<![CDATA[Tere Maldonado | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 06 Dec 2021 21:57:22 +0100 hourly 1 <![CDATA[Tere Maldonado | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Gain-informazioaren sareetan harrapatuta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/016/002/2021-09-05/gain_informazioaren_sareetan_harrapatuta.htm Sun, 05 Sep 2021 00:00:00 +0200 Tere Maldonado https://www.berria.eus/paperekoa/1957/016/002/2021-09-05/gain_informazioaren_sareetan_harrapatuta.htm
Sakelakoa eskura badugu, gainera, beste informazio batzuk jaso ahal ditugu aldi berean; beste mezu, berri, abisu, ohar. Mugikorrak ahozko mezuen grabazioak bizkortzeko aukera ematen du. Gero, asteroko agendan tarte bat aurkitu beharko dugu nekez yoga, txi kung edo meditazio eskolak sartzeko, gainkargatutako gogamena eta nerbio-sistema berrabiarazteko eta arreta fijatzen berrikasteko. Unibertsitateko ikasle asko ez dira gai liburu oso bat irakurtzeko (lasai, hemendik gutxira ez da nabarituko, euren irakasleak izango dira ezgaiak). Bigarren Hezkuntzakoek ezin dute hamar minutu baino gehiago irauten duen ideia baten azalpenik jasan: berehalaxe hasten dira aulkian urduri mugitzen, begiradarekin estimulu berrien bila, irrikaz, burmuin gainkargatuari gehitu beharreko datu berri eske, jonkien legez. Agustin Hiponakoak zioen gorputzak janaria behar duen bezala, arimak ere jakinduriaz elikatzea behar duela. Baina janari lasterra zabor-jana da, ez gaitu elikatzen, pozoitu egiten gaitu. Gehiegizko informazioa arimaren zaborra da.

Adibide bat: mugimendu laizistatik ikasleen curriculumean ikasgai konfesional bat egoteak dakarren bidegabekeria lau haizeetara zabaltzen dugu ahal dugun beste. Entzuten digun edozein pertsona zentzudunek, sinestuna izan ala ez, onartzen du horixe eskandalua eta zentzugabekeria hutsa dela. Zertarako balio du onarpen horrek? Nola eragotzi abusua?

Izan ere, ez ditut alderatu nahi, baina hor daude argindarraren igoera; eta Mediterraneoan hildako errefuxiatuak; eta jarraitzen duten etxegabetzeak; eta.... Ekidin beharko genituzkeen gauza beldurgarrien zerrenda, XXI. mendean gertatzea lotsagarria denarena, hain da luzea, ezen horrekin amaiera gabeko orrialdeak bete genitzakeen. Milaka orrialde datu, analisi, hausnarketa, deskribapen eta balorazioekin. Ez du ezertarako balio. Gauza gehiegi dira. Ezin dugu dena metabolizatu. Trabatu egiten gara. Informatuta egoten jarraitzeko, pentsatzeari utzi behar diogu. Pentsatzeari uztean, ezin dugu erabaki zer egin, nola, noiz, norekin. Uholdeak garamatza. Informazio-gainkarga edo infoxikazioa, wikipedian daude jada bi hitzok, existitzen direlako seinale (jakina, hitzak existitzen dira, baina baita izendatzen duten errealitatea ere).

Datuz gainezka, analisiak soberaxe, izpirituaren drainatze-sistema kolapsatuta, hustu egiten gara, ustez, sare sozialetan. Baina husten eta garbitu baino gehiago, berriz ere datuak erdiesten ditugu. Gure jarrera aurrerakoia erakusten dugu. Haserretu egiten gara eta gure haserrea zabaltzeaz arduratzen gara. Bidezko kausa honekiko edo harekiko elkartasunik sendoena erakusten dugu, ozen, munduaren aurrean. Artikuluak (hau barne), postak, blogak, liburuak, idazten ditugu suminduak, horren kontra eta haren alde zenbat arrazoia dugun nabarmenki erakutsiz. «Nik kausa hau babesten dut», irritsu agertzen garen argazkia partekatzen dugu, edo serio eta arduratsu, baina beti erakargarri, eta apurka-apurka, mezua alde batera irristatzen da, enfasia kausan baino gehiago nia-rengan jartzera pasatzen gara. Besteei gustatzen zaie nik kausa hau babestea, eta jakinarazten didate (niri eta, bide batez, mundu osoari). Eta niri gustatzen zait beraiei gustatzea. Eta horrela denbora tarte luze batez, hondorik gabeko putzu-oihartzunaren modura. Milioika bit hemendik hara denak bere lekuan jarraitzeko; hau ez da eraldatzen eta hura ez da inoiz iristen. Eta gertatu behar ez liratekeen gauzak gertatzen jarraitzen dute, etengabe, gu jakitun eta informatuta.

Informazioa boterea zela esan ziguten, eta haren bila abiatu ginen, sutsuak, frenetikoak. Ez genuen ikusi gain-informazioak ezintasuna, larritasuna eta antsietatea besterik ez dakarrela. Gain-informazioa desinformaziotik hurbilago dago, informaziotik baino. Gain-informazioa hiper-konexioarekin batera doa. Hiru, lau, hogei, berrogei lagunekin konektatzeak komunitatea egin dezake. Ezagutzen ez ditugun eta interesatzen ez zaizkigun milaka pertsonarekin etengabe konektatuta egoteak ez du errealitatea hobetzen, ez du inolako penarik arintzen, ez du inolako poz iraunkorrik ematen. Paralisia sortzen du. Paralisi iraunkorra.

