<![CDATA[Xabier Gantzarain Etxaniz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 22 Oct 2019 18:29:04 +0200 hourly 1 <![CDATA[Xabier Gantzarain Etxaniz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Autozentsura salgai]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/048/001/2019-06-30/autozentsura_salgai.htm Sun, 30 Jun 2019 00:00:00 +0200 Xabier Gantzarain Etxaniz https://www.berria.eus/paperekoa/1956/048/001/2019-06-30/autozentsura_salgai.htm
Jendea lagun bila abiatu da desesperatuki, gertatzen ari zaiguna ulertzen saiatzeko hitzak eta giltzak emango dizkioten adiskideen bila, babes bila, lasai hitz egiteko giro baten behar larrian. Jendea lagun bila abiatu da desesperatuki, bere mina konpartitu nahi zuen, eta batzuetan ez du isiltasuna besterik jaso Whatsapp taldeetan. Isiltasunak luze jo du, beti jotzen du luzeegi, eta berantetsita iritsi diren hitzak, iritsi direnetan, ez dira ezer sendatzeko gai izan. Nor gero eta bere baitarago amildu da. Oihu bizian ari dira telebista guztiak batere garrantzirik gabeko gauzak esaten, nork nahi du bestelakorik gaur; hozkailuan zerbeza latak ilaran, ezagutu dugun munduaren hilotzaren ondoan. Ez dago giro zakar hau jasaterik edanari eman gabe. Esan gabe utzitako hitzek erre egiten dute barrenean. Baina ezer esateko beldurra gailendu da. Izua orokorra da bat-batean.

Entzun izan dut gazteengan geroz eta nabarmenagoa dela isiltzeko joera, beldurragatik, nork bere burua baztertzeko hautua. Ez da oraingoxea hikikomori izenarekin ezagutu genuen fenomenoa. Japoniak badaki, beste kultura bat izanagatik, kapitalismoaren baitan ugaltzen ari diren gaitzak gordinki erakusten. Irailaren 8ra arte egongo da ikusgai Madrilgo Reina Sofia museoan Tetsuya Ishida japoniarraren lana.

Madrilen bertan, Casado Santapau galerian, erakusketa ireki berria du Alain Urrutiak, uztailaren 27ra arte egongo dena. Hauxe du izenburua: The Age of Anxiety. W. H. Auden idazleak XX. mendearen erdian idatzitako poema luzeak bezala.

Bero egiten du udaran Madrilen, baina itomena ez da hainbestekoa.

Ez dakit itomen hau noiz hasi nintzen sentitzen. Jan egingo nauten beldur naiz, bizirik edo hilda. Gaizki esaka aritzea da Mexikon jendea jatea. Eta bogan dago hemen (ere) kanibalismoa.

Jendeak isiltzea erabaki du, eta euskarazko esfera publikoa kanika baten antzekoa da orain: txikia eta gogorra, hauskorra oso.

Bada joera, oraindik ere, sozialetik gutxi izan arren sare sozialak deritzogun horiek «mundu errealetik» bereizteko. Eta ez dut ulertzen. Ez dira ba hedabideak mundu errealetik bereizten. Sare sozialak esfera publikoaren parte dira, eta esfera publikoa ez bakarrik da mundu erreala, baizik eta gure mundu hau eraikitzen joateko tresna inportantea. Eraikitzeko esan dut, baina txikitzeko eta eraisteko erabiltzen da maiz, eta gure gaurko gizartea ongi erakusten du oraintxe bertan esfera publikoak: bateren bati harrika botatzeko kanika bat da.

Ezkutatu egiten da jendea orduan, ez da ausartzen pentsatzen duena esaten, batetik zein bestetik egurra etorriko zaion beldurrez, isildu egiten da, eta beste asko eta asko horri begira gaude, mutu, harrituta, ezer esateko beldurrez. Isiltasunaren espirala da, Elisabeth Noelle-Neumannek 1974an formulatua, eta hainbat jendek nik baino askoz hobeto azaldua.

Beti iruditu izan zait isiltasunaren espirala hausteko modu ona artea. Mundu erreala esaten diogun horrek ezartzen dizkigun lege, arau eta era guztietako debekuak hanka azpian hartzeko modu bat da, akaso bakarra. Daria Bogdanskaren eleberri grafiko bat jardun dut irakurtzen, espainolez Esclavos del Trabajo; bere isiltasuna hausteko modua izan zen seguru asko, gertatu zitzaiona kontatu beharrak bultzatua. Garai bateko Persepolis zoragarri hura ekarri dit akordura, Marjane Satrapirena.

Asteazkenean joan ginen Aitor eta biok, laneko bilera bukatuta, Tabakaleran dagoen erakusketa bat ikustera: Vivian Maier. Argazkilari errebelatua. Irakurria nuen nonbaiten historia, argazki batzuk ere banituen ikusita sarean, baina bertatik bertara ikusteko aukera ez nuen pasatzen laga nahi. Merezi du. Eta aldi berean tristea da. Eta gogorra: ohartzen zara batzuek isiltzea erabakitzen dutela, baina beste batzuk isiltzera kondenatuta egon direla luzaz.

New Yorken jaio zen Vivian Maier 1926an. Haurtzain aritu zen lanean New Yorken bertan eta Chicagon, 1950eko hamarkadaren hastapenetatik 90eko hamarkadara arte. Beste askorena bezala joango zen bizitza oso bat, 2007an kasualitatez berak egindako argazkiak fortunatu ez balira ikertzaile gazte baten bidean. Hala agertu zen altxorra: 120.000 negatibo. Hil ondoren bihurtu zen Vivian Maier, argazkilaria.

Isiltzea autozentsura modu bat denez eta autozentsura isiltzeko modurik txarrena akaso, isiltasuna hausteko beste modu bat, asko gustatzen zaidana, Mladen Stilinovic artistarena da. Arteari idatzitako maitasun gutun batean, post scriptum honekin amaitzen zuen: «Azkenaldian, zure askatasunaren forma autozentsurak higatu du batez ere. Horregatik erabaki dut zu pixka bat alaitzea autozentsura enkantean jarriz. Autozentsura erosten duenak beste zerbait ikusi ahal izango du. Autozentsura saltzen ari naiz. Hasierako prezioa 500 tolar da. Nork ematen du gehiago?».

Nire autozentsura 50 eurotan dago salgai.]]>
<![CDATA[Ondarea eta bizitza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/044/001/2019-06-02/ondarea_eta_bizitza.htm Sun, 02 Jun 2019 00:00:00 +0200 Xabier Gantzarain Etxaniz https://www.berria.eus/paperekoa/1950/044/001/2019-06-02/ondarea_eta_bizitza.htm
Argazkiek ezer ez esatea egin zitzaidan gogorra, haietan ageri zenarekin inolako loturarik ez sentitzea jada, eta argazki ezinago arruntak zirela ohartzea, une berezirik harrapatu ez eta argazki bitartez une bat berezi bihurtzeko asmoz eginak akaso, auskalo, baina finean, eta ez nuen espero inoiz neure argazkiak hala ikustea, paperezko lauki luze batzuk besterik ez.

