<![CDATA[Txema Ramirez de la Piscina | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 26 Nov 2022 21:12:43 +0100 hourly 1 <![CDATA[Txema Ramirez de la Piscina | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Etika digital berria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2022-11-13/etika_digital_berria.htm Sun, 13 Nov 2022 00:00:00 +0100 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2022-11-13/etika_digital_berria.htm
Cardaño de Arriba. 2022. Palentziako herririk altuenean gaude, 1.420 metrotan. Erroldaren arabera, hiru pertsona bizi dira bertan. Hotz itzela egiten du. Udaro zenbait familia —batzuk euskal herritarrak— elkartzen dira bertan, ingurumenaren joritasunaz gozatzeko. Aurten, abuztuak 9 zituen, eta termometroak 30 gradu seinalatzen zuen. Erabat ezohikoa. Erabat harrigarria bertokoentzat ere. Bazkalostean geunden, giro ederrean, txupitoak gora eta behera, Cardiel errekaren alboan, urki baten abaroan. Mahaikideetako batek urteak daramatza Madrilen lanean. Bertan bizi den giro itogarria honela deskribatu du: «Egun, Ayusok edozer egin lezake; esaterako, Sol plazara atera eta lauzpabost herritar hil eta, hala ere, ez litzaioke ezer gertatuko. Jendeak berari botoa ematen jarraituko luke». Han eta hemen, txakurrak oinutsik.

Nola iritsi gara hona? Andoni Olariagak aste honetan (BERRIA, azaroak 8) deskribatu duen Internazional erreakzionarioaz gogoratu naiz. Antzera jokatzen dute denean: AEBetan, Brasilen edo Espainian. «Elite progrea» dute jomugan, LGTBIQ+ kolektiboak, migratzaileak... Alternatibotzat jotzen dute beren burua (Alt-Right) eta zuzentasun politikotik at ibiltzea maite dute. «Gu gara sumindu berriak», diote. Beren mezuetan adjektibo ugari irakurriko dituzue, baita instinturik baxuenetara eta emoziorik sakonenetara zuzendutako deiak ere. Oso seguru ageri dira, ongien ezkutatutako sekretuaren jabe baitira. «Hau ez duzu beste inon ikusiko», beren lelo faboritoenetako bat da.

Albiste faltsuek noranzko guztietan aktibatzen dute polarizazioa: aldekoak gotortu eta etsaiak ernatzen dituzte. Hala gertatu berri da Brasilen, eta baita, neurri apalagoan akaso, AEBetan ere. Batzuen ustez, Bolsonaroren porrotak fake-news-en urrezko garaia igaro dela adierazten du. Lularen aurkako albiste faltsuek (Lula, lapurra, ustela!) identitate bolsonarista ernamuindu badute ere, haren aurkako jarrera ere nabarmen gogortu dute.

Bistan da gorrotoaren diskurtsoak jende umil askoren gogoa konkistatu duela. Alferrik da, ordea, orain aieneka hastea. Hori guztia zergatik gertatzen den aztertzea da gakoa. Honatx galdera posibleetako bat: nola liteke Trump bezalako fenomeno batek —AEBetako iritzi emaile prestigiodun eta komunikabide indartsuenen kontrako iritziak dituena— horrenbeste oihartzuna izatea? Horrela izan al da beti?

Prentsa eta boterea

Kaliforniako Santa Barbara unibertsitate publikoko Gerhard Peters eta John T. Woolley ikertzaileek urteak daramatzate AEBetako hauteskunde presidentzialak aztertzen (The American Presidency Project egitasmoaren barruan). Beren datuak publikoak dira. Edonork eskuratu ditzake. Sarean daude.

2016ko hauteskundeetan, adibidez, AEBetako kazetarik garrantzitsuenen artean batek soilik eman zion espresuki babesa Trumpi. Beste 61ek Hillary Clinton aupatu zuten. Jakina da aurrena izan zela presidentea. Iritzi publikatua versus iritzi publikoa. Clinton sostengatu zuten kazeta dezentek Trumpen jarraitzaileen hira jasan zuten. Erredakzioen aurrean kontzentrazioak, harpidetzen baja ugari... Presio horrek eragina izan zuen 2020an. Duela bi urte zazpi egunkarik eman zioten babesa Trumpi. Bidenen aldekoak 44ra jaitsi ziren. Beste 44k «neutral» agertzea nahiago izan zuten (2016an 21 izan ziren). Trumpek galdu zituen hauteskundeak, nahiz eta 74 milioi boto izan. Bidenek 81 milioi eskuratu zituen.

Prentsak eta, oro har, komunikabide hegemonikoek sinesgarritasuna galdu dute, baita jendearengan eragina izateko ahalmena ere. Iritzi publikoa sortzeko mekanismoak aldatu egin dira azken bi hamarkadetan. Erabat, gainera. Kazetarik handienen babesa izateak ez du presidentetza bermatzen. Sare sozialetan ongi kokatuta egoteak, edota arerioa egoki zikintzeak... agian bai.

Hauteskunde lehiak ez dira batere leialak. Polarizazio ikaragarria bizi du munduak. Kosta ahala kosta, irabazteak balio du soilik. Berdin dio zein den bidea: gerrak, herrak ala ur uherrak. Ur garbietan igerian dabilena inozotzat hartzen da.

Bizkitartean, erabiltzaile digital arruntok hortxe dihardugu, egunero gure kontraesanetan katramilatuta. Big data XXI. mendeko urre likidoa dela jakinda ere, tema eta dema segitzen dugu gure datuak alaiki oparitzen: orain Elon Musk-en Twitter-i, bihar Mark Zuckerberg metabertsoari, etzidamu auskalo zein aplikaziori eta egunero, hamaika aldiz, Googleri. Musk, Zuckerberg eta enparauak aktore geopolitikoak dira, Ukrainako zeruetan bezala, lurrean ere.

Markus Gabriel filosofo alemaniarrak arrazoi du erraldoi teknologikoen boterea mugatu behar dela aldarrikatzen duenean. Ez. Gu ez gara erabiltzaile soilak. Proletario digital bihurtu gara. Bihurtu gaituzte. Baina ez gara batzen. Ez dugu ezer ikasi. Musu truk saltzen dugu gure eskulana, trafikatzaileek gainbalio horrekin etekin izugarriak izan ditzaten. Bakoitza bere kasara dabil (nabil, habil...), nor bere burbuilan, nor bere oihartzunaren hots biderkatua entzuten, nor bere mikrounibertso irrealean (eroso?), aldamenetik igaro denari erreparatu gabe. Gure pribatutasuna multinazional horiei oparitu diegu, gure iruditeria sinbolikoa eraikitzeko baimena eman egin diegu apenas zergarik ordaintzen ez duten lapur horiei. Apple, Microsoft, Amazon, Alphabet, Facebook, TikTok eta enparauek laster eskatuko dute jarleku bat Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian. Ez. Horrek ez du ezertarako balio. Segurtasun Kontseiluan egoteko eskubidea exijituko dute, beto eskubidea izateko. Ez al dute bada beraiek nazio eta estatu askok baino gehiago agintzen? Ez al dute bada beraiek egunero albiste faltsuen trafikoa ahalbidetzen? Ez al dira bada gure kontura egunero aberasten?

Munduko proletario digital guztiok, batu gaitezen. Aldarrika dezagun etika digital berria. Bestela, gureak egin du.]]>
<![CDATA[Infokraziaren mende?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/021/002/2022-10-09/infokraziaren_mende.htm Sun, 09 Oct 2022 00:00:00 +0200 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1950/021/002/2022-10-09/infokraziaren_mende.htm
Desira eta premia, modu berean transmititzen zituen egoera zen. Ba al dago biharamunik? Antsietatea gero eta hedatuago dago gaurko gizartean. Aurreko artikuluan esan genuen bezala, gero eta herritar gehiagok esperimentatzen du albisteen ikaratik alde egiteko beharra. Arrats horretan bertan albistegiek marraztutako panorama bereziki beltza zen: Europako gerra gori-gori, mehatxu nuklearra ate joka, hipotekak goraka, ultraeskuinaren itzalak hegaka... «Beraz, bota dezagun zerri askara agortzear den mundu arraro eta zakar hau. Orain, maitea, lehen baino lehen aska gaitezen». Aurreikusitako gidoia zirudien: Hertzainak. Aitormena. Gasteiz. Non, bestela?

Hil artean diberti gaitezen, bada. Carpe diem topiko literarioaren bertsio gaurkotua. Bizi dugun nihilismo berriaren adierazle. Egiarekiko, albisteekiko fedea galtzen dugun unea da gurea. Byung-Chul Han filosofoaren iritziz, «nihilismo berri hau XXI. mendeko fenomenoa da, informazio-gizartearen distortsio patologikoaren emaitza». Gehiago ere esaten du: «Fake news-en garai honetan, desinformazioa, konspirazio-teoriak nagusi diren honetan, errealitatea eta egitate faktikoak lurrundu egin dira. Informazioa, orain, errealitatetik guztiz urrunduta dabil, eremu hiper-erreal batean».

Fake news aipatzen hasita, hona beste pasadizo bat, bizi dugun egoera arraro honen adierazgarri. Hau ere Gasteizen gertatua, duela aste batzuk, idortearen faserik gordinenean, gure auzoko ogi-dendan. Oso leku ezagun eta erreferentziala da. Duela bospasei hamarkada ireki zen, eta denetik saltzen da bertan: mota desberdineko ogiak, kazetak (BERRIA barne), Zamorako txilarrezko eztia, saltxitxoia, urdai-azpikoa, pastelak, loteria, prentsa arrosa... Goizean goiz irekitzen du. Bezeria langilea du. Astegun buruzuria zen, eguerdia. Denda hain da txikia, ezen bezeroek banan-banan sartu behar dute barrura. Horrek ahalbidetzen du saltzailearen —jubilatzeko adinean dagoen eskarmentuko emakumea— eta eroslearen arteko konplizitatea. Ni sartu baino lehen atera zen gizona 70 urte ingurukoa zen. Saltzailea (auzoko soziologorik onena), intzirika harrapatu nuen, bekainak gorantz igota, harridura aurpegiarekin. «Zer pasatzen da, bada?», galdetu nion. «Hara non, atera den horrek dio bizi dugun lehortea Sanchezen errua dela, zuk uste duzu? PPko jendez inguratuta gaude, Txema!». Txundituta geratu nintzen.

Etxera etorrita, sarea arakatzen hasi nintzen, eta hara non topatu nuen tipo honetako albiste ugari: «Juanma Morenok Pedro Sanchezi leporatu dio Andaluziak bizi duen ur eskasiaren errua». Orduan ulertu nuen gizona nola ailegatu zen ondorio horretara. Kontsumitzen duguna gara, garbi dago.

Informazioaren sarbideak

Byung-Chul Han-en azken liburuan agertzen den hipotesia (Infocracia. La digitalización y la crisis de la democracia, 2022) harago doa. Bere ustez, gaur egun demokrazia degeneratzen ari da, eta horren emaitza infokrazia litzateke. Han-en aburuz, informazioaren gizartean baino gehiago informazioaren erregimenean bizi gara. Eta hori da infokrazia: menpeko egoera bat non informazioa eta bere prozesamendua gai diren —algoritmoen eta adimen artifizialaren bidez— gizartean izaten diren prozesu politiko, sozial eta ekonomikoak mugatzeko. Hipotesi horri jarraikiz, egun boterea lortzeko ekoizpen-bideen jabetza izatea ez da giltzarri. Informazioaren sarbideak edukitzea bai, ordea. Testuinguru horretan azaltzen dira Trump, Bolsonaro eta enparauek erabili dituzten tresnak iritzi publikoa bideratzeko. Ultraeskuina edozer esateko gai da, gezurra dela jakin arren.

Ez dira, baina, ohiko gezurtiak, haiei bost axola baitzaie zer den egia, eta zer gezurra. Baliabide tekniko eta ekonomiko izugarriak dituzte asmatutako errealitate paraleloak —gezur biribilak— egia direla sinetsarazteko. Psikometria dute beren alde; hau da, datuetan (big data) oinarritutako prozedura, herritarren nortasuna eta aldartea jakiteko eta bideratzeko. Cambridge Analytica harro zegoen AEBetako milioika biztanleren profil psikometrikoen jabe zelako. Sentimenduak, zirrarak —ez arrazoibideak— dira orain komunikazio politikoaren ardatz, arerioei botatzen zaizkien jaurtigaiak (komunismoa edo askatasuna).

Han-en diagnostikoa gordina da oso: «Hauteskunde kanpainak informazio-gerrak bailiren planteatzen dira. Arrazoibide onenak ez dira garaile irteten, algoritmo inteligenteenak baizik. Diskurtsoaren amaiera da». Liburuaren amaiera erabat apokaliptikoa da: «Ordena digitalak informazioaren iheskortasunari eman dio bide. Bistan da egiaren garaia amaitu dela. Informazioaren erregimenak egiaren erregimenari gaina hartu dio. Egia hauts informatiboaren baitan desegiten ari da, haize erauntsi digitalak bultzatuta. Egia episodio labur bat baino ez da izango».

Liburua amaitzean, txiki-txiki eginda geratu nintzen. Ikaratuta. Egoera totalitario global baten atarian gaude? Hain larria al da egoera? Inozoak ginateke Han-ek mahai gainean jarritako kezkak eta ebidentziak alde batera utziko bagenitu. Hala ere, zenbait ñabardura egin behar direla uste dut. Lehena: diagnostikoa ezin da mundu osorako berbera izan, AEBetan, Italian, Txinan edo Euskal Herrian (esaterako) ditugun egitura eta sistema informatiboak oso desberdinak baitira. Bigarrena: erresistentzia digitalerako eta gogoeta kritikorako tarteak ere gero eta gehiago dira, logika anker hori desafiatzen duten eremuak. Baina mehatxuaren gordinak ikara sortzen du, baita erreakzionatzeko beharra ere.

Susta ditzagun komunitatea ardatz eta gogoeta kritikoa iparrorratz dituzten eremu komunikatibo horizontal eta parte-hartzaileak. Era horretan soilik gai izango gara infokrazia horrek marraztu digun belztasunari aurre egiteko.]]>
<![CDATA[Albisteen beldur]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/014/002/2022-09-11/albisteen_beldur.htm Sun, 11 Sep 2022 00:00:00 +0200 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1957/014/002/2022-09-11/albisteen_beldur.htm eskapismoa dela? Ez dakit. Baliteke, baina gero eta gehiago ematen ari da. Esan ohi da pertsona bakoitza unibertso bat dela. Nago, ordea, unibertso ugari metatzen direla pertsona bakoitzaren baitan.

Uda honetako pasadizoa. Bierzoko Ancares haraneko alozetan gertatua, xarmadun herri ttipi batean, Pereda de Ancaresen. Erroldan 54 bizilagun baino ez. Benetan bizi-bizi, 21. Hala ere, udal kanpina dute, landa-etxe, jatetxe eta solas-leku funtzioak betetzen dituen gune bat, zura lantzen duen artisaua, erlezain bat eta, batik bat, jende umil eta jator asko. Kanpinean izan ginen. Azpiegitura apala da. Ez du zerikusirik Mediterraneo aldean edo euskal kostaldean dauden kanpinekin. Merkea eta duina da. Bertara hurbiltzen den jendea naturaz gozatzera doa: ehun urtetik gorako gaztainondoen dotoreziaz, txilardiek eskaintzen duten kolore-festaz... dastatzera, hartz arrea ikusteko esperantzaz... eta noski gailurrak egiteko asmoz (Cuiña, Miravalles, Mustallar...). 30-40 urte bitarteko bikote batek kudeatzen du kanpina: Monicak eta Danik. Oso jende gutxi zegoen kanpinean eta horrexek solasaldi mamitsuari bide eman zion. Monicak halako aitortza egin zigun bat-batean. «Nik hemen denetik daukat: bakea, natura... eta zoriontsua naiz. Zertarako gehiago? Lugotik etorri nintzen duela urte batzuk mundutik ihes egiteko nahian. Albisteek izutu egiten naute. Ez dut ezer ikusten edo entzuten. Ez naiz sare sozialetan ibiltzen. Pentsa, Ukrainako gerraren hasieraz lagunen bitartez jabetu nintzen. 'Ez zara enteratu ala?', galdetu zidaten harrituta. Eta, hala ere, zoriontsua naiz». Monica pertsona formatua da, klima aldaketaz oso kezkatuta dago. Baina, albisteen zaparrada errepikakor etengabeak aztoratu egiten du. Horregatik, komunikabideen jarioari uko egitea deliberatu du. Harrigarria?

Berea ez da, inolaz ere, kasu isolatua, gero eta ohikoagoa den fenomenoa baizik. Pasa den ekainean, Oxford unibertsitateko Reuters institutuak urtero kaleratzen duen Digital News Report 2022 txostena plazaratu zuen. Ikerketa mardula da, mundu mailako 46 estatutako 96.000 pertsona elkarrizketatu baitira inkesta horretan, planetako populazioaren erdia edo ordezkatzen duena. Honatx flash batzuk. Kazetaritzaren eta publikoaren arteko etena handituz doa (albisteekiko interesa hamabi puntu jaitsi da bost urtetan, %63tik %51ra). Komunikabideen sinesgarritasunak degradatuz jarraitzen duen bitartean, Reuters institutuak beste fenomeno kezkagarri bat nabarmendu du: albisteen saiheste selektiboa praktikatzen duen jendea: %29 izatetik (2017an) %38 izatera igaro da (2022an). Horrek esan nahi du mundu osoko populazioaren heren batek baino gehiagok —sarritan edo batzuetan— albisteei propio bizkarra ematea erabakitzen duela. Ikaragarria da datua eta egoera. Ikerketak saiheste selektibo horren arrazoiak seinalatzen ditu: albiste txarrek gure aldartean sortzen duten etsipena, komunikabideen sinesgarritasun falta, albisteen gehiegizko polarizazioa, eta gatazken konplexutasuna ulertzeko zailtasunak, besteak beste.

