<![CDATA[Ximun Fuchs | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 03 Feb 2023 10:13:36 +0100 hourly 1 <![CDATA[Ximun Fuchs | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Gestionarioak eta komunitatea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2021-06-27/gestionarioak_eta_komunitatea.htm Sun, 27 Jun 2021 00:00:00 +0200 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2021-06-27/gestionarioak_eta_komunitatea.htm Kulturaren krisia saiakera liburua, esaldi honekin hasten du: «Gure ondarea testamenturik gabeko ondarea da». Gure ondasuna oso hauskorra da, eta haren garatzeko metodorik ez dago, ez da inorena, eta ondorioz, inork ezin du suntsitu, bereganatu edo interes propioen arabera bakarrik erabili. Ondasun hori, kultura, guztiona da, eta harekin egiten dena guztion artean jabetu behar da. Bestela, «iraganak etorkizuna argitzen ez duenez, gure izpiritua ilunpean ibiltzen da». Ondo zekien Hannah Arendtek zer zen ilunpea.

Gurera etorrita, gure herriak merezi duen artea eta jakintza guztiongana heldu daitezen herrigintzan aritzen naiz hainbat kiderekin, artearen tresneria aberasteko asmoz (antzokiak aholkatu, egonaldi sistemak pentsatu, jaialdiak antolatu, eragile kulturalak lagundu, hezkuntza artistikoa landu...). Horrek eramaten gaitu administrazio eta hautetsiekin eskutik lan egitera; euskal artea garatzeko asmoz. Funtsezko eskubide bat da, eta euskaldunak humanoak direla/garela pentsatzen dudanez, tresneria eta mekanika horren guztiaren eredu propioa asmatzen denbora asko pasatzen dut. Plazer handiz egiten badut ere, batzuetan min eta tristura handia eragiten dit, eta berriki hala gertatu zait Iparraldean. Ez nigatik pertsonalean, baina nire lurraldeagatik, haurrengatik, bizilagunengatik...

Iparraldeko Hirigune Elkargoko hitzordu arrunt batean, jakiten dut kulturaren aurrekontua %20 apaldu dutela, eta hurrengo urtean gehiago beheitituko dutela seguruenik. Harritzen naiz; zeren diskurtso ofizialak ez dio hori. Ofizialki, Hirigune Elkargoa kulturaren alde jarri da antzoki okupatuen mugimenduan. Ofizialki, pandemiarekin kulturak jasan duen zafraldi erraldoia gainditzeko sustatze plan bat martxan jarri du. Baina hitzordu horretan ulertzen dut orduan hau dena itxurakeria dela, eta kultura gestionarioen esku utziko dela, politika arlotik baztertuz. «Aurrekontua hau da, horrekin egin, eta ikus alde positiboa: okerrago izaten ahal zen». Baina nire harridura ez da hor amaitzen. Aipatu berri dute kultur zerbitzua 3-10 urte artekoei begira jarriko dutela. Hots, hezkuntza artistikoan egin izan dugun lan guzia errekara botako dutela (kolegioetan egindako egonaldiak, irakasle formakuntzak, ikasle tailerrak, pedagogia ereduetan antzerkia txertatzea, emanaldiak eta abar), lehen mailako hezkuntzan zentratzeko. Ehunka eta ehunka ikaslez ari gara mintzatzen hor. Harritzen naiz berriz ere, zeren Iparraldeko Hirigune Elkargo horrek berak oso ozen hitz egin zuen Frantziako Hezkuntza ministroak Molac legea blokeatu zuenean. Baina orain deseuskalduntze prozesu bat martxan jarriko du bere lurraldean, eta kultura zerbitzua animazio zerbitzu bat bilakatuko du.

Kulturan %20 murrizten denean, ez da orokorrean murrizten, artistikoan murrizten da beti. Edozein eragile kulturalek, bere funtzionamendurako aurrekontuaren erdia barne gastuetan erabiltzen du. Kulturan %20ko murrizketa aipatzen denean, ulertu behar da ekitaldi artistikoetan %40 murrizten dela. Horretaz ari gara eta erraz erraiten da.

Euskal arteaz ari garenean, gure hizkuntzan egiten diren ekitaldiak diskriminazio etengabean erditzen direla nahiko jakina da. Edozein euskaldunek badaki zenbat film, antzezlan edo liburu eskura ukan ditzakeen bere hizkuntzan frantses edo gaztelerakoei konparatuta. Orduan, gure lurraldea kudeatzen duen administrazioak murrizketak egiten dituenean, euskaraz egiten den artea zuzenean elbarritzen du, eta, ondorioz, euskaldunak.

Hezkuntza aipatzeko, adin txikikoek noiz galtzen edo baztertzen dute euskara? Nerabezaroan. Zergatik? Euskarazko eredurik ez dutelako haien emozio eta pentsaera oldarkorrak adierazteko. Modeloak arteak haragitzen ditu, eta iristen zaien guzia gaztelaniaz edo frantsesez da: sare sozialetan, plataforma digitaletan, zineman... Kolegioetan hezkuntza artistikoa, egonaldiak edo emanaldiak pikutara botatzeak, hemendik bost-hamar urtera gazteria osoki deseuskalduntzea dakar. Min egiten du, eta Iparraldean urte luzez borrokatu den eremu aske baten erailtze isil baten aurrean sentitzen naiz.

Sarrionandiak euskara gure lurralde libre bakarra dela idatzi zuenean, ez zen metafora bat. Pandemia garai ilunak argiki oroitarazi digu hori. Aske bizitzeko espazio bakarra gure hizkuntza da, bere irudimen, emozio eta pentsaera guziarekin. Euskara nire ama da, nire haurrak, nire hildakoak, nire maitasunak, nire etsipenak eta nire utopiak, molde konkretuan. Eta nire antzezlanek hau dena haragitzen dute. Iparraldeko Hirigune Elkargoak hau odolustu lezake gestionario labankada batez. Badakit gure lurraldean hainbat elkarte eta ikastola beti egongo direla eraikitzen eta borrokatzen gure hizkuntza eta komunitatearen alde. Ahula izan arren, gu babesteko administrazio bat bagenuela sinetsi nuen, gu ordezkatzeko edo babesteko... Baina badirudi oker nengoela. Ez dugu hau merezi. Gure lurraldeak maitasun pixka bat behar luke.]]>
<![CDATA[Gu garelako, ni ere banaiz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2021-05-30/gu_garelako_ni_ere_banaiz.htm Sun, 30 May 2021 00:00:00 +0200 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2021-05-30/gu_garelako_ni_ere_banaiz.htm Molac lege famatua berez ez zen ikaragarrizko aurrerapausoa Iparraldeko euskal hezkuntzarako. Euskararen leku ofiziala planteatzen ez bazuen ere, euskaraz ikasteko hautua zabaldu eta doi bat normalizatzeko aukera ematen zuen (baliabidez eta ahalmenez). Baina kolonialismoaren ondarea ez da horrela desagertzen, etnozentrismoa, boterekeria eta erakuskeria ere ez. Konstituzio Kontseiluak legea atzera bota duenean, ez du Molac legea bakarrik atzera bota, azken 50 urteotan egindako lana ezbaian jarri du. Seaskako irakasleen soldatak erabaki administratibo baten menpe jarri ditu; gure altxorrik garrantzitsuena babesik gabe gelditzeko arrisku larrian geratu da.

Iparraldean, ikastolak ez dira bakarrik euskal haurren hezkuntzaz arduratu. Euskal kulturaren lehen eragileak izan dira betidanik, eta garrantzitsuena. Ikastolako besta komiteek antzerki, zinema eta musika ekitaldi ugari antolatu dituzte urteetan zehar, eta ezinbesteko bi funtzio bete dituzte: euskal komunitatea ureztatu dute, Euskal Herriak eskaintzen dituen artista esanguratsuenekin, eta ondoko belaunaldien jakintza eta hezkuntza bermatu dute. Seaska gabe, ikastolarik gabe, Ipar Euskal Herrian ez zen euskaraz mintzatuko jada. Baskoak ginateke. Turismo masiboaren zerbitzari leial eta exotikoak.

Baina garaiak gordindu dira, eta borroka luzez lortu dena, begi kliska batez hankaz gora jarri daiteke. Are gehiago, gaur egun, posible eta zilegi da haurrak baliatzea dogma baten mesederako. Eskolak, eta ondorioz haurrak, hezkuntzaren babesetik kanpo ezartzearekin mehatxatzen dira, irakaslerik gabe, transmisio tresnarik gabe. Mezua gurasoei eta euskal komunitateari zuzendua da, askapenerako bidean ez gaitezen sobera loriatu, bestela haurrek pairatuko dute gure ausardia. Ez da taburik, ez da marra gorririk.

Zertarako hau? Zergatik orain? Zer ezkutatzen du bortizkeria erraz horrek? Inpotentzia. Betidanik, botere jaunek beren ezintasuna estaltzeko, ahulenak zigortu dituzte, eta barneko etsaiak artifizialki sortu. Mamu berriak. Izan euskaldun, judu edo arabiar. Gero eta ahulago, gero eta gorroto handiagoa pizten da. Errudun bat behar da kaosa, deskontrola eta segurtasun eskasa estaltzeko. Zeren, berez, Frantziarentzat ez gara ezer. Euskaldunak ez gara arrisku sinesgarri bat, Bidasoan itotzen diren migratzaileak ezer ez diren bezala. Marokok milaka migratzaile askatzen dituenean Espainiako mugan, beretzat ere ez da ezer, ez bada mehatxurako tresna erraz bat: haur migratzaileak itsas hotzean askatzen ditu beldurra eta gorrotoa eragiteko Europako herri aberatsetan. Haurrak. Nerabeak. Gure seme-alabak izan litezkeenak. Tabuak urratu dira, Marokon ala Frantzian.

Antzokiak itxita egon direnean, ikastolen kolegioetan eta lizeoan antzezten segitu dugu. Euskaraz eta ausardiaz, irakasleek, haurrek eta antzezleek segitu dugu gure komunitatean dauden sustraiak elikatzen: pentsaera kritikoa, emozio partekatua eta irudimena. Hordagoka, eskuz eraiki dezakegun mundu baten ateak zabaldu dira. Konfiantzan eta norbanako guztien inteligentziaz jabeturik, debekuaren itsasoa zeharkatu dugu benetako zaintza eta zuhurtasuna eskaintzeko.

Orain dela aste bat, antzokiak askatu ziren, eta udaberrian zehar ereindako haziek lore ederrenak eskaini dizkigute: antzokiak mukuru bete dira, eta ikasleek hedatutako zurrumurruak eraginik, euskal jendarte zabala hurbildu zaigu. Mezu argi bat helarazi zaigu: bizirik iraun dugu. Erresumin edo gaitzidurak ez gaitu jan. Pozaren pozez, elkartu gara, gu izaten jakin dugulako.

Louis Jouvet antzerkilari ospetsuak zioen: «Antzerkian ni beste bat naiz». Molde askotan ulertu daiteke metafora, baina uste dut horrek esaten digula antzerkian ulertzen dugula ni ez dela gai bakarra. Ni gu ere bada. Ni ez da gizarte menperatzaile batek inposatzen duen pertsona hutsal hori, ni izateko hautu propio eta kritiko asko egin behar izan ditut, eta, gure kasuan, ni ez naiz eskualdeko hizkuntza gutxitu bat praktikatzen duen frantses bat. Mendeetan, basakeria guztien gainetik pasatu den transmisio isil eta samur baten fruitua naiz. Hau dena euskal antzerkiak bere karroan eramaten du, euskal hezkuntzak askatasun osoz hedatu ditzan bere eredu eta irudimen egokituak. Eta horixe da Konstituzio Kontseiluaren jomuga. Burujabetza ni eta gu-ren arteko bidean kokatzen delako. Hezkuntzan eta kulturan; gure herriaren bi zangoak, askatasunez bizi nahi baditugu behintzat.]]>
<![CDATA[Poin Poin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2021-05-02/poin_poin.htm Sun, 02 May 2021 00:00:00 +0200 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2021-05-02/poin_poin.htm
Ezin uka herri zoragarria dela zurea, zentzu guztietan liluragarria. Zure herriko jendeak bestearen errespetu ikaragarria erakusten du une oro. Zazpi etniaz osaturiko herri handi batekoa zara. Zazpi jendalde horien nahasketa kultural, erlijioso eta fisiko guztiek, bihurgune denek, maitemintzeko aukera eskaini zidatela onartu behar dizut. Baina hori zuk ere badakizu, zure herria ikaragarri maite baituzu. Han nengoela, tartaro baten antzera sentitu nintzen, gizon erraldoi eta traketsa, edertasunaren itsasoan galdua. Herri pobrea da zurea, kolonizaziotik diktadura gogorrenean murgildu zena; zeren zuen kalterako, Birmaniako lurra oso aberatsa da: gasa, urrea, harribitxiak, metal bereziak... Europarren aberastasun gosean kokatu da zuen patuaren iturburua. Mendian egon ginen, oihan tropikalean, hondartza bazterretan, lepradun herri baztertuetan, Rangooneko etxola auzoetan, milaka haur presoren artean.... Goizeko seietatik arratseko seietara, eguzkia altxatzen zenetik, desagertzen zen arte.

