<![CDATA[Yasmine Khris | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 26 Nov 2022 20:54:31 +0100 hourly 1 <![CDATA[Yasmine Khris | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Erronka handia izanik ere, uste dut proiektu ederrena dela Nafarroa Oinez»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1935/008/001/2022-10-16/erronka_handia_izanik_ere_uste_dut_proiektu_ederrena_dela_nafarroa_oinez.htm Sun, 16 Oct 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1935/008/001/2022-10-16/erronka_handia_izanik_ere_uste_dut_proiektu_ederrena_dela_nafarroa_oinez.htm
Ailegatu da Nafarroa Oinez eguna; zer sentipen duzu?

Orain arte nahiko lasai ibili gara, baina azken egun hauek urduritasunez bizi ditugu. Nabaritu da eguna heltzear zegoela, muntaketak hasi zirela eta. Dena dela, ilusioz eta indarrez beteta gatoz.

Tafallako Garces de los Fayos ikastola izanen da erdigunean bertze behin. Ikastola noiz jaio zen?

Aurten, 52 urte bete ditugu; izan ere, pandemiagatik 50. urteurrena ez genuen ospatu, baina ekainean ospatu genuen. 1970eko hamarkadan sortu zen ikastola, zazpi familiaren eskutik, eta gutxika-gutxika indartuz joan da; gaur egun, 250 familiak osatzen dugu ikastolaren komunitatea. Mila ikasle inguru pasatu dira urte hauetan: gure komunitatea oso plurala eta oso aberatsa da. Badakigu bidea luzea dela, oraindik asko geratzen dela egiteko, baina egindako lan guztiagatik ere badugu zer ospatua.

Laugarrenez hartuko du Tafalla Nafarroa Oinez-ek. Nola hartu duzue berria?

Erronka berri bat bezala. Egia da Nafarroa Oinez-en aurreko aldiak beste modu batez bizi izan genituela orain ikastola osatzen dugunok. Haurrak izan gara, gero gazteak, eta orain langile ikuspuntutik biziko dugu, ziurrenik beste alderdi batetik, alegia. Bagenekien pandemia ostean zerbait oso berezia eta handia izanen zela, eta, jakitean, sentsazioa oso polita izan zen. Garai ilunak sufritu ondoren, berriz bueltatuko gara, eta ospakizuna zoragarria izanen da.

Nafarroako erdialdean kokatzen da ikastola: horrek geografikoki zer erran nahi du?

Tafallako eta inguruko hamalau herriz osatuta dago ikastola [Amatriain, Amunarrizketa, Artaxoa, Artariain, Barasoain, Beire, Garinoain, Iratxeta, Larraga, Miranda, Erriberri, Puiu, San Martin Unx eta Tafalla]. Urte hauetan, herri horiek aldatu dira. Badakigu ikastola ez dagoela nahiko genukeen eremu euskaldun batean; zaila da ikastolarekin bakarrik euskara kalean entzutea, baina argi dugu geroz eta euskaldun gehiago garela. Nire ustez, belaunaldi hori eskaintzen ari den indarra eta gogoa azpimarratu beharko genituzke. Ikastolak zerikusi handia du hemen euskarak duen indarrarekin.

Erdian erein duzue leloa aurten. Zer mezu helarazi nahi duzue lelo horrekin?

Bi hitz dira, baina hamaika mezu ditu barnean. Tafalla Nafarroako erdialdean dago kokatuta, aurten ikastolaren mende erdia ospatzen ari gara, eta erein hasieratik egin izan dugu. Euskalduna ez den eremu batean haziak ereiten aritu gara, uzta polit bat jasotzeko. Hasierako uzta hori gaur egun kalean dugu jada, baina jarraitu behar dugu ereiten, euskara lantzen, euskal kultura sustatzen. Hori guztia laburbiltzen saiatu gara lelo horrekin.

Zertarako erabiliko dituzue aurtengo irabaziak?

Hiru helburu nagusi ditugu. Alde batetik, jarraitu nahi dugu euskara eta euskal kultura sustatzen, Tafallan nahiz inguruan. Bestaldetik, egia da gizartea aldatuz joan dela, gure proiektu pedagogikoak aldatuz joan direla, eta, bitartean, ditugun espazioak aldatu beharra sumatu dugu. Jadanik ez ditugu behar lehen zeuden gela arruntak, baina behar ditugu espazio berriak: haurren artean eztabaidak sortzeko, zaharren artean proiektuak egiteko... Horretarako egokitu behar ditugu espazio horiek. Haurrak ardatz izanik, haien beharrak aztertuta, horretarako bideratuko genuke Nafarroa Oinez-en lortzen duguna. Azkenik, ez dugu ahaztu behar 2011n egin genuen Nafarroa Oinez jaiarekin eraikin berri bat sortzea lortu genuela: DBHko eraikina, hain zuzen. Baina horrek zorrak ekarri dizkigu, eta zor horiei aurre egin behar diegu.

Urtero bezala, boluntarioen lana beharrezkoa izan da, ezta?

Haiek gabe, ezinezkoa da Nafarroa Oinez sortzea. Urte eta erdi daramagu lanean, eta boluntario asko eta asko aurkeztu dira Nafarroa Oinez-en parte hartzeko eta hura aurrera eramateko. Eskatu dugunean, beti laguntzeko prest egon dira, eta benetan eskertu nahi nieke, bihotzez.

1986an lehenbiziko Nafarroa Oinez ospatu zen Tafallan. Geroztik, ikastolan eta gizartean aldaketa handiak gertatu dira. Nola oroitzen dituzu aurreko Nafarroa Oinez jaiak?

Nik bizi izan ditut haur, gazte eta zuzendari gisa! Beti pentsatu dut Nafarroa Oinez disfrutatzeko egun bat zela. Euskara zabaltzeko egun bat, euskal eta euskaltzale topagune bat, eta disfrutatze hori ez da aldatzen. Izan ere, hemen denok irrikan gaude ongi pasatzeko, baina helburuak eta eginbeharrak aldatzen dira, eta jaia horren arabera bizitzen duzu. Nik badakit lan eginen dudala, baina baita izugarri disfrutatuko dudala ere.

Zer esan nahi du hainbertze pertsona euskalduntzeak, Nafarroak duen errealitate linguistikoan?

Ohore bat da. Azkenean, euskara eta euskal kultura sustatu beharra dago, eta ez bakarrik alor akademikoan. Erronka handia da guretzat, baina lortu behar dugu aisialdian ere erabiltzea, eta egunerokotasunean haur horiek euskaldun gisa ikustea. Erronka handia izanik ere, uste dut proiektu ederrena hori dela.

Egitarauko zer jarduera nabarmenduko zenuke?

Asko daude! Hainbeste eta hainbeste dira, eta baita gurekin parte hartu nahi izan duten erakundeak ere. Horretarako, bi egunetarako ekitaldiak sortu ditugu. Egun nagusia igandea [gaurkoa] izanen da, baina larunbatean [atzo] hainbat ekintza eta ekitaldi egonen dira Tafallan. Alde horretatik, uste dut lortu dugula adin guztientzako ekintzak sortzea: batez ere haurrentzako ekintzen aldeko apustua egin dugu, tailer ezberdinak sortzen, hainbat jolas pedagogiko egokitzen... Gazteek gustuko dituzten taldeak ikusteko aukera izanen dute, eta familiek ere ongi pasatzeko aukera izanen dute.]]>
<![CDATA[ARTE KONSTELAZIO BAT IRUÑEARI OPARI]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2030/032/001/2022-10-02/arte_konstelazio_bat_iruntildeeari_opari.htm Sun, 02 Oct 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/2030/032/001/2022-10-02/arte_konstelazio_bat_iruntildeeari_opari.htm
Ikusi gehiago: «72ko topaketen oroitzapena ez da anekdotikoa, baina ia»

Frankismopeko Iruñean jaio ziren topaketak, eta Huarte familiak hartu zuen bere gain finantzaketa. Antolakuntza, ordea, Luis de Pablo konpositorearen eta Jose Luis Alexanco artistaren esku egon zen, eta 300 sortzaile baino gehiago gonbidatu zituzten. Konstelazio artistiko bat, ekainaren 26tik uztailaren 3ra bitartean.

«Erabaki azertatu batzuek bermatu zuten topaketen arrakasta», Morrasen esanetan. Hiru zerrendatu ditu bata bestearen atzetik: datak, artista gonbidatuen askatasuna eta finantzaketa. «Sanferminak baino astebete lehenago ospatu ziren. Imajina dezakezu zer jai giro zegoen hirian». Artisten ugaritasuna ere azpimarratu du: «De Pablo eta Alexanco artistak ziren, garai harekin konektatua zegoen jendea. Topaketak ez zituzten diseinatu komisario, zuzendari edo akademikoen ikuspuntutik».

Hasiera batean, Nafarroako Foru Aldundiak, Iruñeko Udalak eta Huarte familiak babestu behar zituzten topaketak, baina, berehala, Amadeo Marco buru zuen diputazioa atera egin zen proiektutik. Orduan hartu zuen Huarte familiak gastu guztien ardura; denera, 12 milioi bat pezeta [72.000 euro inguru]. Sanferminen aurrekontua halako hiru, hain zuzen ere. «Hiriari oparia egiteko asmotan zebiltzan, eta lortu zuten».

Dena den, hiria prest ote zegoen neurri horretako egitasmo bat hartzeko? Zalantza egin du Morrasek: «John Cage musikagile estatubatuarrak, esaterako, ez zuen harrera oso ona izan, baina zinez interesgarria izan zen nahastea, hala ere. Cageren lan esperimentala Indiako doinu tradizionalekin eta txalapartarekin elkartu zen Iruñean». Horregatik ere, aurrez hirian ikusi gabekotzat jo du ordukoa, eta, konparazioak bilatzera, Kasselgo Dokumenta erakusketarekin (Alemania) konparatu du -arte garaikideko ekitaldirik garrantzitsuena da gaur oraindik-. «Hiri txiki bat oxigenatzeko xedea zuten biek».

Morrasek etxean du oraindik 1972ko topaketen jatorrizko katalogoa. «Azkena da, bertze guziak oparitu nituen». Denboraren igaroa igartzen da orrietan, eta pasatu ahala datozkio burura oroitzapenak. «Inaugurazioa pilota partida batekin egin zuten, Labrit frontoian. Hau originaltasuna arte festibal baterako!». Soinuak, mugimenduak, gorputzak memorian ditu oraindik. «Ballet bat zirudien!». Flashback eran zerrendatu ditu: Steve Reichen emankizuna, Anaitasuna kiroldegian -«ederra zen, tunika grekoekin dantzatzen ziren», eta eskuekin antzeratu ditu keinuak-, Arakawaren zinema alternatiboa, Equipo Cronicaren happening-ak Euskal Jai frontoian, Luc Ferrari eta Jean Serge Bretonen proiekzioak Ziudadelan.

Hala ere, hasieran marraztutako zeru urdinera hodei ilunik ere ekarri du Morrasek. «Euskal arteari emandako espazioa oso eskasa zen; ziurrenik hori izan zen txarrena». Dioenez, Nafarroako Museora «baztertu» zituzten Euskal Herriko artistak, hiriburuaren muturrera. Penatzen du, halaber, nafar artisten gabeziak.

Morrasek berak obra plastiko handi bat aurkeztu nahi izan zuen, metalezkoa, gurutziltzaketa bat irudikatuko zuena. «Kristo bat, mozal batekin, bi poliziak inguratuta». Zentsura eta autozentsura zirela eta, ordea, atzera egiteko gomendatu zioten, eta hala egin zuen azkenean. Beste askok ere hala egin zuten.

Anekdota «katalogoarekin» segituta, Eduardo Txillidaren bat etorri zaio akordura: «Ramon Carrera eskultorearen obra museoko patioaren erdian aurkitu zuenean, buelta egin zuen, berehala, hitzik erran gabe». Santiago Amoni eskatu zioten euskal artearen erakusketa atontzea, eta eztabaida bat baino gehiago piztu zituen emaitzak. Jorge Oteizak zein Txillidak, erraterako, uko egin zioten erakusketan parte hartzeari. Tentsio handiko uneak oroitzen ditu Morrasek. «Dena hemengo prismatik egin behar zen, ez Madrildik. Akaso ez ziren Iruñeko Topaketak?».

Etorkizuna zalantzan

Oraindik diktadurapean, egoera politikoak bizitza soziokulturala gogor baldintzatzen zuela ere ekarri du gogora Morrasek. «ETAk bi bonba jarri zituen; zentsura latza zegoen; euskal artea mespretxatua». Hurrengo urteetan segitzeko modurik ikusi zen? «Bai eta ez», Morrasek. ETAk Huarte familiako kide bat bahitu ondoren, jarraipenik ez zela aurreikusi azaldu du, baina uste du egoera bestelakoa izan zitekeela bertze norbaitek ardura hartuz gero. «Kasu horretan, Dokumenta baino are interesgarriagoa izan zitekeen». Aukera galdu bat, haren hitzetan.

Damu bakarra du orain: topaketen dokumentazio urria. «Ez dago apenas argazki edo bideorik. Memorian geratu da». Arrasto alaia, edonola ere. «50 urteren ondoren, berpizkunde bat falta zaigu, berriz elkar topatzeko».]]>
<![CDATA[Heriotzaz galdezka agertokian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1871/032/001/2022-09-21/heriotzaz_galdezka_agertokian.htm Wed, 21 Sep 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1871/032/001/2022-09-21/heriotzaz_galdezka_agertokian.htm Balbea. Erantzunik apenas duten eta bata bestearen atzetik kateatuko dituen galderez osatutako bakarrizketa saioa. Igandean estreinatuko du antzezlana jendaurrean, Gasteizko Baratza aretoan, 19:00etan.

