<![CDATA[Uxue Arzelus | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 29 Nov 2021 16:21:25 +0100 hourly 1 <![CDATA[Uxue Arzelus | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Txikitasunetik hazten]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2133/028/004/2021-09-26/txikitasunetik_hazten.htm Sun, 26 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/2133/028/004/2021-09-26/txikitasunetik_hazten.htm 'Petite maman'

Zuzendaria: Celine Sciamma. Aktoreak: Josephine Sanz, Gabrielle Sanz, Nina Meurisse. Herrialdea: Frantzia. Iraupena:72 minutu.

Nelly eta ama bere haurtzaroko etxera joan dira. Amona hil egin da, eta etxea hustu behar dute. Nellyk 8 urte ditu, eta etxea eta bere inguruak deskubritzeko jakin-min handia. Bere amak kontatu dizkion txikitako abenturen lekuak bisitatu nahi ditu; basoan eraiki zuen etxetxoa esaterako. Bertan ezagutuko du Marion. Marionek ere 8 urte ditu eta Nellyren antz izugarria du.

Celine Sciammaren azken filma da Petite maman. Fantasia puntu bat duen istorio honek haur baten begiradan kokatzen gaitu; bere amarekin duen harremana ulertu nahi duen haur batenean, maite dituenen galera kudeatzen ikasten duen bitartean. Eta Sciammak primeran jakin du begirada hori erretratatzen: era goxo baina irmoan, handikeriarik gabe, esan behar ez direnak esan gabe. Eta hori guztia itzela den lehen eszenatik erakusten digu zinegile frantsesak: Nelly amona bati gurutzegrama bat egiten laguntzen ari zaio, eta azken hitza esan ondoren agur esaten dio. Pasillora irten eta ondorengo gelara laguntzen dugu haurra; barrura sartu eta bertan dagoen amonari ere agur esaten dio. Hurrengo gelara sartzean emakume gazte batekin aurkitzen da, gauzak jasotzen dabilena; Nellyren ama. Nellyk egurrezko bastoi bat hartu eta etxera eraman dezakeen galdetzen dio amari. Sinplea da, baina hunkigarria. Ez dago kamera mugimendu ikusgarririk, soinu banda dramatikorik, diskurtso goibelik. Eta hori guztia galtzean hartzen du indarra.]]>
<![CDATA[Guztiek ez dute berdin balio]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1993/028/002/2021-09-26/guztiek_ez_dute_berdin_balio.htm Sun, 26 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/1993/028/002/2021-09-26/guztiek_ez_dute_berdin_balio.htm 'Carajita'

Zuzendariak: Silvina Schnicer eta Ulises Porra. Herrialdea: Dominikar Errepublika- Argentina. Iraupena: 89 minutu.

Yarissa, Yari, 19 urterekin hasi zen Sara zaintzen, haurrak 4 urte zituenean. Haien arteko harremanak ama-alabenaren antza dauka; Sararen erreferentea da Yarissa, eta, filmaren hasieran dioen bezala, gazteak badaki Yari gertu badago dena ondo joango dela. Yarik Sararen adina duen alaba bat dauka, Mallory, eta haien arteko harremana tentsioz eta kulpaz beteta dago; izan ere, Sararen familiarentzat lan egiteko bere haurra beste esku batzuetan utzi behar izan zuen. Gau euritsu batean gertatutako istripu batek erlazio horiek guztiak zintzilik utziko ditu.

Silvina Schnicer argentinarraren eta Ulises Porra katalanaren bigarren film luzea da Carajita. Dominikar Errepublikan kokatuta, eta ama-alaben arteko harremanak ardatz hartuta, klase sozial ezberdinen irakurketa kritiko bat egingo digu filmak. Baina ez da diskurtso propagandistiko batean geldituko; bi familien (aberatsa eta behartsua) arteko kontrasteekin jokatuko du; batzuen amorru eta justizia nahia eta besteen erantzukizuna onartzeko intentzio eza, batzuen mina eta besteen burokrazia. Eta heriotza guztiek berdin balio ez duten gizarte baten erdian, ama-alabak: odol berekoak eta diru-truk sortutakoak.]]>
<![CDATA[Perfekzioaren alde ugariak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/029/002/2021-09-25/perfekzioaren_alde_ugariak.htm Sat, 25 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/1956/029/002/2021-09-25/perfekzioaren_alde_ugariak.htm 'The Pursuit of Perfection'

Zuzendaria: Toshimichi Saito. Herrialdea: Japonia. Iraupena: 79 minutu.

Lau pertsonaia, lau chef japoniar, sukaldaritza ulertzeko lau era, eta lau sukalde ezberdin. Takemasa Shinohara karatean ibilitakoa da, eta profesional izateko eskaintza alde batera utzi zuen sukaldaritza ikasteko. Bere lan prozesuak, ordea, karatearekin antzekotasun asko dituela aitortzen du. Kaiseki sukaldaritzan espezializatuta dago eta aldian aldiko produktuak erabiltzeari ematen dio garrantzia. Natsuko Shoji Tokioko emakumezko chef ezagun bakanetakoa da, eta bere baitan bi pertsona dituela dio: batetik, Natsuko, emakume isila, bakartia, komunikatzaile kaxkarra, eta bestetik Eteko, bere alter ego-a: ausarta eta kreatiboa. Arte garaikidetik gertu dauden pastelengatik da ospetsua. Yosuke Suga da izar kontzeptura gehien hurbiltzen dena; bere lankideak ez ditu begirune handiz tratatzen, eta atentzio osoa bezeroengan jartzen du. Sukaldaritza frantsesa eskaintzen du bere jatetxean. Takaaki Sugitak umiltasun osoz hartzen du bere lana: hori egiteko jaio zen, ez daki beste ezer egiten, eta hori egiten hilko da. Sushi chefa da.