Antzekoa gertatzen zait telefonoa bete eta argazkiak ezabatzen hasten naizenean ere. Denbora gutxian zenbat zabor pilatu dudan konturatuta harritzen naiz hasieran, eta errukirik gabe botatzen ditut zaborrontzi metafisikora, harik eta gordetzen ditudanei erreparatzen diedan arte: alaba jaten, alaba lo, alaba bainuontzian, alaba zinbili-zanbuluan, alaba bizikletan... Une berezirik ez, une arrunten pilatzea, une arruntak berezi direla esatea ondo geratzen bada ere. Gordetzeko baino bidaltzeko eginak, egin eta bidali orduko ahanzturara kondenatuak, telefonoa hustea tokatzen den arte. Ez dago Joan Fontcubertaren postfotografia kontzeptua ezagutu beharrik, poltsikoan daramazu, eskuan, buruan.

Telefonoko argazkiak ezabatzen ari zarenean, lekua egin behar baita hurrena ezabatuko dituzun argazki berrientzat, oso argi ikusten duzu kendu hau, kendu bestea, batzuk ez dituzula ezabatu nahi (oraindik), iraganetik zerbait salbatzen ari zarela. Aldi berean, ordea, garbi daukazu ezabatu berri duzun iragan baten hondarrak ari zarela gordetzen (momentuz).

Etxean ez nuen sekula aditu, berria zen niretzat, hondarra etortzen zitzaidan, eta zait, ondarea entzundakoan. Aspaldian asko entzuten da. Beharbada neu naiz, ohartu gabe ere, bila dabilena, edozein lekutan aurkitzen duena.

Ismael Manterolak artikulua idatzi zuen maiatzaren 21eko BERRIAn: Ondarea: teoriatik praktikara. Aurrez banekien Ismael bera bisita gidatua egitekoa zela maiatzaren 25ean, Arte ala ondare? Arantzazu ikur izenekoa.

Haizea Barcenillak zutabe eder bat idatzi zuen apirilaren 18an BERRIAn: Notre Dame sutan. Azken paragrafoak ederki laburbiltzen du zer den ondarea: «Aitak mezu bat bidali zidan mugikorrera: ezustean harrapatu nau suntsiketak, zioen, bitxia da, ez nuen imajinatzen Notre Dame desagertu zitekeenik; Cite irlaren berezko paisaiaren atal bat zen niretzat, betierekoa. Eta mezua irakurri bitartean barneratu nuen baietz, desagertu dela, ezagutzen genuen moduan behintzat; ondarea ez dela betierekoa, unibertsala ez den bezala. Ondarea ere zaurgarria dela, pertsonak bezala, eta zaintzak behar dituela, pertsonek bezala. Ez irabazi ekonomikoak ekartzen dizkigulako, ezta nazio baten sinboloa delako ere, ezta botere jakin baten adierazle izateagatik ere, baizik eta arima, historia eta izaera kontrajarriak bere barruan gordetzen dituelako, pertsona batek bezala».

Irailaren hasieran Brasilgo Museo Nazionala erabat kiskali zela iritsi zitzaigun albistea, moztu egin zizkiotela laguntzak, mantentze lanak ez zirela egin. 20 milioi pieza zeuzkan. Ondarearen hondarrak baino ez ziren geratu. Gero Bolsonarok irabazi zituen hauteskundeak urrian. Apirilean zabaldu zen Filosofia eta Soziologia fakultateei dirua kentzea daukala asmoa.

Gaur zortziko hauteskunde egunaren ostean Idurre Eskisabelek Twitterren idatzi zuen sentimentalki neoliberalak garela, eta horri bueltaka ari nintzela agertu zait Amador Fernandez-Savater, zutabe batekin: Antropologia neoliberala.

Iñigo Astizen bi bertso lerro dabilzkit obstinato baten gisan azken egunotan. «Guztia mintzo zait hemen / ulertzen ez dudan zerbaiti buruz».

Ez dakit ulertzen dudan, ez dakit behar dudan ere, baina badakit munduarekin eta neure inguruarekin pixka bat adiskidetu nauela Gehiengoaren hiria liburuak. Ander Gortazar eta Jonander Agirrek ariketa beharrezkoa bezain ederra egin dute Pasaialdeko arkitekturaz. Arkitektura ondareaz, nahiago bada. Eta oso gauza pertinenteak esaten dituzte. Hau bat: «Onar dezagun: 15 pisuko etxebizitza-dorrea baserria bezain euskal tipologia da».

Eta hau beste bat: «Rem Koolhaasek zioen, Veneziako bienalerako egindako Cronocaos erakusketaren harira, ondarearen babesa salbuespena azpimarratzean oinarritzen dela, eta ondorioz, ez dugula mekanismorik ohikoa, generikoa, mediokrea dena babesteko».

Argazkietan etxeak ageri dira, etxe arruntak, hormigoizkoak, adreiluzkoak, egunero zeure auzoan ikusten dituzunen antzekoak, eta orduan konturatu zara ez dagoela zertan berezi egin ezer, arrunta ere izan daitekeela, badela ederra: alaba jaten, alaba lo, alaba bainuontzian, alaba zinbili-zanbuluan, alaba bizikletan...]]>
<![CDATA[Adimena artifiziala da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2019-05-05/adimena_artifiziala_da.htm Sun, 05 May 2019 00:00:00 +0200 Xabier Gantzarain Etxaniz https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2019-05-05/adimena_artifiziala_da.htm
Ez dut esan nahi lana dela bizitzaren ardatza, eta horren inguruan eraikitzen dela gure egunerokoa. Ez da hori bakarrik: gure bizitza bera da lanerako lehengai nagusia. Gure emozioak, gure jakin-mina, gure bizipoza bera ere, lanera daude aspaldi bideratuta. Dena esatera, lanera baino autoesplotaziora. Ez dakit irakurri duzun Remedios Zafraren El entusiasmo saiakera, zapla ederra ematen dizu.

Baina nork bereak uste dituenak bakarrik balira sikiera, gaitzerdi. Eraman dezaket, jasan dezaket, batzuetan behintzat, nire bulkadak eta desioak lanera bideratzea, lanari ematea nire jakin mina, baina zailagoa egiten zait, miserableagoa sentitzen naiz, neure bizitza bera ematen diodanean, batez ere lagunak, adiskideak, afektuak. Espainolez irakurri nuen Paolo Virnoren Grammatica della moltitudine. Per una analisi delle forme di vita contemporanee, eta harrezkero beste bat naiz, itsusiagoa neure begietara.

Adibide bat: Tabakalerako kultur zuzendari berria aurkeztu dute egunotan, eta bere harreman sarea nabarmendu dute, «elkarlan-sare zabala» hitzez hitz, bere gaitasunen pareko. Hori da gure gaurko patu malapartatua: harremanak egiteko gaitasuna da gure tasunetan inportanteena.

Bizitza bera da lanari ematen dioguna. Kapitalari.

Zutabegileetan maiteena Danel Agirre dut. Otsailaren 22an argitaratu zuen Gipuzkoako Hitza-n (beste) zutabe antologiko bat: Burgosko lursaila baino are hobea. Egia esan, joan zen hileko artikulua ere horko ideia batetik abiatuta hasi nintzen idazten, nahiz eta gero beste kontu batzuetara joan gogoa. Ez dakit inork serio hartu duen ideia hau, hil ala bizikoa da, bestela geure bizitzak ezin bizitzea dakarrelako, arestian esan bezala:

«Sinesmen berberak bateratzen gaitu aipatu adiskide pesimistok: laneko gure egoera errotik aldatu ezean laster gaixotuko garelako konbentzimenduarekin bizi gara. Itolarria, etengabeko akidura, etorkizunari beldurra. Enpleguak eragindakoak dira guztiak. Eta hortxe lagatzen gaituzte salduta, behin eta berriro, aho txikiarekin beharginen alde ari diren indar politikoek. Lan baldintza duinagoen promesaren zepoan katigatuta segitzen dute, baina askoz sinpleagoa behar luke programak: ordainpeko jardueren aroa gainditzeko bideari ekitea herritarrei proposatzea».