Han ezagutu genuen elkar. Aste batez, ikuskizun bat muntatu genuen, birmaniarrez antzezten genuen, eta zuk ekintza komentatzen, osatzen, eta askotan itzultzen zenuen (zeren bai, nire birmaniarra oso makurra zen, hitz bakoitza zurekin egunero errepikatu arren). Zu, Poin Poin, Birmanian oso ezaguna zinen; telebistan ateratzen zen zirtolari-antzerkilari abila eta fina. Metro eta erdi, 50 kilo (soineko jantziak kontatuta) eta dena bihotz. Frantsesek ez bezala, asko galdetu zenidan gure herriaz. Zure herrian ere ezberdinak badaude (zazpi etnia multzo, pentsa!) eta han ere gerlaz gerla ibili zarete. Bortizkeria poliziala bizi izan duten herrien arteko konplizitate bat eskaini zenidan. Ez batak ez besteak ez genekien ingelesa, eta genekien gutxia ez zen iristen bestearen adimenera. Somiatuk frantsesa eta birmaniera menperatzen zituen, eta hark itzultzen zituen ahal bezala, gure galderak, eta munduaren bi puntetako erantzunak. Zein ezberdinak garen zu eta ni, baina zein goxoa izan zen elkar ezagutzea, garagardo txar bat eskutan, oihan basatian, autoak eskaintzen zigun argi bakar eta ahulean.

Irria ezpainetan ikusten zintudan goizetik arrats, eta lezio bat izan zen niretzat. Egoera oso latza zen, eta da oraindik. Lepradun herri batean antzeztu genuen, aurpegi eta gorputz itxuragabeen artean; 3, 4 edo 5 urteko umeak hesien atzean barrez leherrarazi genituen gure astakeriekin... Ez da arinkeriaz egiten den ofizio bat antzerkilaria izatea. Ezer ez duzu epaitzen Poin Poin, eta une oro dagoen ona azken tantaraino dastatzen badakizu. Barroteen atzean zeuden umeek barre egin zuten. Eta poztekoa da.

Oihanean, umezurtz eskola batean, emanaldia egin eta nekeak harturik zigarro bat erre genuen mendi tontor batean. 2-3 urteko neskatxa bat gozoki hurbildu zitzaidan hizketan ari ginenean. Eskua hartu zidan, eta besotan hartzeko keinua egin. Hartu nuen noski, eta loturik egon ginen bonobo ziminoek egin lezaketen bezala. Mundu basatian, maitasuna altxor bat da. Baina umezurtz eskolako serora hurbildu zitzaigun, irriñoa ezpainetan bera ere, eta ingeles tropikal batean hauxe esan zigun: «Ez sobera lotu, hiesa dauka, eta ez du luzaz iraungo». Gu bion begiak busti arren, ezpainetako irria mantendu genuen, neskatxari merezi zuen dirdira eskaintzen saiatu ginen, gure heinean. Zenbat iraun zuen momentu horrek? «Besarkada batzuk ez dira minututan kontatzen», zioen zure begiradak.

Negu honetan, zure herria altxatu egin da askatasunaren alde. Eta zuk seguru, irriz eta goxotasun osoz, altxamenduari beharrezko zuen ilusioa eman diozu. Pentsaera, begi dirdira eta eskuzabaltasuna. Militarrak atzetik ukan dituzu, polizia eta justizia ere bai, beraien legediaren tresneria guztiarekin. Ihesi joan zara oihanera, baina ttattardunen eta polizia buruen mendeku gosea europarren diru gosea bezain handia da. Gure sakelako telefono mugikorrek, pantailek edo auto elektrikoek behar dituzten metal bereziak zure herriko meategietan ugari daudenez, hemengo demokrata handiek zure herriko diktadurarekin itunak sinatuko dituzte. Zure emaztea preso sartu dute, zure haurrak ere bai, eta zu ihesi joan zara. Oraindik bizirik bazaude, oihan basatiko mendi tontor gainean izango zara seguruenik, eta zure irri ederrenarekin animatuko dituzu zure kideak. Laster igoko naiz ni ere mendira, ea hemendik ikusten zaitudan.]]>
<![CDATA[1 eta 0 ez da 7]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2021-03-28/1_eta_0_ez_da_7.htm Sun, 28 Mar 2021 00:00:00 +0100 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2021-03-28/1_eta_0_ez_da_7.htm
Erreprodukzioaren garaitik (inprimategiaren aroa) difusioaren garaira pasatu gara (pantailaren aroa). Irakurle fina ez da gehiago kritikoa, ez da filosofoa, historialaria, soziologoa edo zientifikoa. Ez. Irakurle fina algoritmo bat da. Zenbakiek finkatzen eta baieztatzen dute guztiaren balioa, eta hari horretatik kalitatearen markoa definitzen da. Mundua 1 eta 0 artean kokatu da. Ez da beste dimentsio posiblerik. 1 eta 0 serie baten menpe.

Reality show erraldoi baten antzera, ikuspunturik gabeko begirada lau haizeetara zabaldu da. Autofikzioa, autoestimua, autokontrola... Dena dakigula uste dugu, algoritmoen menpean goazenean, gehienetan. Bakanak ginela uste genuen, baina 1 eta 0 artean kokatu gara, besoak zabalik eta begiak dirdiratsu. Irudimenik gabeko irudiak hedatzen ditugu sare sozialetan, norbait izateko esperantza antzuak bultzaturik. Errealitatea baino errealago bilakatu dira gure irri faltsuak, pose artifizialak eta milioi bat bider argazkitan zabaldutako paisaia zoragarriak bisitatu eta ezagutzearen ustean bizi gara.

Horretan datza zoom kultura: erdigunea ni naiz. Perspektibaren eta infinituaren nozioak galdu egin ditugu. Eta kontsentsurako gaitasuna abandonatu dugu selfie-aren mesederako. Ni holakoa naiz, nik horrela pentsatzen dut; eta nire argumentuek pisua galtzen badute, zoom bat egiten dut nire egoa zentro zentroan birkokatzeko, besteen perspektiba eta posible infinituak ukatuz. Kooperazioa ezinezkoa bilakatu arte. Artista sentitzen gara arterik sortu gabe; zeren, artea sortzeko, kooperazioa ezinbestekoa baita.

Victor Hugok, Miserableak nobelan, honela zioen: «Horrek hori ekarriko du». Aro berri batean preso gaude, eta ez dakigu nola atera hortik. Ez dakit hau dena noiz hasi zen lerratzen. Hasieran menturaz. Zenbaitzuek autoaren metafora erabiltzen dute gaur egungo egoera irudikatzeko: auto batean goaz, bidetik atera gara, eta kontrola galtzen ari gara. Baina zientzialari askok zehazten dute auto horrek azeleragailua topean duela, gero eta bizkorrago doala, frenoak puskatuta, amildegian behera, gauez eta argirik gabe. Eta edozer gauza lehertu daiteke gure gizartearen autoaren aurka: idorte erraldoiak, suteak, lurrikarak, euriteak, pandemiak...

Nola demontre iritsi gara honaino? Gara diot, zeren ez du ezertarako balio norberak bere ardura bizkar gainetik kentzeak. Noski, erabakiguneetan tematu egiten dira, eta paretaren kontra jo edo amildegiaren ertzean egon arren, gasolina gehitzen zaio autoari, oraindik bizkorrago joan dadin. Kontsumorako laguntzak, mundu mailako ekonomiaren sustatzea, abiadura handitzen duen tresneriaren suspertzea (5Ga, AHTa, autogintza, plataforma digitalak, online komertzioa...). Ematen du amesgaizto batean garela... Gidariek erabaki gero eta arraroagoak hartzen dituzte, eta eskuko frenoa ez du inork tiratu nahi. Besteak egin beza. Alta, esku frenoa begien bistan dugu denok. Baina gero eta bizkorrago goaz, eta, beldur garenez azken putzak izateaz, gure autoa besteekin bat eramaten dugu, suzko amildegira bada ere.

Artearen mundua ez da bereizten bere egin moldeetan. Erraz esaten dugu: «Mundua aldatu behar da! Orain!». Ados. Baina nork aldatu behar du? Nork hartuko du ardura, zama, eta ondorioz batzuetan hartzen den mina, desilusioa, nekea... Elkarrekin has gaitezen, ez? Eraiki ditzagun behar ditugun tresnak eta baliabideak, mundua eraldatzeko. Eta aske bizitzeko, gure mundua birpentsatu dezagun. Askatu behar dugunak guhaur ere bagara, ez? Ekar dezagun gure altxorra hurbilenengana: gure obren gaiak, egite jakitateak, sareak, baliabideak... Mintza gaitezen gure auzoaz, gure senideaz, orain eta hemen. Eraiki ditzagun gure ereduak, geldi dezagun gu suntsitzeko erabiliak diren tresnen elikatzea, eta ureztatu ditzagun euskal guneak: euskal eskolak, kulturguneak, tabernak, herriak... denak, iparretik hegora, mendebaldetik ekialdera, diskriminaziorik gabe, hauturik gabe, eta ekin diezaiogun. Egin, ekin eta egin, loreek gure ahoak hornitu ditzaten, gure hizkuntzak eskaintzen dituen altxor guzietatik harturik. Zeren guk ez badiogu ekiten, nork egingo du? 1 eta 0 arteko pentsaera hedatzen dutenek. Ardiz eta erdizka nahi eta behar gaituztenek.

Gure artean egin dezakegun gauzarik handiena hau dela uste dut: herri bat. Euskal zentzu zabalenean: hiria, nazioa eta populua. Hots, etorkizun baten mentura. Zenbakiak infinituak dira, eta ametsak ere bai. Haien hedatzeko elkartu gaitezen. Gure burasoek egin zuten haiena, egin dezagun gurea: 7.]]>
<![CDATA[Gizajalea elikatzeaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/044/001/2021-02-28/gizajalea_elikatzeaz.htm Sun, 28 Feb 2021 00:00:00 +0100 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/044/001/2021-02-28/gizajalea_elikatzeaz.htm
Arazoak edo etorkizuna bera ere gurpil horretatik ateratzeko premia handia dugu, ez badugu amildegira erori nahi behintzat. Handi-mandien gose amaiezinak itoko gaitu bestela. Zeren, adibideak hartzearren: Zaldibarko krak handi horrek zer aldatu du sakonean? Eta pandemia izugarri honek? Kontsumo eredua aldatu da? Elkarbizitzarako apustuak neurriz hartu dira? Erabaki larriak biztanle eta tokiko eragileekin partekatu dira?

Egunerokotasunean, herri bezala, nahitaezkoak diren hainbat neurri pairatzen ditugu, eta ulergaitzak diren beste hainbat. Baina prestutasuna eta adeitasuna erakutsi dugula begi bistakoa dela uste dut. Eta ez dut ulertzen horren aurrean beraien burua Jainkotzat hartzen duten hainbat kargudunen erakuskeria. Erakuskeriak mugak ukan behar lituzke, ez? Diskurtsoan umiltasun zerbaiten ezinbestekotasuna agerikoa zela uste nuen, baina oker nengoen.

Beste adibide bat hartzearren, Iparraldean turismo intentsiboaz eta militar furgoiez bete zaizkigu karrikak, baina ezin gara elkarrekin bildu ikuskizun bat partekatzeko, ikastolen sustengatzeko, ihauteriak ospatzeko.... Ez. Hemen, ezer ez da aldatu. Sohütako biztanle bat edo paristar bat berdin-berdin tratatuak dira, ezpada bi arlotan: dirua eta kultura. Zeren frantses diruduna baldin bazara, lasai. Etor zintezke oporretan Donibane Lohizunera talde handian, eta nahi bezainbeste film ikus ditzakezu edozein plataformatan zure ama hizkuntzan, zure kezkak, pentsaerak eta burutik zein bihotzetik pasatzen zaizkizun guziak adierazteko edo sendatzeko. Baina euskalduna bazara, edo beltza, eta txiroa gainera, zerbitzari geratuko zara. Izan zaitez zarena. Munduan zerbitzari sortu bazara, ez da munduaren parte izateko. Inork ez zaitu entzungo, eta zure lurra, pentsaera eta gorputza ez da izango kontsumorako beste baliabide bat baizik .

Horrenbeste iraun eta jasan izanak harritzen nau. Antzerkitik ikusita, badakit diskurtso moralistek eta mozorroek (epaile edo fiskalen xamarrak, polizia jantziak, hautetsi ttattarrak...) asko eragiten dutela, baina ez dut uste hau denik gakoa. Uste dut gure herri honetan askotan ozen hitz egin arren, ez dugula aski sinisten gugan. Menpekotasuna oso barneratua dugu, eta askotan ausardia handiz jokatu badugu ere, bestetan, onargaitza irentsi dugu, pazientzia handiz. Eta pandemiak fenomeno hau okertu du erabat: arditegira goaz, otsoaren artzain mozorroa oso agerian egon arren.