Hizketaldi bat da obraren abiapuntua, semearekin izandako elkarrizketa «intimo» bat, Ziarrustak aitortu duenez. «Ideia duela lau urte hozitu zen, nire semearekin hitz egiten hasi nintzenean. Orduan ohartu nintzen ailegatzen garela garai batera non konforme gauden bizitzarekin eta heriotza geroz eta presenteago dagoen». Aitortu du denboraren joanak halabeharrez bultzatu zuela ingurukoekin gaiaz hausnartzera. «50 urte bete ondoren, ikusi dugu hurbileko jendea joaten, hiltzen. Gehienetan, istripuak edo gaixotasunak dira. Eta pentsamendu irrazionalek lekua hartzen dute halakoetan: haserrea, injustizia». Bada, ideia zurrunbilo horrek eraman zuen sortzera eta galderak egitera.

Agertokiaren gainean, galderak ez ditu berak egingo, hala ere, fikziozko pertsonaia baten rola antzeztuko baitu: Gregorio. Gurpil aulki batekin mugitzen den gizon bat da, buru eta gorputz ahalmenak galtzen ari dena. «Protagonista zoratzen hasiko da, errealitatearen eta delirioaren artean. Ulertzen ez dituen gauzak azaltzen saiatuko da».

Bakarrizketa izan arren, oholtzan ez da bakarrik arituko Ziarrusta; txotxongiloak izango ditu lagun: 2 urteko haur bat, kuadrilla bat eta heriotzaren irudi bat. Argizarizko panpinek delirioa irudikatuko dute, gizonaren baitan bizi diren munstroen gisan. «Nire ustez, Euskal Herrian txotxongiloak umeen antzerkiarekin lotzen ditugu, baina, Balbea obraren bidez, helduengana eraman nahi ditut». Kasu, txotxongilo ikuskizun soil bat ikusi nahi duena desengainaturik gera daitekeela ere ohartarazi du: «Ez dira ardatza izanen, baina hiru pertsonaiak aterako dira protagonistaren momentu irrealetan». Txotxongiloak Valentina Raposok sortu ditu, Zornotzako (Bizkaia) Anita Maravillas konpainiaren tailerrean.

Atx Teatroa konpainia txikia da, Ziarrustak azpimarratu duenez. Naia Muñoz Muruak eta biek osatzen dute. Konpainiaren laugarrena lana da Balbea, eta, oraingoan ere, dena modu autogestionatuan egin dute: apaingarriak, teknika, idazketa... Haiek arduratu dira guztiaz. «Ez gara kabitzen antzoki konbentzionalaren zirkuituan. Antzerki hurbila egiten dugu, normalean egiten ez dena».

Nork bere motxilarekin

«Nire gogoari eta egiteko grinari idatzi diot. Barruan ditudan geldiezintasun horiek atera nahi nituen, nolabait», azaldu du Ziarrustak. Izan ere, heriotzaz hitz egitea aski zaila da oraindik, haren hitzetan; egun ere «gai tabua» dela sinisten du, heriotza hurbil izan arte bederen. «Orduan, ezintasuna eta trauma sortzen dira gure inguruan». Pedagogia falta sumatzen du, hain zuzen. Behar horrek eraman du heriotza ikusleen aitzinean irudikatzera, bere konplexutasun guztiekin bada ere. «Ikusle bakoitzak bere motxilaren arabera ikusiko du antzezlana. Gustatzen zait imajinatzea heriotzarekin harremanik ez duen jende gaztea izanen dela, eta ondoan alzheimerra duen norbait, edo suizidatu zen norbaiten laguna...».

Suizidioa, eutanasia eta zahartzaroa ere azalduko dira obran, baina Ziarrustak esan du piezaren edukia molda daitekeela, ikuspuntuaren arabera. «Ez dut aurkitu modurik obran diren galderei erantzuteko. Akaso, norbaitek izango du erantzuna. Lehen emanaldiarekin ikusiko da, eta, horren arabera, puzzlea osatuko dugu».

Igandean estreinatuko dute obra, Zurrunbilo Jaialdiaren barruan. Baina, estreinaldiaren ondotik, bertze hiru emanaldi ere eginen dituzte: azaroaren 10ean, Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamoa zentroan izanen dira; eta abenduaren 8an eta 9an, berriz, Donostiako Viktoria Eugenia Antzokian.]]>
<![CDATA[Bizipen aletegia eraikiz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/041/001/2022-09-20/bizipen_aletegia_eraikiz.htm Tue, 20 Sep 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1872/041/001/2022-09-20/bizipen_aletegia_eraikiz.htm Lumbung hitza Googlen tekleatuz gero, arroz aletegien argazkiak azalduko dira pantailan. Hitzaren erranahaia hori baita indonesieraz, hain zuzen. Lumbung, bertzetik, Consonnik eta bertze zazpi argitaletxek kaleraturiko liburuaren titulua ere bada. Liburu kolektiboa, orotara zortzi argitaletxe, sei hizkuntza eta zazpi egileren lanak batzen dituelako; eta kolektiboa, auzolana dutelako testu guztiek ardatz. Bere edizio propioa atera du argitaletxeetako bakoitzak, eta Harriet C. Brown fikziozko editorearen hitzaurrea ere badakarte.

Bere hizkuntzan idatzi du bere testua idazle bakoitzak. Uxue Alberdirena da euskarazkoa, eta harekin batera, sei idazleok ere badaude liburuan: Azhari Aiyub (Indonesia), Cristina Judar (Brasil), Nesrine Khoury (Siria), Yasnaya Elena Aguilar Gil (Mexiko), Panashe Chigumadzi (Nigeria) eta Mithu Sanyal (Alemania).

Bilduma baten antza du liburuak: batek ipuin bat idatzi du, bertzeak testu esperimental bat. Fikzioa nagusitzen da, baina errealitatearen eta ametsen arteko mugak gurutzatzen dituzte istorio batzuek. Sistema kapitalistari aurre egiteko lankidetzan hasten diren xamanen eta tigreen istorioa, edo nerabeen arteko harremanak eta gorabeherak azaltzen dituztenak. Identitateak eraikitzen dituzten dantzak, musika, errituak eta adiskidetasuna. Landa eremuko esperientziak, arrazismoaren eta belaunaldien arteko bereizkeriaren eta ahalduntzearen aldeko aldarrikapenak.

Iduriz, pot-pourri bat da, baina gaiaren hariari jarraikiz sortutakoak dira testu guztiak. Auzolanari buruzkoak, alegia.

«Ez da bakarrik objektu bat; praktika bera ere bada, auzolanean egina baita», azaldu du Maria Mur Consonni argitaletxeko zuzendaritzako kideak.

Bidaia moduko bat izan da liburua sortzeko prozesua ere. Hasieran, Alemaniako Documenta erakusketaren beka baten bidez abiatu zen ideia, Consonniren bulegoetara heldu arte. «Gurekin harremanetan jarri ziren. Ideia zen auzolana irudikatzen duten beste hitz batzuk lantzea, beste hizkuntza eta kulturetan, antropologia lana izango balitz bezala». Lumbung Indonesian, auzolana Euskal Herrian, mutirão Brasilen, fa'zaa herrialde arabiarretan, tequio Mexikon, ubuntu Hegoafrikan eta Allmende Alemanian. Eta behin baliokideak aurkituta, orduan jo zuten lurralde bateko eta bertzeko argitaletxe independenteen bila.

Documentaren bultzada

Euskal Herrian, Txalapartaren erantzuna jaso zuten, bilduman parte hartzeko gogoz. «Aletegiaren zentzu etimologikoari segitu genion: komunean jartzeko haziak edo aleak, eta gero denen artean banatzeko. Eta auzolanaren ideiaz gain, hegemonikoak ez ziren hizkuntza eta kulturak ikusarazi nahi genituen», azaldu du Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko kideak.

Euskarak naturaltasun osoz hartu du bere lekua liburuan, haren hitzetan. «Euskal Herrian, auzolanaren tradizio handia dugu». Eta tradizioa plazaratu du zehazki Uxue Alberdi idazleak, Ikaroren azpian ipuinean. Gazte batzuen errealitatea kontatzen du: nola dauden nerabezaroan murgilduta, eta nola auzolanak nortasuna eraikitzeko balio dien.

Arrula: «Nik neuk oso hurbil sentitu dut, baina geografiak eta adinak justifikatzen dute hori, nolabait. Beste idazleek izanen dute hurbiltasun hori beste kontinenteetako irakurleekin ziurrenik». Auzolana bizitzeko modu diferenteak direla adierazi du.

Bertze neurri batean, liburuak arreta jartzen dio itzulpen lanari. Amaia Apalauza, Iraitz Urkulo, Eskarne Mujika, Arantzazu Royo eta Naroa Zubillaga dira euskarazko bertsioen egileak. Murren arabera, balio berezi bat ematen dio produktuari itzulpen prozesuak: «Liburu berdina da argitaletxe guztiena berez, baina denak dira originalak eta itzulpenak aldi berean. Idazle bakoitzak bere hizkuntzan idatzi du; orduan, bat originala da, eta beste seiak itzuli egin behar izan dira».

Esperientzia «aberasgarria» izan dela dio, baina onartu du neke zitzaiela prozesu osoa lotzea. «Baliabide asko jartzea erabaki genuen, eta konfiantzazko itzultzaileak amankomunean elkartzea». Gazteleratik portugesera. Alemanetik arabierara. Baina bi urrats egin behar izan dituzte batzuetan. «Zuzeneko itzulpenak egiten saiatu gara, baina batzuetan ezinezkoa izan da». Indonesieratik ingelesera, eta ingelesetik euskarara, errate baterako.

Utopia esku artean

Imajinario kolektiboari egindako gorazarrea da Lumbung. Mur: «Oso onuragarria da irudikatzea mundu antolatu eta politiko bat gertutasunetik, baina baita beste helmugetatik ere. Europatik kanpoko erreferentziak ezagutu ditugu, adibidez».

Arrulak ere baietz. «Auzolanak itxura ezberdinak hartzen ditu, bakoitzaren kontzepzioaren arabera, norbere gorputz eta esperientziekin», ñabardura gehitu du Arrulak. «Ez da hainbeste zer den auzolana, baizik eta auzolana abiapuntua izanda bakoitzak hortik eman duen ekarpena fikziora eramanda». Mundu bat utopiarantz? Ez da hain seguru. «Auzolana bultzatuko duen gizarte bat irudikatu eta eraiki nahi genuke etorkizunean».

Edizioaren eta banaketa sistema klasikotik kanpo dabil liburua. Mur: «Merkatuak kapitalismoaren logikari jarraitu ohi dio: publikatu, eta arrakasta izanez gero, itzuli. Guk apurtu egin nahi genuen zirkulu hori, eta hasieratik egin ditugu itzulpenak».]]>
<![CDATA[Zentzumenak pizteko azoka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/048/001/2022-09-18/zentzumenak_pizteko_azoka.htm Sun, 18 Sep 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1956/048/001/2022-09-18/zentzumenak_pizteko_azoka.htm
Lehenbiziko buelta eman, eta produktu sorta aski zabala aurkitu du bisitariak: 2.500 elikagai ekologiko baino gehiago dituzte salmentan, eta ia-ia denak Nafarroakoak. Tafallako arrautzak, Arbeitzako eztia eta Deikazteluko olioa. Orotara 33 erakusmahai, tokiko ekoizpena bultzatzeko. Nafarroatik kanpo ere gonbidatu dituzte ekoizleak: Ximok, errate baterako, Mareny De Vilxesen (Herrialde Katalanak) ekoizten ditu laranja ekologikoak: «Hona etortzeak adierazten du merkatu jasangarri baten alde nagoela». Per l'horta mugimenduan aritzen da hura, eta aitortu du ekoizpena jaitsi egin dela azkenaldian, klima aldaketa dela eta.

Iritzi antzekoa du Garaik, Iturgoiengoak (Nafarroa). Gasna saltzen du urtero azoka ekologikoan. Axuribeltz gasna familia kontua da, eta aspalditik ari dira nekazaritzan: «Udan, batez ere, sumatu dugu aldaketa bat, klimak eragin baitzituen asko ahuntzen portaera eta habitata».

Sentsibilizazioa xede

Guraso bat: «Kasu! Kaka zapaldu duzu!», haurrari. Bidean, hain zuzen, animalien gorotzak dira. Hondar ekologikoak. Izan ere, azokaz gain, Zentzumenen parkeak bertze gune eta ekinbide batzuk eskaini ditu: gastronomia gunea, haurrendako txoko pedagogikoa eta abeltzaintza erakusketa. Xuberoa baserri eskolako animaliak umeekin jolasten agertzen dira: astoak, antzarak eta zaldiak.

Urrunago, itzalpean, hogei bat entzule adi, mahai ingurua antolatu dute eta. Aurtengo azokaren gai nagusia trantsizio agroekologikoa da, eta Ipar Euskal Herriko, Andaluziako eta Nafarroako kolektibo batzuek parte hartu dute. «Garaia da, gure nekazaritzaren eredua aldatu behar dugu, bertakoa eta ekologikoa egiteko», erran du Kattalin Barber NNPEKko kideak. «Espazio honek ematen dizkigu aukera asko, azokaren helburua baita Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa ikusaraztea, zabaltzea eta sentsibilizatzea».