Gai hauek guztiak azaldu ziren joan den astean Gasteizen Kazetaritza bertatik bertara izeneko jardunaldietan. Urterik urte gero eta jende gehiago biltzen duten jardunaldiak dira. Aurten Ukrainako gerra izan da, nola ez, gai nagusia, baita eztabaida-iturri ere. Abuztuaren 31n egon zen mahai-inguruan, entzule gisara, xumeki, hizlariei ausartu nintzen galdetzera ea haien ustez Mendebaldeko iritzi publikoa behar bezala informatuta ote dagoen, ea ez ote diren komunikabide hegemonikoak soilik alde batekoen narratiba elikatzen ari ikuspuntu kritikoari iskin eginez. Bide batez Pablo Gonzalez kazetariaren egoera txit harrigarri eta salagarria aipatu nuen. Carmen Claudin zen, mahaian eserita zeudenen artean, kazetaria ez zen bakarra. Harena izan zen erantzunik gordinena eta, nire ustez, sektarioena. Bera CIDOB zentroko ikertzaile bezala zegoen mahaian. CIDOB think tank ezaguna da. Datu bat emate aldera: bere ohorezko presidente Javier Solana NATOko idazkari nagusi ohia da. Nire galderaren aurrean, Carmen Claudin nabarmen tenkatu zen. Ordura arte mantendutako neurritasuna alde batera utzi eta garbiki azaldu zuen bere jarrera: Mendebaldeko hedabideen ekinbidea defendatu, egindako kritika txarretsi («ezkerreko sektore batzuen ohiko kontua baino ez da»), Ukrainan errusofobia dagoela ukatu eta NATOren esku-hartze militarra sutsuki defendatu zuen. Galderak eta erantzunak jasotako txalo zaparraden arabera, garbi geratu zen aretoa zatituta zegoela eta Ukrainako gerrak gure artean ere pizten duen polarizazioa oso nabarmena dela.

Hurrengo egunean izan zen hitzaldia lasaiago joan zen. Bereziki interesgarria egin zitzaizkidan Xavier Aldekoa kazetari kataluniarrak Afrikako herrien egoeraz partekatu zituen gogoeta mamitsu eta gizatiarrak. Hogei urte daramatza berak gaiok lantzen, mimoz eta errespetuz deskribatzen. Honatx berak botatako perla batzuk: «Afrikak hemen ez du interes berezirik sortzen. Horrek ematen dit niri denbora gehiago istorio interesgarriak bilatzeko». «Erreportaje onak lortzeko gakoak: pazientzia, enpatia eta testuingurua». «Hemen, Europan, garaipenari balio handiegia ematen zaio». «Afrikan jende jator eta onen istorioak askoz gehiago dira hiltzaile eta borreroenak baino. Bilatu egin behar dira baina». Kalitatezko kazetaritzaren eredu da Xavier Aldekoa. Erreferente bat.

Gogoeta apala amaitzeko. Ulergarria da hainbat herritarrek praktikatzen duten albisteen saiheste selektiboa. Ez dut uste hori bidea denik. Informatiboki, soziologikoki eta politikoki bizi dugun egoera polarizatu eta nahasi honetan inoiz baino beharrezkoagoa da jarrera kritikoa izatea, baita komunikabideen jabetza demokratizatzea ere. Kritikoak guztiekin eta guztiekiko. Jarrera hori ezinbestekoa da albiste faltsuei aurre egiteko, herritar bezala erabaki libreak hartu ahal izateko eta ustez neutro diren hainbat jarreraren faltsutasuna agerian uzteko. Albisteei ez zaie beldurrik izan behar. Albisteak testuingurua behar du, arrainak ura behar duen bezalaxe.]]>
<![CDATA[Urtaran antzokia?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/019/002/2022-06-12/urtaran_antzokia.htm Sun, 12 Jun 2022 00:00:00 +0200 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1950/019/002/2022-06-12/urtaran_antzokia.htm Bitorixa izateari. Arabako hiriburua, izan ere, Euskal Herriko bigarren gunerik populatuena izateaz gain, azken hiru hamarkadetan eraldaketa sakonak —soziologikoak, kulturalak, demografikoak, politikoak eta ekonomikoak— izan dituen hiri anitz eta zabala da.

Soziolinguistika Klusterrak maiatzean emandako azken datuen arabera, Donostiaren atzetik (%15,3), euskara gehien entzuten den hiriburua Gasteiz da (%4,1), Bilboren (%3,5), Iruñearen (%2,7) eta Baionaren (%2,5) gainetik. Urterik urte, euskal kulturak eta euskalgintzak pauso sendoak eman ditu, behetik gora beti, agintari politikoen zain egon gabe. Eragozpen, estereotipo eta gutxiespen franko gainditu behar izan ditugu iritsi garen tokira iritsi ahal izateko. Euskalgintzak eta euskal kulturak bizi duen unea ulertezina litzateke zenbait herri mugimenduk, elkartek, erakundek eta norbanakok azken hamarkadotan egin duten lana aintzat hartu gabe. Horra hor, esaterako, Geu elkarteak izan duen eraldaketa, Alea aldizkari euskaldunaren errealitatea eta Oihaneder euskararen etxeak hauspotutako hainbat ekitaldi, deialdi eta ekimen arrakastatsuak.

Testuinguru horretan, bereziki ilusionagarria izan da Lazarraga kultur elkarteak azken hamar urteotan bultzatu duen Gasteiz antzokiaren proposamena. Gorabehera askoren ondoren, egitasmoa egia bihurtuko da abenduan edo 2023aren hasieran. Kulturgune berria Ruiz de Bergara jauregian kokatuko da, Gasteizko muinoaren magalean, Zapatari eta Errementari kaleen artean. Albiste ederra izango da, euskalgintzak egindako lan sendoaren beste lore bat.

Kulturgune berriaren sorreraren erabaki formala Gasteizko Udalak hartu bazuen ere, egitasmoaren ekimena, dinamizazioa, bultzada eta sozializazioa Lazarraga kultur elkarteak egin du beti. Beti da beti. Udalak dirua jarri du (2,9 milioi euro). Euskalgintzak materia gris osoa, hasiera-hasieratik. Ruiz de Bergara jauregiko obrak oso aurreratuta zeudela ikusita, Lazarraga kultur elkarteak izen bereko fundazioa osatu eta bere kideen artean prozesu parte-hartzailea abiatu zuen, besteak beste, azpiegitura berri horren izena udalari proposatzeko. Izen bat hautatu zen. Azken erabakia hartu artean (fundazioko ordezkariek alkatetzarekin bildu behar zuten eta), proposamen hori publikoki ez zabaltzea adostu zen, eta horrela izan da.

Sorpresa maiatzaren 27an etorri zen, 08:00etan. Radio Vitoriak goizeko albistegia berri honekin ireki zuen: «Gasteiz antzokia Izaskun Arrue kulturunea deituko da». Fundazioko kide gehienok harri eta zur geratu ginen, hori ez baitzen udalari helarazi zitzaion proposamena. Alkatetzak, era horretan, «Gasteizko lehen andereñoa» —gerora Olabide ikastolan ibilitakoa— omendu nahi zuen. Izaskun Arruek, eta beste hainbatek, diktaduraren garai zailetan lan itzela egin zuten euskararen alde Gasteizen. Udalak berak horrela aitortu zion 2016ko abenduaren 3an egindako omenaldi publikoan (emakumea aurreko hilabetean zendu zen). Albistegietan ez dute esan, ordea, Arrue euskara batuaren kontrako militante sutsua izan zela. Izan ere, Olabide ikastolak batuaren aldeko hautua egin eta gero, Arruek ikastetxea uztea erabaki zuen 1973an. Horrela aitortu zion Miel Anjel Elustondori 2004an Argia-n egindako elkarrizketa mamitsuan. Arrueren ustez h-aren erabilera asmakizun hutsa zen. Ez zegoen inolaz ere justifikatuta. Hauexek bere hitzak: «Hatxea? Eta hori jarrita zer konpontzen dugu? [...] Ni batuaren kontrakoa naiz, porrokatua. Orduan, eta orain ere bai». Harrezkero, erizain lanak bete zituen goizez, eta helduei euskarazko eskolak emanez segitu zuen batean eta bestean, batuak atzetik harrapatu zuen arte.

Gorka Urtaran alkateak hartutako erabakiak harridura eta sumindura piztu du Gasteizko hainbat euskaltzaleren artean: erabakia aldebakarrez hartu du, egitasmoa diseinatu, sustatu, hauspotu eta gorpuztu duen kolektiboari bizkarra eman dio, eta azpiegitura honi izena emateko hautatu duen pertsonaren profila eztabaidagarria oso da. Gorka Urtaran Gasteizek izan duen lehen alkate euskalduna da eta hori oso zorionekoa da. Berak euskara batua ikasi zuen. Ederki egiten du, gainera. Euskara batua sektore batzuen aldetik ezbaian jartzen den une honetan, Urtaran jaunari Ramon Saizarbitoria idazleak esan berri duena (berripaper honetan, hilaren 4an) gogoraraziko nioke: «[batuaren inguruan] lortu zen oso ikuspegi desberdineko jendea ados jartzea. Niretzat hura izan zen euskararen salbazioa, eta uste dut orain zentzua galdu egin dela. Eta ulertzen dut, euskara batua da normala, baina ulertu behar dugu euskara batutik kanpo ez dagoela etorkizunik euskararentzat, eta oso gai serioa dela: ezin dugu berriro 1968ra bueltatu gai horretan».

Benetan ulertezina da Urtaran jaunak hartutako erabakia. Hau al da Gasteizko alkateak auzolana eta elkarlana ulertzeko duen era? Gasteiz antzokia sortzeko erabakia ez zuen alkateak hartu, udal talde politiko gehienek adostu zuten. Ruiz de Bergara jauregia birgaitzeko erabilitako 2,9 milioi euro horiek ez dira Urtaranenak, gasteiztar guztionak dira. Agian ahaztu al zaio nola iritsi zen bera alkatetzara 2015ean udal hauteskundeetan EAJ hirugarren indar politikoa izanda? EH Bilduk eta Elkarrekin- Podemos-ek berari eman zioten botoa. Ez PSEk, ezta PPk ere.

Garaiz gaude. Antzoki berria oraindik ez da inauguratu. Hilabete batzuk falta dira. Lazarraga fundazioaren talde eragileak, alkatearen erabakia jakin eta gero ateratako ohar diplomatikoan, dio «izenari baino gehiago izanari» erreparatu behar zaiola eta aurrera egin behar dugula. Ados. Baina ez ahaztu: izena duen orok du izana. Eta kasu honetan, eraikin berriak Izaskun Arrueren izena hartzen badu, Gasteizko euskaltzale askorentzat Urtaran antzokia bezala geratuko da. Lastima litzateke. Hainbesteko ikusmina piztu duen ekimenak izen inklusiboagoa merezi du. Ongi abiatzeko eta susmoak saihesteko. Horregatik, Lazarragako fundazioko kide xumea naizen aldetik, Urtaran jaunari hauxe eskatuko nioke: harmoniaren alde egin dezala; birpentsatu dezala izen berria, eta ekimena bultzatu dutenekin ados dezala. Denok irabaziko dugu eta.]]>
<![CDATA['Ay Macarena']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/017/002/2022-05-08/ay_macarena.htm Sun, 08 May 2022 00:00:00 +0200 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1950/017/002/2022-05-08/ay_macarena.htm
Izatez, bera Alacanten jaioa da. Zuzenbidean graduatua. Karrerako sari berezia lortu zuen 2003an. Euskal Herriko eremu juridiko harrotuetan hanpatu da, 2013-2018 urtealdian, Estatuko abokatu-burua izan baitzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Ustelkeriaren aurkako auzietan nabarmendu da (Karrantza eta Mercasa aferetan, kasu), baita poliziaren abusuak justifikatzeko lanetan ere. Orain, Andaluziako kanpaina egiten ari da. Ay Macarena! kantatuko diote, PSOEren iragan ustela aireratzen duen bitartean. Zartailua koipetzen ari da sozial-komunista-separatistak astintzeko: «Ez izan beldurrik ezeri eta inori. Aurrera Espainia», Fuerza Nueva talde ultraeskuindarrak 80ko hamarkadan erabilitako lelo bera errepikatzen ari da, han eta hemen. Hau da hau Macarenaren orena!

Harrabotsa bai, badakigu nola sortzen duten, baina zergatik du eskuin muturrak hainbeste arrakasta jende umil, apal eta langileen artean? Zer egin du gaizki ezkerrak? Nolatan utzi dio tarte hori langileen interesen kontra doan espazio politiko horri? Esango didazue Euskal Herrian gaudela eta hemen ez dugula Macarenarik, ezta beharrik ere! Ados, baina eskuin muturraren hedapena mundu osoan gertatzen ari den fenomenoa da eta, Moncloara iritsiz gero, gu izango gara lehen zartatuak.

Kontu honen inguruan, Toño Fraguas kazetari eta filosofoak pistaren bat eman du berriki: «Espainian neofaxismoaren loraldia ez da fenomeno berria, Vox sortu aurretikakoa da. XXI. mendean informatzeari uko egiteak desinformazioa dakar ezinbestean, buloekiko eta manipulazioarekiko esposizioa ia saihetsezina delako eta horixe dugu eguneroko ogia». Frankismo soziologikoa, kontzientzia kritikoaren falta... dena lotuta doa: buloak, gezurrak, desinformazioa. Ziurgabetasuna, nekea, enpatia falta, egoismoa. Bizi dugun egoera arraro eta distopiko honek nekatu eta nazkatu egin gaitu. Joan den astean ezagun batek hauxe aitortu zidan: «Txema, nik aspaldi utzi diot albistegiak kontsumitzeari. Pozoia besterik ez dira. Nik, Rock FM, eta kito. Besterik ez dut entzuten». Euskalduna da bera. 50 urte ingurukoa eta jatorri umilekoa. Ez dakit nori ematen dion botoa, ezta bozkatzen duenik ere. Bere amak 85 urte ditu. Ikaratuta bizi da. Apenas ateratzen den etxetik, pandemiak etxean gotortu du. Bakarrik bizi da eta berak ere izua dio komunikabideen jarioari.

Non gelditu dira pandemia garaian egindako promes handiusteko haiek? Dena aldatu behar genuen, mugikortasuna, osasun publikoa, lan egiteko erak, elkartasuna lantzeko manerak... Promesak eta zerbezak batera joan dira: komunetik behera. Pentsamendu azkarraren sindromepean bizi den gizarte honetan, publikoaren memoria gero eta laburragoa da. Publiko bihurtu gara. Ez herritar ahaldunduak. Judith Butler filosofo estatubatuar feministaren aburuz, pandemiaren ostean «kapitalismoa berrabiarazi egin da, inoiz baino indar handiagoz gainera» (Amazon, kasu). Horregatik, pandemiaren osteko gizarte polimorfo honetan, berak beste elkartasun mota bat defendatzen du: «Feminismoa, ekologismoa, pertsona errefuxiatuen eskubideak eta proposamen postkapitalistak aldarrikatzen dituen solidaritate berri bat». Eta hauxe ere gehitu du: «Hizkuntzen eta nazionalitateen bidezko elkartasuna ere behar da; modu lokalean jarduteko baina, aldi berean, munduko gainerako herriekin bat egiteko». Butler Katalunian izan berri da ¿Quina mena de món és aquest? (Zer motatako mundua da hau?) liburua aurkezteko eta Generalitateak ematen duen Kataluniako nazioarteko saria jasotzeko.

Eskuin-muturraren zuribideak askotarikoak dira. Honatx PPren buruzagi berri moderatu Alberto Nuñez Feijook bota berri duena: «Voxekoek eskuin muturrekoak direla esatea gustukoa ez badute, bada, ez diet esango». Toño Fraguasek dioen bezala, Espainian, ezkerraren boto-emaile ziren askok, ia oharkabean —nekearen nekez, saturazio informatiboaren mende— modu naturalean, bere egin dute eskuineko eta hegemoniko diren hainbat komunikabidek egunero aireratzen duten ondorengo argudioa: «Sanchezek Podemos, ERC, eta bilduetar horiekin bat egiten badu... zergatik ezin du PPk gauza bera egin Voxekin?». Gutxieneko kultura demokratikoa ez duen jende askorentzat, arrazoibide maltzur horiek oso eraginkorrak eta naturalak dira.

Sarritan aipatu dut, baina ez naiz sekula nekatuko gauza bera aldarrikatzen: herritar ahaldunduak eta kritikoak lortzeko, alfabetizazio mediatikoa behar da, heziketa komunikazioan, gutxieneko gauzarik ebidenteenak bereizteko, alea eta lastoa, egia eta gezurra, ideia zanpatzaileak eta askatzaileak. Horregatik, etsipen handiz irakurri dut Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2022-2024 aldirako aurkeztu berri duen Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana. Gaitasun digitalak sustatzea du xede. 2.002,6 milioi euroko inbertsioa da. Arlo teknologikoan jartzen da azpimarra. Ez dut ezer irakurri alfabetizazio mediatikoari buruz; hitz bat bera ere ez.