Teknologiak lanetik askatuko gintuen fedea ez da berria, baina justu kontrako bidea hartzen ari dela dirudi. Amazonen makinak daude jendea kalera bidaltzea erabakitzeko. Produktibitatea neurtzen dute, bai eta langileak atseden hartzen duen denbora ere, eta aurrez ezarritako neurria ematen ez badute, kalera bidaltzen dituzte. Hori ere ez da berria, baina adimen artifiziala esaten diogun horrek denbora gutxian hartu duen indarra izutzekoa da. Utopiak ez eta distopia guztiak betetzen ari direla sentitzen dugu gaur.

Anekdota bat da kontatu nahi dizudana, baina apofenia daukat antza, azkenean ikasi dut nire gaitzaren izena, eta paradigma aldaketa ikusten dut edozertan, eta beti okerrera. Beste hipotesia sendoagoa da akaso: zahartzen ari naiz.

2018ko urriaren bukaeran atera zuen Christie's etxeak Edmond de Belamyren erretratua enkantera, Adimen Artifizialak sortutako lehen koadroa omen. Erosleak, telefonoz, 432.500 dolar ordaindu zituen artelanagatik, sinadura berezia zeramana: algoritmo bat. Antza denez, Frantziako Obvious kolektiboak sortu zuen algoritmo hau, aurrez sortutako GAN bat erabiliz (Generative Adversarial Network). Algoritmo honek bi zati omen dauzka: batetik Sortzailea, eta bestetik Baztertzailea, eta Obvious kolektibokoek alde Sortzaileari XIV. mendetik XX. mendera bitarte margotutako 15.000 erretraturen datuak sartu dizkiote, honek berria egin dezan, eta ikusi ahal dugun emaitza alde Baztertzailea engainatu ahal izan duena da, benetako erretratu bat dela sinistu baitu, eta beraz, ontzat eman.

Marcel Duchampek pixatoki bat erakutsiz engainatu ahal izan zuen alde Baztertzailea, duela ehun urte. Zer egingo ote luke algoritmo horrek, erretratuak sartu beharrean XX. mendeko arte abstraktuaren datuak sartuko balizkiote? Zer emaitza emango luke ontzat alde Baztertzaileak? Ezaguna egingo litzaiguke? Artea jarraituko luke izaten? Balioko liguke ezertarako, pareta bat dekoratzekoz beste? Edo Hito Steyerlek esango lukeen gisa, zertarako da artea, kapitalismoa edertzeko besterik?

Edmond de Belamyren erretratuak gauza bat utzi baitu agerian: artea ez dago artistaren eskuetan edo buruan bakarrik, artea batik bat ikuslearen begietan edo buruan dago.

Artifiziala, definizioz, gizakiak egina da. Gizakion adimena bai dela artifiziala, egunez egun eta mendez mende eraikia, milioika lagunen bizitzekin. Eta heriotzekin.]]>
<![CDATA[Pertseidak Manjarresen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2019-04-07/pertseidak_manjarresen.htm Sun, 07 Apr 2019 00:00:00 +0200 Xabier Gantzarain Etxaniz https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2019-04-07/pertseidak_manjarresen.htm
Beharbada jada batere ez.

Ur geldietan igeri ari naizen irudipena gailendu zait aspaldian, ustel usainagatik diot, baina ustel usaina neurea da. Egurastu egiten naiz oporretan, batez ere fantasiari jaten emateko ausardia biltzen dudalako bigarren garagardo lata zanpatu eta zaborretara botatzearekin: eta dena utzi eta bertan geratuko banintz bizitzen? Eta ia berdin zait lekua.

Badakit, ilusio faltsua da, Joseph Brodskyk aspaldi esan zien ikasleei: edan egingo duzue, drogak hartu, hiriz aldatu, sexuan urtuko zarete, adulterioan, lana utziko duzue, beste bat bilatu, bikotea utziko duzue, beste bat bilatu, eta goiz batez ohean esnatzean airea, eta argia bera ere, zahar mindua irudituko zaizue, eta konturatuko zarete ez dagoela eskaporik.

Kavafisena, berriz, hobe sekula irakurri ez banu: hemen galdu duzuna ez duzu beste inon berreskuratuko.

Eta hala ere arindua hartzen dut, eguneroko bizitzan hainbeste zapaburu eta apo irentsi behar izan eta gero, leku batean zerotik has nintekeela pentsatuta, ur garbietan, ur bizietan igeri.

Errioxako kanpin batean geunden, goizean plisti-plasta, bazkalondoan siesta, iluntzean ardoa beste zereginik gabe. Gauetan, argira hurbiltzen ziren intsektuen konpainia bakarrarekin, aspaldi egin gabea neukana egiten hasi nintzen: nobela bat irakurri. Irentsi idaztera nindoan, zer diren hizkuntzaren konbentzioak, zer den inertzia, zer korronteak eramaten uztea. Dastatu egin nuen, Bohumil Hrabalen Bakardade ozenegia liburuko Hantak ohi zuen gisan, goxokia bailitzan, likorea bailitzan, ahoan hartu eta matrail barrenak busti, aho sabaia gero, ondoren izpiritua eztarrian behera joaten utziz, erre, nigan disolbatzeko. Michel Houllebecqen Mapa eta lurraldea zen, ez dakit Hantak salbatuko lukeen paper orea egiteko makinatik, nik bai.

Kasualitate politak gertatzen dira batzuetan liburuekin, Camusen Arrotza uztailean irakurtzea adibidez, edo Mapa eta lurraldea Errioxako kanpin batean, husten ari diren herriz inguratuta. Kasualitate politak: ez nintzen Sergio del Molinoren Espainia hutsa liburua irakurri zaharra. Egin beharko litzateke Euskal Herriari buruzkoa ere noizbait; Ibon Aranberriren lana etorri zitzaidan gogora, Itoizko urtegia, Artozki, ur geldoen pean geratu diren herriak. Urtegi inguruetan sortu ziren oporretarako urbanizazioak.

Bat-batean, dena bildu zen batean. Tabernako egunkariak handiz zekarren pertseidak ikusi ahal izango zirela hurrengo egunetan. Kosmosak bazuen zentzurik beraz.

Bisitan etorri zitzaigun familia, lagun batek etxea utzi ziela Manjarresen. Non?

Han bukatu genuen denok. Ondoko herrian igerilekua zegoen, taberna zeukan, sua egin eta arkume txuletak erretzeko lekua ere bai, harrizko banku eta mahaiekin, itzaletan. Eguna han pasatuta Manjarresera erretiratu ginen iluntzean. Kalean ez zebilen inor. Etxea zaharra zen, terraza zeukan. Zuhaitzak ikusten ziren urrunera, behean baratzeak, soroak. Izarrak loretan zeuden. Pena hartu nuen konstelazioez tutik ez nekielako, ez hartzik ez antzekorik aurkitzeko gai ez nintzelako. Baina berdin-berdin egon nintzen miraz begira.