Toshimichi Saitok zuzendu du The Pursuit of Perfection. Izenburuak dioen bezala, perfekzioaren bila dabiltzan lau sukaldariri buruzko dokumental bat da, baina haien izaera eta lana ulertzeko modua direla-eta, perfekzio horretara iristeko bideak ugariak direla ikusiko dugu. Lau chefek komunean dutena, ordea, beren plater eta kreazioekiko errespetua da; argi dute sortzen ari direna janaria baino gehiago dela, eta Saitok bikain islatu du gastronomiarekiko maitasuna.]]>
<![CDATA[Fikzioaren hariak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2110/029/003/2021-09-25/fikzioaren_hariak.htm Sat, 25 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/2110/029/003/2021-09-25/fikzioaren_hariak.htm 'Re Dai Wang Shi / Are You Lonesome Tonight?'

Zuzendaria: Wen Shipei. Herrialdea: Txina. Iraupena: 95 minutu.

Wang Xueming-ek autoarekin harrapatuta norbait hil duela uste du. Errudun sentituko da, hildakoaren alargunarengana hurbilduko da, eta bere familiari buruzko informazioa ezagutzen joango da. Baina familia-gizon arrunta zirudienak uste baino sekretu gehiago izango ditu gordeta, eta auto istripu horren atzean beste interes batzuk zeudela ohartuko da Xueming.

Wen Shipei txinatarraren lehen luzemetraia da Re Dai Wang Shi / Are You Lonesome Tonight?. Gaiari dagokionez, hiltzailearen eta alargunaren arteko harremanean zentratutako istorio baten aurrean nengoela uste nuen, apur bat ilun eta makabroa, bai, baina hor geldituko zela iruditu zitzaidan. Aldiz, Shipeik thriller tankerako istorio bat bilakatzen du filma, eta bi protagonisten arteko erlazio horretaz gain, diru mordo baten eta mafiaren erdian kokatuko du protagonista; eta orduantxe hartuko dute zentzua zuzendariaren hainbat erabakik. Izan ere, bere eskua filmaren lehen eszenatik ikusiko dugu, ez da batere sotila: argiztapen espresiboa, koloreen eta haien saturazioaren erabilera, soinuarekin egiten dituen jokoak, planoen arteko trantsizioak... denak dira oso agerikoak. Fikzio baten barruan gaude, eta fikzio horren atzeko hari bakoitza erakusten digu Shipeik. Aukera ausarta iruditu zait, eta filma bi pertsonaien arteko harremanean geldituko balitz, gehiegizkoa; baina ikuslea datorrenerako prestatzen ari dela dirudi, tentsioz beteriko ingurune ilun bat sortuz. Thrillerra iristean jada barruan gaude, oso-osorik.]]>
<![CDATA[Amatasunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2261/029/004/2021-09-25/amatasunak.htm Sat, 25 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/2261/029/004/2021-09-25/amatasunak.htm 'Ese fin de semana'

Zuzendaria: Mara Pescio. Herrialdea: Argentina-Brasil. Iraupena: 67 minutu.

Julia abeslaria da, eta badira hainbat urte bere herritik alde egin zuela bere ametsari jarraitzeko. Bertan utzi zituen Clara alaba eta iruzur baten ondorioz haserre dauden bizilagun mordoa. Orain herrira itzuli beharko du, iruzur horretatik atera zuen dirua berreskuratzeko. Itzulerak, ordea, bere iraganarekin topo egitera eramango du, eta atzean utzi zituen horiekin aurrez aurre aurkituko da.

Film xume bat aurkezten digu Mara Pescio zuzendari eta gidoilariak, istorioaren pisua bi pertsonaia nagusietan jartzen duena. Batetik, ideiak argi dituen emakumea, Julia, helburu jakin bat finkatu eta hura lortzeko egin beharrekoak egiten dituena; bakarrik dago eta bakarrik dihardu. Clara, ordea, inozenteagoa da, eta bere ingurukoengandik lortzen du indarra. Pesciok detaile txikiak erabiliz aurkeztuko dizkigu bi emakumeak (auto-stop egiten ari den emakumeari motxilatik diru apur bat lapurtzen dion ama, une oro jendez inguraturik dagoen alaba), eta haien ezberdintasunean nolabait ulertzen diren ama-alaba baten istorioa kontatuko digu. Horrela, zenbaitetan ama zein den eta alaba zein den nabarmen gelditzen ez den harreman bat ikusiko dugu; asteburu batean ulertuko dugun harremana, baina funtzionatzen duena: ez dago gorrotorik, batak ez dio besteari ezer leporatzen eta mundu desberdinetatik datozela dirudien arren, elkar maite dute. Ezohiko amatasun baten erretratua.]]>
<![CDATA[Nahastuta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1934/028/003/2021-09-24/nahastuta.htm Fri, 24 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/1934/028/003/2021-09-24/nahastuta.htm 'Red Rocket'

Zuzendaria: Sean Baker. Herrialdea: AEB. Iraupena: 130 minutu.