Heziketa kritikoa landu ezean, inertziak eta nekeak mendean hartuko gaituzte. Ustez neutroak diren mezu atzerakoi eta zanpatzaileak naturalizatuko ditugu. Eskuin muturra ate joka dago. Entzuten ez badugu, errua gurea da. Ay Macarena! Segi dezagun haren perlak zuritzen.]]>
<![CDATA[Gerra gerrari!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/020/002/2022-04-10/gerra_gerrari.htm Sun, 10 Apr 2022 00:00:00 +0200 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1957/020/002/2022-04-10/gerra_gerrari.htm
Komunikabideak, sare sozialak, Internet... inoiz baino gehiago gudu-zelai bilakatu diren honetan, egunotan —Butxako sarraskia dela medio— aspaldiko eztabaida azaleratu zaigu berriro: nola eman gordinkeriaren berri? Eman behar da, ala gure sentiberatasuna babestu behar dugu? Badakizue zer dioen etiketa profilaktikoak: «Ondoren datozen irudiok ikuslearen sentiberatasuna erasan dezakete».

Nik, aholkuak baino gehiago, galderak ditut salgai: zilegi al da gorputz mutilatuen izua munduari bere hartan azaltzea? Eta noraezean, intzirika, zabuka, dabilen ume horren ibilera? Eta erditzear dagoen emakumearen lantu desesperatua? Edota eskuak lotutako gorpuen irudia? Eta hilotz sorgortuen deiadarra? Bai, badakit: rigor mortis ez da batere fotogenikoa. Instagramen ez da txukun geratzen. Nahiz eta bizpahiru galbahe desberdin aplikatu, gordinegi gelditzen da (barka fribolitatea). Baina, gizakiok egindako munstrokeria hor dago; guk ikusi nahi edo ez. Zerk ilustratzen du ongien gerraren zentzugabekeria bere zarpail basatiak baino?

Eztabaidak ertz asko ditu, eta komunikabideen historia bezain zaharra. Aste honetan bertan jaso dut Ernst Friedrich-en Krieg dem kriege! liburuaren gaztelaniazko itzulpena (¡Guerra a la guerra!, Sans Soleil, Gasteiz 2018). Ander Gondra gasteiztarra da itzultzailea. Loa galarazteko moduko lekukotasuna.

Friedrich gaztetatik langile mugimenduan eta antimilitarismoan militatu zuen anarkista bakezale alemaniarra izan zen (1894, Berlau; 1967, Le Perreux-sur-Marne). 18 urte zituela kartzela ezagutu zuen, armagintza industriaren aurka egindako sabotajea zela medio. 1924an, aipatutako liburuaren lehen edizioa argitaratu zuen. Bertan ageri ziren lehen mundu gerrako artxibategi militar eta medikoetatik egileak berreskuratutako argazki izugarriak. Gerraren ustezko heroitasuna biluztea zuen xede. Bere izpiritu internazionalistari jarraikiz, lau hizkuntzatan kaleratu zuen liburua: alemanez, ingelesez, frantsesez eta nederlanderaz. Argazki oso gordinak ziren, batere zentsurarik gabe, inolako galbaherik gabe, bere hartan. Hilabete batzuk geroago, material horiekin Gerraren aurkako museoa ireki zuen Berlinen. Hiriko foro politiko eta kulturaletan erreferentzia garrantzitsua bilakatu zen; naziak boterera ailegatu arte. 1933an Friedrich atxilotu eta museoa suntsitua izan zen. Toki berean naziek SAren atxilotze eta tortura leku paratu zuten. Eskarmentua, lege.

Erbestean zegoela, Belgikan, museoaren bigarren saiakera egin zuen, harik eta Hitlerren tropek estatu hori ere okupatu eta Frantziara alde egin zuen arte. Han erresistentziara bildu zen. Azkenean, frantziar herritartasuna eskuratu zuen. Hil artean bakearen aldeko militante porrokatua izan zen.

Friedrichen liburua ez da soilik izuaren galeria bat. Egileak, gerraren arrazoiez jarduteko, Platonen ondorengo esana jasotzen du: «Gerra guztien zioa aberastasuna lortzea da». Eta hauxe gaineratzen du Friedrichek: «Egun gauza bera gertatzen da. Helburua bera da; dirua babestu, eta ondasunez eta botereaz jabetu. Horregatik, kapitalak jaun eta jabe eta jendea zapaltzen duen bitartean, gerrak izango dira». Ia ehun urte dute hitz horiek. Non gaude orain Putinen gas eta ikatza kezka iturri dugun honetan?

Liburuaren esker onen atala autentikoa da. Honela dio: «Mila esker nire torturatzaileei. Esker anitz fiskal alemaniarrei, liburu honen edizioan zehar nire materiala konfiskatu eta lapurtu zidaten pertsonei. Izan ere, atxilo egon naizen garai labur edo luzeak oso baliagarriak izan zaizkit bolumen hau hobetzeko. Nire ziegako bakartasunean beti topatu ditut ideia berri eta hobeak. Beraz, haiek ez-jakitun badira ere, fiskal horiei ere eskerrak eman behar dizkiet obra honen hobekuntza ahalbidetu dutelako».

Pablo Gonzalez jatorri errusiarra duen eta EHUko doktoregoko ikasle den euskal fotokazetariak 41 egun daramatza bere ziegako ilunean senide eta konfiantzazko abokatuarekin hitz egin gabe. Eskandalu bat. Delitu oso lazgarria egin du: gerraren alde bietako iturriak alderatu. Komunikabideetan lengoaia belikoa egongelako azken zirrikituraino sartu zaigun honetan, badirudi batzuentzat Pavel-en portaera profesionala barkaezina dela. Zer egin dute euskal agintariek Gonzalezen askatasuna lortzeko? Poloniako enbaxadan aurkeztu al dute kexaren bat? Rzeswow-eko presondegira joan al dira? Borja Lazaro gasteiztar argazkilariak 3.008 egun daramatza Kolonbian desagertuta. Familiak haren arrastoa galdu zuen 2014ko urtarrilaren 14an. Ez. Hauek ez dira garairik onenak gerrako fotokazetari edo berriemaileentzat. Inoiz ez dira izan. David Beriain artaxoar eta Roberto Fraile barakaldar kazetarien hilketak urtebete egingo du hil honen 27an. Burkina Fason jazo zen.

Hola, Lecturas eta antzeko aldizkarietako azalak ikusten ohituta gaude aspaldi. Ez dute eskandalurik sortzen. Berton ageri diren bikote heterosexualen bizimoduak ez du zerikusirik agerkari horiek erosten dituen jendearen bizitzarekin. Aldizkariok ilusio bat saltzen dute, irri eta pose perfektua, atzean etxe dotore edo leku ederrak dituztela. Beren irakurleek ez dute inoiz errealitate edulkoratu hori ezagutuko.

Nik ez dakit izuaren berri bere hartan noraino eman behar den. Pertsona bakoitzaren pertzepzioa oso desberdina da. Argi daukadana da eztabaida beharrezkoa dela eta Ernst Friedrich-en liburuak merezi duela euskaraz ere argia ikustea. Bi urte barru, 2024an, kaleratu zeneko lehen mendeurrena beteko da. Ordurako izango al dugu? Izenburua argi dago: Gerra gerrari!]]>
<![CDATA[Gerra (a)hotsak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2009/022/003/2022-03-13/gerra_ahotsak.htm Sun, 13 Mar 2022 00:00:00 +0100 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/2009/022/003/2022-03-13/gerra_ahotsak.htm Begi urdindunen gerra, titulatu du bere zutabea Madrilgo kazetari batek. Gerra eta herra etxe atarian dira.

Errealitatea konplexua da. Oraingo inbasioa hasi baino lehen, 2014-2022 urtealdian, NBEren arabera Ukrainan 14.000tik gora hildako eta milioi bat inguru desplazatu izan dira. 2013ko azaroan Kieveko Independentzia plazan hasi zen matxinadak -euromaidan famatuak- Mendebaldeko komunikabideen arreta handia bereganatu zuen. «Ukrainak Europan sartu nahi du», zen lelo nagusia Mendebaldeko komunikabideetan. Hedabide berberek, ordea, bizkarra eman diote Donbassko gerrari. Bertan izandako gertaera larriak apenas agertu diren gure agendan. Han, Ukrainako armada izan da eskolak, ospitaleak eta zibilak bonbardatu dituena, baina irudiok gutxitan iritsi zaizkigu.

Lehendik komunikazioaren mundua aztoratu samar bazegoen ere, orain gerra garaian, alde bateko zein besteko, ia infinituraino biderkatu dira zentsurak, gezurrak eta desinformazioak. Ezin konta, ezin denak aipatu. Sarritan, kosta egiten da gertaeraren muinera iristea. Noam Chomsky komunikabideen aztertzaile zorrotza da. Ukrainako inbasioaren harira, bizi dugun egoeraren larritasunaz ohartarazi du egin dioten azken elkarrizketan (ctxt.es): «Gizateriaren historiaren une erabakigarrian gaude. Ezin da ukatu. Ezin da ezkutatu». Kazetaritzaren ikuspuntutik, hiru apunte xume begitandu zaizkit gerra honen inguruan. Honatx hiru ardatz posible: gerraren protagonistak, emakumeen errepresentazioa eta totalitarismoaren gorakada.

Gerraren protagonistak: Volodimir Zelenski eta Vladimir Putin. Oso estilo, janzkera eta komunikatzeko modu desberdinak erabiltzen dituzte (Igor Susaetak kazeta honetan aipatu bezala). Gertukoa eta zuzena lehena, hotza eta gogorra bigarrena. Volodimirri nabari zaio interpretazio mundua menperatzen duela. Ederki kudeatzen du zirraren zaldiko-maldikoa. Vladimirren zehar begirunea, ordea, arimaren plegurik ñimiñoena ere izozteko gai da. Heroi eta bilau perfektu hauen errepresentazioa ezin hobeto egokitu zaio ikuskizunaren dinamikan instalatuta dagoen egungo sistema komunikatiboari.

Zein da emakumeen agerpena gerra honetan? Buruzagi politiko edota militarren artean bi emakume soilik ikusi ditut: Irina Verestxuk Ukrainako lehen ministro-ordea, eta Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramailea. Beste guztiak gizonezkoak dira, mahai negoziatzaileetan nahiz agerpen publiko nagusietan. Egia izango ote da gizonezkook gerra besterik ez dakigula egiten? Ohiko estereotipoak inoiz baino gordinago ageri dira gerra honetan: emakumeak -negarrez eta izu aurpegiz- mugak zeharkatzen, alboan umeak eta aitona-amonak dituztela; gizonak, armak eskuetan, lubakietan. Frontean dauden emakumeak, ia ikusezinak. Bide batez, intsumisorik ez al dago gerra honetan?

Totalitarismoaren gorakada

Gerran informazioa kontrolatzea funtsezkoa da. Gerraren luzapena da, beste fronte bat. Batzuek albiste faltsuen aurkako borroka erabili dute aitzakiatzat ahots disidenteak mututzeko. Beste batzuek kazetari edo komunikabide deserosoei etsai edo espioiaren etiketa ezarri diete beren jarduna zentsuratzeko edota kartzelan sartzeko (Pablo Gonzalez kazetariak Rzeszoweko -Polonia- kartzelan jarraitzen du). Totalitarismoa eta ahots disidenteen errepresioa etengabe doa gorantz mundu osoan.

Horrez gain, beste elementu kezkagarri bat ageri zaigu. Aspaldikoa da, gerra izan edo ez. Komunikabideek batzuen eta besteen propagandan kulunkatzeko duten ohituraz ari naiz. Informatu beharko liguketenak, askotan, informazio-iturri ofizialek esandakoa erreproduzitzera mugatzen dira. «Honek hau esan du. Besteak, berriz, beste hau». Kito, hor amaitzen da kontakizuna. Hor bukatzen da kazetariaren lana. Baina nik jakin nahi dut zer, zergatik eta nola jazo den kontatzen ari zaigun hori.

Egoera benetan paradoxikoa da. Izan ere, inkestek esaten diguten bitartean herritarrok hedabide handiez dugun mesfidantza gero eta handiagoa dela, datuok erakusten digute, ordea, hedabide berberak kontsumitzen ditugula gero sare sozialetan. Onar dezagun zintzoki: hedabide hegemonikoetan kazetaritza librea ez da nagusi; kasik hilzorian dagoela esango nuke. Kazetaritza asketzat hartzen dut, iturriak kontrastatu ondoren, herritarrei errealitatearen kontakizun minimoki koherentea eskaintzen saiatzen den jardun profesionala. Kontua ez da batzuek objektibotasuna edo inpartzialtasuna deitzen duten ergelkeria hori bermatzea. Ez, ez da hori kontua. Onestasun intelektualez ari naiz, gezurrik ez esateaz, gertaerak bere testuinguruan kokatzeaz, sentimenduekin hain modu arinean ez jokatzeaz.

Gaur, inoiz baino gehiago, komunikabideen jarioa emozioen mende dago. Boterearen inguruko komunikazio-kabineteek zirrara horiek ederki fabrikatzen dituzte, kazetarien agenda mugatuz eta gure mundu-ikuskera baldintzatuz. Spin doctors-ak benetakoak dira. Egunero koipetzen dituzte boterearen meningeak. Egunero administratzen dizkigute goizero, eguerdiro, gauero irentsiko ditugun pilula emozionalak. Egun, hori da kazetaritza hegemonikoa.

Kulpa guztia ez da, ordea, komunikabide edo kazetariena. Gure esku ere badago zerbait egitea: begirune kritikoz jokatzea, informazio-iturriak alderatzea... Bai, badakit. Horretarako denbora eta heziketa behar dela. Eta gaur egun, «ez dut astirik» da esaldi tipikoa gure solasaldietan; eta heziketa komunikazioan... gure curriculumetan baliabiderik ez duen asmo ederreko proposamena baino ez da.

Bizkitartean, gerrak aurrera jarraitzen du: Ukrainan, Donbassen, Yemenen, Sirian, Palestinan, Saharan... Albisteak testuinguruari zor dio bere izana, arrainak urari bezala. Gerra hotsak izutzen eta itsutzen gaitu. Hotsak ahotsak ezkuta litzake, polikromia monokromia bihurtuz. Kazetaritza librerik gabe, hilik gaude.]]>
<![CDATA[Gorrotoa lege]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/018/002/2022-02-13/gorrotoa_lege.htm Sun, 13 Feb 2022 00:00:00 +0100 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1957/018/002/2022-02-13/gorrotoa_lege.htm
Espainia beltzaren bertsio eguneratua da. Ez da soilik Casadoren kontua. Aski da egun hauetan José Javier Esparzak, Sergio Sayasek edota Carlos García Adanerok eman dituzten argudioak aztertzea jabetzeko beren benetako asmoa ez zela Lan erreformaren kontra bozkatzea, baizik eta sozial-komunistatzat jotzen duten gobernuari kontra egitea eta, batez ere, gorrotatzen duten Euskal Herriaren ideia leherraraztea. Negazionista hutsak dira. Adanerok berak esana du behin baino gehiagotan: «Euskal Herria ez da existitzen».

Injustua litzateke Espainia bakarra dagoela esatea. Bestelako indarrak ere badira, noski. Botoa eta gizartea bera ere gero-eta zatikatuago dago. Bestalde, bistan da Galizian, Katalunian eta Euskal Herrian indar subiranista aurrerazaleen indarra gorantz datorrela. Madrilgo exekutiboaren gobernantzan eragiteko duten ahalmena nabarmen geratu da azken bi urteotan, nahiz eta Lan Erreformaren inguruan gertatutakoak kontrakoa iradoki.

Hala eta guztiz ere, bi Espainien irudiak —faktikoa eta beltza alde batetik eta aurrerazalea bestetik— oraindik ere indar handia dauka. Nahi besteko ñabardura egin litezke baina frankismoa inoiz baino biziago dago egitura guztietan: epailetzan, politikan, komunikabideetan eta ekonomian, besteak beste. Egitura horietan dauden asko eta asko Francorekin batera matxinatu ziren kolpisten seme-alaba edo bilobak dira. Ondorengo zuzenak dira.

Almudena Grandesen «García doktorearen pazienteak» (Los pacientes del doctor García) nobela oso interesgarria da Francisco Francoren diktadurak zergatik iraun zuen hainbeste ulertzeko. Bertan azaltzen da nola, II. Mundu Gerraren ostean, frankismoak ehundu zuen sare bat gerrako kriminal nazien ihesa bideratzeko (Juan Domingo Peronen Argentinara, batik bat). Orobat, deskribatzen da nola Espainiako II. Errepublikak antolatu zuen, erbestean eta klandestinoki, erresistentzia diplomatiko serio bat nazi eta frankisten arteko konplizitate hura nazioarteko foroetan salatzeko. Bide diplomatiko haren azken helburua Francoren diktaduraren amaiera lortzea zen. Eleberria errealitatearen gainean eraikitako fikzioa da. Pasarte arras interesgarriez josita dago.

Liburuaren amaiera aldera, agertzen da bi espioien arteko alegiazko elkarrizketa mamitsu bat. Bata Fred Goodman CIAko agentea da. Bestea Manuel Arroyo Benitez, II. Errepublikako mandataria eta sare klandestino kriminal hura dokumentatu eta nazioarteko foroetara agerian utzi zuen agentea. Topaketa 1950ean gertatzen da, Buenos Airesen. CIAko agenteak komunikatzen dio Arroyori AEBetako Gobernuak ez duela Franco kargugabetzeko ahalegin efektiborik egingo. «Izan ere, mundua aldatu egin da», esaten dio Goodwinek Arroyori. Gerra hotzaren logika makurra: AEBetako Gobernuak ezin zuen Francoren gainbehera bideratu ekintza hura Moskuren mesederako izango litzatekeelako. Manuel Arroyok ezin du logika hori onartu. Ezin du sinetsi: «Beraz, gerrako krimenak ez dira zuentzat aski izan?, ezta milioika errugabe hilda egotea ere? edota ehunka gerrako kriminal mundu osoan zehar paseatzen egotea, etxean baleude bezala, El Pardon bizi den hiltzailearen eta Peronen abegiari esker? Hori guztia bost axola zaizue?».

