<![CDATA[Xabin Makazaga | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 24 Sep 2023 12:44:11 +0200 hourly 1 <![CDATA[Xabin Makazaga | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ibili herrenarekin abiatu da Libian batasun nazionaleko gobernu baterako akordioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1777/017/001/2015-12-18/ibili_herrenarekin_abiatu_da_libian_batasun_nazionaleko_gobernu_baterako_akordioa.htm Fri, 18 Dec 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1777/017/001/2015-12-18/ibili_herrenarekin_abiatu_da_libian_batasun_nazionaleko_gobernu_baterako_akordioa.htm
Tripoli eta Tobrukeko parlamentuen buruak kontra agertu dira]]>

Muammar Gaddafiren kontrako herri altxamendua baliatuta Libiako buruzagia agintetik botatzeko nazioartearen operazio militarra amaitu eta lau urte pasera, eta urtebete paseko elkarrizketen ondotik, Afrika iparraldeko herrialde hori egonkortzeko saialdia da atzo sinatutako akordioa. Bi gobernu eta bi parlamentu daude gerra betean, bata Tobruken eta bestea Tripolin, eta 1.700 bat milizia armatu. Anabasa horri esker, Estatu Islamikoak gero eta indar handiagoa hartu du Libian.

Libiako bi ganberetako legebiltzarkideez gain, Martin Kobler NBEren Libiarako ordezkariak eta Tunisia, Maroko, Turkia, Qatar, Espainia eta Italiako Atzerri ministroek hartu zuten parte akordioa sinatzeko ekitaldian, eta historikotzat jo zuten unea. Bi aldeek «amore eman eta konpromisoak hartu» beharko dituztela nabarmendu zuten nazioarteko ordezkariek. Prozesuak aurrera eginez gero, NBEren Segurtasun Kontseiluan ebazpen proposamen bat egingo dute, batasun nazionaleko gobernua Libiako «ordezkari legitimo bakar gisa» hartua izan dadin nazioartean.

Tobrukeko legebiltzarreko 188 ordezkarietatik 80 inguruk eta Tripoliko 136etatik 50 inguruk sinatu dute akordioa, AFP berri agentziaren arabera. Fayed Serraj izango litzateke batasun nazionaleko gobernurako kontsentsuzko lehen ministro, eta sei lehen ministrordek eta hiru ministrok osatutako presidentetza batzorde bat izango luke; tartean egongo litzateke Saleh al-Makhzun polemikoa. Batzorde horren zeregina izango litzateke konstituzio berri bat idaztea, gero libiarrek erreferendumean bozkatzeko.

Parlamentua Tobrukeko gaur egungo legebiltzarkideek osatuko lukete, eta Estatu Kontseilu bat ere sortuko lukete, aholkularia, Tripoliko Kongresu Nagusi Nazionaleko 150 bat kidek osatua.

Airean dago batasun nazionaleko gobernua non ezarri, akordioak bi aldeetan baititu kontrarioak, eta gobernu berria babesteko segurtasun planik ez baitago oraindik. Gaur egungo bi parlamentuetako buruek herenegun azaldu zuten ez zutela beren ganberen baimenik akordioa izenpetzeko, eta, sinatzekotan, nork bere izenean sinatuko zutela. Azkenean, hori ere ez dute egin, ordea.

Akordioaren kontra bi argudio haizatu dituzte, nagusiki: bata, kanpotik ezarritakoa dela eta Libian bertan egositako itun bat hobesten dutela; eta bestea, ez daudela ados gobernurako proposatu diren izenekin.

Hafter jenerala eta Errusia

Skhirateko sinadura ekitaldiaren bezperan, NBEren Libiarako ordezkaria Khalifa Hafter jeneralarekin bildu zen Bengazin. Gaddafiri leial izatetik buruzagiarekin etsaitu, eta azkenerako Tobrukeko indarren milizia nagusiaren buru bihurtu da Hafter. Martin Kobler ondoan zuela, Estatu Islamikoaren eta beste talde islamisten kontrako borrokaren aitzakian, nazioarteak Libiari ezarritako arma bahimendua kentzeko eskatu zuen, «lan egoki bat egin ahal izateko». Aro berrian indar armatu guztien gaineko kontrola ere beretzat eskatu zuen Hafter jeneralak.

Arma bahimendua amaitu ezean, «Errusiari Libian terrorismoaren kontra esku hartzeko» eskatuko diotela ohartarazi zuen Hafterrek, eta ahoa bete hortz utzi zuen Kobler: «Errusiarrak oso lan ona ari dira egiten terrorismoaren kontra, eta serioak dira». NBEren Libiarako ordezkariak erantzun zuen «gobernu bakar bat» osatzean aztertu beharko dela gai hori, eta hark eskatu beharko diola arma bahimendua kentzeko NBEren Segurtasun Kontseiluari.]]>
<![CDATA[Merkataritza alorreko gerra betean korapilatu dira Errusia eta Ukraina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/019/001/2015-12-17/merkataritza_alorreko_gerra_betean_korapilatu_dira_errusia_eta_ukraina.htm Thu, 17 Dec 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1736/019/001/2015-12-17/merkataritza_alorreko_gerra_betean_korapilatu_dira_errusia_eta_ukraina.htm
Krimeari blokeoa ezarriko dio Kievek]]>

«Soilik Errusiaren interesak eta ekonomia segurtasuna» babesteko hautsi du Putinek 2011n —artean Viktor Janukovitx Ukrainako presidente zela— Kievekin sinatutako ituna. Urte berriarekin, izan ere, indarrean sartzekoa da Europako Batasunaren eta Ukrainaren arteko Elkartze Akordioa. Eta Moskuk ohartarazia zuen hautsi egingo zuela Ukrainari merkataritza onurak eskaintzen dizkion ituna, Bruselak eta Kievek Errusiaren kezkak aintzat hartu ezean Elkartze Akordioa martxan jartzeko orduan.

Errusiak muga zergak ezarriko dizkie berriro Ukrainako salgaiei, eta zerbitzu, migrazio eta inbertsio alorretako lehentasunak ezabatu egingo ditu, Ekonomia Ministerioak azaldu duenez. Alexei Uliukaev ministroa ezkor agertu da, baina ez du erabat baztertu Mosku, Kiev eta Bruselaren artean «azken orduko akordio bat» lortzea. Abenduaren 21ean Bruselara joango da, errusiar merkatua babesteko neurriak negoziatzera, eta Ukraina prest dago «trantsizio aldi bat» ezartzeko.

Halaber, Ukrainatiko elikagaiei bahimendua ezarriko dietela erantsi du Putinek, Kievek bat egin zuelako Mendebaldearen zigor ekonomikoekin, Krimea 2014ko martxoan Errusiako Federazioko kidetzat hartu izana gaitzesteko.

Krimeakoa, «propaganda»

Twitter bidez jakinarazi zuen atzo Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroak 30 egunen buruan merkataritza blokeoa ezarriko diola Kievek Krimeari. Ukrainako Gobernuaren aginduz merkantzien eta zerbitzuen joan-etorria debekatuko dutela azaldu zuen, eta argindarra hornitzea Ukrainako Nazio Segurtasun eta Defentsa Batzordearen baimenaren mende geratuko dela nabarmendu.

Ukrainatik bereizi eta 2014an Errusiako Federazioarekin bat egin zuen penintsulako agintariek, baina, itxurakeria hutsa iritzi diote Kieven iragarpenari. Neurria «propaganda» ekintzatzat jo du Vladimir Konstantinov Krimeako Parlamentuko presidenteak Itar Tass agentzian: «Aspaldian ez dugu Ukrainako produkturik kontsumitzen». Krimeako herritarrengan ez duela inolako eraginik izango eta helburua «nazioartearen arreta erakartzea» dela nabarmendu du.