Okinak esnatu gintuen goizean bozinarekin. Bilbotik etortzen zela egunero, han ogiak hartu eta inguru haietako herriak pasatzen zituela, lana zela behintzat, zerbait. Astean behin pasatzen zela arrandegia, eta baita denetik saltzen zuen furgoneta ere. Ikusi egin genuen gero: albo batetik igo, arroza, pasta, detergentea, komuneko papera erosi eta atzetik jaisten ziren denak, laurogei urte inguruko emakumeak. Fantasia bere tartea eskatzera ez zela egun hartan etorriko iruditu zitzaidan.

Ondoko herrira joateko plana egin genuen eguna pasatzera, gauean etxera itzuli eta, ordua ere emana zuten, goizaldean terrazatik pertseidak ikusteko. Nobela dastatzen eman nuen eguna igerileku inguruko zelaian etzanda, nigan disolbatu arte, baina ez naiz gauza askorekin akordatzen orain, bakar batekin baino ez: Jed Martin artistak, liburuko protagonistak, bere erakusketa bati izenburu hauxe jarri zion: «Mapa lurraldea baino hobea da».

Egunak emango nituzke Google mapsen. Oraintxe sartu naiz azkena, Itoizko urtegia bilatzeko, satelite bidez ikusteko, eta gero Manjarres. Egunkarietan agertu zen handik gutxira, narkotrafiko talde batek Manjarreseko txabola batean gordetzen zuelako droga, taldeko buru zenaren aitona-amonen txabolan, biak laurogeita hamar urtetik gorakoak.

Gauean terrazan etzan ginen pertseidak ikusteko. Segituan nintzen zurrunka, esan zidatenez.]]>
<![CDATA[Probintzianismoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/031/001/2019-03-10/probintzianismoa.htm Sun, 10 Mar 2019 00:00:00 +0100 Xabier Gantzarain Etxaniz https://www.berria.eus/paperekoa/1956/031/001/2019-03-10/probintzianismoa.htm
Hori idatzi nuen lehengo hilean, eta ez nintzen konturatu hasieran: euskaldunok zatiketa hori egiten badugu, herrikoa vs. nazionala, eta kulturari bagagozkio bederen, horrek esan nahi du azken beltzean gure kultura ez dugula ikusten munduan, akaso bai munduko, baina ez munduan, ez testuinguru globalean, eta esango nuke euskal kultura gure lurraldetik harago munduan kokatzea ezinezko egiten zaigula. Etxepare institutuak erakusten du ondoen zein den gure barren-barreneko susmoa: euskara, euskaraz sortzen den kultura, hutsaren hurrengo da, haren berri eman behar dugu munduan, prestigioa eman. Balioan jarri, esango luke politikariak.

Kuriosoa da: azken urteotan artistak inongo instituturen beharrik gabe ibili dira munduan zehar lanean, eskolak ematen, erakusketak egiten, munduko beste edozein tokitako artistekin batera, biurteko inportanteetan, akademiarik ospetsuenetan, museo eta galeria ezagunetan. Eta munduan zehar erakutsi duten lana bertan egiten zaigu ia-ia ezezagun. Eta aldiz, maite ditugun idazleak, geure bizitza kontatzen ari direla iruditzen zaizkigun horiek, ez ditugu hartzen, ez ditugu ikusten mundu mailako, eta haien lanak ez dakigu beste idazle batzuenekin alderatzen.

«Nola definitu probintzianismoa?», galdetzen zuen Milan Kunderak bere Errezela liburuan, eta erantzuten: «Nork bere kultura testuinguru handian ikusteko ezintasuna (edo arbuioa) da». Bere ustez bi probintzianismo mota daude: nazio handiena eta txikiena. Nazio handiek ezin dute eraman literatura mundialaren ideia, Weltliteratur deritzona; euren literatura hain aberatsa iruditzen zaie, ez dute beste leku batzuetan idazten denaz interesik. Nazio txikiak, aldiz, uzkur dira testuinguru handiarekin, mesfidati, justu kontrako arrazoiengatik: estimu handitan dute munduko kultura, baina arrotza egiten zaie, zeru urrun baten gisakoa, iritsi ezina, euren buruen gainetik, halako errealitate ideal bat, zeinarekin zerikusi gutxi duen euren literatura nazionalak.

Gero zetorren kolpea: «Nazio txikiak bere idazleari buruan sartu dio berea bakarrik dela. Begia aberriaren mugetatik harago jartzea eta artearen mugaz gaindiko lurraldean bere kideekin biltzea handinahikeriatzat hartzen da, herrikideekiko mespretxutzat. Eta nazio txikiek maiz bizi dituztenez egoera larriak, euren biziraupena kolokan egoterainokoak, erraz lortzen dute euren jarrera moralki justifikatutzat azaltzea».

Eta kitto, berez hortxe bukatzen da gaurko artikulua.

Baina luzeago idazteko ordaintzen didatenez, jarraitu egingo dut. Milan Kunderak honela jarraitzen du: «Nazioak bere artistekiko duen pultsio posesiboa testuinguru txikiaren terrorismo gisako batez agertzen da, obra baten zentzu guztia bere herrian betetzen duen paperera mugatuz».

Kezka automatikoa da, jakina: ez ote dut neuk gauza bera egiten? Ez ote dut neuk ere lan bat nire herrian betetzen duen funtziora murrizten? Ez ote dut artista baten lana hartu eta mundura ireki beharrean testuinguru txikiaren kartzelara kondenatzen? Eta egiten badut, zergatik, nola, zein ezaugarri ditu murrizte horrek?

Nazio handien probintzianismoaz ari denean ere zorrotza da Milan Kundera, eta aipatzen du Frantzian XX. mendearen amaieran egindako inkesta bat. Pariseko egunkari batek stablishment intelektualeko 30 laguni egin zien inkesta, bakoitzari hamar liburuko zerrenda eskatuz, galdera honekin: zein liburuk eman diote forma Frantziari? Hamar liburuko hogeita hamar zerrenda horietatik 100 liburuko bakarra atera zuten azkenean. Bere ustez, idazle atzerritar bat harrituta geratuko zatekeen zerrenda ikusita. De Gaulle Rabelaisen aurretik! Nire Bouvard eta Pecuchet maiteak, berriz, azken putz.

«Esango zait zerrenda honek, probintzianismoa baino, oraingo norabide intelektuala erakusten duela, irizpide estetikoek geroz eta pisu gutxiago izatea nahi duena. Nabarmena da, baina horrek hauxe bakarrik erakusten du: balio estetikoarekiko indiferentziak kultura guzti-guztia probintzianismora baztertzen duela, zoritxarrez».

XXI. mende hasierakoa da liburua, oker ez banago. Harrezkero Kunderak aipatzen duen norabide intelektuala sendotu baino ez dela egin esango nuke, eremu guztiak hartu dituela, eta gaur irizpide estetikoak traba direla gehiago, beste ezer baino.

Eta amaitzen du: «Batek bere herritik kanpo jaiotako liburuak balioengatik (estetikoak, filosofikoak) maite ditu. Eta balio hauek testuinguru txikiaren ikuspuntutik ez dira ondo jasotzen, nazio handi baten testuinguru txiki harroa izan arren».

