<![CDATA[Xabier Etxaniz Rojo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 12 May 2021 14:27:06 +0200 hourly 1 <![CDATA[Xabier Etxaniz Rojo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Jendea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1908/029/004/2019-08-16/jendea.htm Fri, 16 Aug 2019 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1908/029/004/2019-08-16/jendea.htm
Sexu erasoak gorabehera, Aste Nagusia arrakastatsua izan da. Kontzertuak arrakastatsuak izan dira, su festak arrakastatsuak izan dira (eta parte hartzea ikaragarria, zer da, bestela, milioika donostiar «Ooooooo»-ka batera aritzea, «bat-bateko-herri-orfeoia» ez bada?), marrubizko izozkia arrakastatsua izan da, prezioen igoera eta zezenen itzulera arrakastatsuak izan dira.

—Ba, ni bat natorrek alkatearekin —esan zidan nire lagun Felixek atzo, Flamenkako barran geundela—. Baina alkateak «arrakasta» hitza erabiliko dik eta nik beste bat erabiliko nikek. Aste Nagusitik bi ondorio atera ditiat nik: bata, jaietan jende andana dagoela nonahi, eta bestea, Nafarroako Unibertsitateko Klinikak arrazoia izatera, Opus Deikoak sutan egongo direla...

Esan gabe doa nire lagun Felixek azalpenik errazenari heldu ziola lehenik.

—Aste Nagusian inportanteena zera duk, jendea egotea. Donostiarrok gatzgabe mortalak gaituk, eta piraten kontu hau alde batera utzita, munduko jairik aspergarrienak dituk hauek. Ez zagok jai-girorik, egia... baina jende andana zagok nonahi, eta horixe gustatzen zaiok jendeari... Hik galdeiok edonori ea zer moduz festak, eta denek erantzungo ditek gauza bera... «Uff, sekulako jendetza!». Kexa moduan esaten ditek, baina «primeran!» esateko modu donostiarra duk hori...

—Eta Opus Deiren kontu hori?

—Ba, aste honetan Nafarroako Unibertsitateak esan dik homosexualitateak eta promiskuitateak gastroenteritisa eragiten dutela... Begiratu txosna pareko komun publiko horiei... han ere jendetza zagok sartzeko zain, eta argi zaukaat zergatik den... Ni neu ez nabilek oso katoliko tripetatik azken egunotan... ]]>
<![CDATA[Sukaldaria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1908/029/004/2019-08-14/sukaldaria.htm Wed, 14 Aug 2019 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1908/029/004/2019-08-14/sukaldaria.htm
Kax-kax-kax.

Piratak aldarte txarrean zabaldu zituen begiak. «Hau izorratzea! —pentsatu zuen—, beti agertzen da norbait unerik txarrenean». Sekulako ajea zuen. Buruan, hiru danborrada, hamazazpi kanoikada eta La Flamenca osoa, denak batera kolpeka.

Iritsi berriaren kamisetari erreparatu zion. Haserre nago zioen leloak.

— Bagara bi, orduan... Ea, esan izen-abizenak.

— Jonpa Albisu.

Zaindariak Hurrengo etorrerak zerrenda errepasatu zuen goitik behera, baina ezin izen hura topatu. Halako batean, Behar baino lehenagoko etorrerak zerrendan begiratzea otu zitzaion.

— Ez zintugun hain goiz espero.

— Horrelakoa da bizitza... Tira, jaietarako sukaldari bat behar omen duzue...

— Sukaldaria zara?

— Sukaldaria, besteak beste… Nik, Pulp Fiction-eko Lobo jaunaren antzera, arazoak konpontzen ditut.

— Ba, orduan, hemen ez zara aspertuko... —.

Sukaldariak arrazoia eman zion zaindariari piraten zeruan sartu bezain pronto. Han parrandazale asko baina antolatzaile gutxi. «Zenbat lagunentzako bazkaria esan duzu? 150? Eta oraindik hasi gabe??». Sukaldariak di-da batean jarri zituen piratak dantzan. Aizue, ogiaren bila joan behar da. Zuritu itzak patata hauek, mesedez. Tipulak prest?

Jaiak bai, lana ere bai.

Zeruko piratek zur eta lur begiratu arren, jaramon egiten zioten. Handik gutxira, denak lanean.

Aizu, marmitakoa primerakoa! Kafea zerbitzatu ostean, mahaiak eta aulkiak jaso, erratza pasa, dena txukun utzi behar… Ez zuen berehalakoan amantala erantzi sukaldariak.

— Eta orain... tabernara! Kroketak nola egiten ditudan erakutsiko dizuet...

Lana bai, jaiak ere bai.