Sebastopol hiriko gobernadore Sergei Meniailok ere uste du ez dela horniduran hutsik izango: «Aspaldi egin genuen Errusiako produktuen aldera».]]>
<![CDATA[Merkataritza alorreko gerra betean korapilatu dira Errusia eta Ukraina]]> https://www.berria.eus/albisteak/117817/merkataritza_alorreko_gerra_betean_korapilatu_dira_errusia_eta_ukraina.htm Wed, 16 Dec 2015 08:21:56 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/albisteak/117817/merkataritza_alorreko_gerra_betean_korapilatu_dira_errusia_eta_ukraina.htm «Soilik Errusiaren interesak eta ekonomia segurtasuna» babesteko hautsi du Putinek 2011n -artean Viktor Janukovitx Ukrainako presidente zela- Kievekin sinatutako ituna. Urte berriarekin, izan ere, indarrean sartzekoa da Europako Batasunaren eta Ukrainaren arteko Elkartze Akordioa. Eta Moskuk ohartarazia zuen Ukrainari merkataritza onurak eskaintzen dizkion ituna hautsi egingo zuela, Bruselak eta Kievek Errusiaren kezkak aintzat hartu ezean Elkartze Akordioa martxan jartzeko orduan.
Ukrainako salgaiei Errusiak muga-zergak ezarriko dizkie berriro, eta zerbitzu, migrazio eta inbertsio alorretako lehentasunak ezabatu egingo ditu, Ekonomia Ministerioak azaldu duenez. Alexei Uliukaev ministroa ezkor agertu da, baina ez du erabat baztertu Mosku, Kiev eta Bruselaren artean «azken orduko akordio bat» lortzea. Abenduaren 21ean Bruselara joango da, errusiar merkatua babesteko neurriak negoziatzera, eta Ukraina prest dago «trantsizio aldi bat» ezartzeko.
Halaber, Ukrainatiko elikagaiei bahimendua ezarriko dietela erantsi du Putinek, Kievek bat egin zuelako Mendebaldearen zigor ekonomikoekin, Krimea 2014ko martxoan Errusiako Federazioko kidetzat hartu izana gaitzesteko.
Twitter bidez jakinarazi du Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroak 30 egunen buruan merkataritza blokeoa ezarriko diola Kievek Krimeari. Ukrainako Gobernuaren aginduz merkantzien eta zerbitzuen joan-etorria debekatuko dutela azaldu du, eta argindarra hornitzea Ukrainako Nazio Segurtasun eta Defentsa Batzordearen baimenaren mende geratiuko dela nabarmendu.
Ukrainatik bereizi eta 2014an Errusiako Federazioarekin bat egin zuen penintsulako agintariek, ordea, itxurakeria hutsa iritzi diote Kieven iragarpenari. Neurria «propaganda» ekintzatzat jo du Vladimir Konstantinov Krimeako Parlamentuko presidenteak Itar Tass agentzian: «Aspaldian ez dugu Ukrainako produkturik kontsumitzen». Krimeako herritarrengan ez duela inolako eraginik izango eta helburua «nazioartearen arreta erakartzea» dela nabarmendu du.
Sebastopol hiriko gobernadore Sergei Meniailok ere horniduran hutsik ez dela izango uste du: «Aspaldi egin genuen Errusiako produktuen aldera».]]>
<![CDATA[Europako mugazainak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2091/019/001/2015-12-16/europako_mugazainak.htm Wed, 16 Dec 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/2091/019/001/2015-12-16/europako_mugazainak.htm
1.500 poliziak Europako Batzordearen esanetara jardungo lukete]]>

Frontex Kanpo Mugen Zaintzarako Agentzia Europarrean oinarrituta eratu nahi du mugazain talde berria Bruselak, Europako Batasuneko kanpo mugen zaintza behar bestekoa ez den uneetan baliatzeko. Migratzaileen presioak «Schengen eremua arriskuan» jarriko balu erabakiko luke Europako Batzordeak 1.500 mugazainen taldea abian jartzea, gehienez ere hiru eguneko epean.

Europako Batasuneko estatu kideen ordezkariek osatutako batzorde batek gehiengo kualifikatuz eman beharko lioke oniritzia Bruselak eskatutako esku hartze bakoitzari; baina ez EBko estatu eta gobernu buruak biltzen dituen Europar Kontseiluak edo tokian tokiko agintariek.

Batzorde horrek Bruselaren eskaerari erantzunik eman ez edo esku hartzearen kontra bozkatuko balu, helegite organo batera jo ahalko luke Europako Batzordeak; eta, hor, estatu kide gehienen kontrako botoa beharko litzateke eskaera atzera botatzeko.

Orain arte, EBko kanpo mugen zaintza estatu bakoitzaren ardura izan da, eta eskumen hori hein batean Bruselaren esku utziko luke atzo Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko buruak Europako Parlamentuan aurkeztu zuen proposamenak. Italiak eta Greziak, esate baterako, ez dute gainerako estatu kideen laguntzarik eskatu, migratzaileen uholdeak erabat gainditu eta Bruselaren presioa jasangaitza egin zaien arte. Aurten, izan ere, milioi eta erdi errefuxiatu eta migratzaile sartu dira Europako Batasunean, gehienak bi herrialde horietatik, eta sarrera guneetan kontrolatu gabe egin ahal izan dute aurrera Balkanetako igarobidean.

Kanpo mugen zaintzak «ardura partekatua» izan behar duela argudiatu du Frans Timmermans Europako Batzordeko lehen presidenteordeak, eta errefuxiatuen krisiak gaur egungo mekanismoen «ahulezia eta hutsuneak» agerian utzi dituela erantsi du.

Europako Batzordeak, bestalde, Suedia Italiara eta Greziara iritsitako errefuxiatu siriarrak hartzeko betebeharretik urtebetez salbuestea proposatu du, herrialde hark jasaten duen presio handiagatik.]]>
<![CDATA[Kuartelei eraso diete Burundin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3359/017/001/2015-12-12/kuartelei_eraso_diete_burundin.htm Sat, 12 Dec 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/3359/017/001/2015-12-12/kuartelei_eraso_diete_burundin.htm
Bujumburan, soldadu eskola batean eta Ngagara auzoko base militarrean sartzen saiatu ziren matxinoak, eta, hiriburutik 40 bat kilometrora, beste base militar bati eraso zioten Mujejurun. «Soldaduak erne zeuden, eta erasotzaileei aurre egin zieten», esan du armadako bozeramaile Gaspard Baratuza koronelak. Erasotzaileen asmoa kuartel militarretatik armak eta munizioak hartu eta ondoren Mpimbako kartzela nagusiari erasotzea zen, presoak askatzeko. Hala jakinarazi du Baratuza koronelak: atxilotutako matxinoek «aitortu» bide dute eraso koordinatuen helburua.

Zortzi hilabete badira Burundin Pierre Nkurunziza presidentearen kontrako protestak hasi zirenetik. Konstituzioa aldarazi egin zuen apirilean, hirugarren agintaldira aurkeztu ahal izateko, eta uztailean hautatu zuten berriro presidente. Tartean, maiatzean, estatu kolpe saio bat ere izan zen Burundin, nahasia —presidenteak berak antolatu zuela dioenik ere bada, aurkariei aurrea hartzeko—, eta, ordutik, etengabeak izan dira segurtasun indarren jazartze operazioak eta borroka armatuak. 200 hildako baino gehiago izan dira.

Hegaldiak bertan behera

Egoera «kontrolpean» dutela nabarmendu zuen atzo Burundiko armadak, eta hiriburu inguruko errepide nagusiak moztu egin zituzten. Baina tokiko hedabideek egun guztian tiro hotsen berri eman zuten hiriburuan, eta Bujumburako auzoetan artilleria ere baliatu zutela eman zuten aditzera. Erasoetan bost militar zauritu zirela jakinarazi du Baratuzak, baina, aurrez, bost militar hil zirela esan zioten Reuters agentziari soldaduek.

Burundiko egoera nahasiagatik, Kenya Airways eta RwandAir konpainiek hegaldiak eten egin zituzten atzo Bujumbura hiriburuko aireportura.

Burundin 300.000 heriotza inguru eragin zituen gerra zibilak (1993-2005), hutu eta tutsi etnien arteko borroka betean. Sarraskia bake akordio batekin amaitu zuten, eta, ordutik, Pierre Nkurunziza da presidente. Azken urtean 300.000 herritarrek egin dute ihes Burunditik, eta NBEk gogor esku hartzeko eskatu dio Afrikako Batasunari.]]>
<![CDATA[Chavismo garaiko legeak, arriskuan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2060/003/001/2015-12-09/chavismo_garaiko_legeak_arriskuan.htm Wed, 09 Dec 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/2060/003/001/2015-12-09/chavismo_garaiko_legeak_arriskuan.htm
Venezuelako aginte egitura presidentzialista izanagatik, legebiltzarraren hiru herenekin aukera dago konstituzio aldatzeko ere. Hala jasoa dago 1999an, chavismoaren hastapenetan onartutako konstituzioan. Halaber, hamazazpi urtean hemeretzi hauteskunde deialdi irabazi izanak emandako zilegitasunarekin chavismoak onartutako lege eta egitasmo ugari arriskuan daude, lege organikoak onartzeko ahala ematen baitute 112 diputatuk.

Pobrezia maila ia erdira jaistea lortu zuen hamabost urtean Venezuelak: 1998an herritarren %49 ziren pobreak, eta 2013 amaieran %27,3, Estatistika Institutu Nazionalaren arabera. Baina, oposizioaren garaipen erabatekoari esker, iraultza bolivartarra egituratu duten oinarriak kolokan daude. «1980ko hamarkadara itzultzeko arriskua» aipatu du, esaterako, Vladimir Adrianza politologoak TeleSur katean.

ERABATEKO HORNITZEA

MUD koalizioko buruzagiek Erabateko Hornitzerako Lege Programa bat onartzeko asmoa agertu izan dute, baina ez dute zehaztu nola aterako duten aurrera. Gobernu chavistek Pdval, Mercal eta Abasto Bicentenarios sareen bidez bermatu dute elikagaien hornidura, salgaiei ezarritako diru laguntzarekin. 120.000 tona jaki baino gehiago banatu dituzte, eta hogei milioi venezuelar baino gehiago izan dira sistema horren onuradunak. Gobernu chavistek jaki enpresak nazionalizatu izan ditu, elikadura eskubidea bermatzeko argudioarekin, eta oposizioak birpribatizazio aldi bat hasi nahiko luke.