NSYNC taldearen Bye bye bye kanta eta zoom azkarra ubelduz jositako gizonaren aurpegira. Horrela hasiko dugu Mikeyren ibilbidea. Jaioterrira itzuliko da Mikey, Texas City-ra. Porno izarra izandakoa da, eta 17 urtez industrian lan egin ondoren bere emaztearen etxera itzuliko da: dirurik gabe eta lo egiteko lekurik gabe. Mikey lotsagabe bat da, nartzisista bat, eta inguruan duen jendea erabiltzen du bere onurarako. Horrela, ahal duena egiten hasiko da dirua bildu eta Kaliforniara itzultzeko, bere ibilbidea berreskuratzeko asmoz.

Trumpen Amerika erakutsiko digu Sean Baker zinemagileak Red Rocket-en. Herrialdea handia egingo duten horiena. Porno izar ohiaz gain, droga arazoak dituen eta bizirik irauteko prostituitu egin behar den haren emaztea erakutsiko digu, marihuana negozioa duen familia bat, eta banderatxo estatubatuarrak saltzeko gerra beteranoz janzten den gaztea. Eta Strawberry: donuts denda batean lan egiten duen neska adingabea.

Gizarte estatubatuarraren erretratu bat egin nahi izan du Bakerrek, baina amets amerikarrak ahaztuta utzi dituen herritarrena. Komedia eran egin duen erretratu bat da, eta zenbaitetan nahastuta utzi nau: ez dakit pertsonaiez barrez ari zen, edo egoera horretara bultzatzen dituen sistemari kritika bat egiten ari zen. Protagonistak ia zigorrik jaso gabe nahi duena lortzeak, adingabe batekin izaten duen maitasun istorioa komedia erromantiko gisa kontatuta egoteak, eta pertsona nazkagarri bat izan arren ikuslearengan sinpatia eragiteak are gehiago nahastu nau.]]>
<![CDATA[Zenbat eta zenbat Amparo]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/028/002/2021-09-24/zenbat_eta_zenbat_amparo.htm Fri, 24 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/1905/028/002/2021-09-24/zenbat_eta_zenbat_amparo.htm 'Amparo'

Zuzendaria: Simon Mesa Soto. Herrialdea: Kolonbia-Alemania-Suedia-Qatar. Iraupena: 95 minutu.

Kolonbian gaude, 90eko hamarkadan. Amparoren semea, Elias, armadak eraman du ezustean, eta gerra eremu arriskutsu batera joango dela esan diote. Emakumea semea berreskuratzeko edozer egiteko prest dago, eta diru truk Eliasen paperak aldatu eta armadatik irteten lagunduko dion gizon bat aurkituko du. Denbora gutxi eta baliabide are gutxiago dituen arren, diru hori lortzeko dituen aukera guztiak agortuko ditu.

Simon Mesa Sotok zuzendutako lehen film luze honetan, ama batek semearengatik egiten dituenak ikusiko ditugu. Gatazkaren une gorenean kokatuta dago istorioa, eta ustelkeriaz jositako sistema batean bizirik iraun behar duen emakume baten azalean jarriko gaitu Mesak. Izan ere, zuzendari kolonbiarrak erabili duen pantaila formatu karratuari (4:3) eta egindako plano itxiei esker, Amparoren estutasuna sentituko dugu; arnasa egiteko aukerarik gabe uzten gaitu, eta ez dugu irtenbiderik ikusten. Eta planoen gertutasun horiekin kontrastean, determinazioz beteriko antzezpena (Cannesko jaialdian saria eraman zuen antzezpena), gauzak okertu arren keinua aldatzen ez duena. Zenbait unetan hotz sentitzen duguna. Egin behar duena egingo duela argi daukan emakume baten aurpegia erakusten digu Amparo-k, gertatutakoa gertatzea espero izango balu bezala. «Gerra pobreena da» dio pertsonaia batek, eta orduan ohartzen gara: zenbat eta zenbat Amparo dauden.]]>
<![CDATA[Babes hormak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2110/029/003/2021-09-23/babes_hormak.htm Thu, 23 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/2110/029/003/2021-09-23/babes_hormak.htm 'Hon-Ja Sa-Neun Sa-Ram-Deul / Aloners'

Zuzendaria: Hong Sung-eun. Herrialdea: Hgo Korea. Iraupena: 90 minutu.

Jina bakarrik bizi da. Bakarrik bazkaltzen du. Bakarrik hartzen du egunero autobusa, eta bakarrik egiten du lan. Bakardade horretan seguru sentitzen da. Telebista, ordenagailua eta sakelakoa piztu eta ingurukoaz ahazten da. Hainbat gertakarik errutina bakarti hori kolokan jarriko dute, eta horren seguru eta erosoa zirudien bizitza birplanteatu beharko du Jinak.

