<![CDATA[Txema Montero | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 17 Dec 2018 13:08:09 +0100 hourly 1 <![CDATA[Txema Montero | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA['I ara què fem?']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/022/001/2018-09-15/i_ara_qu_fem.htm Sat, 15 Sep 2018 00:00:00 +0200 Txema Montero https://www.berria.eus/paperekoa/1876/022/001/2018-09-15/i_ara_qu_fem.htm llaüt delakoak. Kataluniako kostaldean oporretan ibili den edonork ikusiko zituen, etengabe joan-etorrian, belaontzi isil eta txalupa motordun zaratatsu haiek, batzuk begien erakargarri, besteak belarrien erasoan. Horren guztiaren erdian, aipatzekoak dira txalupa azkar-azkar horiek, batetik bestera abiada bizian pasatzen direnak, ia hegan alderik alde, hamster eroak balira bezala. Txalupa horien lema gobernatzen duten patroiek atsegin dute olatuak erdibitzea, zenbat eta apar gehiago, hainbat hobe; beste abiapuntu batera iristea dute helburu bakar, berriz ere beste norabait abiatzeko berehala, kala edo ainguratoki, abiada bizian.

Antza denez, sakonera gutxiko uretako marinel horiek zera esan ohi dute itsasaldi labur eta bizkorrok amaitzean: «eta zer egin behar dugu orain?». Lehorra eta errotikoa da umore katalana, eta, hala, izen hori eman diete itsasontzi —eta patroi— horiei: i ara què fem, lurreko eta itsasoko ipurtarin presatsuak bereizteko esaldia.

Tenkatze eta lasaitze dinamika

Ez zait metafora hoberik bururatzen azaltzeko zertan den gaur egungo Kataluniako politika, hein batean kaotikoa eta maiz suntsitzailea. Litekeena da Espainiak eta Kataluniak ez lortzea harmoniazko harremanik, independentistek eta unionistek, biek ala biek baitituzte ziurtasun sentimental batzuk elkarren aurkakoak direnak eta eztabaida orotik kanpo daudenak. Fedeaz ari gara, fede-egitura batzuez zeinek zuzeneko gorrotoa piztuko luketen baldin eta bi taldeak ez balira elkar aztertzen ari, zirkuluan, galdetuz bezala: i ara què fem?

Nik xingola horiak jarri, zuk kendu. Nik adierazteko dudan eskubide demokratikoa erabili, zuk galarazi. Nik Konstituzio idatzia inbokatu, eta zuzenbidea nahierara erabili, matxinada esanez masako protesta baketsuari; zuk, berriz, erabakitzeko eskubidea inbokatu, itxuraz jaiotzetikoa dena eta ez duena beste araurik salbu eta martxan dagoen herriaren borondatea. Demokraziak, askatasunak eta halako balioek ez baitute zutik irauten haietaz hitz egite hutsez, sarri errepikatze hutsez.

Eztabaida politiko guztia tenkatze eta lasaitze dinamika batean bildua dago, eta beti gauza berak errepikatzen dituzte, ideia konplexuak formula errazetara murriztuz esloganetan (edo mantretan): «Independentzia-Errepublika / Demokrazia-Konstituzioa».

Kataluniako prozesuan gertatu ez direnak

Dena den, gertatu ez den hori da interesgarria: ez da gertatu eraso larririk, indarkeria ekintza orokorrik edo gorroto gordinezko aurrez aurrekorik. Uste dut independentistak ari direla beren buruari gehien eusten. «Gorrota dezakezu, eta zeure burua galdu»: mezu hori ateratzen bide da haien buruzagiak preso dauden kartzeletatik eta babestzat hartu duten erbestetik.

Mezu zentzuduna da, historiari begiratuta —Euskal Herrikotik hasita— argi ikusten baitugu gatazka zibilean basakeriaren zaleak ateratzen direla beti, gizarte guztietan baitaude. Horren inguruan, ezinbesteko elkarrizketa bat irakurtzea gomendatzen dut, duela 40 urte Koldo Mitxelenak Eugenio Ibarzabali emana, egun ere gaurkotasunezkoa baita.

