<![CDATA[Urtzi Urrutikoetxea | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 26 Mar 2023 11:04:07 +0200 hourly 1 <![CDATA[Urtzi Urrutikoetxea | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Demokratek arnasa gehiago nahi dute]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/013/001/2022-12-06/demokratek_arnasa_gehiago_nahi_dute.htm Tue, 06 Dec 2022 00:00:00 +0100 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1872/013/001/2022-12-06/demokratek_arnasa_gehiago_nahi_dute.htm
AEBetako goi ganberan 50 senatari daude demokraten taldean —bi independenteak dira—, eta 49 errepublikanoenean. Georgiako bozetan argituko da Joe Biden herrialdeko presidenteak agintaldiko azken bi urteetan 51-49ko gehiengoa izango duen, ala 50na berdinduko duten bi alderdiek. Azken hori balitz, azken bi urteotako osaketa bera izango luke Senatuak, eta Kamala Harris presidenteordearen botoak hautsiko lituzke berdinketak. Baina Ordezkarien Ganbera dagoeneko oposizioaren esku egongo denez, 2024ko presidentetzara bozetarainoko bidea erabat konplikatuko litzateke Etxe Zuriko maizterrarentzat.

Georgiako bigarren itzuliak daukan garrantziaren eta sortu duen ikusminaren erakusle da aurretiaz botoa eman dutenen kopurua handitu izana. Milioi bat lagunek baino gehiagok bozkatu zuten joan den ostiralerako, oro har kanpainatik kanpo utzi badituzte ere AEBetako politikaririk ezagunenak. Salbuespena Barack Obama presidente ohia izan da, zalantzarik gabe demokraten artean tiradizorik handiena daukan ordezkaria izanik. Bidenek, berriz, lehia estuen zegoen estatuetatik aparte egotea erabaki zuen azaroko bozetan, eta berdin egin du Georgiako bigarren itzulian.

Are nabarmenagoa izan da errepublikanoen artean Trumpen hutsunea, estatuburu ohia izan baita Walckerren babesle nagusia, berak bultzaturiko hautagai izateraino. Azaroan, baina, agerian geratu zen Trumpek erakarri baino gehiago uxatu egiten dituela boto emaileak. Georgiaren kasuan, gobernadorea eta senataria hautatzeko bozketen artean egondako aldea begi bistakoa da: Trumpen aurka egin izan du Brian Kemp gobernadore errepublikanoak, eta haren alde bozkatu zutenetatik 200.000 ez zuten gauza bera egin Senatuko hautagaiaren kasuan. Hala, Walkerrek Warnockek baino boto gutxiago lortu zituen: hautagai demokrata botoen %49,48rekin geratu zelako egingo dute gaur bigarren itzulia. Duela bi urte gertatutakoaren antzeko egoera da: orduan, Biden nagusitu zen tradizionalki errepublikanoa izan den estatuan, eta, XXI. mendean lehen aldiz, senatari demokrata hautatu zuten, baina orduan ere bigarren itzulia behar izan zuten.

Parte hartzea

Inkestetan Warnock demokrata aurretik ageri da; oso alde txikiarekin betiere, bizpahiru puntu baino ez. Parte hartzeak sekulako garrantzia izan berri du agintaldi erdiko hauteskundeetan, lehiarik handiena zegoen estatuetan batez ere. Georgiako bigarren itzulian egon den aurretiazko boto kopurua ikusita, orain ere berdin gertatuko da, ziur aski.

Iragan hilabetean, emakumeen parte hartzea erabakigarria izan zen. Izan ere, uda hasieran Auzitegi Gorenak abortu eskubide konstituzionala bertan behera utzi izanak aspaldi ez bezalako mugimendua sortu du, eta are garrantzi handiagoa hartu du Senatuak oinarrizko eskubideak legez kodetzeko orduan. Errepublikanoentzat iragarri zen garaipen handia zapuztu duen gakoetako bat mobilizazio feminista izan da.

Bestea, Trumpek erabakitako hautagai askoren maila eskasa eta gai askotan zeukaten muturreko jarrera. Georgian, bi elementu horien adibide da Herschel Walker futbol amerikarreko jokalari ohi eta hautagai errepublikanoa. Haren bi bikote ohik salatu dute haurdun geratu ostean haurdunaldiak eteteko ordaindu ziela Walkerrek; hautagai errepublikanoak abortua erabat debekatzearen aldeko adierazpenak egin zituen behin baino gehiagotan. Gerora, beste emakume batzuen lekukotzak izan dira, hautagai errepublikanoaren jarrera gezurti eta biolentoaren berri emateko.

Demokraten eskuindarrak

Senatuaren kontrolak garrantzi handia du, besteak beste, abortu eskubidea babesteko orduan. Bidenen agintaldiko lehen bi urteetan demokratek ez dute lortu nahi zituzten neurri guztiak aurrera ateratzea, presidenteordeak berdinketak hautsi arren beti ez dutelako jaso taldeko senatari guztien botoa. Filibusterismoak eta demokraten arteko eskuindarrenen jarrerak —Joe Manchin Virginia Mendebaldeko senatariarena batez ere— ezinezko egin dute Bidenen agendan zeuden neurri progresistetako batzuk onartzea.

Gorenaren ebazpena jakinarazi zenetik, demokratek behin eta berriz esan dute bozak irabazi eta Senatuko gehiengoa behar zutela abortu eskubidea kodetzeko. Orain, Lame Duck edo hauteskundeen eta ganbera berriak eratzearen arteko tartea baliatu dute zenbait neurri aurrera ateratzeko, sexu bereko bikoteen ezkontza konstituzioan kodetzeko, kasurako. Izan ere, pentsaezina zirudiena gertatu ostean, alegia, 50 urtez onartutako eskubide bat atzera botatzea, agerian geratu da herritarren ordezkariek berariaz arautu eta babestu beharreko eskubideak daudela jokoan.

Demokratek 51. senataria lortzen badute gaur, ardura berezia ere ekarriko die agindutakoa betetzeko: errepublikanoek baino bi senatari gehiago izango dituzte horretarako.]]>
<![CDATA[Hiru independentzia prozesu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/018/001/2022-12-04/hiru_independentzia_prozesu.htm Sun, 04 Dec 2022 00:00:00 +0100 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1971/018/001/2022-12-04/hiru_independentzia_prozesu.htm
Kaledonia Berriko prozesua, berriz, mugitzen hasi da, duela urtebete hondoa jo ostean. Noumeako bake akordioetan iragarritako hiru erreferendumetatik hirugarrena egitea falta zen, eta aurreko biak galduta ere, independentistak % 50era hurbiltzen ari ziren, kanak indigenez gain artxipelagoko beste komunitate batzuekin sortutako konplizitateei esker. 2018ko azaroko eta 2020ko urriko erreferendumen ostean, beste bi urteko epea buruan zutela ari ziren etxez etxeko lanketan. Parisek, baina, ia urtebete aurreratu zuen galdeketa. Urte eta erdiz Kaledonia Berria ia ukitu ez zuen pandemia iazko irailean sartu zen artxipielagoan, eta kanak komunitateei erasan zien bereziki. Testuinguru horretan, ordura arteko ñabarduren gainetik boikoterako dei bateratua egin zuten independentistek. Oso apustu arriskutsua da independentzia erreferendum bati uko egitea, baina begi bistakoa zen Estatuaren joko zikina. Independentziari ezezkoak lortu zituen ia boto guztiak, noski, baina ordura artean boto emaile kopurua %85eraino iritsi zen parte hartzaileen ordez, % 43ra jaitsi zen iaz boikot independentistaren ondorioz. Kanak indigenek argi daukate deskolonizazio prozesu bat ezin dela amaitu metropoliko jatorria dutenek soilik bozkatzen duten eta kolonizatutako herriak parte hartzen ez duen erreferendum batekin.

Blokeo hori hausteko asmoz, aste osoa eman du Kaledonia Berrian Gerald Darmanin Barne ministroak. Parisek dagoeneko bertan behera utzi behar izan du datorren urterako iragarri zuen azken estatusari buruzko galdeketa, independentistek deskolonizaziorako bide orri argia nahi dute, Frantziarekin gutxieneko harreman batzuk mantenduta baina 2025ean subiranotasuna emango dien estatusa helburu. Kaledonia Berriak ezer badu berezi, NBEren arabera ere deskolonizatu beharreko kolonia izatea da, hain zuzen ere. Besteak beste, errolda berezia dute Noumeako prozesutik, kanak herriaren minorizazio historikoa aintzat hartuta. Loialistek errolda horren amaiera nahi dute, azken 25 urteotan joan diren guztiek bozkatu dezaten Parisen alde.

Deskolonizazioaz ari gara, ordea. Europako metropoliekiko loturak moztuta jaio dira azken 75 urteotako estatu gehienak. Herrialde deskolonizatuen baitako independentziei begira, berriz, bospasei salbuespen baino ez daude, 1971n Pakistandik bereizi zen Bangladeshen hasi eta 2011n jaio zen Hego Sudanen kasuen artean. Herriak, hizkuntzak eta nazioak bereizi zituen marra kolonialen gainean jaio ziren estatuak 50-60-70eko hamarkadan. Baina estatu horien baitan egondako ahalegin independentista gehienak, Biafratik hasi eta Tigrayko gatazkaraino, indarrez eta odolez zanpatu dituzte. Kolonialismoaren apeta horiek utzi zuten Bougainville uhartea Papua Ginea Berriaren menpe, kulturalki eta historikoki askoz hurbilago dituen Salomon uharteetatik baino. Bigarren Mundu Gerratik Ozeanian egon den gatazka odoltsuena (20.000 hildako) sufritu zuten 90eko hamarkadan Bougainvillek. Horrelako hilkintzen osteko bake akordioetan adostutako erreferendumek garaipen handia eman diete independentistei: bai Hego Sudanen 2011n, bai Bougainvillen 2019an % 98k bozkatu zuten independentziaren alde. Baina Afrikako herrialdean independentzia berehala gauzatu zen bitartean, Ozeanian ez da prozesuaren azken urratsa definitu. Bougainvilletarren borondatea ezin argiagoa izanda ere, bake akordioak Papua Ginea Berriko Parlamentuari aitortzen dio erabaki hori gauzatzea. Iaz Bougainvilleko gobernu autonomoak eta Papua Ginea Berriakoak adostutako bide orriaren arabera, galdeketaren emaitza eta bi gobernuen artean adostu beharreko akordioa 2023a amaitu baino lehen eramango dute parlamentura, 2025 eta 2027 artean sartzeko indarrean. Bougainvillek argi du azken estatus hori independentzia izan behar dela. Baina auzia katramilatzen hasi da. Gobernuaren azken iradokizunetako bat da herrialde guztiak bozkatzea, eta Bougainvillek ezetz dio, noski. Zelan konpondu uhartearen % 97k independentziaren alde egin ostean Papua Ginea Berriko biztanleen gehiengoak independentziaren aurka bozkatuko balu?

Gauzak are gehiago konplikatzeko, geopolitika dator. Australiak Papua Ginea Berria babestuko duela esan du berriki, Txinak Pazifikoan dituen interesen beldur. Bougainvillen ondo gogoratzen dute Panguna meategiaren kontrolaren aitzakian zer-nolako parte hartze odoltsua izan zuen Canberrak herrialdeko gatazkan.]]>
<![CDATA[Leonard Peltier preso indigena askatzeko eskatu diote Bideni]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/018/001/2022-11-20/leonard_peltier_preso_indigena_askatzeko_eskatu_diote_bideni.htm Sun, 20 Nov 2022 00:00:00 +0100 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1921/018/001/2022-11-20/leonard_peltier_preso_indigena_askatzeko_eskatu_diote_bideni.htm
Minneapolis hirian irailean gazte indigenek abiatutako martxa Washingtonera iritsi zen joan den astean, bi hilabete eta erdian 1.700 kilometro baino gehiago eginda. AEBetako hiriburuan protesta ekitaldiak izan dira Kongresuaren, Lincolnen Oroimenezkoaren eta Etxe Zuriaren aurrean, eta Peltierren aldeko elkarteko kideak ordezkari politikoekin batzartu dira asteon. Emozioz gainezka iritsi zen Washingtonera Rachel Thunder AIM AEBetako mugimendu indigenaren buruzagi gazte eta martxaren arduraduna: «Bi hil eta erdi hauetan momentu zirraragarriak bizi izan ditugu; oso berezia izan da. Jende asko ezagutu dugu, tribu askotako jendeek egin digute aterpe, eta hona iristean denak elkartzea oso ederra izan da. Gogorra izan da, baina gure herrian sufritzera ohituta gaude, eta konpromiso handia daukagu. Jendearen beroa, babesa, hainbeste jende elkartzea eta hona etortzea izan da garrantzitsuena».

1976tik dago preso Peltier, irregulartasunez beteriko epaiketa baten ostean bizi osorako bi espetxe zigor dituela. Kevin Sharp abokatuak argi dauka gaur egun gertatu balitz ez litzatekeela kasurik egongo. «Sinestezina da kasu hori oraindik existitzea; lekukoei mehatxu egin zieten, behartu egin zituzten, frogak ezkutatu. Baina mundua aldatu da, eta iruditzen zait entzuteko prest daudela orain. Hori bultzatu behar dugu».

AEBetako epaile ohia da Kevin Sharp, sekula aurretik gai indigenetan ibili gabea; duela urte gutxi heldu zion kasuari, distantzia pixka batetik helduko zion norbait izatea onerako izango zelakoan. Besteak beste, ordura artekoari eutsi baina begirada aldatzea komeni zela ikusi zuten. «Jendea entzuteko prest dago orain, urteetan indigenekin egindako eta hautsitako agiriez hausnartzeko, barnetegi-eskoletan gertatutakoaz, eta abar. Mezua ez da aldatu, baina testuingurua eta audientzia bai. Aldaketa ez da 1975eko tiroketaren 10 minutu horietan zer gertatu zen jakiteko, aurreko ehunka urteetan zer gertatu zen ulertzeko baizik; hori guztia aipatu behar da».

Joe Bidenek urrats esanguratsuak egin ditu iraganeko urraketa larri horiei aurrez aurre heltzeko eta AEBetako indigenekin harremanak konpontzeko. Besteak beste, urteetan Peltierren askatasuna eskatu izan duten kongresuko ordezkarietako bat bere gobernuan sartu du: Deb Haaland Barne idazkaria. Kargu hori daukan lehen indigena da.

Militante gazteak

Martxaren amaieran, Washingtongo monumentuaren aurrean elkartu ziren ehunka lagun, martxaren azken milia elkarrekin egiteko. Minnesotatik, eta Ipar eta Hego Dakotatik joandako militante indigenak ziren haietako batzuk, Washington inguruan bizi direnak beste batzuk —AEBetakoak ez ezik, Mexikoko, Ekuadorko eta Peruko jatorria duten indigenak—, baita ezkerreko eta erakunde zibiletako kideak ere. Urteak dira Amnesty Internationalek preso politikotzat jo zuela Peltier, AEBetan luzaroen espetxean dagoen preso politiko indigena, hain zuzen ere. Rachel Two Bulls unibertsitateko ikasle lakotak, esaterako,uste du zenbait neurri positibo hartu direla du azken urteotan —hizkuntzaren irakaskuntzan, kasurako—, baina salatu du indigenen erreserbetan oraindik pobrezia handia dagoela, eta aukera falta larria. Antzeratsu deritzo Sophie Watso Mdewákha?thu?wa? oyate edo tribuko dakota gazteak. «Egoera aldatu arren, arrazismo eta ezjakintasun handia dago oraindik». Arbasoei ahantzarazitako hizkuntza berreskuratzen ari da egun Watso, eta Minnesotatik Washingonerainoko bidea egin du Peltierren aldeko martxan parte hartzeko.