11:30ak ziren DJen saioa hasi denean, giro ederrean. Poteoa egon badago, baina plastikorik ez. Aurtengo Hondarrik ez erronka eremu guztietan aplikatzen da, hain zuzen ere.

Jende multzoaren artean, gazte batek zerrendatu ditu bere erosketak: «Sagarrak, laranja zukua, aranak, txistorra, txorizoa, kafea, turroi krema... eta, ziurrenik, ahaztu zait zeozer!». Izan ere, hura bezala, jende anitz joan da eguerdi partean, familiek edota lagunek lagunduta.

Gaur ere azokak bere ateak irekiko ditu: bizikleta martxa antolatu dute Elortzibarren, eta, ondotik, familiarentzako yoga, DJ saioa, parkearen bisita gidatua, ardoa, gasna eta olioa dastaketa izanen dira. Azkenik, Noaingo erraldoi eta buruhandien konpartsa arituko da eguerdian. Zentzumen guztiak elikatzeko, alegia.]]>
<![CDATA['Ez' leloa izanen du ardatz IX. After Cage jaialdi esperimentalak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2108/032/001/2022-09-17/ez_leloa_izanen_du_ardatz_ix_after_cage_jaialdi_esperimentalak.htm Sat, 17 Sep 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/2108/032/001/2022-09-17/ez_leloa_izanen_du_ardatz_ix_after_cage_jaialdi_esperimentalak.htm
2016an sortu zuten festibala, eta, ordutik, hiru ildo landu dituzte: doinu garaikideei lotutakoa, ildo esperimentala eta alor folklorikoa. Bertzalde, jarrera kritikoa hedatzea ere bilatzen du jaialdiak, askotariko proposamenak antolatuz. «Horregatik, aurten 'ez' hartu dugu erreferentziatzat», aipatu du Juanjo Eslaba jaialdiko kideak.

Hark dioenez, ezetzak bi erranahi ditu: «'Ez' kritiko bat izan daiteke, ukazioarena. Ondorioz, ukatzetik ateratzen eta sortzen dira gauzak, eta orduan kritikak bultzatzen du sorkuntza». Paraleloki, bertze ezezko motak salatzen ditu sufritutako injustiziak. Eslabak: «Mugak jarri nahi ditugu bigarren 'ez' honekin, batez ere arte munduan; oztopoak, arazoak eta baldintza itogarriak sortzen direnean». Prekaritateaz eta artearen gutxiespenaz ari da Eslaba, bere esperientzian oinarrituta, erran du.

Pieza esperimentalak

Musika tresna eta guzti egin dute egitarauaren aurkezpena antolatzaileek: maraka, tinbal, bateria makila, pandero eta hainbat ezkil motarekin Musika pieza esperimentala grabatu dute zuzenean, eta hilaren 23an emanen dute, jaialdi hasierarekin batera. Iruñeko Gazteluko plazan eginen dute jaialdiaren irekiera, EkiNO'zio izeneko jarduerarekin. Performance moduko eskultura erakusketa eta musika kontzertua izanen da. Ondotik, Tempo diskoaren aurkezpena izanen da, hilaren 29an, Nafarroako Unibertsitatearen Museoan, musika eta denborari buruzko melodiekin. Urriaren 3an, EZari buruz jarduera eginen dute Nafarroako Museoan. Hitzik egin gabeko eztabaida bat izanen da, eta keinuak, begiradak eta gorputza baliatuko dituzte parte hartzaileek.

Egitarau zabala eta plurala egin dute, hainbat diziplinatako jarduera, kontzertu, tailer eta dantza-ibilaldirekin. Programazio osoa ikusgai da webgune ofizialean. «Etortzeko dei egiten diegu herritarrei, esperimentatzera, ukitzera eta gozatzera», gehitu du Ramosek.]]>
<![CDATA[Oroitzea festa egitea da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/025/001/2022-09-14/oroitzea_festa_egitea_da.htm Wed, 14 Sep 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1893/025/001/2022-09-14/oroitzea_festa_egitea_da.htm
«Garai hartan, abangoardian jarri zuten Iruñea; aurten, festa handi bat izanen da», erran dute Ramon Andres topaketen zuzendari-komisarioak eta Maitena Muruzabal koordinatzaileak. Hain zuzen ere, Euskal Herriko eta nazioarteko lehen mailako ehun bat pentsalari eta artista arituko dira kulturaz eta arteaz Iruñean, eta hamaika eztabaida piztuko dira.

Mundu garaikidearen erronketatik abiatuta, parte hartzaileek hausnarketa egingo dute topaketetan, Andresek azaldu duenez. Horretarako, loke tematikoak sortu dituzte: Gorrotoaren aurkako diskurtsoak, Teknologiaren inguruko galderak, Genero bariazioak eta Musika eta bere esateko garaikidea, errate baterako. Hamar gai nagusi landuz, «argia eta itxaropena» berreskuratzeko asmoa dute antolatzaileek. «Helburua iritziak partekatzea, hausnarketak eta galderak egitea eta disfrutatzea besterik ez da», erran du Andresek.

Osotara, ikusleek aukera izanen dute 27 elkarrizketa, mahai-inguru eta konferentziatara, bost sorkuntza tailerretara eta 35 jarduera artistikotara joateko.

Hamaika eztabaida

Izen entzutetsu anitzek hartuko dute parte. Topaketak abiatuko dira urriaren 6an, Teresa Catalan eta Tomas Marco musikagileekin batera, 1972ko Topaketen oihartzunari buruzko elkarrizketa batean. Musikari dagokionez, Hilda Paredes musikari mexikarra eta Salvatore Sciarrino italiarra izango dira, eta Luis de Pabloren (Bilbo, 1930-Madril, 2021) obra bat ere ekarriko dute gogora. Izan ere, De Pablok eta Catalanek 1972ko topaketan ere parte hartu zuten, eta abangoardiako musika herritarren artean zabaltzen lagundu zuten.

Bertzalde, gorrotoaren kontrako diskurtsoei berariazko tokia eskainiko diete, eta mahai ingurua izanen da Helena Maleno idazle eta kazetari eta Brigitte Vasallo idazle eta ekintzailearekin. Filosofiaz hausnartzeko, bertzeak bertze, Peter Sloterdijk, Adriana Cavarero, Simon Royo Hernandez, Ernesto Castro eta Isidoro Reguera izango dira Iruñean.

Zinemaren alorrean, Victor Kossakovsky, Sergei Loznitsa, Pedro Costa eta Paz Encinaren parte hartzea iragarri dute; eta literaturarenean, Laszlo Krasznahorkai, Adan Kovacsics, Ana Blandiana, Jordi Doce, Anne Waldman, Martin Caparros, Ignacio Echevarria, Belen Gopegui, Castillo Suarez, Fernando Luis Chivite, Luis Garde Iriarte eta Regina Salcedo Irurzun. Svetlana Aleksievitx Literaturako Nobel sariduna ere presente izanen da Baluarte jauregian, Tragedien oroimena eta etorkizuneko aurpegia izeneko hitzaldian.

Herritarren parte hartzea

Kontzertu anitz ere izanen dira hainbat oholtzatan. Niño de Elche eta Raul Refreek eginen dute emanaldi bat, eta Xabier Erkiziak proposatuko du soinu instalazio bat, murmure izenekoa. Kukai dantza taldeak eta Verde Prato abeslariak, bestalde, «euskal folklorearekin abiatu eta proposamen berriak» ekarriko dituztela iragarri dute antolatzaileek.

Bertze erregistro batean, Baro d'evel konpainiak eskainiko du zirku emanaldia, poesia, dantza, musika eta antzerkia nahasiz.

Paraleloki, 1972-2022ko Topaketak agertoki «garrantzitsua» izanen dira herritarren parte hartzearentzat. Ildo berean, antolatzaileek karrikako espazio publikoan jarri dute arreta, eta bortz tailer publiko proposatuko dituzte. Ines Boza dantzariak eta Edurne Arizu musikariak BI-HOTZ lana karrikaratuko dute, herritarren partaidetzatik sorturiko obra komunitarioa; eta Oskar Alegria zinema zuzendariak, bere aldetik, Oficina de cine errante aurkeztuko du, zeinak 1972ko Topaketetan grabaturiko kaleko eta giroko proiekzioen eszenak biltzen dituen.

Halaber, espazio publikoaren inportantzia azpimarratu dute antolatzaileek. «Gure garaiko adituak egonen dira hemen, baina 2022ko edizioa antolatu dugu publiko guztiek profita dezaten». Dei bat ere egin diote bereziki gazteriari; hain zuzen ere, XXI. mendea topaketen ertzetako bat izanen dela ezarri dute antolatzaileek. Hala ere, oraingoak eta orain dela 50 urteko topaketak «konparatzeko tentazioan ez erortzeko» seinalatu dute. «Egun, ikuspegi guztiz desberdina dugu zenbait gairi buruz, hala nola Europaren eraikuntzari edo filosofiari buruz». Proposamen aniztasunaz gain, oreka bat bilatu dute genero perspektiban; «parte hartzaileen %50 baino gehiago emakumeak dira», aipatu du Andresek.

Ia jarduera guztiak doakoak dira, baina sarrerak eskuratu behar dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.losencuentrosdepamplona.com]]>
<![CDATA[Musika beltza Iruñe zurian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1941/026/001/2022-09-07/musika_beltza_iruntildee_zurian.htm Wed, 07 Sep 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1941/026/001/2022-09-07/musika_beltza_iruntildee_zurian.htm Hot Rhythm and Soul Festival. Hori dio Beltza Weekend jaialdiaren leloak. Laugarren aldirako, sei kontzertu antolatu dituzte bihartik larunbatera arte, «soula eta soul musikaren deklinazioak» zabaltzeko Iruñean. Izan ere, musika beltza plazaratu nahi dute antolatzaileek hirian zehar, nazioarteko eta bertako artistak gonbidatuta.

Hiru egunetan, zenbait balio eta kausa defendatzeko xedea dute antolatzaileek, zeintzuek festibalaren arima osatzen duten: «Musika beltzaren kultura, estetika eta soinuak eskaini nahi ditugu. Jaialdia 2017an sortu zen, Iruñeari programazio ezberdin bat emateko asmoarekin, underground-agoa. Argi da ez dela normalki jendeak aditzen duen musika, baina zaletasuna sumatzen dugu geroz eta gehiago», erran du Xabier Sagardia Beltza Weekend jaialdiaren zuzendaritzako kideak.

Afixa koloretsuak sei kontzertu nagusi iragartzen ditu aurten, eta orotara, 48 artista igoko dira oholtzara ortzegunetik larunbat arte. Lau musikari izanen dira Zentral espazioan: Alexis Evans (Bordele, Frantzia) soul «cool eta estilodunarekin», eta Tito Ramirez (Madril) latin soul, manbo eta R&B proposamenarekin ariko dira ortziralean. Larunbatean, berriz, Alpheus jatorri jamaikarreko Londresko musikariak joko du, rocksteady eta ska estiloan, eta Los Retrovisores (Bartzelona) taldeak «yeye espiritua», soul eta R&B musika uztartuko ditu oholtza gainean. Bitartean, bertze bi emanaldi ere izanen dira, dohainik: Free Lane Irun?eko blues taldea bihar arituko da Rockollection aretoan, eta Bartzelonako Shake taldeak soula & rock-and-rolla joko ditu Zaldi Zuriaren kafetegiaren terrazan.

Gabezia bat betetzea

Unibertsalismoaren aldarria ere egin dute antolatzaileek: «Ehun urbanoa aprobetxatuko dute artistek». Izan ere, DJ saioak ere antolatu dituzte egunero, 23:00etatik Keops eta Baccara tabernetan.

Umeendako proposamen bat ere izango du jaialdiak aurten: Soularen historia kontzertu didaktikoa eskainiko du Musas y Fusas taldeak, larunbatean, 12:00etan, Kondestablearen jauregian. Azkenik, Fernando Mirrors artistak Black or White erakusketa zabaldu du areto berean. Artistaren hitzetan, «pop distortsionatua» eta «kultur aniztasuna» adierazteko estanpak eta eskulturak dira erakusketan bildu dituenak.

Musika beltzaren zalea da Sagardia, aspalditik, eta, haren hitzetan, gabezia bat betetzeko hasi zen lanean: «Beti joan behar genuen kanpora zuzenean musika hori aditzera, eta heldu zen momentua ekartzeko, edo hobe esana, Iruñean gure musika beltzaren jaialdi propioa egiteko. Hemen egin eta zabaldu».

Musika beltzaren espektroa aski zabala da Sagardiaren arabera, baina Beltza Weekenden arima zehatz irudikatu dute: «Soula du ardatza, 1960ko hamarkadako soula batez ere. Festibala soinu zaharrei begira dago, ez hainbertze egun sortzen den soularen interpretazioari». Halere, dioenez, ez diete aterik ixten bertzelako proposamenei, eta musika beltza osatzen duten bertze hainbat estilo ere hartzen dituzte kontuan: rhythm & bluesa, Jamaikako ska, reggaea, doinu latinoak, funka, boogalooa, manboa...

