<![CDATA[Zigor Aldama | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 01 Dec 2021 04:22:03 +0100 hourly 1 <![CDATA[Zigor Aldama | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[MUNDUA ALDATU ZUEN URTEA ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/002/001/2021-01-03/mundua_aldatu_zuen_urtea.htm Sun, 03 Jan 2021 00:00:00 +0100 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1957/002/001/2021-01-03/mundua_aldatu_zuen_urtea.htm birus txinatarra edo kungflu deitzen dio, kung fu eta flu (ingelesez, gripe) hitzekin jokatuz. Beraz, ez da harritzekoa SARS-CoV-2aren jatorria, zientziaren esparruaz gaindi, arazo politiko ere bilakatu izana, eta Txina aurrez aurre jarri izana bost begiak deritzon fronte anglosaxoiko bost kideen aurka. Fronte horren barruan, Australia izan zen lehen herrialdea pandemiaren jatorriari buruzko ikerketa bat eskatu zuena, eta larrutik ordaindu du atrebentzia: Txinak eraso egin die Australiako produktuei, muga zerga handiak ezarriz: ardoari, esaterako, %212rainoko zergak ezarri dizkio. Kontraerasoa Baina Txinak beste bide batetik egin du benetako kontraerasoa. Pekinek oraindik ez die baimenik eman Osasunaren Mundu Erakundeko aditu independenteei Wuhanen ikerketa bat abiatzeko baliteke urtarrilaren hasieran egitea, eta tematuta dago koronabirusaren jatorriaren inguruan zalantza pizten. Txinako hedabideek, Alderdi Komunistak zorrotz kontrolatuta, oihartzun handia ematen diote patogenoa iazko abendutik beste herrialde batzuetan ere egon zitekeela dioen edozein informaziori adibidez, esan izan da Italian egon zitekeela-, eta agintariek zalantzarako beste bide bat zabaldu dute: inportatutako jaki ultraizoztuak. Erregimenaren arabera, SARS-CoV-2ak kutsaturik iritsi dira produktu sail batzuk, batez ere arrainenak. Areago: Pekingo Xinfadi merkatu erraldoian ekainean izandako agerraldian, Norvegiako izokina merkaturatzeko saltoki batek piztu zituen susmorik gehienak. Zientzialarien aburuz, ez da sinesgarria garraiatutako birus izoztu batek kutsatzea janari hori esku artean darabilena, baina Txinako Gobernuak horri heltzen dio, iltze gori bati nola. «Izan ere, herrialdearen irudia txukundu nahi dute: oraingo irudiaren arabera, Txina toki zikin bat da, eta arriskuan jartzen du mundu osoa, bertan gizakiek eta basabereek duten harremanaren ondorioz», komentatu du Kunshanen bizi den euskal enpresari batek -nahiago izan du bere izena ez eman-. «Legeak onartu dira hornidura azoketako higienea hobetzeko eta basa fauna babesteko, baina Txinak munduaren salbatzaile gisa agertu nahi du», gehitu du, gogoan izanik Txinako komunikabideek zein luze eta zabal jorratu zuten handik beste herrialde batzuetara material medikoa bidaltzeko egindakoa. Estrategia horretan, badago nabarmentzen den kontu bat: txertoa. Asiako erraldoiak sei txerto ditu garatzeko azken fasean, eta, oraingoz, Txina da herritar gehien immunizatu duen herrialdea. Arrisku handieneko jendeari txertoa berehala jartzeko kanpaina egitea erabaki zenetik, zenbait txerto erabili ditu, eta milioi bat laguni baino gehiagori jarri. Eta baimena eman berri du Chengdu hiriko bi milioi herritarri baino gehiagori txertoa jartzeko. Baina ez du konformatu nahi txertoak Txinan bakarrik jarrita: Sinopharmen, CanSino Bioren eta Sinovacen txertoak oso erakargarriak izan daitezke garabidean diren herrialdeentzat, merkeak direlako, eta kontserbatzen eta manipulatzen errazak. Txerto horien ahalmen guztia ustiatzea lortzen badute, baliteke oraindik gehiago sendotzea Txinak munduan duen eragina: azken batean, munduak gero eta urrunago du potentzia kolonial tradizionalen eskema, eta gero eta hurbilago Xi Jinping presidentearen planteamendua. ]]> <![CDATA[Txina indartuta atera da pandemiatik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2213/010/001/2020-09-09/txina_indartuta_atera_da_pandemiatik.htm Wed, 09 Sep 2020 00:00:00 +0200 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/2213/010/001/2020-09-09/txina_indartuta_atera_da_pandemiatik.htm
Haien mezua bat dator lehen begirada batean Txinako kaleetan ikusten denarekin. Normaltasun zaharra bere bidea egiten ari da maskaren gainetik; garraio publikoan eta jendetza handia biltzen den leku itxietan baizik ez dira derrigorrezkoak. Tartean behin tenperatura kontrolak egiten dizkiete herritarrei, baina jada inork ez dio erreparatzen infragorrien termometroak erakusten duen zenbakiari.

Txinatik barrena mugitu ahal izateko artean indarrean dago derrigorrezko aztarnatze aplikazioa, baina QR berdea da araua, eta horrek ekarri du festa giroa herrialdean zehar zabaltzea. Tabernak eta diskotekak berriz gainezka daude, adinekoek plazak eta parkeak betetzen dituzte hain gustuko dituzten taldekako dantzekin, eta gazteentzako kontzertuek gero eta entzule gehiago dituzte.

Euskal Herrian gertatzen ari denarekin alderatuta, harritzekoa da nola ireki dituzten eskolak ikasturtearen hasieran. Maiatzaren amaieran indarrean jarri ziren neurri zorrotzak —manparak norbanakoentzat eta etengabe desinfektatzen aritzea— alde batera utzi dituzte, eta orain maskarak erabiltzea hautazkoa da.

Erraza da zergatia ulertzea: Txinak ez du COVID-19 kasurik izan abuztuaren 16az geroztik. Ordutik hona antzeman diren kutsatze guztiak atzerritik ekarritakoak izan dira, eta berehala kontrolatu dituzte, besteak beste, herrialdera iristen den edonork hamalau eguneko berrogeialdia zorrotz bete behar duelako.

Birusa erauzteko estrategiak talka egiten du mendebaldean gehien zabalduta dagoenarekin —COVID-19arekin bizitzea eta hura ahal dena kontrolatzea—, baina badirudi arlo ekonomikoan ere itxaropenerako datuak ematen dituela. Berez, Txina da, Vietnamekin batera, urteko bigarren hiruhilekoan haztea lortu zuen ekonomia bakarra: BPGa %6,8 beheratu zen, baina bigarrenean %3,2 egin zuen gora, industria suspertu baitzen (+%4,8). Edonola ere, 2020aren lehen erdia negatiboa izan da: 45,6 bilioi yuaneko barne produktu gordina izan zuen (5,77 bilioi euro), 2019ko lehen erdian baino %1,6 gutxiago.

Baina inork ez du zalantzan jartzen Txinak azeleragailuari sakatuko diola urtea amaitzeko falta diren hilabeteetan. NDF Nazioarteko Diru Funtsak %1,2ko hazkundea iragarri du 2020rako, eta Moody's-ek, berriz, %1,9koa. Iragarpen horiek hobetzeko modua dagoela aurreratzen ari dira zerbitzuen azken datuak. Barne kontsumoak dakar herrialdearen aberastasunaren %57,8, eta badirudi goranzko bidea hasi duela, astiro bada ere. Txikizkako salmentak gutxitu egin ziren ekainean (-%1,8) eta uztailean (-%1,1), baina beherakadaren erritmoa moteltzen ari da, eta espero da aurki zenbaki positiboak itzultzea. «Osasun egoera kontrolpean dago, eta denak erakusten digu barne kontsumoak hazten jarraituko duela», azaldu du Zhao Qingh Estatistiken Bulego Nazionaleko funtzionarioak. Estrategiak garbia dirudi: Txinak bere barne sendotasunean du konfiantza koronabirusaren krisitik ateratzeko, eta ez munduko ekonomiaren suspertzean.

Desoreka handiak

Baina bada kezka handi bat: desberdintasun sozialak handitzen ari dira. LVMH luxuzko produktuen Frantziako multinazionalaren salmentak %65 handitu ziren urteko bigarren hiruhilekoan, eta Savills azterketa etxearen estatistikek diote goi klaseetarako merkataritza guneetan salmentak gora doazela. Baina, beste muturrean, herritar pobreenen sufrimendua ez da amaitu. Li Keqiang lehen ministroak berak onartu zuen arrakala hori, parlamentuaren urteroko bileraren amaieran gogorarazi zuenean 600 milioi herritarrek mila yuan baino gutxiago irabazten dutela hilero (125 euro).

Baliteke zenbaki horrek ez aintzat hartzea ezkutuko ekonomiaren neurria, baina esanguratsua da ikusteko dena ez dela urre. Txinako Estatu Kontseiluak iragarri du 2024rako per capita errenta 14.000 dolarrera iritsiko dela , eta Txinako BPGa munduko handiena izango dela urtebete beranduago; baina beste estatistika batzuk nabarmen okerragoak dira. Hirietan, herritarren erosteko ahalmena %9,5 jaitsi zen urteko lehen hiruhilekoan, eta %6,2 bigarrenean, batez ere telelana egiterik izan ez dutenen ondorioz. Bestalde, urtean 300.000 yuanetik gora (37.500 euro) irabazten duten familien arteko inkesta batek erakutsi du klaserik aberatsenetan erosteko ahalmena handitu egin zela bigarren hiruhilekoan.

Desberdintasunak ez dira Txinaren arazoa soilik, baina arrakala ez du gustuko igitaiaren eta mailuaren azpian biltzen den gobernu batek. Horren erakusle da Pekingo gobernua saiatu dela zentsuratzen Thomas Pikettyk Kapitala eta Ideologia liburuan Txinako desberdintasun sozialei buruz argitaratutakoa, nahiz eta Xi Jinping presidenteak berak esan zuen lan txalogarria zela.

Arazoak arazo, baikortasuna zabaldu egin da azken asteetan. Abuztuan, Txinako enpresak pandemiaren aurreko erritmoan hasi ziren kontratatzen, eta Erosketen Arduradunen Indizea —zerbitzuetako enpresen termometroa— berriro 50 puntutik gora kokatu zen, negozioa hazten ari dela erakusten duen mugaren gainetik.

Turismoa da kontsumoaren hazkundearen adibide on bat, nahiz eta haren datu onek baduten artifizialetik. Izan ere, Txinaren mugak ia-ia itxita egoteak eta gobernuak kanpotik datorren oro konfinarazteak eragin du atzerrira joan nahi zuten guztiak herrialdean bertan geratzea. Beste inon baino gehiago, Hainanen ikusten da barne turismorako joera hori: joan den hilean %60 ugaritu ziren uharte horren klima tropikalaz eta tax free dendez gozatzera joandako turistak. «Txinatarrak gertuko lekuetara doaz, oporraldi txikiagoak egin dituzte, baina egunean diru gehiago gastatzen ari dira. Kalitatezko zerbitzuek bezeroak irabazi dituzte», azaldu du Internet bidezko bidaia agentzia nagusiak, Ctrip-ek.

Zuhur ageri da gobernua, haatik. «Txinako ekonomiak lortu du gutxika-gutxika pandemiak eragindako kaltea gainditzea, baina hazkundeak oraindik badu beheranzko joera, koronabirusak artean eragin kaltegarria duelako nazioarteko ekonomian. Aldagai makroekonomiko gehienak artean kopuru negatiboetan daudenez, bide luzea dugu pandemiak kendu ziguna berreskuratzeko. Baina erakutsi dugu haren eragina kontrolatzerik bazegoela», azaldu zuen Estatistiken Bulego Nazionaleko bozeramaileak, bigarren hiruhilekoko datuak azaltzean.

Edonola ere, nahiko argi dago Txina indarturik aterako dela egungo egoeratik. Azken finean, munduko fabrika da oraindik ere, eta munduak inoiz baino gehiago behar du orain. Estatistika ulergarri batek erakusten du: IHS Markiten arabera, Txinaren esportazioak mundukoen %20 izan ziren apirilaren eta ekainaren artean, 2019ko tarte horretan baino zazpi puntu gehiago. Goranzko joera hori indartzen ari da, abuztuan Txinaren esportazioak beste %9,5 handitu baitziren.

Gerra komertziala

Donald Trumpentzat zoritxarrez, hark duela bi urte luze hasitako gerra komertzialak ez du lortu Txinaren eta AEBen arteko merkataritzaren desoreka arintzea. Kontrakoa gertatu da: Txinak AEBekin duen superabita %27 handitu da. Garbi dago Pekinek ez duela bete merkataritza akordioaren lehen fasea ixteko hitzemandakoa —hau da, 2017an baino 200.000 milioi dolar gehiagoren produktuak inportatuko zituela AEBetatik—. Are gehiago, urte horretan baino elikagai eta energia produktu gutxiago erosi dizkio.

Hori gutxi balitz, munduko bi ekonomia nagusien arteko gatazkari erregai gehiago botatzeko beste elementu bat azaldu da azkenaldian: yuan diruaren balioa kopuru harrigarriki txikietan dago. Ekonomista batzuen arabera, horrek esan nahi du Pekin bere dirua manipulatzen ari dela atzerrian gehiago saldu ahal izateko. Salaketa horiek ukatu ditu Txinako Herri Bankuak, baina onartu du esku hartzen duela truke tasa «egonkor bat» lortzeko. Hots, eragotzi nahian dabilela yuanak balioa handitzea, nahiz eta hori den oraingo egoerak bultzatu beharko lukeena.

«Txinari beti leporatzen diote zikin jokatzea; betiko potentziek finkatu zituzten arauak, haiek beti irabazteko. Lortzen ez dutenean, Donald Trumpek jokoaren arauak aldatu ditu, eta inoiz egingo ez zutela zioten hori egiten dute; kasu honetan, merkatu librearen aurka joan. Agian aldaketa da Txina gai dela arauak ezartzeko bere interesak defendatze aldera», azpimarratu du Xiongek, bere buruari te berde bat zerbitzatzen diola. Bere lantegian inork ez darama maskararik. «Koronabirusa? Zer koronabirusa?», esan du, txantxetan.]]>
<![CDATA[Gerra hotz berria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/016/001/2020-08-23/gerra_hotz_berria.htm Sun, 23 Aug 2020 00:00:00 +0200 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1917/016/001/2020-08-23/gerra_hotz_berria.htm The Economist-en argitaratutako elkarrizketa batean, Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusiak berak aitortu du mundua azkar doala bipolaritate baterako bidean: AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko gatazkan bezala. Desberdintasun nagusia da orain Txina dela bloke komunistako liderra, globalizazioaren oinarrietako bat, eta haren aliatuak ez direla eremu geografiko eta ideologikorik hurbilenekoak bakarrik; gainera, interdependentziazko harreman korapilatsuak dituzte aurkariaren blokeko zenbait herrialderekin.

«Hiru potentzia nagusiek [AEBak, Txina eta Errusia] harreman arazotsua dute, eta horrek zaildu egiten du Segurtasun Kontseiluak erabaki egokiak hartzea aurre egiten ari gatzaizkion krisiari heltzeko», azaldu zuen Guterresek. «Gerra Hotzean, aurrez ikusteko moduko gatazka batean ari ziren bi superpotentziak. Orain, ordea, egoera askoz konplexuagoa da, eta zailagoa da herrialdeek arauak bete ditzaten lortzea», gehitu zuen Portugalgo lehen ministro ohiak.

Pekinen argi dute guztiaren erruduna Donald Trump dela. «AEBetako muturreko zenbait indarrek gatazka ideologikoak sortu dituzte, eta herrialdeak alde batera edo bestera egitera behartzen ari dira makartismo berri batean. Haien helburua tentsioa eta desegonkortasuna sortzea da», baieztatu du Wang Yi Txinako Atzerriko ministroak, Vietnamgo bere homologo Pham Binh Minh-ekin izandako elkarrizketa batean. «AEBek burua galdu dute, morala galdu dute, eta sinesgarritasuna», esana zuen aurretik Wangek, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin telefonoz izandako elkarrizketa batean.

Washingtonen, istorio bera oso bestela kontatzen dute. Izan ere, Mike Pompeo AEBetako idazkariak Txinari buruzko hitzaldirik kritikoenetako bat egin zuen uztailaren 23an, esanez mehatxu bat dela demokraziarentzat. «Orain belaunikatzen bagara, gure seme-alaben seme-alabak Txinako Alderdi Komunistaren mende egongo dira», baieztatu zuen.

Egoera honetan, AEBek azaroan presidentetzarako egingo dituzten hauteskundeak erabakigarriak izango dira zehazteko zer bide hartuko duen planetako aldebiko harreman garrantzitsuenak. Trumpek zabaldu dituen borroka fronteak kontuan hartuta, logikoa dirudi pentsatzea Txinak nahiago duela Joe Biden izatea presidentea.

«Txinak oldarkor jokatzearen arriskuak eta onurak aztertzen jarraituko duen arren, azken hilabeteetan gero eta diskurtso publikoa kritikoagoa egin du egungo administrazioaren kontra, bai COVID-19ari dagokionez, bai Houstongo Kontsulatuaren itxierari eta beste gai batzuei dagokienez», adierazi dute Estatu Batuetako Segurtasun eta Kontrainteligentzia Zentrotik, eta ohartarazi Trump Pekinentzat «aurreikusten zailegia» dela, eta Txina saia daitekeela emaitzan eragiten.

Baina Alderdi Komunistako buruzagiek beti ihes egiten diote termino absolutuetan hitz egiteari, eta, haiek tartean daudenean, komeni da jokaleku begi bistakoenaz harago begiratzea. «America First politika egin izana eta buruzagi askok Trump ezjakin bat dela pentsatzea inoiz ez bezalako bultzada izan da Txinak munduan duen eraginarentzat. Txinak bete egin du Estatu Batuek erretiratzean utzi duten hutsunea, eta, horretaz gainera, orain indar handiagoa du Europako Batasunean eta halako blokeetan zatiketak eragiteko», azaldu du, Pekinen, CKGSB negozio eskolako Ekonomia irakasle batek -ez du izena ematea nahi-. «Bidenen garaipenak kalte egin liezaioke Txinari, Washingtonen atzerri politika bultzatuko lukeelako berriro, eta bloke aliatuak sendotuko lituzkeelako orain irrazionaltzat jotzen den Trumpekin elkarlanean aritzeko uzkur agertzen direnekin», aurreratu du.

AEBek Txinan daukaten Merkataritza Ganberaren analisiak ekonomia du ardatz. Bere izena ematea nahi ez duen beste kide batek dioenez, «muga zergen gerrak ez dio dirudien bezainbesteko kaltea egin Txinari. Baina Trumpek piko egin du zaurian, eta agerian utzi ditu egiturazko arazoak. Trump arazo horiek kanoiekin konpontzen saiatzen da, baina Bidenek alternatiba arrazoizkoagoak eta eraginkorragoak bila litzake, eta horiek kaltegarriagoak lirateke Txinarentzat. Txinako agintariei komeni zaie barregarri utz dezaketen presidente bat izatea Estatu Batuetan, munduak kasurik egin ez diezaion».