Sarea bilbea da, irazki-haria, ehuna, tresmaila. Lagunen eta gertukoen sareak babesten gaitu oihal mehe eta lasaigarri bat bezala, erorketak moteltzen ditu sare malgu eta bigun baten antzera. Baina sarea tranpa, ardaila, engainua ere bada. «Sozialak» adjektiboa jarri zizkioten eta euren sareetan zimitzak bezala erori ginen, bata bestearen atzean. Eta hor gaude, zepoan, sare-segadan lotuta, besoak astintzen lagun faltsuek ikus gaitezen. Nartzisismo suminduaren eta gehiegizko informazio maneiaezinaren konbinazio hilgarriak itxaropen guztia amaitzeko bidean ipini gaitu. Badu erremediorik honek? Gai izango gara hamsterren gurpiletik ateratzeko? Esadazue nola.]]>
<![CDATA[Zuhurtziaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/002/2021-06-20/zuhurtziaz.htm Sun, 20 Jun 2021 00:00:00 +0200 Tere Maldonado https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/002/2021-06-20/zuhurtziaz.htm phronesis izenekoa, ez bertute etikoekin batera. Pierre Aubenque Aristotelesen espezialista handiak zioen filosofo mazedoniarrarentzat zuhurtzia bertute guztien sintesia zela: zentzumen ona da, ekintzaren neurriaren eta aukeraren trebetasuna. Esan bezala, ez dago modan arriskuaren gizartean. Hala ere, batzuetan, gerta liteke zerbait egiteko eskubidea izatea, baina zuhurtziaren ikuspegitik komenigarria ez izatea. Horren inguruko eztabaida bat egiteke dugu FeministAlden, nerabeen ama batzuen esperientziaren harira. Susma daitekeenez, ama eta aita horiek (halakorik dagoenean) garrantzi handia ematen diote beren seme-alabak, baina oso bereziki alabak, askatasun-giroan eta beren eskubideez jabetuta hazteari. Amek, eta ama ez izan arren neska nerabe edo gazteekin harremana dugunok (dela adiskidetasuna, lana edo familia) horrela ikusten dugu. Denbora luzez ibili gara borroka feministan hori argi edukitzeko. Baina hona datoz trabak. Izan ere, alabak gauez nahi duen ordura arte irteteko eskubidea du, eta, adin batetik aurrera, gainera, etxera bakarrik eta mozkortuta itzuli ahal izan beharko luke, baina hori argi edukitzeak ez du auzia agortzen. Ez al diogu esango neska gazteari kontuz ibiltzeko ere, zuhurra izateko ere? Nire ustez, eskubideez gain zuhurtzia ere aipatu behar diogu, kasu bakoitzera egokituz (ez da gauza bera herri txiki bat, hiri handi bat, auzo batzuk eta besteak, zuria edo beltza izatea...). Heziketaren oinarrian askatasunarekin batera zuhurtzia egon behar da, modu batean edo bestean. Nolako heziketa izango litzateke, bestela? Munduarekiko ez egokitzapen akritikoa, ezta erabateko arbuioa ere: hezkuntzan oreka aurkitu behar dugu akastuna den mundu batera moldatzearen eta hura hobetzeko tentsioaren artean. Zuhurtzia ez da eskubideak izatearekin nahasten, ez ditu eskubideak ezabatzen, ezta kuestionatzen ere. Beste plano batean jarduten du. Aristotelesek bertute intelektualen artean kokatzen zuenean, kalkulu-gaitasunari lotzen zion. Izan ere, ekintzaren unean uneko zirkunstantzia zehatzak neurtzearekin du zerikusia, printzipio abstraktu eta gorpuzgabeen betetze zurrunetik urrun. Dena ez da arrazoia edo eskubidea izatera mugatzen. Behin edo behin esan da Kataluniako independentistek procés deiturikoan izan duten iraunkortasunak eta temak Espainiako eskuin eta nazionalismo gehiago ekarriko zituela (Kataluniara eta Estatu Espainolera orokorrean). Duela hilabete batzuk ikusi nuen Twitterren Jule Goikoetxeak, arrazoi osoz, etxera itzultzean eraso egiten dioten neskaren kasuarekin alderatu zuela iritzi hori («minigona janzten duzue eta gero gertatzen dena gertatzen da» edo antzeko zerbait idatzi zuen). Procés-ak eskuin muturra ekarriko duela esatea neskaren kontrako erasoa minigonari leporatzea bezala da; erasoaren justifikazioa, azken finean. Eta hori onartezina da. Izan ere, ez minigona, ez mozkorra, ez ordua, ez ingurua, ez da hori erasoaren arrazoia, motiboa, kausa. Erasoa, gizakiaren ekintza den aldetik, erasotzaileari baino ezin zaio egotzi. Bereak dira errua eta erantzun beharra. Ezin da hori zalantzan jarri. Baina hori ez da dena. Nik, aurreko lerroetan, parekatu ditut nolabait arrazoiak, motiboak eta kausak, baina ez dira berdindu behar. Aristoteles, berriro, oso fina izan zen kausa motak bereiztean; bere analisian kausa formala, materiala, eraginkorra eta azkena bereizi zituen. Inguruabar guztiak ez dira modu berean gertatzen egitate baten kausa gisa. Politika, eskubideak aldarrikatzeaz gain, egintzen ondorioen kalkulua ere bada. Kasu honetan, Max Weber soziologoa izan zen konbikzioaren eta ondorioen (edo erantzukizunaren) etika bereizi zituena. Lehenengoa, Fiat iustitia et pereat mundus leloarekin laburbiltzen da. Kant hemen koka dezakegu, emaitzetan baino gehiago intentzioan, borondate onean jartzen baitzuen enfasia. Printzipioetan. Etika mota horri zera leporatu zaio, infernurako bidea asmo onez harriztatuta egotea. Printzipioak beharrezkoak dira etikan zein politikan. Baina kontuz ibiltzen ez bagara, printzipismo arriskutsuan eror gaitezke, gure ekintzen ondorioei jaramonik egin gabe. Aldi berean, bakarrik ondorioak azpimarratzeak kalkulatzaile huts bihurtzen gaitu, inork izan nahi ez duen zerbait, edo, hobeto esanda, inork izatea onartzen ez duena. Politikagintzan, zer da estrategia, kalkulua baino? Estrategiarik gabeko politikagintzarik egon al daiteke? Badirudi ezetz. Eta printzipioak egon behar al dira politikan? Badirudi baietz, ondorioekiko ardurarekin orekatuta. Badakit gaiak deribatu eta ertz asko dituela, eta ezin da artikulu baten lerroetan argitu (eta are gutxiago txio batean). Feministok beti jakin izan dugu aurrerapen feministek kontrako erreakzioa sortzen dutela (eskuin muturraren gorakada procés-ari leporatzeaz gain, azken urteetako aurrerapen feministen eta mobilizazioetan izandako arrakasten erreakzio gisa ere uler daiteke). Baina horrek ez du ezabatzen gaia eztabaidatu beharra. Neska nerabe guztien ama, izeba, amama eta lagun feministek borrokan jarraituko dugu denok, eurak eta geu, bakarrik eta mozkortuta etxera itzuli ahal izateko. Baina eskerrak hori egiteko orduan, geure buruak eta lagunek, mozkorraldia gorabehera, bizi garen mundua nolakoa den ulertzeko eta ohartzeko aukera emango digutela. Mundua aldatzen ari gara, eta eraldatze prozesuan badago ere, oraindik, den modukoa da. (Horrez gain, mundua aldatzeak ez du esan nahi pertsonok aingeru bihurtuko garenik, baina, tira, oraingoan ez gara giza naturaren auzian sartuko, beste ikuspegi horretatik ere zuhurtzia iker daitekeen arren). Horregatik, hainbat arlotan, kontuz eta tentuz ibiltzea merezi du. Horrela ez egitearen ondorioak oso larriak izan daitezkeelako. ]]> <![CDATA[Eudel, Emakunde eta literatura fantastikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2021-03-30/eudel_emakunde_eta_literatura_fantastikoa.htm Tue, 30 Mar 2021 00:00:00 +0200 Tere Maldonado https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2021-03-30/eudel_emakunde_eta_literatura_fantastikoa.htm
Gu pozarren gaude Eudelek (Euskadiko Udalen Elkartea, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea buru duena) Martxoaren 8rako egin duen adierazpen instituzionala irakurri ondoren. Adierazpen horrek dakarrena Mugimendu Feministak esan du aspalditik, eta pozgarria da Eudelek orain gure ideiekin bat egitea. Bereziki kontuan hartzen badugu adierazpen hori sinatu dutenek kargu publikoak dituztela udaletan, eta baliabideen banaketan funtsezkoak diren beste erakunde batzuk gobernatzen dituzten alderdietako kide direla (EAJkoak batez ere, baina PSE-PSOEkoak ere bai), hala nola aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan.

Ez dugu zalantzan ipiniko esan dutena, eta ez dugu susmatuko aurpegia garbitzeko azpijoko hutsean ari direnik, gauzak benetan aldatzeko borondaterik gabe. Jakina, ikusten dugunean beste erakundeetako baina alderdi bereko kargu publikoek sistematikoki jotzen dutela zerbitzu publikoak pribatizatzera... bai, izan dezakegu gaizki pentsatzeko tentazioa. Izan ere, aurrez izan ditugu beste esperientzia batzuk: ustezko Erantzukizun Sozial Korporatiboaren iruzurra (enpresa handi askoren eskubide-urraketa sistematikoak ezkutatzeko balio izan duena), edo negozioen etika izenekoa, marketin-teknika hutsa izan dena. Horrez gain, LGTBI erakundeek pinkwashing gisa salatu dituzten politikak ere badaude, hau da, garbiketa arrosa, gayfriendly agertuz interes komertzialagatik, homofobia eta heterosexismoa ezabatzeko inplikazio errealik gabe.

Dena dela, ez da gauza berria estatuko erakundeak gizarte-mugimendu kritikoen berezko hizkeraz jabetzea. Adibide hurbil batzuk: Jaurlaritzak iraunkortasunaz hitz egiten du, baina abiadura handiko trenari uko ez egiteaz gain, zifra astronomikoekin finantzatzen du. Diru-kopuru hori beste partida batzuetan inbertituz gero, auzolanak publizitate-eslogan izateari utziko lioke. Eusko Jaurlaritzak berak elkarrizketa eta parte-hartze hitzak errepikatzen ditu lelo gisa, baina gero EAJren eta PSEren gehiengo osoa erabiltzen du oposizioak aurrekontuei aurkezturiko 1.289 zuzenketetatik bat ere ez onartzeko. Eta berdin Emakundek: zaintzaz arduratzen diren pertsonak zaindu behar direla esaten du, baina hori da egiten duen guztia: esan, eta asko errepikatu, ea hala magiarik gertatzen den.

Hala ere, ez gara mesfidatiak izango, eta ez dugu esango Eudelen adierazpena edo Emakunderena purplewashing edo garbiketa more kasu nabarmenak direnik. Konfiantza izango dugu oraingo honetan esandakoak ez direla paper erre bihurtuko. Eudelekin eta Emakunderekin erabat ados gaude: berriki igaro den Martxoaren 8 honetan, eta egunero, guztion ongizatean emakumeek egindako ekarpena aitortu behar da.

Ziur gaude hemendik aurrera ezinbesteko sektore guztiei (supermerkatuko langileei, nekazariei, zaintzaileei) lan-baldintza duinak bermatuko zaizkiela; haur eskola publiko gehiago egongo direla; sukaldeak eskola-jantokietara itzuliko direla; adinekoen egoitzak eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak (ber)udalekotuko direla; etxebizitza publiko alokagaien kopurua handituko dela; klausula sozial eta ekologikoak aplikatuko direla kontratu publikoetan; erreforma fiskala egingo dela Petronorrek, Iberdrolak, BBVAk... tokatzen zaiena ordain dezaten.

