<![CDATA[Unai Etxenausia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 28 Mar 2023 06:40:07 +0200 hourly 1 <![CDATA[Unai Etxenausia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Aktore asko goi maila artistikora iritsi dira umeentzako obrei esker»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1946/046/001/2023-03-26/aktore_asko_goi_maila_artistikora_iritsi_dira_umeentzako_obrei_esker.htm Sun, 26 Mar 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1946/046/001/2023-03-26/aktore_asko_goi_maila_artistikora_iritsi_dira_umeentzako_obrei_esker.htm
Aspaldi utzi zenion eszenatokian antzezteari, eta proiektuaren kudeatzaile lanetan hasi zinen. Baina, antzezten zenuenean, pertsonaiek ba al zeukaten zurekin zerikusirik?

1983an utzi nion antzezteari. Hala ere, eszenatokira igotzen naiz oraindik ere, emanaldietan egongo diren artistak aurkezteko, ikusleekin hitz egiteko, familiekin egoteko... Eroso sentitzen naiz oholtzan nagoen bakoitzean. Uste dut Teatro Paraisori esker daukadala gaitasun hori, ikusleekin hitz egiteko eta zintzoa izateko. Oso leku atsegina iruditzen zait eszenatokia: etxeko sofan norbaitekin hitz egiten banengo bezala sentitzen naiz. Aktoreek egiten duten lanari dagokionez, uste dut pertsonaiek beti daramatela zerbait gurea, fikziozkoak izan arren; hala izaten zen nire kasuan. Gogoratzen dut antzeztu behar nuenean haginetako mina izaten nuela askotan. Halere, fikzio bihurtzen nuen pertsonaiak ez zeukan minik, eta primeran zegoen beti. Antzezlana amaitzen nuenean sentitzen nuen mina berriz; emanaldian ez.

Zergatik erabaki zenuen gehiago ez antzeztea?

Uste dut inork ez duela ezer galdu ni oholtzan ez egoteagatik. Lankide askok nik baino gaitasun handiagoa zuten antzezteko. Gainera, antzerkia eszenatoki gainean ikusten dena baino askoz gehiago da; talde lana da, eta esfortzu handiarekin eta jende askoren talentuarekin egiten da. Ikusi nuen, halaber, bazegoela hutsune bat antzerkiaren munduan. Jendea behar zen ikusleekin lan egiteko, bide berriak bilatzeko, ekitaldiak antolatzeko... Antolakuntza lanetan aritu naiz harrezkero.

Burgosen (Espainia) jaio zinen, baina Euskal Herrira etorri zinen 3 urterekin. Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa? Antzerkiarekin harremanik izan zuen?

Lehenik eta behin, Bilbon bizi izan nintzen, baina laster etorri ginen Abetxukura [Gasteiz, Araba]. Asko jolasten nintzen umetan. Jolasak antzerkira eta artera eraman ninduen. Hainbesteraino, non giza bizitza ez baitut ulertzen musikarik, historiarik edo libururik gabe. Giza existentziaren funtsezko zati dira. Benetan uste dut kultura eta arte guztiek zerikusi handia dutela jolastearekin; jolasak aukera ematen baitu errealitatea eraldatzeko eta beste ikuspuntu batetik ikusteko.

14 urterekin egin zenuen debuta agertokian, Eterno Paraiso talde amateurrarekin.

Horren aurretik, Abetxukuko mojen ikastetxean antzezten genuen. Amaren eguna ospatzeko egiten genituen antzezlanak.

Eta ondoren sortu zenuten Eterno Paraiso, ezta?

Hori da. Nire nerabezaroak Bat egin zuen diktaduratik demokraziara pasatzeko trantsizioarekin. Abetxukun gizarte mugimendu handia zegoen: eduki politikoarekin eta konpromiso handiarekin egiten zen. Hasieran, afizionatu konpainia bat ginen, ez profesionala, eta konpromiso sozial bat genuen. Kezkatzen gintuzten gauzez hitz egin genuen oholtzatik. Osasungintzaren inguruan, adibidez.

Inor ez da betierekoa. Horregatik kendu zenioten Eterno hitza konpainiaren izenari?

Profesionalizatu ginenean ere, Eterno Paraiso izenari eutsi genion. Federico Garcia Lorca poetak esaten zuen antzerkiaren iraultza paradisutik etorriko zela. Gazteleraz, antzokiko aretoaren alderik garaienari esaten zitzaion paraiso; klase herrikoiak jartzen ziren han. Beraz, argi geneukan hitz horri eutsi egin behar geniola. Ile zuri batzuk ateratzen hasi zitzaizkigunean, eterno kentzea erabaki genuen, inor ez baita betierekoa, eta paraiso hitzari bakarrik eutsi genion. Betierekoak bagara, izan dadila arrastoa utzi dugulako.

Artea, aldiz, betierekoa da, eta etengabe eboluzionatzen du. Beraz, aldatuko ziren arte eszenikoak ordutik.

Garai zailak ziren gu antzezten hasi ginenean. Gero, demokraziaren hasiera etorri zen, eta dena egiteko zegoen, baina ez genuen erreferentziarik. 68ko Maiatzak eragina izan zuen Europako gainerako herrialdeetan, eta aurreratuago zeuden: guk dena asmatu behar izan genuen. Antzerkirako egitura profesionalak sortzea tokatu zait: guneak, elkarteak... dena sortu behar izan dugu. Nire bizitzaren zati handi bat eman dut horretan. Eskena Euskadiko produkzio eszenikoko enpresen elkartea sortu genuen hemen, adibidez. Lehenengo presidentea izan nintzen, eta berriro hautatu naute orain. Era berean, Espainiako Arte Eszenikoen Akademiaren sortzaileetako bat ere izan nintzen. Orain, artistaren estatutua garatzen ari gara; duela urte batzuk, pentsaezina zen hori. Artistentzako egitura profesionalak eraikitzea da nire historiaren isla.

Egiturak bai, baina non geratzen da artea?

Lehen, antzerkiak lotura sendoagoa zuen gizartearekin. Egitura profesionalak sortu dira, baina, batzuetan, ahaztu egin da antzerkiak gizartearekin izan behar duen lotura. Teatro Paraisori ez zaio hori gertatu, lotura oso estua izan baitu beti Gasteizko jendearekin. Hala ere, uste dut krisiek berriro lotu dituztela antzerkia eta jendea.

Teatro Paraisok lan artistiko handia egiten du haurrentzako eta familientzako ikuskizunak ekoizten, sortzen eta erakusten. AEB, Kanada, Norvegia, India, Singapur, Argentina... Hainbat herrialdeetan antzeztu dituzue zuen lanak. Zaila al da mundu osoan aurkeztuko den emanaldi bat ekoiztea?

Beti esaten da etxean arrakasta izatea zaila dela, baina etxetik kanpo zerbait berezia eskaintzea da zailena. Gauza berritzaile eta bakarra eduki behar da arrakasta lortzeko. Egindako etengabeko lanaren eta berrikuntza eszenikoaren emaitza da nazioartean lortu dugun presentzia. Zortea izan dugu jende asko ezagutu dugulako, eta beti lagundu digutelako.

Antzezlan batek berdin funtzionatzen du munduko edozein tokitan? Hizkuntza unibertsala da, akaso?

Guk munduan zehar egin ditugun ikuskizunak 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzat izaten dira. Adin horietakoek antz handiagoa daukate haien artean. Toki bakoitzeko ohiturek eta kulturak ez dituzte hainbeste eraldatu oraindik. Gainera, proiektu artistiko bat ona denean, herrialde batean eta bestean desberdin interpreta daiteke; baina, benetan ona bada, adierazpen forma sinboliko edo metaforiko distiratsu bat aurkitu duelako da.

45 urtean obra asko egin daitezke...

43 antzezlan sortu ditugu, eta 250 emanaldi egiten ditugu urtean. Beraz, gutxi gorabehera 10.325 emanaldi egin ditugu urte hauetan guztietan. Zortzi pertsona gara taldean, eta aktoreak kontratatu egiten ditugu normalean; proiektuen arabera aldatzen dira.

2012an, Kunarte gunea eraiki zenuten. Antzezlanak ez ezik, haurrek mundua eta arteak ere deskubri ditzaten.

Haurrak antzerkiarekin eta arteekin, oro har, nola erlazionatzen diren landu nahi genuen. Gauzen ikuspegi askoz zabalagoa dute: pentsamendu magikoa daukate. Garai hartan, Gasteizen atzerapauso kultural handia gertatu zen, Javier Maroto alkatea buru zela, eta proiektu kultural asko itxi zituen. Guk, ordea, zorte handia izan genuen, haur eta gazteen arte eszenikoen sari nazionala eman baitziguten. Beraz, alkateak proiektuak zapuzten zituen bitartean, guk sortzea erabaki genuen. Irabazi genituen 30.000 euroak Kunarte irekitzeko baliatu genituen. Antzerkia eta artea ikertzeko gune bat da ordutik. Leku txikia eta apala da, baina gauza handiak gertatu dira gune horretan.

Zergatik egiten duzue haurrentzako antzerkia? Zer berezitasun ditu?

Egia esan, ikusle moduan, haurrentzat egindako obra izugarri berritzaileak ikusi ditut, batzuetan helduentzat sortutakoak baino maila askoz handiagokoak. Haurrak ikusle oso irekiak dira, jakin-min handia daukate, eta horrek oso urruti iristeko aukera ematen die artistei. Helduok kontserbadoreagoak gara. Aktore asko goi maila artistikora iritsi dira haurrentzako obrei esker.

Antzezlan batek balio jakin batzuk transmititu behar ditu?

Bizitzak etengabe irakasten digu, haren parte den arteak bezala. Ez da beharrezkoa antzerkietan gauzak esplizituki azaltzea. Liburu ona bada, antzezlan ona bada... ziur arrastoa utziko duela gozatzen ari denarengan, eta, beraz, lan pedagogikoa ere egiten du. Ez dut nahi pedagogia hitza kutsu beltzez beteta egotea, pedagogia arte oso ederra baita. Obraren helburuak ez du didaktikoa izan behar; ziur asko, horretan bakarrik tematzen bazara, ez duzu ezer lortuko. Zeharkako pedagogia eraginkorragoa da. Horregatik uste dut badela artean oso garrantzitsua den gauza bat: metafora. Errealitatea beste era batera irudikatzen laguntzen digu.

Heriotza, sexua, indarkeria... Ona da tankerako gai tabuak tratatzea?

Gauza guztiez hitz egin daiteke haurrekin. Eta hitz egin behar da. Beste kontu bat da bide egokiak bilatu behar direla horietara iristeko. Helduok gaitzetsi behar ez genituzkeen gauza asko gaitzesten ditugu. Agertokian autozentsura handia dago. Obretan gai asko landu daitezke umeekin, baina ez da ezer itxita utzi behar, obra ikusi ondoren haurrak askatasunez interpretatu ahal izan dezan. Munduari nola begiratu lantzen dute haurrek, haiek aldatu eta eraldatu beharko duten mundu horri nola erreparatu. Haien esku geratuko da, eta esku hartu beharko dute.

Ikus-entzunezko formatuan hainbeste produktu artistiko izanda, antzerkia zergatik ez da desagertu?

Antzerkiak iraun egin zuen zinema agertu zenean. Izan ere, zuzeneko komunikazioak giza izaerarekin du zerikusia. Pandemian ikusi dugu hori: partekatzen ditugun guneak behar ditugu, izaki sozialak gara. Horren parte da zuzenean eskaintzen den artea. Ikusleak gertu sentitzen duen arte bat da eta izango da antzerkia.

Horretarako ere talentua duen jendea behar da. Ba al dago talenturik Araban?

Ukaezina da baietz. Gasteizek eta Arabak artista izugarriak dituzte. Uste dut gabezia bat dugula Bilborekin eta Donostiarekin alderatuta. 2008ko krisiaren ondorioz, politikariek kulturan inbertitzeari utzi zioten. Donostian, Tabakalera sortu zen, adibidez. Araba esanguratsua izan da beti eszena artistikoan, eta puntako lurraldea izan gara. Galdu genuena berreskuratu behar dugu: kultura indartu behar da!

Hasieratik oztopo ugari izan dituzuen arren, mundu zabalean konpainia ospetsua izatea lortu duzue. Eta zuri, zer eman dizu antzerkiak?

[Pentsatzen egon da tarte labur batez] Bizitza sorpresa kutxa bat dela esango nuke. Gauza asko ikasi ditudala uste dut, eta bizitzako gauza garrantzitsuak deskubritzeko modua eman dit. Tresna garrantzitsuak eman dizkit. Artea dena da niretzat.

Beraz, zein antzezlanek definituko zintuzke?

Ezinezkoa da antzezlan bat aukeratzea. Errazagoa egiten zait melodia bat aukeratzea, musika oso primarioa baita. Astor Piazzollaren Oblivion esango dut. Gizatasunean sakontzen duela uste dut, eta esango nuke hori dela inoiz ahaztu behar ez duguna: gizatasuna.]]>
<![CDATA[Bertsotan, hobeto kuadrillan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/032/001/2023-03-18/bertsotan_hobeto_kuadrillan.htm Sat, 18 Mar 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1876/032/001/2023-03-18/bertsotan_hobeto_kuadrillan.htm
2010eko Arabako Bertso Kuadrillen Arteko Txapelketa mugarri izan zen Arabako bertsolaritzarentzat, eta, ordutik hona, bi urtean behin antolatu dute. 2018ko eta 2020ko bideari eutsita, Arabako bertsolaritza urteetan eraikiz joan den mugimendua saretzeko eta indartzeko helburuarekin prestatu dute aurtengo aldia. Fruituak eman ditu egindako lanak; izan ere, 280 pertsonak parte hartu dute zazpigarren aldian. Jada egin dute bidearen parterik handiena, eta azken txanpa geratzen zaie bakarrik: urtarrilaren 27an hasitakoa hilaren 25ean amaituko dute, Laudion (Araba).

Taldekakoa da kuadrilla arteko txapelketa: bat-batekoa eta idatzizkoa. Bat-batekoari dagokionez, hamabi talde apuntatu ziren aurten. 3-6 bertsolari ez ezik, gai jartzaileak, epaileak, argazkilariak, grabatzaileak eta sukaldariak ere badauzka talde bakoitzak. 9-12 laguneko taldeen artean lehiatu dira, eta, guztira, 64 lagun aritu dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai jartzaile, eta gainerakoak bestelako funtzioetan. Horrez gain, beren herriko edo eskualdeko saioak antolatzeaz arduratu dira taldeak.

Murgian (Araba) jokatu zuten hirugarren eta azken finalaurrekoa. Gasteizko Muinoko Katuak eta Arabako Errioxako Txandrio taldeak lehiatu ziren. Talde bakoitzaren hasierako agurraren ondoren, bertsolariek ariketak banatu zituzten: binaka ofizioetan, hirunaka koplan, hirunaka asmakizunetan... Bi taldeek onena eman ondoren, Muinoko Katuak taldeak irabazi zuen, epaileek hala erabakita. Beraz, Aramaioko (Araba) Izena Pentsau Bida eta Gasteizko Errexala taldearekin batera abestuko dute Laudioko finalean.

Bertso poteoarekin hasiko dute eguneko egitaraua, 12:00etan. Herriko institututik hasita, tabernaz taberna ariko dira kantuan. Institutura itzuliko dira ondoren, eta bazkaldu egingo dute 14:00etan. Intxixv taldeak kontzertua emango du bazkalostean. Azkenik, 17:00etan, finalistak kantuan hasiko dira.

Umorea hizpide

Uxue Diaz de Zerio Arabako Bertsozale Elkarteko transmisio eragileak ontzat jo du aurtengo txapelketak orain arte izandako harrera: «Azken lau urte zail hauen ondoren, itzuli da. Hasieran kostatzen da jendea mugitzea, baina lortu dugu txapelketak aurrera egin ahala jendea saioetara bertaratzea. Finalaren atarian gaude orain».

Bi adiera ditu kuadrilla hitzak Araban. Barruti administratiboak izendatzeko hitza izateaz gain, lagun taldeak izendatzeko balio du. «Biak elkartzeko sortu genuen txapelketa hau», nabarmendu du Diaz de Zeriok. Hainbat kuadrillatako taldeek parte hartu dute txapelketan: Aiaraldea, Arabako Errioxa, Mendialdea, Lautada (bi talde), Gorbeialdea (lau talde) eta Gasteiz (hiru talde).