Zuloagaren erakusketa iragarri dute udarako Bilboko Arte Ederren museoan.]]>
<![CDATA[Internazionala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2019-02-10/internazionala.htm Sun, 10 Feb 2019 00:00:00 +0100 Xabier Gantzarain Etxaniz https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2019-02-10/internazionala.htm Greenwichekoa ez da meridiano bakarra. Kasetean grabatu eta urte luzez autoan ibiliko dut bueltaka gero, auskalo non galdu arte, Jacques Ranciere eta bere disensoa deskubritu baino puskaz lehenago. Domaia da hitzaldi hori inoiz ez argitaratu izana liburu forman. Balio du gaur ere, gaur inoiz baino gehiago balio du, mundua meridiano bakar batek eta presidente bakar batek gobernatzen dutela ematen duenean. Ez dakit non ikusi nuen, Mega telebista katearen albistegiari ateratako argazki bat zen, kaptura bat, pantailazo bat: Donald Trump ari zen hizketan, eta behean hitzak: Donald Trump, Venezuelako presidentea. Hori da gauzak argi esatea. Edo mega-argi.

Koldo Izagirrek hitzaldi horretan aldarrikatzen zuena, azkar eta gaizki esanda, munduaren ordena naturala bere horretan ez onartzea zen. Nork bere kabuz pentsatzea, zaila bihurtu dena gaur. Jacques Rancière filosofoak tresna bat proposatu zuen horretarako: kontsentsuaren kontra, disensoa, diferente sentitzeko aukera, denok onartu beharko genukeen hori, datuak esate baterako, zalantzan jartzeko modua.

Ni behintzat geroz eta gehiago aztoratzen nau denok onartu beharko genukeen horrek. Esan nezake dotoreago akaso, baina orain ez da hori garrantzitsuena: faxismoa gure ateetan dago. Eta ez dakit nondik hasi...

Oso zeharkako kontu bat da, baina nonbaitetik hasteagatik, beti egin zait harrigarria bere jardunean, arte kritikan eta komisariotzan, hain zorrotz aritzen den batek hain lasai esatea bere jarduna eremu lokalean, nazionalean eta internazionalean gauzatu duela. Leku komun horiek dira izua eragiten didatenak, horiek hain erraz onartzeak.

Beti egin izan dit grazia, zerbait esatearren, Tabakalerak bere burua Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentro gisa definitzea, eta ez ikustea autodefinizio horrek automatikoki bere sintomak azaleratzen dituela, negatiboan.

Ulertzen dut, ulertzen da, akabo ba, kultura garaikidearena, baina ba al dago garaikidea ez den kulturarik? Urteak dira, baina denbora ez da distantzia, Edorta Jimenezek eta Erramun Landak erakusketa zirraragarri bat ondu zutela: Denbora ez da distantzia. Eta han ikasi nuen, harenak neuk irakurtzen ditudanean, Federico Garcia Lorca poeta euskalduna dela, ni baitan, metabolismoz. Begietatik arimara ni baitan berpiztu egiten dela. Eta harrezkero badakit kultura oro garaikidea dela gaur.

Eta arrazoi berberagatik dakit denok, baita bere ziutatetik inoiz atera gabe hainbeste urte iragan eta gero ihes egitea erabaki zuena ere, baina baita bere etxetik inoiz atera gabea ere, den-denok garela geure baitan internazionalak, mundua bat eta bakarra baita. Eta edozein herritako liburutegi publikoa internazionala dela, baina baita liburutegirik gabeko herria ere, bere soilean, bere sotilean. Denok daramagu mundua gure baitan, eta internazionalak gara berez, munduko garen heinean.

Akordatzen naiz Hiru Trukuren kontzertuetan nola egiten zuen txantxa Ruper Ordorikak, Bob Dylan Euskal Herrian noiz ibili ote zen galdetzen zuenean, estatubatuarrak abesten zuen kantu bateko oso antzeko istorioa jaso baitzuen hirukoteak euskal kantu tradizional batean. Eta akordatzen naiz nola flipatu nuen Jaun Zuriano entzutean, Arturo Erregearen istorioan bezala harritik ateratzen zuelako ezpata.

Orduan, mundua bat eta bakarra baldin bada, eta istorioak antzekoak mundu guztian, ez dut ulertzen nola dagoen dena oraindik hiru esparru horietan sailkatzeko joera: lokala, nazionala, internazionala. Eta nola jan dugun diskurtso hori batere disensorik adierazi gabe. Eta nola egiten dugun euskaldunok hain erraz, ikusita gainera gure neurria eta artxipelago itxura, beste zatiketa zantar hori, herrikoa vs. nazionala, herrikoa herrirako bakarrik balitz bezala, eta nazionala nazio osoarentzat. Ez dakit zergatik erabiltzen ditugun oraindik hain eskema zaharrak. Bueno, jakin badakit, erosoa da.

Baina gure tragediaren neurria beharbada Harkaitz Canok azaldu du ongien Argia-n egin zioten elkarrizketan. Neu ere liburu horixe irakurtzen ari naizenez, hona ekartzeko tentazioari ezin izan diot eutsi: «Ivan de la Nuezek argitaratu du liburuxka polit bat, Teoria de la retaguardia [Atzeguardiaren teoria], eta esaten du multikulturalismoa saldu digutela globalizazioaren kontrako erreakzio bezala, baina multikulturalismoa izan dela globalizazioaren barruko fase exotikoa, eta hori bukatu da. Eta iruditu zitzaidan esaldi bat, lapidarioa bezain egiazkoa: hizkuntza txikien eta kultura txikien ikusgarritasuna -hain modan dagoen hitza-, ekosisteman betetzen dugun edo bete uste izan dugun lekua, oso auzitan dago. Arrabola ikaragarria pasatzen ari da gainetik eta horrek eskatzen du erresistentzia heroiko bat, guri ez zaiguna arrotza, entrenatuta gaude, baina hor ikusten dut orain ere euskal kultura».

Eta ni ez nago hain seguru erresistentzia heroiko baterako prest ote gauden. Nahiago nuke. Tamalez, internazionalak izateko beste modu bat da urgentea oraindik ere, Arestiren itzulpenekoa.]]>
<![CDATA[Jaten eman]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/029/001/2019-01-13/jaten_eman.htm Sun, 13 Jan 2019 00:00:00 +0100 Xabier Gantzarain Etxaniz https://www.berria.eus/paperekoa/1957/029/001/2019-01-13/jaten_eman.htm
Badira hilabete batzuk Terry Eagleton maitearen liburua irakurri nuela, Cultura, espainolez. Eta bertan azpimarratutakoetatik bat bedera oroitzen ez nuela uste nuenean, han datorkit burua jatera, ados ote nagoen galdatzera, azaltzeko eskatuz, esaldi bat, laburra eta sinplea: «Kulturaren egitekoa jaten ematen dion eskuari haginka egitea da».

Baietz iritzi nion hasieran, batez ere testuingurua aintzat hartuta: «Gizarte kapitalista industrialak aberastasuna sortzen du erakundeak eratzeko, hala nola arte galeriak, unibertsitateak eta argitaletxeak, eta gero erakundeok gizarte hori gaitzetsi egiten dute bere diruzalekeria eta filisteismoagatik. Zentzu horretan, kulturaren egitekoa jaten ematen dion eskuari haginka egitea da».

Eta gero ere ezin nuen esan ados ez nengoenik. Izatekotan, terminoaren hautaketak sortzen zidan zalantza, egiten digutena kultura dela eta guk egiten duguna artea dela esan zuen norbaitek, eta aukeran artea jarriko nuke nik, artearen egitekoa jaten ematen dion eskuari haginka egitea dela sinistuta bizi bainaiz, baina osterantzean ezin nuen esan bat ez nentorrenik.