Iritzi horren isla garbia dira bi superpotentzien arteko merkataritzaren datuak. Urte erdia baino gehiago pasatu da Trumpek eta Xi Jinpingek akordio bat egin zutenetik bake komertzialaren lehen fasea adosteko, eta argi dago Txinak ez duela bete agindutako guztia. Txinak argudiatu du koronabirusaren pandemiak zapuztu dituela egitasmo horiek. Baina Txinaren esportazioekin ez da hala gertatu, eta hori argi erakusten dute Txinako kanpo merkataritzaren uztaileko datuek: Asiako erraldoiak %1,4 gutxiago erosi zion munduari, baina %7,2 gehiago saldu zuen.

«Trump zuzen dago: Txina arazo handi bat da munduko merkataritzarentzat, eta hori azaleratu izanak begiak ireki dizkie Europako gobernu batzuei, baina Trumpek okerreko neurriak hartu ditu arazo hori konpontzeko. Agian Bidenek hobeto egin dezake, gehienbat gaitasun handiagoa duelako Mendebaldeko beste herrialde batzuekin aliantza tradizionalak sustatzeko, arlo ideologikora eta militarrera eraman gabe Txinarekin daukaten gatazka», dio Carlo D'Andreak, Europak Shanghain daukan Merkataritza Ganberako lehendakariordeak.

Etsaiaren lagun

Txinarentzat erraza da akordioak egitea AEBen etsai porrokatuekin; besteak beste, Iranekin, Errusiarekin eta Venezuelarekin -Txinak armak ematen dizkio-. Zailagoa da, ordea, afiliazio argirik ez duten estatuak konbentzitzea, eta are zailagoa, Washingtonek haiekin harreman ona izatea lortu badu. Filipinak dira superpotentzia horiek mundu osoan hegemonia lortzeko duten borroka ondoena islatzen dutenetako bat: AEBen aliatua izan ohi da, eta elkar defendatzeko itun bat dute, baina, Rodrigo Duterte -Trump filipinarra- presidente denetik, herrialdea Txinarengana hurbiltzen hasi da.

Antzera gertatzen da Asiako hego-ekialdean Txinarekin lurralde gatazkak pil-pilean dituzten herrialde batzuekin. Vietnam, esaterako, ideologikoki nahiko bat dator Txinarekin, baina historia luzeko tirabirak dituzte, eta biak ahaleginak egiten ari dira ika-mika horiek baretzeko. Zeinek bere eragina handitzeko gerra batean dihardute ekialdeko itsasoetan, eta, Trumpek kanpo politikan atzera egin eta gero, Pekin aurrera eta aurrera ari da. «Europan ere ahaleginak egiten dabil estatu kideak elkarren kontra jartzeko, haien batasuna ahuldu eta haien negoziatzeko indarra handitzea eragotzi nahian», azaldu du Europako Merkataritza Ganberako kide batek, zeinak nahiago duen izenik ez eman. «Adostasuna guztiz oztopatzeko, aski du estatu behartsuenak bere alde jartzea; hartara, Europako Batasuna kritika eta mehatxu epelagoak egitera behartua baitago», ondorioztatu du.

Txinak arrakasta handia bildu du taloia astintzeko politikari esker. Halaxe erakutsi dugu Latinoamerikan eta Pazifiko aldean Taiwani bazkideak kentzeko duen estrategian. Horri esker, besteak beste Panamak, Solomon uharteek eta Kiribatik erabaki dute Taiwanekiko harreman diplomatikoak etetea eta Txinarekikoak estutzea. Taiwango presidente Tsai Ing-wen-en arabera, Txina «presio politikoaz baliatzen da Taiwanek nazioartean duen esparru politikoa mugatzeko».

Pekinek egiten dituen inbertsioak eta azpiegiturak polemikoak dira batzuetan, baina modua eman diote balantza bere alde makurtzeko Afrikan dituen interesei dagokienez, eta kontinente horretan handitu da gehien Txinaren presentzia. 2015etik 2018ra soilik, Pekinek 299.000 milioi dolar jarri zituen Saharaz hegoaldeko eskualdean, eta, joan deneko hogei urtean, maileguak eskaini dizkie Afrikako gobernuei: 130.000 milioi dolar baino gehiago. Txinak eraikitzen dituen azpiegiturak funtsezkoak dira garapenerako, baina mesede politikoak ere erosten ditu. Ez da kasualitatea Txinak bere mugetatik kanpo duen lehenbiziko base militarra Djibutin egotea.

Fronte guztietan AEBekiko tirabirak gero eta handiagoak direnez, badirudi Alderdi Komunistak harremanak estutzen segituko duela garabidean den munduarekin. «Mendebaldean, maiz kritikatzen da Txinak giza eskubideak ez lehenestea negozioen aurretik. Jarrera hori hipokrita da, ordea, kontuan harturik Saudi Arabia dela AEBen aliatuetako bat. Txinak bete egiten du beste herrialdeen barne gaietan ez sartzeko printzipioa; 1979tik, ez du parte hartu inongo gerratan [Vietnamgo gerraz geroztik], eta ez du borondate kolonialik», azaldu du, Shanghain, Fudango Unibertsitateko finantza irakasle batek, zeinak ez duen nahi bere izenik ematea. «Logikoa da Txinak bere interesen alde egitea. Eta, bide horretan lortzen badu beste herrialde batzuek beren ekonomia garatzea, agerian utziko du badagoela gobernantzarako beste eredu posible bat», borobildu du.]]>
<![CDATA[AGUR HONG KONGI]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/012/001/2020-07-26/agur_hong_kongi.htm Sun, 26 Jul 2020 00:00:00 +0200 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1917/012/001/2020-07-26/agur_hong_kongi.htm
Erresuma Batuaren kolonia izandakoa Txinari itzuli zioten 1997an, baina munduko ranking askotan oso urrun azaltzen dira Hong Kong eta Txina. Azken finean, herrialde bat, bi sistema eredua onartu zen Hong Kong modu ez hain traumatikoan barneratzeko Asiako erraldoian, eta, hortaz, finantza zentroak bere ezaugarriei eusteko aukera luke 2047. urtera arte. Horrek esan nahi du bere dirua baliatzen jarraituko duela —Hong Kongeko dolarra— eta sistema judizial propioari eutsiko diola, halaber, baita Txinan ez dauden askatasun batzuei ere: esaterako, prentsa askatasunari eta manifestatzeko askatasunari.

Askatasunak arriskuan

Ezaugarri bereizgarri horiek direla eta, Ameriketako Estatu Batuek aparteko lurraldetzat daukate Hong Kong, Pekinen eskuetan badago ere. 1992ko Hong Kong policy act legeari jarraituz, AEBek ez dizkio aplikatzen Txinari ezartzen dizkion murrizketa komertzialak. Salbu egon da Hong Kong duela bi urte bi potentzien artean piztu zen gerratik; hiri hartako enpresek ez dituzte ordaindu behar izan Washingtonek Txinako konpainiei jarritako muga zergak.

Halere, Txinak ekainean sinatu zuen Segurtasun Nazionaleko Legeak hankaz gora utzi ditu herrialdeko barne harremanak. Legearen sei atalen eta 66 artikuluen bidez, Pekin demokraziaren aldeko protesten aurka oldartu da, zeintzuek kaleak jende oldez bete dituzten iaztik. Sezesionismo, iraultza eta terrorismo ekintzak zigortzen ditu legeak, atzerriko esku sartzeez gain. Gobernu zentraleko segurtasun indarren bulego bat ere ireki dute, gaizkileak ikertzeko eta hiriko epaitegietan auzipetzeko. Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuak ziurtatu du atxilotuen errugabetasun presuntzio eta eskubideak bermatuko direla. «Ezohiko kasuetan», berriz, akusatuak hiriaz haragoko auzitegietan epaituko dituzte, berme legalik gabe, eta bizi guztiko kartzela zigorra ezartzeko arriskuarekin.

Legea onartzeko prozesua polemikoa izan da, edukiagatik ez ezik ohiko bideari ez jarraitzeagatik ere: Txinako Alderdi Komunistak onartu zuen zuzenean, debaterik gabe eta legebiltzar autonomikoaren bozkarik gabe. Joshua Wong demokraziaren aldeko aktibistaren arabera, legea onartuz «Hong Kongen amaiera eta izua» baizik ez dira lortuko. «Atxiloketa arbitrarioen, kartzela sekretuen, aitorpen behartuen, prentsaren aurkako kanpainen eta zentsura politikoaren garaia» datorrela gehitu du. Lege berriaren arriskuaren pean dagoela dio Wongek.

AEBek abandonatuta

Egoera horretan, Donald Trumpek ere mugitu du fitxa. Errepresioaren gorakadarekin zerikusia duten agintari txinatarren aurkako zigorrak iragartzeaz gain, Hong Kong finantza eta merkataritza zentro gisa bultzatzen zuen estatus berezia kentzea erabaki du. «Agindu exekutibo bat sinatu dut —Hong Kong Autonomy Act— Txina zigortzeko bere ekintza errepresiboengatik. Pekinek askatasuna eta eskubideak kendu dizkie hango biztanleei, eta, horiekin, desagertu egin da Hong Kong , ezingo baitu merkatu librean lehiatzen jarraitu», adierazi zuen AEBetako presidenteak.

«Aukera paregabea eman genion Hong Kongi irabaziak lortzeko, eta hala egin du. Baina, hemendik aurrera, Txinako beste edozein herri bezalakoxea izango da guretzat. Amaitu dira pribilegioak, amaitu dira tratu ekonomiko bereziak, eta amaitu dira teknologia esportazioak», adierazi zuen Trumpek. Pekinek haserre erantzun dio, eta Estatu Batuei zigor berberak ezarriko dizkiela adierazi du. Eragin gutxiago izango dute zigor horiek, politikari estatubatuarrek ez baitute beren dirutza Txinan gordetzen; buruzagi komunistek hala egiten dute AEBetan.

Edonola ere, Hong Kong da tirabira horren benetako biktima. Estatu Batuetako Merkataritza Ganberaren inkesta baten arabera, Asiako herrialde harekin harreman komertziala duten enpresen %76 kezkatuta daude Segurtasun Nazionaleko Legeak izan ditzakeen ondorioekin. %64k, ordea, baieztatu dute ez dutela Hong Kongetik alde egiteko asmorik. «Inork ez du joan nahi, baina legeak duda asko pizten ditu. Jendeak zalantzak ditu, legea anbiguoa delako eta delitu gisa jasotzen duelako atzerriko esku sartzea, benetan zertan datzan azaldu gabe», adierazi du Tara Joseph Ganberako presidenteak.

«Txinan legeak aplikatzeko dagoen arbitrariotasunean ere badago arazoa. Enpresa asko Hong Kongen kokatu dira botere judiziala ez dagoelako gobernuaren esanetara. Baina Segurtasun Nazionaleko Legeak Txinako sistema judizialean auzipetua izateko ateak irekitzen ditu, eta lehen ez zen halakorik gertatzen inolaz ere», dio hirian diharduen euskal enpresari batek —ez du izena eman nahi izan—. «Kezkatuta gaude kritikek ekar ditzaketen ondorioengatik», gehitu du.

Gazteen belaunaldia

Yau Wai-ching eta Joshua Wong bat datoz lege berriaren inguruan: haien ustez, muturrera iritsi da askatasunak kentzeko prozesua, zeina duela urte batzuk hasi baitzen, hezkuntza lege berri bat aplikatzen saiatzearekin bat. Handik gutxira, 2014an, Wong bera izan zen Aterkien iraultzako buru —M-11 eta Occupy Wall Street bake mugimenduen antzekoa—. Gazteen artean kontzientzia politikoa piztu zuen altxamendu hark, eta demokraziarako eskakizunak areagotu zituen. Iaz, estradizio lege berriak inoiz baino hongkongdar gehiago aterarazi zituen kalera manifestatzera, eta mobilizazio horiek gero eta indartsuagoak dira.

Helburua argi dute: sufragio unibertsala lortzea, gobernua demokratikoki erabakitzeko. Gero eta gehiago dira horren aldekoak, baina utopia besterik ez da Alderdi Komunista indarrean den bitartean. Hitz gutxitan, independentzia eskatzen dute. Eta kasu askotan AEBetako bandera astintzen dute, «Hong Kongen salbazioan» ausartago parte hartu dezaten. Hala eta guztiz ere, orain, edozein aldarrikapen independentista zigortu dezakete lege berriarekin esaterako, Aintza Hong Kongi protesten ereserki estraofiziala eta halako abestiak kantatzen badituzte eta Aska dezagun Hong Kong, gure garaiko iraultza gisako esloganak erakusten badituzte.

Osagai horiek guztiek ekaitz ekonomikoa eragin dute finantza zentroan: manifestazioek urte batez uxatu dituzte turistak —BPGaren %17,4 da herrialdean—, eta koronabirusak talka ekonomikoa larriagotu du, etxeko kontsumoari ere eragin baitio. Orain, enpresa eta kapitalen exodoek sortzen dute beldurrik handiena.

Pisu urriagoa ekonomian

Txinari ez zaio axola Hong Kong sakrifikatzea, horrek protestek eragiten duten kezka politikoa baretzen laguntzen badu. Izan ere, hiriak ekonomia nazionalean duen pisuak behera egin du azken hamarkadetan. 1993an, Txinaren BPGaren %27 zen Hong Kongekoa, baina iaz nekez gainditu zuen %2. Estatu Batuek abantailazko estatusa kentzeak are gehiago jaitsaraziko du ehuneko hori. Antzera gertatu da esportazioekin: 1992an, Hong Kongetik igarotzen zen Txinak atzerrira saltzen zuenaren %45, baina iaz %12 izan zen soilik. Halere, hiria inbertsio eta atzerriko dibisa iturri garrantzitsua da oraindik. Are gehiago, buruzagi, politiko eta enpresari txinatar askok han dituzte beren dirutzak.

Edonola ere, Hong Kong peoia besterik ez da Estatu Batuen eta Txinaren arteko talka geopolitikoan. Trump Etxe Zurira iritsi zenetik, hegemoniarako lehia areagotu egin da arlo askotan: komertzialetik hasita, muga zergen bidez, militarreraino, Hego Txinako itsasoko tentsioarekin. Gainera, talka dago arlo teknologikoan ere, non Huawei sakelakoen enpresa den protagonista. Ministro txinatarrek ohartu duten bezala, beste Gerra Hotz baten hasiera izan daiteke.

Huawei eta Hong Kong giltzarri dira munduaren polarizazioan. Trumpek lortua du Erresuma Batuak sakelakoen enpresa horri betoa jartzea, eta Europako Batasuna Washingtonekin bat dator Hong Kongen ezarritako autoritarismoa salatzerakoan. Estatubatuarren indarrarekin mesfidati agertu izan diren beste herrialde batzuk ere —India, esaterako— men egin dute, Himalaiako mugako tentsioen ondorioz. Posizionamendu horiek arriskuan jar ditzakete Txinaren mundua moldatzeko plana eta globalizazioa. Hong Kong, Mendebaldeko eta Ekialdeko elementuen arragoa, lehen biktima izan daiteke. Baina ez da azkena izango.]]>
<![CDATA[Pekingo agerraldiak kolokan jarri du Alderdi Komunistaren irudi ona]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2020-06-25/pekingo_agerraldiak_kolokan_jarri_du_alderdi_komunistaren_irudi_ona.htm Thu, 25 Jun 2020 00:00:00 +0200 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2020-06-25/pekingo_agerraldiak_kolokan_jarri_du_alderdi_komunistaren_irudi_ona.htm
Zorionez, foku horrek 300 kutsatze baino gutxiago eragin ditu oraingoz, eta iragan ekainaren 18an kontrolatutzat jo zuen Wu Zunyouk, Txinako Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrol Zentroko epidemiologo buruak: «Horrek ez du esan nahi kasu gehiago atzemango ez direnik, baizik eta egungo joerak horrela jarraituko duela egun batzuetan, kurba jaisten hasi aurretik, urtarrilean eta otsailean gertatu zen moduan». Wuk uste du berragertzeak saihetsezinak direla -Hego Korean ere gertatu dira- eta munduak, asko jota, kontrolatu baino ezin dituela egin. Horretarako, Txinak bere prebentzio estrategiaren aldeko apustu garbia egin du: test masiboak -milioi erdi bat herritarri baino gehiagori Pekinen- eta positiboen arrastoa jarraitzea.

Agerraldi gehiago

Pekingoa izan da orain arteko fokurik larriena, baina Asiako erraldoiak gehiago ere izan ditu, kutsatzerik gabeko hainbat egun kateatu eta gero. Suifenhe herrian izan zen lehena. Hainbat txinatarren itzulerak eragin zuen: hegaldiak bertan behera utzi zizkieten, eta Siberia zeharkatu zuten, Txinara ipar ekialdetik sartzeko. Gehiago ere gertatu ziren Harbinen -iparraldean- eta Guandongo zenbait klusterretan ere. Astebete baino lehen bakartu eta kontrolatu zituzten guztiak. Txinako Gobernuaren neurri zorrotzen eraginkortasunaren beste adibide bat dira.

Pekinek hiru arazo izan ditu. Lehena, agerraldia merkatu oso jendetsu batean gertatu zela. Izan ere, Xinfadikoa ez da edozein merkatu: Pekingo 22 milioi hiritarrek kontsumitzen duten frutaren eta barazkien %90 saltzen dira bertan. 10.000 langilek baino gehiagok lan egiten dute han. Beraz, lehenengo kutsatze kateari beste batzuk kateatzeko arriskua zegoen. Hori gutxi balitz bezala, Huanango (Wuhan) merkatuko lehen agerraldiarekiko antzekotasuna hain handia zenez, jende asko izutu zuen.

Bigarrena, ez zegoela argi agerraldiaren jatorria zein zen: aurrena esan zuten inportatutako izokinak eragin zuela; baina gero baieztatu zuten lagin horiek positibo eman zutela, haien ingurua kutsatuta zegoelako. Horrek erakusten du halako azpiegituretako higiene baldintzak zein kaskarrak diren.

Eta hirugarrena, kezkagarria dela Xinfadin aurkitutako birusaren anduia Europako ohikoena dela; ez hain ohikoa, ordea, Txinan. Batzuek uste dute datu hori arrazoi politikoengatik nabarmentzen dutela, baina Wuk zehaztu zuen arazo bat izan daitekeela txertoa garatzeko orduan.

Txina SARS-CoV-2 birusaren kontrako txerto bat garatzeko lehiaren buruan dago. Adituek diote txertoa funtsezkoa izango dela normaltasun berrian Pekingoaren moduko kasuek egoera ez aztoratzeko. Ia hamar txerto garatzen ari dira Txinan, eta batzuk jada esperimentuen bigarren fasean daude. Horrek esan nahi du frogatu dutela ez direla arriskutsuak gizakientzat, eta orain eraginkortasuna frogatu behar dutela, zientzialariek dosi egokiak zehazteko. Boluntario osasuntsuak erabili dituzte balizko txertoak probatzeko. CanSino Biologics enpresa armadarekin batera garatzen ari dena zenbait arrisku talderi ere eman diete: atzerrira joandako langileei eta hegazkinetako eskifaiei.