Iruñerrian zaletasun gero eta handiagoa sumatu dute antolatzaileek, hiria «gune bereziki musikala» iruditzen baitzaie. «Oso proiektu interesgarriak loratzen ari dira, bizitasun handiarekin». Eta testuinguru honetan, musika beltzaren ekarpena sartzen da naturaltasun osoz. «Sinesten dugu Beltza Weekend proiektuak batzen dituela hainbat pertsona. Iraganari egiten diogu so, egia da, baina aurrera begiratu ahal izateko egiten dugu».

Aldarrikapena erdigunean

Sagardiak sinesten du musikaren eraginean, eta uste du soulak (edo musika beltzak) balio duela aldarrikapenak egiteko. «Soul musika, hasieran, belztasunaren harrotasuna adierazteko modua zen, baina 60ko hamarkadaren erdialdean, soulak hartu zuen ikuspegi politikoagoa». Eta talde asko sortu ziren orduan, AEBetan eskubide zibilen mugimendua areagotu zelarik, musika beltza garrantzitsu bihurtu baitzen. «Bozgorailua izan zen, aldarrikapen sozialak ozen egiteko».

Summer of soul dokumentala da horren adibide argietako bat. Harlemen (New York) 1967an ospatu zen musika beltzaren jaialdiari buruzkoak kontatzen ditu, eta horregatik proiektatu zuten filma jaialdian, joan den larunbatean.

Jaialdiak balio die antolatzaileei musika eta kultura beltza ezagutarazteko, zalea izan edo ez. «Biniloak kaxoitik ateratzeko gogoz gaude».]]>
<![CDATA[Nafarroako XIII. Komiki Azoka, «frikien artean frikienak»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/024/001/2022-09-02/nafarroako_xiii_komiki_azoka_frikien_artean_frikienak.htm Fri, 02 Sep 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1905/024/001/2022-09-02/nafarroako_xiii_komiki_azoka_frikien_artean_frikienak.htm Déjà vu sentsazioa duela onartu du Alberto Rodriguez Nafarroako Komiki Azokako zuzendaritzako kideak. «Sei urte daramatzagu zuzendaritzan eta beti nahasten dira sentsazioak: erokeria, presa, gogoa». Izan ere, bada zer sentitu: gaurtik aitzinera, azokaren XIII. aldiak ateak irekiko ditu urriaren 2ra bitarte, eta manga eta japoniar kultura programazioaren ardatzetako bat izanen dira aurten. «Orain arte, azoka ez zen Japoniako kulturara hurbildu, eta publiko berri bat nahi genuen erakarri. Ulertzen dugu digitalizazioak asko lagundu duela arlo honetan, eta omenaldia egin nahi diegu manga irakurtzen duten belaunaldiei», adierazi du.

Zehazki, hiru erakusketa atonduko dira gaiaren inguruan: batetik, Katsuhiro Otomoren Akira manga klasikoari omenaldi bat eginen diote Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako ikasleek, argitalpenaren 40. urteurrenean; bertzalde, Odaiba manga eta japoniar kulturan espezializatutako nafar argitaletxeak atonduko du beste erakusketa bat; eta, azkenik, Mone Sakihara ilustratzaile japoniarrak shunga estilora eramanen du ikuslea. Urte anitzetan, Japoniako arte erotiko hori debekatuta egon zen, eta pieza batzuk berrinterpretatu ditu orain Sakiharak.

Horietatik harago, baina, komikia bere osotasunean sustatuko du jaialdiak hilabete osoz. Euskal Herriko eta nazioarteko komikilariek Iruñean, Lizarran eta Azagran izanen dituzte topaguneak, hainbat erakusketa, solasaldi eta tailerren bidez.

Tokiko 'bunbuiloak'

Antolatzaileen esanetan, kultura japoniarrari leku egitearekin bat, tokiko ekoizpena jarriko dute erdigunean. Pedro Oses eta Javier Mina Iruñeko marrazkilariek, errate baterako, 1980 eta 2000 bitartean Habeko Mik aldizkarian sorturiko bederatzi istorioak berreskuratu dituzte, Non gogoa... izenpean. Horrez gain, omenaldia eginen diote Secuestro en las Bardenas obrari, Nafarroako komikiaren klasiko hori argitaratu zeneko 30. urteurrenean, Ernesto Murillo, Simonides, eta Javier Murillo, Matxas, anaien eskutik.

Patxi Huarte, Zaldieroa, BERRIAko marrazkilariaren komiki zintak ere azalduko dira erakusketa batean, eta bere sorkuntzarik berrienetako batzuk ere izanen dira ikusgai. Halaber, Josune Urrutiak Bilboko artistak sorturiko Hoy no es el día komikian oinarritutako erakusketa ikusi ahalko dute bisitariek: sei piezaz osatu du, minbizia izan duten sei emakumeren bizipenak oinarri hartuta.

Azkenik, Zart! aldizkariaren laugarren zenbakia atera dute: 22 artistak parte hartu dute prozesuan, Itzala besarkatu gaia irudikatzen saiatuz.

Beste estilo batzuekin batera, manga gaztetatik irakurtzen duela aipatu du Rodriguezek, baina sumatzen du gero eta gehiago adarkatzen dela komikia generoetan. «Gaur egungo ekoizpenak harridura eta nahasketa sor dezake». Begi onez ikusten ditu berrikuntzak, hala ere. «Industria oso batek bere hiztegi propioa du, eta komikigintzarena gero eta espezifikoagoa da». Mundu bat da, baina haien modura moldatzea lortu dutena. «Iruñea bezalako espazio txiki batean, hilabete bateko iraupena oso ona da. Ez dago interes komertzialik, baina bai sormen askatasun handia; frikien artean frikienak topatzen gara».

Tiza elkarteak babesten du azoka, eta 30 jarduera baino gehiago izanen dira aurten guztira, mahai inguru, tailer, bisita gidatu eta topaketen artean. «Gustu adina komiki daude», defendatu dute.]]>
<![CDATA['Tablao'-ak irekitzeko prest]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/022/001/2022-08-24/tablao_ak_irekitzeko_prest.htm Wed, 24 Aug 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1942/022/001/2022-08-24/tablao_ak_irekitzeko_prest.htm
Bederatzigarren aldia ate joka dago, eta aurten Iruñeko eta Tuterako oholtzetara azalduko dira flamenkoaren ahots klasikoak eta proposamen berritzaileak. Emanaldiak eginen dituzte gaurtik igandera bitartean, eta, bi urteren ondoren, COVID-19aren kontrako neurririk gabe.

Udako agendan finkaturiko ekitaldia da Flamenco on Fire, eta zaletasuna geroz eta gehiago nabaritu izan dute egileek. «Nafarroa osora eraman nahi dugu flamenkoa, eta leku ederretan kontzertuak eskaini», kontatu du Arturo Fernandez jaialdiko zuzendariak. Izan ere, hilaren 12an aperitifa izan zuten flamenko zaleek, Vianan. F on Fire zikloaren kariaz, lehenbiziko saioa eskaini zuten Sandra Carrasco eta Joni Jimenez artistek udaletxeko balkoian, eta gauean, La Fabi eta Alba Heredia gehitu zitzaizkien, Voces ikuskizun polifonikoan. «Hasiera zoragarria» izan zela dio Fernandezek: «Kantatzeko oso modu desberdinak jarri zituen agerian, dantza zertzelada batekin». Jaialdi nagusitik independente moduan antolatzen dute F on Fire, eta izandako harrera «paregabea» nabarmendu dute.

Tradizioei ere ez diete hutsik egin. Urtero bezala, gai bat aukeratu dute, eta errezitalak, hitzaldiak eta bestelakoak emanen dituzte hari horren inguruan. Iaz Zer da flamenkoa? galderari erantzun ondoren, flamenkoaren lirika jarri dute erdigunean aurten, hitzen garrantzia azpimarratzeko. «Jakin-mina pizteko eta flamenkoa hari buruz asko ez dakitenei hurbiltzeko asmoa dugu», azaldu du Fernandezek. Bizitzaz, heriotzaz, maitasunaz... Flamenkoak kantu egiten duenaz. Hemen ere, kontzeptu abstraktuak alde batera utzi nahi dituzte antolatzaileek. Izan ere, funtzio dibulgatzailea eman nahi diote festibalari. «Jendeak kantatzen den horretan arreta jartzen badu, uste dugu hasiera bat izan daitekeela flamenkoaz ez dakienarentzat ere».

Entzule berrien bila

Jaialdiak ateak irekiko ditu gaur Tuteran, eguerdian. Erriberako hiriburuko udaletxeko balkoian emanen dute lehenbiziko kontzertua bi artista nafarrek, 12:00etan, Alberto Jimenez Gilabert Bayron-ek eta Bruno Jimenezek; ondoren, Jose Montoya Carpio El Berenjeno eta Manuel Heredia arituko dira eguerdi partean. 21:30etan, berriz, Gaztanbide aretoan, Carmen Linares sona handiko abeslaria izanen da, Pepe Habichuela gitarra jotzailearekin batera. Gau berean, Iruñeraino helduko da festibalaren oihartzuna: Rafael Riqueni Sevillako (Espainia) gitarristak emanaldia emanen du Nafarroako Jauregian, 22:30etan.

Urtero jaialdian izaten diren kontzertu handietan flamenkoaren musikari gorenak biltzen dira, bai artista ospetsuak eta bai berriak. Izan ere, Sabicas maisuaren izena eta ondarea nabarmentzen duen jaialdiak gaur egungo flamenko musikarien aldeko apustua egiten du aldi bakoitzean, ikus-entzule berriak erakarriz eta sormena piztuz. Aurten, adibidez, Jose Merce, Rafael Riqueni eta El Purili izen klasikoek partekatuko dituzte oholtzak artista gazteago edota flamenkoaren agertokian lehenbiziko pausoak egin dituzten musikariekin. Maria Jose Llergo abeslariak (Pozoblanco, Espainia), errate baterako, 28 urte ditu, eta bere lehenbiziko lana aurkeztuko du: Sanación. Goya sari bat jaso zuen Te espera el mar abestiarekin, eta, azkenaldian sareetan eginiko inkesta baten arabera, Eurovisionen hurrengo aldian aurkezteko hautagairik gogokoena izango litzateke Espainian. Bertzalde, Israel Fernandez (Toledo, Espainia, 1989) da aldi honetan gehien espero diren kantautoreetako bat. Haren azken argitalpenek arrakasta handia izan dute (La Inocencia, Amor), eta flamenko eszenako ahots karismatikoenetakoa da. Kontzertu guztiak 21:30ean izanen dira, Baluarte jauregian, Maria Toledorena izan ezik: 20:30ean izanen da, Gaiarre aretoan.

Hamaika proposamen

Flamenco on Fire jaialdi «heterodoxo» gisa definitzea gustuko dute antolatzaileek, izan artisten estiloagatik edo proposamen eskaintzagatik. Hain zuzen ere, kontzertu handiekin batera, Flamenco on Fire jaialdiak bertze hainbat proposamen egiten ditu. Kontzertuak balkoietan instituzio bihurtu dira urteekin, eta harrera ona egiten diete karrikako entzuleek. Formatu herrikoiago batez, bikote xume bat osatu ohi dute ahotsak eta gitarrak, eguerdiko ordua biguntzeko.

«Flamenkoa partekatzea da gure helburua, eta, horretarako, karrikak dibulgazio laborategiak ditugu, non flamenkoa ulertzeko modu garaikide eta tradizionalak erakusten baititugu», gehitu du Fernandezek. Gaur, bi kontzertu izanen dira Tuterako karrikan, 12:00etatik aurrera; eta Iruñean, berriz, egunero hiru hitzordu izanen dira. «Pozik gaude, halaber, eskuzabalak izateagatik. Luxua da balkoi bat inauguratzera datozen artistez doan gozatzeko aukera izatea».

Paraleloki, Flamenco on Firek zinema ziklo bat aurkeztuko du. Historikoki flamenkoa elikatu duten istorioen eta bizipenen zatiez osatuta egongo da. Besteak beste, La Paquera, Terremoto eta Manolo Sanlucar garrantzi handiko artistak jendeari hurbiltzeko modu desberdina izango da hori. Film luze eta laburren proiekzioak eginen dira, eta mahai inguruak antolatuko dituzte Civivox Kondestablearen gunean.

Berritasunen aldetik, aurten lehenengo aldiz, Flamenko saria banatuko dute, musikariak izan gabe flamenkoaren alde egin duten pertsonak ezagutarazi eta haiei aitortza egiteko helburuarekin. Lehenengo urte honetan, hiru pertsona edo erakunde proposatu dituzte antolatzaileek saria jasotzeko: Jose Maria Velazquez-Gaztelu poeta eta zinema zuzendaria, Pepe Lamarca argazkilaria eta Corral de la Moreria Madrilgo tablao-a. Saria zeinek jasoko duen bihar jakinaraziko dute.

Azkenik, jaialdiak umeendako kultur aukerak ere eskainiko ditu: Francisco Suarez El Trombo-k dantza tailer bat emango du. Jarduera asteburuan izanen da, 12:30ean, Ezpeleta jauregian. Gastrosabicas ibilbidea ere sortu du Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak, jaialdiari sukaldaritzaren alea ere jartzeko. Aste osoan izanen da Iruñean eta Tuteran.