Anishinaabe hizkuntzako otoitz eta lakotazko kantuekin batera, hainbat hitzaldi izan ziren, besteak beste ekintzaile gazteekin eta dantzari eta musikariekin. Jimbo Simmons eta Jean Roach militante indigena historikoak mintzatu ziren, baita Kathy Peltier ere, Leonard Peltier presoaren alaba. Nick Estes idazle eta unibertsitate irakasle lakotak, berriz, Washingtongo topalekuaren garrantzia nabarmendu zuen: «Sarraskigile baten aurrean elkartu gara», salatu zuen —dakota etniako 38 gatibu urkatzea agindu zuen Lincolnek 1862an: AEBetan inoiz gertatu den exekuzio masibo handiena—, «eta, mende eta erdi geroago, berdin jarraitzen dugu, gure agureak espetxetik ateratzeko borrokan, Obama koldar hutsa izan zelako».

AEBetako presidente ohiak barka eskea mahai gainean izan zuen agintaldiaren amaieran, 2016an, baina ez zuen sinatu nahi izan. Barkamen eskaera horren sinatzaileen artean dago 70eko hamarkadan Peltier espetxeratzen lagundu zuen James Reynolds fiskala. Gaur egunetik begiratuta, Reynoldsek dio du sekula ez zuela espero izan oraindik giltzapean egongo zenik. Aitortzen du hutsune larriak izan zirela kasuan eta ez dagoela esaterik Peltierrek egozten zaizkion hilketak egin zituenik. Egunotan, Justizia Saileko eta Kongresuko korridoreetan ibili da Peltierren arteko gainerako ekintzaileekin batera, behingoan espetxetik irteteko balioko dutela espero duten bilerak egiten.]]>
<![CDATA[Trumpismoa galtzaile]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1953/003/002/2022-11-10/trumpismoa_galtzaile.htm Thu, 10 Nov 2022 00:00:00 +0100 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1953/003/002/2022-11-10/trumpismoa_galtzaile.htm
Ikusi gehiago: Erresistentziaren porrota

Inflazio-datu historikoekin eta presidentearen onarpen-maila oso behetik, demokratentzako kolpe gogorra espero zen astearteko bozetan. Baina Dobbs auzia iritsi zen uda hasieran: 50 urte lehenago Roe vs Wade auzian ezarritako aurrekari konstituzionala bertan behera geratu zen. Beste ezeren gainetik boterea eta bere burua maite dituen Donald Trumpek alderdi barruan ohartarazi omen zuen Dobbs-ek K.O. zirudien alderdi demokrata jokoan sartzen zuela berriz. Mezu zuzena bidali diete estatubatuarrei: 50 urtez izan duzuen eskubidea berreskuratzeko modu bakarra Kongresuan gehiengo demokrata izatea da.

Washingtonen, Chicagon, New Yorken, Los Angelesen protesta jendetsuak egin dituzte, baina mobilizazio esanguratsuena ziur aski Kansas kontserbadorean izan zen: Inguruko estatuak abortua debekatzen ari ziren bitartean, estatu horretako konstituzioan jasota zegoenez abortu-eskubidea, ezin zen auzo-estatuen antzeko neurririk hartu. Saiatu ziren, konstituzioa aldatzeko erreferendumera deitu zuten, eta Kansaseko feministek eta progresistek oro har erronkari heldu eta galdeketa irabaztea lortu zuten. Ondorioa: asteartean hiru estatu aurrerakoik abortatzeko eskubidea konstituzioan sartzea onartu zuten erreferendumean, eta Kentucky kontserbadoreak ere ezetz esan zuen abortatzeko eskubidearen aurkako galdeketa batean.

AEBetako bozak azaroan izan ohi dira, baina udaberrian da lehia nagusia, alderdi bakoitzak hautagaiak hautatzeko egiten dituen primarioetan. Donald Trumpek bere jarraitzaile leialenak, muturrekoenak sarritan, kokatu zituen zenbait hautagaitzatan. Barruti batzuetan primario-sistema bera zalantzan jartzen duen bultzada taktiko bezain arriskutsua izan zuten lotsarik gabe bertako demokraten aldetik -bai, zurea ez den alderdiaren primarioetan ere parte hartu dezakezu AEBetan-. Errepublikano batzuek, Mitch McConnell senatuko taldeko buruak kasurako, zalantza egin zuen hautagai egokienak ote ziren.

Laburbilduta: Trumpek babestutako hautagai batzuek garaipenak lortu dituzte, Ohion kasurako, baina, oro har, presidente ohiaren eskuin muturreko hautagaiek harengandik urrunago egon direnek edo are kritiko izan direnek baino emaitza eskasagoak izan dituzte. Eta lehia estua denean, batera edo bestera egiten duten boto horiek garrantzi handia dute: Brian Kemp errepublikanoak -ez zion jaramonik egin 2020ko emaitzak ez onartzeko Trumpen aginduari- argi irabazi ditu Georgiako gobernadore izateko hauteskundeak Stacey Abrams demokrata karismatikoaren aurrean. Herschel Warnock Senaturako hautagai polemiko trumpistak berriz, Raphael Warnocken aurka galdu du, nahiz eta bigarren itzulia beharko duten abenduan, inor ez baita botoen %50era iritsi. Arizonan boto ugari falta dira zenbatzeko, baina demokratak nabarmen aurretik doaz bai gobernadore- bai senatari-bozetan. Horiek horrela, Nevadan Adam Laxalt euskal jatorriko hautagai trumpistak emango lioke 50. aulkia alderdi errepublikanoari, posta bidezko botoetan orain arteko gehiengoari eutsiz gero. Ez du erraz izango.

Zenbaketa amaitzeko zertxobait falta da, eta, lehia estuek edozein aldaketa ahalbidetzen badute ere, joera honekin jarraituz gero, demokratek biharamun goxoa izango dute, baita Ordezkarien Ganberako gehiengoa galdu eta errepublikanoek bospasei aulkiko aldea balute ere: iragarritako olatu errepublikanotik oso urrun legoke, eta Etxe Zuriaren lana errazagoa izango da datozen bi urteetan. Baina agindutakoa betetzea ere badator: abortatzeko eskubide konstituzionala onartzea, esaterako, Auzitegi Gorenak ez dezan hura ezabatzerik izan.

Astelehenean Trumpek 2024ko presidentzialetako hautagaitza iragarriko zuen zurrumurrua egon zen. Gogorik ez zaio falta, baina errepublikanoek lortu dute kanpaina egon den bitartean ez egitea. Datorren asterako iragarpen handi bat aurreratu du presidente ohiak. Ikusi beharko da, baina emaitza hauek mezu argia dira alderdi errepublikanoan hautagai bila hasteko. Euretako bat argi dago: Ron DeSantis Floridako gobernadorearen garaipen argiak bultzada garrantzitsua ematen dio Etxe Zurira begira jartzeko. Trump bezain eskuindar eta populista da, baina presidente ohiaren nabarmenkeriarik gabe.

Demokratei aldatu egin zaie oso iluna zirudien legegintzaldiko azken bi urteen perspektiba. Estatubatuarrek errepublikanoak zigortu dituzte, Joe Bidenen politikak txalotu baino gehiago. Urrea balio duen denbora irabazi dute Etxe Zurian eta alderdi demokratan, aldaketa garrantzitsuak egiteko. Emakumeei beren gorputzarekiko kontrola itzultzetik has litezke. Eta beharbada 2024rako ilusioa piztu dezakeen hautagaien bila ere hasi beharko lukete.]]>
<![CDATA[Errepublikanoak faborito agintaldi erdiko bozetan ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2022-11-08/errepublikanoak_faborito_agintaldi_erdiko_bozetan.htm Tue, 08 Nov 2022 00:00:00 +0100 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2022-11-08/errepublikanoak_faborito_agintaldi_erdiko_bozetan.htm   Kapitolioaren aurkako erasotik hamar egunera ekin zion presidentetzari Bidenek. Agintaldiaren erdia markatzen duten gaurko hauteskundeetara hurbiltzean, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentearen etxeari eraso egin, eta haren senarra larri zauritu zuten. AEBetako politikan duten zatiketaren eta tentsioaren adierazle dira. Sarritan gertatu da Etxe Zurian dagoen alderdia gutxiengoan geratzea Kongresuan, eta, Bidenen onarpen maila apala kontuan hartuta, oposizioaren garaipena ez litzateke emaitza harrigarria izango; are gehiago, sistema bera indartsu dagoen adierazle ere izan liteke alternantzia politiko hori. Azken batean, Bigarren Mundu Gerraren ostean birritan baino ez da gertatu estatuburuaren alderdiak irabaztea agintaldi erdiko bozak. Orain, baina, ohiko alderdikeria baino askoz sakonagoa den zatiketa bat du herrialdeak.
Donald Trump estatuburu ohiaren babesean aurkeztu diren eskuin muturreko hautagai errepublikanoek irabazten badute -ez Kongresuan bakarrik, estatu gehienetako gobernadorea hautatzeko bozak ere egingo baitituzte-, sistema politikoa bera eta hauteskundeak ere zalantzan jarri izan dituzten ordezkariak egongo dira erabakiguneetan; hau da, norbere alderdiak irabazi ezean emaitzak onartu ez, eta iazko urtarrilaren 6ko matxinadak justifikatuta daudela deritzon jendea.
Arrisku horretaz ohartarazi du behin eta berriz Alderdi Demokratak, abortatzeko eskubidea kanpainako bandera gisa hartuta. Inor gutxik espero zuen duela 50 urte ezarritako eskubide konstituzionala bertan behera geratzea, lobby kristau eskuindarrek hamarkada askotako kanpainak eginda ere, baina Trumpek Auzitegi Gorenerako izendatutako epaileak horraino ere iritsi dira, ekologiaren, armen eta indigenen eskubideei buruzko beste hainbat erabaki polemikorekin batera. Horregatik, demokraten mezua emakumeentzat izan da batez ere: haien osasun eskubideak bermatzeko era bakarra Kongresuan gehiengo demokrata ziurtatzea dela esan dute behin eta berriz.
Baina inflazioa duela 40 urte ez bezalakoa izanik, eta udaberrian galoi bat gasolina bost eta sei dolar artera iritsi zela aintzat hartuta -ordutik behera egin du, besteak beste, Bidenek Saudi Arabiara egindako bisitaren ondorioz-, ekonomia bihurtu da eztabaidagai nagusi. Inkestetan inflazioa eta ekonomia ageri dira hautesleen kezka nagusi gisa, eta atzetik daude abortatzeko eskubidea eta demokraziaren egoera bera.
«Lehiaren atzean Alderdi Errepublikanoaren alde egiten duen giroa dago», esan du CNN telebista katearen Washingtongo politikaburu Simone Pathek. «Nahiz eta Auzitegi Gorenak ziurgabetasun dosi handi bat sartu zuen paisaia politikoan Roe v Wade [aborturako eskubide konstituzionala] baliogabetzean, ekonomia eta inflazioa dira beti boto emaileen kezka larrienak, eta dinamika horrekin eraso diote errepublikanoek boterean dagoen alderdiari».
Ekonomia ala abortua?
Bernie Sanders senatari ezkertiarra kritiko agertu izan da demokratek hauteskunde kanpainarako hartu duten estrategia horrekin. «Okerra da abortuan bakarrik zentratzea hauteskundeetan», salatu du azken asteotan.
Onartzen du oso larria dela Auzitegi Gorenaren erabakia, eta gogora ekarri du abortatzeko eskubidearen alde bozkatu duela beti, baina argudiatu du «kezkatuta» dagoela kanpainako arduradunek hautagai demokratei esan dietelako «abortuan bakarrik» zentratzeko: «Ez nago ados. Nire ustez, hautu politiko okerra litzateke ekonomiaren egoeraz ezaxola agertzea eta errepublikanoen gezurrei eta distortsioei ez erantzutea».
Haren arabera, jokoan daude «sistema demokratikoari eutsiko» dioten, klima aldaketari aurre egingo dioten, «emakumea bere gorputzaren jabe den». Baina gogora dakar inflazioak langileei eragiten diela nagusiki, eta errepublikanoen diskurtsoa gailentzen ari dela, langile familiei «ezer» eskaintzen ez badiete ere: «Dirudunei zergak jaistea da haien jarrera, Gizarte Segurantza eta Medicare eta Medicaid laguntzak murriztea, gutxieneko soldata ez igotzea, guraso edo mediku baimenen eta osasun zerbitzu unibertsalaren aurka egitea. Alderdi Errepublikano erreakzionario hori izanik, ekonomian jo eta gure posizioak kontrastatu beharko genituzke».
Sandersen kritikek izan dute oihartzunik, eta kanpainako azken egunetan Bidenek eta hautagai demokratek Etxe Zuriaren erabaki ekonomikoak defendatu eta errepublikanoen agenda salatu dute. Baina aldaketa beranduegi iritsi da, ziur aski, diskurtso errepublikanoa gailendu baita bi alderdiek jomugan duten herritarren artean: aldirietako bizilagunen botoa da uneotan preziatuena.
Hirien kanpoaldean urbanizazio edo etxe dotoreak dituzten herritarrak ekonomikoki zentro-eskuinerantz lerratu izan dira, baina gai sozialetan jarrera aurrerakoiagoak izan ohi dituzte. Trumpengandik urrundu eta 2020an Bideni garaipena eman zioten suburban (aldirietako) emakume zuriak berriz ere errepublikanoengana itzultzen ari dira, The New York Times-ek egindako inkesta baten arabera.
Ordezkarien Ganberako 435 aulkiak hautatuko dituzte gaur estatubatuarrek, baita 34 senatari ere, Senatuaren herena. Behe ganberan Alderdi Demokratak gehiengoa baino bost kongresukide gehiago baino ez ditu, eta demokratek inkestetan berdindu samar ageri diren aulki guztiak irabazi beharko lituzkete horri eusteko.
Senatuan, baina, itxaropen handiagoa daukate: estatu gehienetan ez da aldaketarik espero, eta dozena erditan jokatuko da goi ganberaren kontrola nork izango duen. Egun 50na senatarirekin berdinduta daude bi alderdiak, eta Kamala Harris presidenteordearen botoak hausten ditu bozketak berdinduta daudenean. Baina, horretarako, senatari demokrata guztiek batuta bozkatu behar dute; Bideni ezusteko bat baino gehiago eman dizkiote alderdiaren sektore zentrista edo eskuindarrenek, COVID-19aren pandemia ostean hartu beharreko neurri ekonomikoen aurka bozkatuta -Kyrsten Sinema eta Joe Manchin senatariek-. 
Horregatik, bi senatari irabazi eta gehiengoa eskuratuta abortatzeko eskubidea kodetuko dutela agindu dute demokratek, Auzitegi Gorenak ere baliogabetu ez dezan. Horretarako, baina, aulki gorri bat (errepublikanoa) edo bi urdin (demokrata) bihurtu beharra dute hauteskundeotan, eta, bistan da, aulki urdinik ez galdu.
Jokaleku nagusiak
Pennsylvania estatua da jokaleku nagusia horretarako, 2020ko hauteskundeetan gertatu zen bezala. Erretiroa hartu duen Pat Toomey senatari errepublikanoaren lekua John Fetterman hautagai progresistak edo Donald Trumpek babestutako eta telebistako saioengatik ezagun den Mehmet Oz medikuak hartuko dute.
Kanpaina itsusi eta zikina izan da; Fettermanek primarioak irabazi aurreko egunetan buruko isuria izan zuen, eta Ozek leporatu dio «gaixoegi» dagoela kargua betetzeko, oraindik ere suspertzen ari baita demokrata, eta koordinazio arazoak baititu. Egun errepublikanoen esku dira Wisconsin, Ohio eta Ipar Carolina, eta horietan ere emaitza estuak espero dira, baina hautagai demokratak atzetik ageri dira azken inkestetan.
Senatari demokrata guztiek ordezkaritzari eutsiko dioten ere ez dago argi. Errepublikanoen itxaropenik handiena Georgia eta, batez ere, Nevada dira; euskal jatorriko Adam Laxalt hautagai trumpzaleak Catherine Cortez Mastoren senatari aulkia lor lezake gaurko bozetan. Paul Laxalt senatari, gobernadore ohi eta Ronald Reaganen lagun minaren biloba da. Laxalt familiak Nevadan daukan izen ona baliatu du bere karrera politiko guztian, Washingtonetik sorterrira itzuli eta udan Basque Fry piknikak antolatzen hasi zenetik, Ted Cruz eta Alderdi Errepublikanoko sektore eskuindarrenetako beste ordezkari batzuk gonbidatuz. 
Azken asteotan, baina, etxetik bertatik egin diote aurre: «euskal arbasoak» gogoan zituen gutun bat sinatuz, Laxalt familiako hamalau kidek hautagai demokrataren aldeko botoa eskatu zuten. «Etxekoek, ondoen ezagutzen zaituztenek esaten badizute Senatua ez dela zure lekua, horrek zerbait esan nahi du», gogorarazi zuen joan den astean Barack Obama presidente ohiak, Las Vegasen egindako kanpaina ekitaldian.
Georgian, berriz, Raphael Warnock senatari demokratak iazko bozetan eskuratutako aulkiari eutsi nahi dio, Trumpen babesean datorren Herschel Walker futbol amerikarreko jokalari ohiaren aurka. «Giro nazionala errepublikanoen aldekoa da, eta Walkerrek hori baliatu nahi du, baina kanpainarik lehiatuenetakoa izango da», esan du The Hill atariko Al Weaverrek.
Demokratek gogor jo dute hautagai errepublikanoaren aurka, «hipokrita» deitzen dioten iragarkiekin: behinola, «salbuespenik gabe» abortua debekatzearen aldeko jarrera izan zuen hautagaiak -gerora atzera egin du-, baina, era berean, 2009an abortu bat ordaindu ziola eta 2011n beste abortu bat egitera bultzatu zuela salatu du bikotekide ohi batek. Beste emakume batek ere salaketa bera egin du.
Gaurko bozen ostean urtarrilean eratzen diren ganberek erabateko eragina izango dute AEBetako politikan. Ordurako 2023an sartuta egongo gara, eta Bidenek agintaldiaren azken zatiari ekingo dio. Horregatik, gaurko emaitzek sekulako eragina izango dute egungo presidentea berriz hautagai izango den erabakitzeko orduan. Baita Etxe Zuriko aurreko bizilagunaren kasuan ere: Trumpek asko dauka jokoan.
Izan ere, Trumpen babesarekin lortu zuten primarioak irabaztea hautagai askok, baina gerora kanpainan ekonomian zentratu eta profil trumpista apaldu dute gehienek. Edozelan ere, presidente ohia adi-adi egongo da bozetako emaitzek berriz aurkezteko bultzada ematen dioten erabakitzeko. Badaezpada, errepublikanoen lerroetan ez da falta Trump ordezkatzeko prestasuna agertu duenik: Ron de Santis Floridako gobernadorea, kasurako. ]]>
<![CDATA[Itxaropena eta kezka, Tigrayko bake akordioaren inguruan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/019/001/2022-11-06/itxaropena_eta_kezka_tigrayko_bake_akordioaren_inguruan.htm Sun, 06 Nov 2022 00:00:00 +0100 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1942/019/001/2022-11-06/itxaropena_eta_kezka_tigrayko_bake_akordioaren_inguruan.htm
Ostiralean bete ziren bi urte Tigrayko gerra piztu zela Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak iparraldeko eskualdearen aurka armada bidaltzean, Eritreakoaren laguntzarekin. Asteon berriz, bake hitzarmena sinatu dute Hegoafrikan. Bi urteotan, ehunka mila lagun hil dira borroketan, zibilen aurkako sarraskietan eta eskualdearen blokeoarekin hornidura faltak ekarri duen gosetean.