Hala ere, karranka egiten zidan esamoldeak, eta espainolezko itzulpenari egotzi nion errua hasiera batean, baina ez, halaxe zetorren jatorrizko bertsioan ere: In this sense, it is the role of culture to bite the hand that feeds it.

Nahi duzuena izango da Eagleton, baina ez ergela, eta errazkeriaz erabili izana ezin baztertuzko hipotesia izan arren, txandrioa orokorra baita eta ahuldadea ere bai, pentsatzekoa da nahita erabiliko zuela, edo hala pentsatu nahi dut behintzat, esamolde horren erabilerak berak erakusten baitu auziaren muina: kulturari jaten ematen zaio.

Aspalditik dator mezua, euskaldunok behin eta berriz entzun eta pairatu behar izan duguna: laguntzarik gabe kulturak ezin du bizi; erakunde publikoen babesik gabe kulturak erreka joko luke, ez litzateke buruaski. Kulturari jaten ematen zaio. Gezurra da, topiko bat, beste hainbeste bezala errazkeriaz eta erosoa delako errepikatzen duguna. Industriari ez, turismoari ez, beste ezeri ez; kulturari bakarrik ematen zaio jaten?

Baina kulturari jaten ematen zaio. Berez ezin du, gauzeztana da, menpekoa erabat. Bestela esanda: maskota bat.

Gizartearentzat kultura maskota bat da. Ez dut esan bankuentzat, enpresa multinazionalentzat, erakunde publikoentzat, alderdientzat, hagintarientzat, gizartearentzat esan dut.

Definizioz, basatitik zeukana erauzi, etxekotu eta gizakiari konpainia egitea beste zereginik ez duen animalia da maskota, tarteka sofaren tapizeria urratu edo alfonbra gainean pixa egin arren oro har esaneko eta otzan. Etimologiaz, zori ona dakarren konpainia, amuletoa, talismana. Gaur egun, besteak beste, kirol taldeen panpina.

1977an idatzi zuen John Berger zenak animalien eta gizakien arteko harremanari buruzko testu eder bezain beharrezko bat: Zergatik begiratu animaliei? Ez du maskota hitza aipatzen, baina hauxe dio besteak beste:

«Lehen, klase sozial guztietako familiek zeuzkaten etxean animaliak, baliagarri baitziren: etxea zaintzeko txakurrak, ehizarakoak, saguak harrapatzeko katuak eta beste. Beren egitekoa gorabehera animaliak edukitzeko ohitura berrikuntza modernoa da eta bakana historian, fenomeno horrek gaur egun hartu duen eskala soziala kontuan izanik. Erabat pertsonala izanagatik, familia unitate txikiaren intimitaterako aho batezko erretiraren parte da, kanpoko munduaren oroigarriz jantzia eta apaindua, kontsumo gizarteen berezko ezaugarrietarik».

Bada mundurik gaur?

Batzuetan ematen du kulturaren egitekoa jaten ematen dion eskuari haginka egitea izan beharrean, haginka egiten duen eskuari jaten ematea dela, lasaigarri bat, kontsolamendu bat, maskota bat.

Horixe gertatu zitzaion Picassoren Guernica ezagunari ere.

Baina beste batzuetan artearen egitekoa jaten ematen dion eskuari haginka egitea da oraindik, harrika egitekoa haginka egiten dion hagintari saldoari. Eta halakoetan pizten da, inoiz piztekotan, jatorrizko Guernica haren berezko indarra eta sinbolo unibertsal bilakatzeko ahala.

Zeini jaten eman, hura hazi. Zeini jaten eman, hura izan.]]>
<![CDATA[Noiz bukatuko da?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/041/001/2018-12-02/noiz_bukatuko_da.htm Sun, 02 Dec 2018 00:00:00 +0100 Xabier Gantzarain Etxaniz https://www.berria.eus/paperekoa/1957/041/001/2018-12-02/noiz_bukatuko_da.htm Laboa gertutik erakusketaren itxierarekin, Azpeitian antolatu dugun Laboaldia. Lankide eta konplize dudan Aitorri aitortu nion, hasi aurretik: Mikel Laboa berriz aditzera jarri nau, eta horrexegatik bakarrik bada ere balio izan du.

Asko gozatu dut, kantuan aritu naiz aspaldiko partez, haurtzaroa ekarri dit, anaiaren diskoak bere lehen soldatarekin erosi zuen musika ekipoan bueltaka, ama leihotik begira lurruna kendu gabe, ni landura hartan marrazkiak egiten, ur tantak behera nola egiten duen ikusten, zirrikitu estu hartatik parkera begira, denok mahaira bildu aurretik.

Baina Ana Gandarak Azpeitiko hitzaldian esan zuen bezala, gazi-gozoa egin zait Lekeitioak entzutea, mingarria ere bai batzuetan, eta batik bat Gernika. Eta konturatu naiz edozein koadrok baino hobeto irudikatzen duela Gernikako bonbardaketaren horrorea Mikel Laboaren oihuak.

Hala ere, aitortuko dut, itzela iruditzen zait Picassoren Guernica. Beharbada horregatik ematen dit hainbesteko pena eta amorrua zer bilakatu den ikusteak. Arrazoi du seguru asko John Bergerrek: Guernica koadroa Picassok sufrimendua nola imajinatzen zuen erakusteko ariketa bat da, ez besterik. Baina hala ere.

Karmen Zabaletak argazki bat jarri zuen joan den ostegunean Twitterren. Picassoren Guernica ageri da hondoan, lurra egurrezkoa da, banku batzuk daude, jendea dago eserita koadroari begira. Isiltasuna. Hitz bakar hori jarri zuen Karmen Zabaletak argazkiarekin batera. Eta bikaina iruditu zitzaidan. Eta pentsatu nuen zer izango ote zen Guernica ikustea 1937an Pariseko Nazioarteko Erakusketan. Edo handik gutxira Inglaterran erakutsi zutenean.

Asier Mendizabalen Balio faziala lan zorrotza aipatu nuen aurrekoan, eta hau ere badio artistak han: «Alcazar sutan, Toledoko paisaia heroikoa-k nazioarteko biurtekoan izan zuen agerpena bitarteko, Picassoren Guernica-ren ifrentzua, borondatez ala nahi gabe, irudikatzen zuela proposatzea ariketa erretoriko hutsa lirudike. Azken finean, eta Sertek Parisen urtebete lehenago itxuratutako Santa Teresaren eskuhartze militarrarekin gertatu bezala, hogeigarren mendeko pintura famatuenari kontrajartzen zaiona hemen, arte historiaren kanonean ia azaldu ere egiten ez den margo bat da. Baina beste behin, kanon historiko horixe idatzi aurretiko momentura ekartzen badugu gure ikuspuntua, imajinatu ahal dugu bestelako etorkizun nahasgarri bat: Biennale-a oraindik irekia zela, 38ko urriaren 4an, Londresko Burlington Galleries-etan erakutsi zuten Guernica, Picassoren zirriborro guztiekin, urriaren 29ra arte luzatuko zen erakusketa batean. Horren segidan, abenduaren 9an, Lady Ivy Chamberlain, atzerri ministro britainiar izandakoaren alargunak egindako bitartekaritzari esker, Zuloagaren erakusketa asmo handiko batek hartzen zuen txanda Burlington Galleries haren gela berberetan. Lan aukeraketan Veneziatik zetozen asko gehitu ziren. Tartean, Ciano kontearen Requete zaharra eta, agian halako mendeku historiko izateko asmoarekin, Alcazar sutan, Toledoko paisaia heroikoa».

