Udan, historikoki haize alisioak jo ohi dute: diru gutxi salerosi ohi da, eta uztaila eta, batez ere, abuztua ezuste desatseginetarako aproposak izan ohi dira. Aurten ohiturak irauli dira. Haize alisiorik bat ere ez, diru bolumen handiak mugitu direlako Madrilgo Ibex-35 indizean. Badirudi, urte hasierako astinduak berreskuratzeko irrikitan direla akzioen enkanteetako salerosleak. Datu esanguratsurik ezean, nola ez, AEBetatik etorri zen berria. JP Morganek 2.721 milioi dolar irabazi ditu bigarren hiruhilekoan, eta inoizko diru sarrera handienak izan ditu. Hala ere, bai familien bai enpresen maileguetan galerak pilatzen ari da. Letra txikiari baino letra handiari erreparatu zioten burtsek, eta irabaziak nagusitu ziren Europan. Aipatutako Ibex-35ak 10.000 puntuak erdietsi zituen, baina ateak ixtear zela, zorabioa sartu zitzaion, eta inbertitzaile batzuek negozio egin zuten, aurreko egunetan irabazitakoari epe motzeko irabazia ateratzeko ordua zela iritzita. Bai, halakoa da burtsa.
Zeltia. Zeltia farmazia taldearen burtsako ibilbidea Yondelis bere sendagai ikurrari lotua dirudi, Yondelis ondo badoa, Zeltia ondo; gaizki badoa, egurra. Urteak daramatza horrela. Herenegun arratsean jakin zen FDA Estatu Batuetako agentziak obarioetako minbiziaren tratamendurako sendagaia ez merkaturatzea erabaki duela. FDAk dio minbiziaren garapena sei astez atzeratzen duela baina zeharkako ondorio arriskutsuak dituela osasunean. Horren ondotik, biharamuna etorri zen Zeltiarentzat. Burtsan, akzioak 4,8 euroko prezioa zuen, eta egun amaieran 2,73 eurokoa zen.
10.000tik gertu zorabioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu