoen bere ekarpena egiten. Uribetxeberria presoa Donostia Ospitalean gose-greban zegoenean, kanpaina mediatiko guztien gainetik, ez zuen aitzakiarik jarri preso horrek hau edo bestea egin zuelako. Ez. Eskubideen urraketa zegoen tartean, eta bera hor egon zen protestak antolatzen. Azken urteetan ez zuen hutsik egiten urtarrilean egin ohi den presoen aldeko mugimendu erraldoi eta kolosalean. Euri, elur zein eguzki, Labaien jauna Bilboko kaleetan zegoen haien eskubideen alde.

Aurrera egin nahi badugu, sobera daude lubakiak. Ramon, zubigile ona izan zen. Eskerrik asko. Jarrai dezagun bidea egiten. Herritar askok bat egiten dugu taupada horrekin.]]>
<![CDATA[Non dago autoritatea?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2013-10-03/non_dago_autoritatea.htm Thu, 03 Oct 2013 00:00:00 +0200 Tasio Erkizia https://www.berria.eus/paperekoa/1513/004/001/2013-10-03/non_dago_autoritatea.htm
Korapilaturik zetozkidan sentimendu horien guztien gainetik, honakoa gailendu zitzaidan: nork agintzen du hemen? Guardia zibilak ote dira agintari gorenak? Armaz jositako poliziak agintzen ote du benetan? Ez ote dago inpunitate hau geldiaraziko eta deuseztatuko duen autoritaterik?

Izan ere, zer egin du Herrira mugimenduak, haren kideak horrela tratatuak izateko? Presoen giza eskubideen alde egin du. Mugimendu zabala izaten saiatu da. Egindako «delitu» larriena, solidaritatea ere delitutzat jo nahi bada, presoekiko elkartasuna piztea eta sostengatzea izan da. Non dago autoritatea eskubide horiek babesteko? Ontzat eman behar ote da PNVko buruzagiak ez agertzea herritarrak babesteko prest? Goizeko hamarretatik iluntzeko zortziak arte, Bilboko erdigune zabala «okupatu» dute guardia zibilek, baina han ez da agertu erakundeetako beste autoritaterik. Haiek, guardia zibilak, izan ziren kalearen jaun eta jabe.

Ondoren heldu dira ustez autoritate diren zenbaiten adierazpenak. Dena den, gehienak isilik, txintik ere ez. Mintzatu direnek esan dute «ekintza kezkagarria» dela, balizko bake-prozesuan «atzerapauso nabarmena», «zio politikoa duten atxiloketak eta jazarpena» direla... baina, adierazpen epel horietatik at, herritarrok babesik gabe jarraitzen dugu. Gasteizko Gobernuko inori ez diogu entzun: «Gehiegikeria hauei stop esan behar diegu». Inor ez da ausartu esatera: «Ez dugu onartuko Guardia Zibilak gure politikagintza baldintzatzerik». Eta askoz larriagoa dena, Erkoreka eleduna entzun ondoren, pentsatu behar ote dugu tamainako morrontza onartzen dutela? Nolanahi dela, asteleheneko egoeran Madrilgo Gobernua eta Guardia Zibila zorrotz kritikatzen ez ausartzea oso larria da, benetan, menpekotasunaren ispilu.

Halere, oraindik garaiz gaude. Agintari politikoek esku hartu behar dute. Ez du balio isiltzeak. Ezin da beste aldera begiratu. Ez erantzutea Espainiako Estatuaren politika makurra ontzat ematea da, babestea. Urkulluk askotan esan du «lan isila» egiten ari dela presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen, presoekiko politika ankerra alda dezaten. Ez dut pentsatu nahi astelehenekoak direnik lan isilaren fruituak. Inork gaizki pentsa ez dezan, ez ote duzu aitzindaritza hartu eta herria martxan jartzeko ordua? «Lan isilak» emaitza onik ez badakar, ez ote dugu gaitasunik indarrak bildu eta herri gisara erantzuteko? Urkullu jauna, aukera ezin hobea duzu. Oraingo bidetik segituz, barkatu esatea, politika honen kolaboratzaile zuzena izango zara.

Zeren, hau ez da sigla edo pentsakera politiko baten aurkako operazioa, oinarrizko Giza eskubideen aurkakoa baizik. PNVren zuzendaritzaren esku dauden komunikabideek beste medio espainol batzuek bezala desitxuratzen jarraitu arren, erasoa Euskal Herri aske baten alde dauden guztien aurka doa. Herri osoaren etorkizuna baldintzatu nahirik egindako ekimena izan da hau; ez da gaizkileen aurkako iniziatiba, Euskal Herriaren oraina eta geroa desbideratzeko pentsatutako jazarpena baizik. Arrazoien faltan, indar-erakustaldi argia; benetan nork agintzen duen erakusteko modua. Konstituzioaren zortzigarren artikulua praktikan jartzea. Arrazoi eta eskubide demokratiko guztien gainetik, indarra erabiltzeko prest daudenen mezua.

Bortxakeria honen aurrean autoritatea erakusteko ordua da. Bistan da agintariek oso esparru mugatua dutela gure lur honetan, zeren, lurralde menperatua izanik, halabeharrezko morrontza sufritzen baitute. Baina jakin badakigu herri honetan badugula inposatu nahi dizkiguten morrontza guztien gainetik pasatzeko eta ukazio guztiei aurre egiteko gaitasuna; baita kemena ere. Agintari guztiek dute egoera lideratzeko aukera. Inor ez dago soberan, denok gara beharrezkoak. Une larri eta bidegurutze garrantzitsu honetan, hitzetatik harago, irmotasuna eta duintasuna erakusteko unea heldu da.

Herri osoaren arazoa da, herritar guztien eskubideak izan baitira urratuak. Guztiok dugu zer irabazia, baita zer galdua ere. Gure esperantza osoa, urteak joan urteak etorri, Euskal Herriak erakutsi duen indarra da; ondorioz, herriaren haserrea eta, aldi berean, kemena antolatu behar ditugu. Herrira mugimenduak erakutsi duen zabaltasuna areagotuz, olatu kolosala bermatzen joan behar dugu. Lehenik, larunbatera begira, ahalik eta jende gehien mobilizatuz, eta jarraian, herri-olatu emankorra antolatuz, modu iraunkorrean.

Bukatzeko, besarkada beroa atxilotu guztiei. Animo, tantaz tanta olatu erraldoia osatuko dugu!!!]]>