Egoera horretan, diasporako tigraytarrek bake hitzarmenaren aldeko afixak atera dituzte protestetan, Abiy Ahmeden eskaera ugari onartu behar izan dituztela jakin arren. «Espero dugu bakea etortzea, baina oraingoz beste bonbardaketa bat egon da; sarraskiek ez dute etenik. Guretzat okerrena bakartzea da: gurasoekin, senideekin ezin komunikatzea, ez jakitea zer gertatzen zaien», esan du Rahel Yifferrek; kantaria da eta Tigrayren aldeko ekintzailea. Ez du inolako konfiantzarik Ahmed Abiyren gobernuarekin: «Espero dut AfrikakoBatasuna modu argiagoan sartuko dela gaian, eta akordioa betearaziko dela». Berdintsu mintzatu da BERRIArekin Frez Teame, hura ere Tigrayko diasporaren komunitateko burua: «Nazioarteko indarrek, AEBek eta beste batzuek, akordio hau betearaztea nahi dugu. Ez dugu inolako konfiantzarik Etiopiako Gobernuan, baina itxaropena daukagu. Baina ez dugu nahi akordioa paperean geratzerik, oinarrizko zerbitzuak Tigrayra itzuli behar dira». Eta hau gehitu du: «90eko hamarkadan AEBetako presidente batek, Bill Clintonek, 'berriz ez' esan zuen Ruandako genozidioa gertatu zenean. Orain berriz ari da gertatzen. [Joe, AEBetako presidentea] Bidenen begiradapean, historia berriz errepikatzen ari da, gure herrialdeko biztanle indigenak ezabatzen ari dira, XXI. mendean hori gertatzea sinestezina da».

Tentsioa diasporan

Afrikatik kanpoko etiopiarren diaspora handiena Washingtonen eta aldirietan dago, udalak amhareraz ere argitaratzen ditu ohar ofizialak. Izan ere, gehienak amhara etniakoak dira, Ahmed presidentea bezala, eta gerrak tentsioa ekarri du. «Nire lagun onenetako bat amhara da, etiopiar gisa hazi ginen, bere ezkontzara joan nintzen. Baina sinetsi genuen herrialde horrek traizio egin digu. Lehengoan lagunak deitu zidan, eta esan zidan merezi genuela gertatzen ari zitzaiguna. Laguntzat genuen jendeak ere Ahmed Abiyrekin bat egin du, gu ezabatzeko».

AEBetako Estatu Departamentuaren egoitzaren aurreko protestan ehunka lagun elkartu ziren herenegun, asteburuan zehar egindako gainerako manifestazio eta bestelako ekitaldietan legez. Diasporako gazte elkarteko neska batek hartu zuen ahotsa ehunka manifestarien aurrean: «Duela bi urte bizitza eten zitzaigula sentitu genuen. Ordutik sufrimendua eta itxaropena nahasi zaizkigu, depresioa eta antsietatea, lorik gabeko gauak, ezintasunean, senideen berri jakin gabe, sarraskiei buruzko informazioak jasotzen, gosetean hiltzen ari ziren umeen berri izaten». Manifestarien artean, genozidioa salatzeko afixak, biktimen argazkiak eta Ahmeden gobernuaren laguntzaile eta arma hornitzaile izan direnen aurkako salaketak zeuden; hala nola Turkia zein Arabiar Emirerri Batuak.

Tigrayko bandera hori-gorrien artean, Etiopiakorik ez baina Eritreako batzuk nabari dira, Isaias Afwerkiren diktaduraren erbesteratuen eskuetan. Weldu Ghebraik independentziaren alde egin zuen borroka 80ko hamarkadan: «Sekula ez nuen pentsatuko horrelakorik gertatuko zenik, independentzia lortu eta horrelako erregimen faxista izango genuela. Horregatik etorri gara Tigrayko lagunekin protestan, bakea nahi dugulako». Eritreako Gobernuak Abiyrekin bat egin zuen, eta sarraski askoren erantzukizuna egotzi diote haren armadari.

Etorkizunarekin kezkatuta

Hasieran Etiopiako armadak lurralde osoa konkistatu eta Tigrayko matxinoek gerrilla gerrari ekin behar izan zioten, baina iazko ekainean kontraerasoa gauzatu eta eskualdearen kontrola berreskuratu zuten, Mekelle hiriburua ere hartuta. Abenduan bake elkarrizketei ekin bazieten ere, abuztuan gerra berpiztu zen. Setioak ekarri duen hondamendiaren ostean, bake hitzarmena konponbide onena izan dela diote, baina itxaropena dute gerra krimenak inoiz ordaindu beharko direla —Ahmedek Bakearen Nobel saria jaso zuen 2019an, Eritrearekin bakea sinatzeagatik—. «Garrantzitsuena elementu humanitarioa da orain: sei milioi pertsona inolako laguntzarik gabe daude», azaldu du Selome Girmay diasporako elkarteetako kideak. «Eritreako militarrak, Amhara eta Fano miliziak, eta Etopiako armada Tigraytik irten behar dira. Hau egin dutenak zigortu behar dituzte».

Duela ez askora arte, Tigraykoak ziren Etiopiako armadako arduradunetako asko, eta, estatu federalaren barruan, defentsa ardurak izan ohi zituzten. Egun, Addis Abebatik inoiz baino urrunago sentitzen dira, Yifferrek aitortu duenez: «Tigraytar asko Etiopiatik bereizitako estatu independentea eratzearen alde dago. Nik ere nahiko nuke, baina lehendabizi bakea behar dugu; janaria, edaria, botikak iristea Tigrayra; inbaditzaileek alde egin dezatela. Gero, tigraytarrek erabaki beharko lukete euren etorkizuna».]]>
<![CDATA[AEBetako hauteskundeak eta Ukraina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/021/001/2022-11-06/aebetako_hauteskundeak_eta_ukraina.htm Sun, 06 Nov 2022 00:00:00 +0100 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1971/021/001/2022-11-06/aebetako_hauteskundeak_eta_ukraina.htm
Nazioarteko gaiak etxeko gaiei lotuta azaldu dira: Latinoamerika, AEBen atzeko patioa horren luzaroan, immigrazioarekin lotuta baino ez da agertzen. Joe Bidenek udan Saudi Arabiara egindako bisitak harreman zuzena dauka estatubatuar arruntak gasolindegitik pasatzen den bakoitzean ordaintzen duenarekin. Galoi bat gasolina (3,75 litro) 5-6 dolarrera iritsita, Bidenek bazekien ezinezkoa zitzaiola hauteskundeetan ezer onik lortzerik. Orain bertan, hiru eta lau dolar artean ditugu Washington inguruko gasolindegiak; hau da, litroko dolar bat baino gutxiago ordaindu ohi dugu.

Duela hilabete batzuk bezainbat ez badira ere, AEBetako hiri askotan Ukrainako banderak ageri dira, etxeetan, autoetan, saltokietan, eta Errusiaren inbasioaren aurkakoa da iritzi publikoa ia erabat, eta, inkestek diotenez, herritar gehienak Kievi laguntza ematearen aldekoak dira. Eskuin muturretik kritikatu zaio batez ere Joe Bideni Ukrainako gobernuari ematen dion laguntza. Baina oro har, alderdi errepublikanoak ez du zarata handirik egin gai horrekin, estatubatuarren iritziaren gehiengotik ez urruntzeko... Orain arte. Trump eta haren jarraitzaileak izan dira gehien kritikatu dutenak, Tucker Carlson Fox kateko aurkezle ultrak esaterako. Kevin McCarthy kongresukideak ere iragarri du azaroko hauteskundeetan eskuina indartuz gero ez dela Ukrainarentzako «txeke zuririk» izango. Eta Marjorie Taylor Green estremistak herenegun argi esan zuen euren esku badago amaitu egingo dela Ukrainaren aldeko laguntza. Urri hasieran errepublikano gutxik zeukaten jarrera hori, baina azken inkesten arabera, alderdi horretako kideen ia erdiek uste dute AEB gehiegi egiten ari dela Ukrainaren alde.

Joko taularen ezkerretara ere, izan da kritikarik Etxe Zuriaren jarrerakin, baina askoz xumeagoa izan da. Gerra amaitzea eta bake elkarrizketak eskatu zuten 30 kongresukide demokrata ezkertiarrek gutun batean; biharamunean, erretiratu egin behar izan zuten, Bernie Sanders senataria ere aurka agertu zitzaien.

Agon Hamza filosofo zizektarrak hipokrita deitu dio «bakea da funtsezkoa, gainerakoa gero konpon daiteke» jarrerari. «Ez zait bururatzen bakerik nahi ez duen indar okupatzailerik: Israel, Errusia, Serbia, baita Alemania nazia ere, denek nahi izan dute benetan bakea. Baina Ukrainan bakea ez da aukera bat, filosofo handi batek berriki adierazi bezala. Ukrainarrek ez dute bakea nahi, askapena baizik. Putinek, inbaditzaile gisa, bakea nahi du. Bakezaletasunerako dei guztiak, edo 'kosta ahala kosta bakea' eskatzen duten jarrerak, kausak despolitizatzeaz gain, indar zapaltzaileekin lerratzen dira». SESBen erorketan piztutako gatazka armatu gehienetan Errusiak bake tropen jarrera interesatua jokatu du: su etena ezarri, eta hamarkadatan egoera usteltzen utzi, gatazkak bere «auzo hurbilen» normaltasuna eragozten duela jakitun, lurraldetasuna konpondu ezinik. Hala izan da Transnistriaren kasuan Moldaviarekin, hala Georgia eta Abkhazia eta Hego Osetiaren arteko gatazkan. Etxe barrukoa, berriz, Txetxeniakoa, «bakea» adostu eta bizpahiru urtera beste konkista gerra odoltsu bat eginez konpondu zuen Moskuk, gatazka izozten/usteltzen utzi gabe. Karabakh Garaian ere mende laurdenez gatazka ezin bideratu, eta azkenean Azerbaijanek, urteetan hortzetaraino armatuta, Armeniaren ahuldadeaz jakitun eta Errusiako Anaia Handiak beste kezka batzuk zituela ikusita, kolpe bakar batean berreskuratu zituen 1994an galdutako lurralde gehienak.

Edozelan ere, beste herrialde batzuetako esperientziari erreparatuta, Ukrainak jakin beharko luke AEBen babesa ere inoiz ez dela ez mugagabea, are gutxiago interesik gabea. Putinek 2016ko hauteskundeetan muturra sartzea ez da berehalakoan barkatuko duten zerbait (bitxia zait Trumpen jarrera, nondik irtengo den eta zein aldarte duen sekula ez dakizun pertsona da, Putinen aurrean erakusten duen erabateko otzantasunean salbu). Inbaditzailea kanporatu eta Ukrainak gerra irabaztea da Washingtonen apustua, noski; baina ez edozein preziotan. Euroasiar inperioaren erorketa eta Moskuk giltzapetuak dituen nazioen askapena perspektiba antikolonialista desiragarria da. Baina ikertzaile uigur batek ohartarazi zidanez, Europako jokalekutik haratago begiratzea ere komeni da: Errusiaren gainbeherak Siberiatik Alaskako ateetaraino doan Asiako lurralde zabal batean ere eragin lezake. Eta AEBek badakite hor onuradun nagusia Txina litzatekeela. Hauteskunde kanpainan ia aipatu ere egin ez arren.]]>
<![CDATA[Hamar urteko plana, hizkuntzak biziberritzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/016/001/2022-10-16/hamar_urteko_plana_hizkuntzak_biziberritzeko.htm Sun, 16 Oct 2022 00:00:00 +0200 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1944/016/001/2022-10-16/hamar_urteko_plana_hizkuntzak_biziberritzeko.htm Hizkuntza indigenen goi bilera: subiranotasunaz mintzo izenekoan. Bertan, AEBetako Gobernuak datozen hamar urteetarako plan bat iragarri zuen herrialdeko hizkuntza indigenak biziberritzeko.

AEBetako hizkuntzen sustatzaileek aspaldi jo zuten alarma aldarria, baina pandemiak erakutsi du gordinen zeinen larria den egoera. Ondorioz, herri indigenetan arreta jarri ohi den urriaren 12aren inguruko egunetan inoiz baino garrantzi handiagoa hartu du hizkuntzen gaiak, mendeetako bazterketa eta zapalkuntzen ostean jatorrizko herriek izan ohi dituzten bestelako arranguren aurretik.