Elikagaiez gain, oinarrizko produktu askorekin hordidura arazo handiak izan ditu Venezuelak petrolioaren prezioa jaitsi zenetik. Oposizioarekin lerratutako enpresariei boikota eragin izana ere egotzi die gobernuak.

USTELKERIAREN AURKAKO GAITZE LEGEA

Ustelkeriari, espekulazioari eta pilatzeari buruzko Gaitze Legea 2013ko abenduan onartu zuen chavismoak. Eta Venezuela eta Kolonbia arteko mugan larrialdi egoera ezarri du, diruz lagunduta ekoitzi eta merkatu prezioetan baino merkeago salerositako elikagaien kontrabandoa eragozteko. Gehiengo kalifikatuari esker, oposizioak mugaldeko larrialdi egoera bertan behera utziko luke.

LANAREN LEGE ORGANIKOA

Hugo Chavez presidenteak sustatuta, Lanaren eta Langileen Lege Organikoa (LOTTT) 2012an onartu zuten Venezuelan. Langileen eskubideak babesteaz gain, lege hori erabakigarria izan da emakumea lan munduan integratzeko. Fedecamarasek, sektore pribatuko merkatari eta enpresariak biltzen dituen elkargoak, LOTTT baliogabetzeko eskatu dio dagoeneko Asanblea Nazional berriari, Jorge Rodriguez Libertadoreko alkateak salatu duenez: «Milioika langile kaleratu nahi dituzte. Eta ez dugu halakorik onartuko».

Mugimendu Laboristak, bestalde, chavistek PDVSA petrolio konpainia publikotik kaleratutako 22.000 langileei lanpostua itzultzeko eskatuko du.

BIDEZKO PREZIOEN LEGEA

Eskuineko indarrek Bidezko Prezioen Lege Organikoa ere aldarazi nahi dute. Venezuelarren soldata espekulaziotik babesteko sortua, gehienez ere %30en irabaziak baimentzen ditu, produkzio gastuei erreparatuta. Iazko urtarrilean sartu zen indarrean, chavismoak eskuinari egotzitako «gerra ekonomikoari» aurre egiteko.

ETXEBIZITZA ESKUBIDEA

GMVV Venezuela Etxebizitza Misio Handia izan da chavismoaren proiektu izarretako bat. Herritar pobreenen bizi baldintzak hobetzeko sortua, oposizioak ordezko lege bat proposatu du kanpainan: Etxebizitzen Garapena Sustatzeko Legea. Helburua, familia bakoitzari bukatu gabeko etxebizitza egitura bat segurtatzea da, eta banku pribatuekin zorpetzea hura handitu eta osatzeko.

KUBAREKIKO HITZARMENA

Venezuelak Kubarekin osasun eta hezkuntza alorrean egindako hitzarmenari esker 1.760.330 venezuelarren bizia salbatu da 16 urtetan, Caracasko gobernuaren arabera, eta 19,5 milioik mediku arta jaso dute. 730 milioi mediku kontsulta baino gehiago egin dira, eta ia bi milioi ebakuntza. Eskuineko oposizioak hitzarmen horiek bertan behera utziko dituela segurutzat jotzen da.

AMNISTIA LEGEA

Amnistia eta Adiskidetze Legea onartu, eta krimenak egotzita preso dauden oposizioko politikariak askatzea badauka legebiltzar berriak. Leopoldo Lopez VP Herri Borondateko buruzagiari 13 urteko espetxea ezarri zioten, 43 hilketaren arduraduntzat jota.]]>
<![CDATA[Barne mugen kontrolak bi urtera luzatzeko prest dago Europako Batasuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1777/021/001/2015-12-04/barne_mugen_kontrolak_bi_urtera_luzatzeko_prest_dago_europako_batasuna.htm Fri, 04 Dec 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1777/021/001/2015-12-04/barne_mugen_kontrolak_bi_urtera_luzatzeko_prest_dago_europako_batasuna.htm
Schengendik baztertzeko «presioak» baieztatu ditu Greziak]]>

Angela Merkelek ate irekiak politika sustatu arren, Alemaniak berak eta Balkanetako igarobideko beste hainbat herrialdek ezarri dituzte aldi baterako kontrolak, eta, arazo jakin larrienetan soilik baliatu beharreko neurria zena, betikotzeko bidean da iheslarien krisiagatik. Horren ondorioa, eta neurria bultzatu duten agintari batzuen helburua, Grezia de facto Schengendik kanpo uztea da.

Greziak EBko kanpo mugak ez dituela ondo zaindu eta herrialdera iritsitako migratzaileei bidea libre utzi diela leporatzen diote Atenasi hainbat estatu kidek. Eta Grezia bere mugetan kontrolak ezartzera behartu nahi dute. Aukera hori 2013an onartu zuten, Schengengo mugen kodea berritzean, «kanpoko mugen zaintzan gabezia nabarmenak» gertatzen zirenerako; baina inoiz ez dute ezarri orain arte.

Mugen zaintza hobetzeaz gain, asilo eskatzaileak erregistratu eta haien hatz markak hartzeko zentroak ezartzeko Greziak Frontex agentziaren laguntza gehiago izatea aztertuko dute. RABIT esku hartze azkarrerako taldeak bidal ditzake horretarako Bruselak.

Greziako Gobernuko eledun Olga Gerovasilik ukatu egin du bere herrialdea Schengendik at uzteko aukera: «Ez da inoiz aipatu ere egin EB barruan». Baina «europar zirkuluek» Greziaren kontrako giroa sustatu dutela onartu du: «Europaren geroa isla fobiko, hesi eta bazterketa bidez eraiki daitekeela sinetarsazi nahi dute». Hainbat herrialdek Grezia oso estu hartu dutela onartu zuen Ioannis Mouzalas Migrazio ministroak ere, bezperan: «Ofizialki ez da esaten, baina presioa, egon, badago». Neurri horiek guztiak, eta Siriako iheslariak zuzenean Turkiatik EBra ekartzeko aukera —500.000 artean— abenduaren 15ean eztabaidatuko dituzte EBko estatu eta gobernu buruek.

Aurten, 740.000 errefuxiatu baino gehiago iritsi dira Greziara, eta Mazedoniako mugan 6.000 lagun daude harrapatuta. Marokoar bat hil egin zen atzo, elektrokutatuta: hesia gainditzean trenbideko argindar linea ukitu zuen.]]>
<![CDATA[Kamerungo armadak Boko Harameko ehun kide hil eta 900 gatibu askatu ditu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2470/019/001/2015-12-03/kamerungo_armadak_boko_harameko_ehun_kide_hil_eta_900_gatibu_askatu_ditu.htm Thu, 03 Dec 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/2470/019/001/2015-12-03/kamerungo_armadak_boko_harameko_ehun_kide_hil_eta_900_gatibu_askatu_ditu.htm
Bahituen jatorria ez dute argitu]]>

Defentsa Ministerioak eta Kamerungo armadako eledun Didier Badjeck koronelak informazio bera eman dute, eta operazioa eskualdeko herrialdeek osatutako misioaren babesarekin egin dutela nabarmendu dute. Baina gobernuko eta armadako iturriez gain, Boko Haramen kontrako erasoaldiari buruzko baieztapenik ez du beste inork eman.

900 gatibuak non eta noiz bahitu zituzten ere ez dute argitu, eta ikuskizun dago Chibokeko eskolan atzemandako 219 neskatoak horien artean diren. Boko Haramek 2009an Nigerian matxinada hasi zuenetik, 17.000 pertsona hil dira borroketan, eta 2.000 bahitu izan dira, Amnesty Internationalen arabera.

Nigeriatik kanpo mugaz gaindiko erasoak ugaldu egin ditu aurten, eta urte hasieran haren kontrako borroka ere nazioartekotu egin zen, Nigeriak, Kamerunek eta Txadek indarrak batzea erabaki baitzuten. Gerora, Niger eta Benin ere batu zaizkio Boko Haramen kontrako koalizioari.]]>
<![CDATA[Kataluniako adierazpena gaur bertan baliogabetu nahi du Konstituzionalak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/019/001/2015-12-02/kataluniako_adierazpena_gaur_bertan_baliogabetu_nahi_du_konstituzionalak.htm Wed, 02 Dec 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1736/019/001/2015-12-02/kataluniako_adierazpena_gaur_bertan_baliogabetu_nahi_du_konstituzionalak.htm
Atzo sartu zuten gai-zerrendan]]>

Haustura adierazpenean jasotako edukiaren larritasunari eta hauteskunde kanpainaren hurbilari erreparatuta azkartu du Auzitegi Konstituzionalak prozesua. Atzo hasitako osoko bilkura bihar dute bukatzekoa, eta Francisco Perez de los Cobos presidenteak Auzitegi Konstituzionaleko beste 11 magistratuekin adostasun zabal bat jadanik lortua duela argitaratu dute Espainiako eta Kataluniako hainbat komunikabidek: adierazpen independentista hauteskunde kanpaina hasi aurretik baliogabetzeko erabakia hartua dute, eta behin betiko ebazpen argudiatu bat prestatzen ari dira.