Unionistek, Ciudadanos buru dutela —alderdi horrek batu zuen boto gehien azken hauteskundeetan—, abantaila dute, erabateko babesa ematen baitiete komunikabide gehienbat espainolistek eta ukaezina baita gutxienez Kataluniako biztanleen erdiak alde dituztela. Egia hori ez zaie komeni independentistei, eta asumitzen dute, baina baita saihestu ere.

Gertatu ez den beste zerbait matxinada betea da. Independentistek izozkailuan gordea daukate Parlamentua; handik, independentzia deklarazioa berraktibatu ahalko lukete, baina ez dute egiten, eta ez egite horretan bat datoz Espainiaren jazarpen ziurraren kontrako zuhurtzia naturala eta aldarrikapen-tentsioari kontrolpean eusteko asmoa. Baina gogoan izan behar dugu lagun minen arteko traizioa ugari izaten dela matxinadetan: hain zuzen, independentista batzuek tinko eusten diote «orain eta dena» banderari, eta bestetzuek, mailakatuagoak direnez, independentziaren eta autonomiaren arteko zerbait lortu nahi dute, edo agian bakarrik egiaztatu elkarrizketa ezinezkoa dela.

Nabigatze zoro baten turbulentzia posibleak

Gertatu ez den beste gauza bat Espainiako gobernuaren eutsitasunean dago, eta hori, nire ustez, haren jarrera onaren, ahultasun handiaren eta eutsiezinezko zalantzaren ondorio da: beste i ara què fem bat. Bien bitartean, Espainiako Estatu esaten diogun instituzio eta sinbolo multzo hori, Koroan bildua eta harrek guztiz jana, ez da gai independentisten berehalako eskariei erantzuteko: behar horiek elkarrizketa emankorra eta jazarpenaren jaitsiera dira.

Ez dakit Kataluniako prozesuaren hasieraren bukaeran gauden, edo bukaeraren hasieran. Turbulentzia hauek espero dira Diadaren ondorengo asteetarako: erreferendumaren urteurrena, Parlamentua berriz aktibatzea, buruzagi presoen epaia... Horiekin guztiekin, baliteke tentsioak gora egitea eta ondorioz konfrontazio zibil bat gertatzea, eta, batetik bestera ero moduan nabigatuz bezala, ondorio bakar bat izatea: hasi eta galdetzea «i ara què fem?».

(Erredakzioan itzulia)]]>
<![CDATA[Kale-argi baten eraistea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/016/003/2017-12-14/kale_argi_baten_eraistea.htm Thu, 14 Dec 2017 00:00:00 +0100 Txema Montero https://www.berria.eus/paperekoa/1832/016/003/2017-12-14/kale_argi_baten_eraistea.htm
Hauteskunde eztabaidei begira nago, eta iruditzen zait kale-argi bat —hau da, DUI— eraitsi izanaren ondorioei buruzko eztabaida bat ikusten ari naizela. Prozesuari —beste termino bat jadanik zaharkitua— sinpatiaz begiratzen dioten euskal herritarrek, porrot independentistaren ondorio materialei ez ikusi eginez, diskurtso abstraktu bati ekin diote, eta argiaren balioaz mintzo zaizkigu, erabakitzeko eskubidearen garrantziaz. Kataluniako alderdi politikoak, berriz, errealitaterik gordinenean baitaude, banaturik daude: batzuek kale-argiaren burdina nahi dute, ilunpetan egon; batzuek uste dute ez zuela nahiko argitasunik ematen, eta beste batzuek, argitasun handiegia ematen zuela. Batzuek udal ekipamenduren bat suntsitu nahi dute, edo beste zernahi. Jarri asmo bakoitzari Kataluniako alderdi baten sigla, eta hauxe ondorioztatuko duzue: azkenean, denak ilunpetan.

