14 milioi laguneko ilara

Krisiak erabat eztanda egin eta gutxira hartu zuen kargua Obamak, eta langabezia tasa %7,8tik %9,1era igo da haren agintaldian; gainera, langabeei gero eta zailago zaie lana aurkitzea.

Iker Aranburu.
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
AEBetako lehendakaritza hartu zuenean, Barack Obamak bazekien gerra garaiko krisi ekonomiko gogorrenean iritsi zela Etxe Zurira. Baina itxaropena izango zuen bere agintaldiaren bi herenak igarota krisiaren okerrena pasata izango zela, eta historiara krisia gainditu zuen presidentearen gisara azaltzeko gai izango zela. Baina George W. Bushek emandako opari pozoituaren zapore mingotsak hor dirau. Eta harekin batera datorren urteko hauteskundeetan garaitua izateko arriskua.

Mingostasun hori lan merkatuan azaleratzen da gehien. Obamak bere karguari zin egin zionean, 2009ko urtarrilean, biztanleria aktiboaren %7,8 zegoen lanik gabe. Bi urte eta zortzi hilabete geroago, tasa %9,1era igo da, hau da, 14 milioi lagunetik gora daude lanik gabe. Kontsolamendurik ez dakarkio jakitea euroguneak 15,7 milioi lagun dituela lanik gabe, antzeko biztanleria izanda. Eta are gutxiago ikustea lanik gabe daudenei gero eta gehiago kostatzen zaiela egoera horretatik ateratzea: 2007an batez beste 17 aste behar ziren beste lan bat aurkitzeko, eta orain, berriz, 40. Eta kasu honetan ez dago kaleratze garestiaren argudioa erabiltzerik.

Abuztuko datuek ezkortasuna ekarri dute: 70.000 lanposturen sorrera espero zen, eta bakar bat ere ez zen izan. Gainera, aurreko bi hilabeteotako emaitza txukunak okerragoak izan zirela jakinarazi zuen Enplegu Departamentuak, ia 60.000 lanpostu gutxiago sortu zirelako. Egia da, nolanahi ere, abuztuan greba egin zutela Verizon telefono konpainiako 45.000 langileek, eta horiek langabe gisa zenbatzen dituztela AEBetako estatistikek.

Aditu askok nabarmendu duten arren enpresak kontratatzeko uzkur direla, abuztuko datu txarra sektore publikoari zor zaio. Sektore pribatuan 17.000 langabe gutxiago daude, eta administrazioek, berriz, beste 17.000 langile bota dituzte.

Langile publikoak kentzen

Enpleguak 2008ko irailean jo zuen goia, doi-doi Lehman Brothersek porrot egin eta hondamendia hasi zenean. Ordutik hona sektore publikoak 550.000 enplegu galdu ditu. Eta oso litekeena da hurrengo hilabeteotan galera hori handitzea, administrazioaren kutxak hutsik baitaude, eta langileak kenduta murriztu nahi dutelako beren defizit eta zor handiak.

Horregatik, Obamak atzo aurkeztutako planaren lehentasunetako bat langile publikoei eustea da. Presidentearen asmoek aurrera egiten badute, estatuek eta udalek 25.000 milioi jasoko dituzte 35.000 eskola konpontzeko eta 35.000 milioi irakasleei, poliziei eta suhiltzaileei pagatzeko.

Baina langabeziaz gain, bada beste arazo bat: langile pobreena. Lanaldi osoa nahi eta erdiarekin konformatu behar dutenak 8,8 milioi dira, uztailean baino 400.000 gehiago. Batez besteko soldatak ere jaitsi dira, 11 hilabetez igo ondoren. Krisiaren aurretik ere oso datu kezkagarriak zeuden: 2001etik 2009ra bitartean familien errenta %3,6 jaitsi zen; 2011n jaisten ari dira, eta inflazioak gora egin arren, soldatek ez dute hala egin.

Gainera, langileen kopurua gora egiten ari den arren, biztanleria aktiboarekin erkatuz gero, kopurua jaisten ari da: %64,4 ziren 2001eko urtarrilean, %60,6 Obamak kargua hartu zuenean eta %58,2 abuztuan. Gizonak dira, gainera, lan merkatua utzi dutenak: 1958an gizonen %85 ari ziren lanean; orain, %64 ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.