AEBetako finantza erakunde batek inoiz ordaindu beharreko isun handiena da Bank of Americak ordaindu beharko duena. Handiagoa ere izan zitekeen, Justizia Departamenduak 15.000 milioi eurokoa eskatu baitzuen. Azkenean, Bank of Americak ontzat hartu du 12.400 milioi eurokoa, ikerketa judiziala itxi eta bankuko buruen aurkako auzibidea ixtearen truke. Azken hiru urteotako irabazien adinakoa da isuna, baina defendatu egin du Bryan Monihan .
Etxebizitzak erosteko maileguak batu eta ondoren saltzeagatik zigortu dute Bank of America; mailegu horietako asko sub prime edo toxikoak ziren, hau da, bueltan ez jasotzeko arrisku handia zuten, oso bitarteko gutxi zituzten pertsonei emandakoak zirelako. Egoera ekonomikoak okerrera egin zuenean herritar askok utzi zioten maileguak itzultzeari, eta horrek sekulako izua eragin zuen maileguetan oinarritutako finantza produktuak erosi zituztenen artean, ez zekitelako zeintzuk ziren onak eta zeintzuk txarrak. Mesfidantza horren ondoren, balio osoa galdu zuten, eta izua beste produktu konplikatuetara hedatu zenean, finantza merkatuak geratu egin ziren, eta haren finantzaketaren menpe zeuden bankuek porrot egin zuten.
Bank of America da, alde handiz gainera, kalteordain gehien ordaindu behar izan dituen bankua: ia 53.000 milioi euro. Isun gehienak, gainera, ez dira izan berak egindako gehiegikeriengatik, berak erositako beste erakunde batzuek egindakoengatik baizik. Izan ere, finantza krisiaren leherketa bere neurria handitzeko baliatu zuen Bank of Americak, eta horri esker da orain AEBetako banku handienetan bigarrena. Horrela, 2008an Countrywide erosi zuen, krisiaren aurrean hipoteka gehien eman zituen erakundeetako bat. Ondoren, Lehman Brothers erori zen astean bertan, kinka larrian zegoen Wall Streeteko beste erraldoi bat erosi zuen, Merrill Lynch.
AEBetako beste banku nagusiek ere agintariekin akordioa eginda lortu dute haien aurkako auzibideak ixtea: JP Morgan Chasek ia 10.000 milioi ordaindu zituen, eta 5.000 milioitik gora Citigroupek. Dirutza horren zati bat mailegua ordaindu ezinik dabiltzan herritarren eskuetara da iristekoa. Ikerketa gehiago zabalik daude.