Alderdi Komunista

Txertoen arrakastaren esku dago, ez bakarrik munduaren ongizatea, baita Txinaren irudia ere, munduko potentzia gisa. Zeren Alderdi Komunistak lider arduratsuaren irudia eskaini nahi du AEBekin duen kontakizunaren lehian. Irudi hori emateko ahaleginean lagundu diote osasun krisiaren kudeaketa onak eta medikuntza materialaren salmentak -batzuetan laguntzaren mozorropean-. Baina txertoa garatzeko lasterketa beste maila batean dago, ospe teknologikoarenean. «Txinak munduari erakutsi nahi dio gai dela eremu teknologikoan ere herrialde garatuekin lehiatzeko, eta birusaren kontrako txertoa funtsezko pieza da hori lortzeko», azaldu du estatuaren komunikabide bateko kazetari batek. Ez du bere izenik eman nahi.

Baina, jakina, gerta dakioke kukuak oker jotzea. Horren erakusgarri izan daitezke Txinak jaso dituen kritikak, izurritearen hasieran izandako opakutasunagatik, koronabirusa Wuhanen aurkitu zutenean. Izan ere, Donald Trump AEBetako presidentea pandemia arma gisa erabiltzen ari da. Eta Josep Borrell Europako Batasunaren diplomaziaburuak esan du ez dela «naif-a izan behar». Borrellentzat Txina «arerio sistemikoa» da.

«Koronabirusak larriagotu egin du bi superpotentzien arteko gerra», Xu Binen iritziz. China Europe International Business Schooleko Finantza irakaslea da. Borroka hori Trump agintera iritsi aurrekoa dela gehitu du. «Sistemen talka bat da, Gerra Hotzekoaren parekoa. Ezberdintasuna da mundu globalizatu honetan elkarrekiko mendekotasunak askoz ere handiagoak direla. Hornidura kateak etetea eta Txinak osasun materialaren ekoizpena monopolizatzea globalizazioaren kontrako mugimendu bat eragiten ari da, baita enpresaburuen artean ere. Eta agerikoa da dibertsifikazioa nagusituko dela».]]>
<![CDATA[Bitcoin txinatarra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2025/018/001/2020-06-09/bitcoin_txinatarra.htm Tue, 09 Jun 2020 00:00:00 +0200 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/2025/018/001/2020-06-09/bitcoin_txinatarra.htm
Ordainketa elektronikoak herrialdean oso barneratuta daudela aprobetxatuz, Txinako Herri Bankuak urratsa egin du, eta munduko lehena bihurtu da Blockchainen eta teknologia kriptografikoan oinarritutako dibisa digital subirano bat garatzen. Hala ere, kriptomoneta gehienen (Bitcoin) kontrako helburua izango du: harekin egindako eragiketa guztiak arakatzeko balioko du, eta gobernuari emango dio informazio guztia.

Helburu ofiziala da kapital ihesaren, diru garbiketaren eta espekulazioaren aurka egitea, baina baita Txinako dirua nazioartekotzea dolar estatubatuarraren aurrean, eta finantza transakzioetan txipen eta Swiften mendekotasuna murriztea ere —AEBek kontrolatzen dituzte mekanismo horiek—. «Dolarren likidazioa egiteko egun dagoen sistemaren alternatiba praktiko bat da dibisa digital subirano bat sortzea, eta herrialde horren [AEBen] isunen edo bazterketa mehatxuen eraginetik babesten zaitu», argudiatu du China Daily egunkari ofizialak.

Bi superpotentzien tentsio une honetan, Txinako hedabide batzuek uste dute dibisa digital berria «hirugarren olatu» bat izango dela AEBen kontrako borrokan. Izan ere, Pekinek salatu du Facebooken libra diruak eta haren moduko proiektuek herrialdeen subiranotasunaren aurka egiten dutela; horregatik, kriptomoneta guztiak debekatu dituzte Txinan. «Imajinatu zirkulazioa onartzen dugula eta Facebookeko dirua yuanetan eros daitekeela. Horrek diru aldaketa handia eragingo luke, eta, azkenean, yuanak balioa galduko luke», azaldu du Mu Changchun banku zentraleko Dibisa Digitalen Institutuko buruak. Herrialdeko agintariek uste dute dibisa digitalak estatuek bakarrik egin beharko lituzketela.

Haiena, Ordainketa Elektronikoetarako Diru Digitala (DCEP, ingelesezko siglengatik) izenekoa, maiatzean hasi ziren erabiltzen hainbat hiritan abiarazitako proiektu pilotu batean, eta herrialdeko eta nazioarteko hainbat enpresaren laguntzarekin. Suzhou hirian, adibidez, gobernuak dibisa digital berriaren bidez ordainduko dizkie funtzionarioei garraiorako jasotzen dituzten diru laguntzen erdiak, eta Xiong'anen, Pekindik gertu sortutako zentro teknologiko berrian, ostalaritzako multinazionalek onartuko dute.

Diru «politiko» bat

Paperezko diruarekin eta txanponekin egiten den bezala, DCEPa banku komertzial nagusiek jartzen dute zirkulazioan — Txinan, publikoak dira—; erabiltzaileek euren diru zorro elektronikoetan gordetzen dute, eta transakzioak egiteko erabil ditzakete, baita Internetera konektatuta ez daudenean ere. Interfazea, Txinako Nekazaritza Bankuak martxan jarri duen beta bertsioan behintzat, ordainketa mugikor komertzialen aplikazioen oso antzekoa da, eta, beraz, adopzio errazekoa. Transakzioak itxi daitezke QR kodeak eskaneatuz, eta NFC txipa erabiliz, kontakturik gabeko ordainketetarako.

«Erabiltzailearen ikuspuntutik alde handirik ez dago. Aldaketa garrantzitsuena banku zentralak gainbegiratzearen ikuspegitik etorri da, eta ordainketa, negozio eta gobernantza sozialerako moduen etorkizunari begira», adierazi zuen Xu Yuan Peking Universityko irakasleak CCTV telebistari emandako elkarrizketa batean. «Teorian, dibisa digitalarekin bankuak alde batera utz litezke. Baina proiektu hori, teknologikoa baino gehiago, politikoa da», gaineratu zuen Union Payko langile batek.

Alipay eta Wechat zerbitzuetatiko desberdintasunen artean dago gordailuetarako ez dela banku komertzialik erabiltzen, banku zentrala bera baizik —erabiltzaileak ez du zertan kontu korronte batekin erregistratu—; beraz, teorian behintzat, ez litzateke komisiorik egongo ordainketetan. Gainera, DCEPa zirkulazioan dagoen diruaren (M0) baliokidea da, eta horrekin egiten diren transakzioak banku zentralak bakarrik gainbegiratzen ditu. Oraindik ez dago zehaztuta diru berria modu ofizialean eta herrialde osoan noiz jaulki duten, baina ordutik aurrera ezin izango da atzera bota ordaintzeko modu gisa.

Gobernuaren zaintzapean

«Badirudi eskudiruaren amai-eraren hasiera dela. Ondo iruditzen zait Txina kriptomoneten mehatxuen aurrean blindatzea, askotan delitu ekonomikoak egiteko erabiltzen baitira, baina pribatutasuna amaitu ahal izateak ere kezkatzen nau, baita gobernuak gure ohitura guztien berri izateak ere», adierazi du Lin Weik, Jiaotongeko Unibertsitateko ekonomiako ikasleak.

Txina ez da dibisa digital subiranoak garatzen ari den bakarra —Japonia ere aztertzen ari da—, baina Pekinek urrats garrantzitsua egingo du lortzen badu DCEPa sartzea bere proiektu global handietan, hala nola Zetaren Bide Berrian. Herrialde ugarik, batez ere garapen bidean direnek, DCEPa hartzen badute, dolar estatubatuarrak kolpe latza hartuko du dibisa hegemoniko gisa, eta Txinari planetan egiten diren transakzio guztiei buruzko datu kopuru izugarria emango dio.]]>
<![CDATA[Txina, V-aren aldeko apustuan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2004/012/001/2020-05-14/txina_v_aren_aldeko_apustuan.htm Thu, 14 May 2020 00:00:00 +0200 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/2004/012/001/2020-05-14/txina_v_aren_aldeko_apustuan.htm normaltasunaren lehen zantzuak erakutsi ditu Txinan. Turismoa berpizten hasi da, eta kontsumoa, krisi aurreko mailatik urruti egon arren, osatzeko bidean dago. Pekingo gobernuak neurri sendoak hartu ditu normaltasuna lehenbailehen berreskuratzeko.]]>
Oporraldia suzko proba bat izan da desberdinak diren bi esparrutan: batetik, balioko du pare bat aste barru erakusteko eraginkorrak ote diren epidemiaren bigarren olatua eragozteko Txinak hartu dituen segurtasun neurriak. Oilo ipurdia jartzeko irudiak ikusi baitira eremu turistikoetan, esaterako Hangzhouko Mendebaldeko Lakuan, Shanghaiko Xintiandiko tabernen eremuan, eta Shenzhengo hondartzetan. Bestetik, kontsumoaren susperraldiaren arrakasta zenbatekoa den ikusteko termometroa izan da.

Estatistikak oso argiak dira: maiatzaren 1aren eta 5aren artean, 115 milioi bidaia egin zituzten txinatarrek, eta 6.100 milioi euro baino gehiago gastatu zituzten. Aurreko urteko zubiarekin alderatuta, kopuru apalagoak dira horiek. Zehazki, bidaia kopurua %41 txikiagoa izan da, eta diru sarrerak 9.000 milioi apalagoak izan dira. Baina esperantzarako hauspo garrantzitsu dira, kontsumoa uste baino azkarrago suspertzeko gai dela erakusten dutelako.

«Indarrean dauden debeku guztiak kontuan hartuta —Txinako turismo guneen %30 itxita daude oraindik eta beste hainbat muga jakinekin hartu dituzte bisitariak—, kopuru izugarriak dira», esan dio Peking Universityko irakasle Cao Hepingek Global Times egunkariari. Txinako prentsa ofizialak hainbat analistarengana jo du errealitate baikorra erakusteko helburuarekin, eta aditu horiek ados dira munduko bigarren ekonomiak uste baino azkarrago gaindituko duela urteko lehen hiruhilekoan jasotako jipoia; BPGaren %6,8ko erorikoa izan zuen urtarriletik martxora.

L bat, U bat edo V bat. Munduko herrialde guztiek aurrez aurre duten galdera handia da beren ekonomiak zein joera hartuko duten koronabirusaren pandemiaren ostean. Txinak baikorrenaren aldeko apustua egin du: garaipena islatuko lukeen V-aren aldekoa. Banku Zentraleko gobernadore Yi Gangek iragarri du hazkunde ekonomiko azkar bat izango dela urteko bigarren hiruhilekoan, «herrialdearen gaitasunaren pareko tasa bat lortu arte». Yik gaineratu du Asiako erraldoiaren lehentasuna enplegua dela, eta, horregatik, enpresa txikien eta ertainen likidezia arazoak konpontzeko helburua dutela gidatzen duen erakundearen politika makroekonomikoek.

Luis Galanek, 2Open komertzio elektronikorako aholkularitza enpresako fundatzaileak aitortu du bere enpresak jaso dituela gobernuak onartutako laguntzetako batzuk. «Batetik, enpresen zerga BEZ moduko bat da, eta diru sarreren arabera pagatzen da; bada, erdira jaitsi da tasa, %6tik %3ra. Bestetik, Gizarte Segurantzaren kuotak apaldu egin dituzte bost hilabetez, erdira».

Fagor Automationeko Asiako arduradun Iñaki Antoñanzasek, berriz, kalkulatu du laguntza horiek guztiak lantalde osoaren soldata baten parekoak direla, eta erantsi du enpresaren instalazioen alokairuak merkatu egin direla, egoera ekonomikora egokitzeko.

Baina ezer gutxirako balio du horrek publikoak ez badu kontsumitzen. Urtarriletik martxora txinatarren diru sarrerak %3,9 uzkurtu ziren batez beste, eta kasik %5 landa eremuetan. Mundu mailako ziurgabetasuna ere hor dago, eta horrelakoetan aurreztera jotzen dute herritarrek, ez gastura. Beraz, hala agintariek nola atal pribatuak martxan jarri dituzte hainbat ekinaldi hain garrantzitsua den kontsumoa pitz dadin.

Guangzhouko ardo inportatzaile Carlos Mirandak azpimarratu du deskontu bonuen neurria, Guangdong probintzian ezarriak lehenik eta Txina osora zabalduak gero. «Gobernuak QR kode batzuk ateratzen ditu astero; sakelakoarekin eskaneatuz gero, deskontuak lortzen dira aste horretan: adibidez, hiriko dendetan 150 yuan gastatzen badira, 50 aurrezten dira. Beraz, denak kodeak eskaneatzen gabiltza orain, eta mota guztietako erosketak egiten».

Kupoien garrantzia

Itxuraz, sistema badabil. Shanghaik, Txinako hiriburu ekonomikoak, komertzio elektronikoan aritzen diren plataformekin adostu du kontsumitzaileei kupoi horiek ematea 6.700 milioi yuanen balioarekin (116 milioi euro). «Hiritarrei esku dirutan emandako kopuruekin alderatuta —Hong Kongen egin duten moduan—, sistema hau eraginkorragoa da kontsumoa hauspotzeko, Txinako herritarrak aurreztera ohituta baitaude», diote Shanghaiko agintariek. 24 milioi biztanle ditu hiriak, eta ekainaren 30era arte indarrean izango da kupoien sistema hori.

Gobernuaren deskontu-bonu horiez gain, txikizkako merkataritzak beste hainbat eskaini ditu, batik bat tabernek eta jatetxeek. «Maiatzaren Leheneko zubiko egunak espero baino askoz hobeak izan dira. Iaz baino bezero gutxiago izan ditugu, baina batez besteko gastuak gora egin du», dio Lu Pingek, Shanghaiko gau giroko taberna bateko arduradunak. Haren aretora sartzeko ilarak egon ziren asteburuan.

«Kupoiek gure irabazia txikitzen dute, bai, baina bezeroak erakartzeko balio dute, eta gastuak estaltzeko. Horrelako neurririk gabe, ezin genioke aurre egingo alokairuari eta soldatei, eta ixteko bidean ginateke», azaldu du Chen Haibok, Beef & Liberty hanburgesa kateko arduradunak. 50 yuaneko deskontua lortzeko kupoiak banatzen izan da, 150 yuaneko kontsumoetan baliatzeko. «Neurri horrek balio du kalera ateratzeko eta kontsumitzeko ohitura berreskuratzeko, bezeroei konfiantza emateko koronabirusaren aroan». Jangela beterik dauka, estrategiak emaitzak eman dizkio eta.

Beste negozio batzuek ez dute behar pizgarririk eskaera erraldoiak lortzeko. Tifaniss Queen da horietako bat, eztei argazkietako alorrekoa. «Bi hilabetez itxi behar izan genuen, eta bikote askok ezkontza bertan behar utziko zutela pentsatu genuen. Baina ez da horrela izan. Aitzitik, ilusio handiagoa dago orain, eta batzuek produktu garestiagoak hartu dituzte orain». Hongkouko bulegoko langile Lin ez dabil gezurretan: bezeroen joan-etorria etengabea da Tian'aiko kalean. Erromantikoak izan nahi duten argazkiak ateratzen dituzte.

Aurrekotik urruti

Txinako sistema kontsumoa suspertzeko eta jarduera berreskuratzeko abantailak ematen dituen arren, argi dago izugarri zaila izango dela pandemiaren aurreko kopuruak lortzea. Txinako Turismo Akademiak aurreikusi du aurten 932 milioi bidaia gutxiago egongo direla 2019an baino, eta horrek 151.000 milioi euroren galera ekarri diola sektoreari. Eta eskaera globalaren geldialdiak, gainera, nabarmen eragingo dio industriari eta kanpo merka- taritzari.

Galanek ordezkatzen dituen enpresek gero eta gehiago saltzen dute ziberespazioan. «Offline ataletik online-ra doaz salmentak; martxoan %10 hazi dira, eta %30eko kuota daukate jada merkatu osoan. Azaroan lortu izan dute maila hori, ezkongabeen egunean». Komertzio elektronikoa hazi den arren, horrek ez du esan nahi kontsumoa orokorrean hazten ari denik. «Hazkunde horrek ez du %20ko erorikoa orekatzen».

Edonola ere, analistek uste dute normaltasuna berreskuratzea zaila izango den arren, Txinak badituela tresnak eta indarra helburu hori lortzeko.]]>
<![CDATA[Normaltasunetik urrun]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2020-04-08/normaltasunetik_urrun.htm Wed, 08 Apr 2020 00:00:00 +0200 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2020-04-08/normaltasunetik_urrun.htm
Tangen kasuak frogatzen du zein zaila izango den Txinan normaltasuna berreskuratzea, behin koronabirusa erabat gainditu ostean. Joan den hilaren 17an Hubeitik -epidemiaren epizentrotik- Huizhoura joan, eta LED argiak egiten dituen Adayo enpresako bere lanpostura itzultzeko baimen bat jaso zuen gizon bat da Tang. 30 urteko gazte honek autoan egin zituen bi hiriak banatzen dituen ia mila kilometroko bidea, emazte, seme eta gurasoekin. Arriskurik ez zuela frogatzen duen gobernuak emandako kode berdearekin joan zen. 22an lanera itzuli zen, eta, hiru egun geroago, auzokoen batzordeak koronabirusaren proba egiteko eskatu zion: positibo eman zuen.

Antza denez, sintomarik gabeko milaka kutsatuetako bat da Tang. Eta horrek eragin du harekin kontaktuan egondako 70 pertsona inguru berrogeialdian jarri behar izatea, nahiz eta haren senideek proban positiborik eman ez. Ez dago argi sintomarik garatzen ez duten pertsona hauek infekziosoak ote diren, baina, Tangena bezalako kasuek eragiten duten alarmaren ondorioz, halakoak ere kasu ofizialetan sartzen hasia da gobernua joan den asteazkenetik.

Enpresa guztiek Tangi gertatutakoaren modukoak saihestu nahi dituzte, kostu handia eragiten dutelako une bereziki delikatu batean. Gainera, egun bizi duten zalantzaz beteriko egoera ekonomikoan, konpainia gehienak jendea kaleratzen ari dira. Asko beldur dira egoerak ez ote dien Hubeiko herritarrei egingo kalterik handiena, eta sindikatuek gogorarazi behar izan dute probintzia horretakoa izatea ez dela arrazoi aski inor kaleratzeko. «Inork ez ditu kontratatu nahi, kutsatzeko beldur direlako. Guri galdetu digute ea lanerako hartuko ote genituzkeen, eta nik ez dut oztoporik ikusten, betiere osasuntsu baldin badaude. Kontua da orain ez dugula langilerik behar», azaldu du Asier Bidegurenek, Kataluniako Ponsa enpresak Dongguanen duen plantako arduradunak. Enpresak galera handiak izan ditu nazioarteko merkatuak erabat itxi ostean.

Lehenengo segurtasuna

Produktu manufakturatuen enpresak kolokan daude. Fabrika gehienek lortu dute makinak martxan jartzea, baina aurrez segurtasun neurri zorrotzak bete behar izan dituzte: besteak beste, langile guztientzako maskara eta eskularru nahikoak dituztela bermatuz eta lanpostu guztien arteko segurtasun tarteak ezarriz. «Ikuskaritza zorrotz bat igaro beharra dago irekitzeko baimena jaso ahal izateko», azaldu du Antxon San Miguelek, Tucaik Ningbon duen plantako arduradunak.

Une horretatik aurrera, edozein langile kutsatuz gero, enpresak baimena galduko luke eta kolpe gogorra jasoko. Guangzhoun, otsailaren 9an, lanera itzuli zen bulego batean ere gertatu zen. Astebete geroago, langileetako bati COVID-19aren sintomak atzeman zizkioten, eta lantalde osoa jarri behar izan zuten berrogeialdian. Milioika euroren galerak izan dituzte.

