Itxiera, euskarririk gabea
'Egunkaria auziko' bost epaituak errugabe jotzeaz gain, euskarazko kazeta bakarra ixteko nahiko arrazoi ez zegoela dio epaimahaiak sententzian.
Oihana Elduaien
Euskaldunon Egunkaria ixteko nahiko oinarririk ez zegoela ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak euskarazko egunkari bakarra itxi eta zazpi urtera. Atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta epaitu dituzten bost lagunek ETArekin «inolako harremanik» ez dutela idatzi du Egunkaria auziko epaian, eta absolbitu egin ditu. Akusazioek lana gaizki egin dutela dio epaimahaiak: «Atzekoz aurrera egin dute indukzio prozesua. Lehenbizi, erabaki da zein den ondorioa (...); gero seinale, zantzu eta aztarna bila hasi dira; eta azkenik arbuiatu egin da ondorioarekin bat ez datorren ezein esplikazio».
Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel magistratuek osatutako epaimahaiak Egunkaria auziko gako garrantzitsuenak puntuz puntu xehetu dituzte 33 orriko epaian.
Itxiera oinarririk gabea
Euskaldunon egunkaria ixteko nahiko oinarririk ez zegoela esaten du epaiak. Epaimahaiaren arabera, Espainiako ordenamendu juridikoan «nekez onar daiteke» komunikabide bat badaezpadako neurri gisa ixtea. «Egiazko informazioa» ematea eta jasotzea «eskubide bikoitza» dela dio, eta hura «iritzi publiko libre baten bermea» dela. Gogora ekarri du, indarrean dauden arauetako «batek ere» ez diola epaileari komunikabideen jarduera eteteko ahalmenik ematen. Egunkaria-ren itxierak «dimentsio kolektibo gehigarria» ere baduela dio epaimahaiak, «euskaraz irakurtzen dutenek egunkari hori besterik ez zutelako». Horrek «pluraltasunaren ikuspuntutik haren ekarpena indartsuago» egiten zuela gaineratu du.
«Agian» badaezpadako neurri gisa egunkari bat ixteko salbuespen bat izan liteke, epaiaren arabera, «delitu larriak ekiditeko helburua, beste neurri arinen bat posible ez denean». Baina argudiatzen duenaren arabera, Egunkaria-ren auzian ezin daiteke esan halakorik gertatu zenik, «informazio eta iritzi lanetan delitu bakar bat ere ez zaielako inputatzen», eta beraz, «ezin daitekeelako eutsi egunkaria editatzeak eta zabaltzeak delitua egiten jarraitzeko arriskua» zekarrela esaterik. Beraz, badaezpadako neurri gisa erabiltzeko beste aukera batzuk ere bazirela dio.
Frogarik ez
Frogatutzat eman daitezkeen gertaerak ez dira zigortzeko modukoak, epaimahaiaren arabera. Akusazioei gogor egiten die zati honetan, esanez, zantzuak egoteak ez duela zertan hautsi errugabetasun presuntzioa. Akusazioek aurrena ondorioa atera zutela, eta gero ondorio horri eusteko froga bila saiatu zirela salatu du, gauzak ez direla horrela egin behar ohartaraziz. Zantzuetatik ondorio «arrazionalak» atera behar direla dio, «zientziaren eta esperientziaren logikari erantzunez». «Ez du arbitrarioa, absurdoa eta funts gabea izan behar». Epaimahairen arabera, «ez da zilegi» zantzua zantzuaren gainean jarrita ateratzen den ondorioa frogatzat jotzea, eta «horixe gertatzen da autoan, ikusi dugunez, akusaziozko tesiarekin».
Epaiak jasotzen duenez, «herri akusazioek oinarria hartzen duten gertaera eta datuak ez daude modu zuzenean frogatuta, zantzuek bi zentzu dituzte eta auzipetuen mesedetarako interpretazioak ere onartzen dituzte».
Hala, euskararekin eta euskal kulturarekin lotura duen guztia «ETAk sustatzen eta kontrolatzen duelako ikuspegia» okerra dela dio. «Horrek datuak eta gertaerak oker interpretatzea eta inputazioa funtsik gabea izatea ekarri du». Akusazioen abiapuntuaren «ahultasuna» nabarmena dela dio, izan ere, ETAk bere helburuak betetzeko pertsona fisikoak erabiltzen dituela esateaz gain, frogatu egin behar baita, akusatuak beren erabakiz aritu zirela erakunde armatuari laguntzen.
