Legezkoak dira, baina, interes tasa batzuetatik aurrera, bezeroek eska dezakete bankuek kobratutako gehiegizko interesak itzultzeko. Gorenak errieta egin die bankuei, «lukurreriaz» jokatu dutelako, eta bezeroak ez dituztelako behar bezala informatu kreditu txartel horien arriskuen inguruan. Baina erabiltzaileei ere eskatu die tentuz ibiltzeko, eta kontratuen letra txikia irakurtzeko.
Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du revolving txartel baten bidez emandako mailegu bat, diruaren prezio normala baino handiagoa den edo nabarmen neurriz kanpokoa den interes tasa bat aplikatzeagatik.
WiZink bankuak galdutako epai bati jarritako helegiteari erantzun dio Gorenak. Epai horrekin jurisprudentzia ezarri du, eta atea ireki kontratuak baliogabetzeko txartelek %20tik gorako interesa dutenean, lukurreria argudiatuta.
Bereziki krisi ekonomikoaren garaitik hona asko ugaritu dira revolving deiturikoak. Finantza entitateek eta enpresa eta saltoki handiek fidelizazio gisa eskaintzen dituzten txartel batzuk dira; letra txikia irakurriz gero, harreman hori betiko bihur daiteke. Gorenak kontratua eteteko aukera zabaldu du orain.
Revolving esaten zaie sortzen duten zorra ere birakaria delako: zenbat eta gehiago erosi, orduan eta handiagoa da interes tipoa. Horiek hala, amaierarik gabekoa bihur daiteke bezeroaren eta mailegu emailearen arteko lotura. Orain, Gorenak muga bat jarri dio horri. Interesak %20tik gora izaten hasten direnean baliogabetu ahal izango dira kontratuak.
Noiz da lukurreria?
Kontratua baliogabetu edo eten baino lehen, lukurreria egon den ala ez ebatzi behar da. Horretarako, Gorenak galdera honi erantzun behar izan dio: txartel horien interes tasa noiz da ohikoa baino nabarmen handiagoa? Hori zehaztu behar izan du, hemendik aurrera probintzietako epaitegietan jakin dezaten zerekin alderatu txartel horiengatik bankuek kobratu ohi dituzten interesak, eta ebatzi ahal izateko abusua egon den ala ez.
Gorenaren aurretiazko epai batean, epaitegiek % 24,6ko tasa erabili zuten erreferentzia gisa, hau da, 2001 eta 2009 artean kontsumo eragiketetan ohikoa zen batez besteko interesaren bikoitza baino gehiago.
Zergatik jarri zuten muga hori? Espainiako Bankuak interes tasei buruzko estatistikak argitaratzen ditu, eta, gaur egun mailegu pertsonalenak (interes baxuagokoak, %7-8 batez beste) eta revolving txartelenak (%19 eta %20 artekoak egun) bereizten baditu ere, ez da beti hala izan. Epaia kaleratu zenean, %24,6 zen batezbestekoa, eta hortik gorakoak lukurreria jotzen hasi ziren epaitegi batzuk.
Hori zuzendu du Goreneko salak, eta ebatzi du revolving txartelen interesen batezbestekoa kontuan hartu behar dela. Egun, %19,67 da. Abusuzkotzat jo dute hortik gorakoak izatea, eta zehaztu dute orduan baliogabetu ahal izango direla kontratuak, eta bezeroek eskatu ahal izango dutela bankuek kobratutako gehiegizko dirua itzultzeko.
Gorenak argudiatu duenez, indize hori zenbat eta handiagoa izan, orduan eta tarte txikiagoa egongo da kreditu eragiketaren prezioa lukurreriarik egin gabe handitzeko, eta gaineratu du irizpide bat ezarriko ez balitz egoera «absurdoak» sortuko liratekeela: adibidez, revolving kreditu eragiketa bat lukurreriatzat jo ahal izateko, interesak %50era hurbildu behar izatea.
«Komertzializazio teknika oldarkorrak»
Gorenak gogoratu du Espainian lukurreriaren erregulazioa «zehaztugabea» dela, eta inguruko beste herrialde batzuetan legeek portzentaje edo parametro jakin batzuk ezartzen dituztela. Salako magistratuen iritziz, zehaztugabetasun horren ondorioz, auzitegiek ponderazio lana egin behar dute. Horrez gain, eta behin konparazioa egiteko erreferentzia indizea finkatu ondoren, azpimarratu du beste elementu batzuk ere hartu behar direla kontuan lukurreria egon den ala ez zehazteko.
Horren harira, revolving-ei buruzko 2015eko epaian adierazitakoa berretsi du: bankuek ezin dituztela hain interes handiak kobratu, bezero askok ezin dituztelako ordaindu; batez ere, kredituak ematen dituztelako bezeroen kaudimena aztertu gabe. «Ezin da justifikatu diruaren interes normala baino nabarmen handiagoa ezartzea, kontsumorako kreditu eragiketei modu arinean [...] eta mailegu hartzaileak ordaintzeko duen gaitasuna behar bezala egiaztatu gabe». Eta 2015ean epaileek esaten ez zuten zerbait gehitu dute oraingo ebazpenera: bankuek ezin dutela hori lortu ez bada «komertzializazio teknika oldarkorren» bidez.
Gorenak erabakia hartu du 1908ko arau batean oinarrituta —lukurreriaren aurkako legearen 1. artikulua—; oraindik indarrean dago, eta interes bidegabeak dituzten maileguak debekatzen ditu. Horren arabera, deuseza da edozein mailegu kontratu uste bada hartzaileak onartu egin duela larritasunezko egoera batengatik, esperientzia ezagatik edo bere ahalmen mentalak mugatuak izateagatik, eta kontratu horretan interesak diruaren interes normala baino askoz handiagoa eta neurriz kanpokoak badira.