Horiek hala, gero eta gehiago dira lanera itzultzeko adina langile dituzten enpresak, baina eskarien zerrenda hutsik dago. Horixe gertatu zaio Leftpocketi. Espainian eta Malaysian ordezkaritzak dituen animaziozko ekoiztetxe honek itxi egin behar izan zuen mundua oraindik martxan zenean, eta, orain, lanera itzul daitekeenean, ez dauka zerekin hasi. «Langileen %90 lanean dira, baina proiektuetako asko epemugarik gabe atzeratu dituzte, eta beste batzuk bertan behera geratu dira», dio arduradunak, Yu Xinek.

Elikagai izoztuak ekoizten ditu Haisuk, eta esan du horien kontsumoak hondoa jo duela, eta osasun krisiari jarraituko dion krisi ekonomikoa ez dela saihesten erraza izango. «Gure bezeroak hotelak eta hegazkin konpainiak dira, galerarik handiena izan duten sektoreetatik bi. Mundu globalizatu batean, inor ez da gai besteek jasaten duten kaltea erabat saihesteko. Horregatik, espero dugu gainerako herrialdeek ahalik eta azkarrena gainditzea koronabirusa», esan du Cao Zhehuik, enpresako zuzendariak. Fabrikan, bulego gehienak hutsik daude, eta hogei bat langile soilik daude beren lanpostuetan.

Txinako kaleak bizitzara itzultzen ari dira, baina, arnasari ere eusten diote koronabirus osteko egoera honetan. «Egia da Txinan dena berriz irekitzen ari direla. Baina ixten ere ari dira. Zehazki fabrikak ixten ari dira birusarengatik. Mendebaldeko birusarengatik. Maskarak edo haiekin lotutako gaiak edo birusarekin lotutakoak egiten ez dituzten Txinako fabrikentzako eskariak bertan behera geratzen ari dira, eta haietako batzuk itxi egin behar izan dituzte», azaldu du Luis Galanek, Txinako merkataritza elektronikoan espezializatutako 2Open aholkularitza bulegoaren sortzaileak. Ikerketa baten arabera, Txinan bakarrik 200 milioi lanpostu desager daitezke aurten.

Zinemak dira beste adibide bat. Bi hilabetez itxita egon ostean, joan den larunbatean Shanghain pelikulak ematen hasteko asmoa zuten. «Eserlekuak antolatu genituen, agintariek eskatu bezala, bi ikusleren artean beti bat libre egon zedin, kutsatzeak eragozteko, eta butaka horiek blokeatu ere egin genituen, behin pelikula hasita jendea tokiz alda ez zedin», esan du Lik, Wanda kateak Shanghain duen areto bateko langileak.

Baina ateak irekitzeko zorian zeudenean, eta sarrera gehienak salduak zituztenean, agintariek kasu bat aurkitu zuten Zheijiang probintziako areto batean, eta baimenak erretiratu zituzten. Beraz, zinemek itxita jarraitzen dute, jendetza bil daitekeen aisialdiko gainontzeko gune guztiek bezala. «Gobernuak iragarri badu ere milaka sarrera erosiko dituela eta laguntzak emango dituela, industriak kolpe gogorra jaso du», baieztatu du Lik.

Pauso bat atzera

Txinak ez du arriskurik nahi, eta kontu handiz dabil. Koronabirus kasuak ia erabat desagerraraztea lortu ostean, Alderdi Komunista neurriak hartzen ari da jarduerak abian jartzeko baina, aldi berean, piztaldi berriak eragozteko. Zientzialariek ohartarazi dute gerta daitekeela, eta horregatik, normaltasunera itzultzeko prozesua mailakatua izaten ari da.

Eskolak zabaltzen

Eskolak irekitzeko erabakian ez dirudi atzera egiteko asmorik dagoenik. Qinghain, Txinako ipar-mendebaldean, martxoaren 9an zabaldu zituzten hezkuntza zentroak. Astebete geroago, tokian tokiko azken kasua agertu zenetik 35 egun igaro ostean, Xinjiangek eta Guizhouk bide berari jarraitu zioten, eta adin guztietako ikasleak eskolara itzuli ziren. Orain kasu berriak ez dituzten guztiek egingo dute gauza bera datozen egunetan.

Hala ere, ohartu direnez 300 milioi ikaslek ikasturtea ez galtzeko balio izan duten Internet bidezko klaseek ez dutela aurrez aurrekoen intentsitate bera, gobernuak iragarri du unibertsitatera sartzeko proba hilabetez atzeratuko duela: selektibitatea, munduko azterketa gogorrenetariko bat, uztailaren 7 eta 8an egingo dute herrialde osoan, Hubein izan ezik; han, epidemiaren epizentroan, bertako agintariek erabakiko dute azterketaren data.

Txinaren adibideak balio dezake jakiteko noiz itzuliko diren klasera munduko gainontzeko txokoetan. Eta jakiteko zein baldintzatan zabalduko dituzten eskolak, segurtasun tartea ikasmahaien artean ere ezarri dutelako: lehen bi ikasle esertzen ziren tokian, orain bakarra esertzen da, eta mahaien artean metro eta erdiko tarteak egon beharko du. Horrez gainera, ikasgelak egunean behin baino gehiagotan garbitzen dituzte.

Eskolak zabaldu bitartean, gainontzeko ikasleak gailu mugikorren bitartez ikasten jarraitzen dute. Irakaslearen azalpenak jasotzeko aplikaziorik erabiliena Ding Talk da. Merkataritza elektronikoaren erraldoiak, Alibabak, diseinatutakoa, eta gehienek goratu egiten dute. «Erabiltzeko oso erraza da, eta ez du sare oso azkarrik eskatzen», baieztatu du Liao Weilinek, Shanghaiko Lehen Hezkuntzako irakasle batek. Hori bai, berak ere aitortu du online klaseak ez zaizkiela guztiei berdin iristen. «Hiri handietan ez dira arazo, baina eremu txiroenetan desberdintasunak handitu ditzakete, denek ez baitute Internetik. Beraz, hoberena, aurrez aurreko klaseetara itzultzea da», amaitu du. Bigarren pandemia bat saihestea da Asiako erraldoiaren lehentasun nagusia.]]>
<![CDATA[Txina munduaren beldur da orain]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/010/001/2020-03-21/txina_munduaren_beldur_da_orain.htm Sat, 21 Mar 2020 00:00:00 +0100 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1881/010/001/2020-03-21/txina_munduaren_beldur_da_orain.htm
Asteetan hutsik egon dira aireportuak, eta orain milaka lagun ari dira direnak eta ez direnak egiten Txinara bueltatzeko. «Seguruago sentitzen naiz hemen», adierazi du telebistan Alemaniatik iritsi berri den bidaiari batek. Behin-behineko egoitza batzuetara eramaten dituzte bidaiari guztiak: deklarazioa hartzen diete, koronabirusaren probak egin, eta zehazten diete non egin behar duten berrogeialdia. Hasieran gobernuak berak hartzen zuen bere gain horren gastua, baina, ikusita zenbat bidaiari ari diren iristen, nork bere sakelatik pagatu behar du dena.

Antxon San Miguel euskal herritarra Ningboko lantoki batean aritzen da, eta uste du zortea eduki duela, eragotzi baitute emaztea eta bi alabak hotel batean edo bakartze eremu batean sartzea: etxean itxita daude. «Agintariek ez didate onartzen haiekin inolako kontakturik izatea, eta mendialdeko hotel batera joan naiz». Txinaren lana goraipatu du San Miguelek: «Une oro ari dira artatzen emaztea eta alabak: mediku bat egunero joaten zaie tenperatura hartzera, eta erosketak etxera igotzen dizkiete».

Txundituta

Birusa berriro zabaltzea eragotzi nahi dute agintariek. «Oraingo helburua da beste infekzio olde bat ekiditea: 1918an hori gertatu zen gripe espainiarrarekin. Gobernuak ez ditu mugak itxi nahi, baina ez du arriskurik hartu nahi, pikutara joango bailitzateke koronabirusa garaitzeko egindako sakrifizio osoa». Guillaume Zagury mediku espezialista mintzo da: SARS birusaren krisia bizi izan zuen Txinan 2002 eta 2004 artean, eta harrituta dago Europaren ekintza faltarekin. Hala daude Txinako herritarrak ere: txundituta, ikusita Mendebaldeko gobernuek ez dituztela ixten oinarrizkoak ez diren enpresa guztiak. «Uste dut mundu osoak ikasi beharko lukeela Txinaren esperientziatik», nabarmendu du Liao Yinglingek. Shenzhengo enpresa teknologiko batean lan egiten du, eta hilabete baino gehiago eman du etxetik atera gabe.

«Urtarrilaren 19an bueltatu nintzen, Urteberria familiarekin pasatzeko, eta 21ean utzi nion kalera ateratzeari. Martxoan itzuli naiz ohiko bizimodura, baina maskararekin ibiltzen naiz beti», azaldu du. «Denaren beldur izan naiz. Jakina, infekzioaren beldur, nire gurasoak adinekoak direlako. Baina izan dut lanetik kaleratuko ninduten beldurra ere. Zorionez, etxetik aritu naiz lanean, eta ez zaigu ezer falta izan, modua izan dugulako Internetetik erosketak egiteko. Hau izan da familiarekin denbora gehien igaro dudan garaia, eta tentsiozkoa izan da harremana. Bi gauza dira eramaten zailenak berrogeialdian: ziurtasunik eza eta elkarbizitza. Ohartu naiz nolako belaunaldi arrakala daukagun Txinan: iritzi kontrajarriak dauzkagu ia denean, eta ez dakigu zeri buruz hitz egin liskarrean hasi gabe».

Ez zaio arreta handirik jartzen itxialdiaren alde psikologikoari, baina ez da gai hutsala. Hainbat ikerketak ohartarazi dute izu atakeak sor daitezkeela, edo depresioak. «Hasieran, psikologikoki eragin zidan itxialdiak. Uste nuen ondo etorriko zitzaidala idazteko, baina antsietatez nengoen, eta ezin nituen teklak sakatu. Sare sozialak begiratzen aritu naiz, kezkatuta, eta horrek areagotu egin dit ezinegona». Huang Jiashi idazlea da, eta komunitate kudeatzaile lanetan dihardu Nanjing hirian, Jiangsu probintziako hiriburuan. «Dena amaitzen denean, izugarria da saria: ez dago sentsazio hoberik berriro kalera irtetea eta eguneroko zereginetara bueltatzea baino».

Nolanahi ere, normaltasunetik urrun dago Txina oraindik. Derrigorrezkoa da maskara erabiltzea; enpresa askok oraindik ez dute lortu berriro martxan jartzea, eta lehen datu ekonomikoek suntsipena erakusten dute: urtarrilean eta otsailean, aktibo finkoen inbertsioa %24,5 jaitsi da; kontsumoa, %20,5; eta industria produkzioa, %13,5.

Hu Xiaok aitortu du ez dela eramanerraza izan berrogeialdia, baina harro agertu da herrialdeak izandako jarrerarekin: «Kolektiboaren interesak jarri dira norberarenen gainetik; osasuna lehenetsi da ekonomiaren aurretik. Uste dut jendeak arduraz jokatu duela, eta bere ongizateari muzin egin diola kexa gehiago egin gabe, agintariek agindutakoari jarraikiz. Ez nago ziur berdin jokatuko duten beste herrialde batzuetan».

Ez da beldur hori agertu duen bakarra. Areago, beldur hori aitzakia hartuta, ekintza arrazistak ari dira zabaltzen, txinatarrek Europan jasan zituztenen gisakoak. «Ez didate inon sartzen uzten, Espainiako pasaportea daukadalako», kontatu du Shanghain ari den langile euskal herritar batek —ez du izenik eman nahi izan—.]]>
<![CDATA[Ekonomia kutsatua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1906/004/001/2020-02-29/ekonomia_kutsatua.htm Sat, 29 Feb 2020 00:00:00 +0100 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1906/004/001/2020-02-29/ekonomia_kutsatua.htm
Baina ez da erraza izango munduko fabrikaren motorra berriro abiaraztea. Pekingo CKGSB negozio eskolak kaleratu ohi duen enpresen baldintzen indizea inoizko mailarik txikienera amildu zen otsailean: 37,3 puntuan geratu zen, urtarrilean baino hogei puntu gutxiagoan. «Prest geunden erortze bat ikusteko, baina ez genuen uste hain bortitza izango zenik», azaldu du CKGSBk. Enpresek uste dute beren diru sarrerak txikitu egingo direla eta finantzatzeko arazoak izango dituztela.

Ezkorra da Europako Batasuneko Txinarako Merkataritza Ganbera ere. Ostegunean txosten luze bat kaleratu zuen koronabirusaren ondorio ekonomikoen inguruan. Horretan agertzen denez, kide dituen enpresen %89 kalteak jasaten ari dira. Bitik batek espero du urtearen lehen erdian diru sarrerak gutxienez %20 txikitzea, eta %46k txikitu egin dituzte 2020 osorako aurreikuspenak. Antzekoa diote Txinan dauden AEBetako enpresek: %10ek diote egunean milioi erdi yuan baino gehiago galtzen ari direla (66.000 euro).

Langileak ezin dira itzuli

Eskulan falta da arazo nagusietako bat -%47k aipatu dute-. Paloma Sanchez bitxigile katalanak bere kasua azaldu du: «Hiri batetik bestera joateko debekuaren ondorioz, nire langileak ezin izan dira itzuli Guangdong probintziatik. Eta, itzuliko balira ere, hamalau eguneko berrogeialdi bat ezarriko liekete. Hortaz, denda ireki ahal izango bagenu, ezingo genituzke egiteko ditugun eskaerak bete. Okerrena da ez dakigula noiz arte luzatuko den egoera. Gastuak ez dira jaitsi, alokairuak eta soldatak ordaindu behar ditudalako, baina ez dut diru sarrerarik». Merkataritza ganberak galdekatutako Europako enpresen %30 daude egoera horretan.

Ekoizteko zailtasunari gehitu behar zaio kontsumoaren amiltzea, enpresen %56k jasaten baitute. «Bagenekien txinatarren Urteberriko bi asteetan salmentak jaitsi egingo zirela. Baina, aurreko urte batzuetan ez bezala, aurten kontsumoak ez du gora egin oporren osteko bi asteetan, jendea etxean baitago, eta oinarrizkoa soilik erosten baitu. Egoera luzatuz gero, hondamendia izango da merkatarientzat», gehitu du Sanchezek.

Iritzi horretakoa da Asier Bideguren ere. Ponsa enpresak Donguan hirian duen jantzi fabrikaren arduraduna da. «Zerbitzuen sektorea izango da kaltetuena, ostalaritza bereziki. Jatetxe asko itxita daude, eta beste askok etxez etxe baizik ezin dute janaria banatu. Herritar gehienek etxean kozinatzen dute».

Bidegureni arrazoia eman dio Sergio Morenok, Shanghaiko Comune Social jatetxeko sukaldari nagusiak. Hilabete bat egin du Txinatik kanpo, ezin baitzen Afrikako oporretatik itzuli. Bueltatutakoan, ez du ia bezerorik. «Langile batzuk ez dira itzuli, eta ez dugu espero itzultzea, baina oraindik ezin dugu jatetxea zabaldu. Etxez etxeko banaketa martxan jarriko dugu, baina hori ez da nahikoa kostuak ordaintzeko. Espero dugu normaltasuna itzultzea martxoaren 10erako, bestela itsasontzia hondoratu egingo baita», azaldu du sukaldari espainiarrak.

Hornitzaile bila

Industriarentzat ere gauzak ez dira errazak. «Txinari asko eragingo dio koronabirusaren krisiak. Batez ere enpresa txikiei eta pribatuei, gobernuak eginahalak egingo dituelako sektore publikoari laguntzeko eta datu makroekonomikoak makillatzeko», uste du Bidegurenek. «Sektoretik sektorera desberdintasun handiak izango dira. Gurean, jantzigintzan, batez ere kotoiarekin lan egiten dutenei egingo die min. Argi dago modaren kate handiek beste lurralde batzuetara joko dutela hornitzaile bila».

AEBetako Txinarako Merkataritza Ganberaren txosten baten arabera, herrialde horretako enpresen herenak prestatzen ari dira ekoizpena beste herrialde batera eramateko, Asia hego ekialdeko beste herrialdeetara nagusiki. «Koronabirusak negozioak egiteko moldea aldatuko du; hornitzaileak dibertsifikatzea ekarriko du», ziurtatu du Joerg Wuttke Europako Ganberako presidenteak. Baina ohartarazi du hainbatek arazoak izango dituztela: «Askorentzat, Txinatik alde egitea ez da aukera bat, ez dagoelako beste Txinarik».

Ponsak ez du joateko asmorik. «Gure lehengaia plastikoaren eratorri bat da, eta haren prezioa ez da aldatzen ari. Horregatik, urte zaila izan arren, iazko antzeko datuak espero ditugu. Uste baino hamar egun beranduago ireki dugu, eta orain galdutakoa berreskuratu nahian gabiltza, astean beste ordu bat lan eginez. Oraingoz, inork ez ditu eskariak bertan behera utzi. Arazoaren muina izango da bezeroekin eta hornitzaileekin prezioak berriro negoziatzea», azaldu du Bidegurenek.

Autogintza, larriago

Gauzek itxura okerragoa dute autogintzan. Txina da munduko merkaturik handiena, eta koronabirusa kolpe gogorra ematen ari zaie jada gainbeheran zeuden salmentei. Datu ofizialen arabera, otsaileko lehen astean 4.909 auto berri baizik ez ziren matrikulatu, iaz baino %92 gutxiago. «Saltoki gehienak itxiak izan dira, eta ireki dutenek ia ez dute bezerorik izan», azaldu du Txinako Autogileen Elkarteak.

Pedro Segoviak baieztatu ditu susmo txarrak; RTS autoen osagai egileak Jinhua hirian duen plantako zuzendari nagusia da. «Hondamendia izango da. Koronabirusa trantsizio garai erabakigarri batean etorri da, dieselaren krisiaren ondoren eta auto garbien hedatzearen aurretik. Ziurgabetasuna salmenten jaitsiera handitzen ari da, eta, logikoki, osagaien egileei kalte egiten digu». Uste duenez, geldialdiak hondoratu egingo ditu jada larri zebiltzan enpresak, eta eragingo du ekoizpenaren zati bat Mexikora, Indonesiara eta Turkiara joango dela. «Mexikon lanean ditudan adiskide batzuek baieztatu didate eskaera gehiago egin dizkietela, badaezpada ere. Hazteko aukera dute orain, baina hor dagoen zalantza honako hau da: egoera normaltzen denean, eskaera horiek Txinara itzuliko dira, ala beste lekuetan geratuko dira?».

Bere galderari erantzun dio Segoviak: «Nik uste dut lan asko ez direla itzuliko, enpresa askok Txinako fabriketan lortzen dituzten irabazi tarteak ez direlako duela hamar edo hamabost urtekoak, ezta hurrik eman ere. Txinan bertan saltzen dutenentzat soilik da interesgarria Txinan ekoiztea. Munduko fabrika zen lehen, eta munduko kontsumitzaile handiena da orain. Horregatik, ekoizpena biziberrituko bada, barne kontsumoaren eskutik izango da».