Bakardadea eta honek sortzen dituen hormak aztertzen ditu Hon Ja Sa-Neun Sa-Ram-Deul / Aloners-ek, geure burua babesteko eraikitzen ditugun horma horiek; bakarrik egonda ezerk eta inork ezin baitigu minik egin. Hong Sung-eun zuzendari hegokorearraren lehen film luzea da, eta Jeonju-ko jaialdian lehiatu ondoren emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen Gong Seung-yeon-ek, Jinaren azalean jartzeagatik. Izan ere, filmaren pisua darama protagonistak, eta haren bilakaera oso era dotorean antzeztu du Seung-yeon-ek: presarik gabe emandako aldaketa sotilekin. Haren espresibitate urriak eta erakusten duen apatiak ikuslea aldendu baino gehiago, haren egoera ulertu nahi izatera eramango du. Zuzendariak eta filmaren gainotzeko arloek asko lagundu dute, noski, eta ingurune aparta sortu dute Jinaren bakardadea islatzeko: argiztapen hotza, pantailen presentzia konstantea, soinu bandaren hutsuneak, gainontzeko pertsonaien lanketa bikaina eta gidoia aurrera daramaten detaile txikiak. Nolabait bakardadea partekatutako zerbait izatea lortu dute.]]>
<![CDATA[Kontxi, Iñaki eta txoritxoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/029/002/2021-09-23/kontxi_intildeaki_eta_txoritxoa.htm Thu, 23 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/1956/029/002/2021-09-23/kontxi_intildeaki_eta_txoritxoa.htm 'Fantasia'

Zuzendaria: Aitor Merino. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 100 minutu.

Fantasia. Letra larriz eta itsasontzi baten atzekaldean idatzia. Eta familia bat: Aitor, Amaia eta haien gurasoak, Kontxi eta Iñaki. Paretetan argazki eta koadroak, baita album eta etxeko altzarietan ere: aitona, amona, osaba-izebak eta Aitor eta Amaia. Eta itsasontzian egindako bidaia; eguzkia, izurdeak, bainuak eta barre asko.

Fantasia familia baten erretratua da: gurutzaontzi batean egindako bidaia eta etxean igarotako negu hotzean bizitakoa; bere aje eta gaixotasunekin, barre eta dantzekin. Aitor Merinok, arreba Amaiaren laguntzaz, bere guraso Kontxi eta Iñaki egingo ditu filmaren protagonista, eta haiekin batera jada ez daudenak joango dira familia-koadroa osatzen.

Erretratu intimoa egingo digu Merinok, goxoa, gertukoa. Filmean azaltzen diren argazkien antzera, etxean gelditzeko egindakoak diruditen bideoak erakusten dizkigu, familia bazkari batean egongo bagina bezala: begira hemen aita uretan sartzera zihoala erori egin zen, eta begira hemen Amaia ate batek egiten duen hotsaren erritmoan dantzan. Ezagunak zaizkigu horrelako bideoak, baina Merinok normalean etxeko sukaldetik haratago interes gutxi eduki dezaketen ikus-entzunezko batzuk film bilakatu ditu, eta haiekin fikziozko edozein obra handiren tamainako pertsonaiak. Horrela, denboraren igarotzea eta gurasoak zahartzen ari direla ardatz hartuta, ur gainean eta lehorrean egindako bidaia hunkigarrian lagunduko dugu.]]>
<![CDATA[Hotz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2261/029/004/2021-09-23/hotz.htm Thu, 23 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/2261/029/004/2021-09-23/hotz.htm 'Marocco'

Zuzendaria: Emanuel Parvu. Herrialdea: Errumania-Txekiar Errepublika. Iraupena: 96 minutu.

Alabari oparitu dion lepoko bat desagertu egin da, eta, alabak boluntario moduan lan egiten duen ospitaleko gaixo bati oparitu diola esan arren, aitak ez du sinisten. Erizain batek aurkitu eta haren armairuan gorde zuela jakitean, aitak emakumea kanpora dezala exijituko dio ospitaleko arduradunari, kazetariekin hitz egingo duen mehatxu artean.

Emanuel Parvu aktore eta zuzendari errumaniarraren bigarren film luzeak errua eta erantzukizuna hartzen ditu gaitzat, eta aita eta alaba baten arteko harremanaren desorekak aztertzen ditu. Film zuzena da. Zuzendaritza, antzezpenak, erritmoa, argazkia; denak daude egoki landuak. Ez nuke jakingo akatsen bat duen edo ahulagoa den arloren bat aipatzen. Eta, hala ere, indiferente utzi nauen film bat da.

Niretzat kontua pertsonaietan dago. Istorio bakoitzean pertsonaia bati edo batzuei lotzen gara, haiekin bizi dugu filma. Ez du zertan gustuko pertsonaia bat izan, gorrotoak, beldurrak, errukiak ere lotzen gaitu. Ohartzen naiz oso gauza pertsonala dela, baina lotura hori topatzen ez dudanean, eta nahiz eta teknikoki aparta den pelikula baten aurrean egon, istoriotik irten egiten naiz, eta berdin zait amaiera bat edo beste duen. Eta Marocco-rekin horixe gertatu zait. Ez da film txarra, inondik inora ere, eta argi dago aipatu dudan lotura hori jende askok topatuko duela (lotura hori behar ez duenik ere izango da); baina ni hotz utzi nau.]]>
<![CDATA[Teresa eta Montoya, eta Teresa eta Montoya]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/027/002/2021-09-22/teresa_eta_montoya_eta_teresa_eta_montoya.htm Wed, 22 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/1956/027/002/2021-09-22/teresa_eta_montoya_eta_teresa_eta_montoya.htm 'Una pelicula de policias'

Zuzendaria: Alonso Ruizpalacios. Herrialdea: Mexiko. Iraupena: 107 minutu.