Bakarkako txapelketatik kanpo, bertsolaritza Araba osora gehiago zabaltzea eragin du Arabako Bertso Kuadrillen Artekoak. Jendeari aukera ematen dio kantatzeko, maila edozein izanda ere, edo saioetan beste funtzio bat betetzeko —sukaldari, adibidez—. «Horri esker lortu dugu jendea bertsoaz gehiago interesatzea, eta denek zerbait eman ahal izatea», azaldu du Diaz de Zeriok.

Gauza guztien gainetik, ordea, finalean «giro bikaina»egotea espero du: «Umorea izango da garrantzitsuena, eta urduritasunak eta gorabeherak izango diren arren, bertsoaz gozatuko dute: hori da eguneko garrantzitsuena».]]>
<![CDATA[Begirada hausten duten begiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/038/001/2023-03-18/begirada_hausten_duten_begiak.htm Sat, 18 Mar 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1913/038/001/2023-03-18/begirada_hausten_duten_begiak.htm
Inguruko giharrek begi bakoitzaren mugimenduak kontrolatzen dituzte garunaren laguntzarekin, koordinatu egiten dira haien artean. Muskulu horiek garunaren seinaleak jasotzen dituzte. Baldintza normaletan, begiek elkarrekin lan egiten dute, eta leku berera apuntatzen dute. Modu koordinatuan mugitzen dira, eta begiratzen den objektua begi bakoitzean zentratuta dago. Baina begien mugimendua kontrolatzeko arazoak daudenean, oreka hori desagertu egiten da. Estrabismoa deitzen zaio nahasmendu horri: bi begiek puntu berera begiratzea eragozten duen arazoa.

Patologia konplexua da, begien posizioaren garun kontroleko sistemaren alterazio baten ondorioz ager daitekeena; izan ere, begien lerrokatzearen kontrola garunean gertatzen da. Horregatik, maila horretan gerta daitezkeen alterazioek estrabismoa eragin dezakete. Denbora guztian gerta daiteke, edo aldizkakoa izan, eta begirada une jakin batzuetan bakarrik desbideratzea; adibidez, pertsona nekatuta dagoenean. Kausak askotarikoak dira, eta herentziazko faktoreek eragiten dute horietan. Esaterako, estrabismoa duten gurasoak edo anai-arrebak dituzten pertsonek haiek garatzeko aukera handiagoa dute.

Biztanleen %3k estrabismoa daukatela kalkulatzen da. Espainiako Oftalmologia Elkartearen arabera, estrabismo gehienak bizitzako lehen hiru urteetan agertzen dira, baina batzuk beranduago agertzen dira, baita helduaroan ere. Horregatik, estrabismoa haurtzaroarekin lotzen den arren, kasu guztietan estrabismoa garaiz tratatzea gomendatzen da, ikuspegi bikoitzeko arazoak saihestuko dituelako —kasu gehienetan— eta sakontasunaren pertzepzioa galtzeko arriskua murriztuko delako.

Goiuri Ugalde Bermejo optometrista zornotzarrak asko tratatzen du estrabismoa duen jendea. Lehenik eta behin, argitu du estrabismoaren kausak zein tratamenduak askotarikoak izan daitezkeela. Pazientearen adinaren edo estrabismo graduaren arabera aldatu daiteke. «Begiko muskuluen arazo bat izan daiteke, genetikoa izan daiteke, esfortzu bat egitearen ondorioa... Endotropia da gehien ikusten dena, eta begi globoa barrurantz sartzen denean gertatzen da», esplikatu du Ugaldek.

Bizitza baldintzatzen du

Jose Miguel Campos idazle madrildarrak urteetan izan duen estrabismoaren inguruko gogoeta bat zabaldu zuen sare sozialetan. Eskuineko begiko ikusmen galera baten ondorioz, burmuinak begiaren mugimenduei jaramonik ez egitea erabaki zuen. Ondorioz, 30 urte zituenetik aurrera, eskuineko begia gero eta gehiago mugitu zitzaion. Pixkanaka, egunez egun, 25 graduko desbideratzearekin geratu zitzaion arte.

Estrabismoak dakarren estigma sozialaz galdetu dio BERRIAk idazleari, estrabismoarekin bizitzea nolakoa izan den sakonago kontatzeko.«Estrabismoak zure bizitza baldintzatzen du, besteekin dituzun interakzioen erdigunean kokatzen baita begirada», onartu du. «Norbait ezagutzen dugunean, egiten dugun lehen gauzetako bat begietara begiratzea da. Zerbaitegatik diote begirada arimaren ispilua dela. Estrabismoa baduzu, litekeena da ispilura ehunka aldiz begiratu izana eta zure begirada hautsita dagoela konturatzea. Ezinezkoa da arazoa alde batera uztea», hasi da azaltzen.

Beste pertsona bat ezagutzen duen aldiro aurpegi arraroa jartzen diola esan du Camposek, ez baitakite zein begitara begiratu, eta «bekokia zimurtzen dute, kalkulu matematiko bat konpontzen saiatuko balira bezala». Ironizatu egin izan du bere arazoa, eta txantxetan hartu askotan. Halere, argi esan du: «Hondoratu zaitzake ironizatzen ez baduzu. Dena dela, beti egon da hor, nahi edo nahi ez. Zaurituok ezberdinak sentitzeko eskubidea dugu. Horrelako arazoen onarpen akritiko eta ia automatikoaren kultura hegemonikoak ez dut uste jendeari laguntzen dionik».

Doble ikustea

Idazle horrek, ikusmen galera batetik eratorritako estrabismoa izanda, «normal» ikusten duela esan du. Ugaldek azaldu du, ordea, kasu batzuetan estrabismoa duen jendeak «doble» ikusten duela: «Umeek ez dute gaizki duten begiko informazioa erabiltzen, eta badaude tratamenduak, baina erakutsi behar zaie begia erabiltzen».

Ezberdina da helduen kasuan. Helduentzat «zailagoa da» estrabismoa daukan begiko informazioa baztertzea. «Doble ikusten dutela gertatzen da sarritan, objektuen ondoan irudi fantasma bat ikusten dute, eta oso deserosoa da. Askotan, adabaki bat jartzen da, edo prisma batzuekin hobeto ikustea lortzen dute. Horregatik, umeek nagusiek baino moldatzeko gaitasun handiagoa daukate», azaldu du Ugaldek.

Helduei dagokienez, gainera, oftalmologo batek begirada zuzentzeko ebakuntza egitea da aukeretako bat; nahiz eta desbideratze nabaria dagoen kasuetan bakarrik egiten den normalean. Halere, optometristak zehaztu du oso ezberdina izan daitekeela kasu bakoitza. «Desbideratzearen kausa nagusia estrabismoa bera bada, eta asko desbideratu bada, normala da ebakuntza bat egitea». Baina begia beste arazo batengatik desbideratzen denean —iktus edo kolpe batengatik, adibidez—, estrabismoa ez da arazoaren oinarria. «Kasu horietan estrabismo txiki bat da, eta normalean ez da asko nabaritzen; beraz, arraroa da ebakuntza bat egitea». Ebakuntza egiten denean, ondo atera bada, oftalmologo batek sakon begiratzen ez badu, jendeak ez du pazienteak estrabismoa izan duela nabarituko.

Berriz lerrokatuta

Hamabi urte eman ditu Camposek estrabismoarekin. Duela egun gutxi, ebakuntza egitea eta eskuineko begia lerrokatzea erabaki zuen. Erabakia hartzea kostatu zitzaiola onartu du: «Uste dut hau pertsona bakoitzaren biografiaren araberakoa dela. Hasieran uste nuen ez zeukala konponbiderik, eta operazioari buruz irakurtzen hasi nintzenean, arriskutsua zirudien, eta beldur nintzen».

Hori bakarrik ez, «norbera den bezalakoa dela onartzearen kultura horrek guztiak» baldintzatu du erabakia hamabi urteren buruan hartu izana. «Bueno, estetika besterik ez bada...», bezalakoak pentsatzen zituen. Baina nekatu zen ispiluan begiratzen zen bakoitzean hura benetan zen bezalakoa ez ikusteaz. «Ni nintzen pertsona izan nahi dut berriro», erabaki zuen orduan.

«Kasualitate hutsa» izan da haren estrabismoa. Izan ere, gehienetan ezin daiteke estrabismoa prebenitu. Ebakuntza egin ondoren ere «zaila da guztiz kentzea», baina jendearen begietan ez da nabaritzen.

Hala eta guztiz ere, medikuntzan ia beti gertatzen den bezala, optometristarentzat begiak umetatik zaintzea da onena gauza larriagoak prebenitzeko: «Gauza batzuk gertatzen dira, eta zaila da prebentzioa. Hala ere, umetan ikusmen arazoak daudenean, optometristarengana lehenbailehen joatea gomendatzen da, arazo handiagoak saihesteko».

Idazleak ez daki jendeak beste era batera begiratuko ote dion orain, galdera horri erantzuteko «beste 12 urte» falta baitzaizkio. Baina tira: «Ahal dena egingo da. Bizitza makurra izango da aurrerantzean ere».]]>
<![CDATA[Olioa, zartaginetik autoetara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/038/001/2023-03-11/olioa_zartaginetik_autoetara.htm Sat, 11 Mar 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1913/038/001/2023-03-11/olioa_zartaginetik_autoetara.htm
Beste bizialdi bat ematea da aukerarik onena. Izan ere, etxeko olio erabilia birziklatzeko erraza da, eta, gainera, hura aprobetxatzeko modu asko daude. Kandelak edo xaboiak egiteko aprobetxatzea da aukeretako bat. Bandak koipeztatzeko erabil daiteke, sarraila bat trabatzea edo burdineriarekin marruskatzea eragozteko. Egurrezko altzariak babesteko balio dezake. Baita gorputzaren esfoliatzaile gisa ere, larruazalarentzat oso propietate onuragarriak baititu. Halere, enpresek autoetarako biodiesela egiteko erabiltzea da ohikoena.

«Sukaldeko olio erabilia bakarrik. Plastikozko ontzi itxi batean utzi», irakur daiteke letra larriz pintaketaz betetako kontainerrean. Hor hasten da prozesua, berdearen eta horiaren ondoan dagoen kontainer gris eta laranjan. Herritarrek olioz beteta dagoen ontzia barruan sartu besterik ez dute egin behar. Jatetxeek, berriz, 50 litroko bidoi bat eskatzeko aukera dute, egunero erabiltzen dituzten olio litro guztiak han sartzeko. Ondoren, kamioilari bat joango da bidoia aldatzera, jatetxekoek beteta dagoela abisatzen dutenean. Edozein kasutan, herritarren esku dago etxeko olioa birziklatzeko lehen urratsa egitea.

Prozesu berri bat

Gasteizen, Eko Gasteiz enpresa arduratzen da olio hori guztia jasotzeaz. Olio erabiliak biltzeko, kudeatzeko eta biodiesela ekoizten duten enpresei saltzeko enpresa gisa sortu zuten, 2001ean. Egun, 170 edukiontzi baino gehiago ditu Gasteizko herritarren eskura, sukaldeko olio erabilia birziklatzeko. 900 litro kabitzen dira edukiontzi bakoitzean, eta landare jatorriko edozein olio biltzen da: oliba, ekilore, palma eta linazi olioa. Horrez gain, Gasteizko hainbat jatetxerekin eta beste udalerri batzuekin egiten dute lan.

Gutxi gorabehera, 50 egunean behin biltzen dira kontainerrak. Hortik aurrera, kamioiak upelekin iristen dira Gamarrako industrialdean daukaten pabiloira. Lehenik eta behin, olio ontziak birrindu egiten dira, pabiloiaren sarreran dagoen makina batean. Ondoren, olioa berotzeko, depositu batera isurtzen da, «biskositatea murrizteko». Hori izan da Eduardo Ruiz Eko Gasteiz enpresako arduradunak azaldu duen lehen gauza, eta pabiloia erakusten hasi da gero.

Pabiloiko zorua itsaskorra da, eta olio errearen usaina antzematen da. Ez da hain usain sarkor eta deserosoa, halere. Are, lehen begi kolpean hala ez badirudi ere, asko zaintzen dute higienea. Adibidez, lurzorua ez dago itsaskor olioagatik, garbiketa produktu batengatik baizik: «Osasun eta higiene neurriak oso garrantzitsuak dira. Legeak hala esaten du, eta guk bete egiten dugu legea», azpimarratu du Ruizek.

Pabiloiko lehen gelan, makina handi bat dago, eta hartan isurtzen dira edukiontzietara ekartzen diren olioz betetako ontzi txikiak, Ruizek azaldu duenez. «Hemen puskatzen dira ontziak olioa atera dadin, eta, ondoren, beste makina batera eramaten dugu. iragaztera». Behin iragazteko makinan dagoenean, bidoietako olioarekin batzen da, eta olioarekin nahastuta egon daitezkeen gainerako sustantzia eta produktuak kentzen dira.

Hortik aurrera, olioa ponpatzen da, eta bi andel erraldoitan gordetzen dute, biodiesela egiten duten enpresetara bidaltzeko gero. «Zoritxarrez, birrindutako edukiontzien plastikoa ezin daiteke berrerabili. «Enpresa batzuei galdetu genien ea erretzeko nahi zuten, baina esan ziguten ez duela balio. Halere, ingurumenean eraginik izan ez dezan saiatzen gara», gehitu du enpresako arduradunak.

Ahal dela, ekologikoa

Olio erabilia ez birziklatzeak hainbat arazo eta arrisku eragiten ditu ingurumenean, eta izaki bizidun guztiei egiten diete kalte. Eko Gasteiz enpresarentzat, beharrezkoa da hondakin mota hori birziklatzen lagunduko duten alternatibak aurkitzea.

Hala, enpresak gomendioak ematen ditu kozinatzeko erabiltzen den olioa behar bezala birziklatzeko. «Ez bota ura edo olioa ez den beste edozein hondakin; ez bota olio beroa, bestela ontzia deformatu egingo litzateke beroaren ondorioz, eta hautsi ere egin daiteke; eta gorde ontzia leku lehor batean, giro tenperaturan».

Jendeak, halere, ez du oliorik birziklatzen, uste baita olio erabiliaren bi herenek estoldetan amaitzen dutela. Olio erabiliarekin zer egin ez dakiten ostalariak ere aurkitu ditu Ruizek: «Gehienek, orokorrean, ez dakite nola birziklatu behar den ere, baina, birziklatzen ez bada, kalte handia eragin daiteke». Izan ere, olioa hodietan trabatu daiteke, hondakin urak tratatzeko instalazioetarako aparteko lanak egiteko beharra eragin dezake, hiriko izurriteak areagotu ditzake...

Baina ibaietan eragiten du kalterik handiena: litro bat oliok mila litro ur kutsatu ditzake. Ibaietako olioaren karga organiko kutsatzailea areagotu egiten da, eta oxigenoa igarotzea eragozten duten geruzak eratzen dira ur azalean. Horrekin batera, ur araztegiek denbora gehiago behar dute olioa eta antzeko hondakinak desagerrarazteko; batzuetan, ez da posible guztiz garbitzea.

Ekonomia zirkularra

Hustutako bidoiak sakon garbitzen ari da langile bat, berriro erabili ahal izateko. Sukaldeko iragazkiak pilatuta dauzkate ondoan; izan ere, jatetxeetako jabeek hala nahi badute, olioa jasotzearen truke sukaldeko iragazkiak eta aireztapen hodiak garbitzen dizkiete, Ruizek esplikatu duenez: «Gasteizko jatetxeek aukera dute ematen diguten olioaren truke diru apur bat irabazteko. Halere, ohikoagoa da beste akordio bat egitea: olioa ematen digute eta, trukean, sukaldeko iragazkia garbitu eta iragazki garbi bat ematen diegu».

Eko Gasteizen helburua, beraz, landare olio erabilien bilketa kudeatzea da. Gero, olio hori aztertu, iragazi eta tratatu egingo da, eta biodiesela ekoizteko lehengai gisa —CO2 gutxiago sortzen duen landare jatorriko erregai bat— erabili. «Ekologian eta ekonomia zirkularrean sinesten dugu, eta zergatik ez? Ekonomia zirkularrak produkzio prozesuan sar daitezkeen hondakinak berrerabiltzearen alde egiten du, lehengai berriak merkeago sortzeko», azaldu du enpresako arduradunak.

«Pena da», Ruizen ustez, baina, dioenez, kozinatzeko erabiltzen den olioa bakarrik birzikla daiteke: «Olio industrialak ezin dira erabili biodiesela sortzeko. Olioak diren arren landareetatik ez datozen konposatu kimikoak dituztelako. Horregatik ez dira inoiz bi olioak ontzi berean nahastu behar».