«Kultura edo komunitate ororen giltzarria hizkuntza da; hala transmititzen dira ahozko historiak, hala partekatzen da ezagutza eta hala eratzen dira loturak», adierazi zuen Deb Haaland Barne idazkariak. Ministroen pare den kargu hori daukan lehen indigena da Mexiko Berria estatuko Laguna Pueblo herriko kidea. Hezkuntza eta Osasun idazkaritzekin batera, Barne sailak agentzien arteko egitasmo bat hitzartu zuen duela urtebete, eta duela bi aste hamar agentzia baino gehiago biltzen dituen akordioa sinatu zuten hizkuntza indigenetan irakaskuntza laguntzeko. Itunaren ondorio izan zen, halaber, Oklahomako goi bilera, pandemiaren ostean egin den lehena.

Wizipan Garriott Indiar Gaietako idazkariorde nagusiak zera gogorarazi du: «Herri indigena garen aldetik, gure hizkuntzak dira gure identitatearen bihotza, eta kontinente honetako lehen herri gisa dugun indarraren iturria». Ehun urte baino gehiagoko asimilazio politika bortitzek ume indigenak familietatik urrundu eta barnetegi-eskoletara eramatea izan zuten ondorio, bertan haien kultura ezabatzeko, hizkuntzatik hasita. Washingtonek iragarritako hamar urteko planak Unescok 2022-2032 urteetarako aldarrikatu duen «hizkuntza indigenen hamarkadarekin» bat egiten du.

AEBetan oraindik mintzatzen diren hizkuntza indigena gehienek 70 eta 80 urtetik gorako hiztunak dituzte. Transmisioa, beranduenez, 1950eko hamarkadan amaitu zen. «Familiek ez zutelako nahi eskolan seme-alabek ere sufritzerik haiek barnetegi-eskoletan eta elizaren erakundeetan sufritu zutena», hizkuntza indigenen aldeko ekintzaileak azaldu duenez.

Egun, Oklahomako txeroki herria da AEBetan biztanle gehien dituen tribua, 443.000 herritar baititu erroldatuak. Baina lehen hizkuntza txerokia duten 1.850 hiztun baino ez dira geratzen. Pandemiako urte bakoitzean ehun hiztun baino gehiago hil dira. Txertoak iritsi zirenean, hizkuntza zekitenak lehenetsi zituzten. Oklahomako goi bileran, aipamen berezia egin zioten txeroki herriak hizkuntzak biziberritzeko egindako ahaleginari: murgiltze eredua darabilen beste eskola bat egiten ari dira, bigarrena hain zuzen, baita txeroki hiztunen herri bat ere, hizkuntzaren arnasgune izateko.

Biziberritzeko grina

Egoera larria izanda ere, AEBetako luze-zabalean egitasmo asko jarri dira indarrean hizkuntzak biziberritzeko. Hawaiiera da ziur aski murgiltze eredu sendoena daukan hizkuntza. Beste batzuetan, hiztunik gabe geratu diren hizkuntzak berpiztea ere lortu dute, Massachusettseko wampanoag herrian kasurako: haien arrakasta inspirazio iturri izan da beste komunitate batzuentzat.

Badira, zorionez, adinekoak izan arren oraindik ere hiztunak dituzten mintzairak; lakoterari dagokionez, hizkuntza aspaldi ikertu eta idatzi izan da, eta indar handiz ari dira belaunaldi berriei transmititu nahian. Joan den astean, lakota, dakota eta nakota herrien bilkura egin zuten Hego Dakotan, Kanadatik ere iritsi diren kideekin.

«2007an hasi ginen lanean, eta aurten inoiz baino jende gehiagok parte hartu du bilkuran», esan du Tusweca Tiospaye elkarteko Michael Carlow lakotera irakasleak. «Itxaropen handiena gazteek ematen didate. Hizkuntza nahi dute, hitz egin nahi dute. Ez dute etxean jaso, badakite ukatu zaiela, baina baita haien nortasunaren oinarria dela ere». Lakotera, dakotera eta nakotera hiru hizkuntza gisa hartu ohi dira, baina, Carlowk azaldu duenez, hiztunek ez dute arazorik elkar ulertzeko.

Izan ere, gakoa elkarlanean eta komunitatearen konpromisoan dago. «Bilkuran elkarren eredu eta estrategiak partekatu ditugu, besteengandik ikasi dugu, eta hori ere garrantzitsua da. Kanadako dakotera hiztun batek, esaterako, bere ikasketa planak banatu ditu, besteok ere erabil ditzagun», adierazi du Carlowk. Hiztun berriak lortzeko era bakarra murgiltze ereduak dira. Azken urteotan ikastetxe askok egiten dute hezkuntza mota horren alde, haur hezkuntzan lehendabizi, eta goragoko mailetan gero.

Bide horretan, Tusweca Tiospaye elkarteko arduradunak konbentzituta daude berandu baino lehen, hamar urteko epean, elkarrekin lakoteraz diharduen gazte belaunaldia izango dutela: «Gazteen ikasteko grina itzela da. Orain teknologiarekin daukagu erronka, baina gazteek eurek aurrera daramatzaten egitasmoek itxaropen handia ematen digute».

Washingtonek babesa adierazi die murgiltze ereduan diharduten egitasmoei, beken eta diru laguntzen ildo berria irekita. Edozelan ere, babes handiagoa eta diru gehiago behar dela diote indigenek, hizkuntzaren aldeko olatuaren neurrira iritsi nahi bada. Ezin ahaztu, azken batean, egungo diru laguntzak eta sustapen egitasmoak oso txiki geratzen direla hizkuntza horiek ezabatzeko AEBetako Gobernuak ia 150 urtez erabilitako dirutzaren eta bestelako neurri politikoen aldean, borondaterik onena adierazita ere.]]>
<![CDATA[Ohiturak aldatzen pantailan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1976/019/001/2022-10-09/ohiturak_aldatzen_pantailan.htm Sun, 09 Oct 2022 00:00:00 +0200 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1976/019/001/2022-10-09/ohiturak_aldatzen_pantailan.htm
Lagun bati galdetu nion, ea gurean bezala ingeles akademietara joan ohi ziren haurrak eskola ostean. «9-10 urterekin hasten dira eskolan ingelesez [bai, 9-10, ez 3-4], baina gero inguruan hain dago presente, denok ikasten dugu». Ez akademia, ez irlandar udaleku, ez AEBetako ikasturte, ez ezer, umezarotik harreman natural bat atzerriko hizkuntza globalarekin, eta era natural samarrean ia biztanle guztiek oso ondo dakite ingelesez urte gutxian. Kasu, oso ondo jakitea ez da norbere hizkuntza bezain erosoa izatea. Ikasteak ez dakar halabeharrez erabilera ere: finlandiarra izan beharrean norvegiarra izan balitz argazkilaria, bere hizkuntzan egingo zukeen. Bi herrialdeetako biztanleek jakin ohi dute oso ondo ingelesez, baina nork berean egin ohi dute gehienetan, ulermenerako ez baitago arazo handirik. Arazoa geurean dago, Hego Euskal Herrian espainiera Espainiako edozein bazterretan bezain ondo jakiteak eragotzi egiten du hizkuntza globala naturaltasun berarekin hedatzea —beti da errazagoa «gure erdara» —, eta era berean da oztopo mundua euskarara ekartzeko: espainieraren makulua erosoegia da.

Paradoxikoa da gurean ingelesarekiko jarrera. Amorrua ematen die askori haren hegemoniak (ondare frankohispanikotik asko du horrek), baina denek nahi seme-alabek jakitea. Horretarako darabiltzate eskolak, akademia pribatuek, gurasoen sosak eta haurren aisialdi orduak. Beste gai askotan legez, delegazioz ia beti, besteek egin dezaten lana: gutxi batzuk saiatu dira telebistan bertsio originala jartzen... haurrei, gero helduek betiko bikoizketa espainolarekin jarraitzen duten bitartean. Anglosaxoi mundua sukalderaino daukagu sartuta, baina ia beti galbahe hispanikotik dator. Betaurreko espainolekin erosoago zaigu. Erosoegi, bai zuzenean ingelesez ikusteko, bai euskara itzulita ekartzeko. Pozten gara itzultzen denean, noski, baina luxutzat dugu, itzuli gabe ere berdin-berdin gozatzen dugulako espainierara itzulita. Azken batean, aisialdiaz dihardugu, eremu pribatuaz, eta jakina da ezin dela etengabe militatzen egon. Ekintza pasiboa da, gainera: ez digu espainieraz eginarazten, aski da geuk ulertzea. Eta helduen artean espainieraren ulermena erabatekoa da Lea-Artibaiko eta Tolosaldeko arnasgunerik euskaldunenean ere.

Gertatzen da, baina, telebistaren eta bestelako gailuen erabilera eguneko lau ordutik gora dugula; horren igurtzi asimilatzailea edozein estatuk bere armada eta irakaskuntza uniformizatzaileenarekin ere ez luke amestuko. Ondo dago Euskaraldiak trebatze ariketak egitea herritarrak euskarazko erabileran ahalduntzeko, baina euskaraz bizi nahi duenak gaurko erronka, tabernariarekin edo okinarekin tematzen baino gehiago dauka espainolak ematen dion aisialdiaren talaia pribilegiatuari muzin egiten. Proba egitea baino ez da: mintzatu lasai espainieraz tabernari latinoamerikarrarekin, euskararekiko traizioaren erruduntasunik sentipenik gabe, eta gorde sentipen hori gustuko dituzun liburu, film, telesail, telesaio eta enparauetarako. Espainierara itzulita gozatutako film edo liburu bakoitzak zimiko bera eragiten digunean, hutsunearen larriaz ohartzen hasiko gara. Kalean baino zailagoa da euskaraz bizitzea etxe barruan.

Horregatik kezkatu naute gure hizkuntzari muzin egin gabe goza dezakegun ia telesail bakarraz kexu diren euskaltzaleek. Euskarazko bikoizketa iragarri zuten, eta, oraingoz, azpidatzita baino ez dago Boterearen Eraztunak telesaila, egia da. Baina espaloitik jaitsi gabe goza dezakegu, behingoagatik, gure hizkuntzan bizita. Gainerako dozenaka saioetarako ezinbestean bazterrean utzi behar da euskara, Donostiako Zinemaldiak euskaldunarekin egiten duen legez.

Norvegiarrek, islandiarrek, portugesek, greziarrek, albaniarrek, serbiarrek, kroaziarrek, bulgariarrek, bosniarrek, estoniarrek, lituaniarrek, letoniarrek... guk baino hiztun gehiago eta estatu propioa daukaten milioika europarrek ia inoiz ez dute pantailan euren hizkuntzetara bikoiztutako audiorik, haurren saioetatik aparte. Ez duzue aurkituko hamar milioi hiztunetik beherako hizkuntzarik, sistematikoki bikoizten duenik. Ez, katalanek ere ez, haien buruak engainatu arren. Zinemako zati bat bikoizteko dirutza publikoa xahutzen dute, baina telesailak, dokumentalen kateak, AEBetako reality-ak, garajeetako enkanteak eta gisako saio txatxuak, espainieraz ikusten dituzte. Horiek guztiak badaude Portugalen zein Suedian, merke-merke eta erraz asko azpidatzita, Stranger Things-etik House of Dragon-era.

Badakit, jakin, gaur egun herririk euskaldunenean ere gehienek nahiago dutela espainol bikoizketa euskaraz azpidaztea baino. Baina euskaraz bizitzeko era bakarra da; ohitura-aldaketak denoi dagozkigu: erdaldunari euskaraz ikasteko eskatzen diogu, alfabetatzeko lana hartu dute erdaraz ederto alfabetatuta zeudenek, ikastolak, literatura, zientzia sortu genituen, espainierazkoan ohitura handiagoa izan eta erosoago sentitu arren. Europako herri txiki eta librea izan nahi badugu, egin dezagun hizkuntza normalizatu duten herri txiki libreen antzera.]]>
<![CDATA[«Errusia ez da pertsona zoriontsuen herrialdea»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2064/038/001/2022-10-09/errusia_ez_da_pertsona_zoriontsuen_herrialdea.htm Sun, 09 Oct 2022 00:00:00 +0200 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/2064/038/001/2022-10-09/errusia_ez_da_pertsona_zoriontsuen_herrialdea.htm Piknika izotzetan (Alberdania) euskaratuta daukan liburu bakarraren aurkezpenerako egindakoa. Baita lagunekin Lapurdira egindako bisita ere, Donibane Lohizune inguruan, eta Saratik Zugarramurdira kontrabandisten bidean egindako txangoa. Orain berak dihardu nolabait mugalari modura; gerraren hasieran idatzitako kronika bat argitaratu berri du ukraineraz —baina orain artean errusieraz idatzi du nagusiki—, eta zenbait hizkuntzatara egindako itzulpenak ari da aurkezten. Oduan aldatzen zaio aldartea, gerrari buruz hitz egitean; ez dago irribarrerik.

Ukrainatik irteteko bizi izan zenuenaren kronika jarraitu genuen otsail-martxoan. Nola zaude orain?

Europan sakabanatuta gaude: emaztea Ingalaterran, seme gazteena ere bai, ni bidean, eta autoa Berlinen. Baina Ukrainara bueltatuko gara datozen egunetan.

Izan duzu kezka edo mehatxu berezirik azkenaldian, zure segurtasunari dagokionez?

Tira, edozein intelektual ukrainar arriskuan dago; dagoeneko gutako zenbait ere hil dituzte. Orain oso kezkatuta gaude Volodimir Vakulenko idazlearekin. Apirilean errusiarrek Iziumen atzeman zutenetik desagertuta dago, eta ez dugu haren berririk. Ukrainako armadak eskualdea askatu du orain, baina hobi komun ugari ari dira aurkitzen.

Errusiaren frontea hainbat tokitan hausten ari dela ematen du.

Frontea hautsita ere, Errusiak arma nuklearrak ditu, baita sobietar misil zahar asko ere. Eta haietako batzuk erabiltzen ari da, berriki Dnipropetrovsk hiriaren aurka: familia oso bat hil zuten etxean. Hainbat urtez egin ahalko dute hori, sobietar munizioen biltegia erraldoia baita.

Gerra gehienetan bezala, zibilak dira biktima nagusiak. Zure Erle grisak lanean agertzen ziren horiek Donbass eskualdeko frontearen alde batetik bestera ziharduten protagonistekin.

Liburuak ez zuen oso harrera ona izan Ukrainan. Separatistei buruz idaztea leporatu zidaten, eta ez ukrainar heroiez, baina gizaki arruntak dira horiek ere. Ukrainako Gobernuak du horren errua, azken 30 urteetan ez baita arduratu eskualde guztiak integratzeaz, ez du ulertu kulturaren eta kultur nortasunaren garrantzia. Ukrainar kultura beti izan da, geografikoki, Ukrainako estatua baino txikiagoa. Eta ukrainar informazio eremua, are txikiagoa. Horrek eman dio bidea Errusiari bere kultura, bere informazioa inposatzeko. Donbasseko jendea jende arrunta da, langileak, meatzariak; pasiboak izan dira bertako elite politikoak ezabatu dituelako, bertako oligarkek, mafiak. Eta Kievek ez du askorik egin horretatik aska daitezen. Ni ez naiz nor jendea epaitzeko bere bizitzak bizitzeagatik, moralki, zintzotasunez; ez zeukaten ideia politiko handirik, horien beharrik ere ez zuten ikusten. Ez zieten herrialdeaz azalpenik eman. Erleak erlauntzean bezala zituzten, lan egiten zuten, zerbait ekoizten zuten eta kendu egiten zieten, oso txarto ordaintzen zieten. Eta errusiar batek esan zien, «errusiarrak zarete orain, gureak zarete eta ukrainarrei borroka egin behar diezue». Badakit nik hor deskribatzen dudan gune gris hori orain ez dela existitzen. Orain beste gune bat dugu, 2.000 kilometrokoa, eta jendea ihesi doa. Ez dute ulertzen zer den ona eta zer den txarra, baina badakite zer nahi duten. Baina ez dute eraginik gerran, ez dira soldaduak.