Una pelicula de policias filmak Teresa eta Montoya poliziei jarraitzen die Mexikoko kaleetan zehar. Bueno, nolabait. Monica eta Raul aktoreei jarraitzen die, Teresa eta Montoyaren azalean jartzen direlarik. Horrela, haien lanaren zoko eta zirrikituak ezagutuko ditugu, baita zerk bultzatu zituen polizia izatera eta haien arteko maitasun istorioaren hasiera ere. Eta, aldi berean, bi aktoreen ikuspuntua azalduko zaigu; izan ere, filmerako prestatzeko polizia entrenamendua jaso zuten akademian.

Fikzioa eta dokumentala nahastu ditu Alonso Ruizpalacios mexikarrak bere hirugarren film luzea den honetan. Filmaren lehen eszenan entzuten den emakume batek abesturiko sirena hotsak argi utziko digu hala izango dela. Filmaren lehen zatian Teresa eta Montoya ezagutuko ditugu, baina Monica eta Raulen antzezpenaren bidez. Fikzionaturiko dokumental baten zantzuak dituen kapitulua da: bi polizien deklarazioak entzun eta azaltzen dituzten eszenak ikusiko ditugu. Ondoren aktoreen esperientzian zentratuko da filma, poliziarekiko dituzten aurreiritzi eta usteak, eta akademian ikusitakoak kontatuko dizkigute haien sakelako telefonoekin grabaturiko bideoen bidez. Eta, azkenik, Teresa eta Montoya ezagutuko ditugu, benetako Teresa eta Montoya.

Esperimentu oso interesgarria planteatu du Ruizpalaciosek; errealitatea eta fikzioa nahasten doan dokumentala, polizia direnek eta polizia direla antzeztu behar dutenen ikuspuntuetan zentratuta. Ariketa gisa funtzionatzen duela iruditu zait: fikziozko zatiaren kutsu heroikoa, kritika eta umorea galdu gabe; dokumental estilo klasikoagoren alde humanoa; eta bien artean dauden joko guztiak. Hala ere, landu nahi duen gaia azaltzeko -Mexikoko poliziaren korrupzio eta inpunitatea-, ez dut uste mesede egiten dion formatu bat denik.]]>
<![CDATA[Gela bete min]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2261/027/004/2021-09-22/gela_bete_min.htm Wed, 22 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/2261/027/004/2021-09-22/gela_bete_min.htm 'Mass'

Zuzendaria: Fran Kranz. Herrialdea: AEB. Iraupena: 110 minutu.

Eliza bateko langileak zerbait prestatzen ari dira. Gela batean mahai bat jartzen dute, eta lau aulki haren inguruan. Mukizapiek gertu behar dute izan, baina ez mahaiaren erdian, arraro geldituko da. Janari gehiegi ere ez jarri, ez dute jango, baina ondo dago zerbait eskaintzea. Piano klaseak luze jarraituko du? Bai, baina atea itxiko dugu, eta ez da ezer entzungo. Eta leihoetan zintzilik dauden eskulan horiek?

Mass gela batean igarotzen da. Mahaia erdian duen gela horretan. Bertan elkartuko dira Jay eta Gail, eta Richard eta Linda. Lehenak institutuko tiroketa batean hil zuten nerabeetako baten gurasoak dira; bigarrenak, hiltzailearenak.

Fran Kranz estatubatuarrak idatzi eta zuzendu duen lehen lana da, berak aktore gisa lan egin izan baitu. Film txikia da, hasiera batean batere zinematografikoa ez diruditen ezaugarri batzuekin, baina Kranzek lortzen duena benetan ikusgarria da. Barkamenaren eta erruaren arteko dantza honetan, pertsonaia bakoitzaren minak eta min hori bizitzeko erak egiten du istorioa indartsu. Bakoitzak bere errealitatea bizi du, baina denek partekatzen dute zerbait: oinazea. Franzek maisuki gidatzen gaitu oinaze horretatik; presarik gabe, epaitu gabe. Bi orduz lortzen du ikusleak arretaz jarraitzea gela batean lau pertsonaiek duten elkarrizketa, bi orduz eztarrian korapilo bat dugula. Eta gidoi bikain bat eutsi eta borobiltzen: antzezpen bikain batzuk.]]>
<![CDATA[Zerrendak eta beldurrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2110/027/003/2021-09-22/zerrendak_eta_beldurrak.htm Wed, 22 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/2110/027/003/2021-09-22/zerrendak_eta_beldurrak.htm 'Inventura / Inventory'

Zuzendaria: Darko Sinko. Herrialdea: Eslovenia. Iraupena: 106 minutu.

Boris gizon arrunta da. Emaztearekin bizi da eta unibertsitatean ekonomia irakasle laguntzailea da. Semea eta bi biloba ditu. Bizitzak ez dio gorabehera askorik ematen. Gau batean, ordea, etxean dagoela, norbaitek bi aldiz tiro egingo dio. Eta onik atera arren, gertakari horrek hankaz gora jarriko du bere eguneroko bizitza lasaia.