Agintariei ohartarazpena

Kataluniako Parlamentuaren adierazpena azaroaren 11n baliogabetu zuen, behin-behinean eta aldi baterako, Konstituzionalak. Adierazpenaren edukietan sartu gabe, Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideak, idazkaria eta Generalitateko jarduneko 21 arduradun ohartarazi zituen, gainera, auzitegiak: haren ebazpenak bete beharrekoak direla eta hori aintzat hartuko ez lukeen edozein erabakik zigor ondorioak eragin ditzakeela jakinarazi zien, besteak beste, Artur Mas Generalitateko presidenteari eta Carme Forcadell Parlamentuko buruari.

Andres Ollero magistratuak idatzi du ebazpen proposamena. PPko diputatu izana Granadatik eta Opus Deiko kide esanguratsua, Ollerok hainbat zirriborro prestatu dituela argitaratu du Ara egunkariak, guztiak oso gogorrak Auzitegi Konstituzionalari Katalunian zilegitasuna ukatzen dion haustura adierazpenarekin. JPSk eta CUPek onartutako adierazpena Estatu konstituzional eta demokratikoaren aurkako eraso bat dela argudiatu du Ollerok.

PPren gehiengo osoa baliatuta Espainiako Kongresuak onartu berria du Konstituzionalaren lege organikoaren erreforma. Araudi berriak eskumena ematen dio Auzitegi Konstituzionalari haren ebazpenak betetzen ez dituzten kargudunak zigortu eta kargutik kentzeko aldi batez. Kataluniako haustura adierazpena behin-behinean baliogabetzeko ebazpenean, magistratuek ez zuten horren aipamenik egin, Espainiako Gobernuak hala eskatu arren. Orain, ziurra da puntu hori ere jasoko dutela ebazpenean.

CUP, abenduaren 27an

Behin betiko baliogabetze batek desobedientziaren atarian jarriko lituzke Kataluniako Parlamentua eta jarduneko Generalitatea, gobernu berri bat osatzeko negoziazioek trabatuta jarraitzen duten unean. Neus Munte Generalitateko jarduneko presidenteordeak atzoko gobernu bileraren ostean adierazi zuen Auzitegi Konstituzionalak ez dituela aldaraziko Katalunian onartutako adierazpenaren «eragin politikoak», eta irailaren 27ko hauteskundeetatik jasotako «agindua» betetzeko lanean jarraituko dutela nabarmendu zuen.

CUPek, bestalde, abenduaren 27an egingo du Junts Pel Sirekin akordio bat adostu eta presidentetzaren korapiloa askatzeko batzarra, Sergie Saladie diputatuak aurreratu duenez. Akordio hori gauzatu arte, ordea, ez dute ofizialki batzarrera deituko.]]>
<![CDATA[Mas presidente izendatzea ez du baztertzen CUPek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1861/021/001/2015-12-01/mas_presidente_izendatzea_ez_du_baztertzen_cupek.htm Tue, 01 Dec 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1861/021/001/2015-12-01/mas_presidente_izendatzea_ez_du_baztertzen_cupek.htm
ERCk ohartarazi du Mas gabe ez dagoela prozesurik]]>

Martxoan berriro hauteskundeak aurreratzea, Junts Pel Si ez delako urtarrilaren 10erako gobernu bat eratzeko gauza izan, ez dela CUPen gustuko aukera azaldu du Bañosek, igandeko batzarrean bigarren aukera izan arren: «Errepublika bat eratu eta aurrera egiteko aurkeztu nintzen. Gehiengo honekin ez badugu egiten, eta nahasten hasten bagara, niretzat porrot bat litzateke. Ezin dut argiago esan», adierazi zuen atzo Bañosek, RAC1 irratian.

Igandeko batzarrean, Manresan bildutako CUPeko 1.600 militanteen erdiek Generalitaterako Masen alternatiba bat bilatzea bozkatu zuten (823); hauteskundeak berriro egitea (574), Masen aldeko botoa ematea (434) eta Espainiako hauteskundeen ondorenera itxarotea(139) ziren beste aukerak. Bilera informatibo bat izan zela azaldu du Bañosek, ez duela ezertara behartzen, azkenean eskuak altxatuta bozketa egin zuten arren.

CUPen helburua «gaur egun independentista ez den jendea limurtu eta bilduko duen gobernu baten alde» lan egitea dela azaldu du Bañosek, Madrilen «erasoak» eskatzen duelako Kataluniako proiektu independentista «askoz jende gehiagok babestea».

Anna Gabriel diputatuak ere ildo beretik jo du: «Independentzia bozkatuko ez duen jende asko dago, ustelkeria eta murrizketak eragin dituen iraganarekin hausten ez den bitartean». Horregatik, independentzia «giza eraldaketarako palanka bat» dela erakutsi behar dutela adierazi du Catalunya Radion.

Gabrielek argi utzi du Junts Pel Sirekin negoziatzen jarraitzen dutela, eta erantsi du igandeko bozketak ez duela «aterik ixten». Bañosek ere Mas presidente izendatzeko aukera aipatu du, Junts Pel Sirekin akordio bat lortuz gero CUPeko militanteek egingo luketen bilkuran hala erabakiz gero: «Batzarrak esaten badu botoa Masi emateko, guk jendearen agindua beteko dugu».

Gobernurako planean JPS eta CUP ados jarriz gero, presidentetzaren korapiloa askatzen errazagoa izango dela argudiatu du Bañosek: «Zer, nola eta noiz, akordio serio eta konpromisozkoak egiten baditugu, bistan da nor hori asko arinduko dela».

ERCren ohartarazpena

Kataluniako Parlamentuan bi aldiz bozkatu du CUPek Mas presidente izendatzearen aurka, eta, igandean militante gehienek jarrera hori berretsi ostean, independentziarako bidea Mas bera presidente izango duen gobernu bat osatzea dela ohartarazi du ERCk: «Inork uste badu ERCk gehiago egin behar duela akordio bat lortzeko, esan dezala. Edozertarako prest gaude Kataluniako errepublika ezartzeko; baina, Mas gabe, ez da independentzia egingo», esan du Gabriel Rufian Espainiako Gorteetarako zerrendaburuak.

Junts Pel Siren presidentegaia, «ezbairik gabe», CDCko buruzagia dela argudiatu du Rufianek: «Akordiorik gabe ez dago prozesu konstituziogilerik, ez ekintza planik, ez independentziarik». Bozak aurreratzeko aukera baztertu du: «Ez dugu independentisten arteko borrokarik nahi».]]>
<![CDATA[Israelek espetxean sartu nahi ditu 14 urtetik beherako palestinarrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/018/001/2015-11-27/israelek_espetxean_sartu_nahi_ditu_14_urtetik_beherako_palestinarrak.htm Fri, 27 Nov 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1877/018/001/2015-11-27/israelek_espetxean_sartu_nahi_ditu_14_urtetik_beherako_palestinarrak.htm
Aldeko 64 boto eta kontrako 22 jaso ditu Israelgo Parlamentuan Likudeko diputatuak defenditutako lege proiektuak. Beste bi bozketa gainditzen baditu, lege bihurtuko dute. Testuak ez du hitzez aipatzen haur palestinarrei buruz ari denik legea, baina hala da. Knesseteko eztabaidan, lur okupatuetan urriaren 1ean piztu zen oldarraldiaz aritu baitziren erabat: dagoeneko 102 palestinar, 19 israeldar eta estatubatuar judu bat hil dituzte labana erasoak hasi zituztenetik. Berkok nabarmendu du legearen helburua haurrak erasoetarako «baliatu» ditzaten eragoztea dela: «Disuasioa eta prebentzioa eragingo ditu legeak, eta segurtasun handiagoa emango die Israelgo herritarrei, hala juduei nola arabiarrei».

Arabiar Zerrenda Batuko diputatu Osama Saadik salatu du lege berriaren helburua «harriak jaurtitzen dituzten nerabe palestinarrak espetxeratzea» dela, eta bereizkeria egotzi dio egitasmoari, soilik terrorismoaz akusatutako haurrak hartzen dituelako aintzat, legeak zigortutako beste delituak albo batera utzita: «Palestinarren etengabeko zirikatzearen beste atal bat da».

Legea orain onartzearen arrazoia kolono israeldarren egonezina baretzea da. Izan ere, ia bi hilabete badira antolatu gabeko palestinarrak juduen kontrako erasoak egiten hasi zirenetik —labanekin aurrena, ibilgailuekin jendea harrapatuz gero, eta baita tiroka ere, azkenaldian—, eta egoera bereziki arriskutsua bilakatu da, Jerusalem eta Hebron hirietan bai, baina, bereziki, Zisjordaniako zenbait koloniatara iristeko igaro behar diren errepideetan.