Bertako flamenkoa

Osasun neurrien desagerpenarekin batera, publikoaren itzuleraz poztu da Fernandez. Sumatu izan du urtez urte nafar entzuleen interes geroz eta handiagoa. «Estatuaren hegoaldetik jarraitzen da jaialdia, eta artistek beraiek etorri nahi dute hona», ziurtatu du. Baina tokiko artisten presentzia ere zaintzen dute antolatzaileek, eta, iaz bezala, aurten bi nafar musikarik irekiko dute festibala: «Jaialdiak babesten du bertako talentua, eta hori azpimarratzekoa da».

Flamenco on Fireren formatua aldatu izan den arren —2014ko lehenbiziko aldian bederatzi egunez egin zen—, ziurtatu dute esentziak bere horretan segitzen duela: «Lortu dugu konbinatzea antzerkia, dantza, karrikako artea, kontzertu nagusiak eta abar. Azkenean, gauza bera egiten genuen duela bederatzi urte».]]>
<![CDATA[Itzal jokoetan aritzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/024/001/2022-08-17/itzal_jokoetan_aritzea.htm Wed, 17 Aug 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1917/024/001/2022-08-17/itzal_jokoetan_aritzea.htm
27 urterekin hasi zen itzultzaile gisa, bokazioa betidanik izan badu ere. Edo, berak dioen bezala, izan badugu, pluralean. «Iruñean batez ere, euskaldun guztiok gara itzultzaileak, ez baitago modurik herri honetan euskaraz bizitzeko itzultzaileak ez bagara». Medikuntza ikasi arren, beti izan du harremana euskal filologiarekin: irakaskuntzan aritu zen hainbat urtetan, eta, Nafarroako lehenbiziko itzultzaile talde administratiboa sortzeko aukera azaldu zelarik, oposizioak prestatu zituen. «Lanpostu hori lortu nuen beste sei kiderekin batera. Orduan hasi ginen zazpi txoro: lehen itzultzaileak Nafarroako Gobernuan». Irriz ekarri du gogora.

Italiar penintsulatik euskararen lurraldera igarotzen da Rey, hizkuntzen artean. «Italiera oso hizkuntza polita iruditu zitzaidalako, ikastea erabaki nuen. Hurbilekoa dugu». Iruñeko Hizkuntz Eskolan eman zuen izena, bertze lagun batekin, eta, berehala, Danteren mintzaira erabat erakargarria egin zitzaion. Izan ere, bere bi zaletasunak bildu zitzaizkion espazio berean: irakurtzen zituen italierazko obrak euskaratu zitzakeela ohartu zen. Ondorioz, itzulpen andana landu du urteekin, eta «denetik» egin du: haur eta gazte literatura, narratiba, poesia eta saiakera.

Hizkuntzalari guziek amets egin dute noizbait ikasi duten hizkuntzan hitz egiten den herrialdea ezagutzearekin. Reyk ere bai, baina onartu du ez dela bidaiatu zalea. Halere, izan du aukera Italian gutxi batzuetan egoteko, eta oroitzapen goxoak ditu. «Lehenbiziko aldian, kontaktua egin nuen hiriburuan dagoen elkarte batekin: Associazione Culturale Euskara, Erromako Euskal Etxea izenekoa, euskaltegi modukoa dena. Unibertsitate popolare bat zen, irekia eta askotarikoa, eta hango ikasleek plazer hutsagatik ikasten zuten euskara. Oso esperientzia bitxia izan zen: hitzaldi bat eman nuen italieraz, bi hizkuntzen arteko loturari buruz, eta ezagutu nituen hango... erromatarrak!», azaldu du, nostalgia ariketa batean. Ondotik, bertze bitan itzuli zen, beti Erromara. Ez da sekreturik: bide guziak hara doaz.

Italiar idazleei dagokienez, sarritan erran izan da Elio Vittorini idazlea ez zela inoiz joan Ameriketara, nahiz eta estatubatuar anitzen lana itzuli. Hari jarraikiz, Reyk iritzi bera du itzulpengintzari eta (ez)bidaiatzeari buruz. Izan ere, bidaia beharrezkoa ote den ari da berekiko, eta, anartean, bertze tresnetan atzeman du plazera. «Esan dezagun literaturak aukera ematen duela bidaiatzeko, autoa edo hegazkina hartu gabe. Arriskurik edo mugitu beharrik gabe, azken finean». Iruñeko Txantrea auzotik trankil aritzen da, bere bidaia propioa osatzen. «Liburuen bidez, beste toki edo garai batzuetan murgil gaitezke; beste buru-bihotz esperientzia edota sentimendu interpretatzen ahal dugu», ziurtatu du.

Orrien ispilua

2014an, Lorenza Mazzetti zinema zuzendariari eta idazleari egin zion bisita, Xabier Olarra lankidearekin batera. Igela argitaletxeak haren obra bat argitara eman zuela eta, kontaktua egin zuen Florentziako autorearekin, eta elkarrizketa bat egin zioten bere etxean bertan, Argia aldizkarirako. «Harreman polita sortu genuen, eta gero gonbidatu gintuen berera. Handik urtebetera itzuli nintzen andrearekin eta seme-alabekin, eta elkarrekin afaldu genuen, denok eta haren kuadrillak. Poeta kuadrilla zen, jende xelebre samarra». Momentu bitxitzat dauka oroimenean oraindik, «gutxitan bezalakoa». Bazkariaren alaitasunetik harago, bizi latza eta gogorra izan zuela Mazzettik, horixe laburbildu zuten elkarrizketan: jaiotzean ama hil zitzaion, eta aita istripuz handik urte gutxira, naziek izeba eta lehengusinak tiroz hil zituzten, eta pobrezian bizi zen. Ke bihurturik bidali zuten zerura idatzi zuten Reyk eta Olarrak, 2014an. «Zerua gainbehera dator liburuan [Igela, 2013], bere txikitako esperientzia kontatzen du, ikaragarri gogorra. Sekulako trauma eragin zion tragedia bizipen horrek». Reyk itzuli zuen liburua.

Italiar idazle aski itzuli ditu Reyk, literatura garaikidearen zerrendan: Antonio Tabucchi, Andrea Camilleri, Nanni Ballestrini, Alessandro Baricco, Susanna Tamaro, Natalia Ginzburg, Paolo Giordano, Gianni Celati eta Elena Ferrante, bertzeak bertze.

Maite ditu itzulpen lanak eskainiriko bideak, zerikusi handia baitute identifikazioarekin. «Azken finean, idazle baten lanean murgiltzen zara, edo bere asmo, estetika, sentimendu edo ideietan». Buru osoa sartzen du orri artean, eta bere isla aurkitzen du nolabait, liburua ispilu bihurturik. «Identifikatzeko balio du, baina ikertzeko ere bai: autorea nor zen, zer egin zuen». Batzuekin atxikimendua izan du: «zortea» dela dio.

Gianni Celatiren hiru liburu atera zituen Igela argitaletxeak, errate baterako, eta Reyk bi euskaratu zituen. Bertzeetan gertatu zen bezala, egilearen aholkuez baliatu zen itzulpen prozesuan zalantza batzuk argitzeko. «Oso goxo erantzuten zuen; gutun truke mesedegarria eta lagungarria izan zen». Hain zuzen ere, aipatu du bertze askotan kontsulta bide dituela bertze hizkuntzetako itzulpenak -gaztelaniazkoak, frantsesezkoak...- euskarazkoa itzultzeko, baina Celatiren kasuan, ez. «Literatura esperimentala egiten zuen, oso gauza bitxiak, inongo hiztegietan agertzen ez zirenak».

Igela, adiskide paregabea

Guizzardiren abenturak liburuaz ari da Rey. 1972ko obra da, Igelak 2006an kaleraturikoa. Celatik koma bakar bat ere gabe idatzi zuen liburu osoa. «Honetan, imitatu nahi izan zuen eskizofreniko baten buru produkzioa eta ideazioa. Ideia zurrunbilo bat». Onartu du kostata aritu zela proiektu horrekin, artisau lanean, eta harremana egin zuen idazlearekin, dudak argitzeko. «Batzuetan, berak ez zekien nola erantzun. Esan zidan pertsona eskizofreniko bati aditu ziola ospitale psikiatriko batean, eta halaxe jarri zuela, jakin gabe zehazki zer esan nahi zuen», kontatu du. Estutasunetik ateratzeko, idazleak aholku bat eman zion: «Tonura hurbiltzeko eta hobeki egiteko, proposatu zidan Euskal Herriko psikiatriko batean sartzea eta eskizofreniko euskaldunei entzutea. Ez nuen bete, inondik inora», oroitu du Reyk, irriz.

Lanean, Igela argitaletxearekiko harremanari emana da, atseginez. Areago: jendeak behin baino gehiagotan pentsatu izan du argitaletxea berea zuela, baina laguntzaile gisa ikusten du gehiago bere burua. «Itzulpenak besterik egiten ez duen argitaletxe bat da, eta gauza on asko ekarri dizkio euskarari». Lan harremanetik kanpo, adiskide du Xabier Olarra, sortzaileetako bat, «ia-ia edozertarako prest».

'Tradittore' edo

Igelarekin plazaratu zuen Pereirak dioenez ere, Antonio Tabucchiren Sostiene Pereira-ren itzulpena, 2006an, eta 2007an Euskadi saria irabazi zuen, prozesu luze baten ondoren. «Itzulpena oso gustura egin nuen, plazer hutsagatik. Patxadan, egin, utzi, berriz hartu, gero beratzen utzi... garbantzuak uzten diren bezala». Emeki, denbora ezinbestekoa baitzuen altxorra labetik ateratzeko.

Itzultzaileei dagokienez, anitzetan aipatu izan da italierazko «traduttore, tradittore» dikotomia (itzultzailea, traidorea), argitan ezartzeko itzultzailearen dilema, lan fidelaren eta sorkuntzaren artean. Muga fin eta porotsu hori. «Batzuetan, traizioa egitea da bide hoberena itzulpen on bat egiteko; izan ere, urrundu beharra dugu jatorrizko testutik euskara ona sortzeko». Distantziakidetasunaren aldekoa egin da Rey, baina euskara atseginaren defendatzaile da beti. «Sormen lana da itzulpen lana? Tira, beti du sormenetik. Eta igual euskararen kasuan gehiago: oso hizkuntz ezberdina denez [latin hizkuntzen aldean], egiturari dagokionez, salto handiagoa egin behar, eta gehiago urrundu behar dugu jatorrizko testutik».

Elena Ferranteren Adiskide paregabea saga ospetsua ere euskaratu du Reyk. Napoliko tetralogia «potoloa» du bere lanetako bat, eta horrekin, bertzeak bertze, italierak duen berezitasunaz oroitu da. Eleberriak Napolin kokatuta daude, eta napoliera dialektoa gibelean da, protagonismo guzia hartu gabe. «Liburu batzuetan, presentzia handiagoa dute Italiako dialektoek. Kontua da italiera oso hizkuntza berria dela normalizazioaren ikuspuntutik. Duela 150 urte sortu zen bakarrik; beraz, bertako beste dialektoek pentsatzekoa ematen dute itzultzerakoan». Adibide batzuk: Andrea Camilleriren siziliera -«edo Camillerik duen italiera bitxia»-, Hilabete bat Montalbanoekin eleberrian (Igela, 2011); Natalia Ginzburgen «zenbait dialekto»; Pier Paolo Passiliniren Ragazzi di vita-ren romaneskoa, Erromako dialektoa -lan hori du esku artean oraintxe-. Berehala, euskararen baliokidearen galdera dator orduan mahai gainera. «Zer soluzio emanen diogu horri? Baliatuko gara euskal dialektoez horiek adierazteko». Dioenez, badaude arriskuak: «Batzuetan, gehiegi marraztu edo margotuz gero euskalki batekin, irakurlea Italiatik aterako da, eta Bizkaiko edo Nafarroako mutur batera eramanen duzu, adibidez».

Graal Saindua oraindik ez du aurkitu Reyk, baina gogoetak balio izan zion euskarari eta euskara batuari bertze buelta bat emateko. «Joera handiegia dago pentsatzeko euskara batuari buruzko pertzepzioa oso itxia dela», azaldu du. «Batua da euskarak jasoriko proposamena eta Euskaltzaindiak gero eta landuagoa duena; baina batuan gauza asko sartzen dira, jendeak batutzat ez dauzkanak». Eta batzuetan, hutsuneak hartzen du lekukoa. Itzuli ezin diren hitz horiek. Itzulezinak. The Guardian egunkariak bat hartu zuen, Ferranteren tetralogian, «ia itzulezina, baina berak hitz bat ematen dio, dena dela»: smarginatura. Gainezkaldi hautatu zuen Reyk, eta erdi asmakizun bat izan dela onartu, protagonistaren fenomeno bat sentiarazteko, «denak gainezka egin eta bere ikusmenean gauzek profila galtzen dutenekoa». Itzultzaileak ere, oro har, Ferranteren parekoak direla uste du Reyk. Hark bezala, nahiago dute testua izatea protagonista, eta ez testugilea. «Seinale ona da itzultzaileaz ez hitz egitea. Zubi lana besterik ez dugu egiten». Euskara argia liburuetan, eta ofizioa ilunpean: itzal jokoetan aritzen da Rey.