Arratsalde partean hodeiek atertze aldera egin zuten eta eguzkia agertu zen piraten zeruan.]]>
<![CDATA[Datorren urtean bai]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2568/029/002/2017-08-15/datorren_urtean_bai.htm Tue, 15 Aug 2017 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/2568/029/002/2017-08-15/datorren_urtean_bai.htm
Urtero.

Has nadin, baina, hasieratik. Eta, egia esan, hasieran nire lagun Felixek eta biok ez genion etorkizun handirik ikusten piraten kontu hari.

«Piratak? Donostian? Ez du funtzionatuko…»

Etorkizunik ez, baina bazuen logikarik. Azken batean, Bilbok konpartsak zituen, Iruñeak peñak, Gasteizek neskak eta blusak… Donostiak, ordea, ezer ez eta festa. Hondartza eta turista mordoa, su-festak eta marrubiarekiko izozkiak, buru-handiak ostiaka eta erraldoiak jirabiraka.

Ezer ez eta ezta festa ere.

Eta logika ikusten bagenion ere, hasieran ez genien kasu handirik egin piratei. Ez, ez ginen lehenengo abordatze xume hartan egon, ezta hurrengoetan ere. Geroago batu ginen, ohartu ginenean kontu hura hezurmamitzen ari zela. Piraten indar zentrifugoak erakarrita batu ginen, txaloak jotzen hasieran, trago batzuk hartzen La Flamenkan geroago, portuko flashmob-ari argazkiak ateratzen eta txiokatzen… Oso era ñoñostiarrean, ezin uka…

Eta ezin ukatuko dugu, halaber, inbidiak urtzen geundela. Badira gauza batzuk 20 urterekin egin behar direnak eta badira gauza batzuk 45 urterekin egin behar ez direnak. Abordatze ero hura zoragarria zen baina, zoritxarrez, ezgaraian harrapatu gintuen.

«Bai, datorren urtean jaitsiko gara».

Iaz arte. Iaz jaitsi ginen.

Algarveko hondartza bateraino jaitsi ere, etzaulki batean gin-tonic bana edatera eguzkitako baten itzalpean.

Garaian garaikoa da bizilegea, eta guk jada ez dugu adinik…

Eta, gainera, nik ez dakit igeri egiten.]]>
<![CDATA[Handitan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2265/020/002/2015-05-16/handitan.htm Sat, 16 May 2015 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/2265/020/002/2015-05-16/handitan.htm
Ezetz erantzun zidaten, profesionala izateko oso ona izan beharra dagoela eta haiek erdipurdikoak zirela. Hamar urteko bi umeren ahotan, oso ikuspuntu errealista iruditu zitzaidan, eta zoriondu nituen horren ume argiak izateagatik.

Geroago jakin nuen agian argiegiak zirela... Anaietako batek politikoa izan nahi zuela esan zidan halako batean. Oraindik ez zekiela zein alderditan, baina politikoek bazekitela bizitzen kolpe zorrik jo gabe, eta aukera ona zela. Beste anaiak ere toki berera iritsi nahi zuen, nahiz eta horretarako beste bide bat jorratzeko asmoa izan, eta, inolako lotsarik gabe, aitortu zuen handitan jubilatua izan nahi zuela. «Beraz, bi mukizu hauek dituk etorkizunean gure pentsioak ordaintzeaz arduratuko direnak...» esan nion, durduzaturik, nire buruari, eta horrela egon nintzen harik eta nire ikuspuntua ez zela oso errealista ohartu nintzen arte.

Izan ere, mundu puta honek neo-liberalismorako duen joera ikusita, Felix eta biok jubilatzerako ez da ez pentsiorik ez prestaziorik ere egongo, eta, gauzak horrela, Felixen seme bikiek euren buruaz baino ez dute arduratu beharko. Eta horrela ikusita, ez dago gaizki txikitatik gauzak argi edukitzea...]]>
<![CDATA[Mario Fernandezen memoriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2093/018/003/2015-02-17/mario_fernandezen_memoriak.htm Tue, 17 Feb 2015 00:00:00 +0100 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/2093/018/003/2015-02-17/mario_fernandezen_memoriak.htm
...baina ez, Copacabanan egon beharrean epaitegiaren aurrean nengoen, zergatik eta pepelerdoren bati Mikel Cabieces-i emandako laguntza hura ustelkeria zela otu zitzaiolako! Hamaika ikusteko jaioak gara!!...

...Cabieces lagundu ote genuen? Jakina! Lagunduko ez genuen ba! ETAren kontrako borrokan lehen lerroan ibilitakoa zen! Zer egingo zenuke zuk, eh? Gainera, hura idatzi gabeko lege bat zen, ETAk iraun zuen bitartean denok bete genuena. Eta barkatuko didazu, ez zait iruditzen 6000? hilean hainbesterako denik...