Aurrerago, Arroyok CIAko agenteari gogorarazten dio II. Mundu Gerraren amaiera nola suertatu zen: «Stalinek zuentzako irabazi zuen gerra. Bera gabe ez zineten inoiz Berlinen sartuko. Orduan bost axola zitzaizuen Stalin tirano bat izatea, edo ez al zenekiten nolakoa zen? (...) Zein izan da gure bekatua, zuen baimenik gabe antifaxistak izatea? Hau izorratzea hau!». Almudena Grandesen liburua —barka diezadala hemen egindako itzulpena— porrot mingots baten historia da, Espainiako ezkerrak bide diplomatikoetan jarritako esperantza zapuztuaren kronika gordina. Galtzaileen inpotentzia zoragarriki kontatua eta dokumentatua.

Gerora gertatu zena ezaguna da: AEBetako presidente Dwight D. Eisenhower 1959an Espainiara joan zen bisita ofizialean. Francok arnasa hartu zuen. Diktadoreak beste 16 urtez jarraitu zuen El Pardon, harik eta 1975ean Juan Carlos I.ari boterea eskutik eskura entregatu zion arte. Kaudilloak azken hatsa ohean eman zuen. Espainian ez da hausturarik izan. Frankismoaren aparatuak ez dira inoiz garbitu. Gerrako irabazleen herrari ugerra dario oraindik. Frankistek diru publikoz hornitzen diren fundazioak dituzte eta lasai antzean dabiltza «etxean baleude bezala» Manuel Arroyo Benitezek salatzen zuen bezala.

Espainiako ezkerrak benetan du erronka zaila. Are eta zailagoa bere aliatu naturalak diren estatuko beste nazioetako ezkerrak baztertzen baditu azken Lan Erreformaren negoziazioan egin duen bezala. Eskuin frankistaren oldarraldia ez da Espainiako ezkerrak duen desafio bakarra. Gainditu gabeko beste erronka historiko bat du konpontzeke: estatua osatzen duten beste nazioen subiranotasunaren aitortza. Luze gabe konpontzen ez bada, PSOEri suteak biderkatuko zaizkio.

Ausardiaz jokatu behar da. Jose Luis Otamendik dioen bezala «orain den-dena beste norabait doa». Ez dakigu oso ongi nora goazen. Oso ongi dakiguna da, ordea, Casado, Abascal, Esparza, Sayas edota Adaneroren begi ninietatik isurtzen den gorrotoak nora eraman gaitzakeen. Eta guk ezin dugu —Jon Etxaideren nobela gogoan— «gorrotoa lege» bihurtu.]]>
<![CDATA[Auzolanaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/017/002/2022-01-09/auzolanaz.htm Sun, 09 Jan 2022 00:00:00 +0100 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1950/017/002/2022-01-09/auzolanaz.htm Aldaera. Hori izan da iazko urteko hitza, Euskaltzaindiaren eta UZEIren arabera. BERRIAko Euskara taldearentzat, berriz, txerto izan da. 2020an ere, izurriari loturiko hitzak izan ziren urteko berbak: koronabirus, berrogeialdi, maskara. Nago, ordea, badela ohorezko tokia merezi duen beste hitz bat: auzolana. Jaurlaritzak toki eta ordu guztietan erabiltzen du; etengabe, harik eta tinpanoak birrindu arte. Pack berean, hitz-kate osoa saltzen du: «Eusko Jaurlaritza. Euskadi. Auzolana». Berdin dio zein den salgaia: eskola publikoa, Osakidetza edo trafikoa. Euri finaren antzera barreiatu duen langarra da. Albistegien ondoren. Bizpahiru aldiz jarraian. Prentsa, irrati, telebista eta sarean. Zirimiria ari du.

Hasieran, 2021eko aurrekontuak agortu beharrarekin lotu nuen matraka. Izan ere, administrazio guztietan gertatzen den zerbait da. Gorabehera desberdinak direla medio, urtean zehar gastatu ez den dirua azken asteetan erabili behar da, bai edo bai, urteko balantzea koadratzeko. Hori izango da!, uste nuen. Bada ez. 2022an ere berdin jarraitzen dugu: «Eusko Jaurlaritza. Euskadi. Auzolana». Gure artean auzolana oso kontzeptu indartsua da. Komunitateari egiten dio erreferentzia. Hitzak eta ekintzak batera etortzea komeni izaten da.

Pandemiaren kudeaketan, baina, nabarmen geratu dira Jaurlaritzaren gabeziak. Egia da omikronek aurreikuspen guztiak txikitu dituela, baina gauden garaian egonda zenbait galdera oraindik ere erantzunik gabe izateak barkaezina dirudi. Hona erantzunen zain dauden zenbait itaun: non kutsatu gara?, non dira aztarnariak?, zergatik futbol estadioetan zilegi dena zailegi da beste tokietan? zergatik aldatu dira hainbeste osasun bozeramaileak? zergatik ostalariei ez zaie behar besteko laguntzarik eman?, zergatik ez dira CO2 neurgailuak barrualdeetan zabaldu? Zaude lasai, irakurle, erantzuna hurrengo albistegiaren ondoren topatuko duzu: «Eusko Jaurlaritza. Euskadi. Auzolana». Goizero. Eguerdiro. Gauero.

Osasun langileen protestak ozendu direnean etorri zen, abenduaren hondarrean, Aztiker ikerguneak egindako inkesta. Oihartzun apala izan du komunikabideetan. Inkestan ematen ziren datuak, aldiz, garrantzitsuak ziren. Lerroburu hau aukeratu zuen berripaper honek abenduaren 31n: «Herritarren %80k uste dute Jaurlaritza pandemiaren kudeaketa txarra edo oso txarra egiten ari dela». ETBn, berriz, egun horietan kezkatuago zeuden telebistaren ikur izan den txantxangorriaren desagertzearekin. Minutu gehiago eskaini zioten logo-aldaketari inkesta horren mamiari baino. Txantxangorriaren habian txioak ez baitira debalde. «Eusko Jaurlaritza. Euskadi. Auzolana», bai, ordea.

Gabon zaharreko mezuan ere, lehendakariak auzolanaren gorazarrea egin zuen. Hiru egun lehenago, inuzente egunean, «interakzio sozialak ahalik eta gehien murrizteko» agindu zigun. Ajuria Eneak gezurtatu ez duen zenbait albisteren arabera, ordea, Urkullu jaunak mezua eman eta segituan hegazkina hartu zuen Tenerife edo Lanzarotera joateko, mahatsak han jateko. Hor, nonbait, aholkuak ditut salgai baina niretzat ez ditut nahi.

Jaurlaritzak bere inkesta propioak ditu. Eta EiTBk bereak. Bateratsu doaz azalez eta mamiz. Pandemiaren kudeaketaren inguruan, Jaurlaritzak duela ia urtebete kaleratu zuen berea. Orduan herritarrek, pandemiaren inguruan, Jaurlaritzaren kudeaketari 7,5eko nota eman zioten. Bi hilabete geroago, 2021eko martxoan, EiTB focusek egindakoan nota hori 5,8ra jaitsi zen. Orduz geroztik, ez da horren inguruan -diru publikoarekin, bederen- beste inkestarik egin. Edo, behintzat, ez dugu ezagutu.

Atzo Euskal Herriko plazak jendez bete ziren euskal presoei ezartzen zaien salbuespen egoeraren amaiera eskatzeko. Hamarnaka milaka pertsona batu ziren, batu ginen, injustizia horren amaiera exijitzeko. Alderdi eta sindikatu gehienek (EAJ barne) bat egin zuten mobilizazio erraldoi horrekin. Emaitzak larregi atzeratzen ari dira.

Ipar Irlandan 2000. urtean atera ziren azken preso politikoak (447 guztira, errepublikazale eta loialisten artean). Ostiral Santuko akordioa bi urte lehenago sinatu zen, 1998an. Kolonbian, bertoko presidente Juan Manuel Santosek 2017an amnistia eman zien armak uzteko konpromisoa bete zuten FARCeko 3.252 gerrillariri. Bake-akordiok zortzi hilabete lehenago sinatu ziren Habanan. ETA duela hamar urte desagertu zen. Hala ere, 200 preso inguru geratzen dira oraindik ere kartzeletan. Horietatik erdiak Euskal Herriko kartzeletatik kanpo.

Argigarriak izan ziren Jaime Tapiak, Jaurlaritzaren espetxe eskumena kudeatzeko izendatutako aholkulariak, joan den abenduan Bilbon izandako ekitaldi publiko batean esandako hitzak. Jaurlaritzatik zer egin daitekeen galdetu zitzaionean hauxe esan zuen: «Espetxe-administrazio gisa, jokatu behar dugu aplikatzen ari den legeriarekin. Ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatzen naiz. Legea aldatu ote daitekeen ez dut espekulatzen. Hori da dagoena», esan zuen etsi onez. Esanguratsua oso.

Atzoko mobilizazioa babestu bazuen ere, bistan da azken hamarkadetan EAJk ezker abertzalearen bizkar gainean utzi duela presoen afera. Ez da bere lehentasuna. Hori ez da euskal agenda. Aitor Estebanek, Pedro Sanchezekin biltzen denean, ez du presoei buruz hitz egiten. Aitor kontu serioez mintzo da Pedrorekin: AHTaz, enpresa handiei kobratzen zaien argindarraren prezioaz,... Argiki esan diote EH Bilduri, zuzen edo zeharka, «presoen gaia zuen gaia da, zuek kudeatu, zuek konpondu». Auzolan gutxi, hor. Naziometroak aste honetan kaleratu duen inkestaren arabera, berriz, «hiru herritarretik bik uste dute euskal gatazka ez dagoela itxita». Gai honek, baina, EAJri ez dio aparteko tentsiorik sortzen; azken batean, presoak ez baitira «bereak». Espero dezagun aurten gauzak aldatzen joatea.

Izan dadila 2022a birusaren azken aldaeratik benetako auzolanera pasatuko garen urtea, pandemia behin betikoz -eta guztion artean- atzean utziz eta presoen afera konponbidean jarriz. Batek daki, agian Euskaltzaindiak horixe aukeratuko du abenduan urteko hitz bezala: auzolana.]]>
<![CDATA[Zumardi handien irekiera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/023/002/2021-12-12/zumardi_handien_irekiera.htm Sun, 12 Dec 2021 00:00:00 +0100 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1950/023/002/2021-12-12/zumardi_handien_irekiera.htm
Fenomeno antagonikoak tai gabe ematen ari dira han eta hemen, gero eta tarte laburragoetan gainera. Gizarte mugimendu askatzaileen loraldiari maiz boteredunen erreakzio bortitz eta xenofoboak gainjartzen zaizkio. Txile ez da salbuespena. Allendek 1973an profetizatu zuen zumardi handien irekiera iritsi ordez, Santiagoko kaleak berriz orbanduko al dira ikasle, langile, intelektual eta zapalduen odolarekin?

Duela bi urte halaxe gertatu zen. Orduan 2019ko urriko eztanda bezala ezagutzen den mugimenduaren baitan, behetik gora eratutako protesta eredugarriak izan ziren prezioen igoera, gizarte-desberdintasun eta eredu neoliberalaren aurka. Sebastian Piñeraren Gobernuak ezarritako errepresioaren ondorioz, 34 lagun hil ziren. Haatik, orduan piztutako mugimendu zibikoak lorpen handia erdietsi zuen: Pinocheten garaiko konstituzioa baztertu eta erabat berritzaile eta parte-hartzaile izaten ari den prozesu konstituziogile bati hasiera eman zitzaion. Joan den uztailean, guztiz parekidea den konbentzio konstituzionala eratu zen. Organo horretako presidente Elisa Loncon 58 urteko akademiko maputxea da. Bere karguaren zina hunkigarria izan zen. Lonconek lurraren hizkuntza den mapudungun erabili zuen emakume eta herri zapalduen ahotsa altxatzeko, baita sexu aniztasunaren aldeko aldarria egiteko ere. Zumardi handien irekieraren arrastoak ikusten hasiak ginela zirudien.

Soziologikoki Txilen inoiz desagertu ez den pinotxetismoaren zutarriak, berriz, dardarka hasi ziren. Eta erreakzioa azaroaren 21ean etorri zen, hauteskunde presidentzialen lehen itzuleran. Jose Antonio Kast ultraeskuindarrak botoen %27,9 eskuratu zituen, eta Gabriel Boric ezkertiarrak, bi puntu gutxiago (%25,8). Datorren igandean erabakiko da, beraz, hurrengo presidentea. Gakoa, seguru asko, Txilen nagusi diren sektore abstentzionisten mobilizazioan egongo da; izan ere, abstentzioa betidanik oso altua izan da, %50etik gora (baita azken hauteskundeetan ere). Kastek ordena berriro ere ezartzearen aldeko apologia sutsua egin du. Trump eta Bolsonaren jarraitzailea da. Hau da bere proposamen izarretako bat: Txile, Peru eta Boliviaren arteko mugetan (1.110 kilometro) hiru metroko sakonera izango lukeen zanga-zulo bat egitea herri horietatik Txilera datozen migratzaileen sarrera eragozteko. Telebistako hauteskunde eztabaidan halaxe defendatu zuen, lasaitasun osoz, zirkinik egin gabe.

Internetek, albiste faltsuek eta sare sozialek berebiziko garrantzia izan dute hauteskundeetako lehen itzuleran. Izan ere, hirugarren gelditu den hautagaiak —zentro-eskuineko Jendearen Alderdiko Franco Parisi ekonomialariak— kanpaina osoa internet bidez egin du. Parisi AEBetan bizi da. Ezin da Txilera bueltatu, besteak beste, bere seme-alabei elikadura-pentsioa ordaintzen ez dielako. AEBetan eskandaluz eskandalu ibili da, bi lanlekuetatik kanporatu baitute sexu-jazarpenen salaketak zirela eta. Parisi asko mugitu da sare sozialetan eta ez du ekitaldi presentzial bat bera ere antolatu Txilen. Dena streaming bidez egin du. Bere buruari ere ezin izan dio botorik eman. Eta hala ere... botoen %12,8a lortu du.

Trump eta Bolsonaroren antzera, Kastek berak ere era guztietako albiste faltsuak erabili ditu bere kanpainan, aurkariak desprestigiatzeko eta, batik bat, «jendea komunisten etorrerak ekarriko lukeen terroreaz ohartarazteko». Eta, hor nonbait, jende askok sinetsi egin dio. Jendeak zergatik sinesten ditu horren erraz albiste faltsuak? Ergelak direlako, formazio falta dutelako edota norberak aurrez dituen aurreiritzi, pentsamolde eta aburuak berresten dituztelako? Sarritan pentsatzen da albiste faltsuak egun gizartean ditugun gaitz guztien errudunak direla. Nago, ordea, kausa baino gehiago adierazle bat direla, sintoma bat. Ez al dira izango gizartean bertan dauden arazo sistemikoen isla? Esaterako, gizarte desberdintasunak. Kontuan izan behar dugu herritar orok ez duela behar besteko diru-sarrerarik kalitatezko informazioa ordaintzeko.

Albiste faltsuen arrakasta gizartean bertan dagoen arrazismoaren erakusle ere izan daiteke. Zergatik, bestela, sinesten dira horrez erraz migratzaileen inguruan, haien balizko abantailez eta abar, zabaltzen diren albiste faltsuak? Gauza bera feminismoaren inguruan. Portaera matxisten aurrean, bestaldera begiratzen duen gizartearen zati horrek errazago irentsiko du feministen aldarriak kritikatzen dituzten sasi-albisteak. Albiste faltsuei aurre egiteko gauza asko behar dira: legeak zorroztu, komunikazioan formakuntza eskaini, baita gizartean dauden arazo sistemiko horiei aurre egitea ere.

Une arraroak bizi ditugu. Ziurgabetasuna orokorra da. Harat-honat dabil: Txinatik AEBetara, Islandiatik Argentinara, Hegoafrikatik Groenlandiara... Gure bizitzan paratu da, eta ez dirudi berehala alde egingo duenik. Denean dago: osasunean, erronka klimatikoan, politikan, ekonomian, kulturan... Zalantza-une hauek oso egokiak dira arazo konplexuei konponbide errazak eskaintzen dizkieten guruentzat. Horregatik, inoiz baino gehiago, gure galbahe kritiko propioak ezarri behar dizkiogu jasotzen dugun informazio orori.

Bai, Txilen asko dago jokoan datorren igandean. Dramatikoa litzateke hurrengo agintari gorena Pinocheten garaiak irrikatzen dituen norbait izatea; herri indigenak mespretxatzen dituen buruzagia eta albiste faltsuak barra-barra zabaltzen dituen pertsonaia. Allenderen zumardi handien irekieratik burdinazko txarrantxetara bueltatuko lirateke txiletarrak. Eta, haiekin batera, neurri batean, gu ere.

