<![CDATA[Xabier Paya Ruiz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 08 Jul 2020 13:29:28 +0200 hourly 1 <![CDATA[Xabier Paya Ruiz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Euskaraz ezin da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/022/001/2020-06-30/euskaraz_ezin_da.htm Tue, 30 Jun 2020 00:00:00 +0200 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1901/022/001/2020-06-30/euskaraz_ezin_da.htm online ikasi; film bat osorik pentsatu, sortu eta ekoiztu; musika urbanoa entzun; Whatsapp erabili; eskolako gurasoen Whatsappean aritu; telebista euskaraz programatu; Disneyren azken filmak ikusi; ETB1en fikziozko telesail propio bat ikusi; marrazki bizi entzutetsuenak zein animeak ikusi, garai batean ez bezala; aspaldiko film klasikoez gozatu; txutxu-mutxu saioak ikusi; Netflix, HBO edo Movistar+ erabili; fantasia eta zientzia fikziozko telesail eta film gehienak ikusi; Game of Thrones, Stranger things, Peaky Blinders edo Vikings-en gisako telesailez gozatu, bikoizketa edo azpitituluen bitartez; Iphone bat erabili; Alexari edo Siriri hitz egin; Iphonean Facebook euskaraz erabili; sakelako telefonorako zuzentzailea euskaraz izan; Twitterren iragarkiak egin; Duolingo webgunean hizkuntza ikasi; Amazon, Wallapop eta gisakoak erabili; arropa salerosteko app-ak erabili; telefono konpainietako saltzaile nekaezinekin berba egin; bideo-joko gehienetan ibili, bereziki, oihartzun handiko Minecraft, Witcher, Red Dead Redemption eta gisakoetan; gameplay eta bideo-jokoen inguruko youtuberrak topatu; Youtuben iragarkiak egin. Irakurri: prentsa arrosa; moda aldizkariak, blogak edo iruzkinak; kirol aldizkariak; nerabeentzako aldizkari arinak; chick lit eta lad lit; literatur klasiko handi ugari; Margaret Atwood, Naomi Klein, Zygmunt Bauman, besteak beste; gaztetxoei zuzendutako fantasiazko literatura; Bilboko taberna gehienetako menuak; botiken argibide-orriak; elektrotresna eta altzari gehienen argibide liburuak... (irakurri, agian; ulertu?). Itzulpenak gaztelania edo frantsesezko bertsioen prezio berean erosi. Oro har, administrazioko zeinahi langilerekin (izan polizia, osagile, atezain, teknikari...) lehen hitza ziurtasunez egin; ahozko epaiketak egin eta bereziki epaileen gehiengoa mintzatu; edozein notaritzatan hipoteka, testamentua zein beste izapide batzuk egin; ABEEen izapideak egin; etxe baten tasazioa egin; posta bidezko botoa eskatu; arkitektura proiektu bat idazteko derrigorrezko araudia irakurri; kultur arloko erakunde nagusietako buruekin bilera bat egin; prentsa-ohar guztiak jaso; EAEko administrazio nagusietako hainbat komunikazio arduradunekin mintzatu; agintarien eztabaiden eta agerraldien parte mamitsuenak zuzenean entzun; Iberdrola eta enpresa handietako telefono bidezko langileekin jardun; Documento Nacional de Identidad lortzeko izapidea egin; Correos-en bulegoetan aritu; Euskal Herriko hiriburuetan lasai antzean erabili.

XXI. mendean bizitzaren eremu guztietan estres linguistikorik gabe bizi;

bizitzaren eremu guztietan estres linguistikorik gabe bizi;

bizitzaren eremu guztietan bizi;

Bizi.]]>
<![CDATA[Kito noka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/022/001/2020-06-16/kito_noka.htm Tue, 16 Jun 2020 00:00:00 +0200 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1898/022/001/2020-06-16/kito_noka.htm
Duela 10 hilabete, pasilloaren amaierako gela ilun horretako atea ireki ninan zutabe hauetan, eta hauxe izango dun noka idatziko dudan azkena. Hasi aurretik banekinan hau ez dela hika aritzeko arauzko tokia; banekinan hitanoaren ius sanguinis izan dezaketenek ez zituztela begi onez ikusiko aditzaren mugak bilatzeko esperimentuak; eta banekinan ere euskara eskoletan gutxienez 600 ordu igaro gabeko irakurle euskaldun berriek paso egingo ziotela klaseetan landu gabeko aditz katramilatsuz zipriztindutako testu hauek deszifratzeari... baina hainbeste jakinagatik, sinetsi gura ninan ezohiko arazoek ezohiko konponbideak behar dituztela, noketaren eta toketaren jaiotzatiko dohaina zutenek eskertuko zutela mintzaideak emendatzeko kanpaina, eta euskaldun berrien mapa mentalean gertuxeago kokatuko nuela ustez euren antipodetan dagoen sorgin-mintzoa. Eta femeninoaren alde egin ninan azpiratuagoa eta isilduagoa izandakoari letren arkupean tokia egiteko, Simone de Beauvoirrek edo Virginia Woolfek noka aritzeko aukera izan balute Bigarren sexua edo Gela bat norberarena (gela bat!) nola idatziko luketen amets eginez.

10 hilabete hauetan, apustuaren zentzua ulertu duten esker oneko irakurleak alde batera utzita, nagusiki hiru jarrera topatu ditinat egunkariaren beste aldean, salbuespenak salbuespen: zokokeria, nagikeria eta gurasokeria.

Hedabide nazional batean hika aritzea zokokeria iruditu zaien hitanoa erabiltzen ez duten euskaldun oso askori (berri zein zahar), munduko kazetaritzako zeinahi fakultatetan irakasten delako hitanoa ez dela gizarteari mintzatzeko erregistroa. Eta galdetu beharrean erregistro desegokitasunak justifikaziorik izan lezakeen, zurien jarlekuan eseritako emakume beltzari bezalaxe bizkarra eman zioten, eta kito.

Nagikeria euskaldun berriengan sumatu dinat, irakurtzen hasteko alferkeria bera, forma alokutiboak enbarazu egingo balie bezala; arrotza egiten zaien, eskolan aldez aurretik landu gabe azterketan sartzen den gaia balitz bezala, edo testua idazterakoan teklatuan behar baino letra gehiago sakatu izan banitu bezala. Seguru nagon ez litzaiekeela barrena lehertuko hitanoa betiko galduko balitz. Amaitu dun, eta kito.

Gurasokeria sentitu dinat hitanoaren graziarekin jaiotakoen aldetik, intrusismoan aritu izan banintz bezala. Eskertzen zienat asmo ona, baina deigarria egin zaidan «mendekoetan ez», «hori ez da zuzena» eta «arauari kasu egin» mezuen kopurua. Mesedez, argi izan: Euskaltzaindiak arau bakarra din hitanoarentzat, 14.a hain zuzen, morfologia zehazten duena, baina ez erabilera. Beraz, erabilera jakin bat inposatu nahi dionak beste hiztun bati, jakin dezala egiten ari dena dela hurkoari esatea nola egiten duen berak entsalada eta «legez» horrela egin behar dela, ez beste inola. Gainera, ez pentsa inposatzaileen artean batasunik denik: baldintzazkoetan ez dela erabili behar esango dinate batzuek, eta besteek «ez dona eta badona» deituko zioten formari, besteak beste. Hori bai, hitanoa utzi dakitenei, eta kito.

10 hilabete igarota, ikasi dinat ez dagoela hitano bakarra, eta, ziurrenik, ez zaigula komeni itsasoari mugak jartzen saiatzea. Hitano guztiak kabitu behar dira guztiontzako gela horretan. Erabilerarekiko malgutasunik, hiztun berriekiko enpatiarik eta ezohiko ahaleginik izan ezean, uste baino lehenago etorriko dun hargin andaluza atea hormatzera.]]>
<![CDATA[Manuelarentzako proba]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/024/001/2020-06-02/manuelarentzako_proba.htm Tue, 02 Jun 2020 00:00:00 +0200 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1898/024/001/2020-06-02/manuelarentzako_proba.htm
Kaixo, Manuela! Ez duzu zertan larritu behar. Ulertzen dut egungo egoerarekin kezkatzea, baina pena merezi du hainbeste prestatutako azterketa egiten saiatzeak. Hildakoen kopurua ikusita, normala da hainbeste pertsonen arteko topaketak ikaratzea, baina seguru nago betirako damutuko zaizula deialdira ez aurkeztea. Euskaltegietako ikaslegoak ordu ugari igaro ditu euskara maila hobeagoa lortzeko ahaleginetan, eta jakin arren koronabirusa nonnahi egon daitekeela, maskara, eskularru eta beharrezko guzti horrekin prestatuz gero, nahiz eta egun berdinean egin azterketa pertsona guztiei, proba gaindituko duzunaren bihozkada daukat! Gainera, euskaltegietakoek soilik idazmen froga egin behar duzue! Beraz, mesedez, joan egin zaitez! Sasoiz ibili: heldu zortzi eta erditan, eta ez ahaztu irribarre egitea «ongi etorriak!» esango dizuten antolatzaileei.

Egia da deialdi desberdinak egiten direla urtean zehar, eta gizakia batzutan tematu egiten dela gauzak azkar lortu nahiean, baina albisteetan hondartzak jendez mukuru ikusita (batipat Bizkaikoak), ez dut uste BECen ikusiko zareten milaka lagunen artean gaitz malapartatuaren berragertze berririk izango denik, lehenago ez bada besterik. Humore oneko pertsona izan zara beti, Manuela. Luzatu dizueten deialdia baliatu eta utzi kezkatzea. Azterketa orain arteko ariketen moduan egin ezkero, C1 egiaztagiria ederki geratuko da zure paretean! Hasieran euskaraz aritzea kostatuagatik, gaur egun plazerra da, ilobekin zabiltzala, entzutea zein natural irtetzen zaizkizun esamolde jatorrak ahotik. Eta azkenean burutuko ez bazenu azterketa, etxean geratuta (zilegi bait da beldur izatea), jarraitu ezazu euskaltegiko iharduerekin egunen batean arriskurik gabe joateko aukera izateraino.