Bihar: Joseba Ossa.]]>
<![CDATA[Denen aterpea, eta inorena ez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/024/001/2022-08-09/denen_aterpea_eta_inorena_ez.htm Tue, 09 Aug 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1872/024/001/2022-08-09/denen_aterpea_eta_inorena_ez.htm
Haizea dabil udako arratsaldeetan eliza inguruan; pinuak dantzan ari dira. Bi gazte eseri dira eliza babesten duen harrizko paretan, kalakan aritzera, eta txorien kantuek baino ez dituzte laguntzen. Eliza oktogono galdu bat da naturaren erdian. Bertatik ingurura begiratuta, bi plano bereizten dira. Lehenean, landaredia da nagusi, eta ugari; artaburuak, pinuak, zuhaixkak, lore mota askotarikoak. Plano urrunagoan, aldiz, pentze berdeek bertze kolore bat hartu dute, ikatzarena; mendiko zuhaitzak errauts bihurtu dira, Nafarroa astindu duten azken suteen ondorioz.

Eta paisaia horren erdian, oin oktogonal inperfektuko tenplu zaharra, zutik. Izan ere, elizaren zortzi aldeetako bat abside txiki batek osatzen du, kanpoaldetik forma pentagonala eta barrualdetik zirkulu erdiarena dituena. Bere hormetatik lau bat metrora, kalostrape modura, arku galeria eder batek inguratzen du eraikina. Guztira, 33 arku dira, horietako asko kapitel apainduak dituztenak. Kanpoaldeko hormetan, atariaren arkibolta eta zutabeak nabarmentzen dira.

Eta gora begiratuz gero, kupularen gainean kanpai horma eta aldamenean dorre txiki bat altxatzen direla ikusiko du bisitariak.

Argien eta itzalen jolasak

Behin lehen pausoak barrualdera eman, eta afixa batek egiten du ohartarazpena: Isiltasuna errespetatu, mesedez. Beharrik ere ez kasik, lasai dago dena. Argi-ilunen jolasa hartzen dute hormek: bi kandela pizturik dira Ama Birjinaren irudiaren alboan, eta leiho txiki eta opakoek hormak zulatu arren, ez da kasik argitasunik sartzen haietatik. Ate nagusitik aurkitu dute sarbidea eguzki izpiek, pelegrin batek bezalaxe.

Sartu da bisitaria, eta kandela bat piztu du. Aditzen duen soinu bakarra txoriena da, kupularen barruko arkuen artean ezkutaturik daudenak. Eseri da, eta egurrezko bankuetako batean utzi du motxila; atsedena hartzeko lekua aurkitu du azkenean. So egin die aldarean diren loreei, eta aldamenean duten objektu sortari: iruditxoak, kandelak, aulki bat, beste lore sorta bat, estatua txikiak... Ziurrenik, geldialdia egin zuten beste pelegrin batzuek osatu zuten bilduma.

Elizaren barrualdeko dekorazioa zutabeen kapiteletara mugatzen da. Horietan, landareen irudiak dira nagusi gehienetan, baina badira bestelakoak ere, tartean dantzari bat eta bi musikari, edo bi aingeru, bat tronpeta jotzen.

Faunak ere aurkitu du aterpea elizaren barruan. Txolarre familia batek habia egin du harri artean, eta txorietako bat jatekoa ekartzeko joan-etorriak egiten dabil, ate nagusitik igaroz, txori kumeak txioka ari diren bitartean.

Ez da erraza eraikinaren jatorria zehaztea. Aipatu izan diren teorien artean dago Tenpluko Ordenak -zaldun tenplarioek- altxatu zuela. Baina halakorik baieztatzeko daturik aurkitu ez, eta ideia hori baztertua dute adituek. Herri kondairaren arabera, andere boteretsu edo erregina batek eraikiarazi zuen. Eta San Joan ordenaren ospitale bat nahiz Donejakue bideari lotutako hilerri bat izan zela ere uste izan da.

Izenak ere ezkutatzen du argi-ilunik. Eunate ehun eta ate hitzetatik etor zitekeela esan izan da. Arkuen kopurua litzateke hipotesi horren oinarria; izan ere, elizari hiru itzuli eman eta gero bertara sartzean, 33 arku (hiru bider) eta ate bat igaroko lituzke bisitariak, ehun guztira. Baina hipotesi hori ere baztertua dute ikerlariek, Eunate izena uste baino berriagoa baita.

Azken argi izpiak

Misterioak misterio, ordu atsegina da arratsaldeko azkena. Haizeak goxo ferekatzen ditu arbolak, eta eguzkiaren azken izpiek elizaren paretak distirarazten dituzte, ia gorritu arte. Bi erromes elkarren artean hizketan ari dira; kirol oinetakoak kendu, eta txinalak jantzi dituzte. Elizaren hormetako batek atentzioa eman die; izan ere, tenpluaren kanpoaldeko harrietan marka ugari daude; harginek egin seinaleak dira, landutako harri kopuruaren araberako lansaria kobratuko dutenak. Klik. Egin dute argazkia.

Eunateko eliza aski ongi kontserbatua bada ere, kezka ere sortu izan du bere egoerak azken urteotan. Alde horretatik, izan da agintarien utzikeria salatu duenik. Eta, datu zehatzik ez badute ere, bisitarien kopurua pixkanaka behera doala sumatu dute bertako langileek. Ate zabalik, eta barruan ia inor ez duen aterpea izateraino.

EUNATEKO ELIZA
Urtea. 1170. urte ingurukoa.
Lekua. Muruzabal, Izarbeibar eskualdea, Nafarroa.]]>
<![CDATA[Egurrezko hesia kentzeko ordua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1931/038/001/2022-07-15/egurrezko_hesia_kentzeko_ordua.htm Fri, 15 Jul 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1931/038/001/2022-07-15/egurrezko_hesia_kentzeko_ordua.htm
Eguzkitako betaurrekoak, abanikoak eta txanoak; eta Udaletxe plazako erlojuak 08:00ak jo gabe oraindik. Halere, askotariko ikusleak azaldu ziren egurrezko hesiaren bazter guzietatik. Udaletxe plazan, garestiak ziren jarlekuak: Miura ganadutegiko animaliak ezagunak dira entzierroaren munduan, ia mitikoak. 54. parte hartzea dela eta, ikusmina zegoen. Estafeta karrikan, berriz, pribilegiatuenak balkoietan zeuden, zoruari so. «Pentsa zer azkar joan den!», aditu zen eraikin bateko bigarren solairutik. Bestez ari da Alde Zaharreko bizilaguna, erdi penatua. Entzierroa ere azkarra izan zen: 2 minutu eta 14 segundoan zeharkatu zuten ohiko ibilbidea animaliek.

San Domingoko ukuilutik suziria bota orduko abiatu ziren zezenak, maldan goiti. Joareak astinduz, hasi ziren abiadura hartzen. Azkar ekin zioten maldari; izan ere, jende anitz bildu zen aldapan atzo, eta zuriz jantzitako karriken artetik iragan ziren animaliak. Gaztain koloreko sei zezenek aise egin zuten lasterka, eta arin. Korrikalarien artean, pilaketak izan ziren ezker-eskuin, eta susto batzuk ere bai.

Garbi ailegatu ziren Udaletxe plazara, bi joaldun buruan. Aitzinerantz segitu zuten, eta Mercadereseko bihurgunea hartu zuten, korrikalariei kasu handirik egin gabe. Eta bazen kasu egitekorik: izan ere, korrika egiteko azken aukera izanda, publiko ugari zen presente karrikan. Ondorioz, zenbait lagun erori ziren.

Estafetara sartzean, sakabanatzen hasi ziren zezenak, bi taldetan. Efektu zuzena izan zuen horrek: bi samaldaren arteko espazioan erortzen ziren korrikalariak, zapalduak izateko arriskuan. Gutxika, zezen taldea gehiago barreiatuz joan zen. Bitartean, kolpeak eta adarren aurrean egoteko borrokak ikusi ziren. Azkar egin zuten korrikaldia Estafeta karrikan. Bigarren erdian, hiru animalia jarri ziren buruan, bertze hirurak pixka bat atzerago geratuta. Orduan bai, lasterketa politak egin ahal izan zituzten korrikalariek.

Telefonicako zatian, banatu egin ziren zezenak, maldan behera jaitsi baino lehen. Korridoreen kontra egin gabe heldu ziren zezen plazara. Erraz gurutzatu zuten hondar zelaia, herenegungo Victoriano del Riokoek baino bi segundo beranduago. Lasterketa osoa ikusita, arrisku gutxi nabaritu zen, eta zezen guziek zintzotasuna erakutsi zuten. Nafarroako Unibertsitate Ospitalearen osasun partearen arabera, sei pertsona artatu behar izan zituzten osasun zentroetan: bat adarkada batengatik.

Heldu den urtera arte

Miurako zezenak ohikoak dira sanferminetako entzierroetan, baina baita beste ganadutegietakoak ere. Orotara, zortzi egunen artean, berrogei animalia baino gehiago izan dira entzierroen protagonistak. Zezen plazan hil dituztenak ere bai.

Azken entzierroa amaitu bezain laster, atzo bertan hasi ziren entzierroko hesiak kentzen Hermanos Aldaz zurgindegiko langileak. Heldu den entzierroa 2023ko uztailaren 7an izanen da, 08:00etan.]]>
<![CDATA[Victoriano del Rio, ziztu bizian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1931/038/001/2022-07-14/victoriano_del_rio_ziztu_bizian.htm Thu, 14 Jul 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1931/038/001/2022-07-14/victoriano_del_rio_ziztu_bizian.htm
Korrikaldi politak ikusi zituzten goizean goiz hesira joan ziren ikusleek. Eguraldiak lagundu zuen atzo. Izan ere, eguzki izpiak goxo sartu ziren Iruñeko Alde Zaharreko eraikin koloretsu artean. Lekua hartu, eta lasterketaz gozatzeko prest ziren denak. Ahal den moduan, hau da, agudo. Izan ere, atzo aski bizkor ekin zioten entzierroari Madrilgo zezenek.

Suziria bota bezain laster zabaldu zituzten ukuiluko ateak, eta bizi-bizi atera ziren animaliak. Begiak kliskatzeko astirik ere ez.

San Domingoko aldapa elkarrekin igo zuten zezenek; taldean egin zuten bidea. Abiadura hartzen hasi ziren maldan gora, eta korrikalariak apartatu egin ziren karrikaren bi aldeetara. Udaletxe plazara heltzean, zezen batek ziztu bizian gurutzatu zuen plaza. Haren atzean, bertze batek korrikalari bat hartu zuen bidean. Ez zuen adarkatu, baina buruan kolpe handia hartu zuen, eta ospitalera eraman zuten.

Mercaderes karrikara sartu baino lehen, hesiaren ezkerreko zatira zalu batean joan zen animalia bat, eta korrikalari talde bat utzi zuen lurrean hesiaren ondoan. «Kontuz!», talde bat aditu zen emanaldian. Hain zuzen ere, abiadurak eragin zituen arrisku uneak. Minutu bat bete baino lehenago, sartuak ziren Victoriano del Riokoak Estafeta karrikan. Handik aitzinera, zaleek korrikaldi ederrak egin zituzten, animalien martxa segituz. Zezen taldeak trinko jarraitu zuen, eta tarte gutxi izan zen adarren artean korrika egiteko.

Karrikaren erdian, hiru korrikalari erori ziren aldi berean, eta ganadutegiko zezenek zapaldu egin zituzten. Bertze bat erori zen urrunago. Domino efektua bezala, bata bertzearen ondotik erori zen jendea. Bitartean, bultzakadak eta ukondoak ikusi ziren; estutasuna agerian zen.

Aitzinerantz egin zuten ondotik zezenek eta korrikalariek, Telefonica zatian. Bihurgunea aski ongi hartu zuten, zezen plazara heltzeko. Normalki pilaketak sortzen diren lekuan ez zen deus izan atzo. Behin hondar zelaira sartuta, berriz, irudi deigarri bat ikusi zen harmailetatik: korrikalari bat lurretik altxatu zen bi zezen ailegatu baino lehen, eta animaliek bortizki hartu zuten. Beldur handia sortu zuen, eta oihartzuna aditu zen zezen plazan. Osotara, zazpi lagun eraman zituzten ospitalera, denak kolpeak hartuta.

Azken suziria

Gaurko entzierroa jomugan dute korrikalari eta ikusleek: sanferminetako azkena da, bi urteko etenaldiaren ondoren. Ohi denez, gaur Lora del Rioko (Sevilla, Espainia) Miura ganadutegiko animaliak arituko dira Iruñeko karriketan. Azken aldiz botako dute suziria 08:00etan, eta jende anitz espero da.

Zortzigarren entzierroak bi baldintza bete ohi ditu: liluragarria eta azkarra izan ohi da. Ikusmin handia piztu du gaurkoak, sanferminetan gehien parte hartu duten zezenek korrika eginen baitute, klasikotzat hartzen dituzten Miurako ganadutegikoek, hain zuzen.

Duela hiru urte, hiru zauritu utzi zituzten, adarkadaz. Eguraldi ona eta beroa eman dute gaurko, korrikalariek eta zaleek euren pasioaz gozatzeko.]]>
<![CDATA[Azkarrak, biziak, beldurgarriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1931/038/001/2022-07-13/azkarrak_biziak_beldurgarriak.htm Wed, 13 Jul 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1931/038/001/2022-07-13/azkarrak_biziak_beldurgarriak.htm Elezahar beltzak deitzen dituztenak arin aritu ziren seigarren entzierroan, eta beldurraldi bat baino gehiago izan zen. Izan ere, entzierrorik arriskutsuenetako bat bizi izan zuten korrikalariek, ibilbide osoan: adarkatu bat utzi zuen atzokoak, eta zazpi lagun eraman zituzten erietxera.