2019ko protestetan manifestariek himno bihurtu zuten Victor Jararen El derecho de vivir en paz (Bakean bizitzeko eskubidea) kanta mitikoa. Hark zioen bezala «izan dadila ilargia oihu oro urtzen duen leherketa: bakean bizitzeko eskubidea».]]>
<![CDATA[Ez dut astirik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2004/022/003/2021-11-14/ez_dut_astirik.htm Sun, 14 Nov 2021 00:00:00 +0100 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/2004/022/003/2021-11-14/ez_dut_astirik.htm
Eskerrak atzo, astero legez, Dorisekin gelditu nintzela pasiera emateko. Horixe da gure momentua. Bi orduko ibilalditxoa izaten da, normalean. Atzo ordu erdi gehiagoz izan ginen. Terapiaren beharra. Urduri zegoen. Eta haserre. Ez balizko itzalaldi orokor horrek izan litzakeen ondorioez. Ez; berak apenas ikusten duen telebistarik, eta jasotzen duen informazioari ere oso galbahe zorrotzak ezartzen dizkio. Ez. Bere haserrearen iturria lan-lekuan zegoen. Hezkuntzan dabil, eta oso estresatuta daramatza azken bi ikasturte hauek. «Zuk uste duzu normala dela horrela ibiltzea?», galdetu dit. «Zer duzu, bada?», itaundu diot. Bere berbaro arinari segituan hasi zaizkio txinpartak ateratzen: «Lanean ezartzen dizkiguten zeregin oro atzeraezinak dira. Zuzendaritzak iradoki digun formakuntza ikastaroa —teoriaz borondatezkoa zena— orain ia ezinbestekoa dela azpimarratu digu. Ebaluazio sistema berria Gabonetan, bai edo bai, ezarri behar da. Laneko ordenagailua izorratu zait. Gelako gurasoak atzetik ditut hitzordu eske, eta, noski, haiek nahi duten ordutegian izan behar da. Sakelakoa etengabe kalaka eman eta eman ari da eguneraketak instalatu behar ditudala esanez. Kokoteraino nago. Eta gainera...», arnasa hartu, eta ginga jarri dio bere hitz aspertuari, «Marixarekin dudan harremana bukatu egin da, bost urteren buruan. Nekatuta nago, Txema; nekatuta oso».

Nekearen gizartean bizi gara. Byung Chul Han filosofo hegokorearrak pandemia baino dezente lehenago horretaz egin zuen gogoeta, oso modu gordinean gainera. Pandemiak areagotu egin ditu joera horiek. Dena aldatu da. Denok aldatu gara, baita giza harremanen iraupena ere. Dena estutu, dena laburtu, dena mehetu da. Albisteak ere.

Disrupzio digitalaren garaian hazi den eredu berria errendimenduaren inperatibopean eraiki da. Norberaren kotizazioa nork bere produktua saltzeko duen gaitasunaren arabera neurtzen da. Errendimenduzko gizakiak bihurtu gara. Ekintzaile izan behar dugu. Ekintzailetza goratzen da. Baliabide faltaz kexatzen bazara... «hi haiz hi etxekalte alua», entzungo duzu laster. Positibotasuna miresten da. Egoera makurrenari ere alde ona bilatzea. Askotan, baina, arazoak bere gordintasunean azaldu behar dira, ezer estali gabe, ezer makillatu gabe. Ez dago, bada, hori modan. Hori ez da super izatea. Hori ez da lehiakorra izatea. Eta oso lehiakorra izan ezean, arrakastarik ez. Gakoa zera da, jendeari zerbait aldatzen ari garela sinetsaraztea, nahiz eta, funtsean, gauzek antzera edo okerrago jarraitu. Irudia modernizatu egin behar, ederrago azaldu behar dugu. Lider izan behar.

Nago dinamika hori handitu egin dela dezente azkenaldian. Horrek dakarren zama psikologikoa benetan ikaragarria da, eta sortzen dituen patologiak egunero ikusten ari gara: antsietatea, estresa, etsipena, depresioa. Telelana ez da panazea bat izan. Gero eta jende gehiago ohartzen ari da horretaz. Lanaren esklabo bihurtu gara. Byung Chul Han-en esanetan, neke horiek beste bortizkeria mota bat dira, komunitatea, nortasuna eta gure bizimodua bera ere zapuzten ari direlako. Teknologia berriek gauzak erraztuko zizkigutela uste genuen. Eta neurri handi batean horrela izan da, baina teknologiok egoki, neurriz eta norberaren erritmoak eta ahalmenak errespetatu gabe ezartzen badira... makina horiek egin ditzaketen kalteak oso garrantzitsuak dira. Gero eta gehiago entzuten dugu gure inguruan: «Ezin dut gehiago, leher eginda nago, ohera noa».

Dinamika frenetiko honek dituen ondorioak ez dira soilik patologikoak. Ideologikoak ere badira. Egoera horietan ur-lasterren kontra egitea ia ezinezkoa da. Hobe da korrontearen baitan kulunkatzea, isilik geratzea, nola edo hala egoera kudeatzen dugula irudikatzea, ezer arriskatu gabe. Errekan gora saiatu? Zertarako? Inertziak boterea du lagun. Beti.

Ibilalditxoa amaitzean, Doris eta biok taberna batean sartu gara. Zurito bana eskatu dugu. Telebistan, T5eko albistegia. Pantailan Santiago Abascal, Madrilgo kongresuan hitz eta pitz: «Sanchez jauna, aurtengo hauek ETAren aurrekontuak dira». Tabernariak Antena 3ra egin du jauzi. Casado mintzo da: «Alderdi Sozialista Otegi zuritzen ari da. Bilduk ETA gaitzesten ez duen bitartean haiekin ezin da ezer negoziatu». Azkenean, ETB2n pausatu da tabernako nagusiaren urrutiko agintearen seinalea. Gure telebistan, lehendakaria, ohiko duen solemnitate eta ahots nekatuaz, berbetan ari zaigu: «Ezker abertzaleak ETAk eragindako min injustua aitortu behar du». Elkarri begiratu diogu, Urkulluk zer esan nahi duen oso ongi ulertu gabe. Doris ausartu da galdera egitera: «Zein da min justua?». Bekainak goratu, sorbaldak jaso, eta beste hau bota diot nik hari: «Eta nork du orain ETAren beharra?». Airean gelditu dira galderak.

2021ean gaude. Ez 2011n edota 2001ean. Baina orduko inertziak agintzen duela dirudi, ezer gertatu ez balitz bezala. Beste zurito bat hartzeko gonbita egin diot Dorisi. Ezetz esan dit hasieran, meet bidez guraso batzuekin konektatu behar zuela... «Ez dut astirik, Txema». Maiz entzuten ditugun hitzak dira. Gure garai txepel eta arraro hau markatzen duten berbak. Ez dut astirik. Nola arriskatuko dugu ezer astirik ez badugu? Azkenean, Dorisek amore eman du, eta onartu du beste taberna batera joatea. Ez, ordea, bere iritzi aldaketari justifikazio dotorea topatu gabe: «Badakizu zer gertatzen den astirik ezean ezta, Txema?». «Astirik ezean... zurekin ohean, akaso?», bota diot, txotxolo. Kar-karka hasi da. «Ez, gizon, ez. Astirik ezean... inertziak bidelagun eta betikoak agintedun». Barrezka irten gara tabernatik. Beste batera joan gara. Konspiratzera.]]>
<![CDATA[Poliedroaren ertzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2004/024/003/2021-10-10/poliedroaren_ertzak.htm Sun, 10 Oct 2021 00:00:00 +0200 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/2004/024/003/2021-10-10/poliedroaren_ertzak.htm aixabel amaitu eta gero, jarlekuan jarraitu genuen pare bat minutu. Kredituei begira, disimuluz. Irentsi behar genuen. Urdaileko matazak denbora hartu zuen guztiz askatu arte. Gauez ni baino dezente gazteago den lagun batek hots egin zidan. Beste belaunaldi bateko emakumea da. Berak ere ikusi berria zuen filma. «Eta?», galdetu nion xaloki. «Ez, ez; esan zuk lehenengo», erantzun zidan. Tanteatzen ari zen. Hitz bakarra esan nion: «hunkigarria». Ez zuen gehiago behar. Orduantxe hasi zitzaion bere berbaro jariotsua borborka ateratzen, Cumbre Viejako labaren antzera. «Ez dakizu zenbat negar egin dudan... zelako korapiloa sortu zaidan bihotzean...». Esperientzia terapeutikoa izan zen berarentzat. Baita niretzat ere. Gehien hunkitu zuena, Maixabel Lasak erakutsitako indarra, barruko eta kanpoko haize guztien kontra aurrera egiteko erakutsi zuen kemena. Film beharrezkoa, gure iragan hurbil gordinarekin bat egiteko aukera ematen duena.

Justu duela urtebete Non dago Mikel? ikusi genuen eraikin berean, pareko aretoan hain zuzen ere. Eta sentsazio berberarekin atera ginen zinematik. Hunkiturik. Eztarriko korapiloa irentsi ezinik. Mikel Zabalzarekin batera atxilotua eta torturatua izan zen Ion Arretxeren lekukotasun gordin eta zehatzak zulatu zigun arima. Bere hitzek (Maixabelenak bezala) ez zuten —inondik ere— herrarik transmititzen. Haren berbaroak sinesgaiztasuna islatzen zuen. Gogoeta erabat humanoa egiten zuen: «Torturatzen ninduten bitartean, nik pentsatzen nuen... hemen, hainbeste egun zuen artean igaro ondoren, eta... joe, ez al natzaizue sikiera pixka bat ongi erori?». Basamorturik idorrenean, lorea. Dokumentalean sinesgarritasun bera isurtzen zuten Mikel Zabalzaren amak, arrebak, bere ilobek eta haren bikotekide Idoia Aierbek. Zoritxarrez, ez amak, ez Idoiak, ezta Ionek ere ez zuten dokumentala ikusterik izan, lehenago hil baitziren. Patuaren miseriak.

Euskal gatazkak mila aurpegi ditu. Poliedroaren antzekoa da: hainbat aurpegi, ertz eta erpin ditu. Hemendik begiratuta, sentsazio bat hartzen duzu. Handik ikusita, beste bat. Perspektiba kontua da. Bere osotasunean behatu behar da, baina. Gertatzen dena da poliedroaren aurpegi batzuek distira eta oihartzun dezente handiagoak dituztela beste batzuek baino, haien gainean jarrita dauden fokuak askoz indartsuagoak direlako. Esaterako, Patria bezalako produktuek mainstream-en laguntza osoa eta HBO bezalako plataforma handien irismena duten bitartean, Non dago Mikel, Bolante baten historia, Paperezko hegoak edota Caminho longe bezalako dokumentalek, adibidez, urteak behar izaten dituzte pantailara eraman ahal izateko. Eta lortu baldin badute ere, hainbat lagunen konplizitate eta crowdfunding kanpainei esker izan da, herritarren babesari esker, alegia. Beraz, ez da soilik perspektiba kontua. Fokuak eta baliabideak ere oso garrantzitsuak dira.

Poliedrotik poliedrora. Berreskura dezagun 1983an Joan Mari Irigoienek (besarkada bat Joan Mariri), errealismo magikoaz kutsaturik, idatzi zuen Poliedroaren hostoak eleberrian ageri den pasarte bat. Nobelan bi familien arteko liskarra azaltzen da. Elizalde eta Ibargoyen sendiak aurrez aurre ageri dira testu osoan zehar, 150 urtean. Bada niri biziki deigarria egin zaidan pasarte bat. Beñat Sarasolak azaldu zuen Sautrela programan (2014). Bertan on Meliton apaizak ibargoyendarren etxera egindako bisita kontatzen da. Honela:

«Egun berean, Bonifazio Elizalde gerrillariaren aginduz, Ibargoyendarren etxera hurbildu zen don Meliton apeza:

-Berri txarrak ekartzera nator, zure senarra hil dute.

-Ausentzia bat hiltzea ez hiltzea bezala da, erantzun zion Martaren kristalezko ahotsak.

Liluraturik geratu zen apaiza [...]. Martak, apaizaren liluramenduaz konturaturik, aurrera ekin zion:

-Gizonek gerra egiten besterik ez dakizue. Karlistak eta liberalak, batzuak eta besteak, denak berdinak zarete. Eta entzun, hemen heroeak inor izatekotan, gu gara, emakumeak».

Ez ote da gauza bera orain ere gertatzen ari? Gure gatazkaren aitzindari gizonak izan ordez emakumeak izan balira berdin egongo ginateke orain? Zientzia-fikzio egitea da, badakit. Baina Yoyesekin gertatu zena etorri zait burura, edota Carmen Gisasolak bultzatu zuen Langraiz bidearekin jazotakoa. Emakume hauei kasu egin balitzaie akaso beste egoera batean egongo ginateke orain. Gauden egoeran gaude, bai; baina atzera begiratzeak oraina interpretatzen eta etorkizuna diseinatzen lagunduko digu.

Ondotxo dakigu denok interes handiak daudela jokoan. Batzuek garaile eta garaituen arteko kontakizun hutsera eraman nahi dute auzia. Errelatoaren bataila gudu-zelai berria da. Politikariak hitz eta pitz ari dira, baina elite politikoen diskurtsoa gero eta aspergarriagoa da. Urrunetik sumatzen da. Nago beren eragina ere gero eta ttipiagoa dela. Haiek ere jabetu dira. Horregatik, narratiba kanonikoa lortzeko bideak pantailetara egin du jauzi. Ikus-entzunezkoen nagusitasuna inoiz baino agerikoagoa da. Fikzioaren bidez jendearen oroimenera eta bihotzera iristea oso erraza da, eta, gainera, eraginkorragoa da, batik bat gatazka gertutik bizi izan ez duten belaunaldietara iristeko.

Gizarte zibiletik ekimena berreskuratu behar da. Gatazkak sortutako traumari konponbide sendatzailea eman nahi badiogu, diskurtso hiper-ideologizatu eta bideratuetatik aldendu egin behar dugu. Gogoan ditugu denok duela urte batzuk alderdi desberdinetako emakumeek sortutako Ahotsak mugimendu interesgarria, baita hainbat udalerritan (Errenteria kasu) burutu ziren esperientzia txalogarriak edota fokuetatik at —diskrezio osoz— pentsamolde desberdineko herritarren artean gauzatu diren beste hainbat foro ere. Sendatzaileak izan dira.

Kontakizunak, osatzailea izateko, poliedrikoa izan behar du. Egiari zor zaion errespetua kontuan hartuz, narratiba desberdinak barneratuz. Justizian, oroimen poliedrikoan eta egian sustatutako bizikidetza behar dugu. Poliedroaren ertzak, erpinak eta minak kontuan hartuta, baita aurpegiak ere, noski. Nago, zeregin horretan, gizonezkook pauso bat atzera eman behar dugula eta emakumeek beste bat aurrera.]]>
<![CDATA[Euskal Herria 2050]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2004/020/003/2021-09-12/euskal_herria_2050.htm Sun, 12 Sep 2021 00:00:00 +0200 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/2004/020/003/2021-09-12/euskal_herria_2050.htm Herritarron babesa izeneko plataforma populistak botoen gehiengo absolutua lortu du. Jon Mikel Allende da lehendakari berria, profil autoritarioa duen buruzagi bizkaitar gaztea. Bere kanpainako leloa, sinplea oso: Gora gu ta gutarrak. Hauxe, bere promesa nagusia: «Paperik gabeko atzerritar oro Ebrotik behera eta Aturritik gora lehenbailehen aterako ditugu. Hondamendi honetatik aurrenak, guk geuk, euskal herritarrok atera behar dugu».

Distopia behartuegia, akaso? Zientzia fikzio larregi, agian? Nago alegiazko egoera hori gugandik ez oso urruti ikusten ari garela, orain eta hemen, 2021ean. Aztertzea besterik ez dago Viktor Orban, Jair Bolsonaro edota Donald Trump agintera eraman dituzten mezuen izaera xenofoboa. Kontua da buruzagi antidemokratiko horiek hauteskunde demokratikoetan hautatuak izan direla. Horrela jarraituz gero, eta Boaventura de Sousa Santosek dioen bezala, arrisku latza dugu aurrean: «Demokrazia bera ere demokratikoki hil baitaiteke».

Zergatik hau guztia? Denok entzun edo errepikatu dugu noizbait politikoki batere zuzena eta publikoki defendaezina den argudio hau: «Jendea ergela da, er-ge-la, komunikabideetatik ematen zaion guztia bete-betean sinesten baitu». Jakina, hori esatean gu kanpoan gaude. Gu ez gara jende hori. Gu oso kritikoak gara, irizpide propioak ditugu, kontsumo arduratsua egiten dugu beti... Ziurtzat jotzen dugu gu ez garela masa amorfo horren parte; hots, gu ez gaudela sare sozialek zabaltzen duten kaka horren eraginpean edota futbolak, pornografiak eta alkoholak narkotizatu dituzten herritar basati horien artean. Jendea horrelakoa da benetan? Izan ere, inkestetan jendea gero eta mesfidatiago azaltzen da albisteen aurrean. 2020ko Digital News Report izeneko txostenaren arabera, estatuko herritarren %36k soilik aitortzen die sinesgarritasuna komunikabideetatik isurtzen diren berriei. Azken sei urteetan erregistratu den markarik baxuena da.

Albiste faltsuak. Betidanik izan dira baina guztion jomugan daude orain. Zorigaitz guztien errudunak bilakatu dira. Areago, pandemia garaian. Denek kritikatzen dituzte. Arerio politikoen arteko arma jaurtigarrienetako bat bihurtu da. Nola egiten zaie aurre fake news horiei? Legeekin? Isunekin? Kartzelarekin? Heziketarekin? Bitxia da. Albiste faltsuez baliatu diren buruzagiek, sarritan, fenomeno horren kontrako araudi zorrotzenak kaleratu dituzte. Viktor Orban, kasu. Eta gezurren aurkako legea erabili du oposizio politikoa isilarazteko. Ez da kasu bakarra. Beste hainbat daude mundu osoan. Albiste faltsuen aurkako borroka erabiltzen ari da adierazpen askatasuna murrizteko.