...Nola? Ea hura izan zen latzena? Ez, noski. Krisia izan zen latzena. Egun batetik bestera jende asko lanik gabe geratu zen, hipoteka-maileguari aurre egin ezinik...

...kasu lazgarri bat datorkit orain gogora: adineko emakume alargun bat zen. Semeak amaren etxea hipotekatu zuen negozio bat sortzeko baina krisiak pikutara bidali zuen negozioa. Etsipenak jota semeak bere buruaz beste egin zuenean, semerik gabe eta patrikan zulo ikaragarria zeukala geratu zen emakumea. Saiatu, saiatu ginen irtenbiderik onena bilatzen, baina, zoritxarrez, azkenean etxegabetu behar izan genuen...

...gertutik jarraitu nuen gaia, noski. Sukurtsaleko zuzendariari deitu nion galdetzeko ea ordurako azken galdera egina ote zuen. «Bai, Fernandez Jauna —erantzun zidan— dagoeneko galdetu diot ea terrorismoaren kontrako borrokan lehen lerroan egona ote den eta ezetz erantzun dit»...

...maldizioka hasi eta, begiak bustirik, telefonoa eskegi nuen...

...ba, egotea zeneukan, emakumea... egotea zeneukan...]]>
<![CDATA[Penitentzia eske]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2290/025/002/2014-10-25/penitentzia_eske.htm Sat, 25 Oct 2014 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/2290/025/002/2014-10-25/penitentzia_eske.htm
Kontua da 15 haur eta 13 heldu ginela arratsaldea jolas artean pasatzeko asmoz bildutakoak. 28 lagun gehi 2 begirale. Denok ezezagunak eta -ohhhh!- denok euskaldunak!! Beno denok ez... erdaldun bat ere etorri baitzen tailerrera.

Jolasten hasi gara eta, bat-batean, esperpentoa. Begirale batek «voy a hablar en bilingüe» iragarri digu. Esan eta egin. Baina ez pentsa, ene lagunok, bilingüe era informalean, ez, ez... Bilingüe-bilingüe...

Bilingüe, taxuz eta fundamentuz, bilingüe-tasunaren mailarik gorenera iristeraino...

Halako moldez non, Finlandiako boloetan jokatzen hasiak garelarik, begiraleetako batek «ocho puntos» oihukatu baitu besteak «zortzi puntu» lortu ditudala jakinarazi ostean, eta gero, «bi puntu» batek, eta «dos puntos» besteak, eta jarraian «zure txanda da orain» batek eta «es tu txanda ahora» besteak, eta horrela beti —siempre—, eta oso azkar —rapidisimamente—, eta dena di-da batean —o en un ti-ta—, segundo bakar bat galdu gabe, aldiberekotasun ia perfektuaren gorazarre amaigabean, «hamar puntu, zorionak», «diez puntos, felicidades», benetan hamar puntu lortu izana hil ala bizikoa —importantititisisisisimo— balitz bezala, bilingüismoaren jagoleen —¿¿¿jagole???? ¿que demonios es jagole????— beldur balitz bezala, edo are, euskara finlandiera bezain arrotza balitzaigu bezala...

Ez, ez nuen ezer esan.

Eta okerrena zera da, nik badakidala ezen, horrelako egoera baten aurrean, maiz nahikoak izaten direla bi galdera erraz euskaldunon sufrikarioa errotik mozteko.

«¿Sabemos todos euskara?» lehenengoa.

Eta bigarrena, euskaraz hitz egiten ez dakitela aitortu dutenei soilik bideratua: «zuen artean, baten batek ez du ezer ulertzen euskaraz?»

Txintik esan gabe onartuko dut nire penitentzia...]]>
<![CDATA[Dimisioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-05-29/dimisioa.htm Thu, 29 May 2014 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-05-29/dimisioa.htm
Ohi bezala, Felixek arrazoi.

Bai, ene lagunok, joan den astean hemen argitaratutako guztia egia da. Duela hamar urte Deabruarekin berarekin hitzartu nuen ostegunero txoko honetan idazteko aukera. Nik bizitza osorako kontratua nahi nuen, baina, trukean arima eskatu zidanean, gehiegi iruditu zitzaidan eta pipa bat saldu nion. Hasieran tratu ona iruditu zitzaidan.

Bai, badakit: idazle gisa auskalo, baina negozioetan ez daukat batere etorkizunik.