Horrelako adierazpen instituzionalen ondoren, zerbitzu publikoen kudeaketa pribatua amaituko da; lan-baldintza lazgarrietan egiten diren etxez etxeko laguntzako zerbitzuen prekarizazioa bukatuko da; administrazio publikoetan garbiketa-zerbitzurik ez da azpikontratatuko...

Gainera, aliantza publiko-pribatu ospetsuari esker, adierazpen horiek sinatzen dituzten kargu publikodunek enpresa handietako administrazio-kontseiluetan dituzten alderdikideei azaldu ahal izango diete zer diren soldata-arrakala eta zeharkako diskriminazioa, eta enpresa pribatuen esparruan horiek desagerraraziko dituzte.

Pandemiak eragindako krisiak mina eta ziurgabetasuna ekarri ditu, baina agerian utzi du, era berean, zerbitzu publikoen suntsipenaz eta narriaduraz ohartarazten genuenean ez ginela izaten ari funtsik gabeko alarmistak. Pozik gaude orain Eudelek edo Emakundek arrazoia eman digutelako eta aitortu dutelako «gizarteak bere aitorpena adierazteko moduak konpromiso irmoa izan behar du, berdintasunik gabeko banaketa bidegabe horri euskarria ematen dioten genero-arrakalak borrokatzeko konpromisoa» (literalki).

Bide batez, Eudeleko presidenteari proposatzen diogu Beatriz Artolazabal alderdikidea ikuspegi horretan sar dezala, duela gutxi azaldu baitzuen ez duela uste zerbitzu publikoek publiko izan behar dutenik. Artolazabalek iritzia aldatuko du, ziur, Gorka Urtaranek azaltzen dionean beste politika publiko bat posiblea eta iraunkorra dela, eta gainera, premiazkoa eta atzeraezina ere badela.

Izan ere, Bilboko Udalak, Juan Mari Aburto jelkideak zuzenduta, (lizitazio publikoan) hiriko etxez etxeko arreta-zerbitzua eraikuntzako multinazional bati esleitu dio (proposamen ekonomiko merkeena zelako); horrek amesgaizto bat izan behar du, ez da hemen edo orain gertatzen ari. Hala baitio Eudelek. Hala dio Emakundek.]]>
<![CDATA[Kontakizunaren gaineko borroka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/015/001/2021-02-04/kontakizunaren_gaineko_borroka.htm Thu, 04 Feb 2021 00:00:00 +0100 Tere Maldonado https://www.berria.eus/paperekoa/1876/015/001/2021-02-04/kontakizunaren_gaineko_borroka.htm komunikabideak hitzak barnean hartzen zuena (komunikabide horiek hobeak edo okerragoak izan zitezkeen, politikoki gutxi-asko eskoratuta egon zitezkeen, baina gutxieneko profesionaltasun-osagaia zuten); gaur egun, hedabide horiek gauzatzen duten errealitatearen konfigurazioa baldintzatu eta zehaztu egiten du sare sozial deiturikoek markatzen duten agendak. Sare sozialak, gertatzen denaren isla edo ispilu baino gehiago, errealitatea sortzeko doitasun-mekanismoak dira.

Errealitatea eraldatzeko helburua dugun jendeak eta gizarte-mugimenduetako erakundeak (feministak, ekologistak, eta abar) dilema honen aurrean gaude: gure presentziarekin eta jarduerarekin munstroa elikatzen jarraitu, edo gure mezua lausotzen, hutsaltzen, hooliganizatzen eta usteltzen duten gune horietatik behin betiko erretiratu.

Gero eta nabarmenagoa da gure aurkariek aurrean ipinitako trapu batera sartu garela, amua irentsi dugula eta hor noriari bueltaka ari garela, geure erresonantzia-kaxan sartuta geure durundiak entzuten, gure burbuilan, boot eta trollei erantzuten (eremu honetan dena esan behar da anglizismoen bidez), geure burua ezagutu izanaz poz-pozik, haratago ikusteko gai ez diren egoak elikatzen.

Ezin dugu pentsatu ere egin ekintza bat burutzea eta sareetan ez komunikatzea. Baina, konturatu gabe, gero eta gehiago gure ekintza sareetan komunikatzera mugatzen da. Alderdi politikoetan komunikazio-saila gero eta garrantzi handiagoa joan da hartzen. Komunikatzea saltzea besterik ez dela ikustea oso tristea da (askotan motorra saltzea). Komunikazioa deiturikoa gehiago arduratzen da saltzeaz produktu salduaz baino.

Beste leku batean azaldu nuenez (Mad Men en la Diputacion de Bizkaia, Viento Sur aldizkarian), kontua ez da erakunde batek zer egiten duen ezagutaraztea (iragartzea, komunikatzea), baizik eta lehentasuna da komunikazio-sailaren irizpideen arabera edozer egitea, zer (egin) eta nola (komunikatu) guztiz nahastuta eta lardaskatuta. Kontua ez da lehenik gauzak ondo egin eta gero komunikatu behar direla, baizik eta ondo komunikatu daitezkeen gauzak egin behar direla. Komunikazioa deitzen diogu, baina publizitatea eta propaganda besterik ez da, beraz. Marketinaren inperialismoak den-dena itotzen eta kutsatzen du.

Zelan heldu gara honaino? Nola lortu dute saltzeko teknikak hezurretaraino bustitzea? Nola kolonizatu du hain sakonki kapitalismoak gure burua, gure arima? Nola erdietsi du guk debalde lan egitea hain zuzen ere uko egiten diegun helburuak lortzeko? Nola izan da posible hain buruargi eta argitsuak izanik (hori uste dugu) hariak mugitzen dituztenei gure denbora eta lana eskura jarri izana, oharkabean, kontzienteki bilatzen ditugun helburu guztiz kontrajarrietara hurbiltzeko? Arlo honetan asko pentsatzeko eta zuzentzeko dagoelakoan nago. Baina erlazionaturiko beste gai bati heldu nahi nioke oraingo honetan.

Badakigu beti, baina bereziki mundu super-komunikatu honetan, askoz garrantzitsuagoa dela sortutako kontakizuna kontatutako errealitatea baino. Eskuin muturra, -gustatuko litzaigukeen baino- bizkorragoa izaten ari dena, horretaz jabetuta, kontakizuna eraikitzen jarri da. Thomas Szazek zioen bezala, animalien erresuman erregela jatea edo jana izatea bada, gizakiongan beste batzuek edo norberak definitzea da kontua.

Izan ere, Madrilen ezkerreko gobernu bat dago, eta hari buruz gehienez esan daiteke politika sozialdemokrata oso epelak egiten dituela. Eskuina eta ezkerra bereizten dituen posizio sortan zentro-ezker moderatu batean egongo litzateke, espantu handirik egin gabe. Baina ultraeskuindarrak behin eta berriz esaten du gobernu sozialkomunista dela, eta horrek politika lotsatiok zer eta muturrekotzat hartzea ekar dezake. Pertzepzioaren fokua hainbeste mugitzen ari da eskuinera, non ikusmen-eremutik kanpo geratzen ari baita ikuspegiaren ezkerreko hegalaren zati handia. Gobernu honek egiten duena sozialkomunista bada, nola proposatu edo eskatu energiaren nazionalizazioa, adibidez, edo banku publiko bat sortzea? Nola debekatu plastikoa fabrikatzea edo behartu hondakinen %100 birziklatzera ? Nola defendatu zaintza-sistema publiko baten beharra, zaintzak jasotzeko guztion eskubidea eta, aldi berean, zaintzaileen lan-baldintza duinak bermatuko dituena, Mugimendu feministatik aldarrikatzen ari garen bezala?

Distortsio beraren eraginez, EAJren eta PSEren gobernuaren kapitalaren eta enpresa handien aldeko politikak (demokristauak eta sozialdemokratak gehien jota, eta kontu askotan neoliberal hutsak) muturreko gizarte-sentsibilitatekoak balira bezala saltzen dira (Eusko Jaurlaritzaren publizitate makineria ez da ahuntzaren gauerdiko eztula). Ezkutatuko mezu subliminala zera da: pozik egon beharko genukeela horrekin, hemen eskuin muturrak ez duelako arrakasta handirik, hemen auzolanari ekiten omen diogulako. Eskuineko politika zentrokoa balitz bezala saltzen da; zentrokoa, ezkerrekoa balitz bezala, eta ezkerrekoa desagertuta dago, ez dago agendan. Ez Euskal Herrian, ez Espainian, ez Europan. Hain zuzen ere, kapitalaren eta etekinik handienaren metaketaren logika iraultzea premiazkoa den une honetan. Krisi zibilizatorio baten erdian, non kapitalismoa planetako bizitzarekin amaitzeko bidean dagoen.