Mundu mailako kezka da, zalantzarik gabe. Europako Legebiltzarrak 2020ko apirilaren 17an atera zuen ebazpenean espresuki aipatzen zuen albiste faltsuei aurre egiteko beharra. Joan den urteko ekainean ere, planetako 132 estatuk konpromiso bera adierazi zuten. Brasil, Txina, Filipinak eta Errusia, besteak beste, kanpoan geratu ziren. Dokumentu hartan garbiki azpimarratzen zen egoera zail honetan guztiz beharrezkoa dela herritar orok «informazio doakoa, fidagarria, faktikoa, eleaniztuna, zehatza, argia eta zientifikoa» izatea, baita «komunitate mailako komunikazio-jario azkarra izatearen garrantzia» ere.

Eurozentrismoaz harago, Santosek bere azken liburuan (El futuro comienza ahora, 2021) albiste faltsuei aurre egiteko ekimen interesgarriak bildu ditu. Horietako bat Indian. Bertan pandemiaren gorrienean hainbat akademikok, unibertsitateko ikaslek, zientzialarik, ilustratzailek eta itzultzailek online plataforma bat jarri zuten abian Indiako 14 hizkuntzatan, helburu jakin batekin: nahasmena nagusi zen uneetan gizartea ongi informatuta izatea. Asian eta Afrikan ere —Mozambiken bereziki—, hainbat epidemia izan dituztenez, oso esperientzia interesgarriak burutu dituzte ezagutza zientifikoa eta zehatza zabaltzeko. Gehien-gehienetan, gobernuengandik aparte burutu dira esperientzia horiek, gizatalde herrikoiek bultzatuta, inolako irabazi asmorik gabe.

Zein da albiste faltsuen eragina? Kasu batzuetan handia izan da, zalantzarik gabe. Horra hor brexit-en inguruko erreferenduma edota 2016ko AEBetako eta 2018ko Brasilgo hauteskundeak. Baina, albiste faltsuak erabakigarriak izan ziren emaitzak alde batera edo bestera bideratzeko? Nola neurtzen da hori? Komunitate zientifikoan, horretan ere, ziurgabetasun handia dago. Ikerketa gehiago behar da. Zalantza handiak daude eta badira emaitza kontrajarriak aurkezten dituzten ikerketak ere. Albiste faltsuen ikerketak diziplinartekotasuna eskatzen du. Ekonomia garrantzitsuegia bada ekonomisten esku soilik uzteko, bada, beste horrenbeste gertatzen da informazioarekin; garrantzitsuegia dela kazetarien esku soilik uzteko.

Komunikatzeko formak, sozializatzeko moduak aldatu egin dira ziztu bizian.Teknologia esponentzialki garatu da azken urteotan, baina gure burmuina ez dago abiada horri heltzeko prest. Gero eta gehiago dira —filosofia, biologia, ekologia eta komunikazioaren mundutik bereziki— teknologiak gure artean eragin duen aldaketaz ikertzea premiazkotzat jotzen duten sektoreak. Informazio faltsuen auzia nazioarteko agendan kokatu behar da, pandemiaren eta klima aldaketaren parean. Are eta premiazkoagoa da eskaera hori, kontrol sozialerako mekanismoak inoiz baino sofistikatuago bihurtzen ari diren honetan.

Euskal Herria 2050. Hiru hamarkada ditugu aurretik. Ezer gutxi planetaren garapenean. Nork aginduko du orduan Euskal Herrian? Momentuz badirudi populismoak ez duela gure artean oinarri sendorik. Batek daki. Gaurko ziurtasunak biharko zalantzak dira. Edozein kasutan, erabaki libreak hartzeko eta herritar kritikoak sortzeko, informazio askea behar-beharrezkoa dugu. Orain eta 2050ean ere.]]>
<![CDATA[Gasteizko (des)memoriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2021-06-13/gasteizko_desmemoriak.htm Sun, 13 Jun 2021 00:00:00 +0200 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2021-06-13/gasteizko_desmemoriak.htm Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren Museoa inauguratu zuten Gasteizen, non eta azken ehun urteetan Banco de España egon den eraikinean. Ekitaldian hitz egin zutenek garbi utzi zuten eraikin horri nazioarteko proiekzioa eman nahi diotela, benetan zerbait enblematikoa egin nahi dutela, alegia. Geroak esango du.

Gasteiztarrok ongi dakigu, ordea, eraikin hori, hiriaren bihotzean egon arren, traba egiten zuen ezleku bat baino ez dela izan azken hamarkadetan. Erabilera ezak ostrazismora kondenatu zuen. Banku bezala funtzionatzen zuenean ere, oso bazterreko erabilera zuen. Inor gutxi sartzen zen bertara. Bere azken momenturik gorenetakoa izan zen pezetak euroetara aldatzeko erabaki zen unea. Ordutik aurrera ezer gutxi. Azken sei urteetan, gainera, guztiz itxita egon da, obretan; hilaren 1ean inauguratu duten Memorial hori prestatzeko. Kanpoko itxura mantendu dute. Beste guztia hustu egin da.

Hustuketa horrekin batera, eraikinaren historia ere lurrundu egin dela dirudi, inor gutxik esan baitu eraikin horrek 100 urte ez, 200 urte ere badituela; izan ere, 1822ko urriaren 24an hasierako Principal antzokia bertan inauguratu baitzen. Hura bai enblematikoa! Hiritarrek gogo onez hartu zuten. Haientzat Principal antzokia baino (ez nahastu egun San Prudentzio kalean dagoen izen bereko antzokiarekin) «El gran coliseo» izan zen. Gasteizko Udalaren aspaldiko ametsa bete zen orduan, 1617ko udal aktetan agertzen baitzen bertan antzoki bat egiteko asmoa. Kostu handiko obra bat izan zen: 499.215 erreal eta 22 marabedi.

Gasteiz ezagututa, erabaki hark ere —noski— harrabots dezente piztu zuen, lursail horretan antzinako Santiago ospitalea baitzegoen eta hori ez zuten batere gogoko izan hiriko santujale dohatsuek. Pentsa, toki hura gaixoak artatzetik parrandarako leku pagano eta fribolo izatera igaro baitzen, bertan antzokiaz gain, ostatu eta taberna egon baitziren; eta geroago baita zinemaren lehen proiekzioak ere. Heresia bat! Bankuarena geroago etorri zen, 1915. urtean, hain zuen; orduan Espainiako Bankuak eraikina erosi baitzion Gasteizko Udalari. Eta orduz geroztik estatuaren jabegoa izan da. Estatuak eman dio erabilera eta nortasuna. Izena eta izana. Garbi geratu zen hori duela hamar bat urte hiriko sektore euskaltzaleek eraikin hura Gasteiz antzokia bihurtzeko saiakera egin zutenean. Ez da posible, ezin liteke xuxurlatu zieten estatuaren hormaren bestaldetik. Izena eta izana ere nabarmen geratu dira oraingo erabilerarekin.

Ehun botilen gaua

Antzinako Principal antzoki hartan makina bat pasadizo eta egoera barregarri izan ziren. Horietako bat ederki ilustratzen du bere blogean (Microhistoriaalavesa.com) Ander Gondra historiagileak. Combatiendo la ociosidad (Alferkeriari aurre eginez) sarreran kontatzen du. 1835eko Gabonak ziren, lehen karlistaldian. Gasteizko hiria Zumalakarregiren kontra borrokatzera etorri ziren soldadu atzerritarrez okupatua zegoen. Gau horietako batean, antzokia ingelesez beteta zegoen, haien artean hamarnaka jeneral eta azpi-ofizial zeuden, beren uniforme gorrixka dotoreez apaindurik ikuskizunaz gozatzeko asmoz. Xanpaina eskutik eskura zebilen, alai, neurririk gabe. Ostatuko jabeak gau hartarako 60 botilaren kontsumoa espero zuen. Baina ehunera ere iritsi zen. Horregatik gau hura ehun botilen gaua bezala ezagutzen da.

Kontua da, bolero baten ondoren, ikusleak erabat entregatuta eta edanda zeudela (batzuk lurrean etzanda, beste batzuk mahai gainean lo), ingelesak estimatzen ez zituen ofizial espainiar bat agertu zela agertokiko atzealdetik. Adarra jo nahi zien ingelesei, jakinik ikusleek gaztelaniaz ez zutela tutik ere ulertzen. Honakoa bota zien: «Mozkorti jaun agurgarriok (txaloak eta bibak). Bistan da hobeto defenditzen duzuela ohore britaniarra mahai gainean gerra-lekuetan baino (txalo gehiago)». Eta honela amaitu zuen: «Kontu ederra pagatuko diozue gaur ostatuko nagusiari (esku-zartako ozenagoak)». Eta zenbat horrelako gertatuko ziren antzoki horretan harik eta 1914ko abuztuaren 12an antzokiko barrualdea sute batek suntsitu zuen arte.

Antzinako Principal antzoki mitiko eta magiko hura, Gasteizko historiaren eta oroitzapenen gordeleku hura Memoriala bihurtu dute orain, gerra irabazi dutela aldarrikatu behar dutenen oroigarri enblematikoa. Memorial partziala. Zatikatua. Baztertzailea. Memoriak baino gehiago ni desmemoriak kezkatzen nau, batik bat desmemoria hori memoria inklusiboaren apologia egunero egiten dutenen aldetik datorrenean. Hilaren 1ean, museoaren inaugurazioan, Iñigo Urkullu egon zen. Mutu. Francok izendatutako erregearen semeak egindako kontakizuna irentsi zuen, ezer esan gabe, zirkinik egin gabe. Otzan. Kontakizunaren bataila da. Eta bataila horretan monopolioa ezarri nahi dute, bai Felipe VI.ak, baita Iñigo Urkullu lehendakariak ere.

Jaurlaritzak berak egindako txostenaren arabera, EAEn gutxienez 4.113 pertsona torturatuak izan ziren (soilik 1960-2014 urtealdian). Memorial horretan ez da aipamen bat bera ere egiten; ez horren inguruan, ezta martxoaren 3an San Frantzisko elizan Polizia armatuak eraildako bost langileren memoriaz ere. Urkulluk bazekien nora zihoan. Urtaranek ere bai. Eta, hala ere, joan egin ziren.

Jaurlaritzaren erregistro horretan detektatzen diren tortura horietako dezente Memorial horretatik oso gertu —50 metro eskasera— egin ziren, Arabako Gobernu Zibilaren alboan zegoen polizia-etxean, alegia. Hainbat gasteiztarron tortura-leku erreala izan zena (ez erreplika) agintari guztien muturren aurrean zegoen. Ez zuten bisitatu. Kamerak ere ez ziren hurbildu.

Ortega Lararen zulo nazkagarri horretan arnasten den sufrikarioa munduko telebista guztietan azaldu da. Memorial ondoko polizia-etxean herritar dezentek pairatu genituen umiliazioek eta torturek ez dute segundo bat bera ere merezi izan. Ez zuten ez errege, ez presidente, ez ministro, ez lehendakari, ez ahaldun nagusi, ezta alkatearen hitz erdirik ere jaso.

Memoria, justizia, aitortza eta erreparazioa denok behar ditugu.]]>
<![CDATA[Balkoitik logelara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/002/2021-05-09/balkoitik_logelara.htm Sun, 09 May 2021 00:00:00 +0200 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1957/024/002/2021-05-09/balkoitik_logelara.htm
Kaleko panorama espektrala zen. Arimarik ez. Zaratarik ez. Txaloen arteko ordu laurden horretan hutsik igarotzen zen autobus publiko bakarreko gidariak bozina jotzen zuen, txaloen zaparradarekin bat eginez. Besoa ere ateratzen zuen leihatilatik kanpo, jendeari diosala eginez. Hark ere komunitatearekin bat. Orain urtebete.

Non gelditu dira txaloak? Xaloagoak gara orain? Uzkurragoak? Doris, nire pasierako ohiko laguna, etsituta dabil. Berak garbi dauka pandemiak aldatu egin gaituela, eta ez onerako. «'Denok gaude barku berean' esatetik 'salba dadila ahal duena' esatera igaro gara; hilabete batzuetan, Txema, hilabete batzuetan», esan dit. Eta adibide bat jarri dit. Joan den astean auzoko osasun zentroan gertatu zitzaion pasadizoa: «Paper bat hartzera joan nintzen. Bi langile zeuden jendeari erantzuten. Biak okupatuta. Ilaran hiru pertsona ginen. Langileetako batek, libre geratu ostean, telefonoa hartu zuen. Jo ta su ari zen aparailua. Bada, nire atzean zegoen mutilari ez zitzaion buruan sartzen. Hasperenka hasi zen. 'Ez dago eskubiderik. Gu hemen zain eta berak ezer egin gabe', esan eta esan ari zen. Ohartarazi nion langilea telefonoz ari zela. Berdin zitzaion, marmarka jarraitu zuen. Erakusmahaira hurbiltzean langileari entzun nion telefonoz bestaldean zegoenari hauxe esaten: 'bai, anderea, oso urduri gaude denok, bai zuek, baita gu ere. Pazientzia pixka bat izan behar dugu, zuri ere txertatzeko ordua ailegatuko zaizu eta'. Nire atzekoak sakelakoari begira jarraitzen zuen, bekozko, muturtuta. 'Halaxe gaude, Txema; halaxe, lehenengo ni, gero ni eta beti ni. Nola salbatuko gara horrela?'».

Memoria gero eta azalekoagoa dugu. Seguru asko teknologia berriek eta sare sozialetatik jasotzen dugun mezu zaparrada ikaragarri horrek zerikusirik izango duela gertatzen ari zaigun honekin. Dorisek, behintzat, horrela uste du: «Egunero sakelakotik jasotzen dituzun hamarnaka mezu, bideo, audio, bulo, txiste, albiste eta sasi-albiste horietatik, zenbat gelditzen zaizkizu buruan egunaren amaieran, zenbat?», galdetu dit. Zuri gelditu naiz. Ez dakidala erantzun diot, ez baitut inoiz halako ariketa mentalik egin. Berak baja eman du sare sozial guztietan: «Seme-alaben watxapa bakarrik mantentzen dut. Beste guztiak pikutara. Hemendik aurrera nik aukeratuko dut zer nahi dudan irakurri, non informatu eta non agertu nahi dudan». Doris kokoteraino dago eta ez da bakarra.

Pandemiak aldatu egin gaitu. Aldatu egin gara. Gure onena eta txarrena ateratzen ari da orain. Psikologo guztiak bat datoz esatean pandemiak giza harremanetan ere izan duela eragina: begiratzeko modua, hurbiltzeko manera, hitz egiteko forma. Uzkurragoak gara orain. Ez dakit nola eta noiz berreskuratuko dugun kuadrillaren tenore hori, herri-bazkariak, kontzertuak, festak...

Konfinamenduaren lehen hilabeteetan, etxetik atera ezin ginenean eta gure bizitzetan arnasa hartzeko modu bakarra balkoiak zirenean, ezkutuan, oharkabean, gauza asko gertatu ziren. Celia Blanco kazetariak hiru urte pasatxo daramatza Contigo dentro irratsaioa egiten Ser irratian, igande gauetan. Bere ustez, «oraindik epilogorik ez duen zientzia fikziozko kapitulu bat bizitzen ari gara. Guk erabaki beharko dugu nola amaitu nahi dugun gibel-solas hori, bakarrik edo lagunduta. Ez dago atzera bueltarik».

Pandemiak gure larrua jotzeko moduak ere aldatu ditu. Kasu askotan libidoa joan egin zaigu, eta beste batzuetan areagotu. Konfinamenduan denoi noizbait maindireak aurpegian lehertu zaizkigu. Hasierako hilabeteetan lehen osasun-eskakizuna zen sexurik ez izatea gurekin bizi ez zen pertsona batekin. Celia Blancoren ustez, horrek «min handia ekarri zuen: konfinamenduan abusatu eta abandonatutako adingabeen kopurua handitu egin zen. Eta emakume askorentzat atsekabea itzela izan da banaketa planteatu ezin izatea; ez konfinamenduan, ez geroago». Zer esanik ez konfinamenduan sexu-indarkeria pairatu duten emakumeen kasuan. Nola salatu etxe berean, 24 orduz, zurekin bizi den erasotzailea?

Konfinamenduak bikote asko urrundu, bereizi eta hautsi ditu. Baina beste asko ere sortu ditu. Era guztietako fenomenoak eman izan dira. Esaterako, ezkontzaz kanpoko topaketak eta emakumeek kudeatzen duten Gleeden plataformak gorakada nabarmena izan zuen konfinamenduaren lehen hilabeteetan. Bere konexioak eta mezu bidalketak %160 igo ziren. Bestetik, produktu erotikoen salmentak ere disparatu egin dira konfinamenduan; ez soilik klitori-xurgatzaileak, baita masturbatzaile maskulinoak ere. Garaiak aldatzen ari dira. Hondamendi unibertsalaren atarian bageunde bezala jarduten ari garela dirudi.

Pasierako amaierara iristen ari gara eta Doris bat dator azken gogoeta horrekin: «Batzuentzat balkoi eta leihoetara azaltzea, armairutik irtetea bezalakoa izan da. Askapen bat. Bost axola zaie beren intimitatea. Dena erakusten digute. Nire etxe parean dudan bikoteari errezelak ixtea ahaztu egiten zaie. A zelako festa ematen diguten asteartero bazkalostean! Hasieran emakumeak errepaso ederra ematen dio gizonaren zurtoinari, gero gizonak krabelina zukutzen dio suabe-suabe, eta, amaitzeko, uztarketa siderala!». Aitortzaren gordinak gorritu nau. Ez nuen Dorisen fazeta kuxkuxero, begiluze eta voyeur hori ezagutzen. Nik uste Dorisen irudimena ikusmenaz harago doala. Bai, garbi dago pandemiak aldatu gaituela. Onerako eta txarrerako. Dorisek, aurreko pasieran, ozpindua eman zuen ibilbide osoa. Gaur gatzetik goxora joan da. Eskerrak.