Gutxinaka haziz doan filma da Inventory. Protagonistaren bizitza baretik hasi, eta amaierako ezinegonera arte garatuz doa istorioa. Eta Borisen bilakaera bikain erretratatzen du Darko Sinko zuzendari eta gidoilariak. Ia aspergarria den errutina bat daraman gizonaren lasaitasunetik abiatzen da; ardura bakarra haragi gehiago erosi beharra eta proiektorea unibertsitateko ikasgela batetik bestera eramatea duen errutina bat. Tiroketaren ondoren, ordea, poliziak susmagarrien zerrenda bat, inbentario bat, egiteko eskatuko dio, eta hor hasiko dira mesfidantzak. Beldurrak eta segurtasunik ezak eragindako paranoia batean murgilduko da Boris, eta gu haren atzetik.

Sinko esloveniarraren zuzendaritza eta gidoiaz gain, nabarmentzekoa da aktore protagonistaren lana: gizon on, umil, zintzo bat zena beldurra eragiten duen pertsona bihurtzen da, baina bilakaera horren ondo dago eraikia, ezen guztiz ulergarria egiten zaigun eta harekin enpatizatu ere egiten dugun. Soinu banda ere aparta iruditu zait.]]>
<![CDATA[Argi izpi bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1948/028/002/2021-09-21/argi_izpi_bat.htm Tue, 21 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/1948/028/002/2021-09-21/argi_izpi_bat.htm 'Pandemic Tour 2020 Belako'

Zuzendaria: Hernan Zin. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 77 minutu.

Pandemiak eta konfinamenduak gauza asko eten zituen 2020. urtean. Belako musika taldeak hasi berri zuen mundu bira horietako bat izan zen. New Yorken harrapatu zituen konfinamendu aginduak, eta laster batean Euskal Herrira itzuli ziren, haien bira eta dozenaka kontzertu bertan behera utziz. Etxean igaro genituen hilabete horietan, eta taldea mugimenduan mantentzeko nahiarekin, hainbat bideo, zuzeneko eta esperimentu birtual egin zituzten. Baina jendaurrean jotzeko beharra hor zegoen, eta erokeria bat zirudien proposamena planteatu zuten: drive-in zinemetan egindako kontzertu bira antolatzea.

Esperantzaz beteriko filma da Pandemic Tour 2020 Belako. 2020ko udako errealitate eta murrizpenak oso bestelakoak baziren ere, eta urtebete geroago egoera nolakoa den kontziente izanik, itxaropenez beteriko filma da. Itxaropena kulturan, murrizketa, baldintza eta debekuei aurre egingo dien kulturan; itxaropena jendean, kulturaren beharraz jabetzen diren horietan; eta itxaropena kultura bizimodu dugun horietan, sektoreari ematen zaion tratua iraingarria bada ere, hemen jarraitzen dugulako.

Hernan Zin filmaren zuzendariak zioen Belakoren musikaz maitemindu zela, baina batez ere taldea osatzen duen laukoteaz. Eta ikuslea ere tranpa berean eroriko da. Haien musikaren zale izan edo ez, laukoteak transmititzen duen grina, ilusioa eta umorea argi izpi bat dira kulturarentzat ilunak diren garai hauetan.]]>
<![CDATA[Arazoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2178/029/002/2021-09-21/arazoak.htm Tue, 21 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/2178/029/002/2021-09-21/arazoak.htm 'Josefina'

Zuzendaria: Javier Marco. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 90 minutu.

Espetxe bateko langilea da Juan. Bertak bere semea espetxean du, eta igandero doa bisitan. Juanek segurtasun kameretatik begiratzen dio Bertari, igandero bere mugimenduei jarraituz. Egun batean, autobusean topo egin eta hizketan hasiko dira, eta Juanek gezurra esango dio: hura ere bisitan doala espetxera, preso dagoela bere alaba Josefina. Gezur gehiago ekarriko dituen harreman bat hasiko da orduan Juanen eta Bertaren artean.

Niri beldurrezko istorio baten premisa iruditu zait. Baina ez, beldurrezko istorio batetik urrun dago Javier Marcok zuzendu duen lehen film luzea. Teknikoki zuzena da. Argazki zuzendaritza ondo dago, aktoreak bikain daude, erritmo polita du, eta musika mundiala da. Umore puntu bat ere badu, gehienbat Juanen espetxeko lankideak ematen duena, eta kartzelako giro astunari haize pixka bat ematen diona. Egitura aldetik ere gidoia oso ondo landuta dago, pertsonaia nagusien aurkezpenak itzelak dira, eta apurka garatzen doan maitasun istorioa era sinple baina goxoan dago kontatuta. Horrela ikusita, film aparta dela esango nuke. Arazoa da protagonistak egin duena eraso bat dela, eta, zer edo zer galdu ez badut behintzat, filmak ez duela hori kritikatu eta gaitzesteko inolako intentziorik. Arazoa da filmak erabiltzen duen umoreak pisua kentzen diola egiten ari denari eta maitasunak dena justifikatzen duela dirudiela, ikuslearen irribarre samurra eragiteraino. Arazoa da 2021. urtean oraindik ere horrelako istorioak normaltzat jotzeak eragin zuzena duela maitasuna eta maitasunaren izenean egiten direnak ulertzeko eran. Utz diezaiogun erasoak eta erasotzaileak erromantizatzeari.]]>
<![CDATA[Bitxia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2127/029/001/2021-09-21/bitxia.htm Tue, 21 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/2127/029/001/2021-09-21/bitxia.htm 'Le bruit des moteurs'

Zuzendaria: Philippe Gregoire. Herrialdea: Kanada. Iraupena: 79 minutu.