Agian, ekofeministak eta sozialkomunistak garela aldarrikatu beharko genuke harro, bigarren adjektibo horri konnotazio negatiboak kenduz. Ez dakit. Baina kontakizunaren borroka gehien manipulatzen eta gezurretan ari direnak irabazten ari direla dirudi. Gauzak horrela, ezin dugu zilborrari begiratzen jarraitu.]]>
<![CDATA[Emakumeon gorputza gudu-zelai]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/019/003/2016-09-20/emakumeon_gorputza_gudu_zelai.htm Tue, 20 Sep 2016 00:00:00 +0200 Tere Maldonado https://www.berria.eus/paperekoa/1832/019/003/2016-09-20/emakumeon_gorputza_gudu_zelai.htm topless egiten zegoen emakume bati, hori ere senar eta seme-alabekin zegoela. Senarrak ezin izan zuen emaztea lagundu, bera ere kolpatu baitzuten eta asko baitziren erasotzaileak. Hedabideek kontatu zutenaren arabera, «basatia» izan zen erasoa. Suposatzen dut kasu horretan ere seme-alabek negar egingo zutela.

Berri bion irudiak izugarri gogorrak dira. Bietan emakume bati inadarkeriaz behartzen zaio bere gorputzaren agerraldia halakoa edo nolakoa izatera. Bietan agerian gelditzen da emakumearen gorputza gudu-zelaia dela, Barbara Kruger artista feministaren espresioa erabiltzeko. Estatu, gizon batzuen zein gizartearen parte baten iritzietarako gudu-zelaia. Bien atzean, emakumezkoek bete beharreko jarraibide patriarkal osagarriak. Emakumearen nahia eta bere gorputzaren jabetza, erabat ezabatuta eta desagertuta.

Batean, emakumezkoaren gorputza estali, ezkutatu, gordetzeko moduko zerbait gisa ulertzen da. Mediterraneoan zehar ohikoa izan da emakumeak estalita bizitzea, uda beroetan ere, zapi eta arropa beltzekin tapatuta. Bale, agian hemen eta orain ez dugu zertan guztiz estalita joan, gorputzaren parte batzuk ikusgai egon daitezke, are gehiago hondartzan, baina muga batzuen barru: bainu-jantzian egon zaitezkete, dio aginduak, baina ez pasatu, gaineratzen du mehatxari. Begirada maskulinoak hor jarraitzen du, gizonezkoek ez dute segun eta zer ikusi behar (bestela, badakizu zer gertatu ahal den, ezta?); emakumeak titiak agerian uztea likiskeria hutsa da. Bularra airean daraman emakumea argi dago zer den, eta jokabideaz eta jarreraz ez badu aldatzen, jakin beharko luke zein den arriskua. Berdin minigonarekin bazoaz, neska, edo gauean bakarrik kaletik, edo parrandan bazaude eta tontakeriak egiten hasten bazara. Topless egiten zegoen emakumeari, astinduaren ondorioz lurrean botata zegoela, gizon gazte batek bainu-jantziaren beheko partea kendu zion bortxaz, argi adierazi nahian zer gertatu ahal zaion emakume bati marra gorria pasatzen badu. Zuk titiak erakusten dituzu (edo minigonarekin zoaz), bada, gero gerokoak. Agindu hau zantarkeriaren kontra eta begirunearen eta lotsaren izenean aurkezten da, tradizionalismo monoteisten ohiartzunak susmatu ohi direlarik. «Neska, zintzoa izan, zuzen jokatu, neskato on baten modura. Horrela ez duzu arazorik izango».

Beste muturrean, baina aldi berean aurrekoaren osagarri, beste genero-agindu dago emakumeentzat. Horren arabera, emakuezkoen gorputzak salerosketaren objektuak besterik ez dira, eta zentzu horretan, emakumezkook gorputza erakutsi, agertu, azaldu behar dugu, gizonezkoen gozamenerako eta eurek erabakitzeko erabili nahi duten ala ez. Europako hiri gehienetan topatu ahal ditugu erdi-biluzik doazen emakumezkoak, baita negu gorrian ere, gorputza bezeroei eskainiz. Agindu hori askapen sexualaren izenean luzatzen da, liberalismoaren kutsua nabaria izanik. «Neska, ez izan hain puritanoa, erakutsi(da)zu zertxobait, irekia eta modernoa izan».

Muturretako gizarte matxistan, emakumezkook bi aukerok ditugu, ez besterik. Batetik, puruak eta garbiak izateko parada ematen digute; ama eta emaztearen eginkizunetan zertzen den aukera dugu hori. Gizon bakar baten jabetza izaten gara horietan, aitarengandik senarrarengana pasatzen gara, aitarik ez badago neba ere tartean egon daitekeela. Bigarren aukera da gizon jakin baten itzalpean egon beharrean, edozein gizonarentzat izatea, gizon baten babesa eta kontrol zehatza barik. Santua ala puta («puta» ez baduzue esan nahi, esan «promiskua»). Aukeratu. Baina ez gelditu erdiko puntu batean.

Batek baino gehiagok zera esango dit, «hori orain, hemen (ezta Frantzian ere) ez da horrela; esageratzen ari zara». Eta egia da, ez da horrela, hemen eta orain askoz ere arinagoa da gure bizitza, ez da hain gordina, eta aukerak zabalagoak ditu hemengo eta oraingo emakume batek. Baina bi albiste horien bezalakoak agertzen direnean konturatzen gara geure aukerak hain estuak ez badira ere (feminismoaren zabalkuntzari esker, ez ahaztu), patriarkatuaren mugek hor jarraitzen dutela; eta krisialdi edo aparteko momentu berezietan (ikusi zer gertatzen den gerretan, baina baita jaietan ere) azaleratu egiten dira muturretako emakumeari buruzko kontzepzio patriarkalak. Oraindik ere, ele txar larrienetakoa «putakumea» da, hor gurutzatu egiten direlako emakumeen gaineko bi ikuspegiok. Gizon baten ama/emaztea ezin da puta izan, ez eta puta bat ama/emaztea ere; hori, ikuspuntu patriarkalarentzat, izugarrikeria da, kontzebitu ezina. Pentsamolde patriarkalarentzat, emakumezkoen askatasunak eta aukeramenak ez dute lekurik. Gizonek eta estatu patriarkalak (legeek eta abarrek) ezarri behar dute araua: eurek esan behar digute non, noiz, nola jokatu, eta geuk obeditu. Ez tapatu-ez erakutsi horrenbeste. Bi mutur horien artean oreka patriarkala aurkitzen omen da.

Horregatik behar dugu feminismoa. Gure gorputzak, gure bizitzak, geureak izateko. Eta, horrexegatik, feminismoarentzat desobedientziak jarraitzen du izaten lelo eta aldarrikapen. Geure gorputzak gudu-zelaia izateari utzi ahal izateko behingoz.]]>
<![CDATA[Konpromiso kolektiboa: gugandik jarraituz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/014/003/2016-07-17/konpromiso_kolektiboa_gugandik_jarraituz.htm Sun, 17 Jul 2016 00:00:00 +0200 Tere Maldonado https://www.berria.eus/paperekoa/1832/014/003/2016-07-17/konpromiso_kolektiboa_gugandik_jarraituz.htm times are changing, Bob Dylanek kantatzen zuenez duela mende erdi luze, gauzak ez direla egun aspaldi izaten ziren modukoak. Eguneroko gure bizitza pribatuetan zein elkarbizitza kolektiboan. Harreman pertsonaletan zein lan munduan. Kirolean zein artean. Irakaskuntzan zein kazetaritzan. Politikagintzan zein militantzian. Eta azken horretara nindoan, hain zuzen ere.

Behinola militantziaz hitz egiten genuen soilik, geroago modan ipini zen aktibismo hitza ezagutzen ez genuenean. Pentsa daiteke ia sinonimoak direla. Baliteke. Nik uste dut, ordea, kutsu eta konnotazio desberdinak daramatzatela euren baitan. Batzuek militantzia hitza ez dute gustuko, militarismotik arrasto gehiegi mantentzen dituelako. Ados. Baina beste esangura batzuekin ere hornitu nahi izan dugu, bereziki konpromiso kolektiboarekin loturikoekin. Militantea zen ez kausa bat era abstraktuan eta teorikoan bere kabuz defendatzen zuena; ez ideia batzuen alde agertzen zena okindegian, tabernan edo lankideen artean. Militantea zen kartelak pegatzera ere joaten zena; batzarretan parte hartzen zuena; aisiatik denbora kenduta orduak sartzen zituena talde-lana egiten, zerbait kolektiboa eraiki nahian. Militantea izatea zen, eta da, talde baten partaide gisa jardutea. Gainera, mugimendu sozialetako militantzia ez da partidu politikoenaren antzekoa, non, azken finean, botoen saria bilatzen baita. Ez, musu-truk izaten da gure militantzia.