Onartu du enpresa sortu aurretik kozinatzeko olioa eta olio industriala nahasten zituela, «ezjakintasunagatik eta konturatu barik». «Ikasi nuen ezin zela olio industriala etxekoarekin nahastu. Lehena ezin daiteke birziklatu, ezta berrerabili ere. Etxeko olioa birziklatzea ez da zaila, eta edonork egin dezake».]]>
<![CDATA[Isiltasunik gabeko jendea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/038/001/2023-03-04/isiltasunik_gabeko_jendea.htm Sat, 04 Mar 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1877/038/001/2023-03-04/isiltasunik_gabeko_jendea.htm
Burrunbak. Klaskak. Marmarrak. Imajinatu ez dela desagertzen, beti dagoela. Imajinatu etengabeko soinu bat izatea buruan. Imajinatu liburua mesanotxean utzi, eta ezin lorik hartzea. Ez da kanpoko soinu bat, buru barruan dago, gainera. Gogaikarria izan daiteke, areagotu ala gutxitu daiteke, betikotu daiteke ala ez... Ez da pertsona guztientzat berdina, eta gehienetan normaltasunez bizi daiteke zaratarekin. Baliteke irakurle asko aipatutakoarekin oso identifikatuta sentitzea.

Akufenoak edo tinnitusak belarrietan edo buruan norberak bakarrik entzuten dituen zaratak dira, ez dira kanpoko soinu iturri batek sortutakoak. Ohikoak dira mundu osoko herritarren artean: %10-17k dituzte; ehunekoa alda daiteke herrialdearen arabera. Arazo iragankorra izaten da gehienetan, pairatzen duenari enbarazu askorik eragiten ez diona. Beraz, kasu gehienetan ez dago tratamendu espezifikorik egiteko beharrik. Akufenoak, gainera, ohikoagoak dira adinduetan, baina ez dago sexuen arteko desberdintasunik. Oraindik, ordea, asko dago jakiteko eta ikertzeko soinu nahasmendu horri buruz.

Txistuaren, burrunbaren, sare elektrikoaren zarataren eta abarren antzeko soinua izan ohi da. Xavier Pujolas Gasteizko otorrinolaringologo sonatuaren hitzetan, batez ere loa aztora dezakete enbarazu egiten duen kasuetan, eta pairatzen duenaren kontzentrazio gaitasuna eta eguneroko jarduerak oztopa ditzake: «Akufenoek eguneroko bizitzari eragiten dioten heinean eta atseden egokia lortzen ez den heinean, pazienteak gehiago sufrituko du. Horrek gero eta eragin handiagoa izango du haren bizi kalitatean».

Egunerokoan dagoen zarata desagertzean eta oheratzen direnean sufri dezakete gehien akufenoak dituztenek. Galindezen kasuan, eta aspaldian gertatu ez zaion arren, ezin lorik hartu eta ohetik jaiki behar izan du gau batzuetan: «Zaratari kasu eginez gero, ezin dut lorik hartu, eta etsi egiten dut». Hala ere, badaude gehiago sufritzen dutenak. Haren anaiak akufenoak ditu, eta askoz gehiago sufritzen du. «Oso gaizki pasatzen du batzuetan. Esaten dit gau batzuetan gogoa izaten duela balkoitik salto egiteko», esan du Galindezek, ironiaz.

Zehazki, ezin daiteke esan akufenoak izateko arrazoiak zeintzuk izan ahal diren. Pujolasek aurreratu duenez, gaur egun oraindik ez baitira segurtasun osoz ezagutzen. Jakina da, ordea, «entzumenaren disfuntzio bat» dela, eta hainbat izan daitezkeela arrazoiak: gortasuna edo entzumen galera, belarriko infekzioak, zarata handien eraginpean egotea, hainbat farmako -azido azetilsalizilikoa, kinina, antibiotiko batzuk...-, belarriko argizariak eragindako tapoiak, nerbio akustikoaren tumoreak, bizkarrezurreko arazoak, disfuntzio tenporomandibularra eta hipertentsio arteriala, besteak beste.

Ohikoena ez izan arren, zaratak eta estres egoerek belarriko akufenoak «larriagotu» ditzakete. Hala ere, jendearen kezkak baretze aldera, Pujolasek gaineratu du normalean ez direla gaixotasun larri baten sintoma izaten, baina komeni dela otorrinolaringologoarengana joatea: «Espezialista batengana jotzea gomendatzen da, lehenik eta behin entzumen arazo bat baztertzeko. Gainera, paziente asko etorri zaizkit kontsultara akufenoekin hasi eta bost urtera. Hori ez da batere ona. Akufenoak kronikoak izateko eta ez desagertzeko aukerak areagotzen dira kasu horietan».

Detekzioa

Orain dela 20 urte otorrinolaringologora lehen aldiz joan zenekoa oroitu du Galindezek. Belarriak buxatuak zituela igartzen zuen, eta buru barrutik zetozen zaratak entzuten zituen: «Belarrietan argizarizko tapoi oso handiak nituela esan zidaten. Kendu zizkidaten, baina zarata entzuten nuen oraindik, eta proba batzuk egin zizkidaten, badaezpada ere. Horri esker, tumore bat aurkitu zidaten buruan, eta garaiz kendu zidaten. Halere, ez zeukan zerikusirik akufenoekin». Bost urte eman zituen otorrinolaringologoarengana joaten, horrekin bizitzen ikasi behar zuela onartu zuen arte. Gaur egun, ikasi du akufenoekin bizitzen, eta askoz gutxiago eragiten diote.

Askotan, akufenoak dituzten pazienteei areagotu egiten zaie kanpoko zaratekiko sentsibilitatea, «eta tolerantzia txikiagoa izaten dute». Sintoma horien aurrean, entzumena aztertzea gomendatzen du otorrinolaringologoak, «arazo larririk ez dagoela ziurtatzeko». Aparteko arazo larriagorik ez balego, eta pazienteari zaratek asko molestatzen badiote, kasuaren arabera tratamendu bat edo beste aplikatu beharko da.

Desagertzen da, gehienetan

«Ematen dizkiegun jarraibideak jarraitzen dituzten pazienteen %95ek lortzen dute akufenoak kentzea». Beraz, kasu gehienetan bakarrik edo «esfortzu gutxirekin» desagertu daitezke zaratak, nabarmendu nahi izan du Pujolasek. Horregatik, lehenik eta behin, «arazoa larria ez dela jakinarazi behar zaio pazienteari», eta zaratei jaramonik ez egiten saiatu behar duela: «Erabateko isiltasuna saihestuz, ingurumen musika jarriz, behar bezala lo eginez -beharrezkoa bada, infusio erlaxatzaileen, melatoninaren, antsiolitikoen edo loa eragiten duten botiken laguntzarekin-...»

Hori nahikoa ez bada, tratamendu farmakologikora jotzen da, tratamenduaren bigarren maila izango litzatekeena. Pazienteei bitaminak hartzeko esaten diete otorrinolaringologo askok, baina Pujolasentzat horrek ez du ezertarako balio: «Frogatuta baitago ez direla eraginkorrak». Horregatik, beheraldiaren kontrako botika batzuk gomendatzen ditu -antiobsesiboak esatea gustatzen zaio Pujolasi, pazienteak ez baitu zertan deprimitua egon behar-. «Badaude gauzei buelta asko ematen dietenak. Medikamentu horri esker, pazienteak ez die akufenoei arretarik jartzen, eta horrek soinura ohitzeko prozesua errazten du, eta desagertu daiteke».

Kasurik larrienetan, Soinu terapia sekuentziala izeneko terapia bat aplikatu beharko da. Hainbat modutan aplika daiteke terapia, otorrinolaringologoak zehaztu duenez. Pazienteak gortasunik ez badu, «zarata desatsegin bat» ateratzen duten belarrietako soinu sorgailuak erabiltzea gomendatzen du. Bi belarrietan jarri behar dira, egunean sei-zortzi ordu bitartean; betiere akufenoa baino intentsitate baxuagoan. «Zarata desatsegin horren bidez, pazientea akufenoez ahaztea lortu nahi da, beste zaratan arreta jarrita. Horri esker, soinu sorgailuak kentzean, akufenoak ez lioke hainbeste molestatu behar». Pazienteak gortasuna eta akufenoak dituen kasuetan, entzumena hobetzen eta akufenoak zuzentzen laguntzen duten audifonoak gomendatzen ditu otorrinolaringologoak. Terapiaren iraupena ezberdina da pazientearen arabera.

Azkenik, pazientearen buru osasuna arriskuan dagoen «muturreko kasuetan», tratamendu psikologikoa eta psikofarmakologikoa funtsezkoa da Pujolasentzat. «Batik bat, antsietatea murrizteko, depresioa hobetzeko. Bestela, ez dira otorrinolaringologoak esandako tratamenduaren helburuak beteko».

Bizi, arazo barik

Urduri dagoen uneetan erreparatzen die Galindezek zaratei. «Zerbaitengatik kezkatuta nagoenean eta horretan pentsatzen hasten naizenean areagotzen da zarata; bestela, hain ohitua nago, ez naizela jabetzen». Hain justu, Pujolasek esplikatu du urduritasun momentuak saihesten saiatu behar dutela akufeno kronikoak dituztenek. «Pertsona horiei ondo datorkie yoga bezalako erlaxazio ariketak egitea, musika lasaia entzutea...», aipatu ditu adibideak.

Denborarekin, Galindez konturatu da haren inguruko jende askok dituela akufenoak, baina gehienek lortu dute normaltasunez bizitzea. «Uste baino jende gehiagok dauzka akufeno kronikoak, eta gehienok normaltasunez bizi gara horrekin. Zaratarekin bizitzen ikasi dugu. Gainera, niri ez dit bereziki eragiten; beraz, zortea daukadala uste dut».

Medikuntzan alor gehienetan bezala, entzumen kontuetan ere oso garrantzitsua da arazoak azkar atzematea eta arazo larriagoak prebenitzea. Otorrinolaringologoak hamaika aldiz esan duen bezala, akufenoen kasu gehienak pasatu egiten dira, eta bestela haiekin bizitzen ikas daiteke. «Beti esaten diet pazienteei arazo bat baldin badaukate azkar joan daitezela medikuarengana. Esajeratu gabe, baina garrantzitsua da entzumena zaintzea».]]>
<![CDATA[«Gaur egun ere mila arrazoi daude punka izateko eta kontra egiteko»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1946/042/001/2023-02-26/gaur_egun_ere_mila_arrazoi_daude_punka_izateko_eta_kontra_egiteko.htm Sun, 26 Feb 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1946/042/001/2023-02-26/gaur_egun_ere_mila_arrazoi_daude_punka_izateko_eta_kontra_egiteko.htm
Urte askoan musika alde batera utzi arren, orain hiru musika taldetan jotzen du Bolinagak. Hain justu, bilera izan du Konpost taldekoekin. Ondoren, irribarretsu sartu da Hala Bedi tabernara, eta naturaltasunez errepasatu ditu haren bizitzako argi-ilunak.

Punka hil al da?

Ez dut uste; nire ustez, ez da hil. Talde oso indartsuak daude oraindik. Nire belaunaldiko jendeak osatutako taldeek jarraitzeaz gain, gazteek ere zirkuitu alternatiboa dute. Punk jarrera mantentzen da.

Berrasmatu da orduan?

Agian ez da lehen zena, baina oraindik badago punka egiten ari den jendea. Gazte askok beste adierazpide eta musika estilo batzuk aukeratu dituzte agian, baina amorrua adierazten jarraitzen dute. Musika estilo bat baino gehiago da punka, inposatutakotik ateratzeko modu bat. Hori ez da aldatuko.

Zure haurtzaroko eta nerabezaroko bizipenek zerbaitetan eragin zuten punka izateko eta RIP sortzeko orduan?

Bai, noski. Gure kasuan musika doinu berriek zirrara eragin ziguten. Bai Jul nire anaiari, bai niri, umetatik gustatu izan zaigu musika. Beraz, Sex Pistols, The Clash... lehen aldiz entzun genituenean, izugarri hunkitu gintuzten. Orduan jakin genuen: guk ere musika talde bat osatu nahi genuen.

Umetan tronpa eta tronboia jotzen ikasi zenuten, gainera.

Musika arnasten zen gure etxean. Umetatik apuntatu gintuzten solfeora, eta herriko orkestran aritu ginen ondoren. Aita abeslaria zen, eta abesbatza batean abesten zuen; amak, berriz, pianoa jotzen zuen. Nire etxean beti egon zen oso presente musika, eta gaur egun ere hala mantentzen da nire bizitzan.

Bat-batean, melodia klasikoetatik punka egitera pasatu zinen.

Argi neukan bateria jo nahi nuela, betidanik maite bainituen danborrak. Nire anaia Jul-ek ere argi zeukan gitarra jo nahi zuela, beraz, erraza izan zen instrumentua aukeratzea.

Nola gogoratzen dituzu RIPen lehen urte horiek?

Hutsune mental asko ditut, eta ez ditut nahi bezain ongi gogoratzen. Hori bai, dena oso frenetikoa zen, ez ginen gelditzen: parranda asko, musika asko, droga asko... Egia da Arrasaten ez zeudela hainbeste taberna, baina mugimendu handia zegoen. Beste tokiren batean jotzen genuen bakoitzean gure lagunek kontzertu guztietara laguntzen gintuzten. Batzuek auto-stop egiten zuten; beste batzuk autobusez etortzen ziren, baita autoz ere. Euskal Herritik kanpo joaten ginenean, agian ez zen hainbeste jende etortzen, baina, zorionez, etxe inguruan eman genituen kontzertu gehienak. Lau pertsona baino gehiago ginen RIP: kolektibo bat ginela ematen zuen.

Hasieran, Doble Cero zuen izena taldeak. Noiz erabaki zenuten RIP deitzea?

Aramaioko [Araba] jaietan aldatu genuen izena, eliza pareko eskaileretan. Oraindik Mallabi abeslari zegoenean izan zen hori. Hark egindakoa ere aitortu behar da, taldearen hastapenen parte izan baitzen.

Beste taldekideon intsumisioari esker jarraitu zuen taldeak, eta orduan hasi zen Karlos Mahoma abesten.

Mallabi soldaduskara joan zen, baina beste guztiok intsumisoak izan ginen. Orduan Karlos sartu zen abestera. Asko gustatu zitzaigun hasieratik nola kantatzen zuen, eta bera gelditu zen abeslari.

Erritmo azkarreko melodiak eta hitz zuzenak zenituzten. Apaindurak ez ziren beharrezkoak?

Horixe. Bizitzea tokatzen zitzaigun garaiaren isla ziren. Oso musikazaleak ginen guztiok, eta talde bat egitea erabaki genuenean, argi geneukan punka egingo genuela. Zuzena zen, eta ez zen beharrezkoa sekulako musikariak izatea nahi genuena jotzeko. RIPen hitzek ere urte haietan sentitu ikusi eta bizi izan genuena islatzen zuten. Barrutik ateratzen zitzaigun guztia

Esaten dute Eskorbutoko kideek ere asko estimatzen eta errespetatzen zintuztetela. Gainera, Zona especial norte grabatu zenuten batera, zuen lehen lana izan zena.

Haiekin jo genuen ere lehen kontzertua, Bilbon. Oso harreman ona izan genuen beti Eskorbutoko kideekin; talde bien garai txarretan ere bai. Jendeak mila mito aipatuko ditu, baina Eskorbutorekin izan genuen harremana ona izan zen beti. Arrasatera asko etortzen ziren Juanma eta Josu [Eskorbutoko kideak].

Zuen kantuek etorkizunik gabeko gizarte bat islatzen zuten. Espero bezalakoa da?

Gizartea gero eta lobotomizatuago eta artaldeago bihurtzen ari da, eta atzeraka goaz gauza askotan: adierazpen askatasunean, adibidez. Ez zait gustatzen mundua nola dagoen. Eta ez naiz 80ko hamarkada hobea izan zela esatea gustatzen zaion horietako bat. Uste dut, halere, zoritxarrez kapitalismoa asko garatu dela. Horregatik, gaur egun ere mila arrazoi daude punka izateko eta kontra egiteko.

Enamorado de la muerte, Condenado, Mundo muerto... Oraindik tabernetan entzuten dira zuen abestiak, eta badaude bertsioak egiten dituzten taldeak ere. Zer sentitzen duzu urte horietan bizi ez zen belaunaldi bat zuen abestiekin identifikatuta sentitzen dela ikustean?