Aduana eskolan lan egiten du Alexandrek, su armen erabilera irakasten. Ikasleekin izandako sexu harremanak direla-eta zuzendaritzak bi astez zigortu duenez, herrira itzuliko da, amaren etxera. Han, bi polizia haren mugimenduak jarraitzen hasiko dira, herriko elizan azaldu diren sexu eszenak zituzten marrazki batzuen egilea delakoan.

Gauza bitxi bat gertatu zait film honekin. Hasieran, istorioaren protagonista laugarren eszenatik aurrera berriro ikusiko ez dugun pertsonaia bat zela uste nuen. Izan ere, filmak hamar bat minutu daramatzan arte ez da azalduko Alexandre. Bada, berandu iristearen sentsazioa izan dut film osoan. Nahastuta, hasi eta buka. Protagonistaren aurkezpena ikustean, ausarta zela iruditu zait; baina zuzendariaren jokoan sartu naiz, eta, beraz, ulertzen ez nituenak aurrerago argitzen joango zirela pentsatu dut. Filma amaitu da, eta ez dut tutik ulertu. Ez dakit zer gertatu den, ez dakit zuzendariak zer azaldu nahi zuen, ez dakit zer zen erreala eta zer ametsa, eta ez dakit zer erlazio zuten azaltzen ziren elementuek. Agian motel samar negoen, baina metaforen eta ezkutuko mezuen bila pasa dut filma, eta, bukatzerako, nire buruan mila teoria zebiltzan bueltaka. Hori bai, ezer ulertu ez badut ere, oso entretenituta egon naiz, eta aktore protagonista mundiala iruditu zait.]]>
<![CDATA[<i>Lola, Felix eta Ivan</i>]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2438/038/003/2021-09-19/ilola_felix_eta_ivani.htm Sun, 19 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/2438/038/003/2021-09-19/ilola_felix_eta_ivani.htm 'Competencia oficial'

Zuzendariak: Gaston Duprat eta Mariano Cohn. Iraupena: 114 minutu.

Lola Cuevas zuzendaria eta Felix Rivero nahiz Ivan Torres aktoreak elkartuko dituen film bat dago Competencia oficial pelikularen atzean. Hirurak hainbat jaialditan saritu dituzte, baina bakoitzak bere lan egiteko era dauka: zuzendariak ezohikoak diren bideak erabiltzen ditu aktoreengandik nahi duena lortzeko; Torres antzerkiko aktorea da, metodo aktorea, sariak gaitzetsi eta izarrak gorroto dituena; eta Rivero Hollywoodeko izarra da, diruzalea, pertsonaiak berak antzezten dituenean existitzen hasten direla uste duena.

Gaston Duprat eta Mariano Cohn argentinarrek zuzenduko dute Penelope Cruz, Antonio Banderas eta Oscar Martinez elkartuko dituen komedia. Aktoreen eta zuzendarien arteko harremanei buruzko komedia bat da, haien lan metodo eta tresna bitxiez barre egin nahi duena, haien xelebrekerien absurdoaz. Eta ez da inor libratzen: hipsterra izaten esfortzu izugarria jartzen duen zuzendaria, tuntun samarra dirudien izarra edo profesionala eta serioa den aktore esperientziaduna. Denentzat dute argentinarrek.

Zineman ibiliak direnentzat guztiz identifikagarriak izango dira Competencia oficial-ek erakutsiko dizkigun hainbat egoera; baina mundu hori erabat arrotza zaion ikusleak ere aurkituko du gertutasuna hiru pertsonaia estereotipatuetan; esango nuke, neurri batean, denok ezagutzen ditugula Lola, Felix eta Ivan bat. Eta filmaren funtsa esajerazioa eta gehiegikeria badira ere, atzetik dagoen egiak eragingo digu barrea. Erraz ikusten den komedia bat da, hausnarketa handirik eragingo ez duena.]]>
<![CDATA[<i>Ezinegona</i>]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2356/038/002/2021-09-19/iezinegonai.htm Sun, 19 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/2356/038/002/2021-09-19/iezinegonai.htm 'Unwanted'

Zuzendaria: Lena Lanskih. Herrialdea: Errusia. Iraupena: 109 minutu.

Lena Lanskih zuzendariaren lehen film luzea da Unwanted. Vika nerabearen bizitza erakutsiko digu, Errusiako herri txiki batean bizi den 14 urteko neskarena. Vika ama da, hala nahi ez bazuen ere, eta haurra ezkutuan gordetzearen eta 14 urteko neska bat izatearen arteko oreka lortzeko borrokan ikusiko dugu.

Ezinegona da azpimarratuko nukeen hitza. Ezinegona Vikaren begiradan, ezinegona Lanskihk itzel erabili dituen soinuetan (ur tantak, hozkailuko argitxoaren zarata, trenaren hotsa), eta ezinegona ikusleak sentituko duena. Bizitzak ez dio Vikari 14 urteko nerabe bat izaten utziko, eta bere inguruak atentzioa ematen saiatzen ari den 14 urteko haur bat balitz bezala ikusiko du. Eta, bitartean, bortxaketa batetik jaiotako haurra elikatu behar du, endometriosia dirudien osasun arazoen minak jasan behar ditu, eta bere senean ez dagoen ama zaindu behar du. Ezinegona.

