Panamako paperek Euskal Herriko talde industrial handienari ere eragin diezaiokete, Mossack Fonseba busetearen erregistroak Fagor Inc. izeneko enpresa bat azaltzen delako. Fagor Taldeak egun osoa darama agertu den izen horren peskisan, kooperatiba guztietan galdetzen eta enpresa horri azalpen bat eman nahian. Emaitza argia da: ez dauka inolako loturarik Mondragon taldeko kooperatibekin. Hala esan diote Arrasateko iturriek BERRIAri. 2009an eman zuten enpresa horren alta, eta oraindik martxan legoke, Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak emandako informazioaren arabera. Edonola ere, ez du logika handirik Fagor Taldeko kooperatibako agintariren batek zergak saihesteko Fagor izena erabiltzea. Fagor marka erabili nahi duen edozeinek jakinarazpena bidali behar dio Arrasateko taldeari, eta hori ez da gertatu, kazeta honek jakin duenez.
Mondragon International Corp. da Arrasateko Mondragon korporazioari ireki zaion beste fronte bat. Frontea azkar itxiko da, ordea, Mondragonek ez baitu zerikusirik horrekin. Mondragon International Corp. horri loturak bilatzen hasita, Espainiako beste enpresa bat badago Mondragon izenarekin; uraren sektorean jarduten zuen enpresa da, Valentziakoa. Mondragon International Corp. 2007tik 2011ra egon zen martxan, eta Valentziako enpresak konkurtsora jo zuen 2013ko ilbeltzean. Edonola ere, hori guztia berretsi egin beharko litzateke, baina azalpen bat izan daiteke Mossack Fonsecaren erregistroan azaltzen den Mondragon izeneko enpresarentzat.
BERRIAren iturriek diote "harridura handia" dela korporazioan, baina erabat ukatu dute hala Fagor Inc. nola Mondragon International Corp. enprsek inolako lotura dutela Arrasateko taldearekin. Mondragon Korporazioa susperraldi betean dago, emaitzak hobetzen, eta industria dibisioa giharra ateratzen ari da. Panamako pareren auziak kalterik ez egitea espero dute iturri horiek.