Israelgo armada, hirietan ez ezik, kolonia nagusien inguruko errepideetan ere erruz hedatu da, bidegurutzeetan eta bide bazterretan, baina ez du lortu erasoak gutxitzea.

«Exekuzio sumarioak»

Giza eskubideen aldeko B'Tselem erakunde israeldarrak «kaleko exekuzio sumarioak amaitzeko» eskatu dio Benjamin Netanyahu lehen ministroari: «Zure gobernuak baimendu egiten du —eta sustatu— poliziak eta, are, zibil armatuak epaile eta exekutore bihurtzea», idatzi dio B'Tselemeko zuzendari Hagai el-Adek Israelgo gobernuburuari. Segurtasun indarrek gehiegizko indarkeria erabiltzea ere salatu du: «Mina eragin, mina eragiten saiatu edo eraso baten susmagarri den jendearen kontra indar hilgarria erabili da, dagoeneko inorentzat arriskurik ez zegoenean».

Netanyahurekin Israelek «indarraren neurrizko erabilera» baliatzen duela argudiatu arren, «legez kanpoko hilketa ugari» dokumentatu dituztela argudiatu du El-Adek: «Hiltzeko tiro egitea edozein egoeratara moldatu da».

Atzo goizaldean, Israelgo soldaduek hiru palestinar hil zituzten: 21 urteko bat Zisjordaniako Qatana hirian egindako operazio batean; beste bat Tapuakheko bidegurutzean, ustez kontrol postuko mugazainei labanaz eraso egiten saiatu zelako; eta 19 urteko beste bat Hebronen, sabelean bi tiro jasota, Al-Arubeko errefuxiatu kanpalekuan izandako istiluetan. ]]>
<![CDATA[Alemaniako 650 soldadu Malira, Parisek arreta Sirian jar dezan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2470/018/002/2015-11-26/alemaniako_650_soldadu_malira_parisek_arreta_sirian_jar_dezan.htm Thu, 26 Nov 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/2470/018/002/2015-11-26/alemaniako_650_soldadu_malira_parisek_arreta_sirian_jar_dezan.htm
Esku hartze handiagoa eskatu dio Hollandek]]>
Barkhane operazioan daukan pisua arindu eta EIren kontrako borrokan Parisek arreta osoa Sirian eta Iraken jar dezan. Alemaniak esku hartze militarra beste herrialde batzuetara zabaltzea ez du baztertzen Merkelek.

Parisko Errepublikaren plazan azaroaren 13ko erasoen biktimei omenaldia egin zieten atzo Merkelek eta Hollandek, eta Alemaniako kantzilerrari EIren kontrako borrokan Sirian eta Iraken «esku hartzea handiagoa» izateko eta «urrunago joateko» eskatu zion Frantziako presidenteak, agerraldi bateratuan.

Malin 200 militar dauzka gaur egun Alemaniak, herrialdearen hegoaldean —gatazka txikieneko eremuan— tokiko soldaduak prestatzeko. Baina Nazio Batuen Minusma misioan presentzia handiagoa izango du, Ursula von der Leyen Defentsa ministroak atzo aurreratu zuenez. Alemaniako 2016ko aurrekontuak eztabaidatzeko Bundestagen eginiko osoko bilkuraren aurretik egin zituen adierazpenak Von der Leyenek. Legebiltzarrean, Merkelek erantsi zuen aztertzen ari direla, Maliko konpromisoa sendotzeaz gain, Afganistango misioa «luzatzea» eta pexmerga indar kurduen instrukzioa «indartzea». 100 militarretik 150era igoko lukete kopurua Kurdistango Eskualde Autonomoan.

Alemaniaren esku hartze militarra Maliz gaindikoa izan daitekeela nabarmendu du Merkelek: «Gehiago sartu behar badugu, ez dugu baztertzen. Frantziaren ondoan gaude elkartasunez».

Berlinen jarrera, Espainiaren oso bestelakoa izan da. Frantziari laguntzeko, Malira militar gehiago bidaltzeko aukera haizatu zuen Mariano Rajoyren gobernuak Parisko atentatuen ostean, iragan ostiralean Bamako hiriburuan hotel bati eraso egin eta ekintzaile jihadistek ehundik gora bahitu hartu zituzten arte; 19 hil zituzten. Orduz gero, abenduaren 20ko hauteskundeak igaro arte laguntza militarra handitzea baztertu egin du Madrilek.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak gaur eskatuko dio parlamentura EIren kontrako bonbardaketak Iraketik Siriara hedatzea. Esku hartze militarra «orain» behar dela esan zuen atzo, Sirian akordio politiko baten zain egon beharrean.

Tunisian, Estatu Islamikoa

Presidentetza Guardiaren autobus baten aurka herenegun Tunis hirian egindako atentatua EIren Tunisiako sailak hartu du bere gain. «Tunisiako fedegabeak zigortzeko» ekintza izan zela eta xaria ezarri arte segurtasunik ez dela izango adierazi du. Suizida batek hamabi pertsona hil zituen.

Tunisiako Gobernuak herrialde osoan larrialdi egoera eta hiriburuan etxeratze agindua ezarri zituen herenegun —ekainaren 26an Susan izandako erasoaren ostean bi hilabete eta erdiz eutsi zion larrialdi egoerari—, eta atzo Libiako muga hamabost egunerako ixtea erabaki zuen.]]>
<![CDATA[Kostata, baina Costa aukeratu du azkenerako]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2363/019/002/2015-11-25/kostata_baina_costa_aukeratu_du_azkenerako.htm Wed, 25 Nov 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/2363/019/002/2015-11-25/kostata_baina_costa_aukeratu_du_azkenerako.htm
Komunisten, Ezkerreko Blokearen eta Berdeen babesa du]]>

Komunistekin, Ezkerreko Blokearekin eta berdeekin aurrez Portugalen inoiz probatu gabeko akordio bat gauzatu duelako iritsi da Costa gobernuburutzara; eta Anibal Cavaco Silva presidente kontserbadoreak ezkerrarekiko errezeloak baztertu beste erremediorik ez duelako izan azkenean. Aurrena Passos Coelho izendatu zuen lehen ministro, baina ezkerreko aliantzak gobernu kontserbadorea erorarazi egin zuen duela bi aste —PSD eta CDS-PP alderdi eskuindarrek ez dute gehiengorik—, hain zuzen ere Costak PCP Alderdi Komunistarekin, BE Ezkerreko Blokearekin eta Berdeekin babes parlamentarioa ziurtatzeko akordioak egin zituen egun berean.

Cavaco Silvak bazuen Passos Coelhoren gobernua jardunean mantentzeko aukera berriro hauteskundeak egin arte —2016ko ekainean, azkarrenez ere—, baina hori ez letorkeela «interes nazionalarekin bat» ebatzi du. PSk atzo jakinarazi zuen Costa prest dagoela presidenteari gobernu taldearen osaera eta parlamentuari gobernu programa aurkezteko. Sozialisten helburu nagusia «doitze politikak» atzean uztea dela azaldu du Carlos Cesar PSko presidenteak: «Gure lehentasunak ezagunak dira: herritar gehienen bizi baldintzak berreskuratzea, eta, aldi berean, enpresa ekonomia laguntzea enplegua eta hazkundea sortzeko».

Costari sei argibide eskatu zizkion Cavaco Silvak astelehenean, hura lehen ministro izendatzeko zalantzak baitzituen PSk komunistekin, marxistekin eta ekologistekin izenpetutako akordioei buruz. Portugalgo Gobernuak aurrekontuak onartzeko babesa izango duela —PS bakarrik izango baita agintean ezkerreko beste indarrek babesarekin—, Europako Batasunaren arauak beteko dituela —«aurrekontu diziplina» eta finantza sistemaren egonkortasuna errespetatuko dituela— eta NATO aliantza militarrarekiko konpromisoei eutsiko diela bermatzea nahi zuen Cavaco Silvak. Halaber, patronala eta sindikatuak biltzen dituen Hitzarmen Sozialerako Batzorde Iraunkorra —lan hitzarmenak eta gutxieneko soldata erabakitzen ditu— mantentzeko konpromisoa ere eskatu zion presidenteak Costari.

Alderdi Komunistak, izan ere, lan negoziazioetan sindikatuei pisu handiagoa ematea exijitu die sozialistei, babes parlamentarioaren truke.]]>
<![CDATA[Aldaketa soil bat baino gehiago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/015/001/2015-11-24/aldaketa_soil_bat_baino_gehiago.htm Tue, 24 Nov 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1736/015/001/2015-11-24/aldaketa_soil_bat_baino_gehiago.htm
Sciolik urre izan du eskuineko hautagaia]]>
Presidente bat, bi herrialde. Argentinan gobernuburua aukeratzeko hauteskundeen bigarren itzuliak zer egoera utzi duen, argi erakusten du Pagina 12 egunkariaren azaleko izenburuak. Ez da ezustekorik izan, eta Mauricio Macri (Cambiemos) izango da hurrengo presidentea, inkesta guztiek iragartzen zuten gisan. Baina Daniel Sciolik (FpV Garaipenerako Frontea) uste baino estuago hartu du eskuineko hautagaia: botoen %51,40 eskuratu ditu Macrik, eta %48,60 Sciolik. Kongresua, baina, kirchneristen esku dago —Ordezkarien Ganberan 257 eserlekutik 130 dituzte FpV eta aliatuek, eta Senatuan, 72tik 40—, eta Macrik adostasunak bilatu beharko ditu legebiltzarrean, eragin nahi dituen aldaketak gauzatu ahal izateko. Hauteskunde gaueko hitzaldian, bere presidentetzaren inguruan «batzeko» deia egin zien «argentinar guztiei».