Manuela: honezkero ohartuko zinen aurreko bi paragrafoak akatsez josita daudela. Hortxe duzu proba. Zehazki, zazpi hitzez behin ageri diren berba guztiek arazoren bat dute: gehienak Euskaltzaindiak baztertutakoak dira, baina badira gaztelaniaren kalkoak edo bestelako erabilera desegokiak ere. Ez bazara testuaren berezitasunaz konturatu paragrafo honetara heldu aurretik, hobe duzu emandako animoei entzungor egin eta etxean geratzea.

BECera deitutako 14.000 Manuelak: testua amaitu aurretik, nahita egindako 32 akats zenbatu ditut. Ez badituzue gutxienez 20 bat harrapatu, gera zaitezte etxean. Euskarak hiztun egiaztatuak behar ditu hizkuntza ofizial osoa izateko, baina are gehiago behar ditu hiztun osasuntsuak eta, bereziki, bizidunak.]]>
<![CDATA[Segurtasuna vs konfiantza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/024/001/2020-05-19/segurtasuna_vs_konfiantza.htm Tue, 19 May 2020 00:00:00 +0200 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1898/024/001/2020-05-19/segurtasuna_vs_konfiantza.htm
Entzun dinat koronabirusa lana lortzeko abantaila bihurtu dela: gaitza gainditzea gutxi ez eta hasi omen ditun agertzen curriculum vitae berriak, hautagaiaren gaitasun profesionalak ez ezik, ahalmen immunologikoak ere jasotzen dituztenak. Konfinamendua berrogeialdian pasatu diten zenbait langabetuk, osasun krisia igarota eta krisi ekonomikoaren lehen sintomak sentiturik, erabaki diten, Estatu Batuetan Vietnamgo soldadu beteranoei ematen zaizkien onurekin oroituta (eta ziurrenik gobernuen hiztegi belikoarekin mozkorturik), eurek ere merezi dutela gaitza garaitzeagatiko zilarrezko dominatxoa, eta biografia profesionalean gehitu diten koronabirusa gainditua lerrotxoa, egiaztagiri medikoaren data eta guzti, gaitza First-a edo gidabaimena balitz bezala. Zorionekoak enpresariak, bi hitz horiekin bi informazio ezin baliozkoago eman zaizkielako: batetik, langile horiek suntsiezinak direla, hautsiezinak eta ezin hondatuzkoak, ez dela egongo ez birusik ez minbizirik ez iktusik lantokitik aterako dituenik; bestetik, eta are baliozkoago, langile horiek ez dutela balio etikorik, ezagutza eta gaitasun profesionalen lehian euren burua gutxietsirik, joko-arauak hautsi nahi dituztela eta prest daudela edozein marra gorri igarotzeko, txanpon baten truke. Koronabirusa gainditua eta guraso izateko asmorik gabekoa izan liteken hurrengo pausoa. Aresti parafraseatuz, jainkoak ez dezala nahi maite dudan inor, ezta neure burua ere, ataka horretan ikustera iristea!

Jakin dinat etorkizun hurbileko kirol eta kultur ekitaldi handiak egiteko ez dela aski izango musukoak eta eskularruak janztea. Ez zagon estadioak edo areto handiak zabaltzerik aforoaren erdiarekin! Zelan lortu San Mames Barriko jarleku guztiak betetzea berriz, kutsatzeko arriskurik gabe? Atetik sartzean tenperatura neurtuz gero futbolzale guztioi, asko murriztu liteken arriskua, baina ez behar adina, sukarra ez baitun sintoma erabakigarria. Behin herritarren datu pertsonalak miatzen hasita, zergatik mugatu merkurioaren dilatazioa jakitera, egungo teknologiari esker, klik bat eginda parekoaren azken analitikako leukozito tasa jakin dezakegunean? Galdera hori, edo okerragoren bat, egingo zionan bere buruari ekitaldi masiboetan ikus-entzuleen datu medikoak eskatzea proposatu duen korrontearen sortzaileak. Azken batean, zertarako hartuko ditinat gainkostu nabarmenak eragingo dizkidaten hainbat osasun neurri, heure medikuak eta hik heuk ziurtatu ahal badidazue osasuntsu hagoela? Eta ez badun ekitaldira etorri nahi ez dunalako hire daturik laga nahi, ez hadi etorri, baina utz iezagun osasuntsu eta bizirik gaudenei lehengo mundu inperfektura inperfekzio berdin samarrekin itzultzen! Gainera, ez badun etorri nahi, izango dun zerbait ezkutatzen dunalako, eta, beraz, hobe etxean gelditzea; atzamarrik altxa gabe seinalatuko haugu.

2001eko irailaren 11ko atentatuen ondorioz, egun batetik bestera hegazkin batera igotzeko x izpiak eta likido murrizketak onartzera pasatu gintunan. Auskalo zer ekarriko duen osasun publikoaren aurkako atentatu honek. Susmoa dinat beldurrak konfiantza segurtasunarekin ordezkatzera eramango gaituela, arrisku oro ekidin nahian. Tamalez, etorkizunak eta ezezagunak beti eskatuko diten besteenganako konfiantza, erabateko segurtasuna existitu izan balitz, ez baigintunan gauden tokian egongo.

Lehen ere ez ninan terraza batean eseri eta ez kutsatzeko segurtasunik, baina konfiantzak ateratzen nindinan kalera. Beraz, aspaldiko partez, banian terraza batean kafe bat hartzera.]]>
<![CDATA[Normaltasun berria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/022/001/2020-05-05/normaltasun_berria.htm Tue, 05 May 2020 00:00:00 +0200 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1891/022/001/2020-05-05/normaltasun_berria.htm
Normaltasun berrian urruntze fisikoa ohitura bihurtuko dun: metro eta erdi. Akabo kortesiazko musuak eta ustekabeko muxuak; ongi etorri, musukoak. Adiorik ez, bostekoak; kaixo, erreberentziatxoak. Etxeko gelaz gela berrogei egun ibili ondoren, kaleko gelez gel ibiliko gara aurrerantzean.

Hondarribiako alardearen liskarrak areagotu besterik ez ditun egingo normaltasun berrian: tradizionalistek musuko barik egin nahiko diten desfilea, eta Jaizkibelek txirularentzat propio egindako zulotxodun maskarak erabili nahiko ditin. Tira, normaltasun berrian plastiko beltzak ondo etorriko ditun kutsatzeko arriskuak gutxitzeko. Geroxeago, abenduan, Durangoko Azoka euskal liburu eta diskoen Netflix bihurtuko dun, eta Ahotsenea eta Irudienea Youtubeko kanalak: akabo aparkatzeko problemak eta Totiren ilara amaigabeak. Editoreek normaltasun berrira egokituko ditizten euskal obra ezagunen edizio berriak: Ehunda bat metro eta erdi, Ramon Saizarbitoriarena, Bitartean ez heldu eskutik, Kirmen Uriberena, Gerardo Markuletaren Pausoa noiz luzatu ilaran, Mariasun Landaren Nire eskularrua zurean, edo Pablo Sastreren Gauzak apur bat 'gehiago' konplikatu dira, zenbait adibide xelebre baino ez ditun. Eta San Tomas bezperako Bizkaiko Bertsolari Txapelketan bertsolariek BBKren logotipodun musukoak erabiliko ditizten, Miribillan inoiz baino zale gutxiago batuta, sarean inoiz baino jarraitzaile gehiago bildu arren.

Normaltasun berriko urte berrian, santa eskean batzuek datafonoa eramango diten, eta besteek kopletako letrak moldatu egingo ditizten: Bizuma ere egin duzu (e)ta / orain abia gaite(z)an / adiosik ez dugu usaten / agur, ikusi artean. Euskal gizartea errotik aldatuko dun: Korrika berrian ere, eroaleek kurrika bana izango diten lekukoa ukitu behar ez izateko 1.001,5 metro egin bakoitzean. Euskal sorkuntza garaikide berriak ere baldintza berrietara egokitu beharko din: Kukairen hurrengo ikuskizunean dantzariek ez diten elkar ukituko, ezta elkarrengana gerturatu ere; Zaldi urdina-k bertsio moldatua aurkeztuko din, ezin jarraiturik jatorrizkoa taularatzen normaltasun berrian; Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoek, eszenatokietan kabitu ezinik, musikarien erdiekin baino ezingo ditun jardun, haize-instrumentistak ageriko motiboengatik baztertuta; eta Kafe Antzokiak auto-kontzertuak antolatuko ditin Artxandako aparkalekuan, zale bakoitzak bolantearen atzealdetik gozatuz Zea Mays edo Gatiburen musika.

Halabeharrak zentzua eman zion normaltasun berria oximoronari. Kostatu egingo zaigun berria zahartzea, baina urkoarengandik bereizi beharra ez dezagun ulertu betiko urruntze bezala, gerora are estuago besarkatzeko abiada hartzeko atzerako pauso gisa baizik.]]>
<![CDATA[Covidosteko lehen ekitaldia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/021/001/2020-04-21/covidosteko_lehen_ekitaldia.htm Tue, 21 Apr 2020 00:00:00 +0200 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1901/021/001/2020-04-21/covidosteko_lehen_ekitaldia.htm
Etxeko atarian, errutinari jarraiki, poltsikoen errepasoa: giltzak, diru-zorroa eta zapiak, lehen bezalaxe. Sakelakoa lehengo bera dun ere, baina orain badin aldaketatxo bat: aldean eramatera behartuta gauden, horrela ziurtatzen omen dutelako ez garela ohiko ingurutik asko urrunduko. Lagun berriak: musukoa, gela eta eskularruak. Azken biak elkarren osagarri ditun, baina eskularruak apurtuz gero, ordezko lasaigarria dun gela.