Jakin badakigu gauzek ezin dutela horrela iraun, eta hala ere, gizarte modeloa ez da ezbaian jartzen. Gutxi falta zaigu gure eredu propioak eta lekuko aterabideak martxan jartzeko. Baina horretarako gure gaitasunean, irudimenean eta aberastasunean sinistu eta apustu egin behar genuke, gehiago behintzat, ezpada erabat. Mundu hau amildegira doa, bakarrik, eta gizajalea elikatu ordez, saiakeraren ausardia jorratzen ahal genuke. Pixkanaka, urratsez urrats, harriz harri, elkarlan eta kooperazioan gauza asko egiten eta asmatzen dira. Hortik gatoz, hortik xutik mantendu gara, bizirik, eta hortxe dugu giltza: duda eta saiakeraren ausardia. Horrela sortu ziren eskolak, gaueko kurtsoak, antzezlanak, dantzak, abestiak, bertsoak... Eskuz esku eta ahoz aho, ureztatu dugu gure funtsezko aberastasuna: euskara eta euskal komunitatea. Izurrite honetatik ere onik aterako gara, bai, baina elkarrekin zeharkako bideak hartzen baditugu. Gure sareak sortzen eta sendotzen baditugu, eta gurean sinisten badugu. Hau ez da kargudunen eremua, bakoitzaren ardura da, eta ardura hau besteengan uzteak gure desagertze hurbila onartzea dakar.

Aste honetan, Baxe Nafarroako eskolekin egingo dugu lan, antzerkiz, euskaraz, eta giro jostarian. Nire haurtzaroan, hau ezinezkoa zen. Ez dut ahazten aurrera egin dugula. Asko. Baina ez nuke atzera egin nahi, zeren arraunean, antzerkian, edo bizian, atzera egitean hondoratzen gara. Xutik irautea hautu bat da, etzatea bezainbat. Itxoiten gelditzea beste bat.]]>
<![CDATA[Baratxuria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2021-01-31/baratxuria.htm Sun, 31 Jan 2021 00:00:00 +0100 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2021-01-31/baratxuria.htm
Euskara ikasteko, beraz, Baionako Saint Amanden zegoen ikastolan sartu gintuzten. Eta hitza jaso genuen, edo Guillermok eman zigun, hobekiago esateko. Guillermo liburuetako irakaslea da (orainaldian ezartzen dut, zeren benetako irakasleak jubilatuta ere irakasle egoten dira bihotzean). Bere bi-zaldi auto mundialean eramaten gintuen haraino, ordubeteko bidaia. Eta euskara eskaini zigun, baina euskara eta hitza esan behar nuke.

Aitortu behar dut guk ez dugula giristino senik, baina garaiko ikastolako lagun anitzen etxeetan bazuten bai. Anaia eta biok katiximara ez joateak trufa eta ziria eragiten zuen. Ostiralero, gure Guillermok biltzar nagusi bat antolatzen zuen, ikasle eta irakasleek adierazi zitzaten zeintzuk diren beraien arazo, asmo, gogo edo pozak. Sei hilabetean euskara ikasirik, hitza eskatu nuen, nire kezkak adierazteko. Guillermok, bere begi irribarretsuekin, hitza eman zidan. Altxatu nintzen, eta banan-banan eskatu nien ikasleei zertarako sinisten zuten jainko batean. Eta erantzuna berdintsua izan zen oro har: «Nire gurasoek sinisten dutelako». Nik ihardetsi nuen ez nuela inongo jainkotan sinisten, nire gurasoek sinisten ez zutelako. Biltzar nagusi horretan, 5 urte nituela, amaitu ziren ziriak eta ondoezak.

Guillermok irakatsi zigun gure ezberdintasunak euskaraz uztartzen ahal genituela, jolas parkean abenturaz abentura ibiltzeko. Hitza eta euskara, bat dira. Eta hau irakatsi eta eskaini ziguna sorgina, magoa ala jainkoa baino gehiago dela esan daiteke: haurren komunitatearen bateratzaile zintzo bat.

Gaur egungo haurrei pentsatuz, jakin badakigu literaturak, antzerkiak edo zinemak trauma handien izu korapilatsu eta anitzak adierazten dituztela, besteak beste. Gure komunitateen aldaketa bortitzak ulertzen laguntzen dituzte. Hari horretatik, aldizkari kultural batean irakurri dut gizarte zientzietan ari ziren aditu batzuk ohartu direla fikzio apokaliptikoak ikusten edo irakurtzen dituzten pertsonek lasaitasun handiagoarekin bizitzen dutela pandemiak eragindako itolarria. Hitzak eta irudiak baliatuz, arrangurak marraztuz, elkarbizitzarako zailtasunei aurre egiteko gaitasunak garatzen ditugu. Fikzioak pentsaezina irudikatzen laguntzen digu, eta izoztu ez gaitezen laguntzen gaitu. Katastrofearen fikzioak izuari erantzuteko giltza batzuk eskaintzen dizkigu.

Pragmatismo hutsez, eta entzuten dena filtrorik gabe irensteko ohitura berri honekin, berehala lanean jarri naiz. Etxeko pantaila piztu, eta holako fikzioak sekula ikusi ez arren, zonbi film bat ikusten hasi naiz. Ohitura eskasa izango da, baina ezin izan dut osorik begiratu. Izua eta izoztearen aurkako txertoak ez dit balio izan, behin baino gehiagotan saiatu naizen arren.

Albisteak irakurri eta irratian entzun ondoren, areagotu egin zait ondoeza. Zonbiak albisteetan nagusitu al dira? Kargudunak txertoa ebasten beraien onurarako, militarrak haiekin bat, gazteak makilakadaz isilduak... Muga berriz ixten dute COVIDa, terrorismoa eta migrazioa mugatzearen aitzakian, hitz horiek guztiak esaldi berean erabiliz, eta gure lurraldea zatituz, berriz ere. Zintzurra estutu zait, eta hortzak tinkatu ditut. Adituek estimatzen dute pobrezian bizi den edonork hamar urte beharko dituela krisi honetatik ateratzeko, eta aldi berean, 2020an bakarrik, munduko hamar aberatsenek beraien fortuna 540 bilioi dolarrez emendatu dute, COVIDari esker.

Zonbiak dantzan gizatasuna albo batera utzita, banpiroak lagun, bizidunon odola xurgatzen azken tantaraino; hauek dira albistegien lerroburuak. Baina gogoratzen dut Guillermo, eta nire haurtzaroa elikatzen duen antzerkia. Hau dena eskaintzen digute: leihoa, ostatua, hitza eta euskara. Izuaz eta izozteaz babesteko, banpiroen aurkako baratxuria baino indartsuago zaizkit.]]>
<![CDATA[Milesker]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2020-12-20/milesker.htm Sun, 20 Dec 2020 00:00:00 +0100 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2020-12-20/milesker.htm
Jakin behar da saiakerak beti malestrukak direla: ez dakigu nora goazen eta zalantza dugu nagusi. Ezer ez da efikaza, ezta ikusgarria ere, testua ez dugu amaitua, eszenografia eskupean dugunarekin osatzen dugu, argiak lanekoak dira, eta musika bidean da.

Hots, antzerki saiakerak zailak dira, hauskorrak, eta gehienetan ez dugu asmatzen. Artisau lana izanik, milimetroz milimetro aitzinatzen gara, jakin gabe zehatz nora goazen. Noizean behin, argitxo bat ikusten dugu, baina gutxitan. Zuzendari gisa, nire lehen hitzak hauek izaten dira normalean: «ez dakit... baina saia gaitezen».

Ikasleak, irakasleak, hezkuntza aholkulariak eta hezitzaileak begiak eta belarriak zabal-zabalik egon dira, gertakari guztiei adi eta kurios, galderaz gainezka, gomendioz eta gogoz beteta. Eta modu bitxian, gure etorrerak ikastetxeko ezberdintasunak leundu ditu (izan urteak, sexua, izaera edo gaitasunak). Haurtzarokoa, nerabezarokoa eta gaztarokoa garai bereziak dira, norbanakoak nor garen eta nor izan nahi dugun adierazteko garaia. Eta ikuspegi horretatik antzerkia bitarteko bat bilakatu da: norbere baitako begirada eta bide batez inguratzen gaituen munduarekiko dugun begiradari buruzko hausnarketa egin ahal izateko tresna. Etorkizuna eta haren tresna iraunkorrak eraiki behar dira. Jokoa da gure eremua, plazera, horrek indarra ematen digu, eta are gehiago euskaraz eginez. Esperientzia horietan, gure hizkuntzari balio erantsi bat eskaintzen diogu. Euskaraz erraten duguna, euskaraz soilik adierazi dezakegu.

Sormen esparrua berriz asmatzeko aukera irekia da ikastetxeetako hau: idazkera, irudimena, gorputza eta elkarbizitza. Aisialditik urruntzen gara, sormen partekatutik hurbiltzeko eta artearekiko lotura afektiboa gauzatzeko.

Agurtzear dugun Zaldi Urdina ere hau dena izan dela erran dezaket, ausardia zerbait bada ere. Eta oso eskertua sentitzen naiz. 16.000 pertsonak baino gehiagok antzezlana ikusi dute, eta zoragarria iduritzen zait. 83 emanaldi beteko ditu abendu bukaeran, eta sinesgaitza zait. Pandemiaz gain, euskal komunitateak antzezlana bere egin du, eta ez daukat hitzik. Familian etortzen ikusi zaituztet, bikotean, lagunartean, zuena zen zauria partekatzeko, eta bide batez mina arintzeko. Eta maitasun handiz tratatuak izan garela ere erran behar dut.

Eskerrik asko publikoari, kazetariei, kultur eragileei, ikasle eta irakasleei, teknikariei, ekoizleei, banatzaileei, aktoreei, elkarteei... zuei guztiei, zeren urte bat eta hiru hilabetez bat izan gara. Bat gara, asko izan arren eta denak ezberdin.

Ilusioak merezi du, saiakerak merezi du, emanaldi bakoitzeko borrokak/apustuak merezi du. Nafarroa Beheretik Arabara eta Nafarroako puntatik Gipuzkoako erdigunera, Lapurdin eta Bizkaian, denetan egon gara, eta ozen esan dezaket harrotasun zerbaitekin: bat gara.

Irri partekatua ez da utopia bat; elkarri mintzatzea eta hatsa batera hartzea hitz beretan ez da ameskeria bat, gertakari beretan eskutik heltzea ere ez, zeren denek pairatu dugu zaldiaren odolustea; denok euskaraz erran ahal izan dugu, ahotik belarrira, etxeetan gehienetan, eta orain antzokian. Bakoitzaren malkoa guztien minaren adierazlea izan da, eta begi busti guztiak bakoitzaren bizipenen ispilua izan dira.

Ez zaituztet ahaztuko, bakoitzak eskaini duzuena nirekin eramaten dut. Beste hainbat mendi, itsaso eta leku ezezagun zeharkatzeko indarrak bildu ditut, eta garrantzitsuena: posible dela sinesten dut.

Gure historia modu gordin eta fikzionatuan kontatzea posible da; euskal antzerkitik mundua marratzea eta zazpi kantoietan kurritzea posible da; urte guztietako familia eta kuadrillei mintzatzea posible da; herri bakar batean bizitzea posible da; guztien elkarlana da giltza. Hau dena eta gehiago erakutsi diguzue, eta eskertzen dizuet. Bihotzez, milesker, eta laster arte.]]>
<![CDATA[Edertasuna ala izua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2020-11-22/edertasuna_ala_izua.htm Sun, 22 Nov 2020 00:00:00 +0100 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2020-11-22/edertasuna_ala_izua.htm ezinbestekoa ez den jarduera oro debekatua zaigu. Agindu horrekin, ezinbestekoa dena eta ez dena letra larriz adierazia da, eta komunitatean bizi den kultura ez da sartzen ezinbestekotasun horretan. Norbanakoak bere etxean kultura kontsumitu dezake, garai batean euskara mintzatzen ahal zuen bezala. Etxean, ezkutuka, norbanako gisa, nire mundu intimoa elikatu dezaket, baina ezin dut partekatu, partekatzea ez baita ezinbestekoa (albistegietan hala esan digute, beraz, hala izango da, ez?). Hots, Edipo mundutik Narcisen mundura murgiltzeko agindua jaso dut, denen hobe beharrez, arbasoengandik jasotako kulturatik neure egozentrismo hiper boteretsura pasatzea ontzat jotzen da.