Miren Arangurenek planteatzen zuen ildotik (Nigandik hasita, BERRIA, 2016/02/24), beste askok ere pentsatzen dugu konpromiso kolektiboan dagoela koska. Baina berak adierazten zuenez, gure mundua gero eta indibidualistagoa da. Eta argi dirudi (galdetu gotzainei) hedonistagoa ere badela. Zer esanik ez, feministok plazera defendatzen dugun aldetik hedonistak gara, eta emakumezkoak indibiduoak garela defendatu behar izan dugu askotan. Aldi berean, konpromiso hitzak oihartzun batzuk ekartzen ditu gogora, hedonistok oso gustukoak ez ditugunak: betebehar, erantzukizun eta ardurarekin lotutako oihartzunak. Biziki errefusatzen dugun judu-kristautasunaren tradiziotik aztarna gehiegi gure gorputzetarako. Ederto, bada, hor ditugu osagarri nagusiak aktibismo indibiduala sustatzeko, militantzia kolektiboaren kaltean. Agian hortik susma daitezke Arangurenek aipatu militantziarekiko egungo desprestigioaren arrazoi batzuk.

Artearen eremuko happening eta performance izenekoekin ikusten diot antza nik aktibismo kontzeptuari, nolabait. Militantzia baino indibidualagoa da. Postmodernoagoa. Arinagoa. Eramangarriagoa. Aktibismoak ez du zertan jarraitutasunik izan, aldizkakoa ere izan daiteke, gurarien araberakoa. Aktibista izateko ez dut zertan beste inorekin ados ipini, are gutxiago epe luzerako, nahikoa dut neure buruarekin, edo nire lagun gertuenekin. Azken finean, gizarte likidoan ekintza solteak era puntualean antola daitezke, bata hemen, bestea hor, lotura handirik gabe. Jakina, ez naiz esaten ari ez direla egon behar (performance-ak eta aktibismo feminista konkretuki), esaten ari naiz beharrezko ikusten dudala konpromiso kolektiboa ere. Hau da: nahi izanez gero talde baten partaide aritzea. Emakumea, antolatu eta borrokatu leloaren atzean zegoen ideiaz ari naiz. Horixe da jendarte mugimendu eraginkorra osa dezakeen bakarra. Sugar handiko momentuetan jende asko inguratzen da, baina tarte asko daude non fokuak eta arreta mediatikoa desagertzen diren, eta horietan ere hausberoak mantendu behar dira. Nahi izanez gero, jakina, erabaki pertsonala da, bai, baina kolektibo baten aurrean zertzen da, talde baten baitan soilik gorpuzten da. Konpromisoa alda daiteke, noski, edo bertan behera utzi (ez, ordea, edozein modutan, ezta taldekideak eta taldea bera aintzakotzat hartu gabe ere). Militantziak aktibismoarekiko zein boluntariotzarekiko antzekotasunak izan ditzake, baina ez da bata ezta bestearekin ere nahasten.

Arangurenek esaten zuenez, feministok esparru askotara hedatu gara, eta poz-pozik egoteko modukoa da; izan ere, feminismoaren hedapenaren kausa eta ondorioa da hori aldi berean. Lanbide eta eremu anitzetan egoten gara, eta oraindik gehiagotara ailegatu behar dugu. Baina ez genuke nahasi behar geure jarrera pertsonala eremu desberdinetan (ogitan edo lanean gaudela) militantziarekin. Azken hori trinkoagoa da. Planifikatua. Estrategikoa. Taldean adostua. Militantziak ez du ekartzen bakarrik denbora librea betetzea, edo norberaren aberastasun pertsonala handiagotzea; feminismoak aldarrikatzen duen politikoa denaren definizioaren biraketa gauzatzea baizik. Komuna eta guztiona den horretan inplikazioa eskatzen du. Ez era puntualean, ez gaur bai baina bihar hondartzara noa (militante hedoniston dilema izaten dena askotan). Berriro Arangurenen hitzak: «ekintza norberarengandik hasi arren, ekiteak elkarrekiko harreman bat ekarri behar du». Derrigorrean. Mugimendu feministaren politikaren gakoa elkarlana da. Badaude gauza batzuk bakarrik en comú egingo ditugunak. Ez artaldearen moduan, jakina, oso agindupeko txarrak gara feministok: parte-hartze aktibo eta kritikoaren bidez soilik. Nigandik hasita, gugandik jarraituz.]]>
<![CDATA[Prostituzioaren auzia feminismoan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1949/010/002/2016-06-12/prostituzioaren_auzia_feminismoan.htm Sun, 12 Jun 2016 00:00:00 +0200 Tere Maldonado https://www.berria.eus/paperekoa/1949/010/002/2016-06-12/prostituzioaren_auzia_feminismoan.htm
Nik neuk trabak eta bertuteak ikusten dizkiet bi posizioei. Neure burua erregulazionistatzat dut, baina segur aski hizkuntza txarto erabilita, adierazi nahi dudalako ez dudala uste prostituzioa debekatu edo jazarri beharko litzatekeenik, prostituzioan diharduten pertsonek beste edozeinen eskubide berberak izan beharko lituzketela, eta segurtasun berme guztiez jardun beharko luketela. Dena den, Beatriz Gimenok erabiltzen duen terminologian, ni prostituzioaren aurkakoa nintzateke, ez dudalako pentsatzen lanbide arrunt bat soilik denik, nahiz eta ez dudan eragozpenik prostituzioan nahi dutelako dihardutenen aurrean.

Feminismoaren barruan adostasunak bila daitezke, batzuek eta besteek diotena ez delako beti erabat kontrajarria, baina desadostasunak agerian daude.

Prostituzioaren «aldekoek» ikuspegi sinkroniko, atenporal eta ahistorikoa nabarmendu ohi dute: aseptikoki definitzen dute prostituzioa, ordaindutako sexu zerbitzuen eskaintza gisa, izan (bio)gizonak, (bio)emakumeak edo transak jarduten direnak. Teorian, edozeinek eska ditzake sexu zerbitzuak diru truke, baina kontua da gizonek (gizon batzuek) egiten dutela. Prostituzioa historia daukan instituzio bat da —Nietzschek zioenez, historia daukanak ez du definiziorik—. Eta bilakaera hori aztertuz gero, zailagoa da ordainpeko sexu zerbitzuez hitz egitea sexu-generoari erreparatu gabe. Historikoki, eta egun ere bai, andreek eskaini dituzte sexu zerbitzuak, eta gizonak izan dira bezero. Hori ezin da hutsalkeria izan feministentzat: ezin da minimizatu.

Prostituzioaren «kontrakoekin», aldiz, paradoxa handi bat gertatzen ari da. Emakumeak beren bizitzen protagonista bihurtu eta subjektu aktibo gisa hitza hartu izana da feminismoaren arrakastetako bat. Hortaz, ezin dugu aintzakotzat ez hartu prostitutek (edo haietako batzuek) antolatu eta hitza hartu izana, feministok mendeetan emakume guztientzat aldarrikatutako eskubideak haientzat ere aldarrikatzeko. Horregatik ez zait egokia iruditzen sistematikoki «emakume prostituituez» hitz egitea —abolizionistek egiten duten bezala—, eta hala, prostitutak pasibo bihurtzea, subjektu izaera kentzea.