«Mundua hondatzen ari da eta gu maitemindu egiten gara», esan zion Elsak Ricki Casablancan. Ez dakit maitemina, sexu-grina edo gogo falta den, baina pandemia gure logelaraino sartu da.]]>
<![CDATA[Euneiz, Gasteiz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/023/002/2021-04-11/euneiz_gasteiz.htm Sun, 11 Apr 2021 00:00:00 +0200 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1950/023/002/2021-04-11/euneiz_gasteiz.htm Filosofoa dela esaten diogu kuadrillan. Filosofia baino, oilo-zopia hobe, erantzuten du berak. Azkenaldian, berriz, ez du umore handirik. Begietan ohikoa duen distira falta zaio. Noizbehinka ikusten dugu elkar. Pantaila bidezko solasaldiak ez ditu gogoko. Pasieran ibiltzea nahiago. Salburuko parkean elkartu gara.

Pasieraren bosgarren kilometroa betetzean, Vital eraikinaren parera iritsi gara. Eraiki zutenean, 2007an, Vital kutxaren egoitza enblematiko eta modernista izatera deitua zegoen... baina hutsean geratu da. Ez zuen inoiz bere helburua bete, besteak beste, erdigunetik ia bost kilometrora dagoelako. Orduz geroztik, gutxiegi erabilia dago. Arabar aurreztaileen poltsikoetatik ateratako hamarnaka milioi euro inbertitu ziren bertan. Egia esanda, eraikina —kanpotik— ikusgarria da. Bere garaian, egoitzak laudorio adina kritika zorrotz piztu zituen. Badakizue, gasteiztarrok, epaile zorrotz. Eraikinaren kanpoko irudiak organismo bizi baten kode genetikoa irudikatzen du. Ingurune zoragarrian dago, Biosferaren pasealekuan, Salburuko hezeguneetatik oso gertu. Eraiki zuten arkitektoen esanetara, egoitzak inguruko paduretako ihiak eta zuhaitzen enborrak iradokitzen ditu.

Nire pasierako lagunak duen iritzia, berriz, poetikoa baino patetikoa da: «Zerutik botatako burdin nahaspila bat besterik ez da, Txema; txatarra zantarra. Pentsa, parkeko zikoinek ere ez diote kasu zipitzik egiten, zergatik ote?», bota dit. Kutxabank-ekoa da orain. Arabako agintariek ez dakite zer egin harekin. Dezente espekulatu da eraikinaren azken helburuaz. Duela hiru urte, Arabako kultur foru ahaldunak bertan Natur Zientzien museoa egitea proposatu zuen. Zentzuzkoa zirudien. Baina, asmo hori urruti geratu da.

Ez. Ez dirudi horrela izango denik. Joan den hilean, martxoaren 16an, Eusko Jaurlaritzak bere oniritzia eman zion bertan Euneiz European University Gasteiz izeneko unibertsitate pribatu eta elitista kokatzeari. Oraindik Eusko Legebiltzarraren tramitea gainditu behar du, baina EAJ eta PSE alderdiek bertan duten gehiengoa kontuan izanda, argi dago egitasmoak aurrera egingo duela. Proiektuaren atzean Josean Kerejeta dago, Baskonia eta Deportivo Alavesen jabea eta Gasteizko botere faktiko handienetako bat. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusi eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran publikoki agertu dira unibertsitate horren alde. Lehenak, egitasmoak berrikuntza teknologikoari egingo dion ekarpena itzela izango dela azpimarratu du. Bigarrenak, arabarroi hainbeste gustatzen zaigun argudioari heldu dio: «Unibertsitate honek Gasteiz munduko lehen mailako unibertsitateen mapan kokatuko du».

Hori entzundakoan, sutu egin da bidaidea: «Kaka zaharra, Txema; kaka zaharra». Ez da gutxiagorako. Bidelagunak urteak daramatza EHUk Arabako campusean duen Hezkuntza eta Kirol Fakultatean eskolak ematen. Ongi ezagutzen du fakultate publiko horren ibilbide historikoa, 1986ko irailean SHEE-IVEF Soin Hezkuntzako Euskal Erakunde bezala bere ibilbidea hasi zenetik. Aintzatespena lortu duen zentro bat da. Egun lanean diharduten ehunka profesional bertan formatu dira. Beste horrenbeste esan liteke Leioan dagoen Fisioterapiako fakultateari buruz.

Kontua da Euneiz unibertsitateak kirol eta osasun zientzien arloan ere jardun nahi duela, eta, besteak beste, Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduak eskaintzeko asmoa duela. Hots, egun unibertsitate publikoan dagoen gauza bera edo oso antzekoa. Hori bai, matrikula 8.000 eurokoa izango da eta, nola ez, «mundu osoko ikasleak erakarriko ditu», horretarako baita European university.

Nekane Balluerkak, artean EHUko errektore zenean, 2020aren hasieran, garbi utzi zuen proiektu horrek ez zuela zentzurik, egun dagoen eskaintza akademikoa bikoiztea edo hirukoiztea izango bailitzateke. Balluerkak zalantzan jartzen zuen egitasmo berri horrek duen gaitasun akademiko eta ikertzailea. Izan ere, unibertsitate berri horrek irailean hasi nahi du eskolak ematen. Internet-en duten webgunea osatu gabe dago. Apenas dagoen ezer, eta dagoen apurra gaztelaniaz dago. Irailean hasteko bada ere, ezezaguna da zeintzuk izango diren irakasleak, ibilbide akademikoak, irakasgaiak, matrikularen zenbatekoak... Fikzioari egindako brindis bat. Prentsan informazio gehiago agertu da webgunean baino.

Pasierako lagunak etxean Youtube ere arakatu du. Bertan Euneiz proiektuari buruz dagoen apurra zazpi minutu eta erdiko loriazko bideo bat da, duela hiru urte pasatxo egindakoa (2017ko azaroan). Bideoan errealitate balitz bezala aurkezten da egitasmoa: «Nace Euneiz en Vitoria-Gasteiz». 2.500 ikustaldi inguru izan ditu orain arte bideoak. Hamabi pertsona agertzen dira bertan —«den-denak gizonak» —, azpimarratu dit lagunak. Bideoa egin zenean, egitasmoa onartu gabe zegoen. Hala ere, bertan agertzen dira Ramiro Gonzalez eta Gorka Urtaranen hitzak. Eta, nola ez, proiektuaren arima den Josean Kerejeta. Bitxia da, agertzen diren irakasleen artean bat bera ere ez da Euskal Herrikoa. Kanpokoak dira denak, Kataluniakoak gehien bat.

Ez dakit zer gertatuko den irailean, Euneiz proiektuak gaindituko ote dituen oraindik lortzeke dituen berme akademikoak. Nire lagunak garbi dauka: «Ez izan zalantzarik, Txema. Aurrera aterako da. Kerejeta efektua da, txikito; badakizu, magoei darien aura hordigarri hori, izpirituak itsutu eta borondateak erosteko gai den lurrin miresgarria». Ez da lehen aldia Kerejeta efektuaz entzuten dudala. Garbi dago nire lagunak ez duela Kerejeta gehiegi maite.

Salburuko parkeko sarreran gaude berriro. Kopetilun jarraitzen du lagunak. «Hurrena arte emakumea; ea hurrengoan goxotik gehiago dugun gatzetik baino», ausartu naiz esatera, bere haserrealdia baretu nahian edo. Burlaizez begiratu eta zapla bota dit: «Aio, Pelaio», eta alde egin du. Bizkor abiatua, triki-traka. Neure baitarako gelditu da gogoeta: Euneiz. Oi Gasteiz, zer hintzen eta non hago. Txikitik handira etorri haiz, baina miseriak miseria izaten jarraitzen dik.]]>
<![CDATA[Erabateko demokrazian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1961/032/001/2021-03-14/erabateko_demokrazian.htm Sun, 14 Mar 2021 00:00:00 +0100 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1961/032/001/2021-03-14/erabateko_demokrazian.htm
Bartzelona Minneapolisetik 7.277 kilometrora dago. Bertan ere, polizia-eredua mintzagai da; areago, askatu beharreko korapiloa bilakatu da gobernu berria osatzeko negoziazioetan. Euskal Herria gertuago dago. Hemen kolore guztietako indar polizialen gehiegikerien zerrenda egiteke eta aitortu gabe dago oraindik. Non dago Mikel? Baina hemen Ertzaintzaren eredua, eta, zer esanik ez, Guardia Zibilarena, ukitu ezina da. Indar polizialen zenbait jarduera puntual eta isolatuak kritikatu daitezke, baina eredua ezbaian jartzea… amigo, hori beste upeleko sagardoa da. Galde diezaietela bestela Iñigo Urkulluri edota Bruselak torturaren estalgile bezala seinalatu duen Grande Marlaska ministro sozialistari.

Polizia inoiz baino presenteago dago gure bizitzan. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa izan beharko litzateke haren jardunaren kontrola, kalapita politikotik at, eztabaida alderdikoietatik urrun. Poliziaren jardunaz eta manifestazioez egoki informatzeak asko esaten du gure komunikabideen kalitateaz. Manifestazio batez modu askotara informatu daiteke. Betaurrekoak nolakoak, ikusmena halakoa. Kazetari askok bigarren edota hirugarren eskuko iturrietatik jasotzen dute informazioa. Aldez aurretik egositako jana irensten dute. Bertaratuz gero, berriemailearen kokapena bera ere esanguratsua da: informatzailea poliziaren inguruan egon daiteke, manifestarien atzean edo espaloian. Ezer ez da neutroa.

Gauza jakina da komunikabide nagusiek statu quo indartzen dutela. Komeni da, hala ere, noizbait gogoeta deserosoak egitea. Adibidez, sarritan irakurri/entzun ditugu tipo honetako lerroburuak: Manifestazioak auto-pilaketa itzelak sortu ditu autobidean. Bere horretan irensten ditugu, xaloki, inozoki. Ez zaigu esaten zergatik antolatu zen protesta edota zenbat pertsona elkartu diren. Fokua eragozpenen inguruan lerratzen da. «Poliziak gas negar-eragileak erabili eta zalapartariak sakabanatu ditu» entzun ondoren, poliziak erabilitako metodo eraginkorrera bideratzen da gure arreta. Zenbat aldiz irakurri duzue, ordea, tipo honetako lerroburu bat?: Manifestazioa bakean zen polizia agertu arte.

Zenbait mugimendu per se susmagarriak dira komunikabide nagusien ikuspuntutik. Black Lives Matter mugimendua, adibidez, estigmatizatuta dago AEBetan: erradikalak, biolentoak eta politikoki lerratuegiak omen dira. Floyden heriotzak eta ondoren sortutako mugimenduak badirudi, zorionez, zenbait kontzientzia astindu dituela eta, itxuraz, ematen du erredakzioetan gauzak aldatzen hasi direla. Hala bedi. Haatik, ez dugu Atlantikoa zeharkatu behar horretaz jabetzeko. Euskal Herrian zenbat manifestazio jendetsu joan dira bake santuan eta ez dute aparteko arretarik piztu, ez hemengo eta are gutxiago Madrilgo edota Parisko komunikabideetan? Leloak ez dituzte ulertzen, lelotuta daude edo lelotzat hartzen gaituzte? Ez. Ez zaie interesatzen. Puntu. Beren konfort egoera eztabaidatzen duen oro baztertzekoa da; susmagarria, filoterroristak eta kito. Zer esanik ez istiluak sortu badira. Orduan, ohiko kontakizuna abian jartzen da. «Enfrentamendu latzak izan dira bart…». Nekez jakingo dugu istiluak nork, noiz edo nola sortu diren. Statu quo babestu, bermatu, zaindu egin behar da. Oraindik ez duzue ulertu?

Hasel ez da lehena

Hilabete joan zaigu Pablo Hasel rap kantari kataluniarra atxilotu zutenetik. «Koroari eta Estatuko erakundeei irain» egin izanagatik bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, sei urteko inhabilitazioa eta ia 30.000 euroko isuna ordaindu beharko du. Ikaragarria? Ez pentsa. Ezer ez da berria. Jende askok ez du jakingo, baina Franco fisikoki desagertu eta gero, Estatuan «erregea iraintzeagatik» kartzelara joan zen lehena Xabier Sanchez Erauskin kazetari gasteiztarra izan zen. 1983ko apirilaren 16an gertatu zen. Hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian argitaratutako bi artikulurengatik.

Agerkariko zuzendaria zen garai hartan. Urtebete eman zuen Langraizko kartzelan. Aitortza eta erreparazioaren zain dago oraindik. Irainaren iturri, bi pieza ikaragarri arriskutsuak izan ziren: etakide preso batzuen arrebei egindako elkarrizketa bat eta editorial bat. Editoriala 1981eko otsail fatidiko hartan argitaratu zen. Juan Carlos I.ak Gernikako Batzar Nagusietara egindako bisita azkar eta gatazkatsua zen iruzkinaren abiapuntu. Paseotxoa eta espantá zuen izena (El paseíllo y la espantá gaztelaniaz). Bertan, Xabierrek, ohikoa duen estilo zorrotz eta ironikoan, zezenketa giroko metafora erabili zuen bisita hura ilustratzeko. Honela zioen: «Juan Carlos erregea ari da paseotxoa ematen. Janzkia estu doituta eta keinua goibel, kartoi-harrizko eta operetakoa dirudien Euskadi surrealista eta sinestezina ari da zeharkatzen. Jendetzarekin nahastu da, bai… Basauriko kuartelean non 'Espainia, Espainia' oihuen artean hartu duten. Gero, beren-beregi atondutako baserri-museo batera eraman dute, janari tipikoa dastatzera; ameskeriazko paseotxo barregarria». Zein da iraina?

Xabier erreferente maitagarria da. Berak areagotu zidan niri kazetari izateko grina. Era guztietako lanbideak izan ditu bizitzan zehar: apaiza, marinela, kazetaria eta irakaslea. Eta guztietan utzi du bere portaera etikoaren arrastoa. Orain Getxon bizi da, lasai asko Mentxu bere bikotekidearekin batera.

Ez. Hasel ez da lehena izan. Azkena ere ez, zoritxarrez. Guztiek merezi dute justizia, aitortza eta erreparazioa. Baina, lasai, badakizue «erabateko demokrazian bizi gara». Hemen adierazpen askatasuna bermatuta dago. Gauza guztiez hitz egin daiteke: polizia-ereduaz, independentziaz, monarkiaz. Ez al da horrela?]]>
<![CDATA[Boterearen narratibak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/023/002/2021-02-14/boterearen_narratibak.htm Sun, 14 Feb 2021 00:00:00 +0100 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1950/023/002/2021-02-14/boterearen_narratibak.htm
Ia urtebete daramagu salbuespen egoera gordinean. Hilabeteak eman ditugu etxetik irten, seme-alabak besarkatu, lagunekin elkartu eta tabernetara joan gabe. Oro har, denok gara pobreago. Askok enplegua galdu dute edo galtzear dute. Gehientsuenon lan-baldintzak dezente okertu dira. Estresa, neke fisiko eta psikologikoa… dena metatu da gure sorbalda gainean. Okerrena, joan zaizkigun senideak ezin izan ditugula behar bezala agurtu, ukitu, sentitu, maitatu. Nolatan aguantatu dugu hainbeste eta zenbat gehiago aguantatu behar dugu? Egoera zaila da benetan. Bai gobernatzeko, baita oposizioa egiteko ere. Eta manipulatzeko, oso erraza.

Nork ez dio —noizbait— bere buruari horrelako galderaren bat egin azken hilabeteotan? «Eta zein da alternatiba?», galdetuko didazue, arrazoi osoz. Horretan datza, nire ustez, gakoa, aurreko paragrafoan zabaldutako galdera eta min potoloen erantzuna, alegia. Ez dago alternatibarik? Txertoan dugu esperantza jarria eta hori ere... Bizkitartean egunero delegatzen dugu agintariengan eta adituengan, pentsatzen baitugu haiek guk baino gehiago dakitela. Onartu egin ditugu otzan-otzan gure askatasun indibidual eta kolektiboen murrizketak, etxeratze aginduak, negozioen itxierak, udalerri nahiz lurralde edota erkidego mailako konfinamendu perimetralak... Hori dena onartu egin dugu uste dugulako egiten ari garen sakrifizio horrek benetan merezi duela, gure eta ingurukoen bizitza arriskuan dagoelako. Ados.

Joan den astean izandako solasa ekarri nahi dut hona. Komunitateko ganbaran gertatu zen. Egoera benetakoa da. Izenak fikziozkoak dira. Mikel hirugarren pisuan bizi da. Traste batzuk hartzera joan nintzen eta harekin egin nuen topo. Egoera normalean ohiko diren galderek, pandemia garaian, beste norabide bat hartzen dute. «Zer moduz?», itaundu nion nik. «Ondo ez, Txema; ondo ez», erantzun zidan. Eta hauxe erantsi: «Gaur eman digute albistea: 24 kalera doaz edo goaz; tartean, seguru asko, gutako bat gutxienez». Mikelek eta bere bikote Maitek enpresa berean egiten dute lan, Araban izen handia duen hegazkintzako enpresa batean. 52 eta 54 urte dituzte eta, hurrenez hurren, 22 eta 24 urte daramatzate lanean, toki eta postu berean. Orain arte ez dute inolako arazorik izan. Pandemia dela eta, beren lanpostuak kolokan daude, arrisku bizian. Berez koiunturala dirudien krisia enpresak egiturazkotzat jo du. Gehien inpresionatu ninduena bere begirada izan zen. Etsipenetik hitz egiten zuen, dena galduta egongo balitz bezala. Mingostasun sakona antzematen zitzaion ahotsean eta begiradan. Gorrituta zituen begiak. Ziur aski arratsalde hartan negar egingo zuen. Ahalegindu nintzen animoak ematen, baina eskua luzatu edota bizkarrean zaplada eman gabe. «Borrokan jardungo dugu», esan zidan, «baina alferrik da Txema; hauek erabakia hartua daukate». Ez nintzen ausartu aholkuak ematera. Onena opatu eta etxera bueltatu nintzen, nahigabetuta, mandiotik hartu behar nuenaz ahaztuta.