Errebotea izango dela uste dute askok. «Egoera normaltzen denean, espero dut jendeak bizitzaz gozatu nahi izango duela, eta egin ez dituen erosketa horiek egingo dituela», adierazi du Sanchez bitxi saltzaileak. Iritzi horretakoa da Goldman Sachs ere: boom bat iragarri du krisia amaitzen denerako. Are urrunago joan da Wuttke; uste du krisiak aitzakia perfektua ematen diola Txinako Gobernuari mundura gehiago zabaltzeko eta erreforma ekonomikoetan sakontzeko.

Agian horregatik, Pekingo agintariek iragarri dute %6ko hazkunde helburuari eutsiko diotela. «Koronabirusaren epidemiak soilik eragingo du lorpen hori epikoagoa izatea», esan zuen Xinhua berri agentzia ofizialak, triunfalismo ulertezinaz betetako editorial batean.

Ekoizpena beste herrialde batzuetara eramatea oso garestia izan daitekeela ohartarazi zien Xinhuak horretarako tentaldia izan dezaketenei, eta iragarri zuen krisiak ez diola kalterik egingo Txinak munduko hornidura katean duen lekuari. «Esportazioek martxoan eta apirilean jotzen dute goia; epidemia ordurako kontrolatuz gero, Txinako industriak ia ez du kalterik izango», azaldu zuen informazio horretan Xu Qiyuan Txinako Giza Zientzien Akademiako ikertzaileak.

Gobernuaren mezua aspertu arte errepikatu du prentsak: txinatarrek konfiantza izan behar dute ekonomiaren gaitasunean. Lortze aldera, agintariek jarduera sustatzeko hainbat neurri onartu dituzte: langileak doan mugitu ahal izatea, hiruhileko batean BEZa ez ordaintzea, alokairuak eta Gizarte Segurantzako kuotak txikitzea... Gehienek espero dute diru laguntza gehiago etorriko direla, kolpea arintzeko.

Europaren beldur

Baina, Xuk berak onartu duenez, Txinatik kanpo gertatzen denak baldintzatuko du dena. «Geure beldurra da Europan eta AEBetan zer gertatuko den. Birusa hara iristen bada, Txinak hartutako neurriak hartuko dituzte han ere? Eraikitzeari utziko diote? Hala balitz, arazo oso larriak izan ditzakegu», onartu du Antxon San Miguelek, Kataluniako Tucal hodi egileak Ningbo hirian duen lantegiko zuzendariak. «Geure produkzioaren zatirik handiena esportatu egiten dugu. Otsaileko emaitzak txarrak dira, gutxiago saldu dugulako, baina martxoko eskaerak iazkoen pare daude». Oraingoz, ekoizpen gaitasunaren %75 erabiltzen ari dira Tucain. Ningboko herritarrak kontratatzen ari dira Txinako beste leku batzuetatik itzultzerik ez dutenak ordezkatzeko, eta espero dute martxoaren 15erako %100ean funtzionatu ahal izatea.

Bideguren ere baikorra da, baina pixka bat zuhurragoa. «Epidemia mundu osora zabalduz gero, urtea bai izango dela dramatikoa, geure esportazioei eragingo dielako. Txina izango da kaltetuena, baina mundu osoko ekonomiara iritsiko da kutsatzea. Kontsumoa herritarren konfiantzaren menpe dagoelako. Horregatik, zaila da jakitea zer gertatuko den».]]>
<![CDATA[Birusak jotako ekonomia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1933/016/001/2020-02-08/birusak_jotako_ekonomia.htm Sat, 08 Feb 2020 00:00:00 +0100 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1933/016/001/2020-02-08/birusak_jotako_ekonomia.htm
Oraindik ez daude koronabirusak jada eragindako kaltea neurtzeko estatistikak, baina denak ados dira zerbaitetan: handia izango dela. «Egoera asko luzatzen bada, baliteke langileak kaleratzen hasi behar izatea», azaldu du Luis Galanek, 2Open merkataritza elektronikoan espezializaturiko aholkularitza etxearen sortzaileak. «Hondamendia da. Jendea ez da etxetik ateratzen; inork ez du ezer eskatzen. Galerak izugarriak izango dira», iragarri du Alberto Fernándezek, Torres Kataluniako upeltegiko Txinako adarreko zuzendariak.

Katebegia arriskuan

Kontuan izanda Txina dela munduaren fabrika, gerta liteke hornikuntza kate globala haustea eta mundu osoko enpresek kalteak jasatea. «Gure hornitzaileak ezin badira berriro ekoizten hasi, eta hori gertatuko dela dirudi, ezingo ditugu geure enpresa nagusiak Euskadin behar dituen piezak egin; bezeroak produkturik gabe gera daitezke», onartu du Pedro Segoviak. Autoentzako osagaiak egiten dituen enpresa bateko kudeatzailea da, Jinhua hirian. «Egoera luzatu ahala, Txinari ez ezik, mundu osoari eragingo dio».

«Eskulanaren arazoa ere badago. Egun, hiri askotan oporrak luzatu egin dituzte, eta ez dakite langileak noiz itzuliko diren lanera. Ezin dugu jakin zenbat itzuliko diren fabrikara eta noiz hasi ahal izango garen normal produzitzen, langile asko Hubeikoak baitira, eta ezingo baitira itzuli», onartu du Igorreko Batz kooperatibako langile batek —ez du izena eman nahi—.

Bertakoek ez ezik, atzerriko langileek ere zail dute mugitzea. Txinatik kanpo daudenak ezin dira itzuli, eta han daudenek ezin dute beste lurralde batzuetan zerbitzurik egin. «Lantegiak egiten ari gara herrialde batzuetan, baina Txina zapalduz gero arazoak ditugu hara joateko. Malabarismoak egiten ari gara Indonesiako, Singapurreko eta Filipinetako lanak bisitatzeko Txinatik igaro gabe», onartu du Carlos Sorianok. Inditex Galiziako jantzigintzako multinazionalari dendak eraikitzen dituen enpresa batean aritzen da Soriano, Caamañon.

Logistikako enpresa erraldoiak geldirik daude, edo gutxieneko zerbitzuekin, eta horrek eragin du zaila izatea Txinatik produktuak ateratzea eta han ezer sartzea. Batik bat errepide bidezko garraioa behar duten produktuekin gertatzen dira arazoak. «Espainiako bezeroak hornitu ezinik gabiltza; beldur naiz jarduera berriro hasten denean denbora asko beharko duela egoerak normalizatzeko», iragarri du Angel Navarro Eastcorpeko arduradunetako batek. Krisiak maiatzera arte iraun dezakeela uste du Fernandezek.

Arazoak mugetan

Nazioarteko merkataritzarako funtsezkoak diren erakunde publikoen geldialdiak ere arazo asko sortu ditu. Txina hornitzen duten atzerriko produktuen inportazioak ere kinka txarrean daude. «Adiskide batek edukiontzi bat du aduanan geldirik urtarrilaren 20az geroztik», azaldu du Carlos Mirandak, Good Wine Trading konpainiako buruak. Ez da bakarra. Aduanetako tramiteak moteltzeak sekulako buxadura eragin du itsas portuetan. «Banatzaile bat dut Shanghain, eta beste bat Guangzhoun, eta biek otsailaren 12ra arte atzeratu dituzte eskariak», aipatu du beste ardo esportatzaile batek, Carolina Wine Brandseko Alberto Bermejok.

Hori gutxi balitz, behin salgaiek muga gainditu ondoren, ez daukate nork banatuko. «Logistikarik ez dagoenez, ezin dut banatu biltegietan dudan ardoa. SF Express soilik dabil, baina izugarri garestia da. Inork ez ditu 12 yuan ordainduko (1,6 euro) botila bat ardo jasotzeagatik. Txinako banatzaileek kalkulatu dute stockaren %80 dutela saldu gabe», gehitu du Mirandak. Ondorioa garbia da: eskariak atzeratzen ari dira, eta kontsumoa amiltzen ari da. «Batez ere ostalaritzan dugu arazoa; inor ez da joaten tabernetara edo jatetxeetara ardoa edatera». Ez zaio arrazoirik falta; Shanghain irekita dauden ostatuek ez dute ia bezerorik.

Normala denez, egoera bereziki larria da hondatzen diren produktuei dagokienez. Besteak beste, fruta. «Batez ere Shanghaiko eta Guangzhouko portuetatik sartzen dira, eta handik banatzen dira Txinako gainontzeko lekuetara. Garraiorako mugen ondorioz, argi dago ezingo direla urrun eraman. Hortaz, iristen zaigun fruta guztia Shanghain geratuko zaigu: fruta guztia ez da egokia merkatu horretarako, eta, gainera, ez da gai guztia kontsumitzeko. Beldur gara ez ote dituzten guztiz itxi inguruko probintziak, eta ez ote garen fruta banatu gabe geratu», onartu du Delaiberia banatzailearen buruak, Roberto Batresek. «Gainera, herritarrak beren etxeetan itxita daudenez, ez dakigu frutaren moduko luxuzko produktuak kontsumituko ote dituzten. Agian hori arazo handiagoa da logistika baino», gaineratu du.

Txiletarrak ere urduri daude. Txinako aduanetan Txileko gereziz betetako 1.500 edukiontzi daude ez aurrera ez atzera, eta hara bidean beste ehunka batzuk, portura itzultzeko aukerarik gabe. Ekoizleek kalte ekonomiko handia espero dute, gereziak baitira Txiletik Txinara doazen produktu nagusietako bat.

Janaria, bermatuta

Edonola ere, Pekingo gobernuak argi du zein den bere lehentasuna: elementu babesleen banaketa —maskarak eta osasun langileak babesteko jantziak—, eta oinarrizko janariena. Horregatik, agindu du maskarak egiten dituzten fabrikek ahalik eta gehien produzitzea, eta ez jartzea inolako mugarik horiek banatzen dituzten konboiei. Antolaketari esker, Txinako Alderdi Komunistak lortu du berrogeialdian dauden hirietan ez egotea elikagai faltarik.

Erreportaje honetarako elkarrizketatuetako gehienak baikor dira epe ertainera begira. «Txinak erreakzionatzeko gaitasun handia dauka, eta gobernua indartsua eta malgua da. Munduari erakusten ari da gai dela osasun ikuspuntu batetik egoera kontrolatzeko», ziurtatu du Batresek.

Edonola ere, Navarrok iragarri du arazo bat sortuko dela koronabirusaren krisia amaitutzat jotzen denean: «Eskaera guztiak bat-batean iritsiko dira». Gai izango da Txinako sektore logistikoa salgai guztiei irteera emateko? «Herrialde batek hori egin badezake, hori Txina da», galdekatutako enpresako arduradunek bat egin dute. Bitartean, gauza bakar bat egin dezakete: zain egon eta ziurgabetasuna ahalik eta ongien kudeatu».]]>
<![CDATA[Asiako erraldoiaren indar erakustaldia koronabirusarekin ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1930/012/001/2020-02-06/nbspasiako_erraldoiaren_indar_erakustaldia_koronabirusarekin.htm Thu, 06 Feb 2020 00:00:00 +0100 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1930/012/001/2020-02-06/nbspasiako_erraldoiaren_indar_erakustaldia_koronabirusarekin.htm Herriaren Egunkaria-ren arabera. «Prezioa araudiaren araberakoa da», erantzun zuen mediku batek. Konpromisoa Testuinguru horretan, eta ikusita izurria zabaltzen ari dela oraindik, jendea gaitzaren beldur da: ez hil daitezkeelako bakarrik, baizik eta baita ospitaleratzeak ekar dezakeen prezio altuagatik ere. Gobernuak jokaldi ona egin du esanez tratamenduarekin lotutako gastu guztiak ordainduko dituela. Ziurra da, gainera, aldez aurretik ordainduko duela eta egin beharreko tramiteak gutxituko dituela. Alor ekonomikoan, neurri horrek herritarrak lasaitu nahi ditu, eta, ikuspegi politikotik, ondo pentsatutako erabaki bat da; izan ere, Alderdi Komunistaren zilegitasuna herritarrei ongizatea emateko duen gaitasunaren araberakoa da. Harrigarria da, noski, mailua eta igitaia astintzen dituen herrialde batean osasun zerbitzuak erabat publikoak ez izatea. «Esan daiteke Europa komunistagoa dela horretan. Baina kontuan hartu behar da Txinak hainbat berezitasun dituela: lehenik eta behin, garapen bidean dagoen herrialde bat dela; bigarrenik, 1.400 milioi biztanle dituela; eta, hirugarrenik, kotizazioen eta zergen bitartez jasotzen den diru kopurua herrialde garatuetan biltzen dutena baino askoz txikiagoa dela», ohartarazi du Shanghain Ruijin erietxeko mediku batek -ez du izena esan nahi-. Munduko Bankuaren arabera, Txinak 6.000 milioi yuan baino gehiago (780.000 euro) bideratzen ditu osasun zerbitzuetara: BPG barne produktu gordinaren %5 inguru. AEBek bideratzen dutenaren herena baino gutxiago. 550 euro dira pertsonako. Gutxi, adituen arabera: «Txinak osasun zerbitzuetan egiten duen inbertsioa txikiegia da oraindik, eta beharrezkoa da hura handitzea osasun zerbitzuak guztientzat doakoak izan daitezen eta eremu pobreenetako osasun azpiegiturak hobetu daitezen. Erietxeen kudeaketa ere hobetu behar da, baita tresneria ere. Eta, batez ere, erietxerik txikienetan daukaten langile kopurua handitu, haietan inbertsio gutxiago egiten dituztelako eta, ondorioz, ez dutelako kalitatezko tratamendurik eskaintzen», zerrendatu du Wu Jingleik, Shanghaiko Osasunerako Herri Batzordeko eta Familia Antolakuntzarako zuzendariak. Wuk nabarmendu du langile kualifikatuak lurralde osora zabaldu behar direla, nekazaritza eremu askotan osasun langileek ez baitituzte beharrezko ikasketak. Egiaz, %10ek ez dute unibertsitateko titulurik. Erietxeen finantzaketa ere jarri du mahai gainean; izan ere, asko botiken salmentaren menpe daude, eta horrek bultzatzen ditu gaixoei sendagai gehiegi ematera. «Herritarren beharretan oinarritu behar da osasun erreforma, ez erietxeen behar ekonomikoetan». Egoera horren arazoak argi geratu dira 2019 nCoV koronabirusaren izurriarekin. Hubei eskualdeko osasun sistemak gainezka egin du. Ziurrenik, gauza bera gertatuko zen antzeko egoeran dagoen munduko beste edozein herrialdetan ere, baina Asiako erraldoiaren herritar kopuruak larriagotu egin ditu ondorioak. Zabaldutako irudietan, gaixoak agertu dira ilara luzeak egiten, oherik gabe geratu diren erietxeetan, eta osasun langileak, akituta eta baliabiderik gabe, negarrari emanda. Osasun langile batzuek zabor zorroekin egin behar izan dituzte babeserako jantziak, eta uretarako betaurrekoak jarri begiak babesteko. Hori nahikoa ez, eta erietxe batzuek uko egin diote gaixo gehiago hartzeari, haiek sartzeko tokirik ez zeukatelako. Erietxeak eta baliabideak Hori bai, eskualdearen zati handi bat berrogeialdian jarri ostean, Txinak artilleria astuna atera du kritikei aurre egiteko. Agintariek herrialde osoko 6.000 mediku eta erizain bidali dituzte Wuhanera, eta 5.000 ohe gehiago jarri dituzte erietxeetan. Horrez gain, amaitu berri dituzte mila ohe baino gehiagoko bi erietxe, hamar egunean eraiki dituztenak. Munduko bigarren potentziak indar erakustaldia egin du, herritarrei eta munduari frogatzeko egoera aintzat hartzen duela, eta, batez ere, birusari aurre egiteko gai dela. Hala ere, egoerari aurre egiteko neurriak berandu hartu izana egotzi diete agintariei, eta Wuhango alkate Zhou Xianwang bera dimisioa emateko prest agertu da. «Ez dugu behar bezala jokatu izurrite honetan. Uste dut halako krisi bati aurre egiteko gaitasuna hobetu behar dugula», aitortu zuen CCTV telebistari emandako elkarrizketa bakan eta harrigarri batean. Zhouk aitortu zuen hasieran informazioa ezkutatu zutela, baina nabarmendu zuen gobernuaren baimena behar zuela informazioa zabaltzeko. Lehen egun haiek oinarrizkoak izan ziren koronabirusa zabaltzeko, hiria ixterako bost milioi pertsona atera zirelako Wuhandik. Edonola ere, gaur egungo Txinak zerikusi gutxi du 2002 eta 2004 artean SARS birusari aurre egin behar izan zion harekin. Jadanik ez da gauzak merke ekoizten dituen herrialde hura, baizik mota guztietako osasun baliabideak ekoizteko gai dena. Ez alferrik, gaixoek 2019 nCoV birusa duten argitzeko erabiltzen diren tresnak herrialdearen ipar-ekialdean egiten dituzte. Ikerketan eta garapenean gehien inbertitzen duten munduko herrialdeetan bigarrena ere bada, eta Txinako zientzialariek bat egin dute AEBetakoekin txerto bat aurkitzeko lanetan. Joan den astean, Hong Kongeko Unibertsitateko talde batek iragarri zuen jadanik sortua duela, baina ohartarazi zuen balitekeela probak egiteak -animaliekin lehenik eta gizakiekin ondoren- urtebete ere jo jotzea. Hala ere, gobernua ohartu da lorpen horiek guztiak ez direla aski gizarte segurantza herrialde osora hedatzeko gai ez bada, edo gutxienez herritarren oinarrizko beharrak asetzeko adina zabaltzen ez bada. Oraingoz, koronabirusaren izurriak mugarri interesgarria ezarri du, eta alderdiak iragarri du handitu egingo dituela gehien irabazten dutenen kotizazio oinarriak eta gutxien irabazten dutenen estaldura. ]]> <![CDATA[Kaosaren birusa ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1911/002/001/2020-01-24/kaosaren_birusa.htm Fri, 24 Jan 2020 00:00:00 +0100 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1911/002/001/2020-01-24/kaosaren_birusa.htm <![CDATA[Txerrien apokalipsia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1951/004/001/2020-01-17/txerrien_apokalipsia.htm Fri, 17 Jan 2020 00:00:00 +0100 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1951/004/001/2020-01-17/txerrien_apokalipsia.htm
Arazoa oso serioa da Txinarentzat. Txerrikia da txinatarren elikaduraren zutabe nagusietako bat: 1.400 milioi lagunek kontsumitzen duten okelaren %60 da txerrikia. Datu ofizialik ez dago, baina, kalkulu batzuen arabera, Txinak 2018an zituen 400 milioi txerrietatik ia erdiak galdu ditu. Horrek esan nahi du urte horretako abuztuan planeta osoan zeuden txerrien laurdenak sakrifikatu dituztela izurri afrikarra zutelako edo hura izateko arriskuan zeudelako. Gizakientzat ez, baina txerrientzat oso birus arriskutsua da: aberea hiltzeko arriskua ia %100 da. Gainera, itsasoa zeharkatu eta inguruko zenbait herrialdetara ere hedatu da: Filipinetara, esaterako.