Kalean, gogoratu, ez ezan ezer ukitu, eta eutsi metro biko distantziari, baita metro bat hartzeko nasan ere. Orain begi-keinuek ez diten balio elkar agurtzeko, musukoa sudurpeko burka bihurtu baitun; hobe pasaeran eskua altxatu, eta segi aurrera. Aretoen atariak lokotxetan aritzeko zelai bihurtu ditin prebentzioak: lurrean pintatutako kalexka luzeak eta elkarrengandik metro bira marraztutako geralerroak. Kalexka bakarrak ez ditin geralerroak: lurrean COVIP idatzita zeukan. Aireportuetako VIP ilarak COVIP bilakatu ditun kalean, eta gaitza pasatuta eta antigorputzak pilatuta dituzten gorputzek ez diten zertan nahastu gainerakoekin. Ilara guztien amaieran, salbuespenik gabe, langargunea zagon, langargailu desinfektatzailez hornitutako pasabidea; guztiak etorri gaitun garbi, baina ni neu lasaiago geratuko naun uztaia igaro ondoren.

Kultur ekitaldiak beti izan ditun abentura ederretarako bidaien parekoak, baina prebentzioak aireportu bihurtu ditin kulturguneak. Langargailuak segurtasun kontrola oroitarazi zidan, eta hurrengo urratsak, aduana automatikoa: aireportu handietan bezalaxe, lehen paperezko sarrera emango genukeen tokian, orain irri egin behar zionagu kamera txiki bati, mozolo aurpegia laukiaren barruan sartzeko makurtzen edo oin puntetan jartzen garen bitartean. Ez hadi asko urrundu kameratik, bestela urruneko termometroak ez din tenperatura hartuko eta ez din atetxoa zabalduko. Eta 37,3 gradu baino gehiago baditun, gurutze gorria agertuko zain pantailan, eta Gurutze Gorria aldamenean, eta langileren batek, astronautaz mozorrotuta, kanpora lagunduko hau, eta hire aurpegiaren gorritasunak ingurukoen begirada gurutziltzatzailea erakarriko din. Beraz, badakin, hobe hurrengoan termometroa etxetik irten aurretik probatzea.

Egia esan, ez ninan espero hainbeste jende animatzea covidosteko kultur ekitaldietara. Laurogeialdian hainbeste kultur eduki doan ikusi ondoren sarean, uste ninan krisi ekonomikoak gogorrago joko zituela poltsikoak (gure anaiak dioen moduan, gaurtik aurrera edukia igotzeari utzita ere, jadanik sarean dagoen guztia ikusteko eternitate bi beharko genitinan), eta Interneteko zuzenekoen kalitateak are gogorrago gutxietsaraziko zituela aurrez aurreko ekitaldiak. Eskerrak zale zintzoak izateaz gain, kultur erakundeek beherapen bereziak egin dituzten prezioetan, kulturguneetara itzultzeko pizgarri ezinhobeak.

Ixo, ekitaldia hastear zagon: «Arratsalde on eta ongi etorri Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udaberriko sailkapen fasearen lehen saiora».]]>
<![CDATA[Konfinamenduaren hitz berriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/022/001/2020-04-07/konfinamenduaren_hitz_berriak.htm Tue, 07 Apr 2020 00:00:00 +0200 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1901/022/001/2020-04-07/konfinamenduaren_hitz_berriak.htm Aspaldiko (euskaraz): azken boladan ikusi gabeko pertsona, ezustean topatzen dena. Age-otori (japonieraz): ile mozketa itsusia egin osteko piura. Fahrvergnügen (alemanez): ibilgailu bat gidatzearen plazerra. Firgun (hebraieraz): beste norbaiti zerbait ona gertatzeko nahia, inolako geurekoikeriarik gabea. Flâner (frantsesez): helburu jakinik gabe, kale artean ibiltzearen gozamen hutsarengatik ibiltzea. Gökotta (suedieraz): txorien lehen txorrotxioa entzuteko asmoz goizean goiz jaikitzea. Hygge (danieraz): maite ditugunekin zerbait jan eta edan bitarteko denbora atsedentsua. Ikigai (japonieraz): egunero ohetik jaikitzeko motiboa. Iktsuarpok (inuiteraz): norbait etxera bidean dela, zain egon ezinda leihora ateratzeko premia. Jijivisha (hindiz): betiko bizitzeko gogoa. Parea (grezieraz): pentsamenduak eta bizipenak partekatzeko gozamen hutsarengatik elkartzen den lagun taldea. Pisan Zapra (malaysieraz): platano bat jateko behar den denbora. Re nao (txineraz): guztiok egon nahiko genukeen leku zoragarri hori, izan mendia, hondartza, eskola edo jatetxea. Saudade (portugesez): urrun dugun lagun, leku edo gauza batekiko sentitutako malenkonia edo nostalgia, ziurrenik, munduko kulturema ezagunenetakoa. Tartle (eskozieraz): pertsona, leku edo gauza bat ezaguna dugula zalantza egitea. Tsundoku (japonieraz): erosi arren, apalean irakurri gabe geratzen den liburua. Uitwaaien (nederlanderaz): egurasteko asmoz landa girora edo mendira egiten den txangoa. Utepils (norvegieraz): eguzki ederreko egunetan etxetik kanpo hartzen den garagardoa. Voorpret (nederlanderaz): ekitaldi atsegin baten bezperan sentitzen den emozioa. Ya'aburnee (arabieraz): gure ondorengoak gu baino lehen ez hiltzeko desira. Zapoi (errusieraz): egun biko parrandaren bestondoa, gehienetan bidaia bat eta ezusteko lekuan esnatzea ezaugarri izaten dituena.

Egun soil bateko albisteei begira, zein gogorra egin zaidan lehenengoz ya'aburnee-a sentitzea alabaren ondoan, familia eta lagunekiko saudade-z bihotza mingosturik! Etxeratze-aginduak ikusarazi digu agian ez dugula benetako ikigairik, eta are indartsuagoa egin du gizakion jijivisha txoroa. Zorionez, garai latzak erakutsi digu ere gutxien espero dugun bihotzetan lora daitekeela firgun-a. Eta, lasai, konfinamendu hasierako age-otori-a ez bada alarma egoera amaitu aurretik konpontzen, hobe tsundoku-ak irakurtzen jarraitu parear-engana joan baino lehen.

Egun soil bateko albisteei begira, amesgaiztoarenak egingo du eta irudituko zaigu berrogeialdi luzea pisan zapra laburra baino ez dela izan. Egunsentiarekin jaikitzeko asmoz oheratuko gara, baina voorpreta-k ez digu lo egiten utziko, eta ohean bueltaka, iktsuarpok-ak azken aldiz balkoira irtenaraziko gaitu, setioaren bukaera bandoz iragarriko duten ustean. Errepideari begira, Seat Panda-rik txatxuena Lexus bikain baten pare gozaraziko digun fahrvergnügen-az oroituko gara, eta geure burua irudikatuko dugu beti bisitatu nahi izan eta beti bisitatzeko denborarik izan ez dugun herri txiki horretarako uitwaaien zirraragarrian. Maindire artera itzulita, loak hartu gabe, amets egingo dugu hamaika re nao-rekin: zoratzekoa izango da Bilboko zazpi kaleetan presarik gabe flâner egitea; ziur lehen egunero gurutzatzen genuen aurpegi askorekin tartle sentsazioa izango dugula. Eta imajinatu, nolako hygge zoragarriak Bilbo Zaharreko Agapen, Zumaiako Urberun edo Etxebarriako Olaian... eta, zelan ez, utepils batzuk aspaldiko lagunekin hondartzan, oharkabean zapoi mortala izatera hel litekeena... eta azkenean, indarrak ahituta, loak bahitu egingo gaitu, eta berandu esnatuko gara, biharamunerako utziz gökotta.]]>
<![CDATA[Kultura balkoietan ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1884/021/001/2020-03-24/kultura_balkoietan.htm Tue, 24 Mar 2020 00:00:00 +0100 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1884/021/001/2020-03-24/kultura_balkoietan.htm ziber-ikusle, ziber-ikustaldi eta datsegit kopurua gutxieneko soldatatik gorakoa izanagatik, kartillak numero gorritan jarraituko din berdin-berdin. Ziurrenik, sortzaile askok kamera piztuko diten Txema Ramirez de la Piscinari irakurritako balkoitasun terminoaren bertsio elektronikoak bultzatuta; hau da, une latz hauetan herriaren asper-dantza eta esperantza pizteko borondate umilak eramango ditin doan eskaintzera alarma-egoerarik gabeko baldintzetan sarrera truk salduko luketen jabetza intelektuala. Inola ere ez ditun balkoikeria-k gidatuko, ez; hau da, sekula ez lituzken ibiliko droga dosiak doan saltzen, gozamenaren estasiak zale berriak sarean eroraraziko dituelakoan. Tira, eta balkoikeria balitz ere, zer aurpegiratuko zionagu bizimodua arriskuan ikusita bizirik irauteko ahaleginetan dabilenari? Ziber-ikusleei ere ez zagon zer aurpegiratu, oraingoz. Sortzaileek etxeko egongelaraino eraman zieten entretenimendua, eta egindako deiari klik egin zioten, besterik ez. Zer gertatuko dun, aldiz, koronabirusaren diktadura amaitutakoan aretoak sarrera truk betetzeko deia jasotzean? «Zergatik ordaindu behar dinat lehen doan emandakoa?», pentsamenduko zaleek huts egingo diten, pantailako zuzenekoa eta benetako aurrez aurrekoa berdinetsirik, eta, ezohiko egoeran, egindako mesedea neurri batean kalte bihurtuko zaien sortzaileei, ohikotasunera itzultzean. Hortaz, koronabirusarenak egindakoan, ziber-ikusle estimatua, nahi ez badun kontzientziak aurpegiratzea kulturgileez aprobetxatu haizela, emaion heure buruari berba itxialdian ikusitako zuzeneko emankizun bakoitzeko gutxienez bi aldiz joango haizela sortzaile horren ordainpeko ekitaldietara. Eta pertsiana altxatu gabe etxean geratutako artisten kasuan, beste horrenbeste egin ezan, mesedez, isilpeko oinazea latzagoa izaten baitun askotan. Azken batean, zuzenekoen beharrik gabe, hortxe izan ditun beti, apalean edo ordenagailuan (eta ez baditun izan, agian Netflix tipoko kulturzalea haizela ohartuko haiz konfinamenduari esker). Gaitzak iraun bitartean, euts iezaion ahal bezala gustuko balkoian edo lubakian (bazauden ordainpekoak sarean ere!), baina amaitutakoan, arren, segi kultur aretoetara, euskal kulturaren balkoitzeak ingelesezko balconing terminoarekin zerikusirik izatea nahi ez badun behintzat. ]]> <![CDATA[Artzeren mendekua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/022/001/2020-03-10/artzeren_mendekua.htm Tue, 10 Mar 2020 00:00:00 +0100 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1890/022/001/2020-03-10/artzeren_mendekua.htm
Gazte horiek euren zilborrari begira mintzatu zitunan, eta, alde horretatik, arrazoia zinan iritziak eta zilborrak antzekoak direla esan zinanak: bakoitzak berea din, baina ez din askorako balio. Askotan, gainera, okerreko lekuan edo moduan erakusten dinagu, eta erakustaldiak kalte besterik ez zigun egiten. Horixe esanda, hementxe natorren, nire zilborra erakustera, hamabostero bezalaxe, sareetan ikusi dudan zilbor erakustaldi baten mina azaltzera.