Prostitutek euren eskubideak galdegiten badituzte, guk sostengatu egin behar ditugu. Baina eskubide batzuk onartzeak ez du esan nahi egitate bat aztertzeari utzi behar diogunik. Emakume batzuek jarraitzen dute senar on baten bila, familia patriarkal bat sortzeko, eta ez goaz etxez etxe andre horiei esatera zein oker dauden, baina segitzen dugu familia patriarkala aztertzen, emakumeak mendekotasunean sozializatzen dituen erakundea den aldetik. Prostituzioarekin berdin egin behar dugu: dena merkantilizatzen duen kapitalismoaren altzoan instituzio patriarkal hori hartzen ari den forma berriak jorratu behar ditugu feministok. Baina lasaitasunez, eta betirako haserretu gabe. Mesedez.]]>
<![CDATA[Erlijio ikasgaia egun-argitan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/003/2016-05-25/erlijio_ikasgaia_egun_argitan.htm Wed, 25 May 2016 00:00:00 +0200 Tere Maldonado https://www.berria.eus/paperekoa/1832/023/003/2016-05-25/erlijio_ikasgaia_egun_argitan.htm
Ez da kasualitatea Eliza katolikoa mendeetan zehar obskurantismoarekin lotu izana. Ez du argitasuna gustukoa Elizak [...]. Antza denez, iluntasuna eta itzalak omen dira misterioaren zerizana. Berdin erlijio ikasgaiarekin. Jendea erlijioa hezkuntzan egotearekin ados egon daiteke ala kontra, baina oso gutxi dira benetan dakitenak zein diren sasi-ikasgai horren egoera eta bereizgarritasunak. Nork izendatzen dituen erlijio irakasleak, nork ordaintzen dien, nortzuek jorratzen dituzten programak, zein eduki dituzten programa horiek, zer-nolako pribilegioak dituzten erlijio katolikoaren irakasleek gainontzeko irakasleekiko, zer-nolako fededun izan behar diren, eta abar luze bat. Horregatik, Eliza Katolikoa zein erlijio irakasleak saiatu dira beti honen ingurukoak isilean gordetzen, argi dakitelako informazio ezak euren alde jokatzen duela erabat.

Erlijio ikasgaiari buruz argitu beharreko galdera asko egin ahal dira. Hara hor pare bat eta, bide batez, argi izpi batzuk: zergatik izendatzen dituzte Gotzainek hezkuntza publikoko erlijio irakasleak? (Hori, katolizismoaren kasuan; beste erlijioen kasuetan, euren kleroko edo elizgizon propioek egiten dute). Oso erantzun erreza: irakaskuntza konfesionala delako. Erlijio ikasgaian ez da bilatzen erlijioen gaineko ezagutza historikoa eta kritikoa ezartzea (hori, Historian edo Filosofian edozein gradudunek egin lezake, fededuna eta Gotzainen gustukoa izan ala ez izan). Erlijio ikasgaia konfesionala izateak esan nahi du fedetik eskaini behar dela. Erlijio katolikoarekiko uste ona hedatu behar dutela. Ondorioz, historian zehar kristautasunak egin dituen basakeriak, Elizaren krimenak, teozentrismoaren akatsak, gaur egungo fedearen eta zientziaren arteko gatazkak eta bateraezintasunak hainbat puntutan eta abar erabat deuseztatu egiten dituzte erlijio eskoletan. Irakaslea proselitista izan behar da, doktrinamendua besterik ez duelako zeregin eta beteb ehar. Kristau-katoliko sinesmena ezartzea, zabaltzea eta finkatzea dute helburu. Eta hori, jakina, bakarrik fededuna den batek egin dezake.

Baina ez pentsa edozein motatako fededunak egin dezakeenik. Fedearen barruan boteredunekiko kritiko samar agertzen dena; fededuna izanda ere, pentsatzen duena sinesmena lantzeko leku egokia tenplua dela eta ez eskola; doktrina irakatsi arren, oso modu inkoherentean dibortziatu egiten dena; bere burua lesbiana aldarrikatzen duena; eutanasiaren aldeko iritzia daukana... horrelakoek ez dirudi erlijio katolikoaren irakasleen zerrenda osatzen dutenen aurrean puntu gehiegirik lortu dezaketenik. Baina imajina dezakegu halakorik benetako ikasgaietan? Inondik inora ez, ulergarria denez. [...]

Eta zelan da posible halakorik, herrialde moderno eta garatu batean, non (printzipioz) erlijio, kultu, kontzientzia eta iritzi askatasuna bermatzen diren, eta Elizak ez daukan esku-sartzerik estatu, gobernu eta administrazioan? Bada, galdera horretan aurresuposizio gehiegi egiten direlako. Ia 40 urtez estatu, gobernu eta administrazioaren bihotzean eta bazter guztietan ezarrita eta muineraino txertatuta egon ostean, Trantsizioan (Trantsizio sakratuan gainera, esan dezakegu) Elizak eta nazional-katolizismoaren defendatzaileek ez zuten onartuko, besterik gabe, hortik alde egitea. Frankismoan Espainia eta Vatikanoaren artean Konkordatu delakoa egon zen indarrean. Diktadura desagertzean (edo) Elizak eta haren aldekoek Konkordatuari jarraipena emango zioten akordioak prestatu zituzten [...] Formalki Espainiako Konstituzioaren ostekoak izan arren, materialki aurrekoak dira. Konstituzioa onartu aurretik borobildu zituzten, baina kutxa batean gorde Konstituzioa ezarri arte. Haien eduki asko Konstituzioaren kontrakoak direla salatu dute aditu ugarik, esaterako Dionisio Llamazaresek, Estatuko Zuzenbide Eklesiastikoko katedradun emerituak. Gotzainek, erlijio irakasleek eta haien sindikatuek (gure artean ELA, UGT eta CCOO) nahi beste esan ahal dute, baina akordio horietatik, eta ez beste inondik, eratortzen dira haien legezko pribilegio baina immoral guztiak. Hona hemen galdera erreza eta sinplea: ados daude sindikatu horiek akordioak mantentzearekin? Argi esan dezatela, mesedez.

Geuk akordioak bertan behera utzi behar direla defendatzen dugu, baina, bitartean, bete daitezke modu oso desberdinetan. Zoritxarrez, Madrilgo gobernuek (PPkoek, baina PSOEkoek ere bai) zein Eusko Jaurlaritzak (EAJk, baina PSEk ere bai) inoiz ez dute minimoetara jo nahi izan, itxurak itxura, alderantziz, beti egon dira oso eroso Eliza katolikoen pribilegioen defentsan.

Bada, hauexek dira eztabaida ditzakegun puntu gutxi batzuk. Beste horrenbeste proposa daitezke. Eztabaida dezagun modu irekian eta publikoan, egun-argitan. Eusko Jaurlaritzari, alderdiei, sindikatuei eta, bereziki, erlijio irakasleei egiten diegu gonbita. Orain arte, alferrik izan da beti: erlijio ikasgaiaren defendatzaileek inoiz ez digute agerian erantzuten. Baina gero eta zailago dute itzalen artean ezkutatuta jarraitzea.]]>
<![CDATA[Erlijio ikasgaiaren iruzurra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2016-01-29/erlijio_ikasgaiaren_iruzurra.htm Fri, 29 Jan 2016 00:00:00 +0100 Tere Maldonado https://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2016-01-29/erlijio_ikasgaiaren_iruzurra.htm
Zenbaitetan, departamentuen arteko elkarlana lortzen dugu. Ni neu, behintzat, askotan ibili izan naiz beste ikasgaietako irakasleen atzetik, euren klaseetan eman dutenaren berrien bila, Biologian neurona eta sinapsiei buruz, edo Kultura Klasikoan Iliada-ri buruz zer ikusi duten jakiteko asmoz.

Salbuespen bakar eta deigarriarekin: sekula ez naiz ausartu Erlijio katolikoko irakaslearekin jarduten. Bai, niretzat, argi eta garbi dago erlijio irakasgaiak eskolatik kanpo egon behar duela, baina elkarlan-gabezia horrek nire partetik Erlijio irakaslearekiko ez dauka zerikusirik nire laikotasunaren aldeko militantziarekin. Zergatik ez diot, orduan, inoiz ezer galdetu Erlijio katolikoko irakasleari? Jarrera horren atzean irakasle horiekiko auzo-lotsa apur bat dago; nola galdetu zer landu duten jatorrizko bekatuari buruz edo mistikari buruz? Guztiok ez entzunarena egin arren, badakigu zer egiten duten Erlijio katolikoko orduetan.

Ohikoa da, oso, Erlijioak oro har eta, bereziki, kristautasuna agertzea Filosofia ikasgaian. Bada, hamar urtez edo gehiagoz Erlijio katolikoko iraskasgaian egondako ikasleek ez dakite ezer kristau planteamenduaz haragiaren eta sexualitatearen ikusmoldeari buruz, barkamenaz, erospen misterioaz, ogiaren eta ardoaren mirakuluaz, Paradisuko iraizpenaz, eta abarrez.