Txinako Gobernua hondamendia arindu nahian dabil, gizartea asaldatzen duen gai bat baita txerri eskasiarena. Horrela, haragi izoztuaren erreserbak erabili ditu, orain arte herritar gehienentzat ezezagunak ziren erreserbak. Krisiaren kudeaketan data garrantzitsua da urtarrilaren 25a: egun horretan ospatzen dute txinatarrek Urteberria, eta hura da txerria gehien kontsumitzen den eguna. Eskasia arintzeko, erreserbetatik 20.000 tona atera ditu Pekingo gobernuak -jada 120.000 tona erabili ditu-.

Zenbateko erreserbak geratzen diren, hori inork ez daki zehazki, baina egoeraren larria erakusten du Txinak AEBetako txerrikiaren gaineko muga zergak kendu izanak. Merkataritza gerra arintzeko borondate oneko keinu gisa saldu du Txinako Alderdi Komunistak, baina beharrak bultzatutako neurri bat da.

Kalte handiena, abeltzainei

Kontsumitzaileei eragin die gutxien txerrikiaren izurriteak: abeltzainen egoera da larriena. Asko, etxalde txikietakoak bereziki, dena galtzeko beldur dira. Kritika ugari jaso dituzte agintariek, birusaren hedapena kontrolatzeko neurriak berandu etorri direla eta. Beste batzuk kexu dira abeltzainei emandako laguntzak oso txikiak direlako. Txerri bakoitzeko 1.200 yuan ematen ditu gobernuak (150 euro); gutxiegi abeltzainentzat, baina asko estatuaren kutxarentzat.

Eta, abeltzainen zoritxarrerako, herritar gehienek ez dute ekoizleekiko enpatia handirik. «Birusa hainbeste hedatu bada, etxaldeetan higiene baldintzak penagarriak direlako hedatu da, eta txerriei ematen dieten bazkaren kalitatea eskasa delako. Espero dut gobernuak garbiketa egiteko baliatuko duela aukera», azaldu dio BERRIAri Liao Feng gazteak, Shanghain. Neurri batean arrazoia eman dio FAO Nazio Batuen elikadurarako agentziak, zikinkeria eta pentsu txarrak baitira gaixotasuna kutsatzeko bide nagusiak.]]>
<![CDATA[Aurkia eta ifrentzua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/014/001/2019-12-06/aurkia_eta_ifrentzua.htm Fri, 06 Dec 2019 00:00:00 +0100 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1913/014/001/2019-12-06/aurkia_eta_ifrentzua.htm 2 isurtzen ditu, baina, aldi berean, 728 gigawatt sortzen ditu energia berriztagarrietatik. Mugikortasun elektrikoaren aldeko apustua egin du, eta asmo handiko industria iraultza bat ere jarri du abian.]]>
Testuinguru tamalgarri hori bat dator egitate eztabaidaezin batekin: Txina da gehien kutsatzen duen herrialdea. Zehazki, 9.800 milioi tona CO2 baino gehiago isurtzen ditu. Barne Mongolia eta Shanxi eskualdeak, tamalez ezagun egin diren minbiziaren herrien kokagune ere badirenak, dira askok egungo krisi klimatikoaren erantzule jotzen duten ikatzaren ekoizle nagusiak. 2011tik, Txinak gainontzeko herrialde guztiek batera baino gehiago kontsumitu du, eta osasuntsu du ekoizpena. Reuters agentziak plazaratutako dokumentu ofizialen arabera, urtearen lehen erdian Txinak 141 milioi handitu zuen ikatz ekoizpena.

Orotara, urtarrila eta ekaina bitartean, Txinak harri beltz horren 1.760 milioi tona atera zituen; 2018ko garai berean baino %2,6 gehiago. Eta, aurreikuspen ofizialak betetzen badira, kontsumoa haziz joango da apurka-apurka datorren hamarkadan, 2030ean puntu gorenera heldu arte; urte horretan 1.230 eta 1.350 gigawatterainoko indarra eskuratuko dute ikatzaren bidez.

Energia berriztagarriak

Aldiz, herrialde honetako kostaldearen gainetik igarotzeko aukera dutenek oso ikuspegi desberdina izango dute, herrialdeko eskualderik garatuenak hasiak direlako industria iraultza handi bat bultzatzen. Horrek gehien kutsatzen zuten azpiegiturak ixtea ekarri du -zentral termikoen %80k badute dagoeneko isuriak gutxitzeko teknologia-. Horrez gain, energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa ere egin dute: eguzki plakek osatutako etxalde erraldoiek zipriztintzen dute ingurua, eta haize-sorgailu basoak hazten dira bai mendialdean eta baita itsasoan ere.

Beraz, Txina bada energia garbien aldeko apustu handiena egin duena ere. Iaz, 728 gigawatt ekoitzi zituen dagoeneko martxan dituen energia berriztagarrirako azpiegiturekin. Berriztagarriei energia nuklearra gehitzen bazaie, munduko bigarren potentziak kontsumitzen duen energia osoaren %22raino helduko litzateke, 2017an baino %17 gehiago. Gutxinaka, ikatzaren pisua murriztuz doaz, eta haren ekarpena %68,5etik (2012) %59ra (2018) igaro da. 2020an, ehuneko beste puntu bat galduko du, eta BPk aurreratu du 2040an %35ekoa soilik izango dela.

Xian hiriko Shaangu Power enpresan zoriontsu dira, Txina dozena bat zentral nuklear eraikitzen ari delako eta estatuko enpresa horrek konpresoreak, turbinak eta zentrifugatzaileak eraikitzen dizkielako. «Xi Jinping presidenteak lehentasuntzat jo du trantsizio energetikoa, Txinak zibilizazio ekologiko bat eraiki behar duelako. Nuklearrak dira gakoa, helburu horrek energia kontsumoaren hazkundea -%3,3koa iaz- bultzatzen jarraituko duen ekonomiaren garapena eragotziko ez badu», azaldu dio kazetari honi enpresako azpiegiturak erakutsi dizkion ordezkariak.

Iritzi berekoak dira 2.000 kilometro hegoaldera ere, Zhuhai hirian. Han du ekoizpen instalazio nagusietako bat aire egokiturako hornidurak egiten dituen Gree enpresak. Kontsumitzaile gehienek marka hau etxetresna elektrikoekin lotzen duten arren, zentral nuklearrak hozteko sistemak dituzte helburu haren berrikuntza nagusiek. «Trantsizio ekologikoa aukera ona izan daiteke enpresentzat ere», baieztatu dute. «Gu ahal dugun guztia egiten ari gara eraginkortasun energetikoa hobetzeko, ez bakarrik saltzen ditugun hornidurena, baita ekoizpen sistemena ere. Intentsitate energetikoa murriztea oinarrizkoa da planeta babesteko», gehitu du izena eman nahi izan ez duen bozeramaile batek.

«Ez dago beste herrialderik Txinak baino aukera hoberik duenik energia berriztagarrien superpotentzia bilakatzeko»; hori ondorioztatu zuen duela hilabete batzuk Eraldatze Energetikoaren Geopolitikarako Batzorde Orokorrak, txosten batean. Dokumentu horretan nabarmentzen dute mundu osoak energia garbietara bideratzen duenaren %50 Txinatik datorrela, eta dagoeneko badituela teknologia horiekin lotutako 150.000 patente, kopuru orokorraren %29. Gainera, gehien kutsatzen duten zentral termikoak ixten ari da Pekin, -82 aurtengo maiatza bitartean-, eta eraikitzen dituenek gehiago errespetatzen dute ingurumena.

Hondakinak

Baina dena ez dira CO2 isuriak. Ezer gutxitarako balio dute ahalegin horiek guztiek herritarrek ez badute ingurumenarekiko kontzientziarik eta natur baliabideak kontrolik gabe ustiatzen jarraitzen badute. Zentzu horretan, Txinak bide luzea du aurretik. Eta, alor batzuetan, atzerako jauzi handi bat ere egin du.

Merkataritza elektronikoa adibide on bat da. Internet bidezko erosketen hazkunde izugarriak eta janaria etxera eramaten duten zerbitzuen boom-ak liluratuta du enpresa mundua, eta izututa ekologistak. Eta arrazoiarekin. Global Times egunkari nazionalistak berak ohartarazi du egunero erabilera bakarreko 65 milioi ontzi eta hogei milioi plastiko poltsa sortzen dituen sektorearen inguruan.

«Ohitu gara edozein egoeratan eskatzera waimai zerbitzuak [horrela deitzen diete Txinan etxera eramateko zerbitzuei]. Erosoagoa da janaria bulegora edo etxera ekartzea, izkinako jatetxera jaistea baino. Gero eta alferragoak gara, eta ez gara ohartzen horrek zer ondorio dituen», onartu du Hua Meiweik, Shanghaiko bulegokoetako langile gazte batek. «Orain modan dago kafea bera ere etxera ekartzeko eskatzea», esan du, besaburuak altxatuz.

Uste da Txinak hamabost milioi tona plastiko kontsumitzen dituela urtean. 2,4 milioik ozeanoetan amaitzen dute, eta birziklatzen dena hutsala da. Hori amaitzeko, Shanghaik lehen aldiz jarri du martxan hirietan hondakinak sailkatu eta birziklatzeko derrigorrezko sistema bat. Hogei urte berandu dator, Euskal Herriarekin alderatzen bada, baina oso azkar zabaldu da herrialdeko beste hiri batzuetara, eta buruzagiek helburutzat jarri dute datorren urterako hirietan sortzen diren hondakinen %35 birziklatzea.

Lortu ezinezko helburua dirudi, gaur egun ez delako iristen %20ra, baina Txinak erakutsi du gobernu autoritario bat abantaila izan daitekeela neurri handiko proiektuak abian jartzeko garaian. Baita epe luzera ere. Mugikortasun elektrikoa da horren adibiderik argienetako bat. Xi Jinpingek lehentasunen artean jarri zuen 2013an, presidente izendatu zutenean, eta, hiru urtetik hona, Txina da ibilgailu elektriko gehien ekoizten eta merkaturatzen dituen herrialdea.

Shenzhen bezalako megalopoliek dagoeneko badute %100 elektrikoa den garraio publikoa, eta azpiegiturak horietara egokitzeko lanek eta horiek erosteko laguntza ekonomikoek emaitza ikusgarriak utzi dituzte: iaz, kutsatzen ez duten 1,3 milioi ibilgailu eskuratu zituzten, eta helburua da 2025ean munduan biztanle gehien dituen herrialdean merkaturatzen direnen %25 izatea.

Asmo handiz beteriko egitasmo horiek ez daude klima larrialdiari bakarrik lotuta. Biztanleek partikula toxiko gehiegi dituzte inguruan, eta bizi kalitatea hobetzea ere bada egitasmo horien asmoa. Ez alferrik, uste da atmosferako kutsadura horrek 1,1 milioi heriotza eragiten dituela urtero. Ekonomian duen eragina ere handia da: 267.000 milioi yuanekoa (35.000 euro) urtean.

Oraingoz, Txinaren estrategiaren emaitzak nabariak dira hiri nagusietan. Egun urdinen kopurua -horrela deitzen zaie airearen kalitatea onargarria den egunei- nabarmen handitu da Pekinen, eta hiria desagertu egin da munduko berrehun hiririk kutsatuenen zerrendatik. Gobernuak uste du datorren urtean %20 murriztuko direla gehiegizko kutsadura duten egunak hiriburu politikoan, eta egoera askoz hobea izango dela ekonomikoan, Shanghain.

Nahiz eta Alderdi Komunista Parisko COP21 akordioen ezusteko jarraitzaile bilakatu den, eta Donald Trumpek AEBetan -pertsonako gehien kutsatzen duten herrialdean- irudikatzen duen ezezkoaren kontrapuntu, Climate Action Tracker erakundeak oraindik uste du abian jarritako neurriak ez direla nahikoak, eta herrialdea eskalaren azken- aurreko mailan dagoela oraindik ere. Eta ohartarazi du: ez badu ahalegin handiagoa egiten, planetako tenperaturak berotzen jarraituko du beste lau gradura arte. Greenpeaceren gisako erakunde ekologistek ere ohartarazi dute hiri handietan egoerak hobera egin badu ere, kutsadura handitu egin dela beste batzuetan, Baotoun, esaterako, zeina lur arraroen Silicon Valley izenez ere ezagutzen den.

Baina Txina klima aldaketaren gaizkile jo aurretik, China Europe International Business Schooleko Finantza irakasle Xu Binek zera gogorarazi du: herrialde aberatsek euren kutsaduraren zati bat desagerraraztea eta CO2 isuriak gutxitzea lortu badute, «industria zikinenaren deskokatzeari esker» izan dela. Eta zera gehitu du: «Txinaren isurien zati handi batek lotura zuzena duela mundu osoan eskura daitezkeen produktuekin».]]>
<![CDATA[Deltako zubiaren bidesaria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1965/012/001/2019-11-27/deltako_zubiaren_bidesaria.htm Wed, 27 Nov 2019 00:00:00 +0100 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1965/012/001/2019-11-27/deltako_zubiaren_bidesaria.htm
Pragmatismoaren bandera haizatzen du Hok, eta ekonomiari lehentasuna ematen dio arlo politikoaren gainetik. Haren argudioa da Hong Kongek bere egin behar duela Badiaren Eskualdearen proiektua. Horrela izendatu du Txinako Gobernuak Perla ibaiaren deltarako garatu duen estrategia. Helburua da deltan dauden estatus bereziko bi kolonia ohiak -Hong Kong eta Macao- Guangdong probintziako bederatzi hiri nagusiekin integratzea. 70 milioi biztanleko hirigune erraldoi bat sortuko lukete, eta apustu indartsua egin beharko lukete berrikuntza, teknologia berriak, finantza zerbitzuak eta aisialdirako industria garatzeko.

Perla ibaiaren badian biltzen dira Txinako esportazioen %37 eta barne produktu gordinaren %12. Indargune handiak ditu: Macao zorizko jokoen munduko hiriburua da -Las Vegasek baino diru gehiago mugitzen du-, eta aisialdirako industria handia du. Hong Kong, berriz, Asiako finantza zentro nagusia da, eta Guangdong planetako industria eremu handienetako bat da.

Zubiak eta trenak

Pekinek 2017. urtean onartutako planak ziurtatu du hiri horien arteko elkarlan estuagoak garapen ekonomikoa bizkortuko lukeela eta herritarren bizi maila handituko. Horregatik, hasieran, Hong Kongek ez zuen zalantzarik izan trena hartzeko, literalki hartu ere, hiria abiadura handiko tren berri batek lotzen baitu orain eskualdeko hiriburuarekin, Guangzhourekin -hamahiru milioi biztanleko metropoli bat da, europarrek Canton bataiatutakoa-.

Harreman sare berrien ikur nagusia zubi faraoniko bat da, Hong Kong lotzen duena Perla ibaiaren deltaren beste aldean dauden hiriekin, Macaorekin eta Zhuhairekin. 55 kilometro luze da, eta itsasoaren gainean gizakiak inoiz egindako ingeniaritza lanik handiena. Iaz inauguratu zuten, hiru hirien arteko pertsonen eta salgaien garraioa arintzeko.

Egia da, ordea, zubiak ez dituela bete Pekinek harengan jarritako itxaropenak. Hong Kongeko demografian izan zitzakeen eraginek estreinatzea atzeratu zuten, eta uste baino gutxiago erabiltzen dela onartu du haren kudeatzaileak, Li Jiangek. Oraingoz, baimen berezia duten auto apurrek ez ezik, kamioiek eta autobusek baizik ez dute erabiltzen, eta azken horien trafikoa amildu egin da protestak hasi zirenetik.

Antzeko zerbait gertatzen da abiadura handiko trenarekin. Hong Kongen, mesfidantza handiarekin ikusten dute haren geltoki erraldoia, Txinako immigrazio agentez josita dagoelako, eta manifestarien jomugan izan da horregatik.

Kontinenteko agintarien presentzia begi txarrez hartu ohi dute uste dutenek integrazio ekonomiko handiagoa arriskutsua dela Hong Kongentzat. Integrazio horrek epemuga bat duela ere badakite, Txinak Erresuma Batu- arekin hitzartutako «herrialde bat, bi sistema» eredua 2047. urtean amaitzekoa baita. «Txinazaleek diotenaren aurka, geure helburu gailena ez da hiriaren ekonomia suntsitzea, nahiz eta estrategia gisa erabiltzen dugun gobernuari presioa egiteko. Kontua da Pekinek uste duela dirua eskain diezagukeela askatasunen truke», salatu du Stella Chen ikasleak, Hong Kongeko Unibertsitate Baptistako manifestariak. «Badiaren eskualdearen plana horren adibide bat da».

Protestak protesta, Hong Kongekin ala Hong Kong gabe, deltako proiektua aurrera egiten ari da. Horren adibide bat ikusten da Hengqin uhartean, Zhuhai hirian. 106 metro koadroko eremu horretan, Macaotik 187 metro eskasera gertuenen dagoen lekuan, Hong Kong potentzia bat bilakatu duten armak zabaltzen ari dira. Kolonia ohi horrek oso zerga txikiak ditu, eta Hengqinek, berriz, merkataritza libreko eremua; Hong Kongek nazioarteko inbertsio saldoa jasotzen du, baina Hengqinen jada 55.000 enpresa kokatu dira. Lehia beste eremu batzuetara ere hedatu da: Hong Kongen Disneylandi itzala egiten dion jolas parke erraldoia eraiki du Chimelong enpresak, eta munduko akuario handienetan handiena jarri du han.

«Aduana 24 orduz dugu zabalik; Macaoko matrikulako autoak aske ibil daitezke Hengqinen; garraio publikoaren sistemak Macaokoekin bateratu ditugu; eta, urte bukaeran indarrean jarriko den politika berriarekin, are askeagoa izango da pertsonen eta salgaien garraioa», ziurtatu du Yang Chuanek, Hengqineko Merkataritza Askeko Eremuko zuzendariak. «Gainera, atzerriko enpresei erraztasunak ematen dizkiegu hona etor daitezen».

Gainera, Zhuhai hiriaren menpeko hiriak badu Hong Kongen jada ia desagertu den zerbait: manufaktura industria. «Geure helburua da teknologia handiko enpresak ugaritzea, eta, horretarako, %15eraino txikitu diegu sozietate zerga. Argindar hornidura ere hobetu dugu, eta munduko hamar onenen artean dago», esan du Yangek. Hitz horiekin erakutsi nahi du iraganekoa dela Txinan sartzeko biderik errazena Hong Kong zen garaia. «Berez, Hong Kongeko enpresa asko hemen kokatu dira».

Shenzheni Txinako Silicon Valley esaten diote, Interneteko enpresa gehienak han kokatu direlako. Zhuhaik, berriz, botikagintzaren eta etxetresnen aldeko apustua egin du. Esaterako, han du egoitza Gree-k, aire egokituen eta zentral nuklearretarako hozte sistemen egileak; baita By-Health enpresak ere, elikadura osagarrien ekoizlerik handienak.

«Argi dagoena da Txina bizkorrago garatzen ari dela Hong Kong baino, eta baldintza egokiagoak jartzen ari dela enpresak han koka daitezen. Baina zaila izango du finantza sektorea kentzea. Zuzenbide estatua oraindik errespetatu egiten da, eta hori funtsezkoa da konfiantza sortzeko. Ikusiko dugu zer gertatzen den auzitegien independentzia desagertzen bada, jada auzitan baitago», azaldu du Euskal Herriko enpresaburu batek -izena ez ematea erabaki du-.