Medikuak mintzatu dira frango, errana izan da zer den egia eta zer ez den. Baina ez da sekula erraten medikuntza bera zer den. Hipokratesek, Epidemia deituriko idatzietan, medikuntza arte bezala definitzen du: gertakarien, sintomen, norbanakoen eta testuinguruaren araberako interpretazioaren arte partekatu bat. Hau bera azaltzeko, askotan erabiltzen den adibidea da, eta sentitzen dut berriz ere hau ateratzea, lobotomia deituriko ebakuntza da. Egas Monizek asmatutako teknika izugarri horrek Nobel saria irabazi zuen 1949an, pentsa. Zalantzek eta elkarrizketek eskizofrenia sendatzeko beste baliabide batzuk ekarri dizkigute, eskerrak...

Botere guneen irizpideak segituz (politika ganbarak, komunikabideak, polizia, justizia...), medikuntza ezinbestekoa ote da orduan? Ulertzen dudanez, zientziak, berez, galderak eskaintzen ditu erantzunak baino gehiago. Ikerketa liluragarri gehienek funtsezko galderak erditzen dituzte. Baina zientzia ulertzeko eta edukiaz jabetzeko (edozein zientzia, gizarte zientziak barne), pentsaera kritikoa eta erretorika gaitasunak garatzeko ahalmena eta kultura beharrezkoak ditugu. Baina hau, justuki, hau debekatu egin digute. Herritarrak analisi kritikoaz eta erretorikoaz desjabetu dira, ez baita irizpide kritikorako espazio librerik existitzen gehiago. Eta gehienbat horrek kezkatzen nau, ez baita lehen aldia gertatzen dena gure historian. Pandemiaren kudeaketak pandemia bezainbat kezkatu behar gaituela uste dut, batak besteko albo kalteak utziko baititu.

Kolpe traumatiko batean bezala, egunero errepikaturiko zifren menpe, agonia psikikoan sartu gara, heriotzaren beldurrean, lagun eta senideengatik izutuak. Beldur errepikakor horrek pentsaera izoztu digu. Informazio kontraesankor eta etengabeak gure gogoetarako espazioa kolonizatzen du erabat. Erruduntasunean, eguneroko bizitza eramaten saiatzen gara, baina ez bagara ondo portatzen, gauzak okerrago joango direla behin eta berriro errepikatzen zaigu. «Ondo portatzen bazara, beharbada ez zara konfinatua izango. Zer nahi duzu? Zure aita edo amona ospitalera bidali? Zertan dabiltza zure haurrak? Lanera joan behar zara, bestela, ekonomia hankaz gora botako duzu eta txirotasunean eroriko zara, lanik gabe. Baina zure haurra etxean geratu behar da, denon hobe beharrez...». Ez naiz gogoratzen irratian jasotako agindu paradoxiko guztiez... Agindu paradoxikoek paralizatu egiten naute, eta Stockholmeko sindromean murgiltzen naiz: nire pentsaera eta erabakitzeko gaitasun osoa bahitzailearen eskuetan uzten dut, eta agindu bakoitza neure egiten dut. Dudaren bat sartzen bazait, edo desadostasunen bat, pertsekuzioaren beldurra agertzen zait: badakit zenbat isun jarri diren egunean bertan, zenbat atxilotu… irudietan indarkeria da nagusi.

Ihesari bidea mozteko, zatiketa nagusitu da. Barne zatiketa. Hannah Arendtek deskribatu bezala, jatorrizko taldeak banatu dira, adinaren arabera, edo etxeen barnean bertan. Kultura suntsituz komunitateak puskatzen dira, elkarguneak debekatuz eztabaida desagertzen da komunikabide eta sare sozialetako monologoen mesederako. Segurtamenak duda gainditu du, egia bakarrak ikuspuntu anitza lurperatu du. Amen.

Baina zientziak berak (neurologo eta psikiatren elkarlanetan) aspaldian frogatu du isolamendu sentsorialak garuna atrofiatzen duela. Eskaner batekin ikus daiteke isolamendu sentsorialak izuz beteriko mundu batean murgiltzen gaituela. Neuropsikiatriak dio behar-beharrezkoa dugula denboraren irudikapen bat eraikitzea, molde partekatuan, gure historiaren kontakizunaz jabetu gaitezen. Bestela ez dakigu ezta nor garen ere, eta iragan traumatikoaren preso geratzen gara. Horrek pandemiaren gertakaritik harago eramaten gaitu, eta, paraleloan, argi bat ekartzen digu: gure historian zehar zer kontatzen ahal dugun eta zer ez. Edo zer baimendua zaigun eta zer ez. Baina isiltasuna onartuz, sarraskiaren konplize egiten naiz. Zer kontatzen ahal den eta zer ez, erabakitzeko eskubidearekin lotzen ahal da, baina erabakitzeko eskubideari uko eginez neure gizatasuna galtzen dut. Totalitarismoaren arma nagusia konformismoa da:egia bakar bat dago. Gaizkileak horiek dira, demokratak hauek, eta, ez baduzu sinesten, denetan errepikatua izango da, eta egunero: zine aretoetan, telebistan, irratian, egunkarietan, sare sozialetan, Interneteko plataformetan... Denetan. Burmuin garbiketa. Afekzio sostengua erakusten badut, irainean eta blasfemian sartzen naiz, eta pertsekuzioa jasango dut. Hilak ezingo dira omendu. Alta, Gurs kontzentrazio esparruan, bertsoak kantatu eta idatzi ziren, Ravensbruken opera bat idatzi zen...

Gericaulten Le radeau de la Méduse (Méduse ontziaren almadia) pinturak eskandalua eta debate oso bortitza sortu zituen, itsasgintzaren legeak aldatu zituen eta garai oso baten pentsaera auzitan jarri zen. Edertasunak kontakizunaren bidea irekitzen du, kontakizun anitzak erresilientziarako ahalmena eta kooperazio gizarte baketsu bat ahalbidetzen du, gerlaz josia izan den arren. Edertasunak, pentsaera partekatua garatzen du.]]>
<![CDATA[17 urte, atzo eta bihar]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2020-10-25/17_urte_atzo_eta_bihar.htm Sun, 25 Oct 2020 00:00:00 +0200 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2020-10-25/17_urte_atzo_eta_bihar.htm gu?

Herria, hiria, generoa, lan taldea, klase soziala, euskara... Hauek guztiek osatzen dute gu hori, eta herri bezala ez dugu guzti horretarako mugarri berririk. Iceberg batean ibiltzearen sentsazio gazi-gozoa dugu, negutegi efektuak gure ilusio guztiak urtu arte. Negu latzaren esperoan biziraun behar ote dugu? Hau lehen negua ez dela erran nezake, eta gure arbasoek utzitako aztarnek baluketela zer konta, zer eskaini.

Aitatxik Figueiridoko kontzentrazio esparruan atera zuen argazki hau, zangoen azpian hamarnaka gorputz lurperatuak zeudela oroitzeko. Erailak, torturatuak... Eta argazki hau gelditzen da historia kontatzeko. Segundo baten berrogeita hamarra. Frankistek euskaraz mintzatzeagatik susmagarritzat jo eta nazien aurka borrokatzera zihoala deduzitu ondoren kartzelan sartu zuten. Irudian, kartzelatutako bi gizon, harro eta duin. Handik atera, eta gerrara: Ipar Afrikan, Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian ere izan zen aitatxi, nazien aurka borrokatzen. Bizirik irauten dut argazkian ageri diren bi lagun horien esperantzaren, duintasunaren eta maitasunaren ondareari esker. Kide, lagun, anai. Euskal memoriaren aztarna bat. Hainbat istorio. Zenbat herri dugu oraindik ahoz aho kontatzeko?

Aitatxi 17 urterekin sasian sartu zen. Nire seme gehienak 17 urte egin ditu; beraz, komunikabideek jomugan hartutako belaunaldikoa da, berriz ere. Errua eta beldurra. Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentalean agertzen diren gazte guzti hauek bezala: kondena, Damoklesen ezpata eta izua. Urteekin ontzen garela erraiten omen da, baina orduan, zertarako ez dugu aurrekoen esperientziatik ikasten? Zertarako behin eta berriz onartzen dugu onartezina? Artistok bagenuke zer erran gure funtsezko rola bete nahi bagenu.

Artean lan egiteak erantzukizun bat dakar. Ez da ofizio soil bat, pretentsio asko behar da ehunka lagun areto batean bildu eta erraiteko: «Egon hor, badut zerbait kontatzeko». Horrek ardura bat ematen digu, eta betebehar bat. Eta gaur egun inoiz baino gehiago. Zeren egia eta gezurra berdindu dira. Kargudun politikoak militarren alboan mintzatu dira medikuak behar genituenean, zientzialariak dena eta aurkakoa erraiten entzun ditugu, polizia elbarritu bat jotzen ikusi dugu laguntza behar zuenean... Iruzurra agerian egon da: errege gaiztagin bat herri baten aberastasunekin erresuma petro-usteldu batean aterpetua, Frantziako lehendakaria separatismoaren arazoa saltzen erronka pobrezia eta osasunean kokatzen denean... Dena eta aurkakoa erran daiteke, eta ezerk ez du balio. Inork ez du inor sinisten, eta denek hitzaren zilegitasuna galdu dute.

Orain artearen momentua dela pentsa daiteke. Artearen elea metaforaren, sinboloaren, ulergaitzaren eta ebidentziaren artean kokatzen da. Zauriak identifikatu, malkoak xurgatu, korapilatsua argiztatu, eta komunitatea elikatu. Maitasunez eta zintzotasunez. Hizkuntzari bere egiazko balioa emateko aukera eta betebeharra dugula uste dut. Aukeramen askea eta ardura berreskuratu nahi baditugu behintzat. Orain inoiz baino gehiago, gazteekin zorretan gaude. Hitzaren balioa bere lekuan ezartzea zor diegu, zeren eskaintzen diegun mundua ez da oso ederra. Izan gaitezen zintzoak gure artearekin, hitzarekin, errespetuarekin ekin dezagun. Gure komunitateak merezi du, eta bere bizi-iraupenaren giltzak 17 urte ditu. Atzo, orain eta bihar.]]>
<![CDATA[Euskaldunak eta baskoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2020-09-27/euskaldunak_eta_baskoak.htm Sun, 27 Sep 2020 00:00:00 +0200 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2020-09-27/euskaldunak_eta_baskoak.htm
Ea elkar ulertzen dugun: zerk egiten gaitu euskaldun? Hizkuntzak, ez? Eta zerk bermatzen digu euskaldun bezala bizi edo existitu gaitezkeela? Euskaraz bizitzeko aukerak, pentsatu gabe «hau euskaraz da»: horra euskaldunon eguneroko erronka. Eta pandemiaz geroztik are gehiago. Zehazteko, euskara ez da gramatika multzo bat. Euskara maitasunaren hizkuntza da, haurrak ohera eramatekoa, ospitalean lagunari azken agurra ematekoa; eguneroko borroken, lanen, arranguren eta ametsen hizkuntza da. Posibleen hizkuntza.

Mundua marrazteko zein komunitatea eraikitzeko, herrigintza eta naziogintzaren giltza da euskara. Eta hortik ulertzen da abertzaletasuna. Abertzale izatea ez da lurralde administratibo baten, mendien, edo pintxo-potearen zaindari sutsuarena egitea. Hori baskismoa deitzen da. Abertzaletasunak komunitatearen maitasuna, elikatzea eta ureztatzea suposatzen du. Eskubideen ikuspuntutik pentsatzen badugu, diru laguntzen sistema ez da artisten edo eragile kulturalen diruztatzea. Diruz laguntzen denean obra bat edo ekipo bat, lehen lehenik ikuslea da laguntzen. Ikusle bakoitzari dagokion diru laguntza ematen zaio bere komunitatearekin artelan bat parteka dezan. Zentzu horretan, zenbakiek erakusten dute Euskal Herrian frantses, espainiar edo euskaldun batek ez dutela balio bera. Herritar euskalduna bigarren mailako herritar gisa kontsideratua eta tratatua da.

Baina eskubidearen ikuspegitik urrunago, zaintzatik pentsatzeko premia ere bada. Noski, agiri ofizial guziak euskaraz ere eskuratzea beharrezkoa dela. Horrek existitzeko eskubidea ematen digu, baina ez bermea, ezta tresna ere. Ez baitigu amesteko, kexatzeko, pentsatzeko ala maitatzeko eredurik ematen. Material hori, euskara erabiltzen duen arteak hazten du.

Kultura, hizkuntza komunitate baten praktika bat da: esperientzien metaketa, jakintzaren transmisioa, erreferentzia propioak, eztabaidak, inork kontatzen ez duen gure historia, gure pentsamendua garatzeko eta elikatzeko tresna eraginkorra. Funtsa hau da.