Eguraldiaren iragarpena emana zen jadanik 08:00etarako, suziria bota baino lehen: bero bolada zetorren Euskal Herriko barrualdera, eta giroan nabaritzen zen: tentsioa, urduritasuna. Izerdia, finean.

Bezperakoa baino entzierro garbiagoa egin zuten 1951n sorturiko ganadutegiko animaliek, baina arriskuaren mamua presente egon zen entzierroan, halere. Cebada Gago ganadutegikoek arriskutsu fama badute ere, ez ziren atzokoak gutxiago izan. Ziztu bizian joan ziren Jandillakoak: 536 kilokoak ziren batez beste, bezperakoak baino hogei kilo gehiagokoak. Guziak beltzak, gaztaina koloreko bat izan ezik.

San Domingoko ukuilutik atera ziren zezenak, kostata, joaldun zuriek burua hartu zuten arte. Maldan bertan hartu zuten abiadura, eta samalda berehala trinko egin zen. Udaletxe plazako zatia izan zen arriskutsuena, zalantzarik gabe. Izkina batean, gaztaina koloreko zezenak harrapatu zuen korrikalari bat, baina ez zuen adarkatu. Ondotik, Mercaderes karrikara sartu ziren animaliak, eta segidan hasi ziren sakabanatzen. Bi zezen atzean geratu ziren. Biribilgunean bertan gizon bat erori zen, baina, zorionez, ez zuten harrapatu. Korrikalari hura zezen artean geratu zen lurrean. Zezen batek ere irrist egin zuen. Haiek abiadurak harrapatu zituen korrikalariak.

Minutu bete, eta jadanik Estafetan sartuak ziren korrikalariak eta zezen guziak. Ia karrika osoan joaldun batek gidatu zuen taldea, bizi-bizi. Minutu bat eta 37 segundoan pasatu ziren animaliak Telefonicaren zatitik. Asmatzen ahal zen lasterketa azkarra izanen zela. Bihurgunean, korrikalari batzuk erori ziren, baina oraindik falta zen lekurik arriskutsuena. Izan ere, bertze behin, zezen plaza izan zen atzo beldurgunea. Sartu baino lehen, zezen beltz bat lurrera erori zen, eta bertan gelditu. Ikara handia izan zen. Paraleloan, korrikalari bat zapaldu zuten bi zezenek.

Jandillako zezenen azken entzierroa 2019ko uztailaren 10ean izan zen, eta korrikaldi azkarra eta garbia egin zuten: bi minutu eta 19 segundo. Lau lagun zauritu zituzten. Atzo, 21. aldiz zapaldu zuten Iruñeko zorua.

Tragedia saihestua

2019an baino kalte gehiago eragin zuten Jandillako zezenek atzo: zazpi pertsona eraman zituzten zaurituta, kolpeak eta erorikoak tarteko. Gainera, horietako bat, zezen plazako erizaintzara eraman behar izan zuten, zezenak adarra sartu baitzion besoan.

Batek, Udaletxe plazan hartu zuen mina; bertze bik, Mercadereseko zatian. Telefonican ere izan zen zauritu bat, baina larriena zezen plazaren sarreran izan zen. Eguerdi aldean, osasun langileek jakinarazi zuten, paziente hark eragiten ziela «kezkarik handien».

Halere, arintze airea zebilen 140 segundo horiek amaitu zirenean. Izan ere, Jandilla ganadutegiari buruzko zorigaiztoko oroitzapena zuten oraindik korrikalari askok, Badajozko ganadutegiko zezen batek hil baitzuen norbait azkenekoz sanferminetako entzierro batean: Daniel Jimeno korrikalari madrildarra, 2009an. Igandean, Jimenoren gurasoek, omenaldi bat egin zioten Telefonicaren zatian. 2014ko entzierroan ere, zortzi lagun adarkatu zituzten Jandillakoek. Atzokoan, gutxienez, lasterketa politak egin ahal izan zituzten korrikalariek.

Gaur, Madrilgo Victoriano del Rio ganadutegiko animaliek eginen dute azken-aurreko entzierroa. 2019an, entzierrorik luzeena egin zuten Victoriano del Rio etxeko zezenek, eta lagun bat adarkatu zuten. Bi minutu eta 49 segundo iraun zuen duela hiru urte, eta, lasterketa hasi aurretik, «emozio faltarengatik» protesta egin zuten korrikalariek. Ikusi behar da gaurko zezenek zirrara handiagoa eragiten duten.]]>
<![CDATA[Ugaritasunaren gorespena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/030/001/2022-07-12/ugaritasunaren_gorespena.htm Tue, 12 Jul 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1872/030/001/2022-07-12/ugaritasunaren_gorespena.htm
Esku artean har daiteke Leireko kutxatila deitutakoa: 23 zentimetro luze, 23 zabal eta 38 sakon. Adituek diote Omeiatarren kalifaldiaren garaian egin zutela, eta penintsula osoko islamiar artearen maisulan nagusietako bat da. 1004 eta 1005 inguruan egin zuten obra, edo Hejira osteko 395. urtean, aro musulmanean.

Iruñeko museoan dago kutxatila egun, nahiz eta aurrez Nafarroako eta Euskal Herritik kanpoko bertze hainbat tokitatik igaro. San Domingoko aldapatik igo eta museora sartu. «Bai, hemen duzu. Ikusi duzu inoiz? Txikia da, baina berezia». Begi keinuz. Langileak atarian daude, informazioa ematen, eta museoko lan nabarmenen zerrendan agertzen da kutxatila ere, zazpigarren.

Lehen solairuan markatzen du mapak, Lehenbiziko oina, Erdi Aroa. Kronologikoki ordenatuta daude obrak. Eskailerak igo, eta X. mendeko lanen artean ibili. Harrizko arkuak eta bertze arkitektura piezak. Gordin, latz, zakar. Gehienak aire zabalean daude. Kutxatilari, berriz, beirazko leiho baten atzetik so egiten zaio. Izan ere, fintasuna eta hauskortasuna islatzen ditu piezak, eta museoak dituen lan garrantzitsuenetako bat ere bada. 2006ko Erresuma baten garaia erakusketan leku handia hartu zuen, eta, geroztik, protagonista da korridorearen erdian. Argi horixka batek edertzen du goitik, jainkotiar bihurtu gabe. Baliozkoa dela erakusten du, hori bai. Piezari buelta eman, eta deigarria egiten da: simetria da ardatza, edonondik begiratuta ere.

Kontserbazio lana

Gelako obra nagusia da. Farai deituriko maisuak egin zuen, lau ikaslerekin: ezkerreko aldea Rasid izeneko ikasleak egin zuen, aurrealdea Jairrek, eskuinaldea Sa Abadak eta atzealdea Misbahk. Josita jatorriko obratzat daukate adituek; izan ere, kutxak duen inskripzioaren arabera, Abd al Malik al Muzafarrek, Hixam II.a Kordobako bigarren omeiatar kalifak jaso zuen opari bat izan zen.

Milua urte pasa iraun du kutxatilak, baita tartean gerrak eta gurutzadak izan arren ere. Hain zuzen ere, Kordobako (Espainia) Medina Azaharan egin zuten, baina Leireko monasteriora (Nafarroa) iritsi zen, nolabait. Iturri historiko batzuek diote agintarien arteko opari bat izan zela; bertzeek, berriz, kristau konkistatzaileek lapurtu zutela. Museoko informazioak dio kutxatilak penintsula zeharkatu zuela, eta ondotik Alodia eta Nunilo aragoiar martiri kristauen erlikiak gorde zirela hartan. Mila urte baino gehiago ditu, baina aski ongi kontserbatu da. Detaile guziak ikusgai dira, denbora iragan ez balitz bezala.

Hamalau milimetroko hemeretzi plakak osatzen dute pieza, zuri eta horixka arteko koloretakoak guztiak. Erdian, sarraila bat, hondatua, herdoildua. Gainerakoak, baina, bitxigile lana dirudi oraindik: kontserbazio lana goraipatzeko da.

Erlikia ontziak 28 medai loi ditu, arrosa leihoetako figurak bezalakoak. Bakoitzak eszena bat irudikatzen du, zertzeladak nagusi. Beheko partean, eguneroko gertaldiak zizelkatu zituzten: heldu bat eta bi ume ondoan, biltze lanean; bi emakume lorategi batean solasean, bata bertzeari begira, eta gertaera baten berri ematen omen duten bi musikari haize instrumentuekin.

Goitian, irudi bortitzagoak, gerrakoak: borrokalariak zaldi gainean, eta armak eskuan. Hala eta guztiz ere, atentzioa ematen dutenak ez dira irudi jakinak, irudi orokorra baizik. Kutxaren edertasun orokorrak bereganatzen du ikuslearen arreta. Eta bada zer ikusi: izan ere, hutsunerik ez da, kutxatilak ez baitu atsedenik ematen. Azalera osoa landua da, eta elefante boliaren erliebeak artisau lana dirudi. Are gehiago: jakin-mina pizten du. Hatzarekin ukitzeko tentazioa, kristalaren bertzaldetik.

'Horror vacui'

Lumak, ezkatak, atzaparrak. Adarbakar bat ere bai; animaliaz beteta dago obra, landareekin batera. Flora eta fauna bizirik nabaritzen dira, ugari. Hain zuzen ere, horiek dira islamiar artearen lau gakoak: kaligrafia, landare motiboak, motibo geometrikoak eta figuratiboak. Xingola bat du kutxak inguruan zizelkatuta, eta inskripzio bat ere badu, kufikoz -hau da, arabiera idazteko erabilitako alfabetoak izan duen kaligrafia formarik zaharrenean-. «Alaren izenean, oparotasuna, poza, obra onen itxaropena eta une gorenaren iritsiera atzeratzea Hayib Saif al Dawin Abd al Malik Ibn al Mansurrentzat, Jainkoa harekin, hark agindu baitzuen egitea Fata al Kabir Zuhair ibn Muhammad al amiri bere esklaboaren bidez. Bost, laurogeita hamar, hirurehungarren urtea».

Informazio anitz? Dudarik gabe. Rokokoa akaso? Baliteke. Horror vacui («hutsarekiko izua», latinez) leloari erantzuten dio; arte lan bateko espazio huts oro nolabaiteko diseinu edo irudiren batekin betetzeko joerari, alegia.

Mito bat ere deseraikitzen du kutxatilak, nolabait: Mendebaldeko ikuspuntu batetik, beti uste izan da arte islamiarrak ez zituela irudikatzen izaki bizidunak, gizakiak eta animaliak. Arte hizkeran anikonismoa esaten zaio horri; hau da, mundu naturalaren eta naturaz gaindikoaren errepresentazio materialik ez edukitzeari. Uste horren kontrako froga da Leireko kutxatila, bere osotasunean.

Kondairak dio santu kristauen erlikiak gorde zituela. Gorde omen zituela. Bisitariek ezin dute ireki Leireko kutxatila, eta barruan gordetzen duena ikusezin da oraindik ere. Baina haren azala geratzen da ikusteko. Begiztatzeko. Analizatzeko. Eta bere txikitasunak ez du deus baldintzatzen, ugaria baita neurri horretan ere.

LEIREKO KUTXATILA
Urtea. 1004 eta 1005 artean.
Egilea. Farai izeneko maisua eta haren ikasleak.
Teknika. Zizelkadura.
Lekua. Nafarroako Museoa. Lehen, Leireko monasterioa (Nafarroa).]]>
<![CDATA[Cebada Gago: beldurrak airean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1931/038/001/2022-07-12/cebada_gago_beldurrak_airean.htm Tue, 12 Jul 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1931/038/001/2022-07-12/cebada_gago_beldurrak_airean.htm
Zortziak jo, eta suziria bota zuten, goizero bezala. Berehala, zezen batek abiadura hartu zuen, bertzeak atzean utzita. San Domingoko aldaparen hasieratik sakabanatu ziren zezenak, eta arrisku guneak ugaritu zituzten. Animalia batek hartu zuen lasterkaren burua, eta, gidari gisa, garbi utzi zuen malda bertze zezenentzat.

Udaletxera ailegatzean, bertze zezen bat batu zitzaion, eta efektu zuzena izan zuen horrek: jendea erortzen hasi zen. Hainbat lagun lurrera erori ziren, eta hesiaren bertzaldetik aditu ziren ikusleen oihuak. Izan ere, zezen batzuek korrikalariak zanpatu zituzten. Mercaderesko bihurgunean, zezen batzuk erori egin ziren baita ere, eta tentsioa areagotu egin zen. Minutu bat betetzerakoan, Estafetatik sartu ziren animaliak.

Ibilbidearen arteria da Estafeta karrika, eta entzierro guzietan ageri da. Atzo, zezen batek bereziki azkar egin zuen, eta korrikalariak zapaldu zituen karrikaren erdian. Bortizki. Zaurituak han utzi zituen, Gurutze Gorriaren arabera. Estafetaren bigarren zatian, taldeak irrist egin zuen, ordura arte nahiko trinko bazebilen ere. Hala eta guztiz ere, ez zen unerik arriskutsuena izan. Zezen plazara iristear zirela, Telefonicako zatian, zezen batzuk erori egin ziren, eta haietako batek buelta eman zuen. Hainbat korrikalarik talka egin zuten harekin, eta hiru zauritu izan ziren hor. Ondotik, zezen plazarako sarreran sortu ziren bertze tensio momentu batzuk. Zezen bat baino gehiago erori zen, eta jendea pilatu zen hondar gainean.