Ilunpeetako Jaunarekin negoziatu nuen, bai. Jakin banekien jukutria hura ez zegoela ondo, ez zela batere itxurosoa, baina aurrera egin nuen. Ez nago harro baina ez naiz damu. Izan ere, pribilegioa izan baita gure egunkarian 10 urtez idaztea. Pribilegio itzela.

Mila esker bihotz-bihotzez.

Ziur naiz aitorpen honek ondorio txarrak ekarriko dizkidala etorkizunean. Eta ziur naiz, halaber, gaiztoak aitorpen honetaz baliatuko direla ahalik eta minik handiena egiteko. Horrexegatik dimisioa ematea erabaki dut.

Dimisioa. Atzeraezina eta baldintzarik gabekoa.

Ondo bidean, Lizarrustihistango basoetan erbesteratuko naiz. Han aurkituko nauzue, pipa ahoan, garagardoa eskuan, patxada ederrean.

Ez kezkatu nitaz. Ez naiz espainiarra; dimisioa eman dezaket.]]>
<![CDATA[Arima]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-05-22/arima.htm Thu, 22 May 2014 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-05-22/arima.htm (BERRIAko Ikerketa Sailak zutabegile bati grabatutako telefono elkarrizketa)

— ...barka beza berorrek, Deabru jauna... Bere gorentasunari zin egiten diot erabat ahaztu dudala elkarrizketa hura... Adinak ez du barkatzen...

— Hi haiz, hi! Literato eskasa izateaz gain, memoria eskasekoa... Kalamidadea halakoa!

— Nik errespetuz hitz egin diot...

— Isil hadi, memeloa! Ez al duk gogoratzen hire ametsa betetzeko eskatu hidala? Ez al duk gogoratzen erreguka etorri hintzela niregana? «Zutabegile on bat izan nahi dut», esan hidan. «Bizitza osoa pasako nuke zutabeak idazten», esan huen. Edozer emateko prest omen hengoen. Eta nik esan nian beteko nuela hire desioa. Hire arima baino ez nian eskatu trukean... Gogoratzen?

— Bai, orain bai.

— Eta hik ezetz, arima bakarra huela... zekena haiz gero!

— Arimaren ordez nire piparik onena saldu nion, 1951ko Dunhill bikain bat...

— Benetan ez huen pentsatuko pipa bat nahikoa izango zenik, ezta? Kexatuko haiz, gainera! Dunhill horri esker 401 Maratila idatzi dituk.

— Gutxi ene uste apalean...

— Marka duk gero! Ate denentzat dauzkak hik maratilak, ezta? Ba sentitzen diat. BERRIA berritu behar ditek, eraldatu, modernizatu... Berritu ala hil, txikito! Hire garaia bukatu duk. Mesedez, jaso hire gauzak eta itzali argia ateratzean.

— Lastima...

— Eta gogoratu: datorren ostegunean azkena...

— Galderatxo bat, Deabru jauna... Oraindik interesatzen al zaio berorri nire arima...?

— Hoa popatik... ]]>
<![CDATA[Bisitak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-05-15/bisitak.htm Thu, 15 May 2014 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-05-15/bisitak.htm
-Urtero egun oso bat hartzen diat osaba-izebak bisitatzera joateko. Lau kontu esan, bonboi kaxa bana utzi, zer moduz dauden galdetu, eta buelta etxera. Zahartzen ari dituk, eta gustatzen zaiek noiz edo noiz familiak jaramon egitea. Eta, egia esan, niri ez zaidak gehiegi kostatzen.

Haren hitzetan ez zegoen hunkipen arrastorik, baina begiek diz-diz egiten zioten; gauzak ondo egin izanak ematen duen distira zeukan begietan, ekintza bikain ñimiñoei soilik darien distira berezi hori.

Une batez nire ilobekin gogoratu nintzen. Une batez, galderak hasi zitzaizkidan buruan kolpeka.

Berrogei urte barru, etorriko al dira gure ilobak gu bisitatzera? Urtean behin, sikiera, hurbilduko al zaizkigu lau kontu esatera?

Begirada treneko nerabeengan iltzatu nuen. Han zeuden, elkarren ondoan baina nork bere telefonoari begira. Elkarri oihuka baina elkarrekin hitz egin gabe. Pantailaren beste aldekoa elkarrekin konpartitzen baina une hura konpartitu gabe.

Ez, ez dut gogoan galdera ozen egin izana.

- Hauek... hauek nahikoa ditek whatsapparekin— esan zuen nire bihotzeko liburuzainak begietara so eginez.