Zertan da egoera? Urte bakarrean, Iparraldean, gutxi gorabehera 250 antzezlan ikus ditzakegu frantsesez eta hamabost bat euskaraz, 200 film frantsesez eta bat edo bi euskaraz, eta abar, eta abar... Kontatu gabe telebista edo Internet. Eta Hegoaldean ez gara askoz hobe bizi. Euskaraz sortzen dugunok badakigu frantsesez edo gaztelaniaz sortzen dutenek baino baliabide eta diru gutxiago eskuratuko ditugula botere publikoetatik (edozein izanik ere). Gure partikularismo onartuekin, jaialdietako sail apartekoekin, zeren frantsesak eta espainolak, jakina den bezala, irekiak dira, eta euskaldunak, aldiz, itxiak eta komunitaristak.

Zer da horren ondorioa? Euskaldun gehienok gure emozioak eta funtsezko pentsaerak frantsesez edo gaztelaniaz adierazten ditugula. Intimitaterik ez dugu adierazten ahal gure hizkuntzan. Elbarritu emozionalak bilakatu gara.

Mundua gure esperientziatik eta gure hitzekin ulertzea ukatua zaigu, arazoak gure mintzairatik neurtzeko ahalmen gutxi dugu, eta inposatuak zaizkigun eskemak edo doktrinak irensten eta onesten ditugu. Belauniko eta ulerkor.

Baina okerrena da pandemiaren ondorioz pasilloen artean zurrumurru sinesgaitzak entzuten ditugula. Han eta hemen aipatzen hasia da murrizketak egingo direla, kulturan beste arloetan bezala. Baina ez gaitezen gezurretan ibili, gure lurraldean kulturak pandemiaz gain murrizketak jasan behar baditu, euskal kultura, euskal komunitatea eta euskara bera desagertuko dira. Zeren jakina da (2020az ari naiz) Frantziak bi bilioi euro inbertituko dituela frantses kulturan, Netflixek hainbat serie eta film egingo dituela ingelesez, AEBetako armada hainbat ekoizpen egiten ari dela zineman... Murrizketak ahuldurik dagoen euskal komunitateari labankada bat emango dio bizkarrean, eta sarraski kultural baten mesederako izango da.

Beraz, euskal komunitateak aurrekontuak hurbiletik begiratu beharko ditu haren biziraupena inportantea ote den jakiteko. Argitu beharko da diskriminazio positibo eraginkor bat martxan jartzen den, eta ondasun «immaterial» deitzen duten hori material bihurtzen utziko diguten: antzezlan, film, disko, liburu... Zeren kontatzen badakigu. Atera daitezela zifrak, orduan euskaldunok jakinen dugu zein den ekintza politiko eraginkorrena, eta ikasiko dugu bereizten, izen-abizenez ere, abertzaletasuna eta baskismoa.]]>
<![CDATA[Inon baino alaiagoa izanen da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2020-06-07/inon_baino_alaiagoa_izanen_da.htm Sun, 07 Jun 2020 00:00:00 +0200 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2020-06-07/inon_baino_alaiagoa_izanen_da.htm Jakin aldizkariak azaldu duen moldean, maitasuna eta politika terminoak esaldi berean irakurtzea arraro bilakatu zaigu. Izan ere, politika hitzak aro honetan bere zukua eta zilegitasuna galdu egin ditu. Hitzak berak ez dira sinesgarriak gaur egungo politikarien ahotan: askatasuna, demokrazia... Muturreraino eraman da sofismarik okerrena: egin esaten dudana eta ez egiten dudana.

Baina ez dugu amore eman behar. Maitasuna politikoa da, politika maitasuna izan daitekeen bezala. Egia da legebiltzarrek edo botereguneek orokorrean ez dutela maitasunaren edo sentimenduen irizpide ofizialik. Gobernatzaileek ez dute sekula maitasunaren sailbururik edo sentimenduen goi kargurik izendatzen. Baina sentimenduek ez al dituzte erabaki eta irizpide politikoak eragiten? Eta erabakiguneen zutabe esanguratsuenek (ekonomia, zor publikoa, immigrazioa, lana, gerla, arlo soziala, osasungintza, hezkuntza...) eragin zuzenak dituzte norbanakoen sentimenduetan eta maitasun harremanetan. Hori dena bereizi ezina da.

Halere, mundua bezain zaharra da emozioak, sentimenduak zeregin publikotik baztertzea. Politikan, duda, zalantza, negarra, poza, ahultasuna... tabu bat bilakatu dira. Kargudun batek bihotzeko zirrikitu bat ikusten utziko balu, susmagarria izango litzateke, fidagarritasun eskasia handiz ikusiko genukeen. Baina zertarako baztertu hainbeste sufrikario, poz, arrangura eta betetasun eskaintzen digun maitasuna pentsaeratik? Zertarako aldendu debate publikotik eta elkarbizitzako erabakiguneetatik? Zer da ezkutatu nahi dena? Zer da ito behar dena? Maitasuna beldurgarria bilakatu ote da maskara batekin estali behar izateko? Garai batean, Guardia Zibilak trenetan bi gauza debekatzen zituen: euskaraz hitz egitea eta musukatzea. Maitasuna, gure hizkuntza bezala, jazarpenaren habia bilakatu ote da?

Maitasun hitza, berez, hiru zutabetan oinarritzen da: desioa (sortzailea eta asmamen handikoa), laguntasuna (alaia eta baldintzarik gabekoa) eta enpatia (elkarrenganakoa). Maitasuna ez al da, beraz, elkarbizitzarako baldintza guztien oinarria?

Adostu dezagun politika terminoa. Politikoaren arloa hauteskundeek erritualizatutako kudeaketa eginkizun bat bezala ulertzen da gehienetan. Dekretuak, normak, handiosezko diskurtsoak, zenbakiak, dogmak... Bihotzik eta arimarik gabeko eginkizunak. «There is no alternative», zioen Thatcher andere krudelak. Baina politika beste era batera ulertu daiteke: justizia gisa. Justiziak, garen guztia kontuan hartuz, ezberdintasunak malgutzen ditu. Ez gaitu leuntzen izaki neutro edo kontsumitzaile arrunt gisa, ez; gure izaera guztien aberastasunak kontuan hartuta, eskuzabaltasunerako joera normalizatzen du. Egunerokotasunean, pertsonen edo arloen mugarik gabe, kooperazioan ekiten du. Bizidun guztientzako marrazten den arte bat. Arte hitza eransten ahal zaio bai, zeren finezia handia behar da zintzoki aritzeko politikan, jende askoren bizitza jokoan jartzen baita. Justizian sinesten duen politika ezinbestekoa zaigu. Maitasuna subertsiboa da, araudiak urratzen baititu.

Kooperazioa amesten dut, maitasunez beterikoa, oldarkorra eta errotik politikoa. Gure biziraupenaren giltza kooperazioan datza. Nagusitasuna, beldurra, lehia, potentzia, indartsuenaren legea... ezinbesteko heriotza baten promesak dira. Kapitalismo neolitikotik ateratzeko bidean, kooperazio alai eta oldarkorrean amesten dut. Nire aitatxik, nazien aurkako erresistentzia aipatzen zuenean, hauxe zioen: alaiak ginen, askeak ginen eta zorrotzak arlo guztietan.

Utopia ez da ameskeria, utopia pragmatismo hutsa da. Zeren mundu hau berez eroriko da, pandemiak zerbait irakatsi digu: amaitu dira jolasak. Orain, zentzuzko zerbait asmatu behar da, bizitzan oinarritua. Lotu ditzagun etikoa eta teknikoa, eraiki ditzagun gure utopien baratzeak, zutabez zutabe: maitasuna, justizia, kooperazioa. Inon baino alaiagoa izanen da...]]>
<![CDATA[Xendrak eta etxeak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/034/001/2020-05-10/xendrak_eta_etxeak.htm Sun, 10 May 2020 00:00:00 +0200 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/034/001/2020-05-10/xendrak_eta_etxeak.htm sistemaren ahuleziak eta zentzugabekeriak. Noski. Eta arazo bat desagertzeko modurik hoberena ez al da arazoa bera gainetik kendu, eta albokoaren teilatu gainean ezartzea?

Itxialditik ateratzeko baimena eman zaigu, baina bete ezin den ekuazio baten barnean murgilduta. Gure haurrak, familia, lagunak, lana... zaindu nahi baditugu, gure segurtasuna eta osasuna bermatu nahi baditugu, bete ezineko neurrien artean eslalomean ibili behar gara (eta hori, neurriak ulertzen ditugunean...). Garraio publikoetan, pasealekuetan edo lanean ezin ditugu bermatu ezinbestekoak diren begirunea eta ernetasuna. Haurrak hezteko edo zaintzeko, inork ez ditu behar lituzkeen tresneria edo ahalbideak (ez guraso, ez irakasle, ez hezitzaile edo ikerlari...). Gure hizkuntzan elikatu ahal izateko, pentsatzeko, sentitzeko, cromagnonen ahalbideak ditugu (zenbat film edo serie ikusi ditugu euskaraz, eta zenbat ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz?). Eta orain arte euskaldunak babestu gaituen saretze eta elkartasun tresneria herrikoi miresgarriak gakotuak izan dira, edo hala iduri du behintzat.

Horrez gain, krisi sanitarioari tsunami ekonomiko erraldoi bat eransten ari zaio. Orduan, politika ikuspegi horretatik, nola egin sistema bertan behera eror ez dadin? Buztinezko zangoak zituen jigantearen kontakizunean bezala gerta ez dadin, nola jokatu? Etsaiak sortuz. Arazoa biztanleriaren teilatu gainean ezarriz. Beldurra dela medio, etsaia auzokoa bera izan daiteke, ez? Indar armatuak hedatzen dira kaleetan, saguzarrak bezain azkar... Sobera jende paseatzen dabil? Droneak eta isuna. Gaixo bat kalean? Komisariara. Poliziaren desmasiak filmatzen eta hedatzen dira? Isuna, Bilbon gertatu den bezala. Esku batean makila, eta bestean diru laguntza. Baina laguntza hori belauniko mantentzen gaituen laguntza bat izan dadila. Zerbait sinbolikoa eskaintzen da eta horrek ondoko laguntza eskatzera behartzen gaitu; eta beste bat, eta beste bat... Eskale bihurtu arte.

Aspaldian ezagutzen dugu politika ulertzeko bigarren bide bat, oso sinplea, denok gure etxeetan praktikatzen saiatzen garena: justizia. Politika justizia esparru baten sortzea izan daiteke, ez? Berdintasuna helburu duen justizia jarduera bat politika deitu daiteke. Berdintasuna erraten dudanean, ez dut frantses oligarkiak ulertzen duen berdintasuna aipatzen, non denak ni bezalakoak izan behar diren. Ez, aipatzen dut gure ezberdintasun eta ugaritasun guztiek osatu dezaketen berdintasuna, eskubidea aipatzen dut, eskuzabaltasuna aipatzen dut, kooperazioa. Krisi honetatik atera nahi badugu duintasun zerbaitekin, molde berriak jorratu beharko ditugu, arbasoek etxean egindako xendren bidetik.

Mugalari herri bat gara, eta etxeetan, baserrietan edo hirietan gainetik etorritako arauak gure erara ulertu ditugu, beti. Eta gure herriak ezagututako krisi edo gerla guzietan, kooperazioak bermatu digu biziraupena. Hau izan da gure jendarteak politika ulertzeko duen moldea. Maitasunetik. Maitasuna bere zentzu hirukoitzean. Maitasuna desio bezala, zeren desio dut zurekin eraikitzea, biziko mendien zeharkatzea. Maitasuna laguntasun bezala, zeren elkartasunak inoiz baino alaiago egiten gaitu. Maitasuna enpatia bezala, zeren zure mina ulertzeko gai banaiz, orduan neurea uler dezakezu.

Bide horiek gure mendietako bideak bezalakoak dira, dena bihurgune, dena makur. Urteetan kabalek zein jendeek marraztutako bizi pusken aztarnak. Herriak lotu dituzten zainak. Herria, gure hizkuntzan, hiru zentzutan ulertzen dugu (populua, nazioa eta udala). Eta gure maitasuna hiru eskala horietan pentsatuz, politika edo justizia esparru guztietan ekinez, gureak ez diren mugak zapartatuz, biziraun dezakeen etxe bat eraiki dezakegu.