Klasean galdetuz gero zer ikasi duten Bio-n eboluzioari buruz, edo Lite-n Barrokoari buruz, denetarik topatu ahal dugu: batzuek ez dute gauza handirik gogoratzen, beste batzuek, ordea, gehiago. Baina, modu berean, erlijio irakasgaian ikasi dutenaz galdetzean —Cain eta Abelen ahaide hiltzeaz edota lagun hurkoa maitatzeko aginte kristauaz — gehienetan erdi-barrezka hasten dira, txantxetan hartzen dute galdera, eta zera esaten dute: «Zer jakingo dugu, bada? Erlijio klasean ez da ezer egiten». Lotsagabekeria hain da handia, non zaila baita ulertzea zelan mantendu den egoera hau urtez urte, guztion aurrean eta guztion pasibotasunari esker. Aurrekoa gutxi balitz bezala, Heziberriren ezarpenarekin (LOMCEren bertsioa Euskadiko Autonomia Erkidegoan) Batxilergoan Erlijio ikasgaia lau ordukoa bihurtu dute ikasturte honetan, eta, aldiz, beste aukerako batzuk, Antropologia edo Psikologia, desagerrarazi dituzte.

Lerro hauek irakurtzean, baliteke baten batek pentsatzea Erlijio katolikoko irakasle batzuek betetzen dutela curriculuma eta, beraz, nire salaketa hau bidegabea dela; baina iritzi hori oinarri gabekoa da; izan ere, argi gera dadila, ez nago kasu horietaz hitz egiten, baldin badaude, eta ez dut ukatzen egon daitezkeenik. Baina ikastetxe askotan (ez dakit guztietan, badakit gehiegietan) ageriko sekretua da Erlijio eskoletan pelikulak bata bestearen atzean ikusten direla (Torrente el brazo tonto de la ley bezalakoak barne), eta, askotan, inolako hausnarketarik egin gabe. Hezkuntza komunitatean jende guztia jakitun dago: ikasleak, irakasleak, zuzendaritzak, ikuskariak eta hezkuntza saileko arduradunak.

Atzeko ate baten moduko bihurtu da aspalditik Erlijo katolikoko ikasgaia; horren bidez, apezpikuek izendatu dituzten irakasleek gainontzeko irakasleen gainetik pasatzeko aukera ezin hobea topatu dute lanpostu bat eskuratzeko. Horietako askok ez dute inolako asmorik Erlijio katolikoaren curriculuma betetzeko, nahiz eta horretarako kontratatu dituzten. Reli beste ikasgaien moduko ikasgaia delako ustea fikzio hutsa da, eta ezin dugu iraunarazi egun bat gehiago ere. Itxura mantentzeko ikasgai normala balitz bezala tratatu arren, guztiok jakin badakigu iruzur hutsa dela. Zer gertatuko litzateke gainontzeko irakasleok modu berean jokatuko bagenu, gure programa alde batera utzita, pelikulak eten gabe ikusteko eta ikasle guztiei nota izugarri altuak ipiniz? Urteak daramatzagu horrela.

Kalitatezko eskola publikoa eta laikoa defendatzen dugunok gure borrokari eutsiko diogu, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu Erlijio irakasgai konfesionala curriculumetik ateratzeko. Baina, mesedez, zoritxarrez bertan dagoen bitartean, ikas dezaten zertxobait, Jainkoarren!]]>
<![CDATA[Laikotasuna ala laizismoa?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3443/004/001/2015-04-12/laikotasuna_ala_laizismoa.htm Sun, 12 Apr 2015 00:00:00 +0200 Tere Maldonado https://www.berria.eus/paperekoa/3443/004/001/2015-04-12/laikotasuna_ala_laizismoa.htm laikotasuna (laicidad, laïcité) eta laizismoa. Feminitatearen eta feminismoaren arteko bereizketarekin bezala, ona eta txarra desberdindu nahi izaten dute, feminitatea ona eta feminismoa txarra dela aldarrikatzeko. Dakigunez, —ismo atzizkiak, mugimendu politikoak eta artistikoak izendatu ez ezik, mespretxuzko kutsua emateko ere erabiltzen da gazteleraz. Azken adiera hori inkontzienteki barneratuta daukagula aprobetxatuz, emakumeek femeninoak izan behar dugula errepikatzen dute, eta ez feministak. Era berean, Estatuek laikoak izan beharko lukete, ez laizistak. Katoliko horien iritziz, laikotasuna onargarria, epela, moderatua, egokia eta arrazoizkoa litzateke; laizismoa, ordea, onartezina, beligerantea, muturrekoa, arrazoi gabekoa, erlijioen kontrakoa: deabrua. Hala ote da?

XVI. mendean, Erreforma Protestantearen ondorioz, kristautasunaren batasuna apurtu zen mendebaldeko Europan. Katolizismoa eta protestantismoa zatitzearekin batera, Erlijio Gerrek erabat erraustu zuten kontinente zaharra. Tolerantziaren aldeko ideia sortu zen, sarraskia gelditu nahian. Hala hasi zen zabaltzen guretzat zalantzagabea den hori: ez dugula zertan guztiz ados egon herri berean bizi ahal izateko, elkarbizitza posible dela sinesmen ezberdinak izan arren. Apurka sinesmen askatasuna zabaldu zen. Hortik dator laikotasuna: askatasun hori bermatzeak Estatuaren sinesmenekiko neutraltasuna dakar, baita elizetatik banatzea ere. Laizismoa ez da laikotasunaren muturrekoa, perbertsioa, okertzea. Laizistak gara laikotasuna defendatzen dugunok. Feminismoaren eta laizismoaren kasuetan, atzizkiak mugimendu politikoak direla erakusten du. Ez nahastu.]]>
<![CDATA[(Ez) abortatzeko arrazoiak (II)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1513/005/001/2014-01-03/ez_abortatzeko_arrazoiak_ii.htm Fri, 03 Jan 2014 00:00:00 +0100 Tere Maldonado https://www.berria.eus/paperekoa/1513/005/001/2014-01-03/ez_abortatzeko_arrazoiak_ii.htm gehienak esatean gehiengo izugarri handia aipatzen ari gara: 2011ko Hego Euskal Herriko datuak hartuta, Nafarroako mugimendu feministako lagunek bildu eta aztertu dituztenak, horiek osatu zuten urte horretan ia %94 —bide batez, gogoratu behar da %91 izan zirela haurdunaldiaren lehenengo 12 asteetan eginikoak—. Beraz, abortuen kopurua murrizteko egin behar dena honako hau da: heziketa eta informazio sexuala zabaltzea eta bermatzea. Eta pertsona guztiak antisorgailuetara iritsaraztea.

Beraz, aukeratzeko eskubidearen aurkako eskuma katolikoak eraiki nahi izan duen iskanbila mediatikoa fetuaren sortzetiko malformazioen kontura, oso kasu gutxietara mugatzen da. Baina hori esanda, bai, egia da, emakume batzuek, haurdun egonik nahita, jaio aurreko diagnostiko probak ezagututa hartzen dute abortatzeko erabakia. Askotan esaten da, orokorrean, abortatzea erabakitzen dutenean emakumeek zalantza asko dituztela eta oso zaila egiten zaiela erabakia hartzea. Horretan ezin badut ere datu zehatzik eman, bai esan behar da, hori gertatzen bada, holako kasuetan dela, hau da, emakumea haurdun dagoenean nahi izan duelako, eta ez besteetan, nahi gabeko haurdunaldia izan denean, non —nik ezagutzen ditudan kasuetan behintzat— ez baita egoten inolako zalantzarik.

Jakina denez, gaur egun, jaio aurreko diagnostiko proben bidez, enbrioi edo fetuaren egoeraz informazioa lortzen da. Esan beharreko lehenengo gauza hemen hauxe da: emakume askok ez dutela jaio aurreko probarik egin nahi. Eta ez dute egiten. Aldez aurretik erabakitzen dute, beraz —euren kabuz edota bikotekidearekin adostuta—, edozein kasutan ere, aurrera eroatea haurdunaldia. Baina, beste batzuetan, jaio aurretiko probek erakusten duten horrek eramaten du emakumeak haurdunaldia bertan behera utzi nahi izatera. Batzuetan, jaioko den umearen ezaugarriak bateraezinak izango direlako biziarekin berarekin; edo bizitza duin batekin —bai, badakit hori zer ote den zehaztea ez dela batere erraza; hitz egin dezagun horretaz ere, jakina!—; edo oso denbora gutxi lortuko duelako bizirik egotea; edo haurdun dagoen emakumearen osasuna edo bizia bera arriskuan egon daitezkeelako abortatu ezean; edo jaioko den umearen bizi-baldintzak oso penagarriak izango direlako; edo… Feministok, kasu guztietan, azken hitzak emakumearena izan behar duela azpimarratzen dugu. Eta haren erabakia errespetatu behar dela, inolako arrazoirik edo azalpenik eskatu barik. Gainera, jakin badakigu emakumezkoek izugarrizko erantzukizunez jokatzen dutela beti, eta abortatzea erabakitzen dutenen artean, lehen esan bezala, gehiengo handi batek haurdunaldiaren lehenengo asteetan gauzatzen dutela abortua, enbrioiak nerbio sistema zentralik oraindik garatu ez duenean. Bizitza gizatiarra jaio ostean suertatzen da. Jaio arte, enbrioia edo fetua bizitza gizartiarraren proiektuak dira. Eskuma katolikoak dio gizaki osoa dagoela kontzepzioaren lehenengo momentutik, enbrioia —zelula bakarrekoa izanda ere— gizaki osoa dela aldarrikatuz —kasu honetan, Elizak ez die Agustin Hiponakoari edo Tomas Akinokoari jarraitzen, haientzat arima ez baitago enbrioiaren garapenaren lehenengo faseetan—. Eta enbrioiaren edo fetuaren bizia, beti, emakumezkoaren gainetik jartzen dute. Ez dute onartzen abortua ezta kasu gordinenetan ere —gogoratu El Salvadorreko, Nikaraguako edo Irlandako kasu terribleak—.