Gune gris horietan oinarritu da Vladimir Putinen estrategia, «atzerri hurbil» horietan.

Putinek hori erabiltzen du KGBren iragana eta babesa dituelako. Hau da, badaki pozoia erabiltzen, badaki nola sortu gatazkak, nola kokatu separatistak herrialdetik kanpoko lurraldeetan. Saiatu zen, noski, Transnistriako jendea erabiltzen Moldavian, Ukrainari atzetik eraso ziezaioten, Odesa hartzeko, baina ez zuen lortu. Azken batean, ez baitute hil nahi. Ez dira errusiarrak; agian etnikoki errusiarrak dira, baina ez errusiar inperialak. Bizimodu arrunta nahi dute.

Zeu ere Errusian jaio, Ukrainan hazi, eta errusieraz idatzi ohi duen idazle bat zara.

Hautatu egin behar duzu. Jendea, librea baldin bada, eroso dagoen lekuan bizi da; psikologikoki etxean sentitzen den lekuan bizi da. Ukrainan hazi nintzen ni, beti egin izan dut errusieraz, eta ukraineraz ere egiten dut, azenturik gabe. Hori da nire bizimodu hautatua. Hori da nire gustuko giroa, bizitzeko abiadura hori, jendearen zabalkundea. Ohituta nago zentsurarik eta zapalkuntzarik gabe bizitzera, tabu politikorik gabe, manifestazioak debekatu gabe, horrekin guztiarekin bizitzera ohituta nago. Errusia ez da pertsona zoriontsuen herrialdea. Hori aldarazi nahi du Putinek: zoriontsu izan ordez, aberriaz harro egotea nahi du. Eta pentsatu zuen denek erosiko ziotela hori, eta Ukrainaren aurka joango zirela, «ukrainarrak faxistak direlako», baina zoriontasunik gabeko jendearen abertzaletasuna ezin da izan zure oinarria. Batez ere saldu nahi duzunean herri hau maite dutela eta gobernu hau maite dutela, halaber. Baina jendeak bizimodu normala bizi nahi du.

Ukraina faxistaren propaganda horren aurrean, herri libretzat, ia gobernaezintzat aurkezten duzu zuk.

Bai. Ukrainan izan zen inoizko armada anarkistarik handiena, Nestor Makhno buru zuena, 1918an. Jendea indibidualista da, ez du loroak bezala manifestazioan joan nahi, esloganak errepikatzen. Horregatik ditugu laurehun alderdi politiko Ukrainan. Ezin dituzu, Errusian bezala, ia alderdi bakar batean egotera behartu.

Azken lana ukraineraz argitaratu duzu, eta ez errusieraz.

Zintzoki, ez litzaidake normala irudituko gerra betean hala argitaratzea. Errusia bonbardatzen ari da errusieraz egiten duten hiriak, argudiatuta errusieraz egiten duten hiztunak defendatzen ari dela. Lehen ere beste liburu bat argitaratu nuen ukraineraz. Etorkizunean, ikusiko dut, baina orain bertan ez daukat irakurlerik Errusian; beraz, ezin haietaz kezkatu. 2005ean debekatu zituzten nire liburuak lehen aldiz han, gero 2008an, eta 2014an galarazi zuten nire liburuak Ukrainatik Errusiara eramatea.

Eta zer egin behar lukete Ukrainan bizi diren eta errusieraz egiten dutenek?

Ukraineraz ere ikasi beharko lukete. Bizi zaren herrialdeari diozun errespetua da kontua.]]>
<![CDATA[Kurdistan. Argi bat Ekialde Hurbilean ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1926/016/001/2022-09-25/kurdistan_argi_bat_ekialde_hurbilean.htm Sun, 25 Sep 2022 00:00:00 +0200 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1926/016/001/2022-09-25/kurdistan_argi_bat_ekialde_hurbilean.htm BERRIA Dendan dago salgai. ]]> magii haiek mendebaldeko herri irandarretako apaiz zoroastroarrak ziren, Media lurraldekoak hain zuzen ere. Irandar jatorriko herri hori Zagros mendien mendebaldera bizi izan zen, egungo Kurdistanen, asiriar erregeen aurka. [...] JINEOLOJI, EMAKUMEA AHALDUNTZEKO «Sakine Cansiz eta beste emakume kide batzuk egotea ezinbestekoa izan zen, eta harmonia egotea …calanen eta haien artean», dio Maryan Fatthi Bilbon bizi den kurduak. «Emakume horien tinkotasunak eta argitasunak lagundu diote Aporen argitasunari. Gizon bizkorra da, bazekien Kurdistaneko boterearen %50 etxeetan giltzapetuta zegoela, hezkuntza amen esku zegoela; seme-alabak heztea betebeharra da». [...] 1980ko estatu-kolpeak ekarritako errepresioaren ondorioz, «milaka gizon kurdu atxilotzeak emakumeak rol aktiboagoa hartzera eraman zituen, familian eta gizartean», dio Aliza Marcusek. «Senideen espetxeratzearen edo hilketaren aurka protesta egin zuten emakume asko atxilotu egin zituzten; giltzapean sexu-erasoak egin, eta espetxeratu egin zituzten. Espetxeak hezkuntza politikorako leku garrantzitsu bihurtu ziren», dio Ina Merdjanovak. Gerra okertu ahala, feudalismoak indarra zeukan herrietako egitura ere apurtu eta milaka herritar hirietara joan ziren; beste askok, berriz, mendira jo zuten. PKKren gerrillan hasieratik izan ziren emakumeak (...). 1993rako, hiru gerrillaritik bat emakumea zen. 1995ean sortu zen emakumeen gerrilla (PAJK). Haren prestakuntzan bi urtez egon zirenetako bat Anja Flach soziologo alemana izan zen. Borroka armatua hautatzeko motiboen artean, gehienek familia-giro itogarria zutela aipatzen du Flachek, ezkontza hitzartuetatik ihesi egitea bereziki. Beste batzuek, berriz, hildako senideak mendekatzeko egiten zuten, edo askapen nazionalagatik, baita kontzientzia feministaz ere. Emakume gerrillarien %40 eskolagabeak ziren eta %30ek lehen hezkuntza zuten egina; unibertsitatean ibilitakoak %10 ziren. PKKren barruko emakume-armada sortzearekin batera, lana generoka banatzea ere ezabatu zen, eta gizonek ere kozinatu eta arropak garbizeko ardura hartu zuten. [...] HIZKUNTZA DEBEKATUA Hiriburuan, Euskal Herritik eramandako hainbat esperientzia jartzen ari zen abian udala, kurdueraren erabilera bultzatzeko. Sinetsita zegoen erabilera oso apala izan arren ezagutza guztiz zabala zela, eta bultzada egoki batekin berriz ere azaleratuko zuela. Autobusean gidariari kurdueraz dei egitean, jendearen begiradak igarri genituen. «Ikusten? Ez daude ohituta, baina denek ulertzen dute». «Euskaraz bizi nahi dut» eta antzeko afixen kurduerazko bertsioak zeuzkaten, posible zuten leku guztietan banatzeko. Eremu askotan ziharduten lanean, baina zalantzarik gabe eskolak ziren zirraragarriena, gurasoak eskola kanpoan hunkituta ikusiz, malkoari doi-doi eusten, umeek kurdueraz egiten zutela jabetuta. Udalaren barruan dagoen haur-eskolen saretik gainerako udal askotara hedatu zen esperientzia. Bake-prozesua zapuztuta zegoen, baina Derince sinetsita zegoen hizkuntzaren aldeko borrokari eutsiko ziotela, eremu politiko-militarreko gorabeheren gainetik. Uda hartan bertan, baina, estatu-kolpeak dena birrindu zuen. Kolpearen atzean ez zeuden kurduak, hori begi-bistakoa zen, eta zenbait astez Erdoganen amorrua sakoneko estatutik hura bultzatu zuten sektoreetara bideratu zen. Baina abuzturako, kurduengana jo zuen: hedabideak itxi, alkateak espetxeratu, gobernuak izendatutako udal-agintariak jarri, eta horiek, lehen neurri gisa, seinale elebidunak kendu eta kurduerazko eskolak itxi edo turkierazko edo erlijio-ikastetxe bihurtu zituzten. [...] HIRU KURDISTAN ETA TURKIA BAKARRA (ORAINA ETA GEROA) Ondo dakite kurduek ez Washingtonek, ez Moskuk, are gutxiago Ekialde Hurbileko erregimenek ez dutela inolako interesik Kurdistaneko herritarren ahalduntzean, edo inolako autonomian edo subiranotasunean. Eta berriz ikusi dute nola babestu eta hauspotu dituzten Daexen aurka beharrezko izan direnean, eta nola utzi dituzten botata bataren edo bestearen helburua lortutakoan, bidean milaka gazte kurduk bizia eman arren. Donald Trumpen iritsierak egoera okertu baino ez zuen egin, eta 2018 amaierarako dimisioa eman zuten Jim Mattis Defentsa idazkariak eta Brett McGurkek, AEBetako Gobernuak Sirian zeukan arduradun nagusiak. (...) Munduko arreta Itsaso Beltzaren iparraldean jarri den bitartean, handik gertu, hegoaldeko kostaldetik, Anatolian, Mesopotamian... ehunka mila lagun etxerik gabe desplazatuta daude amaierarik ez duen gerra batean. 2022ko urtarrilean, Raqqa eta Mosul galdu zituztenetik Estatu Islamikoak egindako erasorik bortitzenetako bat gertatu zen, Hasakah-ko Al-Sina espetxearen aurka, 4.000 jihadista inguru preso baitziren han. Kanpotik erasoa eta barrutik matxinada, hamar egunez luzatu ziren borrokak, urtarrilaren 20tik 30era, harik eta SDFko borrokalari kurduek berriz ere kontrola hartu zuten arte. Ehunka presok egin zuten ihes: 400ek, datu ofizialen arabera, mila baino gehiago berriz atzeman eta gero. (...) Nazioarteko erakundeek hartu nahi ez duten ardura haien bizkar geratu da; Mendebaldea seguruago egoteko, 154 familiak euren kide kutunak galdu zituzten. [...] ]]> <![CDATA[Lotsaren autobusak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/015/001/2022-09-20/lotsaren_autobusak.htm Tue, 20 Sep 2022 00:00:00 +0200 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1898/015/001/2022-09-20/lotsaren_autobusak.htm
AEBetako Itsas Behategia Washington hiriburuko goialdean dago, Massachusetts eta Wisconsin etorbideen artean eratutako zirkulu erraldoi baten erdian. Horixe da, halaber, herrialdeko presidenteordearen egoitza. Joan den ostegunean lehen aldiz, eta larunbatean bigarrenez, zaintza handiko gune horren parean geratu ziren Texastik zetozen autobusak. Union Station geltoki nagusian zeuden SAMU larrialdi zerbitzuetako kideak eta etorkinen elkartasun taldeetako boluntarioak autobusen zain, baina Texasko gobernadore errepublikanoak, autobus bidaien antolatzaileak, Kamala Harrisen etxearen parera bidaltzea erabaki zuen.

Presidenteordea da immigrazio gaien arduraduna, eta autobus-bidaiak errepublikanoen joko politikoaren zati bihurtu dira. Larunbat goizean iritsi zen autobusean familia ugari zetozen umeekin. Tartean, hilabete bateko haurtxo bat, El Paso mugako hiritik AEBetako hiriburura dagoen 3.300 kilometroko bidea eginda. Bi egun ematen dituzte autobusean migratzaileek Washingtonera iritsi arte. «Izugarri gosetuta iritsi nintzen; geldialdia egin genuen janaria erosteko, baina askok ez genuen dolarrik», azaldu du autobus horietako batean iritsitako venezuelar batek.

Harrera taldeak

Udaberrian hasi ziren antolatzen boluntarioak, lehen autobusak iristean, eta, Union Stationera ailegatzean, harrera egin, aterpea eskaini eta janaria ematen diete. Hasieran, etxean bertan hartu zituzten batzuek; gerora, elkartasun sarea handitu, eta inguruko eliza batzuek eta hotelen batek ere eman diete laguntza. Duela bi aste, Muriel Bowser Washingtongo alkateak larrialdi egoera izendatu eta 10 milioi dolarreko aurrekontua izango zuen bulego bat iragarri zuen; gaur bertan espero da neurria onartzea. Elkartasun talde batzuek kritikatu egin dute, behin-behineko babesa soilik ematen duelako, gehienak hiritik kanpo beste norabait joango direlakoan.

Venezuelarrak dira Washingtonera ailegatu diren gehienak. Batzuek senideak dituzte hiriburuan edo inguruko hirietan, Marylanden eta Virginian. Beste batzuek ez dakite ondo zein izango duten hurrengo helmuga. Larunbat arratsaldean, hiriburu ondoko Bethesda herrian egindako harrera ekitaldi batean, halaxe zioen Cynthiak —ez da benetako izena—: «Ez dut argi zer den hurrena, baina nik lan egin nahi dut». Gurasoak Barquisimeto hirian ditu, eta haiei laguntzea du helburu. Oraingoz, hiriko eliza batean eman diete aterpe iritsi berri diren batzuei.

Cesar ere autobus batean iritsi zen duela aste batzuk. Senideak ditu Washingtonen, eta haiekin bizi izan da hasieratik. Pozik dago, Venezuelatik Kolonbiara eta Dariengo oihaneko pasabide arriskutsutik Erdialdeko Amerikara heldu eta gero AEBetarainoko bidea egin zuelako. Eraikuntzan hasi da lanean. «500 dolar inguru dira astero, gehiago batzuetan. Etxera zerbait bidaltzen hasi naiz, eta ingeles eskolak ere hartzen ditut», azaldu du. Esker oneko da Texastik Washingtoneraino etorri ahal izan zuelako, baina aitortzen du beste asko nora datozen jakin gabe igotzen direla autobusera, engainatuta.

Gehienak, venezuelarrak

Egunero mila lagun inguru iristen dira Mexikotik Texasko El Paso hirira; gehienak, venezuelarrak. Udako lehortearen ondorioz, Rio Grande ibaiaren emaria nabarmen murriztu da, eta oinez pasatu daiteke alde batetik bestera. Muga legez kanpo igarotzen badute ere, venezuelarren estatusa, gainerako latinoamerikarrena ez bezala, ez da legez kanpo migratzen duenarena: AEBetan sartu eta berehala asiloa eskatzeko eskubidea daukate, eta horrek, automatikoki, auzia ebatzi artean herrialdean egoteko aukera ematen die. Hala, lanerako baimena ere izaten dute. Venezuelar komunitatea bera ere beldur da, horregatik, hainbeste lagun etortzeak izan dezakeen eraginaz. «Ia guztiak bizitzea ezinezko den egoera batetik ihesi gatoz, lanerako eta bizimodu berri baterako gogoz, baina badago Venezuelan ere kriminalitatean ziharduen talde txiki bat. Gutxiengoa izan arren, kalte handia egiten digute beste guztioi ere hartu gaituen herrialde honen begiradan», esan du Cesarrek.

Apirilean hasi zen Greg Abbott gobernadorea Rio Grandetik Texasera iristen ziren migratzaileak autobusetan sartu eta Washingtonera bidaltzen. Abuztuan, New Yorkerantz ere bideratu zituen autobusak, eta berriki Chicagora iritsi dira. 12 milioi dolar gastatu dituzte orain arte. Arizona gauza bera egiten hasi da, baita Florida ere; lehengo astean, Martha's Vineyard luxuzko uharte turistikoan lurreratu ziren Ron de Santis Floridako gobernadoreak alokatutako bi hegazkin, dozenaka migratzailerekin.