Begiek diz-diz egiten zioten oraindik. ]]>
<![CDATA[Esnea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-05-08/esnea.htm Thu, 08 May 2014 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-05-08/esnea.htm aratila hau euskaltegietako ikasleei eskaini nahi diet. Izan ere, aurki HABEk prestatutako azterketei egin beharko diete aurre. Gaixoak —esan gabe doa— urduri daude, beldurrak airean, urtean zehar egindako lan eskerga langa gainditzeko nahikoa izango ote den jakiteke, eta uste dut gure laguntza eskertuko dutela.

Beraz, gaur alde batera utziko dut luma zorrotza, eta klarion hautsaz zikinduko ditut hatzak. Ulertuko duzuelakoan nago, baina, badaezpada, baimena ematen dizuet irakurketa bertan behera uzteko eta zuzenean Idurre Eskisabelen zutabera jotzeko. Azken batean, euskaltegietan hizkera berezia erabiltzen dugu, eta gerta liteke hemendik aurrerakoa ulergaitz suertatzea. Erabakia, ene irakurlea, zurea da.

Natorren, baina, harira. Ikasle maiteok, ez naiz Ubedako muinoetatik joango, eta perogrulloren egia bat kontatuko dizuet: euskara eta gaztelania hizkuntza ezberdinak dira. Baterako balio duenak ez du besterako zertan balio izan eta alderantziz. Lorora, kontua ez baita indioilarraren muki.

Ogiari ogi eta ardoari ardo: ezin duzue gazteleraz pentsatzen duzuen guztia idatzi. Moldatu beharko duzue, aldatu, zuen maila jaitsi. Euskaraz pentsa dezakezue, baina badakit zaila dela, eta ez diot zumarrari madariak eskatu nahi. Beraz, kontuz! Batez ere, lokuzioak erabiltzeko garaian: gaztelaniazko hitzez-hitzezko itzulpen baten antza badu, ziurrenik gaztelania izango da, eta ez euskara.

Zuria eta botilan, esnea. ]]>
<![CDATA[Iñigoren memoriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-05-01/iigoren_memoriak.htm Thu, 01 May 2014 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-05-01/iigoren_memoriak.htm tsunami bat zetorrela, eta gogoan dut, halaber, erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katearena bolo-bolo zebilela... Emozio gehiegi oreka maite dugunontzat...

...ez, ez dut esango alde ez geundenik. Gu beti egon gara alde, baina, lehen esan bezala, oreka mantendu beharra zegoen. Oreka edo, nahiago baduzu, erritmoa. Izan ere, alderdian beti izan baikara gauzak patxadaz egitearen aldekoak. Bi pauso aurrera eta bat atzera, orain bai baina gero ez, beti sendo baina beti gure erritmoan...

...slow politika esaten diogu guk...

...horrexegatik ez genuen parte hartu nahi izan. Arestian esan bezala, ez geunden kontra, baina gure jendeak ez zukeen ulertuko horrelako abiadura azkartze bat-bateko bat...

...bai, arrazoi duzu, Estatu Konfederalaren kontu hura ideia bikaina izan zen, neurrira egindakoa. Independentzia? Bai. Erabakitzeko eskubidea? Bai, jauna! Baina gure erritmoan, eta konfederalismoak baloia berriro jartzen zuen gure zelaian. Niri neuri bururatu zitzaidan...

...ideiak berritasun orori darion freskura zeukan, originala zen, eta —hauxe onena— erritmoa egokitzeko denbora ematen zigun. Azken batean, inork ez zekien zehatz-mehatz zer zen konfederalismoaren kontu hura...

...ez, nik ere ez nekien zer zen Estatu Konfederal bat, baina hori gutxienekoa zen...

...gainera, zuek, kazetariok, ez zenidaten inoiz galdetu... ]]>
<![CDATA[Abizen euskaldun bat (eta II)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-04-24/abizen_euskaldun_bat_eta_ii.htm Thu, 24 Apr 2014 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-04-24/abizen_euskaldun_bat_eta_ii.htm Echevarriatik Etxeberriara pelikulaz hitz egitea. Berriro euskal abizenak zinema-aretoetan. Oraingoan seriotasunez.

Ander Iriarte oiartzuarraren film honetan ezker abertzalea da protagonista. Ezker abertzaletik egindakoa, ezker abertzaleari zuzendua. Horrela esanda, oso bide laburrekoa dirudi, baina ez zait iruditzen hala denik. Are: ertz askokoa dela iruditzen zait. Edo, nahiago baduzue, zirrikitu askokoa. Zirrikituak topatu baititu egileak mundu horren irudi trinkoaren baitan.