Zuzendari errusiarrak ikuslea alde batetik bestera darama, esan nahiko baligu bezala: orain ikusi hau, eta orain ohartu honetaz, baina ez ahaztu hau ere badagoela. Vikaren zurrunbiloan sartuko gara, eta zaila egingo zaigu bertatik irtetea, nahiz eta askotan protagonista gaztearen ekintzak ulertu ez. Eta filmaren amaieran, ireki deritzoten amaiera horietako bat, eskutik askatu gaituztela sentituko dugu.

Zuzendaritzaz gain, azpimarratzekoak dira Olga Malahova aktore gaztearen antzezpena eta filmak uzten dizkigun irudi indartsu eta asaldatzaileak.]]>
<![CDATA[<i>Erantzukizunaren pisua</i>]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2454/038/004/2021-09-19/ierantzukizunaren_pisuai.htm Sun, 19 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/2454/038/004/2021-09-19/ierantzukizunaren_pisuai.htm 'Iki safak arasinda'

Zuzendaria: Selman Nacar. Herrialdea: Turkia-Frantzia. Iraupena: 91 minutu.

Bi egunsentiren artean gertatzen dena. Enpresa baten eta langileen arteko istorioa. Errudunak eta biktimak. Ongia eta gaizkia. Eta erdian Kadir.

Kadirrek bere familiaren enpresan lan egiten du, ehun fabrika batean. Bere aita urte luzez izan zen nagusia, eta orain anaiak zuzentzen du enpresa. Kadirrek enpresa berritzeko ideia eta ametsak ditu, eta bere bikotearekin ezkontzeko itxaropena du. Bi egunsenti horien artean, ordea, bizitza aldatuko dion istripu bat gertatuko da fabrikan.

Selman Nacar turkiarraren lehen filma da Iki safak arisanda / Between two dawns eta 2020an Wip Europa Industria eta Wip Europa sariak irabazi zituen. Errua eta erantzukizuna izango ditu hizpide filmak, eta Kadirren begiradatik joango gara ohartzen bi horien pisua banatzea ez dela horren erraza. Horrela, guztiz itsu egon den gizona bere familiaren errugabetasunaren atzean dauden trikimailu eta azpijokoez jabetuko da.

Biktimak ustezko errudun diren eta errudunak biktima bilakatuko diren bidetik garamatza Turkiarraren gidoiak; ospitaletik fabrikara eta fabrikatik ospitalera, erritmo politean, Kadirren inozentziaz eta drama guztiaren erdian umore puntu batzuk gehituz. Beharbada, zeraren falta sumatu du: ongiaren eta gaizkiaren arteko dualtasun hori gidoiaz gain filmeko beste elementu batzuetan ikustea; baina aitortu beharra daukat, filma ikusten ari nintzela baino, filma amaitzean ohartu naizela horretaz.]]>
<![CDATA[Zirrikitu batetik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2104/029/002/2021-09-18/zirrikitu_batetik.htm Sat, 18 Sep 2021 00:00:00 +0200 Uxue Arzelus https://www.berria.eus/paperekoa/2104/029/002/2021-09-18/zirrikitu_batetik.htm 'Jane par Charlotte'

Zuzendaria: Charlotte Gainsbourg. Herrialdea: Frantzia-Erresuma Batua. Iraupena: 90 minutu.

Jane Birkin eta Charlotte Gainsbourg. Ama-alabak. Abeslariak eta aktoreak. Abiapuntua: ez dute harreman estu bat, ez dute elkar asko ezagutzen, eta deserosotasuna nabari da haien artean. Tresna: hainbat kamera eta irudi asko.

Charlotte Gainsbourgen lehen film honetan, bere ama ezagutzeko egiten duen bidaian lagunduko dugu. Ezagutu eta ulertzeko jarduera bat izango da. Izan ere, alabak egiten dion lehen elkarrizketan filmaren funtsa izango dena azaltzen digu: ez dute harreman estu bat, eta Charlottek beti galdetu izan dio bere buruari horren zergatia zein den.

Lehen elkarrizketa horretan abiatzen da ama-alaben istorio hau, ama izatearen eta alaba izatearen arteko balantza; biak dira ama, eta biak dira alaba, eta horrek bakoitzarentzat zer esan nahi duen aztertuz joango dira, elkarren arteko harremanaren korapiloak askatuz doazen bitartean.

Ez nuen emakume hauei buruzko informazio askorik; filmen bat ikusia nuen, kantaren bat entzunda, eta aita/senarrari buruz zer edo zer irakurria. Baina aipatutako horiek gutxienekoa dira istorio honetan. Bai, haien bizitzaren zati garrantzitsu bat dira fokuak, estreinaldiak, filmak eta kantak, baina interesgarriena hori guztia alde batera uztean kontatzen dena da, eta Gainsbourgek bikain egiten du. Azken batean, Jane Birkin haren ama da, eta bera haren alaba, eta haien arteko harremanak gutxi du zinemaz eta glamourraz.

Era goxo baina zuhurrean erretratatzen digu ama Gainsbourgek. Horretarako, biek ondo ezagutzen dituzten kamera, argazki saio eta irudiak erabiliko ditu; ingurune ezagun eta eroso bat sortuko du bientzat, barruan duten hori lasai azaleratzeko. Emaitza handikeriarik gabe egindako filma da; Gainsbourgek amarekin hitz egiteko jarri duen aitzakia dirudi, baina eskertzekoa da, zirrikitu batetik bada ere, barrura begiratzen utzi digulako.]]>