Washington hiriburura bakarrik, 10.000 lagun baino gehiago iritsi dira hilabeteotan, eta gobernadore errepublikanoek bidaiak ugaritzeko asmoa dute. Donald Trumpek immigrazioaren aurkako neurri gogorrenak hartu zituenean, hainbat udalerrik santutegi izendatu zuten euren burua. Ondorioz, uko egiten diote AEBetako Gobernuari paperik gabe bizi direnen datuak pasatzeari. Errepublikanoak, joko politiko kalkulatua eginez, santutegi horietara ari dira bidaltzen asilo eskatzaileak. Demokratek eta elkartasun taldeek gogor kritikatu dute hautetsi errepublikanoen erabakia, eta pertsonen bizitzarekin kalkulu politikoak egitea leporatu diete.]]>
<![CDATA[Diada 'reloaded']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/012/001/2022-09-11/diada_reloaded.htm Sun, 11 Sep 2022 00:00:00 +0200 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1913/012/001/2022-09-11/diada_reloaded.htm BEk bai, sinesten zuen izenburua jarri zion Vilawebek joan den astean NBEko Giza Eskubideen Batzordeak emandako ebazpenari. Bertan, Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull eta Josep Rullen eskubide politikoak hautsi zirela ondorioztatzen dute. Litekeena da, hala pentsatu nahi dut, datozen hiletan ere antzeko erabaki gehiago iristea Espainiaren aurka eta Kataluniako ordezkari independentisten alde. Hala beharko luke. Baina, tamalez, ez du behar adina axolako. Partida amaitu eta biharamunean gola eskuaz sartu zizutela aitortzea bezala da, edo penalti behar zuela jokaldi hark edo dena delakoak... Bai, ados, arrazoi zenuen, baina arrazoi izateak ez dizu garaipena ematen.

Duela bost urte, Espainiak sinetsi zuen Katalunia independentzia lortzeko zorian zela, espainiar eskuindar zein ezkertiarren amesgaiztoa, herrialdea zatitzea, gertagarri zela. Hura eragoztea zuen lehendabiziko lana estatuak, 1978tik datorren erregimenak bere burua salbatu beharra ikusi zuen, haren buru den monarkiatik hasita. Nahiago zukeen Europak eta munduak itsu-itsuan arrazoi eman eta bere neurri guztiak babestuko balituzte, noski. Baina bestela ere, Espainiako erregimenak argi zeukan hura eragotzi beharra zeukala, kosta ahala kosta. Gero Europak, NBEk edo aita santuak kontuak eskatuz gero... Bada, hori, gero gerokoak, baina orain, Espainia ondo batuta. Atado y bien atado.

Itxura txarra zuen estatu-egiturak antolatu behar horretan galdutako denborak. Zuzen esan zitekeen oraindik independentziaren ideiak ez zuela babes nahikorik, hurbil zeudela baina jende gehiago erakarri behar zela, baina ez, estatu-egiturak falta ei ziren, zerga bilketarako, kasurako. Horren ondoan, egunotan hil den Gorbatxoven garaikoa datorkit gogora: 1991ko abuztuan haren aurkako estatu-kolpea izan zen; hark porrot egin eta biharamunean hamabost estatu berri sortu ziren. Haietako gutxi batzuek independentziaren alde egina zuten lehendik, Baltikoan edo Georgian kasurako, baina gehienek ez zuten ez estatu egitura ez antzeko ezer. Bezperara arte SESB barruko egitura subordinatu zena estatu subirano bihurtu zen, izenen bat aldatu eta ezer gutxi gehiago egin zuten lekuan lekuko jauntxoek botereari eusteko: Moskura agindu eske deitu zutenean, inork ez zien erantzun, eta gauzak bere eskuetan hartu behar zituztela ohartu ziren. Estatu independentea aldarrikatu, eta lehengo lepotik burua.

Espainiaren harresia zartatuko balitz SESBen legez, bertan preso diren herriak —eta nahi duten beste guztiak— aska daitezen, jakingo ote genuke zer egin euskara hizkuntza komun eta hegemoniko bihurtzeko? Espainiaren ukazio, zapalkuntza eta asimilazio ahalegin odoltsua erreala da, hortxe dago eta zati garrantzitsua behar du gure memoria kolektiboan. Baina era berean, argudio erraza da bide orri zehatzik ez dagoenean errua nori bota izateko. Adibide argia: Katalunian legez, hemen ere posible da kontsumitzaile araua betetzea, besteak beste Bilbon edo Donostian eguneroko umiliazioa galarazteko, tabernetako menuak espainolez eta ingelesez ageri dituztela, euskararen arrastorik gabe. Bartzelona kosmopolitan legez kanpokoa da hori, eta zigortu egiten da. Gurean ez gara urrats horretara ausartzen, eta ezin Espainiari errua bota: Auzitegi Konstituzionalak berretsia du zilegi dela merkatariei derrigorrezko katalanezko errotulazioa inposatzea. Bitartean, «emanaldiak jatorrizko bertsioan gaztelaniazko eta ingelesezko azpitituluekin» dio Donostiako Zinemaldiko eskuliburuak; aurten ere lotsarik gabe galarazten zaio euskaldunari sarrera Sail Ofizialean, esaterako.

Mediterraneotik Kantauri ertzera etorri gara; duela bost urteko irailean ere bi manifestazio erraldoi antolatu ziren katalanekiko elkartasunez elkarren segidan. Katalunia beti lagun dugu, eta hurreko adiskideei egia zor zaie, egiten dutenean miresmena adierazi genienean bezalaxe, horren oker ikusten ditugun uneetan. Askotan eredu, baina ez beti, Pantailak Euskaraz-eko lagunei esan izan diedan legez: katalanez diru asko bideratzen dute bikoizketak egitera eta film asko bikoizten dituzte, baina espainieraren morrontzatik askatu ezinik jarraitzen dute hala ere. Egunotan, pozarren daude Boterearen Eraztunak bikoiztu dutelako, baina aurtengo gainerako telesail garrantzitsu guztiak (Better Call Saul, Stranger Things...), espainieraz ikusi dituzte, Hego Euskal Herrian bezalaxe. Dragoiaren Etxea jarri dudanean, hortxe daude islandierazko, estonierazko eta katalana baino askoz txikiagoak diren Europako hizkuntza askotako azpidatziak, baina ez euskaraz, ez katalanez.

Espainiar eredua kopiatuta, nekez ahaldunduko dira katalana zein euskara. Belgikan bertan, esaterako, ohikoa da film batzuek frantses bikoizketak izatea; flandriarrek, berriz, nederlanderazko azpidatziekin ikusten dituzte, gehienek frantsesez ere jakin arren. Bruselan, film askok bi azpidatzi dituzte (ez Donostiako Zinemaldian bezala, bistan da, bertako herritarrak errespetatuz baizik). Bai, Bruselara gehiago begiratu beharko dugu, Kataluniatik zein Euskal Herritik, eta gutxiago Madrilera. Gaur Diadako manifestazioa ohi baino txikiagoa bada, begirada aldatzeko txanda heldu den seinale izan liteke.]]>
<![CDATA[Erbesteko uigurren samina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2196/002/001/2022-09-08/erbesteko_uigurren_samina.htm Thu, 08 Sep 2022 00:00:00 +0200 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/2196/002/001/2022-09-08/erbesteko_uigurren_samina.htm
Ikusi gehiago: Ilshat H. Kokbore, Uigurren Mundu Kongresuko presidenteordea: «NBEren txostena urrats handia da»

Uigurren bizimoduaren irudiak dituzten tapizek dekoratzen dute jatetxea; atari urdin eta zuri bat ageri dituena adierazi du argazkia egiteko, «familiaren etxea». Jatetxeko plater ezagunena korma haragia da: txahalkia, barazki erreekin eta espeziadun fideoekin lagunduta. Te usaina dago barnean, eta pitxar bat te atera du; Hamidekin baso banatara isuri, eta bere istorioari ekin dio. 2018ko irailean ireki zuen jatetxea, AEBetara iritsi eta hemezortzi hilabetera. «2017ko apirilean, lagun batek esan zidan Txinako agintarien zerrenda beltz batean nengoela, eta hobe nuela ihes egitea. Nik hainbat saltoki nituen, nazioarteko merkataritzan niharduen, eta, horri esker, sarritan bidaiatu ohi nuen. Hala lortu nuen iristea, baina dena oso zaila izan zitzaidan: ez nekien ingelesez, semeak 6 urte zituen, alabak 3».

2018ko udazkenerako, Washington mendebaldean lokal bat aurkitu eta uigur jatetxe bat ireki zuen; berriki, beste jatetxe bat zabaldu du Virginian. Txinako agintariek egindako agiri bat erakutsi du, txineraz eta uigurreraz, Asia erdialdean eta Turkian negozioak egiteko bidea ematen ziona. «2013an eman zidaten agiria; orduan, normala zen. 2017rako, turkiar ideologiarekin lotu nahi zuten, hau da, uigur nortasunaren eta kulturaren aldeko nintzela. Lehen, legezkoa zen. Halako batean, Txinako gobernuarentzat onartezina zen; gure hizkuntza utzi, gure erlijioa utzi, eta Txinako kulturan asimilatu beharra zegoen» .

Senideak, preso

Xinjiango Medikuntza Unibertsitatean egin zituen Farmazia ikasketak; ordukoak, 1990eko hamarkada amaierakoak izan ziren lehen arazoak Txinako agintariekin. «Anaia Ghuljako protestetako buruetako bat izan zen; atxilotu eta hamabost urte egin zituen preso. Gure familiaren aurka ere jo zuten. Ama irakaslea zen, eta kaleratu egin zuten; aita ere lanetik bota zuen».

Abdulshukur Kerim 2012an irten zen espetxetik, baina berriz ere kartzelan dago. «Anaiari hogei urteko espetxe zigorra ezarri diote, eta haren emazteari zazpi urtekoa. Hiru ume dituzte, eta gure amak, umeen amamak hartu behar izan du haien ardura». Iazko abenduan beste anaia bat atxilotu zuten. «Ordutik ez dugu haren berririk, desagertuta dago».

Hamid Kerimen antzeko milaka lekukotasun bildu dira azken lau urteotan, 2018an NBE Nazio Batuen Erakundeko aditu talde batek «informazio sinesgarria» zela adierazi zuenetik milioi bat uigur baino gehiago Xinjiango atxilotze guneetan giltzapetu zituztela, «berriz hezteko eta doktrinatzeko». Ordutik, Mendebaldeko gobernu ugarik salatu dute Pekinen politika, eta genozidiotzat ere jo dute Frantziako, Erresuma Batuko zein Kanadako parlamentuek.

Joan den astean, luzaz esperotako txostena argitaratu zuen Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak, Michelle Bacheletek batzordeburu karguan egindako azken egunean. Atxiloketak «arbitrarioak eta baztertzaileak» direla dakar 48 orrialdeko txostenak: «giza eskubideen urraketa larriak egin dira terrorismoaren eta estremismoaren aurka gobernuak daraman estrategian». Txinako Gobernuak hiru aldiz luzeagoa den txosten batekin erantzun du, eta esan du «desinformazioan eta gezurretan» oinarrituta dagoela. Luzaroan ukatu ostean, estremismoaren aurkako guneak izan zirela aitortu du, baina herritarrak borondatez joaten diren leku gisa aurkeztu ditu, «pobreziari eta estremismoari ihes egiteko».

NBEren txostena «oso berandu dator, beranduegi», kexu da Kerim: «Ez naiz politikaria, nire iritzian ez da aski indartsua, ez du genozidiotzat hartzen, baina ez etortzea baino hobe da».

Milaka familia hautsi dituztela dio. «Nire familiaren %40 giltzapean da, eta berdin beste milaka familiatan. Orain Txinari eskatzen diodana da txostenak eskatzen dizuna: utzi nire anaiak libre. Inolako legerik gabe espetxeratu dituzue; uigurra izatea da haien delitu bakarra».

Behin eta berriz errepikatzen du honako hau: «Ez naiz politikaria, herritar arrunta naiz. Uigurra naiz. Eta arriskutsuak garela diote. Zergatik? Gure herrialdea maite dugulako, gure hizkuntza maite dugulako. Zergatik ezabatzen dituzte uigurrerazko afixak, seinaleak. Zeren beldur dira?». Txostena argitaratuta, orain erakunde uigurrek auzia mundu osora eramatea espero du Kerimek, Mendebaldera eta herrialde musulmanetara bereziki. «Eraman dezatela Turkiara, Saudi Arabiara, Qatarrera, Asia Erdialdera. Musulmanak direla harro esaten dute, baina inor ez da arduratu uigurren aurkako errepresioaz».

«Utzi bizitzen»

Jatetxean latinoamerikar asko daude lanean, baita India eta munduko beste leku batzuetakoak ere: «Ez dago arazorik bakoitzak bere kultura, bere hizkuntza izateko; denei irakatsi diet gustura gure sukaldaritza. Zein da arazoa bakoitzak bere kulturari euts diezaion? Zergatik nahi du Txinak denok berdinak izatea?».

Asia erdialdeko ikasle batzuk ere badira lanean. «Hamabost egun eskatu zizkidaten, oporretan familia bisitatzera joateko Kazakhstanera, normala den moduan, edozein pertsonak nahiko lukeen bezala. Baina uigurrok ez dugu hori egiteko aukerarik: Txinak uigurrei ez die pasaporterik ematen, edo kanpoan gaudenok ez dugu hara joaterik eta senideekin egoterik».

Kerimek «bizitza arrunta» besterik ez duela nahi dio. «Beste edozeinek egiten duena: familiarekin elkartu, bizitza bizi, amari deitu eta as-salam-aleikum esan. Horixe baino ez dut nahi, hemen bizitza ederra egiteko aukera daukat, gogor lan eginda, baina gustura nago; seme-alabei gogorarazten diet herrialde honetaz gain badutela beste bat ere. Zorionez, ederto egiten dute uigurreraz. Baina ez dugu etxera itzultzeko aukerarik, familiarekin egoteko betarik, amari telefonoz deitzeko aukerarik».]]>
<![CDATA[«NBEren txostena urrats handia da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2176/003/002/2022-09-08/nberen_txostena_urrats_handia_da.htm Thu, 08 Sep 2022 00:00:00 +0200 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/2176/003/002/2022-09-08/nberen_txostena_urrats_handia_da.htm
Ikusi gehiago: Erbesteko uigurren samina

Zer balorazio egiten duzu Michelle Bachelet buru zuen Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak argitaratutako txostenaz?

Espero nuena baino hobea da. Badakit uigur batzuk haserretu zirela, ez duelako genozidio hitza aipatzen. Noski, zerbait urardotu dute, baina gizateriaren aurkako krimenak aipatzen ditu, indarkeria izan dela aitortzen du, eta hori ere nazioarteko legediaren aurkakoa da. Azken unean etorri da, baina justizia gailendu da.

Noski, horrek ez du ezer aldatu edo aldatuko berehalakoan, baina urrats handia da, hala ere. Gure senideen bila ari gara oraindik. Ez dakit ama edo arreba bizirik ditudan ala ez, libre ote dauden ala atxilotze guneetan.

Zertan da, orduan, positiboa?

Zehatz irakurtzen baduzu, txostena Txinaren beraren dokumentuetan oinarritzen da. Badira lekukoen testigantzak, baina oinarri nagusia Txinatik kanpora filtratu diren dokumentu ofizialak dira, eta horiek ematen dute Xinjiango polizia indarkeriaren neurria. Ofizialki jasotako agiriak dira. Bai, orain, aurkako txostena argitaratu du Txinak, 131 orrialdekoa; badakizu, gezur bat sinesgarri egiteko mila aldiz esan beharra dago.

Eta hemendik aurrera?

Txinan bada esaera bat: gauza txarrak egiten badituzu, historia liburuetan orrialde txarra izango duzu, hala epaituko zaitu historiak. Eta NBEren txostenak orrialde hori inprimategira darama, zigilatu egiten du. Ez da AEBetatik edo Frantziatik datorren agiri bat, NBErena da, eta Xi Jinpingi leku hori ematen dio historian.