Flipatzen dut; izugarria da oraindik hori gertatzea. Jende gazte asko hurbiltzen zait RIP haien inspirazioa izan dela esanez. Harrigarria da 42 urte geroago jendeak kantuak sentitzen eta abesten jarraitzea. Hala ere, nik beti esaten dut egunean bizi naizela orain, eta ez naizela iraganean geratu, baina harro nago horretaz. Pena da Portu-k orain RIP dena ezin ikusi izana. Jul-ek zorionez bizi izan zuen, eta Mahoma-k ere bai pixka bat. Inoiz ez genuen pentsatuko oihartzun hori izango genuenik.

Heroinak eta hiesak 80ko hamarkadako hainbat talde kondenatu zituen. Zuk, ordea, heriotzari izkin egitea lortu zenuen.

Inor ez da heriotzatik libratuko. Egunen batean joan egingo gara, baina gaur zurekin nago hau kontatzen, 60 urterekin. Hamar urtez egon nintzen drogen mende. Azken bost urteetako adikzioak eragin handia izan zuen RIPen ibilbidean; gure beharrak aldatu egin baitziren drogaren mende geundenean. Jende asko eraman zuen heroinak, gertuko lagun asko. Ez dakit gaur egun beste droga batzuekin gauza bera gertatzen den. Urrun nago mundu horretatik, zorionez.

Bizirik gelditzen den taldekide bakarra zara. Duela zortzi urte Jul zure anaia izan zen hiltzen azkena. Bereziki gogorra izango zen heriotza hori.

Oso heriotza gogorrak izan ziren guztiak, baina anaiarena izan zen gehien eragin zidana; gauzak aldarazi zizkidalako. Nire bizitzari buruz hausnartzera eraman ninduen. Jul ez zen nire anaia bakarrik: batera egiten genuen lan, kuadrilla berean geunden, elkarrekin joaten ginen oporretan... Harreman oso ona genuen, eta zaletasun asko partekatzen genituen. Haren heriotzak aldatu egin ninduen, eta konturarazi ninduen nire denbora ahalik eta gehien aprobetxatu behar nuela, bizitza efimeroa delako. Gauza batzuk alde batera utzi, eta benetan gustatzen zitzaidanari eta betetzen ninduenari heldu nion: musikari.

Zure bizitza asko aldatu zen ere Arrasatetik mugitu zinenean. Zenbat urte daramatzazu Gasteizen bizitzen?

1994an hasi nintzen Gasteizen bizitzen. Heroinatik desintoxikatzera etorri nintzen arren, izugarri gustatu zitzaidan hiria. Hasieratik argi izan nuen hemen bizitzen geratu nahi nuela. Gainera, Arrasatetik gertu dago.

Orduan hasi zinen herri mugimenduetan gero eta konpromiso handiagoa hartzen? Hiesaren aurkako kolektiboan, gay kolektiboan, Eleak-Libre dinamikan...

Orain urrunago nago mundu horretatik, eta musikan zentratuago. Gasteizera bizitzera etortzearen arrazoietako bat izan zen Arrasate oso itxia ikusten nuela. Gasteizko militantziak lagun handi asko eman dizkit. Azkenerako, pixka bat ito nintzen, eta berriro heldu nahi nion musikari. Baina bai, asko zor diot militantziari.

80ko hamarkadako punk mugimenduaren aurpegi ezagunetako bat zara oraindik ere, ordea. Erantzukizun handia da?

Egia esan, aspaldi ez nuela elkarrizketarik egiten, baina ez dut erantzukizun moduan hartzen. Inoiz ez zait gustatu protagonista rola hartzea, eta, oro har, beti izan naiz lotsatia eta isila; oharkabean pasatzen saiatzen naiz beti. Hori bai, orain askoz gutxiago axola zait jendeak pentsatzen duena. Hori da aldatu den bakarra.

Ez zara iraganaz bakarrik mintzo, oraina ere bizi duzu. Perlata, Zero eta Konpost taldeetan bete-betean zabiltza, ezta?

Itzuli bat da niretzat, eta oso pozik nago talde guztietan. Denentzat denbora izatea da orain zailena [barrezka].

Inoiz utzi ezingo duzun droga da musika?

[Barrezka hasi da] Beti esan ohi dut. Musika eta kontzertuak dira nire oraingo heroina. 80ko hamarkadako zati bat bizitzen ari naiz berriro, ia astero kontzertuak izaten baititut. Orain, gainera, guztiaz gogoratzen naiz hurrengo egunean.

Irauten dute erritmo azkarrek eta punk-rock musikak. Baina trap, rap eta bestelako generoak ere iritsi dira Euskal Herrira. Begi onez ikusten dituzu?

Garai bakoitzak bere estiloak ditu. Haien garaia ere iritsi da, eta erabat errespetatzen ditut. Musika estiloa gustatu ahal zait edo ez, baina beti errespetatuko dut egiten dutena. Musika mota asko gustatzen zaizkit, oro har, eta uste dut denetarik egin behar dela. Pertsonalki, gainera, bateriarekin gauza berriak jotzen ere hasi naiz. Adibidez, Konpost taldearekin lasaiago jotzen ikasi dut. Uste dut beti egongo naizela gauza berriak esperimentatzeko prest.

Asko aldatu da RIP taldean hasi zen Txerra gazte hura?

Fisikoa asko aldatu da; berdin sentitzen naiz, halere. Ez naiz lehen bezain lotsatia, beharbada, baina uste dut betiko bera naizela, betiko gogo berarekin. Lotura eta mendekotasun askotatik aske sentitzen naiz orain. Egindakoa egina dago: garai gaziak eta gozoak bizi izan ditut. Dena ematen jarraitu nahi dut.]]>
<![CDATA[Istorio ehunduak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/032/001/2023-02-25/istorio_ehunduak.htm Sat, 25 Feb 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1876/032/001/2023-02-25/istorio_ehunduak.htm
Gasteizen finkatuta dauden zenbait elkarte afrikarrek beren kulturaren zati bat erakutsi nahi dute Oihal artean erakusketaren bitartez. Hirian dauden Afrikako hemeretzi elkartek eta Gasteizko Udalak antolatu dute. Asteartean inauguratu zuten, Pilar gizarte etxean, eta han egongo da datorren astelehenera arte. Ibaiondo gizarte etxean jarriko dute martxoaren 6tik 27ra bitarte. Ondoren, beste zenbait gizarte etxetan egongo da ikusgai. Urriaren 22an ikusi ahalko da azkenekoz, Salburuko gizarte etxean.

Antzinatik oso harreman berezia izan dute afrikarrek oihalekin. Horien sorkuntza eta erabilera oso errotuta daude kontinente hartako kultura ezberdinetan. Migrazioak eragin du afrikarrek hain errotuta daukaten tradizio hori Gasteizera heldu izana. Guztiak ezin erakutsi, eta, hirian egon daitezkeen oihal guztietatik, zortzi aukeratu dituzte erakusketan jartzeko. Ez dira edozein oihal, ordea: istorio bat gordetzen du ehun bakoitzak. Pertsona edo herri baten historia du bakoitzak, belaunaldiz belaunaldi gaur egun arte transmititu dena.

Kente, leppi, shuka la masai, bogolan, ndop, wudere sañaande, malicane eta khyata dira erakusketan bildu dituzten oihalen jatorrizko izenak. Forma, tamaina eta kolore ezberdinak dituzte, baina partekatzen dute zerbait: etnien nortasunaren parte garrantzitsuak dira. Horregatik, antolatzaileen hitzetan, «edertasunetik harago» doa eskuz egindako ehun koloretsu horien garrantzia: «Antzinako herentzia bat daramate barruan, zeina afrikar belaunaldi berriek gorde egin nahi duten».

Jatorria Mauritanian duen oihala da khyata, adibidez. Egun berezietan erabiltzen da, ezkontzetan edota jai tradizionaletan. Aldiz, Kamerungo ehun tipikoa da ndop delakoa, eta trukerako erabiltzen zen antzina. Horiek eta beste oihal guztiek etnia ezberdinen ohiturak eta tradizioak azaltzeko balio diete antolatzaileei.

Ehunen jabeek berek azaltzen dute bakoitzaren garrantzia. Gelako telebistan ageri dira banan-banan «oihalek gordetzen dituzten sekretuak hariz hari» kontatzen. «Edozertarako balio du oihalak, ez bakarrik gertaera garrantzitsuetarako; egunero erabil daiteke», azaldu du batek. Beren jatorrizko hizkuntzan hitz egiten dute guztiek, eta euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziak daude azpian.

Hainbat pertsonaren hitzak jasotzen diren panel bat ere badago. Afrikan jaioak edo sustrai afrikarrekoak dira bideoan ageri diren guztiak, eta Gasteizen bizi eta gasteiztarrak sentitzen dira. «Ni 12 urterekin iritsi nintzen hona, Boli Kostatik. Hemengoa eta hangoa sentitzen naiz», azaldu du Mariamek; «Gasteizen jaio nintzen. Gustatuko litzaidake libreki euskal herritarra naizela esatea», dio Hindak; «Marokokoa naiz, eta 2002tik daramat Gasteizen. Urte hauetan guztietan ezin izan naiz integratu, nire kulturagatik eta erlijioagatik», hasi da Soumaya; «Gasteizen, neure burua aurkitzeaz gain, nire familia handitu dut, eta oso zoriontsu egiten nau horrek», amaitu du Lendak. Oihalek bezala, beren bizipenak gordetzen dituzte guztiek.

Elkarteen lan nekaezina

Hainbat elkartek urteak daramatzate Gasteizko afrikarrekin lanean. Batik bat, «hirian finkatu den biztanleria migratuaren bizimodua hobetzeko egiten dute lan», nabarmendu dute antolatzaileek.

Era berean, kolektiboek lan nekaezina egiten dute giza eskubideen, garapenaren lankidetzaren eta sentsibilizazioaren alorrean. Afrikar komunitateari laguntzeko lanak egiten dituzte gehienbat.

Afrikako kulturei ikusgaitasuna emateko hainbat jarduera bultzatzen dituzte urte osoan: Afrikaren Astea, Afrikaldia zinema jaialdia... Konbentzituta daude ekinaldi horiei esker «hiriko kultura panorama eta gainerako auzokideekiko bizikidetza sustatzen dituztela».]]>
<![CDATA[Rockaren zapore bizia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/029/001/2023-02-18/rockaren_zapore_bizia.htm Sat, 18 Feb 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1876/029/001/2023-02-18/rockaren_zapore_bizia.htm
«Bizitzako bi plazerik handienak» batu dituzte Gasteizko Helldorado kontzertu aretoko Come o Muere kantina berrian. Kontzertu aretoak berrasmatzera behartuta daude, eta ikus-entzuleak agertokietara erakarri behar dituzte formula berriak probatuz. Bada, Juan Uriarte arduradunak argi izan zuen pandemia garaian jasotako diru laguntzak «proiektua indartzeko» balio behar zuela: «Aspaldian geneukan buruan zerbait egitea kontzertu areto ondoko gunearekin, eta, azkenean, jatetxe hau egitera ausartu ginen». Azkenean, joan den urte amaieran ireki zuten. Ordutik, astero zabaldu dute kantina, astelehenetik larunbatera. Ostiraletan eta larunbatetan, bertan afaltzeko aukera dago.

Uritiasolo industrialdean daude kontzertu aretoa eta kantina, hirigunetik aparte. Kontzertuetara bertaratzen direnek emanaldi baten aurretik edo ondoren jateko eta edateko aukera izateko helburuarekin jaio da proiektua, azaldu du Uriartek. «Industrialde batean gaude; beraz, jende askok galdetzen zigun ea non afaldu ahal zuten. Hirigunetik urrun dagoenez, hemen afaltzeko aukera daukate orain. Ikus-entzuleek eta datozen taldeek asko eskertzen dute hau». Gainera, inguruko jatetxe bakarrenetarikoa da.

Astelehenetik ostiralera espazio lasaia da kantina. Jendea terrazan zerbait hartzera etortzen da egun eguzkitsuetan: «Gehienbat inguruko enpresetako langileak etorri ohi dira pintxo bat jatera edo zerbait hartzera. Askok, gainera, hemen bazkaltzen dute», aipatu du arduradunak.

Asteburua iristean, lasaitasun hori desagertu egiten da, batez ere Helldoradoko kontzertu egunetan. Ikuskizuna hasi baino lehen, jendez betetzen da areto ingurua; gainera, sarrerarik gabe geratu denak edo lasaiago egon nahi duenak, ikuskizuna jatetxetik ikusteko aukera ere badaukala nabarmendu du Uriartek: «Zuzenean ematen ditugu kontzertu guztiak. Beti da hobea aretoan ikustea. Halere, kantinan espektakuluaz gozatzeko aukera du nahi duenak, lagunekin afaltzen edo zerbait hartzen dagoen bitartean».

Exotikoa, baina bertakoa

«Plater sinpleak dira, baina kalitate handiko produktuekin eginak», hasi da Uriarte karta azaltzen. Haragi bolak saltsan, txerri masailak ardo beltzean, bakailaoa saltsan... Euskal Herriko betiko plater klasikoak eskaintzen dituzte. Halere, kantina bat izanda, tex-mex estiloko platerak dastatzeko aukera ere izango du bezeroak. Burritoak, natxoak eta antzeko aukerak nabarmentzen dira horretan.

Plater askoren jatorria Amerikakoa edo munduko beste lekuren batekoa izan arren, erabiltzen dituzten lehengai gehienak Euskal Herrikoak dira: Arabakoak batez ere. «Bertako produktuak protagonista dira, hala nola Arabako Mendialdeko ardi latxaren gazta. Argi izan genuen hasieratik tokiko bertako produktuak erabili behar genituela platerak egiteko».

Hamaiketakoak ere eskaintzen dituzte kantinan. Arrautza frijitua eta patatak hirugiharrarekin, odolkiarekin, urdaiazpikoarekin edo txorizoarekin konbinatu ahal dira. Arduradunaren hitzetan, «plater goxo eta ezin hobeak dira», goiz erdian inguruko enpresetako langileak indarberritzen dituenak.

Karta osatzeko, plater konbinatuak, hot dogak, ogitartekoak eta hanburgesa «berezi bat» daukate. Arabako Mendialdeko lehen mailako haragiarekin egina dago hanburgesa, eta Uriarteren plater izarra da: «Dastatu duenak berriz errepikatu du».