Itxialdi honek agerian utzi digu gure etxearekin genuen harremana (zentzu literal zein metaforikoan). Etxeak izan dira gure aurpegien ispilua, eta eskas genuenaren itzala; senideen babesa. Gure historia luzea da, eta ezezaguna. Gure historia gure etxeetan kontatu da eta mundua ikusteko genuen tresneria gure hizkuntzan gorde dugu, euskara gure altxorrik garrantzitsuena izan baita beti. Bizirauteko giltza. Mendietako bideak bezala. Gure etxeak bezala. Ondarea eta etorkizuna besarkatzen dituen bihotza. Eta gure artearekin, ureztatu dugu. Ezaguna omen da euskaldunak oso egoskorrak garela; ba horrela bada, horrela segi dezagun: gauzak gure erara ulertzen, antzezten eta kantatzen.]]>
<![CDATA[Kazolak ala apalak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/034/001/2020-04-12/kazolak_ala_apalak.htm Sun, 12 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/034/001/2020-04-12/kazolak_ala_apalak.htm
Kalean noa, beraz, haizearen firfiran, eta bat-batean, ezkilak zortzi aldiz jo du... eta ehunka pertsona, ballet erraldoi batean bezala, balkoietara atera da. Pijamaz jantzia, kazolaz armatua, herritar bakoitzak atera du bere Carmina Burana-rik sakonena. Izaeraz ameslaria naizenez, zalapartak erdi izuturik esnatu nau. Besoak dilindan, zaborrak eskuetan, balkoietara so egin dut. Hedatu zen poz bat... Elkartasuna, beste molde batean bizitzeko gogoaren adierazpen ederra, neure bihotzean sartu zait. Emozioak hartuko ninduenean, bikote batek ikusi nau, eta, gaizki ulertu baten beldurrean, zalaparta seko gelditu du. Kazolak jautsi dituzte, arin-arin. Ez zuten txalotzen nindutela sinetsi nezan nahi. Pentsatu dut agian ni ez nintzela onen lubakian izango gerla honetan. Beharbada txar bat nintzen, nork daki? Edo ez beraien aldekoa, ez haien gustukoa, edo ez balkoi onekoa.

Lotsa hedatu da. Performancea luzatzeko asmoz, irri bat egiten diet, neure hortz ederrenak erakutsi nahian. Erran nahi nien, «ei, neu ere elkartasunaren aldekoa naiz!». Zabor poltsak eskuan, kuku bat egiten diet eskertzeko, eta haiekin bat egiteko. Erantzuna zentzubitasunik gabekoa izan da: balkoitik egongelara sartu dira ziztu bizian, eta gortinak itxi dituzte. Ni, zur eta lur, plazaren erdian geratu naiz, zaborrak eskuetan, balkoi hutsari begira. Zonbien lubakian kokatua sentitu naiz, zibilizazioaren lubakiaren parean. Galdera ikurrezko forma zuen aurpegi batekin etxera sartu naiz.

Kuriositateak janik, erabaki dut nihaurrek inkesta bat egitea eta telebista piztea, edonork egin lezakeen bezala funtsean. Munduaren irakurketa bizkor bat egin nahian, edo hobekiago erranda, munduak egunero zer irensten duen jakiteko gosearekin. Gutxienez ulertzeko zertan den gizartea, zertan diren nire auzokoak lubakien mundura buruz behera murgiltzeko. Irudiak adierazgarriak izan dira: gatazkaren itzala hor da. Agintari askok gerlaren metaforak erabiltzen dituzte, eta ezohiko neurriak aho batez onartzen, militarrak kaleetan zabaltzen, eta telebista kateek ahots berdinak buklean hedatzen dituzte. Kritikarik gabe, gibeltasunik gabe, batasunaren izenean. Halako batean, Bilboko kale bat agertzen da pantailan. Eta erdi-erdian, lotsarik gabe, inongo beldurrik gabe, poliziek elbarritu mental bat eta haren ama jotzen dituzte eta lurrera botatzen. Trintxeren garaia. Ahulak jo, denen begietara, eta telefonoen grabaketek balio dezatela: gizarteak ez du ahaztu behar hemen nork agintzen duen. Hemen justuki, hala egin izan da beti. Batzuentzat beharrezkoa den aldi oro, hala gertatuko da. Jo, umiliatu, beldurtu. Hausnartzeko eta kritikatzeko aukera ez badugu ukanen, edozein bide segitzeko prest izango gara: edozein erreforma, lege, ohitura, uniforme... berdin da. Zonbiak bezala ibiliko gara behe-laino artean, edozer gauza onartzeko prest izango gara, segurtasun eske, bizirauteko esperantzan.

Neure jakitate gosea asetzeko asmoz, egunkaria Interneten irakurtzen jartzen naiz. Eta, zaharrek egin ohi duten bezala, nekrologia berria begiratzen dut. Bizirik irauten dudala segurtatzeko seguruenik. Zenbat kutsatu, non eta horrelako gauzak. Euskal Herriko mapa bitxia da; Iparralde guztia zuria da. Euskal Herrian lubakia berriz markatu da: Hegoaldea eta Iparraldea. Iparraldea zona zuri bat da, Iparralde urrun eta hotz hori... Neure herriaren gainean klikatu nahi dut, eta ezin. Orduan, bilatzeko karratuan neure herriaren izena sartzen dut. «Location not found». Iparraldea, desagertu da. Ezin da aurkitu. Non bizi naiz? Not found-en. Militarrak kaleetan ibiltzen diren garaietan, salbuespeneko egoeretako neurriak hartzen direnean, inperio handien mugak letra larriz markatzen direnean, poliziek inpunitate osoz jokatu dezaketenean, handitzeko nahiarekin txikia zapaltzen denean, denari men egitea al da aterabide bakarra?

Sare sozialetan sartzen naiz. Saiatzen naiz irakurtzen nonbait, zerbait, euskal kultura babestuko duen irizpide politiko bat, proposamen bat. Frantziak, Alemaniak egin dute jada, eta Euskal Herriak? Bihotzeko mina sartu zait. Euskal Herri guztia, euskararen lurralde guztia babestuko lukeen adierazpide gutxi, eta neurriak zero. Hil dadila gure hizkuntza, gure ametsen irudia, gure historia, eta hil dadila isilean ahalaz. Adituak, gauza seriosetan ari dira lanean.

Irratia pizten dut, eta ekonomia aditu bat deskonfinamenduaz ari zaigu mintzatzen. Neure buruari ari naiz galdetzen zer egiten duen horrek hortaz hitz egiten, ez baita medikua, soziologoa, ez eta izurriteen historialaria... Baina zertarako ez, azken finean? Ez al dira horiek gaur egungo apezpikuak? Ez al dute horiek erraten zer den on eta zer txar, nola portatu behar garen, nola xahutu behar dugun gure ondasuna? Hitzez hitz, ondoko hitzak erraten ausartu da: «Telefonoen geolokalizazioaz izutzen den jendeari, zera eskatu nahi nioke: Zer nahi dugu? Askatasun pixka bat galdu eta lana berreskuratu, ala gotortu balizko askatasun sinbologiari eta lanik gabe egon?». Irratia, telebista eta ordenagailua itzali ditut. Eta bekainen arteko galderazko ikurra handitu zait. Zeren galdera ez da nola aterako garen konfinamendutik; galdera da: Zertarako? Zer nahi dugu? Orduan jakingo dugu nola atera itxialditik. Erantzunen bidexka neure hizkuntzan aurkituko dudala susmatzen dut, neure herria, neure ametsak, neure utopiak hor gordetzen baitira. Apaletik atera dut liburu bat eta hauxe irakurri dut: «Maite genituen gauzengatik erori ginen preso, baina gure maitasuna oraindik ez dago preso». Zenbat zentzuzko erantzun aurki daitezkeen etxeko apaletan.]]>
<![CDATA[Altxa eta joan!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/026/001/2020-03-15/altxa_eta_joan.htm Sun, 15 Mar 2020 00:00:00 +0100 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/026/001/2020-03-15/altxa_eta_joan.htm
Berrikitan, antzoki handi batean, sektoreko sare batek jardunaldi batzuk antolatu ditu. «Trans-pirineo» sare horietariko sare bat da, Europako diru laguntzak biltzeko erabilgarria. Funtsean, mugaz bi aldeko kultura eragile batzuk biltzen dira jadanik egiten dituzten gauzak hobekiago diruztatzeko diru iturri berri bat lortzeko, Europa eraikitzea aitzakiatzat hartuta. Baina terrenoan arazoak sortzen dira beti, burbuilak bailiran. Antzokiko arduradunak ohartzen dira lekuko indioak ez direla etortzen hain interesgarriak eta irekiak diren ikuskizunak ikustera. Zer egin ohi da holakoetan? Debate bat, adituekin. Nihaur, indio bat izanik, interesatzen naiz eta banoa debatea entzutera; nihaurek neure komertzioa egiteko ere, aitortu behar dut. Arte komertzioa horrela antolatzen baita, ferietan, elkarguneetan... Biltzen gara, sasoiko produktuak ikusten ditugu, saltzaile eta erosleak elkar seduzitzen dira, eta garaiko erronkak partekatzen ditugu. Debate horretara noa beraz, eta neure pozarentzat, Ramon Llull Institutua eta Etxepare Institutua gonbidatuak dira, Jon Maia dantzariarekin eta Beñat Axiari abeslariarekin batera. Bai, pozten naiz, zeren parte hartzaile horiekin pentsatu dut indioen ekarpenen azterketa serio bat egin ahal izango dela, eta elkar trukearen arauak beste molde batean antolatzeko aukera emango dela; pentsatuko dela Europa, eta ez kolonia. Oker nengoen. Teknikoki debekatua izan zaigulako bide horretatik joatea.

Bi institutuak gonbidatuak izan dira, bai, baina ezin izan dute beraien hizkuntzan hitz egin. Ez zegoen itzulpen posiblerik euskaratik edo katalanetik. Zuriz mintzatu behar izan dira: frantsesez edo espainolez. Indioak onartuak dira debate publikoetan, baina zurien hizkuntzan. Ados, iskanbilarik ez egitearren eta sektorearen hobe beharrez, parte hartzaileek onartu dute debatearen araua.

Baina umiliazioa ez da horretan gelditu. Nor deitu dute animatzaile gisa? Etnologo bat... Hots, ez dute ekarri ekonomian aditu bat, ez dute ekarri zientzialari edo soziologo bat. Ez. Etnologo bat, debatea animatu dezan, eta zuriek ongi ulertu dezaten zein diren indioen arazoak. Argitua izan zaigu berriz ere zein izan behar den indioen erronka: modernitatea eta tradizioa zeharkatzea, lokala eta unibertsala uztartzea. Hots, ukatua zaigu, berriz ere, mundua kontatzea, eta eraman nahi gaituzte gureak ez diren arazoei aurre egitera.

Berriki irakurri dut Virginie Despentes idazle eta zinemagile feministaren tribuna, Libération egunkari frantses ospetsuan. Cesar sarietan Polanskiren filma goraipatua izan da, eta sumindura sortu da bere iragan bortxatzaileagatik (Donostian Woody Allenenagatik ez bezala). Virginie Despentesek zera dio, besteak beste: «Izan dadin legebiltzarrean edo kulturan, zuek, boteretsuek, errespetu osoa eta jarraia fermuki eskatzen diguzue. Izan dadin bortxaketentzat, zuen polizia gehiegikerientzat, zuen Cesar sarientzat edo zuen pentsio erreformarentzat. Eta, horren guztiaren gainetik, biktimen isiltasuna nahi zenukete [...]. Gure errespetua ez duzue ukango. Bagoaz. Segi zuen arteko alukeriak egiten. Goraipatu zaitezte, umiliatu zaitezte batzuk zein besteak, erail, bortxatu, esplotatu, suntsitu eskutik pasatzen zaizuen guztia. Altxatzen gara eta bagoaz. Etorkizuneko irudi bat da, jakin dezazuen. Ezberdintasuna ez da gizon eta emakumeen artekoa, dominatu eta dominatzaileen artekoa baizik, kontakizuna konfiskatu eta inposatu nahi dutenen artekoa [...]. Zuen mundua okaztagarria da. Zuen, indartsuenaren maitasuna hondamendi bat da. Ergel kaltegarri banda bat zarete. Ezdeusak zarete eta menperatzeko sortu duzuen mundua itogarria da. Altxatzen gara eta bagoaz».

Baina ni ez naiz Virginie Despentes, indio bat naiz. Momentuz, indioak ez gara gonbidatuak izango Cesar sarietara. Hitz hauek guztiak pentsatu arren, segituko dut bide bat jorratzen, gure herrian ukan ditzagun merezi ditugun baliabideak. Gure komunitateak bere espazio propioa ukan dezan. Orduan, eta orduan soilik, altxatzen ahalko naiz, eta joan.]]>
<![CDATA[Euria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2020-02-16/euria.htm Sun, 16 Feb 2020 00:00:00 +0100 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2020-02-16/euria.htm baskoy deitzeko ohitura hartu dute. Baskoy, euskal izaera despreziatzeko erran molde arrunt bat da Iparraldean, negro edo youpin (judu) beste leku edo garai batzuetan erraten zen bezala. Bere arazoa eta mina azaldu orduko, mutila negarrez hasi zen: «Zergatik da txarra edo mespretxagarria euskalduna izatea?». Eta alabak erantsi dit momentu horretan bere ikaskide guzti-guztiek adierazi zutela behin baino gehiagotan gertatu zitzaiela. «Niri ere gertatu zait, niri ere...», zurrumurru bat hedatu zen klasean. Denek memento batean edo bestean iraina pairatu dute: supermerkatuan, aisialdi denboran, autobusean... Duela urte pare bat Iparraldeko beste kolegio batean gertatutakoa oroitarazi dit. Matematika irakasle batek, oker zebilen ikasle bati zera erran zion: «T'es con ou t'es basque?» (Tontoa zara edo euskalduna?). Eta klasea barrez lehertu zen. Ona txistea, ez? Duen arazo bakarra hau da: txiste berdina basque hitza juif edo arabe hitzarekin trukatu izan balu, irakasleak bere lana galduko luke, isun polit batekin, seguru.