UEMAko koordinatzaile Miren Segurolari elkarrizketa oso interesgarria argitaratu ziotenan Maxixatzen.eus atarian duela gutxi. 2003tik egindako lanaz mintzo dun azkoitiarra, etsigarri samarra den amua izenburu jarrita: «Udalak euskalduntzen ari ginen bitartean, udalerriak erdaldundu egin dira». Elkarrizketaren hasieran mankomunitatearen medailak eta abantailak kontatzen ditin... eta, halako batean, udalerri euskaldunen bilakaeraz galdetzen zioten. 2021eko neurketan jakingo omen dinagu beheranzko joerak berdin jarraitzen duen ala ez. Eta horren ondoren, perla hauxe botatzen din: «Udalerri erdaldunetan, aldiz, egoera bestelakoa da; euskal hiztunen kopurua gorantz doa, baina, agian, hobeto [sic] da Bilbon mila euskaldun irabaztea baino, Orexan (Gipuzkoa) hamar ez galtzea. Berrindartzen eta birsortzen ari den euskara eta erabiltzen dena herri euskaldunetakoa da, eta udalerri erdaldunetan euskararen ezagutza igotzen ari da, baina erabileraren igoera apala da».

Nola ez sentitu metroko edadeko gizonaren betozkoa! Beraz, mila bilbotarrek baino mesede handiagoa egiten zioten hamar orexarrek euskarari. Hamar orexarrek! «Berrindartzen eta birsortzen ari den euskara eta erabiltzen dena herri euskaldunetakoa da» esaldia eta lehenxeago aipatutako erabileraren beheranzko joera kontraesankorrak iruditzen zaizkidan, baina gogoz geratuko naun hamar orexar horiek ezagutzeko. Hori bai, nik, atrebentzia osoz, Bilbon egun bizi diren hamar lagunen izenak idatziko ditinat, aurpegia jar diezaiegun noizbait euskarak Bilbon irabazitakoei, ustez, gal litezkeen orexarrak baino galgarriagoak izan litezkeenei: Andres Urrutia, Xabier Kintana, Oihana Bartra, Ane Zabala, Natxo de Felipe, Urtzi Urrutikoetxea, Aiora Renteria, Joxerra Etxebarria, Katixa Agirre eta Galder Perez. Desiratzen nagon ezagutzeko Bilboko hamar biztanle horiek euskara berrindartzen eta birsortzen egindako lana gaindituko duten hamar orexarren izenak! Eta inork tentaziorik izango balin historiara jotzeko, Orixe ateratzen didanari, Gabriel Aresti, Sabino Arana edo Sorne Unzuetaren komodinak ateratzeko prest nagon.

Bilbon euskara galtzea edo Orexan galtzea ez dun gauza bera. Desiragarria ez dun inon, eta konparazioak gorrotagarriak ditun. Orexarrei opa zienat topa ditzatela euskaraz bizitzeko gogoa eta kemena. Izan ere, Bilboko kanposantuan ez bezala, erruaren ikuspegitik begira, euskara galduko balin hain herri euskaldunean, Orexako hilerrian zentzua izango liken Artzeren esaldi famatua epitafio bihurtzeak: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik».]]>
<![CDATA[Baldintzak vs merituak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/020/001/2020-02-25/baldintzak_vs_merituak.htm Tue, 25 Feb 2020 00:00:00 +0100 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1890/020/001/2020-02-25/baldintzak_vs_merituak.htm
Folio pare bateko txostenak izenburu argia zuen: Funtzio publikoko langileen prototipoa. Azala pasatu eta testua begiradarekin eskaneatzen hasi zen ministroa, teknikariaren azalpenei kasu handirik egin gabe: «Lehengoan Kongresuan entzun zintudan, eta han emandako erantzunaren estrapolazioan oinarritu naiz profil egokiena zehazteko. Han adierazitakoari jarraiki, baldintza gisa definitu ditut guztiz ezinbestekoak diren elementuak, eta meritu gisa utzi baliagarri izanagatik oinarrizko ezaugarriak ez direnak». «Ongi» bota zion ahapeka nagusiak, lehen paragrafoa irakurtzen amaitu nahian. «Hortaz», jarraitu zuen funtzionarioak, «funtzio publikoko langilea izateko gaztelania jakitea izango da hizkuntza baldintza bakarra; euskara, katalana eta gainerakoak merituak izango dira». «Oso ongi», esan zion Darias andereak, Kongresuan egindako agerraldia ulergarria izan zela berretsita. «Ingelesa, frantsesa edo beste zeinahi atzerriko hizkuntza ere ez dira baldintza izango, ezta enbaxadetan edo kanpo harremanetarako ministerioan lan egiteko ere; itzulpen enpresek ez ligukete barkatuko...», esan zuen Cayek ondoren, lasaitzen hasita. «Eta goi mailako titulaziorik ere ez dugu baldintza gisa jarriko; hainbat politikariren masterrekin izandako gorabeherez jabetuta, argi dago graduak eta graduondokoak curriculumetako makillajeak baino ez direla. Eskola graduatu on batekin, nahikoa eta sobera...». «Ederki, ederki», erantzun zion kanariarrak erlojuari begira.

«Horraino aurrerapauso nabarmena eginagatik, are aurrerago joan nahi duen koalizio-gobernua izanik egungoa, baldintza berritzaileak gehitu ditut, Caro», erantsi zuen teknikariak aulkian eroso eseri bitartean. «Adibidez, baldintza gisa jarri dut 'emakumea ez izatea'; ezaguna da emakumeek lanaldi murrizketa gehiago eskatzen dituztela eta haurdun gera daitezkeela; kontziliazioa kanpainako mantra baino ez da, denok dakigu ez dela posiblea egungo egoeran», esan zuen Darias ministro andere emakumearen aurpegiari erreparatu barik, arnasa hartzeko nanosegundo bat baliatuz. «Are gehiago, hortik ondorioztatu dut hurrengo baldintza: 'familiarik ez izatea'. Hartara, eskolara eraman beharreko adingaberik ez eta zaindu beharreko adinekorik ere ez... eta lana nahi duenak, familian zamarik badu, laster izango du eutanasiaren legea eskura!», sermoia entzun zuen Darias ministroak, adoptatutako hiru alaben eta senarraren argazkia autoan ahaztu zuela gogoratuta. «Tira, Unamuno anderea, agian urrunegi eraman dituzu nire hitzak...», erantzuten saiatu zen Carolina, baina Cayetana isilarazteko beranduegi zen. «Beraz, ez emakumea, ez familiaduna... eta, noski, aniztasun funtzionalik ere ez dugu baldintza gisa onartuko funtzio publikoan, gizarteratze politiketan xahutzen dena ikusita...», bota zuen teknikariak asaldatuta. Ministroa pentsatzen hasia zen lehen bilera hura lan berriko inuzentekeria zela, baina... «azken kontu bat: abian jarri duzuen digitalizazio plan estrategikoa azpimarratzeko, agian 'idazten jakitea' meritu egin beharko genuke, eta ez baldintza. Gaur egun dena da instagram eta youtube, eta idatzi behar izanez gero, sakelakoaren autodiktaketa erabiltzea dago...».]]>
<![CDATA[Torrente euskaraz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/024/001/2020-02-11/torrente_euskaraz.htm Tue, 11 Feb 2020 00:00:00 +0100 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1890/024/001/2020-02-11/torrente_euskaraz.htm Torrente pelikularen elkarrizketa labur bat itzuli behar zitenan, besteak beste. Zenbat gozatu nuen itzulpen proposamenekin! Filma ikusi badun, akordatuko haiz Torrente agenteak eta Rafi laguntzaileak, autoan goardian daudela, izandako elkarrizketa honekin: «Esto es de lo peor de ser policía, hasta que pasa algo es un coñazo… ¿Nos hacemos unas pajillas?», «¿Cómo??», «Unas pajas, digo...» «¿Usté y yo?», «Claro, hombre...», «¿Ahora?», «Mira, si es pa darnos el gustillo. Tu me la meneas a mí, yo te la meneo a ti... es pa aliviar tensiones. Sin mariconadas ¿eh? ¡Nada de mariconadas!». Barka biezadate gaztelania aise ulertzen ez duten irakurleek, baina testua garatzeko, beharrezkoa dinat erdal jatorrizkoa. Zelan itzultzen zuten ikasleek pasarte hori?