Jan ala hil, Uriarterentzat ez dago besterik: «Hemen biak egiteko aukera dauka jendeak».]]>
<![CDATA[Bat-batekotasuna, gain behera ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1928/030/001/2023-02-16/bat_batekotasuna_gain_behera.htm Thu, 16 Feb 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1928/030/001/2023-02-16/bat_batekotasuna_gain_behera.htm vintage-a, marrazkiduna, eta San Valentin eguneko berezia. «Asko maite zaitut» batekin ateratzen da azken hori. Ez dirudi denbora luzean inork fotomatoiko argazkiak oparitu dizkionik bere maiteari. Gainera, ezin da jakin argazkiak atera ahal izango lituzkeen ere, makinak ez baitu dirurik hartzen.   Berehala argazkiak lortzeko kabina automatikoak dira fotomatoiak. Oro har, kale edo eremu publikoetan jartzen dira, eta txanponak sartzean aktibatzen dira. Tradizioz, fotomatoiek eserleku bat izaten dute, argazkiak atera behar dituztenak kameraren aurrean jar daitezen diseinatua. Txanponak sartzean edo prozesua aktibatzean, makinak argazki batzuk aterako ditu. Serieko azken argazkia –normalean 3 eta 8 artean izaten dira– atera ondoren, fotomatoia argazki sorta inprimatzen hasten da. Hainbat minutu behar izaten ditu antzinako fotomatoi analogikoetan; orain, teknologia digitalarekin, askoz ere denbora laburragoan inprimatzen ditu. Argazkiaren dimentsioak eta formatuak aldatu egiten dira makinaren konfigurazioaren arabera. Telefono kabinekin parekatu daitezke, elementu exotikoak bihurtu baitira herri eta hirietako paisaietan. Asmakizun berritzailea izan zen, halere, XX. mende hasierako argazkigintzarentzat. Fotomatoiaren kontzeptu modernoa Anatol Josepho errusiarrak sortu zuen, Ameriketako Estatu Batuetan, 1925ean. New Yorkeko Broadway auzoan jarri zuen lehen argazki kabina. 1928an, Josephok patentea saldu zion Frantziako enpresa bati, eta photomaton izena hartu zuen orduan. Gutxinaka, mundu osoan ezagun egiten hasi zen: tren geltokietan, eraikin publikoetan eta merkataritza guneetan kokatu baitzituzten asko. 1970ean hartu zuen berriz indarra fotomatoiak. Jolas makina eskatua bihurtu zen, non bikoteek eta lagunek argazkiak egin eta ia berehala eramaten zituzten. Gaur egun fotomatoiari ematen zaion erabileraren oso antzekoa zuen. Sortzaile askok tresna artistiko gisa erabili izan dute fotomatoia historian zehar. Arrakasta handirik ez Raul Feijo argazkilari eta Gasteizko Fotoprix dendako arduradunak 30 urte daramatza argazkilaritzaren munduan lanean.Esan duenez, fotomatoien moda Euskal Herrira itzuli zenean, argazkilariek horren eragina nabaritu zuten, jende askok nahiago baitzuen argazkiak kabinetan atera: «Erosoa egiten zitzaion jende askori, ez baitzen ezer behar. Denbora gutxi behar zen argazki sorta bat izateko, eta ez zen batere zaila makinen funtzionamendua». Zerbait profesionala nahi zuenak, ordea, gehiago behar zuen; izan ere, «argazkiaren kalitatea ez da sekula argazkilari batena bezain ona izango». Fotomatoietako argazkietan, aurpegia moztuta edota desenfokatuta atera daiteke, eta, berriz ordaindu ezean, ezin daiteke argazkia berriz atera. Feijok azaldu du erretratuetan perfekzioa nahi izaten duela jendeak, gazteek bereziki: «Argazki perfektuak nahi izaten dituzte, NArako bakarrik badira ere. Fotomatoian ez dago atzera-bueltarik: ezin dira argazkiak berriz egin». Hain justu, horregatik «iraun zuen hain gutxi» fotomatoien modak: «Kabina hauen mantenuan lan egiten duen lagun bat daukat. Aspaldi esan zidan fotomatoiek ez zeukatela etorkizunik, baina hor jarraitzen dute», gehitu du Feijok. Rufi Cristobalek oroitzen ditu Gasteizen fotomatoi mordoxka zeuden urteak. Sekula ez zaizkio «kalitatezkoak» iruditu kabinetako argazkiak, baina erabili izan ditu behar izan duenetan: «NArako argazkia ateratzeko erabili nuen azkenekoz. Ez dira argazki onenak, baina balio dute». Gainera, argazkilari batekin ateratzea «garestia» dela iruditzen zaio, eta nahiago du hainbeste ez ordaindu. NArako, pasaporterako, tramite administratiboetarako... Beharrezkoak dira erretratuak. Cristobalek bezala, fotomatoietan ateratzen ditu argazkiak jende askok. Baina Feijori arriskutsua iruditzen zaio hori: «Joan den astean, bi pertsona etorri ziren dendara. Batak esan zidan fotomatoiko argazkian burua ez zitzaiola ageri; besteak, berriz, ez ziotela utzi NArako argazkia aurkezten, argazkiaren atzealdea ez zelako zuria. Argazkiak atera nizkien biei». Joan den astean gertatu zitzaiona ez zen «kasualitatea» izan: askotan pasatu zaio. Irauten dute Oztopo guztiak gorabehera, argazki kabinek eutsi egiten diote denborari. Fotomatoien fabrikazioaren merkatuan dagoen «monopolioa» da arrazoi nagusietako bat. Adibidez, Espainiako enpresa bakarrak kudeatzen ditu Hego Euskal Herriko kabina gehienak. Mundu mailan, Erresuma Batuan dago fotomatoien fabrikatzaile eta operadore handiena. «Ez nago ziur, baina pentsatzen dut makinen mantenua merke ateratzen zaielako eutsiko dietela kabinei. Hemengo enpresaren bat azpikontratatuko dute horretarako, eta errentagarria aterako zaie», uste du argazkilariak. Fabrikatzaileek ez dute joera digitalen itzalean egon nahi, eta beste aukera guztietatik aldentzen den eskaintza ezberdin bat dute. Instagram eta Tiktoken gisako aplikazioak modan dauden garai batean, argazki kabinek bere iragazki pertsonalizatuak dituzte. Argazkia pertsonalizatzeko aukera ematen dute fotomatoi gehienek. Urtebetetze bihotzekin, marrazki bizidunetako pertsonaia ospetsuekin... Modan jarri dira kabina eramangarriak ere. Argazkiak segundotan inprimatzen dituzten kutxa txikiak dira. Ohikoak dira ezkontzetan edo lagunarteko bestelako jaietan. Bada asmakizun bat beste guztiei gailendu zaiena. Fotomatoi formatu berri bat da, tradizionalenak baino aukera gehiago eskaintzen dituena: ispiluko fotomatoia. Ez da kabina itxi bat, eta ukimen ispilu handi bat du pantaila gisa. Gorputz osoko argazkiak egiten ditu, eta soinuzko mezuak grabatzeko bideoak egin daitezke. Pantailan sinatzeko edo idazteko aukera ere ematen du. Sortzeko kabina Berdin dio zein fotomatoi mota den. Inoiz ez da ohikoa izan kabinako erretratu batean «ondo ikustea». Hori zen Andy Warhol artista estatubatuarrarentzat fotomatoien ezaugarririk erakargarriena. Warholek pertsonen ezaugarririk bereizgarrienak bilatzen zituen, eta ez edertasuna; beraz, fotomatoien erretratuen zintzotasunak erakarri zuen artista. Ospetsuak egin ziren 1963an Warholek argazki kabina batean ateratako argazkiak. 80ko hamarkada inguruan bere lagunekin fotomatoietan ateratzen zituen argazkiak ere oroitu ditu Cristobalek: «Gaztea nintzenean, lagunekin ateratzen nituen argazkiak fotomatoietan. Jai giroan izaten zen normalean; jaiaren parte ziren». Feijok ere horrekin lotzen ditu fotomatoiak: «Nork ez ditu lagunekin parrandatik bueltan zegoela argazki barregarri batzuk atera fotomatoi batean?». Fotomatoiak berrasmatu egin dira, eta badirudi ez direla sekula «erabat desagertuko», Feijoren ustez. Ez dira inoiz argazkilaritzaren benetako lehia izan: «Guk beste funtzio bat betetzen dugu. Fotomatoiak bat-batekotasunaz gozatzeko daude». ]]> <![CDATA[«Ipuinak ez du eredugarria edo moralista izan behar»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/032/001/2023-02-15/ipuinak_ez_du_eredugarria_edo_moralista_izan_behar.htm Wed, 15 Feb 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1888/032/001/2023-02-15/ipuinak_ez_du_eredugarria_edo_moralista_izan_behar.htm
Ofizio zaila bada ere, gaur egun badaude ipuinak kontatzen eta jendea gozarazten aritzen direnak. Iñaki Carreterok (Orio, Gipuzkoa, 1970) 25 urte daramatza ipuinak kontatzen. Ipuin bakoitzari bere nortasuna ematen dio, ondoren entzuleak nahi duen bezala interpretatu ahal izateko.

Nola definitzen duzu zeure burua? Ipuin kontalaria, kontalaria bakarrik, narratzailea…

Nik ipuinak kontatzen ditut; istorioak kontatzen ditut. Ipuin kontalaria, narratzailea... berdin zait nola definitu.

Istorio on guztiek amaiera zoriontsua izan behar al dute?

Batzuk ondo amaitzen dira, eta beste batzuk, gaizki. Argi daukat istorio guztiak nahi duen bezala interpretatu eta amaitu behar dituela entzuten ari den pertsonak. Entzule bakoitzak nahi duen amaiera ematen dio istorioari. Nik ipuinak kontatzen ditudanean, zirrara eragin didaten istorioak dira. Neure egiten ditut, baina maiestatikoak izan ez daitezen saiatzen naiz. Kontatzen ari dena ni izan arren, bakoitzak nahi duen bezala sentitu eta bizi behar du.

25 urte daramatzazu istorioak kontatzen. Ez da gutxi...

Horretatik bakarrik biziz, gainera. Gogorra da ipuinak kontatzetik bizitzea, kultura ez baitago baloratuta. Aldi berean, pozgarria da jendea ipuinekin hunkitzen dela sentitzea. Jendeari pentsarazten diozu, eta garrantzitsu sentiarazten duzu. Norberak nahi bezala bizi eta gozatzen du istorioaz: niretzat, ipuinak ez du moralista edo eredugarria izan behar.

Ofizioarekin haserretu zinen, eta istorioak kontatu gabe egon zinen bi urtez. Zergatik?

Ogibidea utzi nuen ofizioko jendeak ez zuelako serio hartzen. Uste dut denak ez duela balio; ez gara aktoreak. Niri ez zait gustatzen leku batera joatea eta mozorrotzeko leku bat dudala esaten didatenean. Nik, eseri, hitz egin, eta istorioak kontatzen ditut: ez naiz aktorea, eta ez dut izan nahi. Jendearekin konektatu nahi dut ipuin bat kontatzen dudanean, eta hurbila izan behar dut. Beraz, ikusi nuenean ipuin kontaketa ez zela serio hartzen, utzi egin nuen. Gustatzen zitzaidalako erabaki nuen itzultzea. Baina beti argi izan dut nik ez ditudala ipuinak kontatzen haurrak edo jendea hezteko. Uste dut berez hezten duela istorioak.

Kontatzen dituzun ipuin gehienak ez dituzu zuk asmatu, baina istorio bakoitzari zure nortasuna ematen saiatzen zara?

Bestela ezin da kalitatezko ezer kontatu. Ipuinak kontatzen dituen pertsona batek bere egin behar du istorioa. Entzun edo irakurri dudan istorio bat gustatu zaidan bakoitzean, ez dut kontatu neure egin dudan arte. Gustatuko litzaidake, era berean, nire istorio bat entzuten duzunean egunen batean zuk kontatzea. Halere, zuk nahi duzun bezala kontatu behar duzu, eta ez du izan behar nik kontatu dizudanaren berdina.

Gainera, ahozko literaturan ez dira hainbeste azalpen eman behar. Entzuleari askatasuna eman behar zaio bere buruan nahi duen istorioa irudikatzeko. Oroitzen naiz Tartaloren istorioa kontatzen ari nintzen batean esan nuela: «Agian, nire biloba Martinek joan beharko du Tartalorekin hitz egitera». Haur bat jaiki zen orduan, eta zera esan zuen: «Ez, Martin ez, ni naizelako». Pozgarria da, pertsonaia bat irudikatzea ez ezik, jendeari pertsonaia bera dela sentiaraztea ere. Hori da ahozko literaturaren gauzarik politena.

Beraz, sentsazio batzuk ipuinaren bidez lor daitezke bakarrik?

Ez dakit ipuinaren bidez bakarrik, baina ipuinak sentsazio oso bereziak sor ditzake. Ipuin batek gai askori buruz hitz egiteko balio du: bizitzaz, heriotzaz, maitasunaz... Agian lehenago esperimentatu ez dituen gauzak esperimentatzen ditu jendeak. Ipuinak beti izan dira guztiontzat: haurrentzat eta helduentzat.]]>
<![CDATA[«Technoan nahitaezkoa da gustu musikal ona izatea»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/032/001/2023-02-10/technoan_nahitaezkoa_da_gustu_musikal_ona_izatea.htm Fri, 10 Feb 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1888/032/001/2023-02-10/technoan_nahitaezkoa_da_gustu_musikal_ona_izatea.htm An2n-k (Aramaio, Araba, 2001) Mexikora joatea erabaki zuen hilabete batzuetarako, ekoizpen musikalari buruz gehiago ikasteko, eta diskoteka zein tabernetan techno saio bat edo beste egiteko. Asko ikasten ari den arren, argi du itzuli nahi duela eta Euskal Herriko proiektuei ekin nahi diela berriro.

Noiz egin zinen DJ?

Denbora asko daramat honetan. Lauzpabost urte pasako ziren musika elektronikoa ezagutu nuenetik. Hori bai, duela bi urte arte ez nuen techno saio bat egin jende aurrean. Izugarri gustatu zitzaidan deskubritu nuenean, eta ordutik ez naiz gelditu.

Jende asko erakartzen eta mugitzen duen genero bat da. Gero eta gehiago?

Jende askorentzat bere pasioa da. Halere, gustuen araberako zerbait da musika. Beste norbaiti gehiago gustatuko zaio rock musika, adibidez. Norberak badaki zerk mugiarazten dion barrena.

Ez da erraza izango oinarriak nahastea eta kalitatezko ikuskizun bat egitea...

Zaila ez da. Erritmoa errespetatu behar da, oinarrien arteko aldaketa atsegina izan dadin: hori da garrantzitsuena. Horrez gain, technoan nahitaezkoa da gustu musikal ona izatea. Funtsean, nahasten dituzun oinarriak atseginak izatea eta elkarren artean koherentzia izatea.

Duela ez asko, musika ekoizten ere hasi zinen; hori bai izango dela konplexuagoa, ezta?

Ongi nahasten banekiela sentitzen nuen, eta banekien arazo barik techno saio on bat egin nezakeela. Horregatik erabaki nuen nire oinarriak sortzen hastea. Ekoizpen musikala desberdina da: ordenagailuan programa bat eduki behar duzu sortzeko, soinuak deskargatu edo erosi behar dituzu, melodiak sortu... Oinarriak nahastea baino konplexuagoa da musika ekoiztea. Hain zuzen, horretarako etorri nintzen Mexikora, technoan gehiago sakontzeko.

Dagoeneko egin dituzu saio batzuk Mexikon.

Meridan, Tulumen, Cancunen... Pare bat leku gehiagotan ere lotu ditut saioak. Konturatu naiz Ameriketako Eivissa [Herrialde Katalanak] dela Tulum. Orain arte asko gozatu du jendeak nire saioetan. Nik ere nire onena eman dut.

Nahasteko mahaia haiek uzten dizute?

Guztia. Leku bakoitzean zegoena erabili dut. Nik nire musika nahastu dut, hori bai. USB memorian eraman ditut kantak, baina ezin nuen nire mahaia eraman. 30 kilo inguru pisatzen du. Beraz, uste dut zailegia izango zela honaino ekartzea. Oraingoz behintzat gustura aritu naiz utzi didaten materialarekin.

Ikasteko eta esperientzia hartzeko joan zara, baina itzuliko zarela uste duzu?

Noski. Hemen hainbat proiektu ditut, eta ikasitakoa Euskal Herrian erakutsi nahi dut, gainera. Etxepe taldearekin ere DJ lanak egiten ditut, eta bereziki asko motibatzen nau proiektu horrek. Ez dut galdu nahi.

Etxepen ere zuk sortzen dituzu kanten oinarriak?

Oraindik ez dut taldearentzat ezer sortu, baina DJ lanak bai egin ditudala. Abeslarientzat oinarriak sortzen ere hasi nahi dut itzultzen naizenean. Horrez gain, nire kontura eta An2n bezala DJ sesioak egiteko aukera izaten dut Etxepeko kontzertuetan. Kontzertu aurretik eta ondoren musika nahasten egon ohi naiz oholtzan.

Badirudi asko duzula emateko oraindik DJ ibilbidean. Gomendiorik emango zenioke hastea pentsatzen ari den norbaiti?

Nik house, funky... generoak nahasten ditut gehienbat. Uste dut aurkitu dudala nire lekua technoaren mundu zabalean. Uste dut garrantzitsuena dela gustu musikal ona izatea eta norberak bere estiloa aurkitzea. Horrez gain, gauza guztietan bezala, orduak eman behar dira praktikatzen. Nik ordu asko eman ditut nire etxean oinarriak nahasten. Orain, berriz, musika ekoizteari eskaintzen diot ordu gehien, horretan sakondu nahi dudalako. Konstantzia da garrantzitsuena.]]>
<![CDATA[Hegan egitearen antzekoena?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1906/030/001/2023-02-09/hegan_egitearen_antzekoena.htm Thu, 09 Feb 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1906/030/001/2023-02-09/hegan_egitearen_antzekoena.htm drone izena. Afganistango gerran gertatu zen droneen erabileraren gorakada nabarmenena, bonbardaketak egiteko modu masiboan erabili baitzituzten estatubatuarrek. Gaur egun, gerretatik urrun, Euskal Herriraino iritsi da droneen moda, eta gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu.