Euskal izaera gurasoen izaera da, ametsen izaera, pentsaera baten izaera, maitasunarena. Gure azalaren kolorea euskara da. Eta XXI. mendean, Euskal Herrian, oraindik oso normalizatua da norberaren jatorria iraintzea eta bazterkeria kulturala praktikatzea. Haurrek ez dute asmatzen, haurrei bazterkeria ez zaie naturalki heldu. Haurrek errepikatzen dute gizartean eta etxean ikusi eta entzuten dutena. «Maitasuna ez da ikasten, gorrotoa bai», zioen Nelson Mandelak.

Izaera sozialaren patua berdin-berdin bizi daitekeela pentsatzen dut. Urte hasieratik, 12 langile hil dira lanean, eta berriki bi desagertu dira. Ez da txikikeria bat. Imajinatu dut 12-14 pertsona hil balira koronabirusak eraginik. Nolako panikoa sortuko zen... Zenbat bat-bateko neurri? Zenbat salbuespeneko aurrekontu eta kontzientzia hartze kolektibo? Imajinatu dezaket zenbat sailburu, zenbat gorbata izango ziren familien alboan, beraien elkartasuna adierazten. Zergatik ez da gertatzen oraingoan? Zeren oraingoan populazioaren atal zehatz bat ukitzen du izurriteak: langileak. Beraien lanean 12-14 kazetari, irakasle, artista, nagusi edo politikari hil balira urte hasieratik, beraien lan baldintzak ez lirateke aldatuko errotik?

Hainbeste hil urte hasieratik ezin da kontsideratu zorte txarraren ondorioa denik. Ez da meteorologia arazo bat. Gizarte arazo larri bat da. Onartzea adin batetik gorako langileek lan arriskutsuak egin ditzaketela hautu bat da. Onartzea langileek beraien bizitza arriskuan jartzea beraien familiak mantentzeko, hori hautu politiko bat da. Hautu politiko diskriminatzaile kriminal bat.

Isilpean onartzen diren bazterkeriak onetsitako bazterkeriak dira. Izan diskriminazio kulturala, diskriminazio soziala edo genero diskriminazioa. Bazterkeria horiek historia bat dute, eta kontatu behar ditugu. Eta zabaldu. Zeren, maleruski, politikoki neurri epelak hartzen dira sarritan. Ez omen da inor zauritu nahi, ez omen da erraza, ez omen da sinplea. Ez da, ez. Baina, bitartean, gure haurrek bazterkeria jasaten dute egunez egun, gure senideak hiltzen dira lanean, eta emakumeen lekua gizartean bigarren mailako lekutik ateratzeko ezintasuna bermatua da. Hau dena kontatzen segituko dugu. Nire antzerkilari lana horrela ulertzen baitut: airean dagoena kontatu, irrien atzean gordetzen dena argitara ekarri, belaunaldiz belaunaldi zabaldu eta transmititu diren zauriak hitzez adierazi.

Zaldi Urdina antzezlana hau da, ez besterik. Nahitara zabaldua izan den sumindura kontatzen du, izan diren konplizitateak interpelatu, aho zinta urratu, lotsa urruntzeko asmoz. Malkoz izanda ere, besarkadak beharrezkoak dira. Lurralde honek jasan dituen minak arintzeko, hitzak eta espazio sinbolikoak beharrezkoak dira. Eraiki ditzagun denon artean, goitik ez baita euria baizik jautsiko.]]>
<![CDATA[Radio Maria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2020-01-19/radio_maria.htm Sun, 19 Jan 2020 00:00:00 +0100 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2020-01-19/radio_maria.htm
Larunbatean, milaka ginen kalean; eguzkiak argitan zioen bezala: bizirik gara. Motxila astuna da, batzuetan eramangaitza, baina xutik dihardugu. Eta asko da. Zubiak mukuru plazaraino, jendeek makila eskuan, lepoan hartu eta segi aurrera. Ezagunak eta ezezagunak, betikoak eta sekula ausartu ez zirenak, auzokoak eta hangoak. Komunitate bat bere seme-alabak eskatzen. Kooperazio erraldoi bat. Alta, astean zehar, Espainiako kongresuan entzun dira barbaridadeak, garai ilunenetan bezala. Radio Maria legebiltzarrean.

Zaldi Urdina ikustera etorri zen preso ohi batek konfiatu zidan oso harro zegoela. Donostian ikusi zuen antzezlana eta Iruñean berretsi zuen. Eta uros zegoen, pozaren ezinegonean. Obra gogorra da, bai, baina hainbeste euskaldun hurbiltzen ikustea, gaia gau argiz aipatzen, kaleak zeharkatzen beldurrik gabe, tabuak urratzen, zerbait da. Zonbiz beterik zegoen kalean bertan, euskal jendartea bizirik, eta existitzeko ausardia, horretan datza. Hemen eta orain. «Zenbat indartu garen...» zioen, ezin sinistuz. Garaiak ez dira errazak, muturreko galantak biltzen ditugu, baina Europa erdi-erdian, izokinek bezala, korrontearen kontra igeri egitea lortzen dugu. Izokinek bezala, ez dugu ahazten nondik gatozen, eta itsaso handitan ibiltzen bagara ere, sortu gaituen herria ez dugu ahazten.

Horren esplikatzen saiatu naiz antzoki handi bateko zuzendari bati. Ez da euskalduna, maite du gure herria, berriki hartu du bere funtzioa eta pozik. Giroa, festak, janari aparta, itsasoa, mendia... Bikain. Udazkenean Zaldi Urdina programatu zuen. Hitzordu bat hartu dut berekin, gure ondoko ikuskizuna aipatzeko. Ez du sustengatuko, ez baita sartzen bere programazioaren idazkera orokorrean. Ez zait gaizki iduritzen berez, baina eskatzen diot euskarazko zein ikuskizun ukango duen heldu den kurtsoan. Dantza zerbait, musika ekitaldi bat, baina antzerkirik ez. Zero. Ez zela heinean euskal antzerkia. Ez diot galdetzen nola jakiten ahal zuen, tutik ez duenean ulertzen hizkuntzari. Ez diot eskatzen ere zenbat ikuskizun ikusi dituen euskaraz, zeren badakit bi ez direla izango. Ondorioztatzen dut euskaldunok kantatzen edo dantzatzen duguno onargarriak garela, baina mintzatzean ez. Alai ditzagun bazterrak, bazkari edo afari onak sukalda ditzagun, bazterrak eder mantendu... Bazterkeria eta diskriminazioa dela erraiten diodanean, ez du ulertzen. Gaitzitzen da doi bat (zeren bera irekia da, kulturan jarduten baita). Lurralde oso bati ukatzen zaio berea den hizkuntza batean existitzea, oso sinbolikoa den leku batean, agora batean, demokrazia baten sinbolo batean. Atarian gelditzen gara. Erraiten dit ezetz, beti ongi etorriak garela, euskara entzuten dela korridoreetan. Bai, baina identifikatzera behartzen gaitu gurea ez den hizkuntza batean, pentsaera batean, eta emozioetan. Hau da, bere antzokia gure izaera masiboki suntsitzeko tresna eraginkor bat da. Ez da bakarrik ezin dugula mintzatu, ukatuak garela, baizik eta bere aretoa pentsaera baten sukurtsal bat dela, eta onartzen gaitu belauniko, ikus dezagun zelako heina duen bere kulturak, zelako handitasuna gure txikitasunaren parean.

Hari beretik, goizean, irratian, Euskal Herriko politikari bat entzun dut. Espainiako gobernu berriaren osaketa aipatzen zuen zeharka. Gure herriari dagokionez, beretzat erabakitzeko eskubidea marra gorri bat zela zioen. Zatiketa besterik ez zuela ekarriko. Funtsean, zer zioen hitzen artean? Euskal herritarrak ez garela gai erabakitzeko. Atzeratuegiak garela, edo ez osoki amaituak. Ziminoak. Sinpatikoak e, baina tontoak. Gure etorkizuna ezin dugu erabaki edozein espainol, frantses edo ingelesek bezala. Erabakitzen ahal dugu frantses edo espainol izaeratik, eta esparru horren baitan bakarrik. Berak erraiten duen bezala, Espainia anitz bat eraikitzeko. Ez Euskal Herri anitz bat, hau marra gorri bat delako. «Hau ameskeria irreal bat da», zioen beste batek. Espainia edo Frantzia anitz bat irekia baita eta bateratzailea. Euskal Herri anitz bat ez, hau itxia da eta ez da heinean. Ez dakit zertarako, baina berriz pentsatu dut anaiaren aitaginarrebari, eta Radio Maria irratiari. Esna nago, ez dut lo hartzeko asmorik.]]>
<![CDATA[Satorrak]]> https://www.berria.eus/albisteak/174836/satorrak.htm Sun, 08 Dec 2019 18:10:47 +0100 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/albisteak/174836/satorrak.htm <![CDATA[Satorrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2019-12-08/satorrak.htm Sun, 08 Dec 2019 00:00:00 +0100 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2019-12-08/satorrak.htm Zaldi Urdina?». Eta irriz hasi zen, ziria sartuz. «Ezetz, ba, ongi dela egurra ematea», erantsi zidan, lasaitu nahian. Baina arrazoi du; artistak, laborariak edo merkatariak bezala, ez gara sekula pozten: euria eskas edo gehiegi, eguzkia berdin...

Orduan, oraingoan poztea erabaki dut. Milaka pertsona hurbildu zaizkigu Zaldi Urdina ikustera, eta eskuetatik eskapatzen zaigu. Gu baino handiagoa den fenomeno txiki bat bihurtzen ari da. Jendea trumilka, tribuan, familian edo lagun taldean etortzen da gure ikustera. Eta antzezlana baliatzen du berea den historia bat aipatzeko. Taldean hitz egiteko, eta intimitatean bizi izan diren zauriak partekatzeko. Beren minez, bizipenez, beldurrez, galdutako senideez, mintzatzen da jendea. Antzezlanak komunitatea egiten du. Familien motxila, estigma, lotsa, erru sentimendua, eta euskal gizarteak jasan duen azken sarraskia, arrats bateko hitzorduan, doi bat arintzen da. Antzezlan hau ez da gehiago gurea. Komunitateak bere egin du.

Euskal Herrian milaka gazte erail dira, nahitara, molde antolatuan, heroina dela medio, Hiesa-eta tarteko. Belaunaldi pare bat desagertu dira herri batzuetan. Eta gazte horiek guziak, herriak, familiak, bakar-bakarrik sentitu dira min horrekin... Haien zama, mina eta hutsunea adierazteko, ez da lekurik, ez bada molde pribatuan. Sarraski hau ez da sartzen euskal gatazkaren kontakizunean. Gatazkarik ez omen da, izan ere, pentsa... Orduan, bai, zoriontzekoa da gure komunitatearen gaitasuna elkartzeko eta mintzatzeko ausardia ukaitea oraindik. Minak ez du isildu euskal komunitatea: antzezlan ostean, ikusi ditugu gurasoak haurrarekin aipatzen osaba edo izebaren eskasa, lehengusua, alaba, amona.... Memoria herrikoi bat elikatzen ahal da antzerkiz, eta euskaraz.

Arrakasta aipatzen segitzeko, Jaurlaritzak atera berri du inkesta bat, non agertzen den euskaldunek antzerkia «kontsumitzen» dutela gero eta gehiago. Hainbatek (%40k), euskal antzezlan bat ikusten dute urtean. Zenbaki ederra da, baina ez du kontatzen ezkutatzen dena: zenbat antzezlan ikus ditzaket euskaraz urtean, eta zenbat erdaraz? Iparraldean 300 bat frantses ikuskizun «kontsumitu» ditzaket urtean; eta euskaraz, zenbat? 30? 40, asko jota? Zenbat euskal antzerki talde bizi da bere ofizioaz? Zenbat ikuskizun estreinatzen da urtean hiru aktore baino gehiago dituena? Zenbat hamar aktore baino gehiagorekin (ez bada herri antzezlan bat)? Eta proportzioa handitzen da zinemaz hitz egiten hasten bagara. Hor basamortutik hurbiltzen gara. Gure historia kontatzeko ahalbide txikiak ditugu, oso txikiak komunitate bezala. Ez dakit nahitara edo nagikeriaz hartaratu garen. Edo ezjakintasunez. Edo pixka bat denetarik.