Zumaiako, demagun, Ane zuzentasunaren jarratzaile fanatikoa zunan, eta uste zinan film bateko hitz guztiak Euskaltzaindiaren zerrendaren batetik atera behar dutela. Memoriak are muturrerago eramango zinan oroitzen dudan lagina: «Hauxe duk polizia izatearen alde okerrenetarikoa, zerbait gertatu arte aspergarria duk... Idiarena joko diagu?», «Zer?», «Idiarena joko dugun», «Zuk eta nik?», «Bai, noski...», «Orain?», «Begira, elkarri atsegin pixka bat emateko duk. Hik niri astintzen didak, nik hiri astintzen diat... tentsioak baretzeko duk. Maritxukeriarik gabe, bai? Maritxukeriarik ez!».

Añorgako Ekainek, zuzentasuna gurtuagatik, ez zinan hitanoa jaso etxean, eta gainera zerbaitek krak egiten zionan Torrenteren eszena horretan idiak sartzean. Beraz, bertsio urbanoxeagoa atera zitzaionan: «Hau da polizia izatearen alde txarrenetarikoa, zerbait gertatu arte itxaron beharra aspergarria da... Maluta batzuk egingo ditugu?», «Zer?», «Maluta batzuk egingo ditugun», «Zuk eta nik?», «Bai, noski...», «Orain?», «Begira, elkarri atsegin pixka bat emateko baino ez da. Zuk niri astintzen didazu eta nik zuri... tentsioak baretzeko baino ez. Marikoikeriarik gabe, bai? Marikoikeriarik ez!».

Aurreko bi kasuetan, ikusleari egoera soziolinguistikoa sinesteko eskatu beharra zegonan ezinbestean: «Ikusle maitea, egoera horiek ez dira euskaraz existitzen; mesedez, ikusi filma egiazkoak balira bezala». Halakorik egin nahi ez zuten ikasleek, Oarsoaldeko Jone bezalako sinesgarritasunaren defendatzaile sutsuek hain zuzen, elkarrizketa tokikotu egiten zitenan: «Hau dek poliya izatian gauzaik txarrena…zeoze pasau arte, koñazuaek. Ingo al dizkiyau paja batzuk?», «Nola?», «Paja batzuk, motel!», «Zuk eta nik?», «Klaro ba!», «Orain?», «Bai, ba! Si pixkatian goxatzekoek! Nik hiri ingoyat, geo hik nei... Tentsiyua kentzekoek! Marikoikeriyikpe, e! Marikoikeriyik pe!». Nahiko kanon bihurtuta zagon gipuzkera, baina tokikotzearen estrategia bera erabili zinan Bermeoko Unaik: «Hau da txarrena, polizixe ezatiena. Zeuzer pasa arte, mokuek ataten berton. Einguz pajatxu batzuk?», «Zelan?», «Diñot ba, paja batzuk...», «Zu ta ni?», «Ba klaro!», «Auntxek?», «Beitu, gustotxue emotiarren da: zuk jalgi neuri, nik zeuri... Tentsiñue kentzieko baino ezta! Marikonada barik gero! Marikonadarik bapez!».

Azkenik, erdalguneetan euskaldundutako Bilboko Miren bezalako ikasle finek, errealitatearen babesle sutsuek, mailegu ugariko laginak aurkezten zizkitenan: «Hauxe da polizia izateak duen gauza txarrenetarikoa... Zeozer pasa arte, kriston koñazoa da.», «Paja batzuk egingo ditugu?», «Zer?», «Paja batzuk egingo ditugun», «Zuk eta nik?», «Bai, noski.», «Orain?», «Begira, erlajatzeko baino ez da izango. Zuk ni eta nik zu! Marikonada barik, e? Marikonadarik ez!».

Zein da onena? Guztiak ditun onak, guztiak euskaldun batek bere hiztun komunitatearen proiekzio errealetik sortuak. Zein da errealena? Dudarik gabe, azkena: Torrenterik existitzen bada euskal iruditerian, dudarik gabe kapitalekoa izango da... baina bostetatik zein entzungo genuke gure kate ofizialenean? Ziurrenik, azkena azken.]]>
<![CDATA[Patua, 'Patois', Batua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/022/001/2020-01-28/patua_patois_batua.htm Tue, 28 Jan 2020 00:00:00 +0100 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1898/022/001/2020-01-28/patua_patois_batua.htm dd, tt eta txistukariak, eta zailtasun xarmagarriak izango nitinan, koskortutakoan, gaztelaniaz hitzen gramatika-generoa hautatzeko. Ederra izan behar din Euskal Herrian euskaldun jaiotzea, Alemanian aleman-hiztun edo Ingalaterran ingeles-hiztun sortzea bezain ederra; zer izango dun etxean ikasitako euskara jantzita irtetea kalera, inork soinekoa zalantzan jartzeko beldurrik gabe? Are gehiago, nola eutsi besteen janzki xelebreak ikusi eta etxean jasotako estetikaren araberako zuzenketak egiteko tentazioari? «Patois» nahi izan gabe, erdalgune deritzon Euskal Herriko bazter horietariko batean jaio nindunan, familia «erdaldun zahar» batean. Ikastolan guraso erdalduneko seme-alaben B taldean sartu nindutenan; gerundioaren eta etorkizunaren arteko nahasketa (joaten naiz vs joango naiz), hitzen azken-aurreko silaba markatzeko joera (eskerrikásko, ikastóla, azterkéta…), euskarazko esamoldeen eta esaera zaharren erabilera espontaneorik eza, eta, nagusiki, patuak jaiotzetik gure inguruko gutxi batzuei ematen zien «gure etxean horrela esaten da» komodina erabiltzeko ezintasuna oroitzen ditinat nire euskara nerabea gogora ekartzean. Izan ere, bertsotan ibiltzeko erabakia hartu ninan, eta Bizkaiko bertsolarien artean, salbuespenen bat salbu, denak zitunan patuaren hatz euskaldunak ukitutakoak. Nire euskara «patois» itsusia iruditzen zitzaidanan Lea-Artibai, Arratia edo Busturialdeko bizkaiera ederren artean. «Patois», euskal wikipediaren arabera, «frantses hiztunek, frantsesa ez den Frantziako estatuko hizkuntzak eta frantsesaren dialektoak izendatzeko erabiltzen duten mesprezuzko hitza da». Hitza «hankekin mintzatu» esan nahi duen «patoyer» aditzetik omen zetorren, eta, ingurukoen mingain-dantza arinaren aurrean, halaxe sentitzen nindunan ni, hankekin edo eskuekin komunikatzen saiatzen. Ulertzen dinat ikastolako B taldeko lagun batzuek euskara galdua izatea egun, frustrazio horrek etsipena eta amorrua eragiten baititin: ustez, gainditu ditun euskaraz jakiteko azterketa guztiak, hezi haute euskaraz, baina beste zenbait hiztunekin gaindiezina egiten zain herren sentsazioa. Baten batek noizbait seinalatu din hire hutsen bat, eta horrek hire baitan garatutako «hiztun-ez-legitimoaren» mina areagotu besterik ez din egiten, hire euskararengatiko desenkusak elkarrizketa askoren hitzaurre bihurtzeraino.

Batua nahi izanda zein nahi gabe, euskara biziko badun, hiztunok salbatuko dinagu. Espero dinat gero eta gehiago izatea patuak euskaldundutako hiztunak, baina azken aldiko sareko eztabaidak eta hedabideetako artikuluak ikusita, arreta handiz tratatu beharreko gaitza iruditzen zaidan euren euskara «patois» gisa sentitzen dutenena, edo euskara hori behar baino gehiago zilegitzeko arriskuarena ere. Euskara guztiak ditun normalak; batzuk besteak baino hobeak ditun, bai, kalitatezkoagoak edo jatorragoak, irizpide horiek aintzat hartuta, baina denak ditun normalak, eta egokiak testuinguruaren arabera. Gotzon Aurrekoetxeak, Euskalkien Sailkapen berria argitaratzearen karietara, esan din «kultura hiritartu ahala eta gehienon bizimodua hirietan gauzatu ahala dialekto sozialak edo soziolektoak sortuko» direla. Onartu beharko dinagu euskarak izango duela hiztunek konpartitutako eremu arautu bat, testuinguru arautuetan jarraitu beharrekoa (batua baita euskara normatiboa arautu bakarra); baina ikasi beharko dinagu hizkuntzak izango dituela eremu batzuk araudirik gabeak, zuzentasun eta jatortasunik gabeko baina euskara bizi-bizikoak, eta horietan, baldintzak ez ditun izango patuak ezarriak, norberak erabakitakoak baizik. ]]>
<![CDATA[Munduko sekreturik handiena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/020/001/2020-01-14/munduko_sekreturik_handiena.htm Tue, 14 Jan 2020 00:00:00 +0100 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1890/020/001/2020-01-14/munduko_sekreturik_handiena.htm
Zazpi urte izango nitinan deskubritu nuenean. Kasualitate handiegia iruditu zitzaidanan amaren armairuan ikusitako opari-kutxa berbera topatzea Olentzeroren erregaluen artean. Gure etxean txirrina jota azaltzen iristen zunan unea, hau da, afaloste goxoan geundela, Olentzerok etxeko txirrina jotzen zigunan jakinarazteko opariak atarian zeudela. Korrika joanda ere, gizon tripontziaren arrastorik ez, baina atari bete opari aurkitzen geninan. Eta orduantxe, zehazki errumaniarrak Nicolae Ceaucescu diktadorearen aurka borrokatzen ziren bitartean, eta Donostiako Zinemaldiak zuzendari gabe 3 hilabete egin zituen abenduaren 24 hartan, deskubritu ninan Olentzero gurasoak zirela.