Kazetaritzarako, suteak itzaltzeko, ikerketa zientifikoetarako, nekazaritzarako, ikuskizunetarako, drone lasterketak egiteko... Hainbat dira jendeak droneei ematen dien erabilera. Horregatik, forma, tamaina, konfigurazio eta diseinu ezberdinak eduki ditzakete, eman nahi zaion erabileraren arabera. Bada, drone hauek ez daukate gerretan erabiltzen direnekin zerikusirik, eta kokaleku jakin batetik gidatu eta kontrolatuak dira gehienak.

Jendeak, halere, ezin ditu edonon eta edonola erabili: 2020ko abenduaren 31tik droneen Europako araudia aplikatu behar da aireontzi txiki horiek —eta ez hain txikiak— edozeinek gidatu ahal izateko. Espainiako Aire Segurtasuneko Estatu Agentzia arduratzen da horien erabilera erregulatzeaz. Besteak beste, istripuak, arazoak edo kolapsoak saihesteko dago araudia, eta drone guztiei eragiten die; erabilera ludikoa edo profesionala edo tamaina zein pisua edozein izanda ere. Gainera, gidatzeko lizentzia lortzeko, hainbat proba gainditu behar dira, dronearen ezagutza teorikoa eta praktikoa neurtzeko balio dutenak. Erabiltzaileak eskuratu nahi duen lizentzia motaren arabera beharrezko baimenak edo gainditu beharreko probak alda daitezke.

Proba horiek gainditzen laguntzen du Jose Miguel Cortesek. Autoeskolako irakaslea da duela 30 urtetik hona, eta ibilgailu mota asko gidatzen irakatsi du: autoak, kamioiak, motorrak, autobusak... Drone bat eskuratu zuen merkaturatu zirenean, eta« izugarri» gustatu zitzaion esperientzia, eta mendian argazkiak ateratzeko erabiltzen du.

Ordutik, drone gidarien irakaslea ere bada Gasteizko La Blanca autoeskolan. Drone hegaldien ikastaroak emateko baimena duen autoeskoletako bat da. «Beti gustatu izan zait droneak gidatzea. Horregatik, drone ikastaroak jartzeko aukera izan genuenean, ez genuen birritan pentsatu eta klaseak ematen hastea erabaki genuen», azaldu du.

Baimen mota asko

Droneak maneiatzea aisialdiko jarduera bat baino gehiago bilakatu da: jende askorentzat lan bat edo lanaren parte da. Bideogintzarako eta argazkigintzarako erabiltzeaz gain, gero eta gehiago erabiltzen dira beste hainbat lan eremutan ere. Asko dira zenbait jarduera egiteko drone pilotuak eskatzen dituzten enpresak. Esparru hain zabala izanik, baimen mota ezberdinak daude, baina beharrezkoa da gutxieneko batzuk betetzea. Nahitaezkoa da 16 urte baino gehiago izatea eta A1/A3 izeneko doako online ikastaroa izatea.

Baimen gehiago behar izaten dituzte autoeskolara gerturatzen direnek. Gehienak ikus-entzunezkoen arloan dabiltzanak direla aipatu du Cortesek, haien filmaketetarako «baimen profesional» bat eskuratu nahi dutenak: «A2 droneen pilotu ikastaroari esker, lau kilo arteko ontziak pilotatu ahal izango dituzte, hiriguneetatik gertu».

STS ikastaroa da bestea. 25 kilo arteko droneak pilotatzeko aukera ematen du hiri inguruneetan, hirigune horietatik kanpo eta dronea gidatu eta zuzenean ikusten duena betaurreko bidez ikusteko aukera ematen du ikastaroak. STS-arekin, inspekzio teknikoak, nekazaritza lanak edota beste lan konplexuago batzuk egin daitezkeela zehaztu du Cortesek: «Ikastaro espezializatuak eman dizkiet suhiltzaileei, adibidez. Hala ere, haiek ere berariazko baimenak behar dituzte, guk eman ezin ditugunak». Derrigorrezkoa da bost orduko prestakuntza eta azterketa praktikoa egitea.

Aipatutako ia baimen guztiak eskuratu ditu dagoeneko Aleix Garridok, beharrezkoak baititu haren pasioaz gozatu ahal izateko. Betidanik gustatu izan zaio argazkigintza eta ikus-entzunezko edukien sorkuntza, baina duela bi urte hasi zen droneen munduan murgiltzen. «Txundituta» geratu zen Youtuben errealitate birtualean ikusteko erabiltzen diren moduko betaurrekoekin droneak gidatzen zituzten pertsona batzuen bideoak ikusi ondoren. Mundu berri bat zabaldu zion horrek. «Beti gustatu izan zait grabatzea, batez ere kirolak. Jakin nuenean drone batean kamera bat jarri eta hura gidatzean kamerakoa zuzenean ikusi ahal nuela betaurreko batzuen bidez, horixe egin nahi nuela erabaki nuen».

Droneekiko zuen pasioak gauza gehiago egin nahi izatera eraman zuen Garrido. Lasterketetan parte hartzera bultzatu zuen horrek. Ez dira lasterketa errazak, hainbat oztopo, zulo eta bestelako arrisku igaro behar dira zirkuituan zehar.«Oso modalitate zaila da, droneak muntatzen eta maneiatzen ikasi behar da, orduko 160-200 kilometrora iristen baitira. Drone asko daude lasterketetan, eta normala da elkar jotzea», gehitu du.

Garridok berak muntatu ditu filmatzeko zein lasterketetarako erabiltzen dituen drone gehienak, baina haien artean ezberdintasunak dituztela azaldu du. Izan ere, ikus-entzunezkoak produzitzeko erabiltzen dituen droneak astunagoak eta handiagoak izaten dira, kamerak jartzen baitizkiete. «Lasterketa drone batean, berriz, ahalik eta arinena izatea nahi dute, eta, beraz, ahalik eta osagai gutxien edukitzea».

Lege aldakorra

Legezko hutsune asko daude droneak gidatzeko araudian. Lege berria denez, moldaketak eta berrikuntzak egiten dituzte sarritan. Baina, aldakorra eta «kaotikoa» izan arren, Cortesek nahiko ondo ezagutzen du araudia. Are, orokorrean uste du beharrezkoak direla droneak gidatu ahal izateko: «Gauza batzuk ondo eginda daude. Adibidez, ondo iruditzen zait hiriguneetan baimen bereziak eskatzea. Izan ere, ez dakien pertsona batek maneiatzen badu eta erortzen bazaio, norbait hil dezake». Badira, ordea, «zentzugabeak» iruditzen zaizkion beste arau batzuk: «Aireportuetatik gertu drone bat 10-15 metrora altxatzen baduzu, aireportu baten eremuan gidatzen ari zarelako salatu zaitzakete. Hori gehiegizkoa iruditzen zait».

Cortesek entzun duenez, errege dekretu bat bultzatu nahi dute pilotuei gauzak errazte aldera. Batik bat, droneen zale amorratuei erabilera errazteko, «oztopo burokratiko gehiegi» baitaude: «Oso konplexua eta luzea da leku batzuetan dronea gidatu ahal izateko baimena eskuratzeko prozesua».

Ideia kontrajarriak ditu Garridok droneen araudiaren inguruan: «Niretzat ez da justua legea, eta iruditzen zait gehiegizkoa dela». Badaki, halere, drone batek pertsona bat hil dezakeela, eta horregatik ulertzen du legea: «Zentzuz erabiltzen baduzu, badakizu ez duzula erokeriarik egingo eta ez duzula inor arriskuan jarriko. Baina droneekin erokeriak egiten dituen jendea dagoen bitartean, ulertzen dut legea zorrotza izatea. Droneen legea ez dago zentzudunontzat bakarrik egina, mundu guztiarentzat egina dago».

Oztopoak egon arren, argi esan dute biek: «Droneak gidatzea katigatuta uzten zaituen zerbait da, eta gehiago nahi duzu».]]>
<![CDATA[«Guztiok gatoz leku beretik: guztiok gara afrikarrak»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/032/001/2023-02-08/guztiok_gatoz_leku_beretik_guztiok_gara_afrikarrak.htm Wed, 08 Feb 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1888/032/001/2023-02-08/guztiok_gatoz_leku_beretik_guztiok_gara_afrikarrak.htm Geu, afrikarrok erakusketako protagonista nagusiak. Jatorri desberdinetako zortzi gaztek, beren autodefinizioetatik abiatuta, agerian utzi nahi dute gizakien aniztasun izugarria.

Juan Arrosagarai (Iruñea, 1967) Arte Eskolako irakasle eta sortzaileak koordinatu eta zuzendu du proiektua. Haren istorioa ere ageri da erakusketako sarrerako lehen gelan.

Afrikarrak al gara?

Geu, afrikarrok, bai. Gasteiztarrak, euskaldunak, europarrak... Guztiok gatoz leku beretik: guztiok gara afrikarrak.

Egia da giza eboluzioa Afrikako ipar-mendebaldean hasi zela. Halere, oraindik afrikar sentitu beharko lukete hemen jaiotakoek?

Hor dago gure jatorria, eta giza eboluzioaren jatorria. Erakusketa bururatu zitzaidanean, argi neukan xenofobiaren aurkako zerbait sortu nahi nuela. Oinarrizko gauzak onartu egin behar ditu jendeak; gainera, oinarri zientifikoa dutenak. Denok eboluzionatu dugu, noski. Baina egun batean primateak izan ziren: tximinoak. Eta Afrikan eboluzionatu zuten.

Jatorri ezberdinetako zortzi gaztek beren istorioa kontatzen dute erakusketan. Baina zure istorioa ere ageri da, ezta?

Erakusketa zabaltzeko balio du nire istorioak; beraz, bederatzi istorio daude guztira. Beste guztiak Gasteizen jaio dira edo oso gazte etorri ziren hona. Gazteen erdiak gizonak dira, eta beste erdiak, emakumeak. Bestalde, denek dute gurasoetako bat Afrikan jaioa, edota han jaioak dira. Halere, denak bizi izan dira edo bizi dira Gasteizen. Beraz, gasteiztarrak ere badira.

Erakusketako gela bakoitzak gazteetako baten istorioa gordetzen du; oso desberdinak dira guztiak.

Oso zaila da zeure burua definitzeko edo zutaz hitz egiteko eskatzen dizutenean zerbait esatea. Haiei laguntzeko, gustatzen zitzaizkien filmak, entzuten zuten musika, gustuko objektuak eta abar bildu zituzten. Horietako gauza asko erabili zituzten erakusketarako, eta baztertu egin zituzten beste asko.

Beste artista batzuen laguntzarik izan al dute?

Bai, gazte guztiak ez zeuden ohituta zerbait sortzera; beste batzuek, ordea, etorkizun bat aurkitu nahi dute artean. Halere, beste artista batzuen laguntza izan dugu. Ni, adibidez, irakaslea naiz Arte Eskolan. Horri esker, sortzaile asko ezagutzen ditut, eta horregatik daude hainbeste zinema, dokumental eta bestelako objektu erakusketan.

Eta nolakoa izan da sorkuntza prozesua? Ez da erraza izango hainbeste gazte elkartzea.

Ostiralero elkartu gara, eta prozesu oso atsegina izan da. Haiekin hitz egiten genuen, materiala prestatzen genuen, gauzak sortzen genituen... Adibidez, Aminak elkarrizketa bat egin zion bere amari. Grabazioa pasatu genion itzul zezan —arabieraz baitzegoen—, eta berak egin zuen guztia. Lan asko egin dute gazte guztiek.

Erakusketa ikustera etorri direnek hausnartuko zutela uste duzu?

Uste dut edo espero dut baietz. Agian. Erakusketa konplexua izan arren, oso erraza eta atsegina da ikusteko. Areto bakoitzak zerbait ezberdina eskaintzen du: hologramak, marrazkiak, pelikulak, podcastak... Entretenigarria ere izan daiteke.

Hemen ikusitakoa ezin da hemen geratu orduan? Kanpora atera behar al da?

Hausnartzeko, elkartzeko eta jendea ikusteko lekua da. Orain arte ikusi ez dugun norbait ikusten dugun bakoitzean, beste mundu batekoa dela uste dugu: eta hori ez da horrela. Arriskutsua izan daiteke, xenofobiaren hasiera izan daitekeelako. Istorio hauetako protagonistak ez dira beltzak, emakumeak edo kalean ikusten dituzun musulmanak bakarrik: gure berdinak dira erakusketako gazteak.

Beraz, askotarikoak baina aldi berean berdinak dira gizakiak. Hori lortu nahi duzu erakusketarekin?

Horixe bera gara.]]>
<![CDATA[«Garbitzailea ezinbestekoa da ospitale batek ondo funtzionatu dezan»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1946/038/001/2023-02-05/garbitzailea_ezinbestekoa_da_ospitale_batek_ondo_funtzionatu_dezan.htm Sun, 05 Feb 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1946/038/001/2023-02-05/garbitzailea_ezinbestekoa_da_ospitale_batek_ondo_funtzionatu_dezan.htm
Gasteizko Santiago ospitaleko garbitzailea izan zen Ramona Lorenzo Lopez (Alvite, Galizia, 1956). 45 urte eman zituen horretan, 2020an erretiratu zen arte. Pandemia garaian lan egiteaz libratu bazen ere, haren lankide ohiek «asko sufritu» zutela oroitu du. Hala ere, aurretik ere garrantzitsua zen ospitalea beti garbi mantentzea. Akaso, zirujauak garbi ez dagoen gela batean operatu dezake?

Galiziarra izanda jaiotzez, zergatik erabaki zenuen Gasteizera etortzea?

17 urterekin etorri nintzen. Han ez zegoen etorkizunik. Ahizpa Gasteizen bizi zen jada, eta bera zegoelako erabaki nuen etortzea. Ordutik, beti bizi izan naiz Gasteizen.

Handik gutxira hasi zinen garbitzaile lanetan Santiago ospitalean. Baina zer egin zenuen aurretik?

Bi urte eman nituen fabrika batean lanean, ospitalean garbitzaile gisa lan egiten hasi aurretik. Egia esan, oso oroitzapen onak ditut lehen bi urte haietaz. Pozik bizi nintzen ahizparen etxean. Gainera, oso harrera ona egin zidaten Gasteizko jendeak eta, oro har, euskaldun guztiek.

45 urte eman zenituen Santiago ospitalean lanean, 2020an erretiratu zinen arte. Eskaini egin zizuten ospitaleko garbiketa taldean sartzea?

1975ean hasi nintzen. Bertan lan egiten zuten lagun batzuei esker lortu nuen sartzea. Lehen ez zen oposiziorik egin behar; han lan egiten zuen norbait ezagutzen bazenuen, sartzen zinen. Mojaren bat ezagutzen bazenuen, bestela.

Mojaren bat?

Zuzendaria eta mojak arduratzen ziren ospitalea kudeatzeaz. Hasiera ez zen txarra izan, baina mojak nahiko zorrotzak eta gogorrak ziren. Gogorra zen eguneroko lana ere.

Urteetan gauzak aldatuz joan ziren: garbitzeko tresnak, kudeaketa...

Gauza guztietan eboluzionatu du ogibideak, tresnetan batez ere. Erratz bat eta biltzaile bat bakarrik erabiltzen nituen hasieran. Azken urteetan, berriz, gutxitan erabiltzen genuen lanbasa; mopa erraldoiak erabiltzen genituen gehienetan. Aldatuz joan den ogibidea izan da.

Jendeak batez ere medikuekin, erizainekin edo zaintzaileekin lotzen ditu ospitaleak. Baina ezinbestekoa da ospitale bat garbi mantentzea.

Dudarik gabe. Adibidez, garbitzaile batek ebakuntza gela bat sakon garbitzen ez badu, zirujauak ezin du operatu. Garbitzailea ezinbestekoa da ospitale batek ondo funtzionatu dezan. Adibidez, oso konplexua da ebakuntza gela garbitzea. Nik ez ditut hainbeste garbitu, baina sakon garbitzen nituen tokatzen zitzaidanetan. Oso garbitzaile zorrotza nintzen. Gainera, asko errepikatzen ziguten hori. Ospitale guztiko gelak garbitzeko beharrezkoak dira garbitzaileak.

Beraz, adibidez, ez da gauza bera eskola bat edo ospitale bat garbitzea?