Kezka horren haritik doa euskal sorkuntza prekaritatean mantentzea. Ez baita kasualitate bat. Erabaki guneetan, bigarren mailako gaitzat kontsideratzen da gure artea, pintxo potea hornitzeko ekimena, noizean behin ama edo amona ateratzeko aitzakia, edo haurrak entretenitzeko modua. Baina gure historiaz jabetzeko? Gure etorkizunaz arduratzeko? Gure pentsaera propioa garatzeko tresneria izateko? Saretzeko? Ordu pare batez euskaraz askatasun osoz bizi, minutu bakar batean pentsatu gabe euskaraz ari garela. Hots, komunitate aske bat bezala bizi. Begi bistakoa da gotorlekua zein den, aski da ikustea Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin gertatu dena Iruñean. Gure intimitatea, transmisioa eta elkargunea bihotzean erasotzen da. Hor molde agerian erasoa egin bada, besteetan molde zuhurragoan egiten da, molde ekonomikoan, ezintasuna aitzakiatzat emanez. Gezur hutsa denean, zeren Euskal Herria ez da herri pobre bat. Aski da Baionatik Bilborako bidea zeharkatzea eta ikustea nolako enpresa puskek, eta etxe-gazteluk edo zelai berdek osatzen duten gure herria. Maleruski, urteroko aurrekontuen negoziazio korapilatsuetan kultura edo arte hitzak ez dira aipatu ere egiten...

Izaeraz satorrak gara, eta eskerrak. Gauez, guk soilik ezagutzen ditugun lurpeko hoditeria batzuei esker, antzokietan biltzen gara. Marra gorriak pasatzeko plazerra gure komunitatearen kirol kuttunenetariko bat da. Eta itsuak gara behartutako marra gorriei. Bizirik iraun dugulako, mintzatzen segitzen dugu eta mintzatuko gara. Kirola ez al da ona osasunerako? Izan gaitezen gizarte osasuntsu bat, eta josta gaitezen marra gorri, beltz edo zuri guziekin. Bil gaitezen, pozaren harira.]]>
<![CDATA[Intxaurrondo]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2019-11-10/intxaurrondo.htm Sun, 10 Nov 2019 00:00:00 +0100 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2019-11-10/intxaurrondo.htm aldi Urdina antzezlana berriki estreinatu dugu, gure lana eskainia izan da Luhuson, Angelun, Donostian, Azpeitian, Bilbon, Barakaldon... Plazaz plaza, lekuan-lekuan, ikusleek eskaini digute eserlekuak betetzea, ostatuan beraien istorioak kontatzea, barrukiak askatzea… aspaldian atera behar zena atera da. Honek osaba edo lehengusua galdu du gaindosiz, horren seme edo alabak droga arazoak dauzka, hark lagun artean familiako bizipenak partekatzen ditu.

Obra ez da gehiago gurea. Obra hau euskal komunitateak bereganatu du. Besarkadak, begi bustiak, hasperen handi bat, begiak urrunean galduak... Gure herriak ezagutu duen azken sarraskian, zenbat lagun, senide edo auzoko galdu ditugu? Drogek eta haren albo-ondorioek zenbat pertsona erail dituzte? Zenbat milaka? Zenbat belaunaldi desagertu dira herrietan? Non geratzen da min hau guztia?

Lana estreinatuta, artista edo antzerki taldeek egin ohi duten bezala, hasi naiz erakunde ezberdinekin biltzen. Eta euskal sortzaile bezala, are lan gehiago da, nola ez. Horretara dedikatu behar naiz, normala da. Diru publikoarekin lan egiten dudanez, gauzak aztertu, baloratu eta esplikatu behar ditut. Egon naiz hainbat erakunderekin ikusten zer egin daitekeen euskal sorkuntzaren esparruan, eta zer gurekin. Saiatzen naiz esplikatzen diskriminazio positibo politika hil ala biziko hautu bat dela. Norberak bere herria eta herri honetan dagoen jendartea maite duen heinean noski. Zertarako? Euskal sorkuntzak sufritzen duelako, eta urteetako gutxiespena jasan duelako. Kulturizidio antolatu eta zaharrenetariko bat Europan. Balio sinbolikoekin konpontzeak ez du balio. Minbizia ez da ibuprofenoarekin sendatzen. Baina hurbilen dagoen instituzioak, babestu behar gaituen erakundeak beste norabait begiratzen du. Biluzik gaude borroka horretan. Haize erroten aurka borrokatzeko gazta puska bat eskuan. Sinatzen dugun hitzarmena diru poltsa sinbolikoetan geratzen da. Berdin dio, ahul, baina zertxobait lortu da, eta esku bat sorbaldan, errukiz begiratu eta agurtu; segi pixkor, kuraia on. Hala errango zieten itsasoa zeharkatzen zuten marinelei, mundua zabala eta krudela baita.

Ondoko egunetan joan behar naiz frantses kultura ministeriora. Ez dut berri onik ekartzen, lekuko hautetsiek doi-doia babesten gaituztelako. Asko preziatzen dute gure lana, baina bihotzean ahalbideetan baino gehiago. Ministerioko arduradunak gure ikuskizuna ikusi du, frantses gain-idatziak zituen emanaldi solte batean. Preziatu du, baina eman dit aholku bat: eskaini behar genuke tarte bat antzezlanean azaltzeko zertarako euskaraz antzezten dugun obra hau, zer garrantzi duen hizkuntzak gure antzerki eginkizunean...

Imajinatu dut antzerkilari aleman ospetsu bat, bere obra gelditzen, eta esplikatzen zertarako alemanez ari den, eta zein inportantea den antzeztea Brecht alemanez. Ez luke zentzurik, oso argia delako. Edo publikoa barrez lehertuko zen. Euskaraz egiten dut mintzatzeko. Hau bezain sinplea da. Euskaraz, Intxaurrondo ez baita zuhaitz bat soilik. Ez. Mamu bat da. Tortura eta heroina zabaldu zuen mamu bat. Halloweeneko mamu guztiak baino beldurgarriagoa. Baina nola azaldu hori euskara ez den hizkuntza batean? Nola azaldu ehunka gorputz txikituak, milaka familia suntsituak, hitz bakar batekin? Euskarak, minaren intxaurrak bihotzean ditu, erroturik.

Egon naiz Bordeleko Antzoki Dramatiko Nazionalean, eta han ere interesa piztu da. Ez dakit antropologiagatik, edo estralurtar batentzat hartu nautelako, baina interesa bazen. Kasik interes zientifiko bat. Haren galdera, ohikoagoa izan da: baina, euskaraz arituz soilik, ez zara beldur hesteaz? Hestea zergatik? Nire hizkuntzan nire komunitateari hitz egiten diodalako? Gureak diren historiak kontatzen ditudalako? Eskolako inongo liburutan agertzen ez den sarraskia kontatzen dudalako? Zer da irekia? Frantsesez hitz egitea antzokiko jaunttoei mintzatzeko?

Antzoki horretako zuzendari artistikoa taula zuzendaria da, eta orduan interesatu naiz ni ere bere obrari. Zer plazaratzen zuen, ea uler dezakedan zer den irekia izatea. Zuzendari horrek amerikar antzezlan bat estreinatuko du urtarrilean, Trumpen iruzurkeria azaleratzeko. Antzezlana Alemanian kokatzen da, Bigarren Gerla Mundiala baino lehen. Pertsonaiek ez dute sinesten Hitlerrek boterea hartuko duenik; hori da abiapuntua. Hots, zerbait oso urruna Bordeletik, nire itxieratik ulertzen dudanez. Orduan, Bordelen ez dute beste arazorik? Benetan?

Uste dut errealegiak garela, haientzat ez gara existitzen, eta hobe horrela. Ipar afrikarrak bezala. Baina tamalgarriena, ipar afrikarrek bezala, guhaurrek balio horiek eramatea da, kolonizatu pentsaera transmitituz, belaunaldiz belaunaldi.

Gure obrak askotan epeltzen ditugu parekoa izutzeko beldurrez. Gure artea azken zokoan mantenduz politika publikoetan, pentsatuz bidegintzak edo teknologia berriek gure arteak baino garrantzi handiagoa dutela. Baina gure artea, gure memoria balitz, gure komunitatearen ura, lehorteari usatu gara. Gureak merezi du, gure historiak, gure lagunek, gure familiek, gure auzokoek eta lehengusuek merezi dute existitzea. Izen-abizenekin. Goazen plazatik plazara, gurea den lekua hartzera, eta ospatu dezagun bizirik irauteko dugun gaitasuna eta poza.

Bizirik gara, elkartzen gara, eta gure urak intxaurrondoen itzala lorez estaliko du. ]]>
<![CDATA[Aitzen ama]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2019-10-13/aitzen_ama.htm Sun, 13 Oct 2019 00:00:00 +0200 Ximun Fuchs https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2019-10-13/aitzen_ama.htm
Hamabost egun ez ziren pasatu eta G7a kari, Ezpeletan, «Dama» famatu taldearen aurrean, aurreskua dantzatu zen. Ezpeletako piperra, Agur Jauna, gasna, urdaiazpikoa, eta aurreskua. Sabeleko mina. Ez dut auzitan ezartzen norberak prostituziorako duen beharra edo hautua. Hau norberak erabakitzen du. Bere gorputzarekin edo bere intimitatearekin bakoitzak egiten duenak niri bost. Baina hau ez da norbanakoarena. Dantza edo abesti hau euskal komunitatearena da. Egun horretan, nire lagunaren amaren gorputza zangopilatua izan zen.

Gure artea, gure komunitatearen existentzia beraren bermea da. Antzezlan bat gure hizkuntzan ikusten dugunean, edo film bat, Euskal Herri txiki bat gara. Askeak eta batuak. Gure komunitatea irriz ari da, edo negarrez, harritzen da, bizi da. Gure irudimena aberasten dugu. Komunitatea osatzen eta ureztatzen dugu. Hau ez badugu babesten, hau ez badugu ureztatzen, gure gizatasuna bera galtzen dugu, eta kontsumitzaile hutsak bilakatzen gara. Jan, edan, eta kaka egiteko artalde bat.

Euskal lurraldeetan, hauteskundeen sasoia dator berriz ere. Iparraldeko herriak, euskal autonomia, Espainiako estatuan diren erabaki guneetako hautagaiak jokoan dira. Programak bidean dira. Baina aurrekoetan bezala, kultura agertzen bada zeharka, kontzeptu hutsetan eta kontsumokoetan azalduko da, apaizeriaz josita: ongi izatea, elkarbizitza, aisialdia...

Gure artea ez da egina «ongi» pasatzeko. Ez da astebururako plan bat. Gure artea bizirauteko giltza da. Euskal jendartea ez da euskaraz mintzatuko behartua delako. Euskal jendartea euskaraz mintzatuko da euskaraz haserretu, maitemindu, kezkatu, poztu edo mundua pentsatzeko aukera baldin badu. Eta hau ez da behartzen, hau eskaintzen da. Arteak modeloak eskaintzen ditu apasionatzeko eta pentsatzeko. Estatu Batuek ongi ulertua dute soft power delakoa, eta aspaldian zinemako ekoizle indartsuena Estatu Batuetako armada da. Artearekiko maitasunagatik hartzen den erabakia da hau, edo eragiteko interesagatik? Zertarako gure herrian ezin dugu eskaini euskal komunitateak merezi duen artea eta kultura? Politika programak eraikitzen dituzten adituentzat agian ez gara aski duinak, eta, horren ondorioz, funtsezko eskubide hau debekatua izatea arazo bat ez dela uste dute? Noiz eta zertarako utzi zen gotorleku hau bazterrean? Edo zer, utzikeria da nagusi? Inkultura? Zeren funtsean, abertzalea izatea hau da: herria maitatzea eta ureztatzea. Zerk definitzen gaitu ez bada gure hizkuntzak, eta ondorioz gure arteak? Biluzik gara, bakar-bakarrik borrokatzen gara, eta eragile sozio politikoek beste norabait begiratzen dute. Eta euskaldunek ez dute euskaraz mintzatzeko eta bizitzeko aukera seriosik.

Euskal Herria existitzen ez denez, ez du historiarik. Kontakizunaren borroka hasi da, nahiz eta ez den benetan borrokarik. Gure lurraldeak ez dio eskaini kontakizun kontrastatuaren aukera bere biztanleriari. Serieak ateratzen dira Estatu Batuetako diruarekin, edo espainiar estatuak sustengaturik, eta, ondorioz, haiek erraiten digute zer pentsatu eta sentitu behar dugun. Guk film bat ateratzen dugu urtean, eta honi loraldia deitzera ausartzen dira batzuk. Barkamen eske gabiltza, ikusezin, itsu eta elkor gure herriari. Artistek berek onartzen duten egoera tamalgarri bat. Gaiak atera behar dira, eta urradura eragin, gizartean berriz josi ahal izateko. Familiek bizi izan dituzten traumak gizarteratu, elkarrekin, euskal komunitate gisa bakoitzak merezi duen babesa eskaini ahal izateko. Hautua hau da: ama agurtu, edo geratzen zaigun ondasun bakarra saldu.]]>