Adarkatutako korrikalariei dagokienez, lehena Telefonica aldean artatu zuten; hankan du zauria. Bertze biek zezen plazan jaso zuten zezenen adarkada: batek, ezkerreko iztondoan, eta bertzeak, eskuineko hankan.

Bitxikeriak ere bai

Atzoko entzierroak irudi bitxi bat utzi zuen: gazte bat entzierrotik bota zuten, eskuetan patinete bat zuela eta. Izan ere, zezen guziak igaro ziren jadanik, baina atzeko joaldunak oraindik ez. Jakinarazi zutenez, salaketa jarri zioten hutsegite oso larria egiteagatik, gainerako korrikalarientzat arriskua sortu baitzuen.

Gaur, Jandilla ganadutegiaren animaliek (Badajoz, Espainia) eginen dute lasterka seigarren entzierroan. Elezahar beltzak deitzen dituztenak arituko dira, eta ikusmina handia da, jende gehien adarkatu duten zezenak baitira.]]>
<![CDATA[Larunbatak eskatzen duena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1931/046/001/2022-07-10/larunbatak_eskatzen_duena.htm Sun, 10 Jul 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1931/046/001/2022-07-10/larunbatak_eskatzen_duena.htm
Horrela ernatu zen hiriburua atzo, ostiral gau girotsuaren ondoren: Pamplonesa musika bandak goizeko diana eman ondoren, jendea egurrezko hesirantz hurbiltzen hasi zen. Egunsentian, sei zezenak gogoz atera ziren San Domingoko ukuilutik, ezker eta eskuinera begiratuz. Berehala, Chismoso deituriko zezenak erreleboa hartu zuen, eta aurreratu egin zen. Mercadereseko bihurgunetik irtetean, hainbat korrikalari harrapatu zituen, eta Estafetako lehen erdiari aurre egin zien lasterketako buruei.

Telefonica zatiaren aldetik, zezenak eta joaldunak elkartu ziren, eta arrisku handiko egoerak sortu zituzten, kalezulora jaisteko bidean. Korrikalari pare bat hartu zituen, adarrak erabili gabe. Azkenik, zezen plazara bortz zezen sartu ziren joaldunekin batera, eta geroago sartu zen seigarrena.

Jende asko erori zen ibilbidean, zezenek ez baitzieten erraztu lasterketa korrikalariei. Hain zuzen ere, Jose Escolar ganadutegiaren seigarren parte hartzea bi minutu eta 30 segundotan egin zuten, hau da, uztailaren 7tik azkarrena izan da, eta bigarren azkarrena ere bai entzierroaren historian, 2019an kronometroa 2:13an gelditu baitzuten.

Atzokoak bi adarkada utzi zituen, eta bertze zazpi zauritu. Lehenbizikoa Estafeta karrikan izan zen, baina Mercadereseko osasun postuan sorotsi zuten. Izterrean hartu zuen mina. Bertzea Estafeta eta Espoz y Minako gurutzean postuan lagundu zuten. Hura ere zezen beltz batek adarkatu zuen hankan.

Entzierroaren ondorengo bigantxetan, berriz, bertze adarkada bat gertatu zen: genitaletan adarkatu zuten parte hartzaileetako bat. Zauritako guziak eraman zituzten ospitalera, baina arratsaldean jakinarazi zuten korrikalariak atera zirela, zauri arinak baitzituzten.

Estafeta karrika, jomuga

Estafeta karrika maiz izaten da zatirik ikusgarriena, lasterketarako espazio zabala dela eta. Eta, atzoko entzierroan, momenturik txundigarriena izan zen, inolako zalantzarik gabe. Karrikara sartzean, zezen batek izugarrizko ostikoa eman zion parte hartzaile bati, eta irudi xelebre bat utzi zuen. Erran behar da Jose Escolar ganadutegiaren animaliak bitxikeriaren zaleak direla: amateurrak oroituko dira 2015eko entzierroaz, Curioso izeneko zezen batek, itzultzean, uhalaren atea irekita aurkitu, eta han gelditu zelako. Atzo, elkarrekin egin zuten ibilbidea, jarrera zintzoa erakutsiz.

Lasterketa agudo egin zuten zezenek, taldea luzatuz eta abiadura konstantean uztartuz. Horri esker, zezenen adarrak kontenplatzen ahal ziren karrikaren balkoietatik. Izan ere, haien artean sortu ziren zuloak, eta argazki ederrak utzi zizkieten zaleei, bistatik galdu gabe.

Gaur, La Palmosilla ganadutegiko zezenak arituko dira Iruñeko zoruan lasterka. Bigarren aldiz parte hartuko dute Iruñeko entzierroan, 2019an egin baitzuten debuta sanferminetan. Cadizko ganadutegiak (Espainia) bi minutu eta 12 segundoan osatu zuen ibilbidea duela hiru urte, eta ikusmin handia sortu du talde horrek gaur.]]>
<![CDATA[Zalagardak mantsotua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1931/038/001/2022-07-09/zalagardak_mantsotua.htm Sat, 09 Jul 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1931/038/001/2022-07-09/zalagardak_mantsotua.htm
Eguraldi ona zen sanferminetako hirugarren egunean, eta giroa hasi zen berotzen 08:00etako suziria bota baino minutu batzuk lehenago: parte hartzaileen kopurua areagotu zen aurreko egunetik.

Fuente Ymbro ganadutegiaren (Cadiz, Espainia) zezenek 2018an parte hartu zuten azken aldiz entzierroetan. Duela lau urte, lasterketak bi minutu eta 33 segundo iraun zuen, eta bortz zauritu utzi zituen. Zezen azkarrak izan ohi dira, eta lasterkariei jaramonik ez zieten egin; adarkaturik gabeko seigarren entzierro jarraitua izan zen, 2018an.

2002an sorturiko ganadutegiko bortz zezen beltz atera ziren, atzo, ukuilutik, kostata. Urduritasuna ere bazen erdigunean, hesiaren bi aldeetatik. Hiru joaldunak zezen samaldaren lehenak izan ziren, eta berehala talde trinkoa osatu zuten.

Udaletxe plazara heltzean, hiru animalia jarri ziren buruan, eta abiadura bizian iritsi ziren Estafetako bihurgunera. Ezin izan zuten garaiz mantsotu, eta bi zauritu eragin zituzten. Zezen bat ere erori zen Mercaderes karrikan, baina segituan jarraitu zien gainerako animaliei. Abiadura nabarmentzekoa zen.

Minutu bat bete zenean, zezen taldea Estafeta karrikara sartu zen. Aurki, ordea, zezen saldoa banatzen hasi zen, eta irrist egin zuten animaliek. Espero gabe, azken zezenak atzera egin zuen, eta, gainera, erori egin zen. Berehala, altxatu, eta aitzinerantz jarraitu zuen. Bitartean, hutsuneak sortu ziren, eta lasterkari adituek aprobetxatu zuten. Estutasunak nabaritu ziren.

Estafeta karrika zabaletik, entzierroaren eskemak bertze itxura bat hartu zuen: bi zezen joan ziren aurretik, bertze bi atzetik, eta borzgarrena, atzerago. Halere, kasu handirik ez zieten egin korrikalariei, eta aitzinera egin zuten zezenek. Halere, abiadura galduz joan ziren, eta ia trinkotuta iritsi ziren zezen plazara. Han, Zalagarda berandu iritsi zen, kronometroaren segundoak pasatu bitartean.

Azkenik, zezen plazako sartzea izan zen unerik bitxiena: zezen guziak sartu ziren hondarrezko zelaira, bat izan ezik. Kosta egin zitzaion ukuiluetara ailegatzea, baina hiru minutu pasatu ondotik aditu ziren bukaerako txaloak.

Zortzi pertsona zaurituta

Lehenbiziko entzierroan baino bi pertsona gehiago zauritu ziren, atzo. Eguerdiko ordu bata aldera eman zuten berria osasun zerbitzuek: zortzi lagun eraman zituzten ospitalera, kolpeen ondorioz. Haien artean, prentsa argazkilari bat: hesitik erori zen, eta bi saihets hautsi zituen.

Ibilbidean zehar, zauri arinak zerrendatu zituzten osasun langileek. Korrikalari bat zapaldu zuten zezenek Udaletxe plazan, eta gerrialdeko kontusioa izan zuen. Plaza berean, bertze pertsona bat erori zen. Telefonicako zatia izan zen kaltegarriena: bi lagun zauritu ziren. Batek ezkerreko hanka hautsi zuen eta bertzeak kontusio anitz pairatu zituen.

Gaur, berriz, Jose Escolar (Avila, Espainia) ganadutegiko zezenek zeharkatuko dituzte Iruñeko Alde Zaharreko karrikak. 2019an, bi minutu eta hamahiru segundoan egin zuten ibilbidea.]]>
<![CDATA[Itzulera: azkarra eta zirraragarria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1931/038/001/2022-07-08/itzulera_azkarra_eta_zirraragarria.htm Fri, 08 Jul 2022 00:00:00 +0200 Yasmine Khris https://www.berria.eus/paperekoa/1931/038/001/2022-07-08/itzulera_azkarra_eta_zirraragarria.htm
Korrika garbia egin zuten Cadizetik iritsitako sei zezenek: 539 kilokoak batez beste. 11. aldiz parte hartu zuten entzierroan. Aurreko eguneko eguraldia zela eta, euriak heze utzi zuen zorua. Suziria 08:00etan puntuan lehertu zen, eta erasokor ekin zioten lasterketari. Ohi baino korrikalari gutxiago ikusi ziren ibilbidean, baina bizkor ekin zioten.

Ukuilutik irten eta San Domingoko malda goitu ahala, samalda nabaritu zen, batez ere Udaletxe plazara heldu bitartean. Berehala, abiadura hartu zuten joaldunek, eta arrisku guneak sortu zituzten. Izan ere, eskuinetik hartu zuten bihurgunea, eta korrikalariren bat baino gehiago estu ibili zen. Aldapa gatazkatsuaren ondotik, erorialdi franko ikusi ziren, eta Mercaderes karrikan, zezen bat erori zen.

Estafetako bihurgune makurretik, zezen batek hesiaren kontra jo zuen zuzen-zuzenean, baina ez zen erori. Berehala, nekea nabaritu zen, eta zezenak sakabanatzen hasi ziren. Ondorioz, korrika egiteko aukera hor izan zuten korrikalariek.

Jakina da Estafeta karrikan masifikazioak baldintzatzen duela korrikaldia. Eta, zezen taldeak abiadura handia izan arren, korrikalariek lasterketarik onenak egin zituzten. Hain zuzen ere, lau zezenen aurrean eta talde tenkatu batean, hutsuneak aurkitu zituzten adarren aurrean.

Kalearen bigarren zatian eta zezen plazarako jaitsieran ere, eskuinerantz egin zuten idiek, eta hor ere buru batek itxitura alderantz egin zuen. Korrikalari bat jo zuten, Espoz y Mina inguruan.

Zirraraz beterik heldu zen taldea Telefonica aldetik, lekurik zabalenera. Zezenetako batek eskuinaldeko hesiaren kontra jo zuen. Jende anitz zegoen zezen eta korrikalariei so, hesiaren bertzaldetik.

Zezen plazarako sarrera izan zen unerik arriskutsuena. Jendea pilatu zen, eta tentsioa nabaritu zen, baina, zorionez, ez ikusiarena egin zuten zezenek. Hondamendia izan zitekeen momentu horrek ez zuen okerrera egin. Hala, Nuñez de Cuvilloko animaliak plazara sartzen hasi ziren, giro zaratatsuan.

Arratsaldez, Pablo Hermoso de Mendoza, Morante de la Puebla, El Juli eta Roca Rey toreatzaileek hil zituzten zezenak. Zortzi entzierroetatik lehenbiziko entzierroari ekin zioten atzo, eta espektatibak bete zituzten.

Eguerdi partean, jakinarazi zuten sei pertsona eraman zituztela ospitalera: San Domingoko aldapan zauritu zen bat; bertze zaurituetako bat adingabea da, Udaletxe plazan erori zen, eta besoan hartu zuen min. Estafeta kalean hankan zapaldu zuten gizon bat, Espoz y Mina aldetik. Buruan kolpe bat hartu zuen beste korrikalari bat artatu zuten, Xabier karrikan. Azkenik, beste bi artatu zituzten zezen plazan.

2019an baino mantsoago

2019an, uztailaren 12ko entzierroan, Nuñez de Cuvilloko zezenek parte hartu zuten, seigarren entzierroan. Orduan, azkarrago egin zuten lasterketa: bi minutu eta 20 segundoan. Pertsona bat adarkatu zuten egun hartan.

Gaur, berriz, Fuente Ymbro ganadutegiaren (Cadiz, Espainia) txanda izanen da. Aspaldi aritzen dira Iruñeko karriketan Fuente Ymbroko animaliak, eta lasterketa garbiak osatzen dituzte zezenek normalki, lasaiak.

Aurtengo bigarrena izanen da gaurkoa, bi urteko etenaldiaren ondoren. Atzo bezala, jende anitz espero da ibilbidearen zoko-moko guzietatik.]]>