Ez du zerikusirik. Guk beste produktu mota batzuk erabiltzen genituen. Adibidez, ez genuen lixibarik erabiltzen, debekatuta zegoen. Desinfektatzaile toxikoago bat geneukan. Kanpotik zekartzaten produktuak ziren, ez naiz oroitzen zein markatakoak ziren, baina ospitaleko garbiketarako espezifikoak ziren. Gela batzuetan garbiketa bereziak egin behar izaten genituen. Dena garbitzen genuen: gortinak, hormak... Eta dena, berriro diotsut, kontu handiz eta pazientzia handiz egiten genuen.

Nahiz eta eskularruak erabili, larruazalak ez zuen batere sufritzen produktu toxiko horiek erabilita?

Eskularruak nahitaezkoak dira, oso produktu toxikoak eta arriskutsuak direlako. Zorionez, niri ez zait ezer larririk edo arrarorik gertatu. Halere, gogoan dut lanean hasi nintzenean eskularruak jantzita ere eskuak zartatzen zitzaizkidala.

Mugimendu handiko lana izanik, gorputzak asko sufrituko zuen. Lesio larriren bat duzu?

Ez, lesio larririk ez, baina hiru diskoko hernia ditut. Urte batzuk eman nituen ospitaleko garbitegian lanean; asko sufritu nuen hor. Zorionez, oso ondo nago, eta ezin naiz kexatu. Nire lankide ohi batzuk, bai, haiek gaizki daude. Nagusiak irakasten zigun nola lan egin gorputza ez behartzeko, baina gero ez genuen aplikatzen. Nahiz eta posturak zaindu, ezinezkoa da lesio guztietatik libratzea.

Zorionez, pandemia hasi baino lehen hartu zenuen erretiroa, baina zure lankide ohi askok pairatu zuten. Zer kontatu zizuten, gogorra izan zen haientzat?

Oso gaizki pasatu zuten pandemian. Askok depresioa izan zuten, ikusten zuten guztiagatik. Gehiegi sufritzen zuten egunero.

Etxetik jendeak mediku eta erizainak txalotzen zituen. Eta garbitzaileak, zer?

Bada, haiek ere lehen lerroan borrokatu ziren. Etengabe garbitu behar izaten zituzten koronabirusa zuen jendea zegoen gelak. Goraino estalita sartu behar ziren geletara: txabusina, eskularruak eta betaurrekoak jantzita. Zorionez, ni libratu nintzen; beraz, ezin dizut askorik kontatu.

Ikusezina den ogibidea da?

Gaur egun, zorionez, ez; baina lehen, agian, bai. Kategoria apaleko jendetzat hartzen ziren garbitzaileak, klase apalago batekoak balira bezala. Eskerrak hori aldatzen ari den. Nik ez dut inolako kexarik, zorionez. Mundu guztiak oso ondo tratatu izan nau beti: medikuek, erizainek, garbitzaileek... Lehen familia handi bat bezala ginen.

Garbitzaileena beti izan da asko mobilizatu den sektorea. Gogoratzen al duzu mobilizazio garrantzitsuren bat?

Greba eta protesta guztietan hartzen genuen parte, beti eragiten zigun guri. Gogoan dut ospitaleko garbitegia ez kentzeko borrokatutako bat. Horri esker, lanpostu asko mantentzea lortu genuen. Azkenean, duela urte batzuk kendu egin zuten. Ni eta nire lankideak ospitalean egon ginen bitartean, asko borrokatu ginen.

Pentsatzen dut etxera leher eginda iritsiko zinela egunero.

08:00etatik 15:00etara egiten nuen lan, eta, 14:00etatik 22:00etara astean behin. Ez dut inoiz gauez lan egin behar izan, beste jende finko bat zegoen horretan. Azken urteetan leher eginda iristen nintzen, ez zen gauza bera 20 urterekin egitea edo nagusiagoa zarenean. Gainera, alargun geratu nintzen 38 urterekin. Hiru seme-alaba nituen, eta nekatuta iristen banintzen ere, umeak zaindu behar nituen.

Oso harreman estua izango zenuen ospitaleko langile askorekin, ez?

Batez ere nire lankideekin, baina baita mediku batzuekin ere.

Eta pazienteekin?

Jende asko ikusten duzu, eta haiekin enpatizatzen duzu. Ospitalean egon diren pazienteak ikusten ditut kalean, eta haiekin hitz egiten geratzen naiz askotan.

Ospitalean hainbeste paziente ikusi ondoren, zerk hunkitu zaitu gehien?

Denetarik ikusi dut. Badaukat inoiz ahaztuko ez dudan oroitzapen gogor bat. Gogoan dut biriketan arazo bat zuen gizon batek ahotik... Ez dakit hau elkarrizketan esan dezakedan.

Lasai.

Odolez bete zuen gela osoa, eta dena garbitu behar izan nuen. Baina inoiz ez dut nazka sentitu tankera horretako gauzak garbitu ditudanetan. Pena sentitzen nuen sarritan, hori bai. Kaka, pixa... Askotan tokatu zait hori eta gauza gehiago garbitzea.

Eta zer da garbitzaile baten lanean zailena?

Kristalak eta hormak garbitzea da zailena. Oso gaizki garbitzen dira ospitaleetako kristalak. Gainera, bizkarrak asko sufritzen du horrelako lanak egiten direnean.

Milaka pertsonak protesta egin zuten iaz Gasteizen, Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzua ixtearen aurka. Azkenean, Txagorritxura eraman dituzte. Uste duzu eraginik izan duela garbitzaileengan?

Lanpostuak kenduko dira, garbigunea kendu zutenean gertatu zen bezala.

Uste duzu instituzioei axola zaiela garbitzaileen etorkizuna?

Gaur egun ez naiz ausartzen ezer garbi esatera. Hori bai, nik lan egiten nuenean, behintzat, ez zioten garrantzi handirik ematen. Dena zen alderdikeria, eta beren arteko gatazkak. Boterean zeudenek erabakitzen zuten ospitalearen funtzionamendua. Sarritan aldatzen ziren gauzak.

Zer etorkizun izango dute Gasteizko ospitaleetako garbitzaile berriek?

Txagorritxun badago lana, lanpostu berriak jarri baitituzte. Halere, izango dituzte arazoak. Ezberdina da Santiagoren kasua. Nire lankide izandakoak ez daude batere pozik. Pixkanaka geriatriko bat bihurtzen ari dela esaten didate.

Zu zoriontsu izan zinen zure lanarekin?

Ni oso gustura izan nintzen. Asko zaindari postuetan sartu ziren, baina nik ordutegi ona nuen, eta gustatzen zitzaidan. Lan gogorra zen, baina oso lankide onak izan ditut, eta oso ondo moldatu naiz guztiekin. Jende askorekin nuen harremana. Baina batez ere nire lankideei esker egon nintzen gustura Santiagon.]]>
<![CDATA[«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/032/001/2023-02-01/besteez_barre_egiteari_utzi_behar_diogu.htm Wed, 01 Feb 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1888/032/001/2023-02-01/besteez_barre_egiteari_utzi_behar_diogu.htm
Zahira Montalvo (Cordoba, Espainia, 1982) EKI Kancaneo Impro eskolako sortzailearentzat, beharrezkoa da arte eszenikoak ikuspegi feminista kontziente batetik lantzea. Lan feministak nola sortu ikasi du azken urteotan, eta ikasitakoa erakustera etorriko da Euskal Herrira. Izan ere, Virginia Imaz pailazoarekin batera, Arte Eszenikoen Eskola Feminista aurkeztuko du ostiralean, Ozetako Garaion Sorgingunean (Araba). Hiru asteburutan egingo dituzte formakuntza saioak, otsailetik maiatzera bitartean.

Arte eszenikoetako feminismoaz ari zaretenean, zer esan nahi duzue? Termino zabala da.

Feminismoa bera bezala. Feminismoa gauza guztietan aplikatzen saiatzen gara: edukian, dramaturgian, gidoietako testuetan, erabiltzen dugun umorean. Inguratzen gaituen guztiaren begirada kontzienteagoa sortu nahi dugu. Pertsona guztiak prestatzen saiatzen gara. Beraz, formakuntza baliagarria izan daiteke arte eszenikoetan trebatzen hasi berriak direnentzat eta esperientzia dutenentzat. Agertokia leku publikoa da, eta artistok erantzukizun bat dugu; ez bakarrik artista moduan, baita pertsona moduan ere.

Umorea aipatu duzu. Non daude umorearen mugak?

Nondik eta zertaz barre egiten dugun hartu behar da kontuan. Pertsona eta kolektibo askorentzat mingarria izan daitekeen umore mota baten herentzia daukagu. Zorionez, gero eta gutxiago erabiltzen da umore mota hori, baina, oraindik, bidea dago egiteko. Geure buruaz barre egiten dugunean, ondoan dagoena ere identifikatuta senti daiteke. Horregatik, geure buruaz egin behar dugu barre, eta egoera muturrera eramanez askotan. Besteez barre egiteari utzi behar diogu. Pribilegio hori amaiarazi behar da.

Hori guztia denborarekin ikasiko zenuen. Nolakoa izan da zure ibilbidea?

Madrilgo arte eszenikoen eskolan trebatu nintzen. Teknika asko ikasi nuen, baina edukiari buruz gehiago ikastea eta gauza askotan sakontzea falta izan zitzaidan. Konpainia askorekin egin dut lan ondoren, baina argi neukan neure konpainia sortu nahi nuela. Lankidea eta biok saiatzen gara umorea izan dadin gure konpainiaren oinarria: feminismoan, genero aniztasunean... Antzerki inprobisazioa ere asko lantzen dugu. Heteronormatibitatetik aldentzen diren gaiak lantzen saiatzen gara. Uste dut gure lekua lortu dugula, gutxinaka bada ere.

Ikusle askori iritsi al zaio zuen lan egiteko modua?

Egia da oso ikusleria jakina dugula, baina gure esperientzia oso ona izan da orain arte. Halere, ikusle mota guztietara iritsi nahi dugu. Nola da posible formakuntza ikastaroetan izena ematen duten gehienak emakumeak izatea eta, gero, agertokiak gizonez beteta egotea? Arreta jarri beharko genuke horretan.

Ostiralean, Ozetan aurkeztuko duzue lehen saioa. Umorea eta feminismoa jorratuko dituzue.

Nahiz eta Valentzian finkatuta egon, Euskal Herria maite dugu, eta oso ondo hartu gaituzte beti. Gustura ekarriko genituzke ikastaro gehiago, baina, oraingoan, lau baino ezin izan ditugu antolatu. Lehenengoa umoreari buruzkoa da, eta plaza guztiak bete dira. Emanaldiak ere izango dira, eta, emanaldi bakoitzaren ondoren, ikusleek aukera izango dute sortzaileekin hitz egiteko: iritzia emateko, zalantzak galdetzeko... Hori da prestakuntzaren parte garrantzitsu bat.

Lehen formakuntza da Euskal Herrian. Zer izango da garrantzitsuena?

Gogo handia dugu. Talde indartsu bat elkartu gara formakuntza saio hauek emateko. Formakuntzan parte hartzen dutenek ere egin ahal izango dituzte gauzak. Ikastaroak denon artean egingo ditugu, eta parte hartzen dutenen beharrak kontuan hartuko ditugu. Beste gune mota batzuk sortu nahi ditugu.]]>
<![CDATA[Basogintza eredu berri baterantz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1906/038/001/2023-01-28/basogintza_eredu_berri_baterantz.htm Sat, 28 Jan 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1906/038/001/2023-01-28/basogintza_eredu_berri_baterantz.htm
2018. urteko martxoan sortu zuten Errez kooperatiba, eta bost kidek osatzen dute egun. Hasieran ikerketa, hezkuntza eta basogintza lantzen bazituzten ere, pixkanaka basogintzaren arloa nagusitu da haien eguneroko jardunean. Izan ere, taldeak basogintzan ematen diren ekoizpen ereduak birpentsatzeko eta proposamen berriak baliatzeko aukera ikusi du. Uste dute azken urteotako gaitz eta izurriteen gorakadak, basoko lehengaiak modu jasangarrian ekoizteko beharrak eta ekosistemen egoera kaskarrek agerian utzi duela «basogintza eredu eraginkorragoen beharra». Eginkizun horretan «pisu berezia» ematen diote ikerketari.

Aldakorra da Euskal Herriko paisaia, klima oso ezberdinak dauden eremuak baitaude. Ondorioz, arbola espezieen aberastasun genetikoa oso handia da. Baso zabalak egoteko aukera ematen du isurialde atlantikoko klima epelak –Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere–. Isurialde mediterraneoan, berriz, klima gogorragoa da, baina malda gutxiagoko eremuak izanik, lanerako egokiagoak dira. Arriolabengoak azaldu duenez, XX. mendearen erdialdean, baserritarrek hazkuntza azkarreko espezieez basotu zituzten erabilerarik gabe geratu ziren zelai asko, eta errenta ekonomiko altuak ateratzen hasi ziren; izan ere, basogintza intentsiboa aurrera eramateko baldintzak eman ziren: «Intsinis pinua landatzen hasi ziren asko, eta aberastasun genetiko urria duten basoak dira».

Kanpoko espezieak landatzen badira, pinuak adibidez, espezie horrek garatu ahal izateko abantaila ekologiko handiak izan ditzake hasieran, baina «sistema sinplifikatu eta hauskor bat» sortzeko arriskua areagotuko dela frogatu izan dute ikerlariek: «Ziurgabetasun maila baxua denean, apustu ekonomiko ona izaten da, baina ziurgabetasunak gora egiten duenean, –klima larrialdia, globalizazioa, gaixotasun eta izurriteen gorakada...– porroterako aukerak areagotzen dira».

Arazo hori bera da isurialde atlantikoan oso baso osasuntsuak ez egotearen arrazoi nagusienetako bat, Errez kooperatibako kidearen hitzetan: «Kalteak nabariak dira gaur egun, baina, epe luzean, galera ekonomikoak nabarmenagoak izan daitezke». Isurialde mediterraneoan, «zorionez», basoak osasuntsuago daudela uste du.

Uraren kalitatea hobetzeko

Europako hainbat esperientziaren berri izan ondoren, Errez kooperatibak Euskal Herriko eremu bakoitzean hoberen egokitzen diren espezieek osatutako basoak sortzeko konpromisoa hartu zuen. Egun, baso asko zaurgarriegiak diren ekosistemak dira, eta ez dute eskaini dezaketen guztia eskaintzen. «Esaterako, ez dute zur eta egur ekoizpen oparoa bermatzen, CO2 finkapena handitzea eragozten dute, ez da biodibertsitatearen babesa indartzen, ez dira aisialdirako leku egokienak, eta uraren zikloa erregularra izatea eragozten dute», azaldu du Arriolabengoak.

Bide horretan, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sektoreak aztertzen dituen Neiker enpresa Euskal Herriko mendi eta basoetatik jaisten diren erreketako ur edangarria aztertzen ari da. Nahia Gartzia Bengoetxea da ikerketa horretan buru-belarri dabiltzan ikertzaileetako bat: «Edaten dugun ura mendietatik eta basoetatik dator. Beraz, hor egiten dugunaren arabera, jasoko dugun kantitatea eta kalitatea aldatu egin daiteke. Basoetatik igarotzen den ura ahalik eta garbien iristea bermatu nahi dugu».

Frogatu dute baso irregular batek babestuta mantentzen duela erreka inguruetako lurra, eta, horri esker, garbiago mantentzen da erreketako ura: «Ez badago babestuta eta lursail handi bat arbola gabe uzten badugu, lurreko partikulak errekara doaz». Beraz, euria egiten duenean lurra ez badago zuhaitzez babestuta, aukera gehiago daude errekatik jaisten den ura hain garbi ez iristeko. «Ondorioz, tratamendu gehiago aplikatu beharko zaizkio edangarria izan dadin», azaldu du Neiker enpresako ikertzaileak.

Baso berriak

Basogintza eredu intentsibo bat egin da orain arte. Halere, «denboraz gabiltza», eta posible da oraindik Euskal Herrian baso eredu berri bat ezartzea. «Gurearen moduko klima epeletan azkarra da ekosistemen funtzionamendua. Basoen transformazio lana egitea dagokigu guri, egungo egoeratik beste egoera batera eramango gaituena», azaldu du Errez kooperatibako kideak. Aldaketa batzuk bizkorrago gertatuko dira; beste asko, ordez, ez. Izan ere, «baso baten bizitzarekin alderatuta, laburra da pertsona baten bizitza», zehaztu du Arriolabengoak.

