Fagor Etxetresnen konkurtsoaren zirkulua itxi da, ondo bidean. Porrot egindako kooperatiba ikurraren aktiboen adjudikazioa uztailaren 29rako eginda egongo zela aurreikusi zen aspaldian, eta hala izan da. Bi hautagai nagusi izan dira Arrasateko enpresaren likidazioaren enkantean, Kataluniako Cata (CNA) eta Aljeriako Cevital; oso argia zen epailearen hautua Cataren aldekoa izango zela, hain da handia azken eskaintza hobetzeko batak eta besteak mahai gainean (gutun-azalaren barruan) jarritakoaren aldea.
Zenbaki hotzetan, 14 miloi euro eta 200 enplegutik gora; hori da Cata eta Cevital banatzen zituena. Administratzaile judizialek ez dute erabili behar izan ere eskaintza onena zein den jakiteko prestatutako formula polinomikoa. Katalanen alde egin dute, inolako zalantzarik gabe, euren txostenean. Agiri hori mahai gainean dauka Donostiako Merkataritza arloko titular Pedro Malagonek egun hauetan, eta gaur eman du azken hitza; epailearen ibilbide profesionalean mugarri pertsonala, bestalde. Horiek horrela, Fagor Etxetresnak Cataren eskuetara pasatuko dira.
Basauriren zalantza
Bartzelonakoek azken eskaintzan azaldutako konpromiso guztiak martxan jarriko dituzte. 42,5 milioi euro agindu dituzte, besteak beste, Garagartza (Arrasate), Eskoriatza eta Bergara (Geyser) lantegien truke, eta 705 enplegu.
Txileko Ecomac taldearekin ere (enkantean parte hartu duen hirugarrena) elkarrizketa prozesuan da Cata, Basauriko Edesaren jarduerari heltzea posible ote den jakiteko. Cataren asmoa ez zen lantegi horri eustea, eta ikusi egin behar da zein izango de konfort lerroko bigarren plantaren geroa. Ecomacekin egiteke dagoen akordioak ezinbestekoa ematen du, Basauriko jardueraren zati bat berreskuratzeko.
Gainera, Fagor, Aspes eta Splendid markak ustiatu ahal izateko, Fagor S. Koopekin daukan akordio oinarria erabat itxi beharko du, eta, Edesan sartuz gero, horrek ere bere adostasuna beharko luke bi taldeen artean. Halaber, Bergarako Gayserren erdia lortuko luke Catak Malagonen baietza baletor, baina beste erdia Vaillantena da oraindik, Fagor Etxetresnekin batera egindako joint-venture bat zelako; eta Vaillanten erdi hori ere erosteko prozesuan egongo litzateke Cata.
Cevitalen aste beltza
Beraz, Malagon epailearen autoak martxan jarriko luke Cataren ibilbidea Euskal Herrian. Eta horrek enpleguari modu nabarmenean eragingo lioke, Gipuzkoan batez ere. Bartzelonako taldeak 705 lanpostu agindu ditu; zeharka, beste 1.249. Enplegu hori Fagor Etxetresnen jarduerak martxan jarri ahala sortuko litzateke. Alegia, Catak lortzen badu adjudikazioa, ez da bat-batean jarduera guztiekin batera hasiko, ekoizpen lerroak mailakatuz baizik, baina irail-urritik aurrera.
Malagonen erabakiak, gainera, enkanteko beste hautagaiaren uztail beltza itxi dezake. Aljeriarrak zur eta lur geratu ziren Cataren azken eskaintzarekin aurreko asteartean, eta Sergio Treviñok (Cevitalen ordezkaria) agerraldi ulertezina egin zuen, eskaintza onena eurena zela sinetsita (Catarena ezagutu aurretik). Bada beste aldagai bat uztail beltzaz hitz egiteko. Hilaren 20an ,Cevitalen lantegi handi bat erre zen Aljerian. Samsung konpainiarekin dauka Samha planta, Setif probintzian. 2010ean zabaldu zuten, eta hozkailuak eta garbigailuak ekoizten dituzte.