Amak ez zidanan kontra handirik egin. «Azkarra zara; banekien azkar jabetuko zinela» erantzun zionan «Ama, zu zara Olentzero?» galderari. Ez zunan saiatu aitzakiarik jartzen ere («Olentzero lanpetuta ibili da aurten eta lehenago ekarritako opari batzuk armairuan gorde ditugu»). Halaxe ikasi ninan, etsipenez, anfora hautsi berritan, azkarra izatea ez dela errenta, baina une hari esker deskubritu ninan munduko sekreturik handiena.

Munduko sekreturik handiena iruditzen zaidan Gabonetako opariena. Deitu nahi dunan moduan: Olentzero, Mari Domingi, Hiru errege magoak, Santa Klaus, Papa Noel, Cagatio, Apalpador, Pantingueiro, Esteru, Tienzapanzas, Anguleru, Julenissen, Gwiazdor, San Nikolas, Jesus haurra, Ded Moroz, Joulupukki, Santa Luzia, Befana... Pertsonaia horien guztien atzean nik Olentzerorekin bizitako kontu berbera zagon: norbaitek, Gabon garaian, opariak ekartzen zizkien ondo portatzen diren haurrei.

Tamalez, ezinezkoa zaidan gaia atera eta kapitalismoa ez aipatzea, egun sosak xahuarazteko mertzenario bihurtuta daudelako aurreko paragrafoko gehienak; baina aztertu ditinat euretako hiru-lauren jatorria, eta Blanca Urgellek aurreko astean kontatu zigunari jarraiki, XIX. mendean abiatutako kapitalismoa baino dezente zaharragoak ditun Gabon garaiko magoak, aztiak eta jakintsuak.

Tamalez ere, ezin dinat ahaztu infantilizazioa ahotan hartzea ere: zergatik ezin diegu esan haurrei gu garela urte berriari heltzeko opariren bat egin nahi diegunak, ez-dakit-zer balio izanaraziko dien ipuinik erabili gabe? Ziur guraso batek baino gehiagok benetako magia egin behar duela urtea amaitu eta seme-alabei gutiziaren bat erosteko, eta izango dun magiaren presioa eta prezioa ordaindu ezinda, etxeko txikiei egia nahi baino lehen kontatu behar izan dion heldurik. Penagarria iruditzen zaidan pentsatzea Olentzero bezalako trikimailuak beharrezkoak direla etxeko txikiak mehatxuen bidez txintxo ibil daitezen...

Egun 37 urte ditinat, eta bost bat geratzen zaizkidan alaba galdezka azal dadin, ni bezain azkarra bada behintzat (jadanik azkarragoa ematen duenez, agian ikasiko din sekretua isilpean gordetzen). Deskubritzen duen egunean, galdetuko zionat ea gustatu zaion familiak, lagunek eta milaka ezagun zein ezezagunek bere ilusioa areagotzeko urte hauetan egindako ahalegina. Izan ere, horra hor iritzi arras desberdinetako mundutarrak ados jartzeko gai garela erakusten duen ebidentzia; hain dun ederra haur baten poza, ezen gai izan garen ados jartzeko elkarrekin sekula berba egin gabe! Ikasiko bagenu hori berori egiten haur baten poza bezain ederrak diren beste motibo batzuengatik, zeinen gustura kontatuko genituzkeen ipuin berriak! «Azken tamalez», ematen din Gabonetako oparien pertsonaiena beharrean, elkarrekin ados jartzeko gaitasuna izan dela eta izango dela, puska baterako gutxienez, munduko sekreturik handiena.]]>
<![CDATA[2019ko sasibalantzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/018/001/2019-12-17/2019ko_sasibalantzea.htm Tue, 17 Dec 2019 00:00:00 +0100 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1898/018/001/2019-12-17/2019ko_sasibalantzea.htm Joker. Bilboko Arte Ederretako Museoa. Vox. Korrika. Jon Barberena. Irribarria. G7. Orio. Rufino Iraola. Alan Roy King. Berri Txarrak. Camilo Sesto. Katalunia. Bernardo Atxaga. Xabier Arzallus. Hertzainak. Albert Rivera. Evo Morales. Hondarribia. Laja. Iphone 11. Berlingo harresia. Game of Thrones. Jose Luis Ansorena.

Gogoan dinat 1999. urteko abendua, mundua amaitzear izandako garai hura. Orduan lekutan ikusten ninan 2020. urtea, eta ohartzerako gainean dinagu. Halako data seinalatuetan, komeni dun atzera begiratzea, aurrera jarraitzeko bide onenaren pistak topatuko ditugulakoan. Hortaz, urteko azken hondarrotan, ahaleginduko naun 2019aren ertzak zirriborratzen, hamabi hilabetetan izandako zuri-beltzak marrazten.

Ez naun bereziki abila indarguneak bilatzen, baina esango niken erraz samar adostu dudala neure buruarekin 2019an izandako aurrerapauso nabarmenenak, guztiak euskararen inguruan antzemandakoak: Euskaltzaindiaren mendeurrena, Euskaraldiko auzolana eta euskarazko hedabide pribatuak sustatzeko eredu berria. Euskaltzaindiak sekulako lana egin din euskararen aldeko adostasunak zabaltzen Euskal Herriko lurralde guztietan; ekindako bideari jarraitzea baino ez zaion geratzen orain, eguneratzearen eta modernizazioaren mesedetan. Euskaraldiak, Lau Teilatu kantuak berriki bezala, partaidetzaren bidez euskarara hurbildu ditin mingainean eta paparrean Etxepareren hizkuntzaren arrastorik sekula izango ez lukeen lagun ugari; balioko ote din antzeko lankidetzak ikusteko eragile publiko eta pribatuen artean beste hainbat arlotan? Azkenik, Euskarazko hedabide pribatuak sustatzeko eredu berriak azalarazi din hizkuntza biziberritzeko lanean egunkari eta abarrak ez direla informazio iturri soilak; ea denon mesederako den.

Ahulgunetan oparoa iruditu zaidan 2020 ken bat hau. Nire kasuan, bi galera handi azpimarratu nahi ditinak: Jon Lopategi eta Mariano Ferrer. Lopategiri ale oso bat eskaini nionan otsailaren 12an (Bertso-aita) atal honetan; kostako dun hau baino urte ankerragorik gertatzea Bizkaiko bertsolaritzan eta euskalgintzan bolada batean. Marianori ez zionat artikulurik idatzi, eta tartetxo hau aprobetxatu nahiko niken euskal gizarteari egindako ekarpena goraipatzeko. Donostia 2016ko bizikidetza ereduaren definizioaren bila adituz aditu egindako erromesaldian gertutik ezagutzeko aukera izan ninan, eta gauza bakarra eskatzen zionat 2020ari: lehenbailehen ekar dezala haren hutsunea betetzeko norbait, izarrak itzaltzen ari diren gau honetan gero eta zailagoa delako iparra aurkitzea.

Mehatxuak detektatzearena iragarle lana izaten dun, eta milurteko honetako urte bakoitzean aurrekoaren 50 urtetan pasa zitekeena pasatzen dela ikusita, ez naun ausartuko datorrena asmatzen. Hala ere, mehatxu garbi bat ikusten zionat egungo Euskal Herriari, bereziki, hegoaldeari: 1980ko hamarkadan eratutako sistema publikoaren eraldaketa. Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioa eta zerbitzu publiko ugari (telebista, liburutegi eta abar), zehazki, duela lau hamarkada pentsatu eta abian jarritako modu eta moldeetan, gizaki eta gauzakietan oinarritzen ditun. Gizarteak administrazioak baino azkarrago egiten din aurrera, eta 2020ko hamarkadan ez bazaion eguneratzearen bideari heltzen, segituko dinagu harro sentitzen Espainiako hango eta hemengo erkidegoekin alderatzerakoan, Europako iparraldekoen ispilua ahaztuta.

