101 milioi euro gutxiago jaso ditu Ogasunak Gipuzkoan, «400 euroengatik»

Ondare zergaren bidez jasotzen duten dirua ezin dutela «barkatu» dio Pello Gonzalez diputatuak

Miren Garate.
Donostia
2009ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Iazko zerga kanpainan, 2007koan baino 101 milioi euro gutxiago jaso zituen Gipuzkoak. Pello Gonzalez Ogasun diputatuaren arabera, batez ere, arrazoi batek azaltzen du murrizketa: zerga ordaintzaile guztiei 400 euroko kenkariak egiteak. «Neurri hori deskontatuko bagenu, 2007arekin konparatuta, likidazio positiboan egongo ginen oraindik».

Guztira 391.000 herritarrek egin zuten errenta aitorpena Gipuzkoan. Horiei guztiei 400 euroko kenkaria egiteak 156 milioi euroko kostua duela azaldu du Gonzalezek. Haren iritziz, gainera, Espainiako Gobernuak sustatutako neurriak ez du helburua bete. «Kontsumoa bultzatu nahi zen, baina errealitatea kontrako zentzuan doa. Familiek inoiz ez zuten hainbeste aurreztu».

Hauteskundeei begira egindako proposamen hutsa izan zeladio. «Ministro bati nahiz langilerik xumeenari era berean aplikatzeak ez du zentzurik». Hala, batzar nagusiek aztertu egin beharko dutela neurriak jarraitu edo ez esan du.

Ondarearena da Gipuzkoan eztabaida pizten duen beste zergetako bat.Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ezabatu egin da, baina Gipuzkoan indarrean jarraitzen du oraindik. Aurrean ere hala izatea nahi du Gonzalezek. Joan den urtean, zerga horren bidez 53 milioi euro pasatxo jaso zituen Gipuzkoak, 2007an baino hiru milioi gutxiago. Kopuru hori aurreikusi zutena baino handiagoa dela esan du Gonzalezek, krisiagatik gutxiago eskuratzea espero zutelako. «Egoera ikusita, ezin ditugu barkatu 53 milioi», azaldu zuen.

Aralarren erantzuna

Aralarrek gogorarazi dio Gonzalezi bere sailak onartu zuela 400 euroen neurria. «Espainiako Gobernuak proposatu bazuen ere, Gipuzkoako Ogasunak bere esku zeukan abian jartzea edo ez jartzea». Rebeka Ubera alderdiko batzarkidearen esanetan, Aralarrek lehen ere esan zuen neurri horrek, gutxien irabazten duten pertsonak kanpo uzteaz gain, foru kutxak hustuaraziko zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.