Ekonomia suspertzeko bultzatu nahi dituen aldaketez gain, bere gobernuaren ildo politiko nagusiak azaldu zituen atzo Macrik. Azken diktadura militarrak eragindako errepresioaren erantzuleei jazartzen jarraituko dutela esan zuen, eta AMIA mutualitate juduaren aurka 1994an izandako atentatua ikertzeko —85 pertsona hil ziren Buenos Airesen— Cristina Fernandezek Iranekin sinatutako memoranduma baliogabetu nahi duela.

Auzoko herrialdeekiko harremanei buruz, presidente gisa aurreneko bidaia ofiziala Brasilera egingo duela aurreratu du, eta Venezuela jarri du jopuntuan: Mercosur erakundearen hurrengo bileran, abenduan, «demokrazia klausula» ezartzeko eskatuko duela aurreratu du, opositoreen jazarpenagatik eta giza eskubideen urraketagatik.

Peronista edo erradikalista izan gabe Argentinan presidentetzara iritsi den lehenengo hautagaia da Macri, ez soilik 1983an demokrazia azkenekoz indarrean sartu zenetik; baita Juan Domingo Peron 1946an agintera iritsi aurretik ere. Argentinan Alderdi Justizialistaren edo UCR Batasun Zibiko Erradikalaren ildotik kanpoko azken agintaria —eskuinak sustatutako estatu kolpeen bidez de facto agindu duten militarrak salbu—, Ramon S. Castilo liberala izan zen (1942-1943). Macrik, nolanahi dela, erradikalistak bere ildora erakarri eta Cambiemos koalizioan sartu zituen.

Historikoa izan da, horrenbestez, igandeko balotagea —lehen aldiz egin da presidentetzarako bigarren itzulia Argentinan—, eta aurreko hurbilik gabeko egoera bat utzi du. Peronistak agintean izan dira XXI. mende hasieratik, baina Nestor Kirchnerrek hasi eta haren alargun Cristina Fernandezek amaitutako hamabi urteko agintaldia ustelkeria auzi batzuek zipriztindu dute. Eta nekeak gain hartu die gobernuak zorpetzea eta langabezia txikitzeko nahiz hezkuntza eta gizarte laguntzak hobetzeko egin dituen ahaleginei.

Kirchnertarrak agintera iritsi ziren garaian, 2001eko corralito-a eragin zuen ekonomia krisiaren testuinguruan, Boca Juniors futbol taldeko presidente gisa zen ezaguna Macri. Urte hartan sortu zen PRO Proposamen Errepublikarra alderdia, Argentinako politika «berritzeko» helburuarekin. Macrik 2007an hartu zuen PROko buruzagitza, baina oraintsu arte Buenos Aires hiriburutik kanpo batere indarrik ez zeukan. Kirchnerismoa agintetik botatzeko tematu zen, ordea, hiriburuko alkate zela, eta denbora gutxian peronista disidenteak, erradikalistak eta beste joeratako politikariak ere batu zaizkio.

Presidentetza hauteskundeen lehen itzulian Scioliren parera iritsi zelarik —hiru puntuko aldea soilik atera zion kirchneristen hautagaiak—, presidentetza eskuratzeko faborito bihurtu zen Macri. Eta bigarren itzulian, azkenean uste baino alde txikiagoa lortu arren —700.000 boto, eta hiru puntutik behera—, garaipenak ez dio ihes egin.

Cordoban lortutako emaitza ikusgarriaz gain —botoen %71,5, Buenos Aires hiriburuan bertan baino gehiago—, bigarren itzulian irabazi dituen lau probintziak eman diote garaipena Macriri: Jujuy, Entre Rios, Pampa eta Rioja. Baina, batez ere, Buenos Aires probintziako emaitza txukunek. Argentina osoko erroldaren %37 biltzen du Sciolik gobernatu duen barrutiak, eta hark presidentetza eskuratzeko FpVk Buenos Aires probintzian gutxienez bost puntuko aldea beharko zuela aurreikusi zuten kirchneristek. Bada, 2,2 punturen aldea besterik ez du lortu Sciolik, eta Buenos Airesko madarikazioa berritu da: probintziako gobernadoreak ez du inoiz irabazi presidentetzarako lehia.

Eskuina, ezkutuan bada ere

Macrik ukatu egin du kanpaina guztian zehar kontserbadore etiketa, eta bere burua eskuinetik kanpo agertzen ere saiatu da. Peronista gisa ez, bistan da, baina peronismoaren kontrario gisa ere ez du agertu nahi izan: kirchnerismoa borrokatu du, baina zentroko aukera bateratzaile baten irudia eman nahirik. Presidentetza eskuratuta, «aro aldaketa bat» gidatuko duela agindu du.

Buenos Airesko alkate izan zen garaian, dena den, hiria jendailaz garbitzeko unitate bat sortu zuen, eta PRO alderdia eskuinean lerratu izan da beti. Kirchnertarren agintaldian YPF, Aerolineas Argentinas eta nazionalizatutako beste hainbat enpresari jabetza publikoa ematearen aurka agertu ziren —orain estatuaren babesean mantentzea onartzen dute—, eta 2010ean sexu berekoen arteko ezkontza onartu zenean, eztabaida bizia izan zen PROn. Gabriela Michetti, Macriren presidenteordea, sexu bereko bikoteek haurrak adoptatzearen kontrako ekintzaile nagusia da Argentinan. Eta abortatzea baimentzearen kontra dago Macri. Baina zerbaitek ezaugarritzen badu, hori merkatu librearen aldeko jarrera da.

Cristina Fernandezek harrera egingo dio gaur Macriri, eta presidente berriak abenduaren 10ean hartuko du kargua.]]>
<![CDATA[Peronismoaren azken gauean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1868/021/001/2015-11-22/peronismoaren_azken_gauean.htm Sun, 22 Nov 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1868/021/001/2015-11-22/peronismoaren_azken_gauean.htm
Macri faborito argia da, baina inkestak irauli nahi ditu Sciolik]]>

Juan Domingo Peronek agintea hartzean (1946-1955) amaitu zen Argentinan Hamarkada doilorra (1930-1943) aldi neokontserbadore zibiko-militarraren eta 1943ko estatu kolpearen aro beltza. Orduz gero, garai bateko Alderdi Justizialistaren inguruan bilduta, peronismoa izan da indar politiko hegemonikoa Argentinan, zentroko erradikalistekin lehian. Peronek beste agintaldi labur bat izan zuen (1973-1974) hil aurre. XX. mendearen bigarren erdian beste hiru estatu kolpe izan ziren Argentinan —1955-1962, 1966-1973 eta 1976-1983—, eta Raul Alfonsin erradikalista presidentetzara iritsi osteko txandakatze aldi baten ostean, 2001. urtetik peronismoa etenik gabe izan da agintean. Aldi hori, baina, Nestor Kirchner eta Cristina Fernandezen aroarekin amaituko da, gaurko bozetarako inkestak erabat okertzen ez badira behintzat.

Argentinan demokrazia ezarri zutenetik lehen aldiz, bigarren itzulia jokatuko dute gaur presidentetzarako lehian. Kirchnerismoak hamabi urtean iraun du agintean, eta Nestor Kirchner bera izan zen, hain zuzen, 2003an balotagea behartu zuena Carlos Menemekin. Lehen itzulian botoen %23 jaso zituen Menemek, eta %21 Kirchnerrek. Baina bigarren itzulian lehiatzeari uko egin zion Menemek, irabazteko aukerarik ez zuela ikusita.

Urriaren 25ean Sciolik eskuratu zituen boto gehien (%37), baina porrot kutsua hartu zuen emaitza horrek, FpV Garaipenerako Frontearen hautagaiak hiru puntuko aldea baizik ez baitzion atera Macriri. Sergio Massa peronista disidenteak, gainera, bere jarraitzaileei boto askatasuna eman arren, aldaketaren aldeko mezua plazaratu du, eta argi esan du berak ez duela nahi Scioli presidente izatea. 32 milioi herritar botoa ematera deituta daude gaur, eta bi hautagaien helburua Massak lehen itzulian jasotako botoak dira: ia bost milioi eta erdi boto-emaile, berez peronismoaren eremukoak baina Cambiemos eskuineko hautagaitzara joan eta aldaketa eragin dezaketenak. Sciolik irabazita ere aldaketa izango dela argi dagoen arren, Kirchner eta Fernandez senar-emazteak baino joera nabarmen liberalagoa baitu FpVren hautagaiak.