Macao ez da Hong Kong

Hong Kongek ez bezala, Macaok besoak zabaldu dizkio Badiaren proiektuari. Hango unibertsitateak campus bat jarri du Hengqinen, jatorrikoa baino askoz handiagoa. Hesi batek eta ibai artifizial batek banantzen du Zhuhaitik, eta hara sartzeko bide bakarra dago: Macaotik barrena. Aurten hogei urte dira Portugalek kolonia Txinari itzuli zionetik, eta Badiaren Eskualdearen proiektua aukera gisa ikusten du, Txinarako sarrera naturala izan dadin portugesez mintzo diren herrialdeentzat.

Hong Kongekoaren antzeko sistema politiko-ekonomikoa du Macaok, baina hiriko 700.000 biztanleek ez dute ia protestatik egin. Batzuen arabera, horretarako arrazoi nagusia da Macaok menpekotasun handiagoa duela Txinarekiko, handik iritsitako turistek betetzen dituztelako bere kasinoetako kutxak. Baina Hong Kongek ere badu menpekotasuna: uharteari kontinentetik datorkio kontsumitzen duen uraren %70-80, argindarraren %16, barazki gehienak, eta edaten duen tea eta kafea ere bai.

Baliabide horiek arma indartsuak dira Pekinentzat. Horregatik, gobernuaren aldeko indarrek harreman adiskidetsuak izan nahi dituzte Txinako Alderdi Komunistarekin. Ez dirudi, ordea, mezu horrek arrakasta handia izan duenik kolonia ohiko herritarren artean: txinazaleek porrot handia jasan zuten igandeko hauteskundeetan.

Chan Mo-po Hong Kongeko Finantza arduradunak ohartarazi du hiriak atzeraldia izango duela aurten, 1997ko finantza krisiak eragindakoa baino handiagoa. Orduan, Txinaren indarra aprobetxatu zuen Hong Kongek atzeraldiaren kalteak arintzeko. Baina den-denak ez dira hain ezkorrak. Alibabak Hong Kongen aldeko apustua berretsi du, eta atzo hango finantza merkatuan burtsaratu zen.

Independentziaren aldekoek, berriz, uste dute hiriak baliabideak nahikoa duela aurrera egiteko, eta Taiwanekin harremanak sakontzeko eskatu dute. «Inork ez du esan askatasuna doan denik», onartu du Chenek.]]>
<![CDATA[XXI. mendeko protesten gidaliburua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/016/001/2019-11-02/xxi_mendeko_protesten_gidaliburua.htm Sat, 02 Nov 2019 00:00:00 +0100 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1905/016/001/2019-11-02/xxi_mendeko_protesten_gidaliburua.htm
«Ekintza guztiak modu organikoan sortzen dira: jendeak proposamenak egiten ditu LIHKG foroan, eta, gero, jendea Telegrameko taldeetan antolatzen da», gehitu du Kenny Tai-k, 25 urteko manifestariak. «Bakoitzak ahal duena eskaintzen du». LIHKG foroa blokeatu egin nahi dute Txinaren aldeko zenbait diputatuk, eta manifestariek Telegram erabiltzen dute, enkriptatze sistema sendoa duelako.

Kazetaritza ikasleek eta komunikabide digitalek smartphone-en bidez zuzenean eskaintzen dituzte protestak, Poliziaren edozein gehiegikeria erregistratzeko eta atxilotuen izenak jasotzeko. Atxilotuek beren izenak oihukatzen dituzte, haien kasuen berri izan dadin eta desager ez daitezen. Abokatu taldeek doan eskaintzen diete legezko babesa, txat aplikazioen bidez.

HKMap.live webguneak markatzen du non dagoen Polizia eta non gertatzen ari diren istiluak —Apple-k betoa jarri dio aplikazioari—. Informatikari anonimo batek garatu du erreminta, herritarrek gatazka guneak saihesteko; baina gobernuarentzat mehatxu bat da, manifestari bortitzenei informazioa ematen dielako istiluen kontrako polizien mugimenduez.

Askok atzerriko potentzien esku sartzea ikusten dute manifestaririk erradikalenen bitartekoen sofistikazioan eta oparotasunean, eta Txina ezegonkortu nahi izatea egozten diete. Kaskoak dituzte buruan; gas maskarak; laser erakusle indartsuak, poliziak itsutzeko; trafiko seinaleekin edo erditik puskatutako maletekin egindako ezkutuak; baita rotaflexak ere, Txinako Gobernuari lotuta dauden dendetan sartzeko. «Errealitatea askoz ere sinpleagoa da: Hong Kongeko bizilagunak dirua ematen ari gara finantza kolektiboko kanpainen bidez», azaldu du Jessica Chen-ek, Hong Kongeko Unibertsitate Baptistako Ikasleen Batzordeko kideak.

Dirua biltzeko kanpaina horietako gehienek helburu gisa jarritako kopurua baino askoz ere gehiago biltzen dute. Gainera, diru bilketak egiten dituzte kalean, martxa baketsuetan. «Poliziari aurre egiten diogun gehienok eman egiten ditugu kaskoak eta gas maskarak», Chenen esanetan. «Hong Kongeko herritar gehienek bat egin dute mugimenduarekin, badakitelako huts eginez gero gaur egun dauzkagun askatasunak gal daitezkeela Txinak hiria goitik behera kontrolatzera iristen denean, 2047an».

Herritar askok egin duten bidearen erakusgarri da Chen bera: «Manifestazioetara joaten nintzen, baketsuak zirenean. Geroago, ordea, gurasoak nire segurtasunaz kezkatzen hasi ziren, eta, zenbait ika-mika izan eta gero, etxean giltzapetu ninduten, atera ez nendin. Aukeratu egin behar izan nuen: nire familia edo nire printzipio politikoak. Bietako inori uko ez egiteko bidea bilatu nuen: ez naiz protestetara joaten, baina lagundu egiten dut, atzealdetik».

Chenen eginbeharren artean dago gaur egungo garaiari egokitutako bat: atxilotutako ikasleek sare sozialetan argitaratu dituztenak ezabatzea. «Poliziak haien kontuak aztertzen ditu, eta, beraz, atxilotuta daudela jakin bezain laster, harremanetan jartzen gara familiarekin eta lagunekin, haien sare sozialetan esku hartzeko eta atxilotuen kontrako karguak ez gauzatzeko. Batzuek beren pasahitzak ere uzten dizkigute lan hori egiteko».

«Artea, funtsezkoa»

Borroka ez dagokie Hong Kongeko herritarrei bakarrik. Mundu guztiko ekintzaile txinatarrek laguntzen diete sormenaren arloan, protestetako bizienetakoa. Badiucao da, esaterako, Txinaren kontrako artista nabarmenenetakoa. Bere talentua baliatzen du manifestarien bost eskaeren alde zinta politiko garratzak marrazteko. Zenbait irudi ikoniko sortu ditu eta askotan ikus daitezke Hong Kongeko Lennonen hormetan itsatsita. Protesta margoketez eta posterrez betetzen dituzte bertako hormak eta pasabideak.

«Artea funtsezkoa izaten ari da protestei bizirik eusteko», dio Badiucaok berak. «Hiru modutara egiten du: jendea bat eginda mantentzen du; eskaerak berrritu egiten ditu, zentzu berriak eta dimentsio ezberdinak emanez; eta mugimenduarekin bat egiten duen jendea erakartzen laguntzen du. Nire arteak hizkuntza bisuala baliatzen du herria ahalduntzeko, mugimenduaren garairik ikonikoenak erregistratzeko eta mezua mundu osora zabal dadin errazteko. Albisteak abiadura bizian kontsumitzen dira, baina arteak iraun egiten du. Nire zinta bat biral bihurtzen baldin bada, munduak kasu egiten dio, eta kausarekin bat egiten du. Nire irudiak Lennongo hormetan itsatsita ikusteaz harro nago».

Biral bihurtu dira Txinako banderaren izar horiekin egindako svastikaren diseinuak. Gauza bera gertatu da irudi horiek laguntzeko sortutako hitzarekin eta traolarekin: #Chinazi.

Marrazkietan gorde eta mundura zabaldu dituzte manifestazioen garai klabeak: Yuen Longeko jipoiak; gomazko balen kolpeengatik begiak galdu dituzten manifestariak; eta istiluen kontrako polizien oldarraldia Prince Edward metro geltokian. Manifestariek eskuetan eusten diete marrazki horiei Poliziaren aurrean. Badiucaok Aintza Hong Kongi ereserkiaren arrakastaren adibidea gehitu du. Batzuek ereserki ofizial gisa jartzeko proposatu dute. Duela egun batzuk Hong Kong askatzeko bideo jokoa ere sortu zuten.

Askorentzat, hori guztia da XXI. mendeko gizarte zibilaren protestarako eskuliburu berria. Ez baita Hong Kongera mugatzen, Badiucaok nabarmendu duenez: «Munduko diktadurarik handienaren eta boteretsuenaren kontra protesta egiten ari dira Hong Kongeko herritarrak. Haien ereduak eragina du munduko beste mugimendu askotan». Hala jaso du Txinako prentsa ofizialak ere, Hong Kongeko mugimenduarekin kritikoena deank. Global Times egunkari ultranazionalistak, esaterako, Hong Kongeko, Txileko eta Kataluniako protesten hainbat parekotasun aipatu ditu.

Esteladak Hong Kongen

Kataluniako independentziaren aldeko mugimenduaren antzekotasunaz ari da, batez ere. Pekini interesatzen baitzaio azpimarratzea Hong Kongeko mugimenduak ez duela demokrazia nahi, sezesioa baizik. Eta ez dela baketsua, biolentoa baizik. Hong Kongeko herritarrek Kataluniaren aldeko martxa bat egin berri dute, esteladez betea. Stand with Catalonia (babestu Katalunia) leloa ohiko bihurtu da, beste batzuekin batera, manifestarien oihuetan eta hiriko pintaketetan.

Hu Xijin Global Times-eko editore nagusiak bi mugimenduen arteko antzekotasuna ikusi zuen, lehen aldiz, Bartzelonan Prateko aireportua ixten saiatu zirenean. Hong Kongeko manifestariek lortu zuten hango aireportua bi egunez jarraian ixtea. Xijinen egunkarian azpimarratu egin dute Hong Kongeko Poliziaren neurritasuna, Kataluniakoekin eta Txilekoekin alderatuta.

«Gure eskaeren artean, oraingoz, ez dago independentzia, nahiz eta gutako askoren azken helburua hori den. Baina Kataluniarekin bat egiten dugu, estatuaren errepresioagatik, Poliziaren bortizkeriagatik eta oinarrizko askatasunengatik. Eta preso politikoak egotearen kontra gaude». Lucia Tse ingeniari gaztea izan zen iragan astean manifestazioetan esteladekin parte hartu zutenetako bat. «Espainian batzuek esaten dute zer gertatzen ari den jakin gabe hitz egiten dugula, baina informatu gara. Pertsona batzuk espetxeratu dituzte autodeterminazio galdeketa bat proposatzeagatik. Guk galdeketa babesten dugu». Lelo batekin amaitu du azalpena: «Guztiok espetxeratu gaitzakezue, baina ez gure ideiak».

Jason Leungek ere uste du Hong Kongen independentzia dela irtenbidea Txinako Eskualde Autonomo Berezi horrentzat. Bere testigantza deigarria da, gobernuarentzat lan egiten baitu: «Hasieran, lehen lerrora joaten nintzen, baina, orain ez, beldurra baitut agian ezagutu egingo nautela eta horrek nire ibilbide profesionala kaltetuko duela. Dena den, uste dut independentziak azken urratsa izan behar duela eta ezin dugula oraindik proposatu. Oraingo ahalegin guztiak izan behar du sufragio unibertsala lortzeko, eta eskualdeko parlamentuan demokraziaren aldeko gehiengoa lortzeko».

Leungek azaroaren 24ko hauteskundeak kudeatzen dituen bulegoan lan egiten du —hemezortzi barrutietako 452 ordezkari aukeratuko dituzte—. Txinaren aldeko alderdien hondamena eta demokraziaren aldekoen igoera espero du. «Horrek handitu egingo du gobernuaren kontrako presioa, eta uste dut prest egongo dela amore emateko», jarraitu du. Amore eman, zertan? «Poliziaren jokabideari buruzko ikerketa independente bat onartzea. Gauzatuz gero, guztia abiatu zuen lege proposamena bertan behera uztea lortuta, erakutsiko dugu, Txilen gertatu bezala, mobilizazioak balio duela zerbaiterako».]]>
<![CDATA[Iraultzaren ahotsak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1955/002/002/2019-09-14/iraultzaren_ahotsak.htm Sat, 14 Sep 2019 00:00:00 +0200 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1955/002/002/2019-09-14/iraultzaren_ahotsak.htm
Erasotzaileen talde handi hori demokraziaren aldeko manifestarien zain zegoen. Manifestariek istiluak sortu zituzten kolonia britainiar ohiaren erdigunean, eta, gero, sare sozialen bidez antolatu ziren Yuen Longera joateko. Txinaren aldeko herritarrak bizi dira bertan batez ere. Ez dute babesten estradizio legearen kontra sortu den mugimendua.

Erasotzaileek uste zuten Calvin So demokraziaren aldeko manifestari bat zela, elastiko iluna zuelako soinean. Sekulako jipoia eman zioten. Hiru egun pasatu zituen ospitalean, eta oraindik ubelduak dauzka bizkarrean eta mina hanka batean. Calvin Sorekin izandako istilua izan zen Hong Kongeko ehun protesta egunetako —ekainaren 9ko manifestazio baketsutik— gertaerarik bortitzena piztu zuen txinparta.

Gorrotoa gobernuari

«Hasieran telebistaz eta Internetez ikusten nituen protestak. Ordura arte bi milioi lagun elkartu zituen ekainaren 16ko manifestazio baketsuan parte hartu nuen soilik», dio Calvin Sok. «Baina jipoia jaso eta gero, askoz ere gehiago inplikatu naiz. Ikusi dut protesta baketsuek ez dutela balio ezertarako. Eta zerbait egin beharra daukagu Txinak Hong Kong ez suntsitzeko».

Calvin So, beste hainbat herritarren moduan, kezkatuta dago Hong Kong Txinan integratuko delako. Hiria Txinari eman zion Erresuma Batuak 1997an, herrialde bat, bi sistema ereduaren pean. 2047a du guztiz integratzeko epea, baina batzuek Txinaren esku sartze gehiegi ikusten dituzte.

Kenny Tai-k eta Kibby Leung-ek 25 eta 22 urte dituzte, hurrenez hurren. Bikotea dira, eta elkarrekin joaten dira manifestazioetara. Lehen lerroa saihesten dute, eta moderatutzat dute beren burua. «Gogoan dut», dio Kenny Taik, «2008an, Pekingo Olinpiar Jokoak egin zirenean, harro nengoela txinatarra izateaz. Ospatu egiten nituen dominak eta herriaren lorpenak. Baina Aterkien Mugimenduak [2014ko protestak] kontzientzia politikoa eman zidan. Pixkana-pixkana Txina beste modu batera ikusten hasi nintzen, eta orain gobernua gorrotatzen dut».

Bat dator Kibby Leung. 1997an jaio zen, Hong Kong Txinari bueltatu eta gutxira. Uste du belaunaldien arteko amildegia dagoela, eta berak aurre egiten die gurasoei. «Gurasoek babestu egiten dituzte estradizio legearen proposamena eta Poliziak manifestariak atxilotzeko bortizkeria erabiltzea; ez dakite manifestarietako bat naizela», azaldu du, irribarre herabe bat ahoan.

«Daukatena galtzeko beldur dira edadetuak. Askok gogoan dute Tiananmen, eta uste dute Txinak orduan bezala erantzun dezakeela; baina gu etorkizunak kezkatzen gaitu, haiek hilda daudenean gerta daitekeenak», gehitu du Kenny Taik. «Ez dugu bizi nahi Txinaren mende».

Woody Tamek 24 urte ditu, eta Txinan jaio zen, baina bat egiten du Kenny Tairekin eta Kibby Leungekin. «Orain beldur naiz Hong Kongek utzi egingo diola nik ezagutu dudan Hong Kong izateari. Beldur naiz ez dugula izango adierazpen askatasunik, Txinan gertatzen den moduan, eta gure nortasuna urtu egingo dela, Tibeten eta Xinjiangen gertatzen den moduan».

Hala ere, Tamek onartu du gatazka ez dela politikoa soilik. Ekonomikoa ere bada. «Sistema bidegabe baten kontrako borroka da: gutxi batzuek pilatzen dituzte aberastasun eta baliabide guztiak. Lanerako gero eta aukera gutxiago daude guretzat, eta Txinak presio bikoitza egiten du alor horretan: alde batetik, aberatsek erosi eta ondasunak pilatzen dituzte; horrek etxebizitzak izugarri garestitzen ditu, gehienontzat ezinezko bihurtzeraino; bestetik, egunero 150 txinatar etortzen dira Hong Kongera, bertan geratzeko, presio demografikoa handituz eta hiriaren baliabideak agortuz. Burujabetza lortu behar dugu horrelako gaiei buruz erabaki ahal izateko».

«Martiriren bat»

Alex Law ere Hong Kongen independentziaren alde dago. 28 urte ditu, kristaua da, eta boluntario gisa lan egiten du istiluetan zauritutako borroka kideei lehen arreta eskaintzeko. Manifestazioetara joaten da. Poliziaren piper gasak, negar gasak eta gomazko balek zaurituak artatzen ditu. «Hong Kong Txinari bueltatu ziotenetik izugarri handitu da Txinarekiko mendekotasuna. Orain ekonomia gehiegi oinarritzen da turismoan, eta migratzaile txinatar gehiegi daude. Horrez gain, sistema politikoa oraindik ere ustela da, eta herriak ez du aukerarik bere buruzagia aukeratzeko».

Gogor kritikatu du Polizia. Bortizkeria gehiegi baliatzea leporatzen dio: «Hasieran, poliziek hainbat ohartarazpen egin eta gero bakarrik [koloretako banderak erakusten dizkiete manifestariei] erabiltzen zuten; baina orain gomazko balak erabiltzen dituzte aldez aurretik jakinarazi gabe, eta raptor-ek [Poliziaren eliteko taldea] edozein jotzen dute, polizien identifikazio faltak zigorgabetasuna eskaintzen dielako».

Lawk uste du polizia txinatarrak Hong Kongeko herritarren artean sartuta daudela. «Estilo propioa dute, bertako poliziek erabiltzen duten SASen eskuorriarekiko ezberdina. Beste jarrera batzuk dituzte, eta kantondarra beste doinu batekin hitz egiten dute. Guztiek hil beharko lukete, baita haien senideek ere», oihukatu du. Haren diskurtsoa gero eta erradikalagoa da: «Uste dut beharrezkoa dela martiriren bat izatea, norbait hiltzea, mugimendua beste aro batera pasatzeko».

Zorionez, ikuspegi tragiko hori ez da nagusi. Herritar talde handiago eta isilago batek tarteko bideak nahi ditu, Hong Kongen idiosinkrasia Txinan txertatzeko. «Nik uste dut Pekinek nahikoa konfiantza baldin badauka 2047an eutsi egingo diola 'herrialde bat, bi sistema' ereduari», Jeremy Ng enpresariaren iritziz. «Ez dut uste behartu egingo gaituztenik egun batetik bestera kapitalismoa uztera eta sozialismoa hartzera. Ez zaio interesatzen gobernuari». Txina asaldatzeak hiriaren gainbehera ekonomikoa indartzeko arriskuaz ohartarazi du. «Ederra iraultza pobretu egingo bagaitu!».