Europan zehar, non eskuma zibilizatua topa daitekeen, aho batez aurpegiratu diote Rajoyren gobernuari gauzatu nahi duen basakeria legedi honen bidez. Adibidez, Londreseko The Times egunkari kontserbadoreak berak kritika itzelak egin dizkio Espainako Gobernuari Abuse of power tituluko editorial batean. Egunkari britainiarrak, Espainiako lege berriak ekarriko duen atzerapenarekin harrituta, gogoratu behar izan dio Madrilgo gobernuari abortatzeko oztopoek inoiz ez dutela abortuen kopurua murriztu, baina bai emakumeen osasuna arriskuan jarri. Osasuneko eta kontzientziako kontua dela esaten du editorialak, eta Zigor Kodean ipintzea nagusikeriatzat jotzen du. Abortuen kopurua ez murrizteaz gainera, jarraitzen du editorialak, abortua legez kanpo ipintzeak zera ere ekarriko du: diru ahalmen handiko emakumeak atzerrira joatea abortatzera, behar bezalako baldintzetan; dirurik gabekoek, berriz, klandestinoki egin beharko dute, osasun-baldintza gabe, euren bizia arriskatzen. Bai: The Times egunkariak dio, ez feminista erradikalen talde batek.

Horri guztiari gaineratu behar diogu Espainiako Gobernuak, fetuaren malformazioak abortatzeko arrazoi gisa ez onartzeaz gainera, eta aldi berean, dependentziarako diru laguntzak ia bertan behera utzi dituela, murrizketen bidez. Inork pentsatzen du oraindik biziaren aldeko politika denik hau?]]>
<![CDATA[(Ez) abortatzeko arrazoiak (I)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/007/002/2013-12-28/ez_abortatzeko_arrazoiak_i.htm Sat, 28 Dec 2013 00:00:00 +0100 Tere Maldonado https://www.berria.eus/paperekoa/1688/007/002/2013-12-28/ez_abortatzeko_arrazoiak_i.htm
Azter dezagun lehenengo kasua. Abortatzea erabakitzen duten emakume gehienek erabaki hori hartzen dute haurdun geratu direlako euren desiraren kontra. Kasu horretan, nahiko argi dago zer egin behar den abortuen kopurua murrizteko eta, agian, ia guztiz desagerrarazteko: nahi gabeko haurdunaldiak ez egotea lortu. Halakorik ez balego, abortatzen duten emakume gehienek ez lukete abortatu beharko. Baina zelan lortu ahal dugu hori, bada? Proposamen anitz daude. Esaterako, eskuma katolikoak abstinentzia sexuala defendatzen du sutsuki. Eta puntu batean behintzat, arrazoi osoa dute, egia baita harreman (hetero)sexualak egon ezean ez dela nahi gabeko haurdunaldirik suertatuko. Argi dago. Baina gauza bera esan dezakegu homosexualitateri heltzen badiogu: espeziea ugaldu nahi ez dugunean, harreman homosexualak besterik ez bagenitu izango guztiok, ez legoke haurdunaldirik (horrez gain, jakina, harreman heterosexualen barnean, badaude, egon, praktika sexual asko haurdunaldira ez daramatzatenak). Batzuek pentsatuko dute hau tontakeria hutsa dela. Ba, bai eta ez. Izan ere, (ez da tontakeria) egia da, abstinentziaren kasuan bezala, praktika sexual askok ez dutela haurdunaldiaren arriskurik. Baina, bestalde (bada tontakeria), ez dira oso neurri errealistak populazio osoari proposatzeko. Askok ez dute abstinentzia praktikatu nahi (eta ez dute zertan), ezta harreman homosexualak probatu ere (zorionez edo zoritxarrez, horretan ez naiz oraingoan sartuko). Baina ez larritu: abstinentzia ez baduzu erakargarri ikusten, ez bazara homosexualitatea praktikatzen animatzen, eta penetrazioa gustukoa baduzu, oraindik ere, beste aukera daukazu: antisorgailuak behar bezala erabiltzea.

Baina aurreko guztia martxan jarri ahal izateak bi baldintza aurresuposatu eta inplikatzen ditu: heziketa sexuala eta generoen arteko berdintasuna. Badirudi nahiko argi dagoela sexu-heziketa egokia behar dugula nahi gabeko harreman heterosexualetan haurdunaldiak murrizteko. Baina emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzea ere oso garrantzitsua da: antza denez, emakume gazte (eta ez gazte) askok ez dute, adibidez, kondoia erabiltzen, sarritan, bikotekideak ez duelako nahi.

Beraz: katolikoek abstinentzia praktikatuko balute, beste batzuk homosexualitatearekin animatu, berdintasunaren aldeko ahaleginak egingo bagenitu, eta sexu-heziketa egokia zabalduko eta bermatuko balitz, ez litzateke egongo ia nahi gabeko haurdunaldirik. Amaitu da arazoa, edo gutxienez arazoaren parte handi bat.

Baina ez. Madrilgo gobernuan dagoen eskuma katoliko muturrekoak ez du arazoarekin bukatu nahi. Aldrebes: arazoa bultzatu eta sakondu nahi dute gobernuko integristek. Izan ere, muturreko eskuma katolikoko kideek ez dute ukatzen bakarrik emakumezkoon abortatzeko eskubidea. Mundu guztiak dakien legez, ikastetxeetan eta hezkuntzaren Curriculumean sexu-heziketa egotea ez dute onartzen, ezta berdintasuna bermatzea ere. Eurentzat, sexualitatea ezin da kontsideratu, berez, helburu; bitartekoa izan behar da, espeziea ugaltzeko bitartekoa, tresna, medioa, baliabidea. Horrela, ez dute onartzen sexu harremanek pertsonen arteko komunikazioa helburu izatea, edo elkarri plazera emateko bidea izatea, edo poza eta gozamena sortzekoa. Ez: seme-alabak izateko bitartekoa, besterik ez. Sexua zikina delakoan daude, bekatuaren ontzia. Emakume eta gizonen arteko berdintasunaz zer pentsatzen duten argi utzi dute, orain gutxi, emakumezkoei ezkontzeko eta menpeko izateko aginduz.

Pablo Tarsokoaren eta Agustin Hiponakoaren usteak daude kontzepzio horien oinarrian. Bi gizon horien iritziz, haragiak bekatari bihurtzen du gizakia, haragiaren irrikak bekatu-iturri dira. Ildo horretatik, mendeetan Eliza Katolikoak sexuarekin lotutako guztia kondenatu du. Esan barik doa haragia eta emakumea gauza bera direla ikuspuntu horrentzat.

Hala ere, esan behar da katolikoek zilegi dutela euren sinesmenen arabera bizitzea. Abstinentziari heldu ahal diote, lasai ederrean. Gainontzekook hori errespetatu egingo dugu guztiz. Baina gizarte demokratiko eta plural batek delitua eta bekatua bereizi behar ditu. Eta hain kezkatuta badaude abortuarekin, «hilketa» (sic) delakoan, nahi gabeko haurdunaldien kopurua murrizteko jo eta ke lanean ikusi beharko genituzke aurrerantzean abortuaren kontrakoak, heziketa eta informazio sexuala bazter guztietatik zabaltzen.

Baina azken hori desira guztiz alferrikoa dela jakinda, oraindik inork pentsatu dezake eskuma katolikoa abortatzeko eskubidearen kontra dagoela bizitzaren izenean? Edo, enbrioi eta fetutik kanpo, bizitzaz arduratzen dela? Edo bekatuaren eta delituaren arteko bereizketa onartzen duela? Benetan pentsatzen du inork, edozein zentzutan, demokraziaren aldekoak direla integrista horiek?]]>