Kartzelan 20 urte pasa dituen emakumea betiko jarrera irmoaren isla da hasieran. Bukaeran, ordea, zalantzak agertu dira: «min handia egin dugu, bai… baina merezi ote zuen?». Preso baten bikoteak senideen sufrimendua kontatu du hasieran, baina pelikulak aurrera egin ahala beste biktima batzuen tokian jarri da. «Noizbait ikusiko al dugu Oiartzunen ETAk hil zuen Antonio Echevarriaren aldeko oroigarririk?» galdetu diote egungo alkatesari. Burua makurtu, ohiko diskurtsoa alboratu eta azkenik -ederki kostata- erantzun.

Bai, beharrezkoa izango da min guztiak aitortzea.

Zalantzak, enpatia, oroimena… horra ezker abertzaleak —baina ez soilik Ezker Abertzaleak— korritu beharreko bidean agertuko diren hitzetako batzuk.

Bidean, bai, baina baita bideoan ere.

Nago bakeak hau bezalako tutorial gehiago beharko dituela. ]]>
<![CDATA[Abizen euskaldun bat (I)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-04-17/abizen_euskaldun_bat_i.htm Thu, 17 Apr 2014 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-04-17/abizen_euskaldun_bat_i.htm 8 apellidos vascos pelikula txoko honetara ekartzeko. Kuadrillan, elkartean, tabernan… Nik salbu, mundu guztiak ikusi ei du. Lehengoan euskaltegiko ikasleek ez zuten beste konturik: sekulako barre algarak egin zituztela eta —hauxe onena— dena ulertu zutela inolako arazorik gabe. Aurki neu izango omen naiz ikusi ez duen paria bakarra…

Alabaina, arriskua onartzeko prest nago, ez baitut ikusteko asmorik.

Baten batek esango dit ez dela zilegi pelikula ikusi gabe kritikatzea. Gaurkoan, baina, ez dizuet arrazoia emango. Azken batean, ni ere, EAEko biztanle oro bezala, Vaya semanita ikusten zailduta nago...

Kontua ez da gu geure buruaz barre egiteko gai garen ala ez. Kontua ez da, euskaldunok parodia baten subjektu bihurtu gaituztelarik, kiroltasunez onartzea ala ez.

Kontua umore-kontua da.

Kontua da gu horren pean haiek daudela. Geuk egina, bai, baina haientzat egina. Humor Vasco etiketapean erdal umorea egiten dute, gazteleraz pentsatutakoa eta gazteleraz sortutakoa. Eta zer nahi duzue nik esatea, erdal umorea ikustekotan, nahiago dut jatorrizkoa.

Beraz, ez dut txintik esango. Gainera, Abizen euskaldun bat izenburua idaztean, niri beste abizen bat zebilkidan burutik: Echevarria. Edo nahiago baduzue, Etxeberria.

Echevarriatik Etxeberriara baitoa Ander Iriarte oiartzuarrak eginiko filma.

Baina horretaz, gaur zortzi hitz egingo dizuet…]]>
<![CDATA[Bide-orria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/001/2014-04-10/bide_orria.htm Thu, 10 Apr 2014 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/001/2014-04-10/bide_orria.htm
Bai, badakit... Horrela esanda, balirudike parranda egitera goazela, baina hori ez litzateke guztiz egia. Izan ere, batzarrak baiezkoa emango baitio Lizarrustihistan independentziara eramango duen bide-orriari. Gu horrelakoak gara: jaiak bai, txostenak ere bai. Ondo antolatuz gero, nahi beste denbora dena egiteko...

Ez dizuet, baina, gezurrik esango. Batzarrak onartuko duen testua ia zehaztuta dago. Xehetasun tekniko batzuez landa, ezer gutxi geratuko da eztabaidarako. Eta, gauzak horrela, azaroaren 8an, larunbatarekin, egingo dugu herri-galdeketa. Estatuak egiten utziko baligu, no problem. Utziko ez baligu, baimenik gabe egingo genuke, eta ezingo bagenu, alde bakarreko independentzia aldarrikatuko genuke.

Espainiari aukera bakarra geratuko litzaioke orduan: Lizarrustihistango erakundeak indarrez hartzea.

Eta hori, ene lagunok, gure gazta tarta nazionala debekatzea bezain onartezina litzateke.

Modu batera zein bestera, geu garaile. Hortik aurrera denbora kontua baino ez da izango...

Ikusten? Ondo antolatuz gero, nahi beste denbora dena egiteko...]]>
<![CDATA[Metodoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-04-03/metodoa.htm Thu, 03 Apr 2014 00:00:00 +0200 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-04-03/metodoa.htm
Denboraren eta metodoaren hobetze sistematikoaren poderioz nazioarteko gatazka gehienak inoren laguntzarik gabe ulertzera iritsi zen.