Horixe da Kataluniako hurrengo hauteskundeetarako nire pronostikoa: iluntasuna. Ez dut uste bloke subiranista nagusituko zaionik unionistari, ezta alderantziz ere. Ez dut uste bloke bakoitzaren barrenean alderdi bat gailenduko denik besteen gainetik. Zinez, ez dut uste blokeez hitz egin daitekeenik ere: hain dira asimetrikoak, bai bata bestearen aldean, bai bakoitza bere osaeran, ezen osoa ezin baita ulertu parte baten arabera bakarrik.

Nik neurea, eta besteak hor konpon: hori izan da 155. artikuluaren aplikazioaren ondorio makurra, eta horrek berdin-berdin balio du bai nagusi izateko lehian dabiltzan alderdi subiranistentzat eta bai unionistentzat, beste hainbeste egiten ari dira eta. Zintzotasun falta mingarri bat dago Kataluniako politikarien artean. Salbuespena CUP da, baina iragartzen dut bere koherentzia intrantsigenteak ez diola emaitza onik ekarriko, joko politikoak ziaboga egin baitu printzipismotik errealismo politikorik arruntenera. Kataluniako bizitza politikoa aritmetika huts bihurtu da, batuketak eta biderketak egiteko ariketa huts, zenbakien eta zifren gurpil zorabiagarri. Inolako alderdik ez du egitasmo komun baterako proposamenik egin, ezta aliantza komunei buruz hitz egin ere. Aldez aurretik hauteskunde emaitzen kontuan galdurik dabiltzanez, posibilitate askotako etorkizun bat galduko dute.

Gainera, jokalari ikusezin bat dabil emaitzen gainetik: dirua, zeinak, antza denez, bizia esan nahi duen, dena egiten duen. Bene-benetakoak dira ihes eginiko hiru mila enpresak, industria gune handiak lekualdatzeko mehatxua, joan-etorri turistikoen edo etxe merkatuaren jokabidearen inguruko zalantzak. Eta duda egiten dut hori guztia ez ote duten kontuan hartuko hautesleek, zeinek samaldaka joko duten bozkalekuetara, seguru asko.

Horra hor gakoetako bat: alde egin dutenen boterea eta geldirik geratu direnen boterea aurrez aurre. Subiranismoak sorturiko ziurgabetasun ekonomikoek motibatuko ote dituzte hautesle erabakigarriak, hau da, orain arte hauteskunde autonomikoez edo prozesuaz paso egiten zuten horiek? Gerta litekeen hauteskunde mobilizazio horri kontrapisua jarriko ote dio lanturua garaipen kantu bihurtzen duen urguilu minduak? Hautesleak mobilizatzeko ez da aski printzipio abstraktu bat: zerbait emozional behar da, arrunt motibatua dagoen zerbait. Kartzela, erbestea —euskaldunok badakigu zertaz ari garen—, grina politikoaren erregai indartsuak dira.

Katalunia mediterraneoa da, eta Euskadin ahaztu egiten zaigu frankotan. Duela gutxiko solasaldi batean, buruzagi subiranista nabarmen batek horixe gogorarazi zion Andoni Ortuzarri, eta hark niri kontatu zidan. Politikari katalanak ohartarazi zuen eten bat dagoela bere alderdiaren eta hautesleen artean, merkataritzaren harako oinarri haren ondorioz: bezeroak arrazoi du beti; oraingo honetan, ANCk eta Omnium Culturalek mobilizatutakoek. Merkataritza kontratu bat litzateke, beraz. Euskal alderdiek, haren ustez, bizirik irauteko esperientzia pilatu dute: errealitate soilarekin moldatu beharra daukate bizirik irauteko. Beraz, kontratu existentzial bat litzateke.