Aukerak bilatuta amaitzen ditun AMIA taulak, baina ikasi dinat aukerak alferrik direla horiek baliatzeko borondaterik gabe, eta ikusita hiru hauteskunderen ostean zelan dauden inguruak, ea 2020ak erakusten digun arazo geroz eta konplexuagoen aurrean geroz eta konponbide sinpleagoak nahi izatea ez dela sekula aukera baliagarria izango.]]>
<![CDATA[Kontuak ala koloreak ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/026/001/2019-12-03/kontuak_ala_koloreak.htm Tue, 03 Dec 2019 00:00:00 +0100 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1898/026/001/2019-12-03/kontuak_ala_koloreak.htm <![CDATA[Gaiak, gayak eta gehiago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/020/001/2019-11-19/gaiak_gayak_eta_gehiago.htm Tue, 19 Nov 2019 00:00:00 +0100 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1898/020/001/2019-11-19/gaiak_gayak_eta_gehiago.htm
Zorionez, bertsolaritza futbola baino askoz aurrerakoiagoa dun... edo seguru nagon pertzepzio hori jasoko luketela edozein ordutan egiten diren telefono bidezko inkesta horietan. Angel Errok askotan idatzi din bertsolaritzari buruz (espero baino gehiagotan, egia esan behar badinat), baina bereziki gogoratzen dinat «On queer bertsolaristics», 2010ean Argia-n idatzitako ale hura. Poeta nafarraren aburuz, bertsolaritzak genero identitate zurruna biguntzeko motibo bi izan ditin: batetik, «nazio gai totemikoari ihes egiteko, azkenaldiko bertsolaritzak gai sozialekiko kontuetarako erakutsi duen sentsibilitatea»; bestetik, bertsolaritzak daukan «berezko queer-joera batengatik». Lehenengoa saldutako prezio berean erosten zionat; ez, ordea, bigarrena. Izan ere, iruditzen zaidan anbiguotasuna eta ikusgarritasuna elkarren lagun bezain etsai izan litezkeela gure gizartean.

Ez naun ausartzen esatera munduan bertso gehien itzuli dituen itzultzailea naizela, baina bazekinat podiuma ezin dudala urrun izan. Bada, aski dun zenbait bertsoaldi gaztelaniara itzultzen saiatzea ikusteko zehaztasun eza kanonaren mesede izaten dela beti. 2001ean, Maialen Lujanbiok Himalaiako postala jaso zuenean, mendian hildako laguna zer zen, emakumea ala gizona? «Egoskor bat dirudizu» kantatu zuenean, nola interpretatu beharra zegonan adjektiboaren generoa? 2017an Igor Elortza eta Sustrai Colina elkarrekin afaltzera ateratako bikote hasiberria izan zitunan puntukako saioan, baina bertsoaldi luze osoan zehar ez zagon jakiterik bikote homosexuala edo heterosexuala diren. Baten batek pentsatuko din ez zehaztea askatasunaren seinalea dela, ikusle bakoitzak erabaki dezan bikote mota; beste bertsoaldi batzuetan aniztasun sexualaren adibide ugari agertuko balira oholtzetan, onartuko niken hori, baina kanona betetzen ez duten identitateen tokia anbiguotasunean oinarritutako saioak badira, ez zaidan onargarria iruditzen kontua.

Izan ere, gauzak garbi esanda, iruditzen zaidan gero eta gehiago tematzen garela bertsolarien artean gero eta aniztasun handiagoa egon dadin, eta, aldiz, ez diegula gauza bera eskatzen gaiei. Ez dezagun ahaztu XXI. mendeko Bertsolari Txapelketa Nagusiko final batek ere ez duela Bechdel testa pasatzen, ez epaimahaiak hala ebatzita, ez gai-jartzaileek hala zehaztuta, ez bertsolariek hala nahita. Bertsotan egiteko gaiak etxe bat balira, bazeuden sekula ireki ez ditugun gelak, sekula probatu ez ditugun egongelak eta ganbarak, eta ez zagon zertan subalternoa izan horietan sartu eta hautsak harrotzeko. Bertsolaritzak aurrerapauso nabarmena erakutsiko din, adibidez, gay izatea gai izatetik gaiko ezaugarri izatera iristen denean (ezetz bururatu esplizituki gayekin lotutako 5 bertsoaldi!). Are gehiago, seguru nagon gizon zuri heterosexual gipuzkoar euskaldun-zahar kanonikoaren eredu zurruna zabaltzen laguntzeko, oholtzan bertsokide subalterno pare bat jartzea baino modu eraginkorragoa izango dela gai pare batean hain erosoa egingo ez zaion eta bere burua deskubritzera eramango duen hausnarketa bidegilearen arrastoan sarraraztea.]]>
<![CDATA[Barne Poztasun Gordina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/016/001/2019-11-05/barne_poztasun_gordina.htm Tue, 05 Nov 2019 00:00:00 +0100 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1898/016/001/2019-11-05/barne_poztasun_gordina.htm
Ez omen zunan iritzi berekoa Butango laugarren erregea. Himalaiaren magaleko herrialdea hain txiroa izanik, erregea gogaitu omen zunan Butan Barne Produktu Gordinen munduko zerrendetan atzealdean ikusteaz, eta ipuinetako erregeek bezalaxe, erabaki zinan injustizia horren aurka borrokatzea... Tamalez, kapitalismoaren dragoia garaitezina zitzaionan, eta alferrikakoa zinan BPGaren zerrendan gora egiteko zaldun edo inbertsore bila hastea. Orduan, etsita, ziurrenik urmael baten ondoan (Disneyk hala nahiko zinan behintzat), agertuko zitzaionan azti bat eta esango zionan beste dragoi bat sortuko zuela, indartsuagoa eta beldurgarriagoa, eta BPGaren zerrendako goialdean ikusten zitinan erreinuetako buruzagiek ez zitenan jakingo zelan garaitu dragoi berri hori.

Ipuinen epikak alde batera utzita, egia dun Butango erregearen istorioa. Jigme Singye Wangchuck izenez, Butango tronua hartu zinan 1972an, 17 urte zitinala. Erresuma Batuan egin zitinan ikasketak, eta aurreko hiru erregeek baino mundu ikuspegi zabalagoa izan zinan. 2006an abdikatu zinan, dezente lehenago «Gross National Happiness» edo «Barne Poztasun Gordina» Gross National Product edo Barne Produktu Gordina baino garrantzitsuagoa zela aldarrikatuta. Baina... zer dun Barne Poztasun Gordina?

Herrialde baten Barne Poztasun Gordina dun bizi kalitatea Barne Produktu Gordina baino termino holistiko eta psikologikoagoetan neurtzen duen adierazlea. 9 arlo aztertzen ditin: ongizate psikologikoa, denboraren erabilera, komunitatearen bizitasuna, kultura, osasuna, hezkuntza, ingurumen-aniztasuna, bizi-maila eta gobernua. 180 puntuko galdetegi baten bidez lortzen ditun arlo horiei buruzko datuak, eguna berreraikitzeko teknikaren bidez. Teknika horren arabera, bezperan gertatuko egoerak gogoratu behar ditinagu eta eguneroko sinple batean jaso. Prozedura horrek bat egiten din Paul Dolanen zorionaren definizioarekin: «plazer eta asmo zehatzeko esperientzien gertaera denboran zehar».

Ez dun izango munduko prozedura sofistikatuena, baina behin-behinean, iruditzen zaidan herrialde batek sortutako produktuaren adierazleak baino lotura arras handiagoa duela zorionarekin. Izan ere, bezperako eguneroko horretan, egongo dun erositako auto berriaren poza edo kobratutako soldatarena, bai, baina ez ditun faltako irakurritako liburu horren atsegina, ikusitako film horren ederra edo txalotutako kontzertu horren aho-zapore gozoa, besteak beste. Seguru nagon kontzertu, emanaldi eta irakurraldi gehien dituzten herrialdeak izango liratekeela «BPG» handienekoak.

Barne Poztasun Gordinaren aplikazio efektiboa ipuinetakoa iruditu arren, hiru irakaspen argi eskaintzen ditin: batetik, zoriona eta memoria zuzenki loturik daudela (zoriontsuak garela gogoratu dezakegun heinean gaitun zoriontsu); bestetik, askoz zoriontsuagoak izango ginatekeela egunero bezperako pozak errepasatuz gero («minutu bat goizero» bilatu youtuben); eta, azkenik, batzuetan ahaztu egiten dinagula diruak ez omen dakarrela zoriona, baina zorionari ere prezioa jartzen dion mundu batean bizi garela.]]>
<![CDATA[Ez izan biolentoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/020/001/2019-10-22/ez_izan_biolentoa.htm Tue, 22 Oct 2019 00:00:00 +0200 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1890/020/001/2019-10-22/ez_izan_biolentoa.htm
Baina, Xabi... arrazoi diten. Pentsa ezan zeinen biolentoa egingo zaion hamaika irakurleri aditzok deskodetu beharra... eta hik ez dun biolentoa izan nahi. Beraz, hitanoarenak egin din! Gaurtik aurrera berriz idatziko dut zuka, eta irakurleak erabaki dezala usted-ka edo tu-ka ari natzaion, hau da, idulkitik mintzo natzaion ala belarrira xuxurla. Eta behin biolento izateari uzten hasita, erabaki dut aurrerantzean ez dudala ergatiborik erabiliko: nor ez du sekula bizi izan hiztun baten ergatiboaren erabilera desegokia zuzentzeko egoera biolento hori? Biolentoagorik ba ote? Euskal Herri mailan ez behintzat. Tira, txarrenean, hatxe letraren absentzia zuzendu behar izatearekin pareka liteke... eta orretan ere ez nukeenez biolentoa izan gura, esaten ez den letra inori zuzentzeko atakan ez gertatzeko, aurrerantzean atxerik ez. Ertzaintza primeran moldatu da izkitxoari iskintxo eginda! Bizkaia mailan, bestalde, bada aurrekoak bezain biolentoa izan daitekeen beste abagune bat: txistukarien zuzenketa. Zuzentzailearentzako biolentziaz eta zuzenduarentzako frustrazioz betetako memento mori ori muturreko biolentzia purua da, jaurerriko kaleetatik bereala esabatu bearrekoa. Eta sein tsistukari leenestea komeni da? Dudarik gabe, esea, espainolarengandik gertuen dugun fonema.