Auzipetuen deklarazioak
Epaimahaiak azpimarratzen du epaiketan akusatu guztiek ukatu zutela ETArekin loturarik zutenik. Ontzat ematen ditu Egunkaria-ren sorrerari eta zuzendarien aukeraketari buruz akusatuek eta lekukoek epaiketan esandakoak. Gainera, aipamena egiten die tortura testigantzei. Auzipetuek xehetasun handiz egin zuten beren tortura testigantza auzi gelan, eta horrek izan du eraginik. Epaimahaiak, torturei buruzko erabakirik ezin duela hartu ohartarazi ostean, auzipetuen salaketak «nabarmentzekoak» direla dio, eta auzitegiko medikuek egindako txostenekin bat datozela. Hori kontuan hartuta, inkomunikazioan «kontrol judizial nahikorik» ez zela bermatu dio.
Txostenek izaera perizialik ez
Akusazioek aurkeztutako peritu txostenek izen hori ez dutela merezi ebatzi du epaimahaiak. Perituak jakintza tekniko zientifikoak, artistikoak edo praktikoak izan behar dituztela ekarri du gogora, eta kasu honetan ez dela hala gertatzen: «ETAko kideei atzemandako dokumentuez eta miaketetako diligentzietan atzemandako materialaz Guardia Zibilak egindako azterketen gainean egindakoak dira [txostenak]». Gainera, «inferentziak» eta «dedukzioak» besterik ez dituzte, txostenek, epaiaren esanetan.
Akusazioen oinarri diren agiriak
Egunkaria-ri buruz ustez ETAk norbaitekin egindako iritzi trukean oinarritu dira akusazioak auziarekin aurrera egiteko. Agiri horiekin ezin dela inor zigortu dio, ordea, epaimahaiak, eta haien egilea edo hartzailea auzipetuetako inor denik ezin dela esan. «Froga hau ez da nahikoa inputazioei eusteko».
Txomin Aizpuruari atzemandako agiriez esaten du paper horietan dagoen informazioa ez dela zuzena, eta idatzi duenak informazio zuzena ez duen seinale izan daitekeela hori. Alvarez Santacristinari atzemandakoetan etakideek Egunkaria-n zuten interesa besterik ez dela agertzen uste du epaimahaiak. Gainera, interes hori Egunkaria-z haratago ekologiaz eta drogaren kontrako borrokaz ere badela dio. Carmen Gisasolari atzemandako agiriak, berriz, «inputaziorako hutsalak» dira epaimahaiaren irudiko. Auzipetuen alde, zein kontra interpreta daitezkeela dio. Eta, Garikoitzari eta Hontza deituriko dokumentuei dagokionean, haiek irakurrita, epaituetako inork ETAko kideen aginduak jarraitu zituztenik ezin dela esan dio.
Beste frogak, eskas
Kazetariek Zutabe aldizkariak edukitzea ez du frogatzat jotzen epaimahaiak, «kazetari askoren eskuetan» egoten direlako. Egunkaria Orain SAren azpiegituretan argitaratzea ere ez dela froga dio, «enpresa irizpideen arabera hartutako erabakia» izan zelako.
Akatsak ere baditu epaiak. Esate baterako, oker jarri dute Egunkaria-ren itxiera data. 2003ko otsailaren 20a jarri beharrean 1998ko uztaila jartzen du, hain justu, Egin itxi zuten garaia. Gainera, zortzigarren puntua ere falta da epaian; zazpigarrenetik bederatzigarrenera salto egiten du.
AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioak dira konforme geratu epaiarekin, eta, jakinarazi dutenez, Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera aztertzen ari dira.
@Egunkaria auziari buruz zuzeneko saio berezia egingo du BERRIA TB-k, gaur 11:15ean hasita. Auzipetuen prentsaurrekoa emango dute besteak beste:
www.berria.info/egunkaria
Sententziaren pasarte nagusiak
Berria.info 2009