Kirchnerismoak, zalantza askoren ondoren, Scioli hautatu zuen oinordeko, Cristina Fernandezek legez ezin zuelako berriro presidentetzara aurkeztu. Eta jatorriz peronismotik urrunekoa izan arren —enpresari diruduna da eta Menemen eskutik sartu zen politikan—, «peronismoaren esentzia odolean» daramala esan zuen ostegun gauean, kanpaina amaierako ekitaldian.

Beldurraren mezua

Buenos Aires probintziako gobernadoreak dei argia egin die argentinarrei: «Ez dezagun galtzen utzi orain arte lortu dugun guztia». Macriren aurka beldurraren kanpaina haizatu du Sciolik, eta aldaketarako aginduaren azpian «iruzur handi bat» dagoela salatu du lehen itzulitik igaro diren lau asteetan: «Merkatuarekin interesak ordezkatzen ditu Macrik, eta eskaintzen ari dena doitze bat da. Aukera, kapitalismo basatiaren deabruaren eta garapen proiektu baten artekoa da». Berak langileen eta klase ertainaren interesak babestuko dituela hitzeman du Sciolik: «Botoa zeuon buruaren defentsan emateko eskatzen dizuet nik, guztion bizi baldintzak hobetzeko, baina berriro hutsetik hasi beharrik izan gabe. Egin dezagun aldaketa, baina aldaketa seguru, serio eta arduratsu bat. Ez dezagun berriro Argentina hipotekatu. Ez diezagutela berriro itxaropena lapurtu».

Kanpaina amaierako ekitaldi bikoitza Buenos Airesko bi hiritan egin zuen Sciolik, Mar del Platan eta La Matanzan. Massak jasotako boto gehienak bertakoak baitira, eta peronismoak inkestei buelta emateko aukera bakarra Buenos Airesen emaitza bikain bat lortzea da. Macrik Buenos Aires hiriburuan —bera da alkatea— eta Argentina erdialdean, Cordoba eta Mendozaren gisako barruti handietan, aldea aterako baitu.

Cambiemos aliantzako hautagaiak Jujuy probintzian itxi du kanpaina. Eta kirchnerismoari aldiro joko arauak aldatu eta Argentina geldiaraztea leporatzeaz gain, Macri indar bereziz saiatu da Scioli iraganaren jarraipen gisa aurkezten: «Oso gaizki ikusten dut Scioli, gezur batean sartuta. Hamar urte igaro zituen kirchnerismotik besteko zerbait zela erakutsi nahian, eta, hara! finean gauza berbera da».

Hamar bat minutuko ekitaldi labur batean, garaipen kutsu nabarmenekin, hurrengo urteetarako erronka «argentinar guztien bizitza eta etorkizuna aldatzea» dela esan zuen Macrik.]]>
<![CDATA[Traba gehiago iheslarientzat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1783/014/001/2015-11-20/traba_gehiago_iheslarientzat.htm Fri, 20 Nov 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1783/014/001/2015-11-20/traba_gehiago_iheslarientzat.htm
Mazedoniak itxi egin du muga, gainez egiteko arriskuagatik]]>

Serbiak hasi zuen jokaldia, asteazken arratsaldeko seietan. Belgradek hartutako neurriak, baina, Europako Batasunaren oinarrizko irizpide bati erantzuten dio: errefuxiatuen eta migratzaile ekonomikoen arteko bereizketari. Asilo eskubidearen alde agertu baitira Brusela eta EBko estatu kideak gerratik ihesi datozenentzat, baina arrazoi ekonomikoengatik jatorrizko herrialdea uzten duten migratzaileak hartzearen kontra.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak salatu zuen atzo Serbiako agintariak siriar, irakiar eta afganistandar errefuxiatuak soilik onartzen hasiak zirela. Gainerakoak Mazedoniara itzularazten ari zirela nabarmendu zuen UNHCRko Serbiako bozeramaile Melita Sunjicek.

Serbiako agintariek ezbairik gabe onartu zuten hala dela, eta «migratzaile ekonomikoei» bidea itxi izanaren erantzule Kroazia eta Eslovenia egin ditu —Europako Batasuneko kideak biak— Aleksandar Vulin Lan ministroak: «Ez dugu baimenduko gero bidean jarraitu ezingo duen inor Serbian sartzea. Ez dute gurean geratu nahi: pasabide bat besterik ez gara. Gure herrialdea babesteko hartu dugu erabaki hau, Kroaziak eta Esloveniak haientzat tokirik ez dutela erabaki baitute».

Hungariaren arrastoan

Esloveniak ere bidea itxi zien atzo Kroaziatik herrialdeko mugara iristen diren «migratzaile ekonomikoei», eta «gerratik ihesi» ari direnei soilik eman zien pasabidea. Jarraian gauza bera egin zuen Kroaziak ere, Serbiatik iristen zaizkion iheslariekin. «Mazedoniari eta Serbiari jakinarazi diegu gerrak erasandako herrialdeetakoak ez diren errefuxiatuek gehiago ezingo dutela pasabide hau baliatu», adierazi zion Ranko Ostojic Kroaziako Barne ministroak Vecernji list egunkariari.

Irailaren erdialdetik bihurtu zen Kroazia ibili handiko tartea Balkanetako igarobidean, hain zuzen ere Hungariak iheslariei bidea itxi eta Viktor Orbanen gobernua mugan hesiak eraikitzen hasi zenetik. Ordutik, Kroaziatik 415.000 errefuxiatu igaro direla kalkulatu du Belgradek.

Serbiak, Kroaziak eta Esloveniak iheslarien pasea jatorriaren arabera mugatu ostean —nahiz eta iheslari gehienak siriarrak, irakiarrak eta afganiarrak diren—, Mazedoniak itxi egin zuen atzo Greziarekiko muga. «Inori ez diote aurrera egiten uzten», jakinarazi zuen UNHCRren Greziako saileko arduradun batek. Aurrez, Skopjieko agintariek ere Greziara itzularazi zituzten siriarrak, irakiarrak eta afganiarrak ez ziren errefuxiatuak.

Mugaren Greziako aldean 500 errefuxiatu inguru pilatu ziren atzo, tartean 200 bat irandar. Istilurik ez zuten eragin lerro hauek idazteko orduan, baina uko egin zioten Idomeniko trantsitoko kanpalekura itzultzeari. Idomenin 2.000 errefuxiatu inguru daude gaur egun, UNHCRk jakinarazi duenez.]]>
<![CDATA[Bruselak auzo herrien ahalak indartuko ditu, errefuxiatuak EBtik kanpo errendi daitezen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/020/001/2015-11-19/bruselak_auzo_herrien_ahalak_indartuko_ditu_errefuxiatuak_ebtik_kanpo_errendi_daitezen.htm Thu, 19 Nov 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1736/020/001/2015-11-19/bruselak_auzo_herrien_ahalak_indartuko_ditu_errefuxiatuak_ebtik_kanpo_errendi_daitezen.htm
Saharako uretan txalupa bat hondoratu da]]>

Mogherinik eta Hahnek Europako Auzotasun Politika berrikusteko ardatz nagusiak aurkeztu zituzten atzo Bruselan, eta errefuxiatuen harrera errazteko mekanismo berri bat prestatu dutela jakinarazi zuen EBko diplomazia buruak, asilo eskaeren tramitazioari dagokiona, bereziki iheslari uholde handiak izaten direnerako.

Europako Parlamentuak aurtengo uztailean onartu zuen Auzotasun Politika berrikusteko proposamena —aldeko 460 boto, kontrako 61 eta 55 abstentziorekin—, eta EB «oinarrizkora itzultzea» hobetsi zuen: oparotasun, egonkortasun, segurtasun eta kidetasun eremu bat sortzea auzoko herrialdeekin. «Bultzada politiko handiagoa» eskatu zieten parlamentariek Bruselari.

Aurten, Mediterraneoa zeharkatuta, gutxienez 832.000 errefuxiatu iritsi dira Europara, OIM Migrazioen Nazioarteko Erakundeak asteartean emandako datuen arabera. Eta hilabeteak dira asko eta asko Balkanetako igarobidean ez aurrera eta ez atzera daudela, Europa erdiko eta iparraldeko herrialdeetarako bidean.

Ekialde Hurbilean «ingurune seguruago bat» eraikitzeko premiari dagokionez, eskualderik pobreenetan «garapena eta hazkundea» bultzatzean jarri du arreta Mogherinik: «Migrazioaren arrazoiei jatorrian bertan egin behar zaie aurre».

Europa errefuxiatu krisi handi bati aurre egiten ari zaiola onartu du EBko diplomazia buruak, baina nabarmendu du «askoz gehiago» eragiten diela Jordania, Libano eta Turkiari. Halaber, Parisko erasoek erakusten dute, «eta baita aurrez Libanon, Egipton, Turkian eta Iraken izan direnek ere», Mogheriniren hitzetan, «mundu mailako mehatxu bati aurre egiteko nazioarteko komunitateak elkar hartuta» aritu behar duela.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak, bestalde, diru bilketa hasi du Siria, Irak, Libano, Jordania eta Egipton 15 milioi desplazaturi negurako babesa eman ahal izateko. Hotzari eta ekaitzei aurre egiteko baliabideak lortzea izango dute lehentasuna.

