Iazko abendutik gaur egunera 12.200 langabe gehiago daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eustatek emandako datuen arabera. Langabezia tasa %13,8ra iritsi da hiru lurraldeotan 2013ko lehen hiruhilekoan; beraz, puntu oso bat egin du gora 90 egunean, 2012ko abenduan %12,8koa baitzen tasa hori. Hala, 142.400 pertsona zeuden lanerako prest eta lan bila, edota enplegua lortzeko kudeaketak egiten urteko lehen hiruhilekoan.
Gizonezkoen artean 9.600 pertsona gehiago daude lanik gabe, eta emakumezkoen artean 2.700 gehiago. Dagoeneko 60.700 emakume daude lanik gabe Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 91.300 dira langabezian dauden gizonak. Gizonezkoen langabezia tasa %14,7koa da, eta emakumezkoena %12,8koa.
Gazteen artekoa da langabezia tasarik altuena. %41,3koa da tasa hori urteko lehen hiru hilabeteetan. Iazko abendutik 15.900 gazte gehiago daude lanik gabe, 16 eta 24 urte artean.
Lurraldeka, Bizkaian hazi da gehien langabeen kopurua (5.400 lagun). Langabezia tasa %15,8koa da lurralde horretan. Gipuzkoan 4.700 pertsona gehiago daude lanik gabe, eta tasa %11,1era iritsi da; eta Araban 2.200 pertsona gehiago dabiltza lan bila, eta tasa %12,6ra igo da.
Haatik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren lan merkatuan 888.300 pertsona ari dira lanean, eta horrek esan nahi du 2.500 pertsona gehiago daudela aurreko hiruhilekoaren aldean, %0,3 gehiago. Hala ere, azken hamabi hilabeteetan (2012ko lehen hiruhilekotik 2013ko lehen hiruhilekora) 24.000 pertsona gutxiago daude lan merkatuan, %2,6 gutxiago.
Langabeziak 1,7 puntu egin du gora hamabi hilabete horien arteko aldea kontuan hartuta, %12,1etik %13,8ra. Guztira, 16.800 pertsona gehiago daude langabezian, iazko lehen hiruhilekotik garu egunera.