Nazioartean erreakzio handia izan da, Mendebaldean nagusiki, baina baita mundu turkiarrean eta islamikoan ere, Malaysian, Turkian eta beste hainbat herrialdetan. Beraz, bai, uste baino hobea da. Uigurren Mundu Kongresua orain batzartu egin behar da, dokumentuari zein erabilera eman erabakitzeko, baina ate guztiak zabalik daude.

Xinjiang eskualde autonomoa da ofizialki; bazeuden uigurrerazko eskolak eta hainbat eskubide onartuta garai batean.

Nik ere ezin nuen imajinatu honaino iritsi zenik. Sobietar Batasuna jausi aurretik, gutako gehienok espero genuen joera inperioak behera egitea eta irekiera handiagoa izango zela, ez zegoela atzera bueltarik. Banuen errezeloren bat errepresioarekin jarraituko zutela, ekialdeko migrazioekin jarraituko zutela txinatarrak ekartzen gure lurraldera, txinatar eskolak sortu eta uigurrak asimilatzeko ikastetxe elebidunak irekitzen, uigurrak lanera limurtuko zituztela ekialdera, baina ez kontzentrazio gune masibo hauetara iritsiko zirela.

Geopolitika joko horretan handi baten erdian zaudete. Zer karta dituzue?

Uigurrok geure buruan izan behar dugu konfiantza. Bai, kanpoko laguntza behar dugu, baina geuk egon behar dugu etorkizunerako prestatuta, edozer gertatzen dela. Ezin zara egon AEBek edo beste edozein herrialdek zerbait egingo duten itxaropenean. Orain bertan daukaguna da munduan zarata eta presioa egitea, baina geure burua prestatu behar dugu.

Ez dut indarkeria maite, baina litekeena da beste aukerarik ez izatea. Gutxienean prest egon behar dugu. Orain garai iluna da, ez da argirik ikusten, baina badakit etorriko dela; ez dakit nola, baina etorriko da. Ahal dugun guztia egiten ari gara.

Taiwanen inguruan piztu den tentsioak nola eragiten dizue?

Urrian Alderdi Komunistaren XX. Kongresua egingo dute. Ez dut esango Xi Jinping hautatuko dutenik, ez baitago bozik; haren jarraipena berretsiko dute. Barne Mongoliako eskualdea dagoeneko Txinaren patrikan dago, Tibet eta uigurron eskualdea zertxobait kanpoan daude, eta Hong Kong-en nazioarteko arreta dago, baina, oro har, Txinak patrikan ditu eskualde horiek. Taiwan, ordea, guztiz kanpo dago. Patrikan nahi du Txinak, hori da Xiren anbizioa, Mao Zedong baino handiagoa izatea. Hortik aurrera, ez du beste kongresurik beharko.]]>
<![CDATA[Connecticut, Ipar Amerikako euskaldunen topaleku]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1914/028/001/2022-08-30/connecticut_ipar_amerikako_euskaldunen_topaleku.htm Tue, 30 Aug 2022 00:00:00 +0200 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1914/028/001/2022-08-30/connecticut_ipar_amerikako_euskaldunen_topaleku.htm
Boiseko euskal jaialdi ezagunak 2015ean izan zuen azken ekitaldia. Pandemiak eragotzi zuen 2020koa, eta, ikusita 2021ean ere ezingo zela egin, 2025era atzeratzea erabaki dute. Estatu Batuetako gainerako euskal elkarteak, baina, buru-belarri ari dira berriz ere lanean, pandemia aurreko jardunak antolatzen eta berriak prestatzen. Hala, udaberri amaieran Nevada, Kalifornia, Idaho eta beste zenbait estatutako elkarteek antolatzen dituzten piknik edo euskal jaiak indarrez itzuli dira aurten. Estatu Batuetako ekialdean horrelako gutxiago izaten dira, baina, joan den asteburuan, New England Basque Clubek (Ingalaterra Berriko Euskal Kluba) Ipar Amerikako bazter guztietako euskaldunak elkartu ditu New London hirian, New Yorketik bi ordura.

Connecticut estatuko itsas hiri horretan egin du biltzarra, izan ere, NABO Ameriketako Estatu Batuetako Euskal Elkarteak. Bilera garrantzitsua izan da, besteak beste datorren urtean 50 urte beteko direlako erakundearen sorreratik: «Elkarte gisa geroago erregistratu zen, baina garrantzitsuena euskal elkarteak lehen aldiz batu zirenekoa da; ordura arte, bakoitzak bere aldetik ahal zuena egiten zuen. 1973an izan zen bilera hori; beraz, mende erdi izango da datorren urtean», dio Philippe Acheritogarayk; berriz ere NABOko lehendakari hautatu dute aurten.

Urtez urte handituz joan da elkartea, baita antolatzen dituzten programak eta ekitaldiak ere. Aurten, bertso saio berezia egin zuten San Frantziskon, joan den martxoan, eta orain bertsolaritza lantzeko egitasmoa landu eta onartu berri du. Boiseko euskal etxeko Todor Azurtzak diseinatutako programaren arabera, urtero nazioarteko ekitaldi bat eta lekuan lekuko saioak egitea aurreikusi dute, baita bertso eskola bat sortzea ere. Boisen egingo dute, eta, Idahoko hiriburuko euskaldunekin batera, online ere parte hartu ahalko dute gainerako lekuetako euskaldunek.

Euskal jaia

Bileraren lehen egunaren ostean, topaketaren bigarren eguna euskal jaiak hartu zuen. Elkarrengandik bost mila kilometrora daude Kalifornia eta Quebec, baina parez pare aritu ziren bateko eta bestekoak musean. Amerikanuak taldeko musikariak Utahtik iritsi ziren. «Oso giro ona dago hemen; zertxobait desberdina da AEBko mendebaldean, Utahn, Nevadan edo Kalifornian esaterako egiten ditugun jaialdien aldean, baina ederto gaude», esan zuen Jean Flesher taldeko buruak, bizkaierazko ukituak dituen behe-nafarrera batean. «Ezterenzubin du familiak jatorria, baina gure inguruan bizkaitarrak dira gehienak», adierazi zuen barrezka.

Herri kirolen txandan, euskaldunek eta amerikarrek oihu artean egin zieten txalo aizkolariei. Juan Mari Aramendi pilotari ohiarekin ziren Darcy Rose, Eric Piazza eta Richard Jordan; euskal jatorririk gabe, aizkorak ekarri ditu euskal kiroletara. «Hemen inguruan ere lehiatzen gara, eta nazioartean ere ibili naiz. Australian, esaterako, bazen euskaldun bat: sekulako egurra eman zien denei», esan zuen Darcy Rosek.

Segidan, txingak eroateko txanda izan zen. Kirol guztiak ez ziren lehorrean izan, horratik: New Londonek, ezin bestela, Thames (Tamesis) izeneko ibaia dauka, eta hantxe ibili ziren arraunean Quebecetik ekarritako traineruan. Ez zuten lehen aldia Montrealekoek Connecticuten, baina oraingo honetan ezustekoa izan dute, Beñat Urrutia euskara irakasle uztariztarrak gogoratu bezala: «Estatu Batuetako mugara iritsi garenean, bihurgune moduko bat zegoen mugazainaren etxolan, eta hor blokeatuak geratu gara. Polizia urduri jarri da, gauez zen, traineruan begira, eta sekulako auto ilara hasi da sortzen», gogorarazi zuen, pasatakoan barrez baina une hartan gaizki pasatu zutela aitortuz. «Azkenean, autotik jaitsi, eta traineruari bultzaka igaro dugu muga. Mugazainari esan diot bihar itzuliko garela trainerua Quebecera ekartzeko».

Euskal tradizio ugari

Ameriketako Estatu Batuetako zortzi talderekin abiatutako ibilbide horretan 40 elkarte baino gehiago dira; egun, Kanadan, Quebeceko kideak ere biltzen dira NABOn, baita Ternua parean Frantziaren menpe dagoen Saint Pierre eta Mikelune uharteetakoak ere. Azken lurralde horretako eta Quebeceko kideen presentzia nabarmena izan da Connecticuteko bileran, eta euskararekin eta ingelesarekin batera frantsesa ere entzun da New Londongo kaleetan.

Hala, Saint Pierre eta Mikeluneko ordezkariak abuztu erdialdean ospatutako haien jaialdia amaitu berritan iritsi ziren Connecticutera. Lapurdiko kostaldean dute jatorria gehienek. Edith Urtizberea elkarteko presidenteak, Txingudin, baina mugaz beste aldean, Irundik iritsi baitziren arbasoak. Egun, dantza taldea, abesbatza eta arraun elkartea ere badituzte, traineruarekin uretara astean behin irteteko.

Lehen aldia jaialdian

Benan Oregik, bi jaialdiak uztartzeko asmoz joandako Eusko Jaurlaritzaren Euskal Komunitateen zuzendaritzako ordezkariak, berriz, ezbeharra izan zuen: NABOko bileran COVID-19an positibo eman, eta hoteletik jarraitu behar izan zion jaialdiari. Unai Telleria Jaurlaritzaren AEBetako ordezkaria izan zen hasiera ekitaldian. «Lehen aldiz izan dut aurrez aurre parte hartzeko aukera, bilera gehienak mendebaldean direlako, eta oso aukera ona da denen errealitatea ezagutzeko, zer plangintza daukaten, eta nola ari diren euskara eta euskal kultura bultzatzen Estatu Batuetan eta Kanadan. Oso pozgarria da ikustea bai NABOk oro har, bai hemengo euskal etxeak berriz ere martxa hartu dutela».

Telleria Michael Passero New Londongo alkatearen aldamenean izan zen hasiera ekitaldian. Auzapezak bisitariei galdetu zien zenbat zeuden lehen aldiz bere hirian, eta pozez ikusi zuen zelan jasotzen zuten gehienek eskua. Whale Tail Fountain edo Balea Buztanaren Iturriaren aldamenean egin zuten irekiera ekitaldia, eta haren aldameneko plazan jaialdia. «Alkatea hasieratik izan dugu ondoan gure ekitaldiak antolatzeko», adierazi zion BERRIA-ri Ander Caballero Ingalaterra Berriko Euskal Klubeko presidenteak. «Pilotariak dira elkarteko kide gehienak; hemen familia sortu zuten, eta euskal kulturari eutsi diote. Eta alkatea beti egon da prest ondare hori ere zabaltzeko; besteak beste, Balea Buztanaren plazak erakusten duenez, hemen ere balearen inguruko kultura aspaldikoa delako».]]>
<![CDATA[Salman Rushdie eta gu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1935/016/001/2022-08-14/salman_rushdie_eta_gu.htm Sun, 14 Aug 2022 00:00:00 +0200 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1935/016/001/2022-08-14/salman_rushdie_eta_gu.htm
PENen ekimenen zutabeetako bat izan da Rushdie, Bertso Satanikoak idatzi eta Khomeini aiatolak hiltzera kondenatu zuen fatuarekin ezkutatzera jo behar izan zuenetik; ia hamarkada baten ostean, berriz ere jendaurrean agertu zenetik, adierazpen askatasunaren aldeko dozenaka agerraldi egin ditu. Ezin ahaztu, esaterako, Euskaldunon Egunkaria itxi ostean, Euskal PENen sorrera ekarriko zuten lehen ekimenetako batean, Martxelo Otamendiren ondoan egin zuen hitzaldia, Bartzelonan, Kataluniako PEN taldeak antolatuta. Handik gutxira, aho batez onartu zuten euskal kazetari, idazle zein itzultzaileon taldea PEN familian. Hemezortzi urte joan dira ordutik, hiru hamarkada baino gehiago fanatismo erlijiosoak Rushdieren aurkako zigorra ezarri zuenetik.

Burhan Sonmez iaz PENeko presidente hautatu genuen idazle kurduak gogora ekarri duenez, «Salman PEN komunitateko sortzaile errespetatu eta maitatua da; urteetan jasan ditu mehatxuak bere lanarengatik. Inork ez luke mehatxurik jaso beharko, are gutxiago erasorik, bere ikuspegia era baketsuan adierazteagatik».

Ez dago, bistan da, zertan Rushdierekin bat etorri haren alde egoteko, haren alde egiteko, hitzaren balioa azpimarratu eta defendatzeko. Jarrera antiklerikala izan liteke, eta salatu Indian edo Mendebaldeko Europako nazionalismo eskuindarrek musulmanen aurka darabilten jarrera baztertzailea. Eta salatu era berean komunitate musulman askotako fanatismoaren aurrean ezkerretik egin den utzikeria, gure seme-alaben aldamenean ikasten duten neskato nerabeei eskubideak murriztea justifikatzeraino.

Hitoshi Igarashi itzultzailea 1991n hil zuten, Bertso Satanikoak japonierara itzultzeagatik. Handik bi urtera William Nygaard editore norvegiarrari ere eraso zioten, hiru tiro eman zizkioten etxetik irtetean. Egun PENeko lehendakariorde da William, eta gure topaketa gehienetan izaten da. Unerik zailenetan liburu bat idaztea, itzultzea edo argitaratzea hautatu zuten editore zein itzultzaileei buruz ere badakigu zerbait bazterrotan.

Ingelesez idazten du Salman Rushdiek, eta haren liburuetako batzuetan murgiltzea sekulako gozatua da. Lotsa (Shame) edo Gauerdiko umeak (Midnight's children), esaterako, Indiako zatiketa, Pakistanen sorrera edo Kaxmirreko gatazkara hurbiltzeko dauden eleberririk interesgarrienetakoak dira. Joseph Anton autobiografikoak fatuaren osteko urteak hurbiltzen dizkigu. Baina Haroun eta Istorioen Itsasoa da (Haroun and the Sea of Stories), ziur aski, idazteaz, askatasunaz, debekuaz hausnartzeko alegoria ederrena.

Beste hainbatek egunotan esan bezala, omenaldi onena Salman Rushdie irakurtzea dela aldarrikatu nahiko nuke, baina BERRIAn ari naiz idazten, eta ez diot euskal irakurleari erdaraz irakurtzea eskatu nahi. Euskaldun batzuek jatorrizkoan irakurriko zuten Rushdie, ingelesez, gehienek espainieraz ziurrenik, eta frantsesez gutxi batzuek. Baina inork ez euskaraz. Itzela da euskal itzulpengintzak urteotan lortu duen maila, ez dut uste inork horren zalantzarik duenik, bai itzulpenen kalitatean, bai itzulitakoaren kopuruan, asko egin da. Baina gutxiegi da oraindik. Kaleko hizkuntza-ohiturak aldatzea bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa da etxe barruko espainol makulua kentzea. Disney aldarrikatu zuten batzuek, Netflix besteek, pantailak masiboki euskaratu behar ditugula ohartu gara, eta beste horrenbeste egin behar dugu gure apaletako liburuekin: Rushdie ere euskaraz behar dugu.]]>
<![CDATA[Abortu-debekuaren absurdoak AEBetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/018/001/2022-07-17/abortu_debekuaren_absurdoak_aebetan.htm Sun, 17 Jul 2022 00:00:00 +0200 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1971/018/001/2022-07-17/abortu_debekuaren_absurdoak_aebetan.htm
«Autoan beste inor ote zegoen galdetu zidan, eta baietz esan nion». «Non?», galdetu zion agenteak. Emakumeak sabela adierazi zion agenteari: 34 asteko zegoen haurdun. Hori ez zela aintzat hartzen erantzun zion poliziak, baina Bottonek ez zuen atzera egin: «Tira, gertatu den guztia ikusita [Roe v. Wade, aborturako eskubide konstituzionala baliogabetzea AEBetako Auzitegi Gorenak], ez dut adierazpen politikorik egin nahi, baina ulertzen duzu hau haur bat dela?». Agenteak ez zion argudioa erosi, bi bidaiariren araua gorputzetik kanpo aulkiren bat betetzen zuten pertsonei omen zegokiela-eta. Baina legeak autoan gutxienez bi lagun joan beharra baino ez du esaten; fetua pertsonatzat hartzen bada, badira bi, beraz.