Alabaina, noiz edo noiz, aldagaiak korapilatuegiak zirenean, blokeatu egiten zen eta horrelakoetan niregana jotzen zuen:

«Ea ulertu dudan, Xabi —esaten zidan—: orduan hemengo hauek, nola esan, hauek… Euzkadi dira, eta besteak, esan dezagun… Madrid. Hori da, ezta?... Orduan, zeintzuk dira Navarra?».

Euskadi beti zetaz ahoskatzen zuen. Madril beti D-z. Eta Nafarroa, beti Navarra.

Zoritxarrez, hilobira eraman zuen metodoa eta orain ni naiz ezer ulertzen ez duena. Ukrainako gatazka dela eta ez dela, plagiatzen saiatu naiz baina alferrik. Metodoak huts egiten dit, auskalo zergatik. Estatu kolpe bat eman al zuten Euzkadikoek Madriden? Krimea Navarra al da? Eta nortzuk dira ultraeskuindar itsusi horiek? Euzkadikoak ala Madridekoak?

Zerbait ulertuko badut, medium bat beharko dut amaginarrebarekin kontaktuan jartzeko… ]]>
<![CDATA[Terrazak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-03-27/terrazak.htm Thu, 27 Mar 2014 00:00:00 +0100 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-03-27/terrazak.htm
Badakit horrelako txokokeria batek talka egiten duela nire ohiko ikusmira unibertsalaren kontra, baina behingoagatik zilegi bekit ohiturak aldatzea. Azken batean, unibertsoko udal ordenantza guztiak kontu korapilatsuak dira, desatseginak izatez eta ulergaitzak espirituz, eta hau horrela izan da betidanik, baita Big-bang-ak leher egin baino lehenago ere.

Txokokeria bai, baina unibertsala.

Laburpen azkar bat egingo dizuet: araudia onartuz gero, liberalismo turistikoak lur hartuko du Pintxolandiako kaleetan. Eta gauzak horrela, larrialdietako ibilgailuek oztopo gehiago izango dituzte etxeetara iristeko, kaleak estuagoak izango dira, eta terrazek ordutegi zabalagoa izango dute.

Bestela esanda: Donostiako oposizioak —PSE-k, PP-k eta EAJ-k alegia— ostikada bat eman nahi izan dio udal gobernuari —Bilduri, alegia— non eta Parte Zaharreko bizilagunon ipurdian.

Gure ipurdietan, alegia.

Ni, esan gabe doa, arautegiaren alde nago. Tabakoaren kontrako legeek erretzaile zokoratu bihurtu ninduten lehenik, terrazetako bezero fidel jarraian eta alde iluneko biztanle azkenik. Eta nire izaera berri honek gustu berriak ekarri dizkit.

Sadomasokismora pasatu naizenetik, nire ipurdia ostikada-gosez dago. ]]>
<![CDATA[Jurisprudentzia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-03-20/jurisprudentzia.htm Thu, 20 Mar 2014 00:00:00 +0100 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-03-20/jurisprudentzia.htm
Minutu bat gehiago, mesedez. Soilik minutu bat.

Une batez, lehengoan irakurritako berri bat etorri zaio gogora. Aita batek semea jipoitu zuen matematikako ariketak egin nahi ez izateagatik, eta berriki Iruñeko zigor-arloko epaitegiak aita zigortu du.

Aitak 213 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio semeari.

Robertok, semeak ez bezala, matematikako ariketak egin nahi zituen. Kontuak koadratzen zitzaizkion, gainera: gu + haiek + hauek + hangoak = 27. Baina orduan aita etorri zitzaion sutan, ezetz, sagarrak eta udareak ezin zirela elkartu, batuketa hura astakeria zela, matematikako eta naturaren arau guztien kontrakoa.

Eta Robertok baietz. Eta aitak ezetz. Eta Robertok «hemen nik egiten ditut batuketak», eta aitak «etxetik botako zaitut», eta Robertok «niri agindurik ez», eta aitak «cuando seas padre comerás huevos» eta Robertok «ez, aita, zapatarekin ez»…

Une batez, berak ere salaketa jar lezakeela bururatu zaio. Ziurrenik irabaziko luke: egon badago jurisprudentziarik. Alabaina, burutapen horrek urarekin batera egin du ihes isurbidetik.

Roberto jantzi eta lanerantz abiatu da. Bilera garrantzitsu —eta alferrikako— bat dauka Nafarroako parlamentuan, baina berdin zaio.