Funtsean, lekuan lekuko espezieez osatutako baso misto irregularrak sortzea eta kudeatzea du helburu Errez kooperatibak. Baso horiek espezie eta tamaina ezberdinetako zuhaitzek osatzen dituzte. Mozketa eredua ere ezberdina da. Izan ere, mozketak maiztasunez egiten dira, baina intentsitate baxuan. Hau da, bost-hamar urteko zikloetan zuhaitz gutxi batzuk ateratzen dira basotik. Hala, basoak egitura egonkorra mantentzen du beti, baso heldu baten itxura izaten du, eta beti dago zuhaitzez estalirik. Modu horretan, gainontzeko ekosistema zerbitzuak indartzen dira.

Arriolabengoak argitu du badaudela« baso perfektua» lortzeko bete beharreko oinarri batzuk, baina prozesua ezberdina izango dela leku bakoitzean: «Ahal dela, tokiko genetika izan behar dute, eta tamaina ezberdinetako arbolek zein espezieen nahasketak basoa aberastuko dute». Horrela, ezegonkortasunen bat gertatuko balitz -izurrite bat, lehorteak, klima aldaketa bortitzak...-, basoak «moldatzeko eta aurrera egiteko» gaitasun handiagoa izango luke, Gartziak erantsi duenez: «Lekuan lekuko basogintza egin behar da. Egokitu, eta hainbat faktore hartu behar dira kontuan hori gauzatzekoan: lurzorua, klima, erabilera, malda...».

Jarraitzeko indarrez

Tantai Baso Jabe kooperatiba sortu dute Arriolabengoak eta haren lankideek, Errez kooperatibak hasitakoari jarraipena emateko eta indartzeko. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba berri horren helburua izango da aipatutako basogintza ereduaren aldeko apustua indartzea eta jabetza txikien bideragarritasuna hobetzea. Basoen jabeak, langileak zein laguntzaileak izango dira kooperatibako bazkide. Basoen jabeek beren lurrak kudeatzeko aholkuak eta baliabideak jasoko dituzte, eta, beren basoen egoera edozein delarik ere, bertako espezieez osatutako baso irregularrak sortzeko konpromisoa hartuko dute. Are, Arriolabengoak gaineratu du «presio gaitasun gehiago» irabaziko dutela kooperatiba berriari esker.

Ezin da gutxietsi basoek duten garrantzia eta eskaintzen duten guztia: lehengaiak, egurra, paisaia ederrak, lurzoruaren babesa... Karbono gordailuak ere badira. «Itsasoen ondoren, karbono gehien gordetzen duten ekosistemak dira. Oso garrantzitsuak dira klima erregulatzeko», nabarmendu du Gartziak. Baina hori guztia bete dadin, Arriolabengoak argi dauka zer egin behar den: «Zerbitzu ezberdinak eman behar dituen baso irregularrak behar ditugu».]]>
<![CDATA[«Nire lanbidea artearekin lotzen saiatzen nintzen beti»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/040/001/2023-01-27/nire_lanbidea_artearekin_lotzen_saiatzen_nintzen_beti.htm Fri, 27 Jan 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1888/040/001/2023-01-27/nire_lanbidea_artearekin_lotzen_saiatzen_nintzen_beti.htm Cuatro figuras. La búsqueda del equilibrio. 1977-2022 lan berria aurkeztuko duelako Gasteizko Zas Kultur Espazioan.

Gerardo Armesto Hernando pintore ospetsua zen zure aita. Odolean daramazu artista izatearena.

Bai. Kontua da aita 1957an hil zela, nik 7 urte besterik ez nuenean. Gutxi dira aitari buruz ditudan oroitzapenak. Hala ere, jende askok ezagutzen ninduen aitari esker. Lagun guztiek eta gertuko jendeak asko maite zuten.

Nahiz eta ez zenuen asko ezagutu, uste duzu hari esker aukeratu zenuela zuk ere bide artistiko bat?

Ziur asko, bai. Beti egon da olio pinturaren usaina nire etxean. Aita hil arren, usain horrek iraun egin zuen. Koadro eta margo pila bat genuen etxean. Orain ere, koadroz beteta daukat etxea.

Zu ere margotzen hasi zinen. Baina hiru dimentsioko objektuak aztertzeko interesa piztu zitzaizun laster. Lehenik, ikus-entzunezkoen munduan, eta eskulturaren eremuan ondoren. Nolakoa izan zen bilakaera hori?

Arkitektura ikasten hasi nintzen, eta urte batzuk eman nituen hori ikasten. Asko gustatzen zitzaidan, baina utzi behar izan nuen. Artista baten semea zarenean, beti ikusten dituzu marrazkiak alde guztietan, eta uste duzu badakizula marrazten. Arkitektura ikasten ari nintzela konturatu nintzen ez nekiela marrazten. Gero, Arte Ederrak ikasi nituen, eta Arte Ederretan, iruditu zitzaidan banekiela. Izan ere, Arkitekturako ikasle askok Arte Ederretako ikasleek baino hobeto marrazten zuten.

Eta gero zer?

Ikasketak amaitzean, nire bizitza nora bideratu pentsatu nuen. Beraz, irakaskuntzarako prestatu, eta bi katedra atera nituen. Gasteizko Herran institutuko katedraduna izan naiz 35 urtez. Marrazketa eskolak ematen nituen. Niretzat, oinarrizkoa zen ikasleei geometria laua azaltzea hiru dimentsioko espaziora pasatzeko. Ondoren hiru dimentsioko eraikuntzak egiten hasteko.

Ulertzen dudanez, zure lanbidea zure bokazio artistikoarekin lotu zenuen, ez?

Nire lanbidea artearekin lotzen nuen beti. Ikasten nituen gauza berriak, obretan aplikatzeaz gain, ikasleei erakusten nizkien. Egunero gauza berriak erakusten saiatzen nintzen. Lehengo ikasle batekin elkartu nintzen aurrekoan, eta nirekin ikasi zuen guztia oroitu zuen. Niretzat, pozgarria da oraindik ere horrelakoak entzutea.

Nondik datorkizu forma geometrikoak hainbeste erabiltzeko joera hori?

Adibide bat. Sevillako [Espainia] arte garaikideko museoan egoteko zortea izan nuen, areto handi batean. Bakarrik. Vasili Kandinskiren erakusketa oso bat neukan parez pare: nire idoloetako bat da. Abstrakzio geometrikoa eta abstrakzio lirikoa landu zituen. Zuzenean eragin dit , baina nik geometrikoa landu dut.

Zure erakusketa berri hau ezberdina da, ordea. Aspaldi margotutako lan batzuk aurkeztu dituzu.

Sevillan bizi nintzenean, istorio oso bitxi bat gertatu zitzaidan etxera lagundu behar izan nion mutil batekin [istorioa Zasen azaltzen du]. Pertsonen arteko komunikazioari eta inkomunikazioari buruzko lan baten hasiera izango ziren marrazkiak egin nituen. Lau lauki egin nituen lehenengo, eta bakoitzak irudi bat zeukan barruan. Konposizio bakoitza ebatzi beharreko ariketa moduan aurkeztu nahi nuen, baina ez zegoen erantzun bakarra.

Zer gehitu diozu 20022an?

Guztia ordenatu, eta obra berreskuratu dut. Nagusia naiz, eta estudioa ordenatuta eduki nahi nuen behingoz. Marrazki hauek aurkitu nituenean, aurkezteko proposamena egin zidaten, eta baietz esan nien. Niretzat, pozgarria da ziurrenik sekula erakutsiko ez nuen obra hau erakusteko aukera izatea.]]>
<![CDATA[Bertan behera utzi dute Patagonian desagertutako bi alpinisten erreskatea]]> https://www.berria.eus/albisteak/223416/bertan_behera_utzi_dute_patagonian_desagertutako_bi_alpinisten_erreskatea.htm Mon, 23 Jan 2023 09:13:33 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/albisteak/223416/bertan_behera_utzi_dute_patagonian_desagertutako_bi_alpinisten_erreskatea.htm «Klima oso-oso muturrekoa izan daiteke; ez dira mendi errazak» Iker Bilbao eta Amaia Agirre dira elurpean dauden bi alpinistak. Bilbao, Durangoko (Bizkaia) bizilaguna, eta Agirre, Urnietakoa (Gipuzkoa), ostegunetik desagertuta daude, Argentina eta Txile arteko mugan. Fitz Roy mendia eskalatu ostean, jaistean ezbehar bat izan zuten ostegunean, mendiko glaziarrean: elur jausi batek harrapatu zituen mendizaleak. Berez hiru zihoazen soka batean -denak ere halako igoeretan arituak-; Linaza onik irten zen ezbeharretik. Hori dela eta, El Chaltenera (Santa Cruz, Argentina) jaitsi ahal izan zen abisua ematera. El Chaltengo Sorospen Batzordeak zehaztu zuen 100 metroko luzera, zortzi metroko zabalera eta hamabost metroko sakonera dituela arrailak, baina, hala ere, ez dakite zenbateko hondoa duen arrailaren azpialdeko elurrezko «tapoiak». Azaldu zuenez, mendizaleak erreskatatzeko, arrailaren barruan arakatu beharko litzateke hainbat orduz, eta horrek arrisku handia du. Esperientzia duten alpinistak Urnietan jaio zen Agirre, eta 31 urte zituen. Eskalatzaile trebea zen, eta Espainiako Federazioko Emakumezkoen Taldeko kidea zen, eta aspalditik bizi zen Huescan (Espainia). Izan ere, Zaragozan (Espainia) ikasi zuen, Medikuntza. Haren aita Urnietako ikastolako zuzendaria izan zen.
Amaia Agirre. Aragoiko Mendi Federazioa / FAM
Suhiltzailea zen Bilbao, eta Laudioko parkean (Araba) egiten zuen lan, baina Abadiñon bizi zen. Mendian esperientzia handia zuen. Alpeetan ibili izan zen, eta baita Kalifornian (AEBak), Marokon eta Norvegian ere. Durangoko Tabira mendizale klubean hasi zen, txikitan.
Iker Bilbao. Euskadiko Suhiltzaileak
]]>
<![CDATA[Amaitutzat eman dute elurpean diren bi alpinisten erreskatea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1928/010/001/2023-01-22/amaitutzat_eman_dute_elurpean_diren_bi_alpinisten_erreskatea.htm Sun, 22 Jan 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1928/010/001/2023-01-22/amaitutzat_eman_dute_elurpean_diren_bi_alpinisten_erreskatea.htm
Izan ere, sorospen batzordearen arabera, bi mendizaleak ez daude «desagertuta», baizik eta 48 ordu daramatzate arrail batean «lurperatuta». Azaldu du haien gorpuak bilatzeak «arrisku oso handian» jarriko lukeela erreskate taldea, eta horregatik eman dutela amaitutzat operazioa.

Iker Bilbao eta Amaia Agirre dira elurpean dauden bi alpinistak. Bilbao, Durangoko bizilaguna (Bizkaia), eta Agirre, Urnietakoa (Gipuzkoa), ostegunetik zeuden desagertuta, Argentina eta Txile arteko mugan. Fitz Roy mendia eskalatu ostean, jaistean ezbehar bat izan zuten ostegunean, mendiko glaziarrean: elur jausi batek harrapatu zituen. Hiru zihoazen soka batean —denak ere halako igoeretan arituak—; Linaza onik irten zen ezbeharretik. Hori dela eta, El Chaltenera (Santa Cruz, Argentina) jaitsi ahal izan zen abisua ematera.

Istripuaren berri izan ostean, sorospen batzordeak ibilbide bera egiten ari ziren baina oraindik istripua jazotako lekura iritsi gabeak ziren alpinistei eskatu zien erreparatzeko elur jausiak mendizaleak eraman zituen arrailari, bi alpinisten arrastorik bazen jakiteko. Izan ere, sorospen batzordeak argudiatu du ez zutela erreskatea aire bidez egiteko baliabiderik, eta, horrenbestez, beste moduren batean mendizaleak bilatuz gero, sei edo hamabi orduz atzeratuko zela erreskate lana. Tarte horretan bizirauteko aukera «nabarmen apaltzen» da, batzordearen esanetan.

100 metro luze, zortzi metro zabal eta hamabost metro sakon den arrail batera jausi ziren alpinistak, sorospen batzordearen arabera. Hala ere, ez dakite zenbateko hondoa duen arrailaren azpialdean dagoen eta bi mendizaleei eusten dien «elur tapoiak». Mendizaleak erreskatatzeko hainbat orduz arrailaren barruan arakatu beharko litzatekeela azaldu du, eta horrek arrisku handia duela.

Jaurlaritzak, erreskatea amaitutzat eman aurretik, laguntza eskaini die mendizaleen familiei, «behar dutenerako». Are, Jaurlaritzak Argentinan duen ordezkaritzak zuzeneko informazioa eman dio Gasteizko gobernuari, eta harremanetan dago Linazarekin. Horrez gain, Jaurlaritza harremanetan dago Espainiak Argentinan duen enbaxadarekin ere.

Uda da hego hemisferioan, eta garai honetan joaten da mendizale gehien Patagoniako mendietara. Hala ere, inoiz ez da eskalatzeko mendi erraza, Eneko Pou eskalatzaileak BERRIAri adierazi dionez. Are gehiago, eskalatzeko oso zaila da, «munduko zailenetakoa», Pouren hitzetan: «50eko hamarkadan eskalatu zen lehenbizikoz. Garai hartan eskalatu zuten Everest ere. Erronka handia izan zen bere garaian, eta oraindik ere bada. Eskalatzeko material guztia hobea dugu gaur egun, baina Fitz Roy oso mendi zaila izango da beti». Azkenik, argi utzi du Bilbao eta Agirre ez zeudela hor kasualitatez: «Eskalatzaile profesionalak ziren».]]>
<![CDATA[Egindakoak ospatzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/033/001/2023-01-21/egindakoak_ospatzeko.htm Sat, 21 Jan 2023 00:00:00 +0100 Unai Etxenausia https://www.berria.eus/paperekoa/1909/033/001/2023-01-21/egindakoak_ospatzeko.htm
Urteurrena ospatzeko eta urteotako lana baloratzeko, egun osoko festa egitaraua antolatu dute gaur Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea), Elgarrekin ospa dezagun! lelopean. Goizean goizetik hasita, egitarau zabalaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.

09:45ean ekingo diote egunari, eta 2022. urteko bilana egitea izango da lehen jarduera. Horretarako, herriko etxeak banatutako laborantza diagnostikoa eta mendiaren erabilpenari buruzko ikerketa izango dituzte hizpide, besteak beste.

Bazkaldu aurretik, 13:00etan, zintzur bustitzea egingo dute. Ondoren, 13:30ean, bazkari herrikoia, betiko ohiturei eutsiz. Aukeran, bi menu izango dituzte: 25 euroan bata eta 20 euroan bestea. Askotariko platerak daude bietan, bertako produktuekin eginak: salda, Oztibarreko (Nafarroa Beherea) axurkia ilarrekin, gasna, euskal bixkotxa, barazki gorginak...

Bazkalostea luzea izan ohi da, baina festak ez du etenik izango. Izan ere, estilo anitzeko musika kontzertuez gozatzeko aukera izango dute iluntzean: Zeze, Gezi Taldea, The Lookers, Aho Zakil Konexion, DJ Xa2 eta DJ K-Püx izango dira oholtzan.

«Beharrezko» sostengua

Proiektuak une zailak izan ditu urte hauetan guztietan, Frantziako Gobernuak ezarri izan dizkion oztopoengatik batez ere. Hasteko, Euskal Herrirako laborantza ganbera baten sorrera ukatu zuen, eta, ondoren, laborariek proiektua sortzeko esfortzuak eten nahi izan zituen, Michel Berhokoirigoin lehendakaria bera auzitara eramanez. Azkenean, urte luzetako eskari eta borrokari esker lortu zuten proiektua egitea.

Ordutik, laborantza herrikoi baten alde lan egin du ganberak, helburu nagusitzat honako hauek izanik: «Lurralde osoan banatuak diren etxaldeetan kalitatezko elikadura sanoa ekoiztea, laborariak haien lanaz bizitzen laguntzea eta biharko baliabide naturalak zein baserri ingurumenak zaintzea».

Laborariak beren etxaldeetan eta ekoizpen sistemetan laguntzen ditu ganberak. Horretaz gainera, argi daukate, laborantza herrikoia dela erakargarria gaur egungo gazteentzat. «Berak baizik ez ditu baserri lurraldeak biziarazten ahal», iritzi diote ganberako kideek. Eta laborari, biztanle eta lurraldeko eragile guztien sostengua «beharrezkoa» dute.

Laborantza Ganberaren Festa

Gaur, egun osoan, Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea).]]>