Junios Ho Txinaren aldeko diputatua da. Manifestariek gehien gorrotatzen dutenetakoa. Haren esanetan, erreboltek finantza guneko ekonomiari kalte egitea lortuko dute soilik. «Haren indarra Shenzhenena [ondoko hiriarena] baino apalagoa da jada». Hok Txinak Hong Kongeko badiarako dituen planak gogoratu ditu: «Hong Kong oso azkar haziko diren hirien talde batean sartuko du. Hor ez badago, etorkizunari bizkarra emango dio».

Polizia, «eusten» soilik

Diputatu polemikoa da Ho. Yuen Longeko gertakarietan Txinaren aldeko mafien alde egotea leporatu diote. Hok uste du Txinako Gobernua onbera izan dela manifestari bortitzenekin. «Terrorista» deitzen die. «Poliziak eutsi egin du, hori izan da istiluen kudeaketaren ezaugarri nagusia. Horren erakusgarri da atzera egin zutela parlamentuari eraso ziotenean, sarraski bat gertatzeko beldurrez. Beste herrialde batzuetan errotik mozten saiatuko lirateke. Uste dut erantzuna indartsuagoa izan balitz protestak betikotu egingo ziratekeela».

Ez dauka hain garbi Kent Lau-k. Uste du zenbaitetan Polizia urrunegi joan dela. Badaki zertaz ari den, polizia baita. Hitz egitera ausartu da, zalantza asko izan eta gero, eta izen faltsu bat erabiliz. Billie Wong emaztea du ondoan. Manifestarien bost eskaeren aldekoa.

«Ez nago amnistiaren alde, zuzenbide estatuan eta legea errespetatu beharrean sinesten baitut», argitu du Lauk. «Baina ez zait zuzena iruditzen gobernuak Polizia baliatzea parlamentuan konpondu beharreko arazo politiko bat konpontzeko». Poliziak kritika asko jaso ditu. «Lehen errespetatzen eta maitatzen gintuzten. Orain inoiz ez dut esaten polizia naizenik, zinpeko zaindaria baizik. Gure seme-alabek mehatxuak jasotzen dituzte eskolan [eskuorri bat argitaratu dute bullying mota hori saihesteko], lagunek Whatsapp taldeetatik kentzen gaituzte, eta lur jota gaude. Beldurra dut agian bortizkeriak gainezka egingo duela eta egoera kontrolaezina bihurtuko dela».

Wongek, isilik, bat egiten du. Egoerak beren bikote harremanean eragina duela dio, eta etengabe eztabaidatzen dutela etxean. Lauk oso garbi dauka 2047an Hong Kong Txinako hiri bat gehiago izango dela. Hala ere, uste du manifestazioen eraginez jendeak ez duela etsia hartu halako etorkizun baten aurrean. Tentsioak, ordea, luzaroan jarraituko du Hong Kongen, elkarrizketatu guztien arabera. ]]>
<![CDATA[Dirua hasi da ihes egiten]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/012/001/2019-09-05/dirua_hasi_da_ihes_egiten.htm Thu, 05 Sep 2019 00:00:00 +0200 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1872/012/001/2019-09-05/dirua_hasi_da_ihes_egiten.htm bussiness klasean eserleku ekonomikoen prezioan, lau izarreko hotelak ostatuen tarifekin, merkataritza guneak erdi hutsik, bat-batean ixten dituzten dendak eta bertan behera geratzen diren biltzarrak. Hong Kongeko protestak luzatzen ari dira jada.

Demokraziaren aldeko manifestarien eta poliziaren arteko istilu etengabeek kalte egiten diote 7,4 milioi biztanleko hiriaren ekonomiari: nabarmen egin du behera iaz Hong Kongeko BPGaren %17,4 sortu zuen turismoak, eta txikizkako salmentak bide bera hartu du. Ohartzerako, munduko hiririk garestiena eskuragarriagoa da -Hong Kongen, batez besteko soldata oso batekin, 18,1 urte behar dituzu etxe bat erosi ahal izateko-.

Hori izan liteke bertako biztanleek protestei esker izan dezaketen abantaila ekonomiko bakarra; etxegintza egoera eskasean dago, eta, Royal Institute of Chartered-ek (RICS) eginiko ikerketa baten arabera, alokairua %2 merkatuko da datorren urtean. Ez dirudi asko, baina galanta da aldaketa, protestak baino lehen aurreikusten zen %3ko igoerarekin alderatuz gero.

Eskaintza berriak bertan behera geratu dira, salmentak txikitu, eta Hong Kongeko bederatzi eraikuntza enpresarik garrantzitsuenen artean 50.000 milioi euroko balioa galdu dute burtsan. Inbertitzaileek nahiago dute dirua beste norabait eraman, eta antzeko zerbait egitea pentsatzen ari dira hongkongdarrik dirudunenak ere. Malaysiak luxuzko programa bat sortu du dirudun horiek euren herrialdera alda daitezen, eta 251 apuntatu dira dagoeneko; ez dira gutxi beste leku batzuetara migratzeko asmoa dutenak ere.

Bestalde, finantza zerbitzuek eta mugaz gaindiko merkataritzak ez dute horrenbesteko harremanik barne ekonomiarekin, eta, ustez, liskarrek ez liekete horrenbeste eragin beharko; BPGaren %18,9 eta %17,5 ordezkatzen dute, hurrenez hurren.

Hong Kongen askatasun osoz mugitzen dira kapitala eta merkantziak. Bertatik pasatu da Txinatik eta Txinarako azken hamarkadan egin diren atzerriko inbertsio zuzenen %60. Hein handi batean, bertan ezarrita dagoen «herrialde bat, bi sistema» ereduaren ondorioa da hori; modu horretara adostu zuten Txinak eta Erresuma Batuak Hong Kong Herri Errepublikara itzultzeko modua. 2047ra arte mantenduko da berezitasun hori.

Txinarako atea

Hong Kong munduko bigarren potentziarako ate bikaina da, baita planetako finantza zentro handienetakoa ere; izan ere, legedi propioa, fiskalitate onuragarria, herrialdeko gainerako lekuekiko abantailak eta diru sistema propioa ditu. Atzerriko milaka enpresak egiten dituzte negozioak han, eta horiek alde egingo duten beldurra du batek baino gehiagok, lekuko gobernuak larrialdi neurriak ezarri eta egoera are eta larriagoa bihurtzen bada. Ez dabiltza oso oker, hori gertatzen hasi baita mugaz gaindiko merkataritzan.

Merkantziak ez dira kapitala bezain erraz mugitzen, eta gehiago eragiten diete aireportuaren itxiera bezalako gertakariek. Biltegi asko dago Hong Kongen, logistika eta merkataritza elektronikoko konpainienak nagusiki.

Orain, ordea, Txinako agintariek kontrol zorrotzak ezarri dituzte aduanetan, eta bertan pilatzen ari dira merkantziak; bidalketen atzerapena gero eta handiagoa da, hilabetekoa jada. Arazoak handitzen jarraitzen badu, eragin izugarriak izan litzake logistikaren sektorean, eta enpresa batzuk hasi dira neurriak hartzen: egiazko aukera bat da biltegiak Txinako beste leku batzuetan kokatu eta stocka bertara bidaltzea. Egoera hori arma ekonomiko oso garrantzitsua bihur liteke Pekinentzat, kalte handia egin baitiezaioke Hong Kongi.

Gobernuak are eta kolpe gogorragoa eman dezake atzerriko konpainiek Txinarekin negozioak egiteko dituzten abantailak murrizten baditu. «Atzerriko enpresa askok, baita ETEek ere, herrialdeko gainontzeko lekuetan jarduteko ezarri dugu egoitza Hong Kongen. Enpresa sortzea edo bankuan kontuak irekitzea askoz eragiketa sinpleagoak dira hemen. Ez dago dibisak aldatzeko mugarik, zergak oso txikiak dira, eta legedia bete egiten da. Baina bai, Pekinek araudia aldatu eta gure jarduna oztopatzen badu, askok ospa egingo genuke», azaldu du bere izena agertzerik nahi ez duen modaren sektoreko enpresari batek.

Presioaren ondorioak

Txina Hong Kongeko multinazionalak estu hartzen ari da. Kasu nabarmena da Cathay Pacific aire konpainia: zenbait langilek manifestazioei babesa adierazteagatik sortu zen eskandalua zela-eta, presidenteak eta kontseilari ordezkariak dimisioa eman behar izan zuten. Pekinek exijitu zuen enpresak eta langileek babes zezatela gobernuaren jarrera, eta zenbait behargin kaleratu zituzten. Konpainiak menpekotasun handia du Txinako trafikoarekin; edozein zigorrek ondorio ekonomiko larriak eragin diezazkieke, eta ez dute arriskatu nahi. Langileek diote enpresaren presioek sortutako egoera euren askatasunaren aurkako eraso bat dela.

Horri lotuta, zenbait komunikabidek zabaldu dute Txinako Gobernua nazioarteko enpresak erabiltzen ari dela Hong Kongen dituzten langileak posizionatzera behartu eta mundu ekonomikoa euren alde jarriko dela ziurtatzeko. Diruak ez du ideologiarik, eta gakoa da gatazka horretan. Pekinek badaki bere asmoak ez baztertzeko adina botere daukala.

Finantza sektoreak izan ditu kalte gutxien. Georg Chmielek, atzerrian higiezin aktiboak erosteko Interneteko webgune bateko buruak, argi du finantza konpainiek ez dutela Hong Kong ez den aukerarik: «Luzera begira hirian edo inguruetan mantentzeak sortuko dituen irabaziek epe laburrean gerta daitekeen edozein galera berdintzen dute», adierazi dio BERRIAri posta elektronikoz. «Hong Kong lekurik onena da, bai Txinan lan egin nahi duten atzerriko enpresentzat, baita atzerrian lan egin nahi duten Txinako enpresentzat ere».]]>
<![CDATA[KAFEA NAHI BADUZU, SAKATU 'BAT']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1991/010/001/2019-07-28/kafea_nahi_baduzu_sakatu_bat.htm Sun, 28 Jul 2019 00:00:00 +0200 Zigor Aldama https://www.berria.eus/paperekoa/1991/010/001/2019-07-28/kafea_nahi_baduzu_sakatu_bat.htm
Meituan Dianpingek, adibidez, 400 milioi erabiltzaile baino gehiago dauzka, eta bost milioi jatetxe bazkidetu; 20 milioi eskaera kudeatzen ditu egunero, 600.000 mezulariren bidez. Urteko lehen hiruhilekoan, 75.600 milioi yuaneko negozioa egin zuen (9.700 milioi euro), iazko epe berean baino %38,6 gehiago. Enpresaren arabera, haren zerbitzuaren azkartasuna -28 minutu batez beste- lotua dago teknologiaren alde egindako apustuarekin, eta horren barruan nabarmentzen du adimen artifizialeko aurrerapen bat: 0,55 milisegundotan zehazten dute zein den ibilbiderik onena eskatutako zerbait helmugara eramateko.

Hala, ez da harritzekoa kaleak eta errepideak kamioiz, furgonetaz eta bizikleta elektrikoz beteta ikustea, askotariko produktuen banaketa egiten. Azken moda da kafe bat sakelakoaren bidez eskatzea, hainbeste handitu da etxean edozer jasotzeko joera. Lucking Coffeek zabaldu zuen atea; Starbucksekin lehiatu nahi du kafetegien espazioa ahalik eta gehien txikituz, eta mezularien bidezko banaketarekin. Hamasei milioi bezerori 85 milioi kafe saldu zizkien horrela iaz. Martxorako 2.370 denda zituen konpaniak -kafeak egin eta banatzeko-, eta, urtea amaitzerako, 4.500 areto izan nahi ditu. Lortuko balu, Starbucks gaindituko luke; hura ere kafea etxera eramaten hasi zen iazko irailean.

Txinako enpresa horien negozio ereduak zalantza ugari piztu ditu, ordea, gehienak lehia gogorrean bizi direlako, eta lehia horrek isla duelako gorriz marraztutako emaitzetan. Ezaguna da Txinako merkatuak uxatu egin dituela Amazon gisako erraldoiak, ezin izan dutelako aurrera egin minaz jositako bide hartan. Beti dago aukera egoera hori egonkortzeko eta, bizikleta partekatuen sektorean gertatu den bezala, dozenaka enpresa desagertzeko, baina dagoeneko ez da zalantzarik: munduko bigarren potentziak eman duen jauzi logistikoak eta bezeroak lortzeko gerrak betiko aldatu dituzte Txinako herritarren kontsumo ohiturak.

Sakelakoarekin erostea da orain ohikoena, batez ere gazteen artean. Eta ez dute erosten Amazon gisako plataforma komertzialetan bakarrik: Taobaon eta JDn ere erosten dute, adibidez; neurri eta mota guztietako saltokietan jarduten dute. Gainera, ez da gertatzen hiri handietan bakarrik, Mendebaldean izaten den antzera: Cainiao sare logistikoa, Alibabarena, 40.000 herritara iristen da. 2018an, 50.000 pakete igorri zituzten Txinan, eta 2020an 71.000 bidaliko dituztela espero dute. Emarketerrek kalkulatu du 2020rako merkataritza elektronikoa 2,5 bilioi dolarrekoa izango dela, munduko merkataritza elektroniko osoa baino bilioi bat gehiago.

'Online' ala hil

«Online saldu ezean, hil egingo zara», laburtu du Lu Meik; arropa eta apaingarrien denda txiki bat dauka Shanghain. Saltoki klasikoa da, betikoa. «Nik 50 urte dauzkat dagoeneko, eta ez nuen nahi, baina salmentak asko murriztu dira dendan, eta semeak esan zidan WeChaten saltzen hasteko [Txinako sare sozial handiena]. Horrek orekatu du balantza pixka bat», dio; «batez ere bezero leialentzat balio du, aplikazioan dauzkadan gauza berriak ikus ditzaketelako, produktuen inguruan nirekin hitz egin dezaketelako, eta etxetik atera gabe erosi».

Luk egiten ditu fardelak, mezulari batek jasotzen ditu, eta bezeroei eramaten dizkie. «Onena da ez dudala azpiegitura handirik behar, eta nire dendara iritsiko ez ziren bezero askorengana iritsi naitekeela».

Kate tradizional handiek ere ziberespaziora egindako jauziak biltegien eskaera izugarria ekarri du, eta martxan jarri da haiek automatizatzeko lasterketa teknologikoa. Suning, Asiako erraldoiko salerosketa kate handiena, adibide ona da azaltzeko sektorea nola egokitzen ari den. Aurreko hilean, Carrefour Chinaren %80 erosi zuen, 615 milioi euroren truke. Saltoki fisiko handiekin jaio zen Suning, etxekotresnak eta gailu elektrikoak banatzeko. Egun 11.000 denda dauzka, baina eredu hibrido batera abiatu da, eta online salmentek gero eta pisu handiagoa dute eredu horretan.

Suningek ehun biltegi baino gehiago dauzka, eta haiek 9,64 milioi metro koadro hartzen dituzte. Espazio gehiena etxetresna handientzat da, baina enpresa jatorrizko sektoretik harago joan da, eta 46 instalazio dauzka hotza behar duten produktuak saltzeko, batik bat janaria.

Biltegi horietatik guztietatik 100.000 kamioi ateratzen dira 4.000 ibilbide egiteko enpresaren 465 banaketa zentroetatik aterata. Txinako merkatuaren %95i zerbitzua ematen zaio zentro horietatik, 24 orduko epean. «Ez da oso zaila estandar horiekin aritzea hiri handietan, esaterako Shanghain, Pekin eta Nanjingen, baina txinatarren %70 landa inguruetan bizi dira edota hiri txikiagoetan. Kokagune horiei kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea askoz ere zailagoa da. Baina Tibeteko txoko guztietara ere iristeko gai gara gu», dio, harro, Nanjingeko Yuhua biltegiko zuzendariordeak, Xue Fanhik. «Kostuak nabarmen garestitu dira Txinan, hala biltegiena nola eskulanarena. Beraz, eraginkortasuna kostuak bezainbeste handitzea ezinbestekoa dugu lehiakorrak izateko. Teknologia da gakoa», azaldu du Xuek.

Suning ez da bakarra adimen artifizialaren eta automatizazioaren apustua egiten. Haren lehiakide nagusietako batean, JDn, uste dute egungo eskaera halako hamar kudeatu ahalko luketela puntako teknologiari esker. «Orain arteko teknologiarekin, oso zaila da eraginkortasuna gehiago hobetzea», dio JDko fundatzaile Richard Liuk.

Suning konpainiaren Yuhua biltegian 400 langilek dihardute, baina 200.000 metro koadroko eremu horretan ez da erraza haiekin topo egitea. Langile bat edo bi daude prozesu bakoitzean; gainontzeko lanak robotek eta zinta automatikoek egiten dituzte, objektuak igoz eta jaitsiz, leku batetik bestera eramanez. «Guk geuk garatu dugun sistema horrekin, langile bakoitzak 1.200 produktu kudeatzen ditu orduro, biltegi tradizionaletan baino hamar aldiz gehiago. Eta 5G sarea martxan jartzen denean, nabarmen hobetuko dira kopuru horiek», gaineratu du Xuek.

Drone aireportuak

Nahiago du lehiakidea izenez ez aipatu, baina Xuek dio Nanjingeko biltegia Asiako handiena dela, eta munduko bost handienen artean dagoela. Suningen egoitza nagusia Jiangsuko hiriburuan dago. «Bi milioi produktu arteko bolumena jaso dezakegu, eta egunero milioi erdi bat produktu kudeatzen ditugu. Gure errekorra Ezkongabeen Egunean egin genuen: 1,8 milioi produktu banatu genituen egun bakarrean [azaroaren 11n ospatzen dute Txinako ziberespazioaren orgia konsumista nagusia]».

Barra kodeak irakurtzeko sistema bat kaxak banatuz doa; kaxek txip bat dute gordetzen duten produktuaren informazio guztiarekin. Produktu gehienak beren kabuz iristen dira plastikozko kutxa horietara. «Badira esaten dutenak automatizazio honek guztiak lanpostuak suntsitzen dituela, baina guk jendea kontratatzen jarraitzen dugu merkataritza eletronikoaren eskaera handiari aurre egiteko», azaldu du Xuek. 2019. urteari dagokionez, 80.000 pertsona gehiago hartuko ditu Suningek lanerako.

Baina ibilgailu autonomoekin egin nahi du banaketa. Baidurekin egin zuen ituna, iaz, Apollo gidaririk gabeko autoen plataforman parte hartzeko. Shanghain probak egiten hasi da 40 tona eramateko gai den kamioi autonomo batekin. Proba hori ongi ateraz gero, datorren urteko amaierarako orokortu egingo da kamioi autonomoen erabilera.

Horri gehitu behar zaizo JD garatzen ari den droneen proiektua. Probintzia batean lanean ari da horiekin, eta 150 aireportu eraikitzen ari dira haientzat. Helburu nagusia da iristeko zaila den lekuetan droneak garraiorako modu nagusia bilakatzea. «Desberdintasun sozialak apaltzeko balio dezake teknologiak, produktuak eta zerbitzuak jasotzeko garaian. Txina buru-belarri dabil iraultza logistikoan, eta iraultza soziala ere bada hori», aldarrikatu du Xuek.]]>