Etorkizunak bazeukan diferentea izatea, ahaztu egiten dugu. Okerrago ere izan zitekeen, egia da, askoz hobeto ere bai.

Izan diren iragan guztiak daude gure baitan, harri, zauri, zama, baina gugan daude izan ez diren etorkizun guztiak ere, aire, arnas, arma.

Mikel Laboak 3 urte bete gabe zeuzkan 1937ko apirilaren 26an, Gardatan bizi zenean familiarekin. Gernika kantuari buruz galdetu zioten batean, etxean entzundakoak ekarri zituen, abioien burrunba, baina baita beste gertaera bat ere, askoz geroagokoa, kantua egin zuen garaikoa: Joseba Elosegi sutan bildua Anoetako frontoian goitik behera jauzi egiten Gora Euskadi Askatuta! oihukatuz, Franco diktadorea han zela(ko), 1970eko irailaren 18an. Nire anaiak bost urte bete zituen egun berean.

«Esan liteke kantariek badaukatela hilezkortasunarekin tratu faustiko bat beste inork ez daukana, kanta barruan denak daudela bizirik edo, beste era batera esanda, denak hilik hasiera-hasieratik: zer kontenplatzen du kantariak bere ahotsa grabaturik entzuten duen bakoitzean, bere heriotzaren aurrerapena ez bada?. Hildako lagunen ahotsa ahanzturak irensten duen lehen gauza izan arren, salbuespenaren pribilegioa dute kantariek».

Harkaitz Canok Fakirraren ahotsa nobelan idatzitako hitzak dira, eta bueltaka ari natzaie egunotan, Laboaren diskoei nola. Bere kantuak jarri eta Laboa bizirik da, kantuan ari da barren. Ifrentzua ere badu ordea: Gernika abesten duen bakoitzean Gernikako horrorea berritu egiten da gure gogoan, berriro bonbardatu balute bezala.

Gernikako horrorea are jasangaitzagoa da ordea artelanak eta, haien bitartez, bonbardaketa bera banalizatzen direnean. Edozeinek edozertarako erabiltzen duenean. Zigor Aldamak Twitterren jarri zuen argazki hau urrian. Galdetu egin nion. Shenzhen hiriko karaoke batean atera zuela, ez dakiela txinatarrek zer ikusten duten koadro horretan, ziur aski ez guk interpretatzen duguna. Argazkian ageri direnak ez dira, begiratu batera behintzat, txinatarrak; gehiago dirudite turista europarrak.

Noiz bukatuko da Gernika?]]>
<![CDATA[Aurpegiaren balioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/046/001/2018-10-28/aurpegiaren_balioa.htm Sun, 28 Oct 2018 00:00:00 +0200 Xabier Gantzarain Etxaniz https://www.berria.eus/paperekoa/1956/046/001/2018-10-28/aurpegiaren_balioa.htm
Espainiako Gobernuko presidenteak, Jose Luis Rodriguez Zapaterok, eta bere emazte Sonsoles Espinosak, Rafael Canogarren eskultura bat oparitu zieten. Eurena ote zen?

Gasteizko Udalak, Xixongoak, Granadakoak, Sevillakoak, Bartzelonakoak, Kanaria Handiko Las Palmasekoak, Teruelgoak, Murtziako Gobernuak, Kataluniako Generalitateak... Erakunde publiko askok oparitu zieten artelanen bat.

Nafarroako Gobernuak Juan Jose Akerretaren mihise bat oparitu zien; Eusko Jaurlaritzak Eduardo Txillidaren Beltza I, 1969ko xilografia bat.

Asier Mendizabalek hauxe zioen, Balio Faziala lanean: «Arteak maiz jardun izan du transakzio diplomatikoetan truke-balio aparteko moduan. Agintarien arteko protokolozko opagaietatik, ondareak, espoliazioak, maileguak edo erakusketen ibiltaritzak dakarten negoziazio konplexuetara».

Ederra da nola ematen den informazioa. El Correo-k titular hau ekarri zuen urriaren 4an: «El Rey disfruta en el Bellas Artes». Albistean Iñaki Estebanek nabarmentzen zuen bi umek jarri zutela nota sinpatikoa, erregerengana hurbildu baitziren lehendabizi «amen zaintzari» (sic) iskin eginda, eta gero poliziarenari. Umeak, noski, ez ziren aitzakia besterik Espainiako armadako buruaren gizatasuna goraipatzeko: «Erregea makurtu egin zen umeen parera jartzeko», eta umeen hitzak gero, letra lodiz: «Esan digu museoa barrutik ikusi behar dela, ez kanpotik bakarrik».

Albisteak hala jarraitzen zuen: «Bilbora egindako bisita aprobetxatu zuen Felipe VI.ak parkeko pinakotekara hurbiltzeko, justu eraikin zaharreko gela eraberrituak eta bildumako 300 lan alfabetoko hizkiekin hasten diren hitzen arabera ordenatu dituen erakusketa aurkeztu eta biharamunean». Bai parean tokatu erregeri! Errege hitza ez da hasten alfabetoko hizki batekin?

Kazetariaren arabera, hainbat une goren izan zituen bisitak, D hizkiarekin hasten den Desioa gelatik hasita. Atentzioa eman omen zion Zuloagaren Noailleseko kondesa lanak. Eta hantxe tokatu argazkilariak une gorena harrapatzeko. Albisteak argazki galeria bat zekarren, hamalau argazkirekin: ez da erregea bakarrik ageri, baina erregea guztietan agertzen da.

Hauxe aukeratu dut azkenean. Argazkia bikaina da: garbi, ondo ikusteko moduan, oraina, gizona, 2018ko urriaren 3a Bilbon, Espainiako Erregea Arte Ederren museoan koadro bati begira, ikusleari bizkar emanda baina ez erabat, ikuslea ere sar dadin, jar dadin bere ondoan. Atzean, lauso, desenfokatuta, iragana, emakumea, Anna Elisabeth Bibesco-Bassaraba printzesa, ezkontizenez Noailleseko Anna, Noailleseko kondesa, idazlea izanagatik modelo lanetan jarria Goyaren edozein biluzitarako bezalaxe, Ignacio Zuloagak pintatua.

Zer ikusten ote du Felipe Juan Pablo Alfonso de Todos los Santos de Borbon y Greciak koadroan? Arte bilduma polita edukiko du, kulturaz jantzia egongo da; zer ote daki Zuloagaz?

Arestian aipatu esaldiaren aurretik, hauxe dakar Asier Mendizabalen Balio Faziala lanak —bai parean tokatu ere—: «Völkischer Beobachter egunkariak 1939ko uztailaren 6an, bere hirugarren orrialdean argitaratutako argazkiak irudikatzen zuen gertakizun hutsala nahasgarri gerta dakiguke. Nazionalsozialismo germaniarraren organo ofizial zenak, egun hartan, kantzelaritzaren gela batean hartutako irudi bat erakusten zuen. Bertan Hitler fotografiaren ezker muturrean, hiru lagunekin solas arinean, argazkiaren eskuin muturrera begira dago, arretaz. Eskuin muturrean, hiru laguntzailek koadro bana heltzen dute, agintariaren begiradari zuzenduak. Argazkia laguntzen duen ohar txikiaren izenburuak argitzen du, garaiko tipografia gotiko hanpatuan, gertakariaren zioa: Franco jeneralaren oparia Führerari. Agintari germaniarrari eskainitako hiru margoak ez dira ikusten argazkiaren enkoadraketak behartzen duen eskortzoaren kausaz, baina notatxoak ematen digu haien deskribapen bat: 'Nekazari espainiar bat paisaia bat atzean duela' bata, eta 'Espainiar neskato batzuk bere jantzi tipikoekin' beste biak. Paisaia eta tipo folklorikoak Ignacio Zuloaga pintore eibartarraren koadroak dira, generalisimoak Germaniari oparituak Espainiako Gerra Zibilean alderdi nazionalari emandako laguntzaren ordainetan».

