%13 gehiago saldu eta %8,7 langile gehiago

Iazkoa urte ona izan zen Hegan aeronautika klusterreko enpresentzat, eta aurtengoa ere hala izatea espero dute

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aeronautika sektorea krisiari eusten ari zaio. Iaz, sektoreko enpresek 1.419 milioi euroren diru sarrerak izan zituzten mundu osoko lantegietan, 2010ean baino %13 gehiago. Lanpostuak %8,7 gehitu zituzten, eta 11.586 langile dauzkate. Aurten, diru sarrerak %6 eta enplegua %3 handitzea espero dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aeronautika klusterrak, Heganek, batzar nagusia egin zuen atzo Gasteizen.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauzkaten lantegien datuak mundukoak baino pixka bat apalagoak dira: diru sarrerak %6,4 handitu ziren iaz, eta enplegua, %2,7. 705 milioi euro eta 3.840 lanpostu dira guztira, enpresetako hiru lanpostutik bat. Aurtengo aurreikuspenak ere ez dira mundukoak bezain oparoak, %2ko eta %1eko igoerak espero baitituzte, hurrenez hurren.

Heganeko arduradunek uste dute lau edo bost urte barru diru sarrerak ia bikoiztu ahal izango dituztela, Airbus eta Boeing hegazkin ekoizleen eskaera handiak baitauzkate, eta aurrerako ere espero baitituzte.

38 enpresak osatzen dute Hegan. Enpresen artean daude Aernnova, Sener, ITP eta Tecnalia teknologia zentroa. Klusterreko enpresek 132 lantegi dauzkate, horietatik hemezortzi Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo. Esportazioak %6 handitu zituzten iaz.

Klusterreko enpresek iaz inoiz baino gehiago inbertitu zuten I+G+Bn: 193 milioi euro. Jorge Unda Senerreko zuzendari nagusi eta Heganeko presidenteak atzo zehaztu zuen inbertsioek batez beste hamabost urtera eragiten dituztela diru sarrerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.