Agentearen jarrera ikusita, haren lankidearengana jo zuen Bottonek. Bigarren polizia horrek ere ez zuen ontzat eman haurduna eta fetua bi pertsona gisa zenba zitezkeenik, baina aitortu zion, emakumeak borroka pixka bat eginez gero «ziur» isuna kenduko ziotela. Datorren asteazkenean jakingo du, beraz, 215 dolarreko isuna ordaindu behar duen ala ez.

Texas AEBetako bigarren estatu handiena da azaleran, eta hirugarrena biztanlerian, eta abortuaren aurkako legerik gogor eta, sarritan, aldrebesenak ditu; besteak beste, edozein herritarrek eskumena dauka beste pertsona baten aurka salaketa jartzeko, abortuak egiten laguntzeagatik; haurdunaldia eten nahi duen emakumea klinikaraino daraman taxilaria, esaterako. Horren baitan, fetua edo jaio gabeko haurra «pertsona» bezala definitu dute Texasko kode penalean. Estatuko arau baten arabera sabelean dagoena pertsona bat den artean, estatu bereko trafiko legeak bestela dio. «Lege batek dio hau haurtxo bat dela, eta beste batek diost saihetsak ziztatzen dizkidan haurra ez dela haur. Zer zentzu du horrek?».

Aborturako eskubidea kentzearen inplikazioak sakonagoak dira, autobideko anekdotak agerian uzten duenez. AEBetako legea ius solis da, hau da, AEBetan jaiotako guztiek dute automatikoki estatubatuar herritartasuna, gurasoen nazionalitatea edo estatus juridikoa edozein dela ere. Legez kanpo AEBetan diren pertsonen seme-alabek nazionalitaterako eskubiderik ez dutela salatu duten eskuineko ahalegin guztiek kale egin dute; AEBetan jaiotakoa estatubatuarra da legez. Beraz, Texasen haurdun dagoen edozein emakumeren sabelean oraindik jaio ez den AEBetako herritar bat dagoela uler liteke. Ondorioz, logika horri jarraiki, paperik gabeko etorkina atxilotu eta herrialdetik kanporatzea ere debekatuta geratuko litzateke, balizko estatubatuar txiki bat daramanez sabelean.

Ez hanka ez buru ez daukan anekdota izan liteke, ados, absurdoaren mugatik hurbil. Baina horretara iritsi da AEBetako eztabaida politikoa. Haurrik nahi ez dutenak ere erditzera behartu nahi dituzte erditu eta gero babes txikiena emango dieten estatuek: Ez emakumeen osasun-eskubideetan, ez haurren zaintzan, ez eskolako laguntzetan, ez antzeko beste ezertan nabarmentzen ez diren lurralderik atzerakoienek -tira, nabarmendu bai, zerrendan azkenetarikoak dira Mississippi edo Louisiana, esaterako- araurik zorrotzenak hartzeko lehian ari dira. Berotzen hasita, etxean debekatu dieten eskubidea erabili ahal izateko aldameneko estatura joan behar dutenei hori ere galarazi nahi diete: Tennesseetik abortua legala den Illinoisera doanak, legezkoa den eskubide hori gauzatzeagatik ere zigortu nahi dituzte. 1850eko hamarkadako «ihes egindako esklaboen» legearekin konparatu du Lori Lightfoot Chicagoko alkateak proposamena: Esklabotza legez kanpo zegoen estatuetan ere ez ziren seguru izan iheslariak, esklabo-ehiztariek han harrapatu eta Hegoaldera eraman zitzaketelako. Hamar urtez iraun zuen legeak, geroz eta zatikatuago zegoen AEBetan, 1861ean gerra zibila lehertu zen arte.]]>
<![CDATA[Ezin eska indigenei besteek ezin dutena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1928/014/001/2022-07-03/ezin_eska_indigenei_besteek_ezin_dutena.htm Sun, 03 Jul 2022 00:00:00 +0200 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1928/014/001/2022-07-03/ezin_eska_indigenei_besteek_ezin_dutena.htm
Desi Small-Rodriguez UCLAko ikasketa indiarren irakaslearen iruzkinak milaka birtxio izan ditu: «Erraza ematen du, baina ehunka urteko ebazpen legalek bizirik iraute hutsa ere ia ezinezko egiten dute. Beraz, eska iezaiezue zuen hautetsiei, ez herri indigenei!» Baina ez da legea bakarrik: «500 urteko kolonizazioa da, zurien etengabeko izorramendua gu itotzeko. Erakundeak, sistemak, politikak, jendeak, dena. Utz gaitzazue bakean; bizitzen saiatzen ari gara».

Joan den ostiralean, Joe Biden presidentea hainbat estatutako gobernadore demokratekin bildu zen, Auzitegi Gorenaren ebazpenaren inguruan eta estatu askotan abortua debekatzeko hartu dituzten urratsak ikusita nola jokatu adosteko. Proposamenetako bat egoitza federalak abortatzeko eskubidea bermatzeko erabiltzea da, leku horietan ez delako estatuetako araudia ezartzen.

Argudio berarekin, erreserba indiarretan klinikak egoteko aukera aipatu zuen Lujan Grisham Mexiko Berriko gobernadoreak: «Nazio batek esan dezake haien eremuan babesa eman nahi duela, hainbeste emakume datozela ikusita bazterketa gerta daitekeelako osasun langilerik ez baduzu. Aitortzen dute modu esanguratsu batean ezar ditzaketela zerbitzuak. Oklahomaren moduko lekuetan ziur aski gogotsuago egongo direla ikusten dut. Eta gobernu federalak aztertu beharko luke hori».

Bazterketa eta trauma

Alaskaren ostean, Oklahoma eta Mexiko Berria dira jatorrizko biztanle gehien dituztenak: herritarren %16 eta %12, hurrenez hurren.

Alaskari dagokionez, gainera, lurraldearen %40 nazio indigenen esku dago, XIX. mendean haraino bidali zituztelako Mississippitik mendebaldera nahi zituzten txeroki, choctaw eta beste hainbat nazio. Mexiko Berrian, berriz, Indigenous Women Rising elkarte indartsuan antolatzea lortu dute emakume indigenek. 2018an 50 eskaera jaso zituzten haurdunaldia eteten laguntzeko; iaz, Texasen abortua erabat murriztu zutenetik, 600 baino gehiago izan dira galdeak.

Askoren begirada oraintxe bideratu da jatorrizko herrietara, baina gogoratu ere ez dira egin haietaz hamarkada askotan erabateko utzikeria sufritu dutenean. Emakume indigena gehienen ugalketa-osasungintza ez da egon bermatuta abortua legezkoa izan denean ere. «Roe v Wade baliogabetu baino askoz lehenagotik izan dituzte abortatzeko oztopoak emakume indigenek», esan du Allison Herrera kazetariak. Blu Cornell 21 urteko choctaw ikasle eta artistak hau dio Oklahoman: «Pobrezia izugarria dugu; estatutik kanpo zerbitzuetara joatea askoz zailagoa izango da guretzat». Matriarch elkartean dihardu, emakume indigenen aurkako indarkeria ikusarazten, osasunari, sexualitateari eta ugalkortasun justiziari buruz ikastaroak egiten, eta herri indigenetako buruei emakumeentzako osasun zerbitzu gehiago eskatzen, abortua tartean.

AEBetako indigenen osasun sistema sare konplexu bat da, klinika pribatu eta publikoak dituena, aginte tribal, estatal eta federalarekin. IHS (Indiar Osasun Zerbitzua) ehun bat osasun etxe dituen agentzia federala da; beste 638 herri bakoitzak kudeatzen ditu, Washingtonek finantzatuta. Horretatik kanpo geratzen da, ordea, abortatzeko eskubidea, Hyde zuzenketak debekatu egiten baitu sos federalik erabiltzea abortuak egiteko, bortxaketa edo intzestuaren ondorio direnean edo amaren osasunarentzako arriskua dagoenean izan ezik.

Legea kontra

Hori guztia konponduko balitz ere, eta boto emaile indigenek demokraten alde bozkatu arren, jatorrizko herrietan ere badago gizarteko beste talde batzuetan dagoen eztabaida, argudio erlijiosoak edo beste batzuk direla eta.

«Egia da indigenek masiboki bozkatzen dutela demokraten alde, baina askok ikuspegi nahasia dute abortuari buruz, trauma orokor baten ondorioz sarritan. Ia 100 urtez, gobernu federalak haur indigenak asimilazio eskoletara joatera behartu zituen, eta gurasoei seme-alabak hazteko eskubidea ukatu zien. XX. mendearen erdialdean, IHSk eta beste osasun zaintzaile batzuek emakume natiboak antzutu zituzten emakumeon baimenik gabe», gogorarazi dute Lauren van Schilfgaarde eta beste bost legelari indigenak, Indiar herrialdea aborturako babesgune bihurtzearen falazia artikuluan: «Giza eskubideen urraketa horiek hutsune izugarriak utzi zituzten, eta abortu eskubideen aldekoei ere etsipena dakarkie eztabaida politiko garratzak [...]; eztabaida ez da berdina izango herri batetik bestera, baina herrien barne eztabaida horietan kanpotik eragiteak ziur aski tentsioak hauspotuko ditu».

Oztopo legalak asko dira: erreserba guztiei ez zaie subiranotasuna aitortzen, baina, aitortzen denean ere, hainbat baldintzapen daude, eta, oro har, herri horretako kideentzat da. Kasuistika oso zabala da, baina haurdunaldia eteteko prozeduran parte hartzen duten alde guztiei dagokie, emakumeari eta osasun langileari batez ere. Bietako bat nazio indigenako kide gisa erroldatuta ez balego zenbait estatuk haren aurka egingo lukeela uste dute adituek.

Hori guztia aski ez, eta ezin ahaztu Auzitegi Gorenak asteazkenean emandako ebazpena, estatuek ere herri indigenetan egindako delituetan jarduteko eskubidea dutela azpimarratuz —orain arte gobernu federalak baino ez zeukan horretarako ahala, baina ez estatuek—. Legelari eta ekintzaile indigenek beren subiranotasunaren aurkako eraso larritzat jo dute ebazpena.]]>
<![CDATA[Gizarte zibilaren txanda abortatzeko eskubidearen alde]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/016/001/2022-07-02/gizarte_zibilaren_txanda_abortatzeko_eskubidearen_alde.htm Sat, 02 Jul 2022 00:00:00 +0200 Urtzi Urrutikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1913/016/001/2022-07-02/gizarte_zibilaren_txanda_abortatzeko_eskubidearen_alde.htm
Ikusi gehiago: «Argi esango dugu gehiengoa garela. Amorruaren uda izango da»

Aurretik, manifestazioa egin zuten Ez dugu atzera egingo zioen pankarta batekin. Lelo berarekin ekin zioten bi musikarik bide-bazterretik, Poliziak atxiloketak egiten zituen bitartean: Ez dugu atzera egingo, gure giza eskubideen kontrakoa erasoa da. Kongresuaren atzeko parkera eraman zituen Poliziak -Gernikako arbolaren kimua landatuta dagoen lekura-, protestaren inguruan ziren jendeen txalo eta oihu artean: «zuekin gaude», «ez dugu atzera egingo», eta antzeko animoekin batera, eskerrak eman zizkieten bide-bazterrean geratu ziren lagunek.

Center for Popular Democracy, Planned Parenthood Action eta Working Families Party taldeek elkarrekin prestatutako ekintza izan zen, eta hainbat pertsona ezagunek babestu zuten: Busy Philipps aktoreak, William Barber apaizak eta Tarana Burke ekintzaileak, esaterako. Judy Chu Kaliforniako kongresukidea eta Ana Maria Archila New Yorkeko gobernadoreorde izateko hautagai progresista ere izan ziren atxilotuen artean. Banan-banan datuak hartu ostean, libre geratu ziren; isuna jasoko dute aurki.

Orain arteko ariketarik jendetsuena izan da, eta adierazi dute uda osoan jarraitzeko borondatea dutela. Iragan asteartean, bost emakume AEBetako hiriburuko garabi batera igo ziren, eta Joe Bideni dei zuzena egiten zion pankarta erraldoi bat zabaldu zuten, hark abortua babes dezan. Gorenak erabaki zuenetik, etengabe ari dira deiak jasotzen. Batzuek, herrialde honetan ohikoena baina ezinbestekoa dena egiteko: dirua biltzen laguntzeko. Beste askok modu aktiboan izan nahi dute boluntario, protestetan, antolakuntzan, zein zuzeneko laguntza ematen haurdunaldia eteteko etxetik urrun joan behar duenari: garraiobide bat emanez, klinikarainoko lagunduz, gaua pasatzeko aterpea eskainiz edo lehendik dituzten umeak zainduz, esate baterako.

Boluntarioak

Midwest Access Coalition elkartea aspaldi ari da haurdunaldia eten nahi duten emakumeentzako garraioa eta bestelako babesa bilatzen AEBetako erdialdeko estatuetan. Illinoisen abortua legala da, baina, inguruko estatu gehienetan, debekatu egin dute: iaz, estatutik kanpoko 5.000 emakume artatu zituzten; aurrerantzean, berriz, 20.000 eta 30.000 bitartean iristea espero dute. Mexiko Berrian -Texas ondoan-, Coloradon eta Kalifornian -han egiten ari dira urrats gehien abortu eskubidea bermatzeko- ere antzeko kalkuluak egin dituzte.

Ikusi gehiago: «Ez dugu esan nahi, baina emakumeak hilko dira lege hauengatik»

Ustekabeko kide bat aurkitu dute azkenaldian, Elevated Access sareko pilotu boluntarioei esker. Abortua legala den estatuetako kliniketatik oso urrun eta sarritan etxalde sakabanatuz osatutako nekazari eremuetan bizi direnei laguntzen diete batez ere hegazkin txikiekin. Maiatzean hasi ziren, hiru piloturekin, eta 50 boluntario dituzte jadanik; beste 170 pilotuk ere agertu omen dute interesa. «Aurretiaz pentsatu ez genuen zerbait da, eta nabarmen aldatzen du gure lana», esan du Alexis Dreith MACko arduradunak, duela egun gutxi Oklahomatik Kansas Cityra egindako lehen hegaldiaren zirrara gogoratuz: 1.100 kilometrora bizi zen emakume bati laguntzeko prest dagoen jende kopurua ikusteak «itxaropen handia» ematen dio Dreithi. Baina zenbait estatutan elkartasuna ere debekatu dute; Texasen, esaterako, emakume bat laguntzen duen edonor zigortu liteke, baita hura klinikara daramana ere. Beste estatu batzuek ere antzeko neurriak proposatu dituzte.

Auzitegi Gorenak Roe (aborturako eskubide konstituzionala) atzera botatzea oso neurri larria izan bada ere, zenbait lekutan urteak daramatzate abortuak egiten dituen klinikarik izan gabe etxe inguruan. Mendebaldeko Virginiako estatu menditsutik Washingtonera etortzen laguntzeko, adibidez, aspaldi ari dira koordinatzen bestelako modurik ez duten emakumeei garraioa aurkitzeko.

Leku batzuetan aborturik ez egiteak beste batzuetan gehiago egitea ekarriko du, domino efektu moduko bat abortua debekatuta dagoen estatuetatik legala den lekuetara. Estatu askotako kliniketan beteta dauzkate tarte guztiak, nahiz eta asteburuak eta lanetik kanpoko orduak ere erabili.

Horregatik, eskatzen dute bestelako klinikek ere lagundu dezatela. «AEBek ez dute aski klinikarik egoera berrira egokitzeko», esan du Ghazaleh Moayedi Texasko ginekologoak. «Erietxe gehiago eraiki beharko dira, ehunka, eta beste batzuen azpiegiturak ere erabili beharko dira».

Dentistak eta zirujau plastikoak ditu gogoan, esaterako: «Oso garrantzitsua litzateke astean behin edo bitan leku egitea».]]>