Kanarietara bidean hondora

Mendebaldeko Saharatik Kanaria uharteetarako bidean txalupa bat hondoratu zen astearte gauean, eta gorpu bat berreskuratu eta 22 lagun onik erreskatatu ditu Espainiako Itsas Salbamenduko ontzi batek. Hasieran alarma guztiak piztu zituzten, migratzaileetako batzuk ontzian 46 lagun bazirela adierazi baitzuten. 24 migratzaileren desagertzea, hamar urtean Kanarietan izandako larriena zatekeen.

Baina kostazainen hegazkin batek ordu batzuk lehenago ateratako argazkian, gehienez ere 25 lagun ageri dira ontzian. Eta zenbaki hori bat dator beste migratzaile batzuek erreskateko eskifaiari emandako datuekin.]]>
<![CDATA[Putinek agindu du Egipton A321a eraitsi zuten guztiak «bilatu eta akabatzeko»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/019/001/2015-11-18/putinek_agindu_du_egipton_a321a_eraitsi_zuten_guztiak_bilatu_eta_akabatzeko.htm Wed, 18 Nov 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/1736/019/001/2015-11-18/putinek_agindu_du_egipton_a321a_eraitsi_zuten_guztiak_bilatu_eta_akabatzeko.htm
Trilita arrastoak topatu dituzte hondakinetan]]>

Xarm el-Xeikheko aireportutik (Egipto) irten eta 23 minutura jo zuen lurra Sinaiko penintsulan Metrojet konpainiaren A321 hegazkinak. Erresuma Batuak aurrena eta AEBek segidan, hasieratik haizatu zuten atentatu baten hipotesia, baina informazio zehatzik eman gabe. Errusiak nabarmendu zuen ikerketa ofizialaren emaitzen zain egon behar zela, eta atzo arte ez zuen baieztatu «eraso terrorista batek» eraitsi zuela hegazkina.

Errusiako Gobernuko, armadako eta zerbitzu sekretuetako buruek atzo egin zuten bilera A321 hegazkinari buruzko ikerketak aztertzeko; eta, atentatu batek eraitsi zuela jakinarazi ostean, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak jakinarazi du erasotzaileei «mendekua saihetsezina» dela ulertarazteko neurriak agindu dituela Putinek: «Behar diren neurri guztiak hartzeko agindu die presidenteak zerbitzu bereziei, atentatu lazgarri horrekin zerikusia duten guztiak identifikatu, mundu guztian haiek bilatu —diren tokian direla eta horretarako behar den denborari erreparatu gabe— eta den-denak akabatzeko».

Erasotzaileak atxikitzeko, Putin prest dago Errusiako eliteko indar bereziei atzerrian operazio militarrak eginarazteko. Izan ere, Nazio Batuen Estatutuko 51. artikulua aipatuta, Errusiak bere burua defenditzeko eskubidea duela eta «nazioarteko zuzenbidearen arau eta oinarriak zorrotz betez, terrorismoari aurre egiteko behar diren neurri guztiak» hartuko dituztela iragarri du Errusiako presidentearen bozeramaileak.

Putinek berak ere agindu du A321 hegazkinaren kontrako atentatuaren egileak zigortuko dituztela: «Gure jendearen hilketa Sinain, biktima kopuruagatik, krimenik odoltsuenetako bat izan da. Malkoak ez ditugu erauziko gure arima eta bihotzetatik; hori betiko izango dugu gurekin. Baina ezerk ez digu eragotziko errudunak bilatu eta zigortzea».

Parisko erasoen ostean, eta Egiptoko hegazkina atentatu batek eraitsi zuela onartu berritan, Errusiako toki publikoetan segurtasun neurriak zorroztu dituztela jakinarazi du Vladimir Kolokoltsev Barne ministroak.

Egipto, oraindik uzkur

Errusiak A321 hegazkina lehergailu baten eztandak eraitsi zuela onartu arren, ezbeharraren arrazoiak oraindik ez direla argitu zehaztu du Egiptoko lehen ministro Xerif Ismailek. Halaber, Egipto buru duen nazioarteko ikerketa batzordeak ez duela ezbeharraren arrazoia baieztatu nabarmendu du Abiazio Zibileko ministro Hussam Kamalek. Xarm el-Xeikhen bildu zen atzo Egiptoko Gobernua, lasaitasun mezua emateko. Turismoaren jaitsierak 254 milioi euroren galerak eragin ditu.]]>
<![CDATA[Sciolik eta Macrik oso estu hartu dute elkar Argentinan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2374/018/001/2015-11-17/sciolik_eta_macrik_oso_estu_hartu_dute_elkar_argentinan.htm Tue, 17 Nov 2015 00:00:00 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/paperekoa/2374/018/001/2015-11-17/sciolik_eta_macrik_oso_estu_hartu_dute_elkar_argentinan.htm
Inkestek Macriri ematen diote garaipena]]>

Gogorra eta gordina izan zen Scioli eta Macriren arteko eztabaida, nork bere proposamenak babestu ordez aurkariaren asmoak kritikatu baitzituen. Sciolik kolpe bat eman beharra zeukan, inkesta gehienetan zortzi eta hamar puntu arteko aldea ateratzen baitio Macrik. Eta hautagai peronistak erasora jo zuen haste-hastetik: «Etorkizunerako, bi bideren artean aukeratu behar da. Batak garapenaren agenda landu nahi du, eta bestea, Cambiemos (Alda dezagun) izenaren amarrua dakarrena, besapean doikuntza batekin dator».

Sciolik debaluazioa eragin, merkatua konpainia pribatuei ireki, zorpetzea handitu eta Nazioarteko Diru Funtsaren aurrean men egiteko ezkutuko programa bat izatea leporatu zion Macriri. FpV Garaipenerako Fronteko hautagaiaren asmoa, lehen itzulian Sergio Massaren alde egin zuten klase apal eta ertaineko boto-emaileak (bost milioi pase, %21) erakartzea da.

Macrik «beldurraren kanpaina» gaitzetsi eta Nestor Kirchner eta Cristina Fernandezen agintaldien «jarraipena» izatea egotzi zion Scioliri: «Argentinaren arazoa ez da dolarra, gobernua da. Gezurra besterik ez du esan. Azken zortzi urteetan munduan gehien debaluatu duena izan da. Eta zeu, Daniel, ez zara aldaketa; jarraipena izatea erabaki duzu».

«Etsaitasunik» ez duela bilatzen esan ondotik, Macriren proposamenak «gizartearentzat arrisku bat» direla erantzun zion Sciolik. Debate gogorra, hala ere, elkar besarkatuz amaitu zuten.]]>
<![CDATA[Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du haustura adierazpenaren aurkako helegitea]]> https://www.berria.eus/albisteak/116619/auzitegi_konstituzionalak_tramiterako_onartu_du_haustura_adierazpenaren_aurkako_helegitea.htm Wed, 11 Nov 2015 07:28:21 +0100 Xabin Makazaga https://www.berria.eus/albisteak/116619/auzitegi_konstituzionalak_tramiterako_onartu_du_haustura_adierazpenaren_aurkako_helegitea.htm
Aholkularitza organoak Konstituzionalera jotzeko bermea eman ostean, Soraya Saenz de Santamaria gobernuko presidenteordeak Estatu Idazkarien eta Idazkariordeen Batzordea bildu zuen atzo, eta, horren ostean, gaur eman dio Ministroen Kontseiluak Rajoyri oniritzia Kataluniako Errepublika sortzen hasteko urratsak zehaztu dituen adierazpenaren kontra helegitea aurkezteko.

Konstituzionalak helegitea tramiterako onartze hutsarekin -seguruenik, bihar bertan egingo du-, behin-behinean baliogabe geratuko da Kataluniako Parlamentuaren adierazpena. Bost hilabeteko epean, erabakia berretsi edo ezetsi beharko luke Konstituzionalak.

Fiskaltzak oharra mossoei

Kataluniako independentziarako prozesuan sedizio delituaren zantzurik ikusiko balute gertakariak ikertu eta salatzeko ohartarazi die Auzitegi Nazionaleko fiskalburu Javier Zaragozak Mossoei, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari. Auzitegi Nazionalak ez dauka eskumenik legebiltzarkideen eta Generalitateko Gobernu Kontseiluko kideen aurka egiteko, baina bai aforatu ez diren funtzionarioen kontra. Sedizio delitua hamar-hamabost urteko espetxearekin dago zigortuta.

Kataluniako «deskonexio» prozesuari aurre egiteko orduan, Rajoyrekin bat egin du PSOEko buruzagi Pedro Sanchezek -atzo bildu ziren bigarren aldiz-, baina abenduaren 20ko bozen ostean Kataluniako agintariekin elkarrizketa bideak bilatu behar direla erantsi du. Espainiako errege Felipe Borboikoarekin ere bildu zen atzo Rajoy.]]>