Ba ote daki Zuloaga zela Francoren pintore kuttuna?

Batzuk akordatuko zarete: 500 pezetako billeteetan agertzen zen Zuloaga, bere txapel eta guzti. Euro billeteen azterketa egin eta Zuloagarekin amaitzen da, azkar eta gaizki esanda, Asier Mendizabalen Balio Faziala.

2015ean Espainiako Fabrica Nacional de Moneda y Timbrek 200 euroko balio fazialeko txanponak atera zituen, alde batean Felipe VI.aren aurpegia zekartenak, eta beste aldean usoa, 70 años de paz leloarekin. Europako programa baten baitakoak ziren, Bigarren Mundu Gerraren amaiera ospatzeko.

Zalaparta sortu zuen txanponak, diktadura baten azpian bizitakoa bakea ote den galdetu baitzuen jendeak.

Nik bestela ikusi nuen: gerra egin diegu, eta ez dira enteratu ere egin.

Ez gara.]]>
<![CDATA[Bukatu dira oporrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/041/001/2018-09-30/bukatu_dira_oporrak.htm Sun, 30 Sep 2018 00:00:00 +0200 Xabier Gantzarain Etxaniz https://www.berria.eus/paperekoa/1957/041/001/2018-09-30/bukatu_dira_oporrak.htm
Txioari kasu egitera, Lehendakaritzako bulegoa da argazkian ikusten dena. Argazkiaren erdian gizon heldua lanean, ilea urdintzen hasia, kolorea bai baina azala ez beltzegi, polo zuria lepoko botoiak askatuta paparreko biloak ikusteko lain, esku artean paperak, ezkerreko eskumuturrean erlojua, eskuineko eskuan boligrafoa, oharrak hartu, hitzarmenak sinatu, zernahi izenpetzeko. Egurrezko mahai zabal iluna alderik alde, tableta gizonaren eskuinean, ezkerrean telefonoa, eta mahai gainean paperak, paper asko, lan asko, baina dena oso txukun, oso lan txukuna, dena ondo ordenatuta, ondo pertsona ordenatua. Atzean, bi ertzetan pareta okrea, eta erdian sinboloak: ikurrina distiratsua eta koadro handi bat.

Zeren sinboloa da ordea koadroa?

Ez al da odolik gabeko ikurrina bat?

Lorategi baten freskotasuna udako beroan, arnasa pixka bat hirian, itzalaren ederra eguzki erreak galipota irakiten jartzen duenean. Eta hantxe, ikurrinaren eta lehendakariaren artean, gizon bat itzalean, zutik, ikusleari bizkarra emanda, zelatan, jagole, edo besterik gabe egonean. Eta koadroaren erditik ezker aldera, gorputzen keinuengatik ikuslearengana datozela ematen duten jendeak. Eta jendearen eta lehendakariaren artean beste figura bat, gizona dirudiena, badoana, urruntzen ari dena, ikusleari bizkarra emanda. Baina denak ere jende arina, airea, arimak, mamuak akaso. Lausoak dituzte ingeradak, landaretzarekin nahasian, landura dira.

Klasiko bat da lehendakaria oporretatik lanera itzuli dela irudikatzea, lan plantak egiten jartzea argazkirako, eta horrekin albistea osatzea, eta ematea, izan zuzenean eta bere izenean sare sozialen bitartez, edo izan zuzenean eta interes orokorraren izenean telebista publikoaren bitartez. Eta diru publikoz ondo hornitutako hedabide pribatuetan. Bidenabar esanda, hain langileak izateko, ez dakit zein konplexu klase daukaten jeltzaleek lanarekin, beti ari dira lanean, beti ari dira lanaz, Ibarretxek hauteskundeak irabazi zituen gauean ere biharamunean goizeko zortzietan lanera joan behar zuela, eta genuela, akordarazi zigun.

Orain arte ikusi gabea nintzen koadro hau lehendakariaren bizkarra zaintzen. Bulegoa berrituko zuen, pentsatu nuen lehendabizi. Edo bulego bat baino gehiago izango ditu agian... Jesus Mari Lazkanoren koadroa ikustea neukan gogoan, paisaia bat, hotza, batere jenderik gabea. Bila hasi nintzen sarean, 2015eko eta 2016ko era honetako argazkietan hura zetorren bai, eta argazkiak beste angelu batetik eginak izan arren, bulegoak bera ematen zuen. Zer dela eta beraz aldaketa, txikia izan arren, batere jenderik gabeko koadro hotz batetik jende lausoa lorategian erakusten duen beste koadro hotz samar batera, aldaketa hain gutxi gustatzen zaion alderdi bateko lehendakariaren bulegoan?

Hasieran, zalantza egin nuen: Bixente Ameztoiren koadro bat lehendakariaren bulegoan? Ez, ez da Ameztoi… Mari Puri Herrero akaso? Galdera egin nion lagunari. Erantzuna berehala: Mari Puri Herreroren Albia koadroa duk, Bilboko Arte Ederren museoaren bildumakoa, 2002an erosia. Eta bioi sortu zitzaigun galdera automatikoki: eta zer egiten du lehendakariaren bulegoan?

Nola zen hura, Maravillas Gaztetxeari egotzi ziotena, «ondare publikoaren erabilera pribatua»?

Albia, beraz. Sabin Etxea, Gotzaitegiaren zahar etxea, Justizia Jauregia… hortxe gelditzen da euskal presoei bisitan doazenak hartzen dituen autobusa ere. Ez da urruti Kafe Antzokia. Zeren sinboloa da Albia? Galdera sortu zitzaidan gero: zer ote zen artistarentzat Albia, eta zer ote da Albia lehendakariarentzat.

2012an Sabino Arana Fundazioak saria eman zion Mari Puri Herrerori, bere bizi osoko ibilbide artistikoagatik, baina batez ere Marijaia sortu zuelako, eta Bilboko jaiak ezagutarazten lagundu zuelako hala. Elkarrizketa egin zion artistari euskonewsek 2009an, eta galdera ere bai:

« Zer diozu Marijaiari buruz, nola sortu zen ideia?

«Ba ez dakit oso ondo. Ez naiz festazalea, nahiko aspergarria naiz eta ez dut dibertsioa gehiegi maite. Baina 70eko hamarkada paregabean Bilboko jai-batzordeko jendea ezagutu nuen eta sekretuan eskatu zidaten batzordeak jaiei oparituko zion pertsonaia sortzea. Hori besterik ez zen izan, baina jendeak dibertsioa atsegin duenez, ba inork espero ez bazuen ere hor gelditu da».

Zertarako egiten du lana artistak, eta zertarako erabiltzen du botereak bere obra?

Wikipediak dioenez, Espainiako Senatuak Mari Puri Herreroren mihise bat aukeratu zuen Felipe Borboikoaren eta Letizia Ortizen ezkontza-opari instituzionala izateko. Ez dut aurkitu zein den koadroa, zer ageri den...]]>