Baina jainko-jainkosa grekoak ere badira Mediterraneoa. Homerok, Odisea-ko IV. kantuan, kontatzen digu Proteok maite duen horren forma hartzen duela. Jainko txiki bat da, jakintza handikoa, eta hainbat forma hartzeko gai da, galderei ihes egiteko. Erantzutera behartzeko modu bakarra dago: gogor eustea, ostera bere jatorrizko forma hartu arte. Susmoa dut abenduaren 21eko hauteskunde emaitzak ez direla izango Kataluniak bere jatorrizko forma edo beste inolako forma ezagun onartzeko bezain argiak, eta dena ilunpetan geratuko dela.

(Erredakzioan itzulia)]]>
<![CDATA[Orduak beren gisa kontatuz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/017/003/2017-09-03/orduak_beren_gisa_kontatuz.htm Sun, 03 Sep 2017 00:00:00 +0200 Txema Montero https://www.berria.eus/paperekoa/1832/017/003/2017-09-03/orduak_beren_gisa_kontatuz.htm un cuarto de tres ordu biak eta laurden dira; dos cuartos de tres, ordu bi eta erdiak; eta tres cuartos de tres, hirurak laurden gutxi. Erreferentzia beti da jotzeko dagoen ordua, eta ez jadanik jotako ordua: ordu biak eta laurden, eta ordu bi eta erdiak. Laurdenka kontatzea zehaztugabea denez, hiruretarako zenbat minutu falta diren jakin nahi baduzu, hiru laurden i mig erantzungo dizute. Eta erdi horretan, hainbat minutu kabitzen dira, eta, beraz, zehaztugabea da, baina hurbilago dago ordu zehatzetik. Procés catalá-ren orduen liburua ere ondoz ondoko zehaztugabetasunen eredu horrixe segika dabilkio, baina helburu argi batekin. Erreferenduma urriaren 1erako seinalatu dutelarik, lehen laurdena, hirutik bat, Kataluniako Parlamentuko erregelamendua erreformatzea izan zen, deskonexiorako legeak prestatzeko. Bigarren laurdena, hirutik bi, Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Lege iragarri berria. Hirugarren laurdena, hirutik hiru, Autodeterminazio Erreferendumerako Legea, zeina oraindik ez baitu tramitatu Parlamentuaren Mahaiak. Laugarren laurdena, hirurak: urriaren 1erako deituriko erreferendumeko baiezko botoak ahalbidetuko luke independentzia Kataluniako Konstituzioaren esparruan.

Badira hogei Empordaneten ematen ditudala udak, Gironan. Eguzkia, haizea eta politika osagai dituzten oporrak. Ibilaldi motzak eta bazkaloste luzeak, chafardeando; han halaxe esaten diote lagunekin eta auzoekin erdi berriketan eta txutxu-mutxuka jarduteari. Hizketan jarduten dugu Euskadiko egoeraz, Kataluniakoaz, eta beti hondarrean Espainiakoaz. Duela urte batzuk, guk erantzun behar izaten genien, besteak beste, Ibarretxe planari, ETAren amaierari, kontzertu ekonomikoari edota euskal presoei buruz egiten zizkiguten galderei. Azken bost urte hauetan, haiek erantzun behar izan dizkigute, esaterako, Kataluniako Estatutuaren erreformari, Konstituzio Auzitegiaren garbiketa sententziari edota Kataluniako prozesuari buruz egin dizkiegun galderak. Aurtengo udan, presente izan dugu isiltasuna; izkin egin diote nola amaituko den ez dakiten horretaz hitz egiteari. Otordu bat egin genuen lagun neoindependentista batzuen etxean, «ni lehen ez nintzen independentista, baina orain bai» aitortu ohi duten horietako batzuenean; euskaldunontzat, hori harrigarria da, bai baitakigu denborak ondutako fruta dela independentista bat, izozteari eta haizeteari aurre egin eta bizirik iraun duena. Ez zaiteztela okertu, baina, neoindependentistak garrantzitsuak baitira Kataluniako prozesurako, ugari eta transbertsaltasun handikoak direnez sendotasuna ematen baitiote. Lau orduko bazkaloste luzea egin eta gero, nire andreak harrituta galdetu zien ea zergatik ez genuen hitz erdirik egin Kataluniako egoeraz. «Ez dugu horretaz hitz egin, ez dakigulako zer kontatu zuei», erantzun zioten. Eta hauxe gehitu: «Beldurra sentitzen dugu, baina ez mehatxuren batek eragindako beldur erreal bat, hala nola autonomia bertan behera uzteko mehatxuak, Mossos d'Esquadra Guardia Zibilaren tankerakoa bihurtzekoak, edota erreferenduma antolatzen elkarlanean parte hartzen dutenak auzipetzekoak eragindakoa. Iruditzen zaigu akidura erabatekoa eragingo duela azkenean, beldurrak jende normal eta arruntarengan eragin ohi duenez. Beldurrak paralizatu egiten du bat; nondik zoazen ez jakiteak ez dizu uzten paralisia gainditzen».