Mikel eta Maiteren egoera berean ehunka, milaka lagun daude Euskal Herrian, milioika mundu osoan. Egoera honek zartatu egin gaitu. Kikildu, mantsotu, gutxitu, baztertu, pobretu. Ikaragarria da zein gutxi ikasi dugun lehenengo krisitik. 2008an botere finantzarioak eta komunikabide nagusiek sinetsarazi nahi izan ziguten orduko krak-aren errua gurea zela. Izan ere, zenbat aldiz esan ziguten: «Jende asko bere posibilitateen gainetik bizi izan da, eta horregatik etorri da etorri dena». Kontxo, eta beste batzuek esaten genuen: «Baina nork arraiok eman ditu maileguak eta zergatik, euren irabaziak handitzeko ez bada?».

2021ean gaude eta jarraitzen dugu boterearen narratibak lañoki kontsumitzen. Izan ere, hain gaude gure mundutxoan sartuta, ezen ez dugu astirik muturren aurrean dugunaz harago begiratzeko. Aski dugu egunerokoa kudeatzen, ziurgabetasuna gobernatzen, semeari edo alabari egokitu zaion hirugarren konfinamendua antolatzen, FFP2ak erosten... Eta gainera kasu egin behar diegu albisteei, kutsatutakoen bilakaerari, eremu gorritik laranjara noiz pasako garen pentsatzeari… Egunerokoak neutralizatzen gaitu. Funtseko galderak ahaztu egin zaizkigu. Zergatik etorri da hau guztia? Sistema hau errotik kuestionatu gabe irten gaitezke aurrera? Non gelditu da balkoietako espiritu solidario hura? Behar beste egiten ari gara enpleguaren defentsan? Ondo kudeatzen ari da pandemia? Ba al dugu estrategia garbirik? Zergatik Zero COVID aukera ez dago gure agintarien agendan? Zer egin daiteke enpresa farmazeutikoekin? Gotzone Sagarduik zergatik esan digu gezurra?

2008an bezala, 2021ean ere herritarron bizkar gainean paratu nahi dute erru nagusiaren zama. Zenbat aldiz entzun eta ikusi ditugu herritar arruntok telebistan honako mezua zabaltzen: «Gabonetan pasatu egin gara, behar baino gehiago elkartu gara eta, jakina, gero dator datorrena». Gabonetan nire inguruan ikusi dudana, ordea, ez da hori. Oso herritar kezkatu eta arduratsuak ikusi ditut. Ekainaren eta abenduaren hasieretan «salba dezagun udara, salba ditzagun Gabonak» esaten ziguten berberak mutu dira orain.

Bitxia da gero. Diziplina exijitzen diguten berberak gauekotasun eta azpikeriaz baliatu dira ez dagokienean txertatzeko. Groteskoagoa da konfinamendua hautsi eta golfera jolastera joan den goi kargu horren kasua. Horiek bai klaseko gizonak eta ez kaleko edanari emanda, «mozkorra-borrokan», bizi diren zarpail horiek.

Boterea pandemia erabiltzen ari da SARS-CoV-2 baino hilgarriagoa den beste birus bat inokulatzeko, otzantasun eta nagikeria intelektualaren birusa, boterearen narratibak gure egiteko, xalo-xalo, natural oso. Joseba Sarrionandiak Gauzak direna balira liburuan esaten duen bezala, «libreak garela sinetsarazi behar digute, esklabotzaren kontra errebela ez gaitezen. Gobernatzen dugula sinetsarazten digute, gobernatuak izatea onar dezagun». Izan gaitezen baikor. Eman diezaiogun bidea Bertolt Brecht-en aforismoari: «Gauzak diren bezala direlako, ez dira diren bezalakoak izango».]]>
<![CDATA[Trantsizio mediatikoaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2021-01-10/trantsizio_mediatikoaz.htm Sun, 10 Jan 2021 00:00:00 +0100 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2021-01-10/trantsizio_mediatikoaz.htm
Pandemia zela eta, mundu guztia ikaratu zen desinformazioak sortutako triskantzekin. «Fake news-ekin amaitu egin behar da!», modako europar leloa da orain. Nola, baina? Lege-dekretu bidez? Egungo sistema komunikatiboaren arazoa albiste faltsuez harago doa. Adibidez, normaltzat hartu behar al da botere finantzarioa komunikabide garrantzitsuenen jabe izatea? Trantsizio ekologikoaz normaltasun osoz mintzo garen bezala, norbaiti bururatu al zaio trantsizio mediatikoaz ere hitz egin behar dela?

Pandemiak komunikatzeko manerak ere agerian utzi ditu. Mundu guztiak ez du abilezia bera. Guztientzat egoera zaila eta ezezaguna da. Ados, baina batzuek —Angela Merkelek, kasu— hobeto asmatzen dute beste batzuek baino. Kantziler alemaniarrak egiten dituen agerraldi puntualetan ez du artifiziorik behar, ezta paperik ere. Biluzik ageri da, bihotzetik ateratzen zaio mezua. Herritarrengana iristen da. Etxean ditugun agintariek, berriz, gabezia nabarmenak dituzte. Maiz gardentasuna falta zaie. Paperen atzean gotortu egiten dira lubakietan egongo balira bezala. Galdera zailen aurrean, defentsiban jartzen dira kazetariei zeharka begiratuz.

Bizi dugun neke psikologikoa orokorra da. Noraez sentsazioa eta nahasmen informatiboa oso zabalduta daude. Eta normala da, egunero bizi dugun zaparrada informatiboa ikaragarria baita. Informazioa galbahetik pasatu behar da. Egun, komunikabide askotan kantitatea kalitatearen gainetik lehenesten da. Pandemiaren inguruan, politika komunikatibo garbi bat behar da. Analisi kritikoak. Eta kritiko diodanean ez dut gobernu honen edo haren kontra edo alde esan nahi, baizik eta datu ofizialez harago, estatistika hotzez haraindi, doazen analisi independente eta zorrotzak.

Gure bizimodua erabat aldatu da eta ez dakigu oso ongi nola izan den, ezta noiz eta nola bukatuko den ere. Berripaper honetan Juan Ignacio Perez Iglesiasek argiki azaldu zuen abenduaren 29an. Erregu hau egiten zien agintariei: «Bizitza aldatu behar badut, azal iezadazu zergatik». Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako lehendakariaren esanetan, ezagutza sortzeko prozesuak, ikuskizun ere bihurtu dira, eta begirada kritikoa zolitu behar da.

Jabetza

Edukiak zaintzea beharrezkoa da, baita komunikabideen jabetzari erreparatzea ere. Euskal Herria eta Espainiako estatua ez dira uharte isolatuak. Hemen ere komunikabide garrantzitsuenak jabe gutxi batzuen esku daude. Eta nabarmena da enpresa nagusietako administrazio kontseiluetan bankuek duten presentzia.

Urrutira jo gabe, joan den abenduan, Madrildik zetozen kronika ekonomikoek Espainiako komunikazio-talde nagusiko administrazio kontseiluan izandako labankaden hotsa helarazten ziguten. «Batzar odoltsua», aipatzen zuten. «Presidentea erori egin da enegarren aliantza-aldaketaren ondorioz», zioen sona handiko agerkari digital batek. Espainian lehen kazeta eta irratigintza-kate garrantzitsuenaren jabe den talde komunikatiboak 209 milioi euro galdu ditu 2020ko lehen bederatzi hilabeteetan. Eta hala ere, edo horregatik agian, administrazio kontseiluetako bilerek Roberto Savianoren Gomorra liburutik ateratako pasarteak dirudite. Odoletan blai. Boterea eta eragin publikoa lortzeko grinak txinpartak sorrarazten ditu.

Pandemiak gogor kolpatu ditu komunikabideak, bai. Sareko bisita digitalek gora egin arren, papereko salmentak behera etorri dira, oso behera. Komunikabide askoren egoera lehendik txarra bazen, pandemiarekin zeharo okertu da. Egoera honetaz guztiaz Europako Legebiltzarrak gogoeta interesgarria egin zuen 2020ko azaroaren 25ean komunikabideen askatasunari buruz hartutako ebazpenean.

Zorionez, gauzak ez dira zuri edo beltz. Euskal Herrian, esaterako, hedabideen sistema propioa daukagu eta koloreen paleta zabalagoa da. Eskuetan duzun berripapera horren erakusle da. Gurean kontzentrazioa nabarmena bada ere, badugu komunikabide txiki eta ertainen sare sendo bat, gizartearen ekimenez sortua, komunitateri begira dagoena, behetik gora eraikia, kasu askotan euskara ardatz duena eta, gainera, pandemiaren inguruan agenda propioa osatzen asmatu duena, inori ezer eskatu gabe eta inoren kalkoak errepikatu gabe. Komunikabideek mundu osoan dituzten erronkak eta arazoak oso antzekoak izan arren, gurean, zorionez, aniztasuna eta pluraltasuna zabalagoak direla uste dut.

2021a inkognitaz betea dator. Mundu guztiak erreparatzen die osasunari eta ekonomiari. Garbi dago datu epidemiologikoek dena baldintzatuko dutela, baina informazioaren munduari behar zaion arreta eskaintzen ez bazaio, seguru gauzak okertuko direla. Egoera honetatik informazio askeak ere salbatuko gaitu. PCRak eta txertoak bezain garrantzitsua da ongi informatutako gizartea izatea, erabakiak libreki hartzeko gai diren herritar kritikoak ahalduntzea. Eta horretarako informazio txukuna eskainiko duten bozeramaile trebeak behar dira, propaganda alde batera utzi eta mamiari helduko dioten profesionalak, agerraldien kopuruari baino informazioren kalitateari erreparatuko dioten pertsonak.

Albiste faltsuak betidanik izan dira. Orain, berriz, demokraziaren beraren oinarriak suntsitzeko gai dira. Horregatik Europako Parlamentuak dei egin die EBko estatukideei alfabetizazio mediatikoaren inguruko planak lehenbailehen gara ditzaten. Era berean, beste hau ere esan du: pluraltasun informatiboa komunikabideetako jabetzaren aniztasunean oinarritzen da. Beraz, jabetzaren kontzentrazioa saihesteko neurri eraginkorrak behar direla esan du, adierazpen askatasuna bermatzeko.

Euskadi Next 2021-2026 deritzon plan horretan neurri ekonomikoak dira nagusi. Ez dut honen inguruan ezertxo ere irakurri. Garaiz gaude zirriborro horretan arrastoa uzteko? Izan ere, trantsizio mediatikoa ere behar demokratikoa da.]]>
<![CDATA[Egia, askoren erregarria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2004/024/003/2020-12-13/egia_askoren_erregarria.htm Sun, 13 Dec 2020 00:00:00 +0100 Txema Ramirez de la Piscina https://www.berria.eus/paperekoa/2004/024/003/2020-12-13/egia_askoren_erregarria.htm
Esperientzia zinez aberasgarria izan da. Jatorri apaleko herritarrak ziren den-denak. Teknologia berriekiko zuten harremana oso desberdina izan arren, beren jakin-mina handia zen oso. Hasierako orduetan, tentuz ibili gara denok. Orduek aurrera egin ahala, berriz, konfiantza giroa hedatu da areto osoan.

Albiste faltsuak, berez, ez dira ezer berria, amarruak eta azpikeriak betidanik existitu baitira, gizakiok sortu ginen une beretik. Aldatu dena da manipulazio horiek —teknologia berriei esker— inplementatzeko eta iritzi publikoan eragina izateko duten ahalmena.

Azken ikerketen arabera, adineko jendea da tipo honetako albisteak errazen zabaltzen dituena, batik bat 65 urtetik gorakoak. 18-29 urte bitartean kokatzen diren gazteekin alderatuta, adinekoek bost eta sei aldiz gehiago zabaltzen omen dituzte albiste faltsuak. Zergatik? Tentelak al dira, akaso? Ez, inondik ere. Azalpen ugari eman litezke. Luze joko luke horren inguruan hemen xehe-xehe aritzeak. Adinean aurrera goazen neurrian, gizakiok zentzu guztietan zaurgarriago bihurtzen gara eta sarritan errazago jotzen dugu kanpotik datozkigun albisteak sinestera, batik bat esaten diguten hori gure intuizio eta pentsamoldearekin bat baldin badator.

Albisteak partekatzea bakardadea hausteko modu bat da, norbaitekin konektatuta gaudela sentitzeko forma bat. Horri guztiari gehitzen badiogu adineko askok sare sozialen funtzionamenduaren inguruan daukaten ezagutza nahiko mugatua dela… Bada, orduan, seguru asko, hobeto ulertuko dugu goian aipatutako datua. Horregatik, funtsezkoa da adinekoak —baina ez soilik haiek, noski— albiste faltsuen aurkako borrokan ahalduntzea.

Pandemia bera bilakatu da mintegiko ardatz, adibide askoren iturri eta zalantza ugariren sorburu. Pandemiak ekarritako infodemiak nazkatu egin du herritar franko. Zenbat eta informazio gehiago, orduan eta nahasmendu handiagoa. Gaur baliagarri diren neurriak biharko ezerezean geratzen dira. Egun batetik bestera erabiltzen diren aldagaien erkaketek ez dute balio arazoaren tamainaz jabetzeko. Felix Zubiak ederki azaldu zuen joan den igandean berripaper honetan: «Komunikazio politika egoki bat ezinbestekoa da. Gehiegizko baikortasunik gabea, epe luzerako prestatuko gaituena, herritarrei informazio gutxiago baino argiagoa emango diena». Bat nator erabat. Are gehiago esango nuke nik: sarritan ematen zaigun informazioa baino garrantzitsuagoa da ukatzen zaiguna.

Mintegiko bigarren eta, batik bat, hirugarren astean, solas emankorrak suertatu dira. Informazio nahasien kontura ari ginela, mintegi-kide batek azaroaren 29an Euskal Herrian gehien saltzen den kazetak edizioa irekitzeko erabili zuen albistearen lerroburua jarri zuen mahai gainean. Honela zioen: «Birusak kutsatutako euskal herritarren %2 soilik infektatu da lantokian». Zinez positiboa zirudien datua. Zuzena? Partziala? Ala erabat faltsua? Arakatzen hasi ginen, eta beste euskal komunikabideek eta adituek emandako arrastoei jarraikiz, hauxe aurkitu genuen: uztailaren 20az geroztik, Eusko Jaurlaritzak ez du kutsatzeen jatorrien inguruko informazio zehatzik eman. Informazio horren berri emateko baimenduta dagoen erakundea Renave Espainiako Zaintza Epidemiologikoko Sare Nazionala da. Renavek estatuko erkidego autonomo guztiek igorritako datuekin txosten bat argitaratzen du astero. Eta bertan, beste hainbat informazio eta grafikoren artean, badago bat kutsatzeen jatorriari dagokiona. Eta horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ematen diren kutsatzeen %95en jatorria ezezaguna da; hau da, Osakidetza ez da gai zehazteko non kutsatu garen. Gainerako %5en jatorria ondorengo kategorien artean banatzen da: osasun zentro, zentro soziosanitario, lantoki eta bestelakoen artean. Erkidego guztien artean EAE da, Andaluziarekin batera, kutsatze ezezagunen tasarik altuena duen autonomia. Beste kasu guztietan ezezagunen ehunekoa %30 eta %45 balioen artean mugitzen da (Nafarroaren kasuan, esaterako, %30ekoa da). Beraz, garbi zegoen aipatu lerroburua —suabe esatearren— guztiz partziala zela, ez zuelako errealitatea bere osotasunean eskaintzen eta ez zuelako espresuki aipatzen kasu gehienen jatorria ezezaguna dela. Bi gauza elkartu ziren: kazetaren hutsa eta Osakidetzaren gaitasun eza. Kasua aztertzean, mintegi-kideak harri eta zur geratu dira, haietako batzuen lehen kazeta aztertzen ari garen berbera baita.

Mintegia amaitzean sakontzeko gogoz gelditu ginen denok. Garbi geratu da albiste faltsuen peskizan ez dugula oso urrutira jo behar, ate ondo-ondoan dauzkagu eta. Bilatzen jakin egin behar da. Eta horretarako heziketa komunikatiboa eta espiritu kritikoa guztiz funtsezkoak dira.

Heziketa komunikatiboaren beharra ez da inolaz ere adineko jendearen behar esklusiboa. Duela hamabost urte, EHUko HGH Ikerketa taldeak Alfabetizazio mediatikoa eta euskal nerabeak (14-18 urte) izeneko ikerketa burutu zuen. Gure gaztetxoek gabezia nabarmenak zituztela ondorioztatu zen orduan ere. Heziketa komunikazioan irakasgaiaren beharra azaldu zitzaion orduko Hezkuntza Sailari. Orain arte.

Gizarte demokratiko batean erabakiak libreki hartzeko, herritar orok du informazio librea jasotzeko eskubidea. Guztiz oinarrizko eskubidea da. Herritarra, baina, ezin da estatuak egingo duenaren zain geratu. Norberak landu behar du. Badira bideak, badira erremintak. Borondatea eta denbora behar dira baina.

Pandemia eta infodemiaz aritu ondoren, mintegiaren azkenean egiarekin egin dugu topo. Eta, zer sorpresa, egia askoren erregarria dela konturatu garenean.]]>