Jada ez du matematikaz ezer jakin nahi.]]>
<![CDATA[Zerumugan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-03-13/zerumugan.htm Thu, 13 Mar 2014 00:00:00 +0100 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-03-13/zerumugan.htm
Etorri leihora eta zerurantz begira ezazu. Bai, badakit behekoa interesgarriagoa dela, horko kaleetan badagoela zer ikusi, zer dastatu, zer txalotu. Baina orain begira ezazu zerura, altxa ezazu hatz erakuslea eta aukera ezazu hodei bat. Hodei bat.

Edozein.

Eta orain, mesedez, jarrai ezazu hodei horren ibilbidea zure hatzaz. Begiak iltza itzazu bere gainean eta jarrai ezazu hatzaz. Azkar doa, egun haizetsua baita gaurkoa, baina segi ezazu, ez galdu, azter itzazu bere mugimenduak eta bere norabidea.

Urruntzen hasi da. Laster pasako da hango etxeen atzetik eta ezin izango duzu jarraitu. Laster zerumugako muga zeharkatuko du eta galduko duzu.

Eta orain, alkate jauna, galde iezaiozu zure buruari ea nora joaten diren galtzen ditugun hodeiak.

Egia. Ez nauzu ezagutzen, eta dagoeneko denbora gehiegi lapurtu dizut. Segi zure bulegora, hiri zinez ederra baitaukazu gobernatzeko. Ez ahaztu, baina, hodei bat galdu dela zure hirian, hodei bat galdu zaigula, Hodei Egiluzen hodeia.

Ez ahaztu, eta saia zaitezte aurkitzen.

Ez bedi Hodeiren hodeia betiko gal Anbereseko zerumugan. ]]>
<![CDATA[Makarrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-03-06/makarrak.htm Thu, 06 Mar 2014 00:00:00 +0100 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-03-06/makarrak.htm
- Hi lehen ez hintzen horrelakoa, Xabi. Aldatu haiz.

Seko txunditurik geratu nintzen.

Nire lagun Felixen argudioei jaramon egitera, nire zutabeek politikara egin dute salto. Antza, azken asteotan PPri diodan herra nagusitu da, halako moldez non behinola erabiltzen nituen gaiak alboratu ditudan. Nonbait, lehen bestelako gaiak erabiltzen nituen, gai sozialagoak, gertuagokoak nahi izatera. Lehen gai omen nintzen garrantzirik gabeko gauzez hitz egiteko. Orain, ordea, beti jotzen omen dut Espainiako gobernuaren kontra, nire geziek beti dute helburu bera, PP eta Madril, Madril eta PP, begizta amaiezin baten barruan banengo bezala.

Harriduraren ostean haserrea iritsi zen. «Aldatu haiz» hura labankada zorrotz baten gisan sentitu nuen.

- Hik zer nahi duk, Felix? Ezer gertatuko ez balitz bezala egitea? Irudizko lurralde zoragarri eta akasgabe bat sortzea eta horri buruz hitz egitea? Lapurretak, ustelkeriak eta jukutriak nonahi ikusi eta ez salatzea? Gaizkileen konplizea izatea? Hori nahi duk, Felix?

Orduan begietako makarrak kentzen hasi zen eta bihotzak egin zidan krak.

- Oso ondo, Felix. Hurrengoan Yolanda Barcinaren Nafarroaz hitz egingo diat. Baina soilik heuk eskatu didaalako… ]]>
<![CDATA['Salvame']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-02-27/salvame.htm Thu, 27 Feb 2014 00:00:00 +0100 Xabier Etxaniz Rojo https://www.berria.eus/paperekoa/1643/040/002/2014-02-27/salvame.htm
Argiago, nekez.

Bai, ene lagunok, niri ere bururatu zaizkit zuei bururatu zaizkizuen galdera berberak: Ram Manikkalingam ote da ETAko lehenengo militante beltza? Ez al da Ronnie Kasrils hegoafrikarra zaharregia jarraitxuarena egiten ibiltzeko? Eta garrantzitsuena: zergatik atera dira biak bideoan buru-estalkirik gabe? Hasiberriei egindako burla bat ote? Ez dakit zuek, baina ni beraien tokian banengo, ez nintzateke batere lasai egongo…

Natorren harira, baina. Arestian esan bezala, bitxia da PPren jokabidea. Ez du ETArekin ezertaz hitz egin nahi baina norbaitek ETArekin hitz egiten badu, berehala joko du beregana non, nola eta zertaz hitz egin duten jakite aldera.

PP Belen Esteban bezalakoa da: gustuko ez duen zerbait entzun orduko haserre-plantak egin eta alde egingo du platotik, baina ondoko gelara joango da den-dena entzutera…

Covitekoek Auzitegi Nazionalera eraman dute Manikkalingam gizajoa, bai, baina ziur naiz ezen PPkoek, aukeran, Salvame de Luxe-ra eramango zuketela…]]>