Eta espainola aipatuta... nori es saio biolentoa egiten euskaldunes osatutako taldean lagun elebakar bakarrarengatik espainoles egiteko derrigortasun moraleko tesitura? Es al da biolentoa ondokoa sokor-maso totala eginda begira egotea, brokolirik ulertu gabe, gainerakoak elkarri nork-nori-norka su eta fu ari direnean? Seguru nago Mars anaien kamerinoa aise beteko genukeela belarriprest prestuekin euskara pitin bat sinpletuko bagenu. Esate baterako, bada garaia Asularren Gero eleberriko korronte sintaktikoa bururatseko: deklinabideen kortse estuaren esklabu sentituta, nor es du noisbait «porke» bat erabili esaldi bat beste batekin lotseko, eta lasai egin arnas, lokarria kolpean askatu isan balits besala! Akebai? Bada, seguru espainolek eta euskal erdaldunek gusturago jarraituko luketela gure berbeta... es que betidanik solastu isan gara orrela. Eta betidanikoen eta erroen bila abiatuta, auskalo senbat euskal berba isango diren espainolarengandik edo aren ama latinarengandik mailegatuak: administrasioa, konfiantsa, kotsea... ya que espainolek berdintsu esaten ditusten, es al da biolentsia gratuitoa berbak diferentsiatsea? Bisikidetsa sekula es da egongo biolentoen alde, asike, berbetan asi aurretik, pensatu esatea desio dusuna entenditseko modua nola fasilitatu daitekeen. Eta denok batera elkarrekin bisitseko boluntade piska batekin, biolentsia linguistiko oro kondenatus, sosietate demokratiko bateko kide alaiak isango gara. Astion Monkloa jauregiko twitter kontuak primeran laburtu du testu onen ikasbidea: «Demokrasia, bai; biolentsia, ez. Ordena publikoaren problema esabatseko, biolentoen aurka jardun bearra dago. Es dago jarduera biolentoen aurrean anbiguoa isaterik.»]]>
<![CDATA[Gloto-onkologia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1899/018/001/2019-10-08/gloto_onkologia.htm Tue, 08 Oct 2019 00:00:00 +0200 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1899/018/001/2019-10-08/gloto_onkologia.htm
Minbizia zeukaten hamar lagunek, baina ez diten minbizi mota bera. Ezta hurrik eman ere! Zehazki, hamar minbizi mota zeuden itxarongela berean. Guztiak oso urrutitik etorri ditun, jatorrizko lurraldeko medikuek eta zientzialariek ez dutelako aurkitu euren gaitza sendatzeko modurik. Pixkanaka hiltzen ari ditun. Eurek ez diten ezer txarrik egin, bizi besterik ez, baina pixkanaka hiltzen ari ditun. Bazekiten bizitzen ez saiatzea heriotza azkartzea dela. Saiatu ditun ingurukoak animatzen, euren minbizi mota berbera dutenak zaintzen, edo minbizi mota larriagoko hildakoen autopsietatik ikasten... baina atzerako kontaketaren tik-tak-ak ez din etenik eurentzat.

10en tik-tak-ak itxarongela leku itxarongaitz bihur lezaken: ezin diten luzaroan itxaron, baina itxaropena diten aliatu onena. Eta Aretxabaletako itxarongela horretako tik-tak-en oihartzuna handia bada, are handiagoa da hamar bihotzen itxaropena. Entzun diten badela euren antzeko minbizia duen hamaikagarren lagun bat, gaitza sendatu ez, baina gaixotasun kroniko samar bihurtzeko formula topatu duena. Sendabidea! Ez, tira, ez dun sendabidea, baina heriotzaren kodaina gertu ikusten duenarentzat, alternatiba oro da irtenbide. Horregatik zeuden 10 lagunak itxarongela horretan: bizirik irauteko sekretuaren zain.

Bat-batean, kontsultako atea ireki eta osagile bat atera dun. Ez omen diten berehala ezagutuko minbizia kronifikatutako gaixoa, pixkanaka baizik. Lehen osagileak kontatu zien urteak daramatzatela minbizi mota horren aurkako borrokan, ia mende oso bat gutxienez. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, heriotza gertu zenean, Ez-dok-amairu edo Gaur bezalako taldeek egindako esperimentuek shock-tratamendu eraginkorrak lortu zituztenan. 1980ko ikastolen terapia sozialak eta garai bereko irrati-telebisten erradioterapiak gaitzaren zenbait tumore nekrosatzeko balio izan zitenan. Hala ere, XXI. mende hasieran deskubritu zitenan tratamendu onenak eskatzen zuela aldi berean hainbat zelulatan eragitea: minbizia duten adin guztietako herritarrak artatu, gaixoen estigma ezabatu, gaitza normalizatu, tratamendu errazagoak garatu...

Hamar lagun horiek Kitxua (Ekuador), Nasa (Kolonbia), Kaqchikel (Guatemala), Nawat (Mexiko), Yukatango Maia (Mexiko), Amazigh (Rif, Maroko), Maputxe (Txile), Aimara (Bolibia), Guaraní (Bolivia) eta Kiche (Guatemala) hizkuntza ditun, eta Aretxabaletara etorri ditun, Garabide elkartearen hizkuntza ospitalera. Urriaren 30era bitartean, euskararen gaitzarekin bizirik irauteko zortea izan dugun herritarren, elkarteen, ikastolen, proiektuen eta ospakizunen bizipenak ezagutuko ditizten, horietako baten bat euren hizkuntza biziberritzeko inspirazio iturri izango delakoan.

Orain bai, itxi begiak... baina promes egin iezadan, itxarongela ikusi bezain pronto, berriz zabalduko ditunala begiak; luzaroegi geratzen bahaiz euren minari begira, berriz zabaltzen ditunanean, agian beranduegi izango dun.]]>
<![CDATA[Euskal Herri hura]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/020/001/2019-09-24/euskal_herri_hura.htm Tue, 24 Sep 2019 00:00:00 +0200 Xabier Paya Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1890/020/001/2019-09-24/euskal_herri_hura.htm
2010eko uztaila; Boise, Idahoko hiriburua. The Jaialdi, bost urtean behin egiten den diasporako euskaldunen meka. Iratxe Ibarra eta biok bertsotan egitera gonbidatu gintuztenan eta lehen aldiz ausartu nindunan kantuan ingelesez bat-batean aritzera. Kostatuko zaidan ahaztea «Good evening Boise / how are you doing?» Aita izena kanta beharrak doinuan kantatu ninaneko txaloaldiaren magia... baina ez natorren horretaz hitz egitera. Jaialdiaren egunetako batean lehendakariak hitzaldi bat egin ohi din; urte hartako Eusko Jaurlaritzako presidentea ez zunan gai euskaraz edo ingelesez mintzatzeko, Boiseko alkatea ez bezala, eta, arrazoi politiko eta linguistikoak medio, euskal amerikar askok erabaki zitenan hitzaldira ez joatea.

Haietako batek pentsatu zinan tarte hori baliatzea ingelesez kantatutako bertsolaria ezagutzeko, eta halaxe joan nindunan ni Flora Aspiazuren etxera, lehendakariaren hitzaldiaren ordezko. 90 urteko andrea gutxitan ateratzen zunan etxetik eta besarkada estu batekin eskertu zidanan joatea. Lea Artibaiko gurasoen alaba, bizkaiera ederrean mintzo zunan. «Noiz joan zara Euskal Herrira azken aldiz?» galdetu nionan (bizkaieraz neuk ere), haren euskararen bizitasunarekin harrituta. «Sekula ere ez» erantzun zidanan. «Zelan?» itaundu nionan ezin sinetsita. «Ni Ameriketan jaio nintzen, eta sekula ez naiz Euskal Herrira joan». Senarra gerra garaian erbesteratutakoa zinan, eta hari Euskal Herrira joateko esaten zion bakoitzean, gizonak pentsatze hutsarekin gerrako goseak eta oinazeak berbizitzen zitinan... eta bidaia geroratu egiten zitenan.

«Eta zelakoa irudikatzen duzu Euskal Herria?» galdetu nionan 90 urteko andre euskaldun amerikar sekula-euskal-herriratu-gabeari: «Polita! Zelai berde, itsaso urdin, eguzki eder...» eta beste mila berba maitagarri esan zitinan begien distira betean, distira hartan nik ezagutzen ez ninan Euskal Herri hura «bere begiekin» ikusiko balu bezala. Senarra aspaldi hila izanik, bururatu zitzaidanan esatea oraintxe zuela aukera Euskal Herria bisitatzeko, baina bidaiak eragingo zion nekeak eta benetako Euskal Herria ikusteak eragingo zion etsipenak ahoa itxi zidatenan.

Ni euskal kantuen letrek eraman nindutenan Euskal Herri berriaz amets egitera: «zazpi euskal herriak bat egin ditzagun...», «...herri bat osaturik euskaraz nahi dugu bizi», «nire aberria lurra bezain zaharra da...», «ez dugu beldurrik, ez dugu lotsarik, nor geran, zer geran aitortzeko»... eta amestu ninan Quebecera, Ingalaterrara edo Japoniara heldu eta ez nuela arazorik euskalduna nintzela esateko, eta euskal herritar guztiek onartzen zutela euskaraz ere bizi nahi zutela, eta Euskal Herria oro zela bake, bizikidetza, justizia, aniztasun, maitasun eta beste hitz polit pila bat.

Flora Aspiazu 2013ko maiatzaren 6an hil zunan, Euskal Herrian sekula izan gabe. Nik ez dinat epe laburrean hiltzeko asmorik, baina saihestezina egiten zaidan pentsatzea ni ere sekula ez naizela izango aspaldi amestutako Euskal Herri hartan. Euskal Herri hobea nahi ninan nire ondorengoei uzteko, baina baditun bi urte aita naizela, eta saiatu beharko naun begietan nahi baino distira txikiagoa eragiten didan Euskal Herri hau hobetzen, kantuetarako eta ametsetarako gordez Flora eta bion Euskal Herri hura.]]>