Irmoa eta ausarta dirudi alderdi independentisten mugimenduak. Ez ustelkeria kasuek —Pujol familian pertsonalizatuek—, ez Rambletako sarraskiak, ez dituzte aldatu Kataluniako prozesuaren ibilbidea eta erritmoa. Ustelen bereizgarria da beren errugabetasuna aldarrikatzea; biktimena, berriz, isiltzea, krimenak ahotsik gabe uzten baititu; baina deigarria da gainerakoek —zintzoek eta bizirik iraun dutenek— eskurik ez altxatu izana, gertatutakoari buruzko gogoeta handiagoa eskatzeko. Prozesuak hainbesteko zentraltasuna du katalanen egunerokoan, izugarrikeria bera gainezkatzen baitu. Subiranisten estrategia, hain zuzen, balitz bezala egitea da. Gobernuaren eta parlamentuaren iraultzak, goitik, herriko oinarriak adoretuko balitu bezala. Hau guztia estatu erabat demokratiko batean gertatuko balitz bezala, gai dena bere gain hartzeko bere parteetariko bat banantzea, eta, kontrara, gertatzen ari den moduan, posible izango balitz bezala independentismo alde batekoa. Espainiaren estrategia ere balizko balitz bezala egitea da. Independentismoaren goraldia funts politikorik gabeko buru nahasmendu kolektibo baten emaitza izango balitz bezala. Alderdi subiranistak beren txokokeriaren eta diruzalekeriaren biktima izango balira bezala. Konstituzioa eta legea gai izango balira bezala espainol sentitzeari utzi dion herritarren parte handi bat atxikitzea lortzeko. Espainiako Gobernua, orain artean tentuz ibilia baita, atezuan dago, Kataluniakoak noiz huts ikaragarriren bat egingo. Eta Kataluniakoa, irrikaz, espainolek noiz joko duten beren ohiko neurrigabekeriara, eta erreferenduma indarrez eragozten, eta pilota artasorora jaurtitzen. Aurrez aurre dugun partida honetan, aspaldi galdua dute pintura kantxako motz eta pasa hitzek. Orduak presaka doaz, eta desberdin kontatzen dira; nork kontatzen dituen. Batzuek laurdenak gehitzen dizkiote partidaren bukaerako orduari: erreferendumari eta independentziari. Besteek, hasierako orduari: indarrean dagoen legeari eta Konstituzioari. Denborak alderantziz kontatuagatik, data berbera da bientzat ere urriaren 1a, egun beteko eternitatea, zeinaren oroitzapen bakarra bailiteke porrot doble bat izatea: elkar aditu ezina eta porrotaren ebidentzia. Halako gauzak gertatzen dira bihotz taupadaka kontatzen baldin bada denbora.

(Erredakzioan itzulia)]]>