LANGABEZIA

1.400 langabe gehiago utzi ditu urteko lehen hiruhilekoak Hegoaldean

Guztira 175.300 lagun daude lanik gabe Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera. Langabezia tasa %12,7koa da Euskal Herrian, Gaindegiaren arabera, 188.100 langabe guztira.

Herritar bat Lanbideko bulegotik irteten, Ondarroan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
xabier martin
2016ko apirilaren 28a
07:23
Entzun

Biztanleria Aktiboaren Inkesta argitaratu du Espainiako Estatistika Institutuak, eta, zabaldutako datuen arabera, langabe kopurua 1.400 lagunetan hazi da Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan (173.900 ziren urte amaieran), 2015eko azken hiruhilekoarekin alderatuta. Iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, 43.800 gutxiago dira langabeak. Euskal Herri osoa kontuan hartuz 43.400 langabe gutxiago dago orain urtebete baino, eta tasa %12,7koa da. INE eta INSEEren datuak aztertuz eman du datua Gaindegiak. 188.100 langabe daude guztira Euskal Herri osoan.

Lanean dihardutenak, berriz, 1.159.600 dira, Hegoaldean; 2015eko azken hiruhilekoarekin alderatuta, 400 langile gehiago, eta iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, 31.100 gehiago.

Iazko lehen hiruhilekoan langabeziak behera egin zuen, 1.300 langabe gutxiago zenbatu baitzituen INEren EPA inkestak. Krisi osteko estreinako lehen jaitsiera izan zen urteko lehen hiruhileko batean; bada, 2016ak ezin izan dio joera horri eutsi, eta 1.400 lagun gehiago zenbatu ditu lanik gabekoen artean. Bakarrik Araban izan da langabezia jaitsiera, nabarmena, gainera, 2.600 lagun atera baitira langabeen zerrendatik. Bizkaian 300 gehiago daude; Gipuzkoan 1.400 gehiago; eta Nafarroan 2.300 gehiago.

Herrialdeka, hauek dira langabe kopuruak eta langabezia tasak:

Araba: 16.700 (%10,71)

Bizkaia: 79.700 (%14,83)

Gipuzkoa: 35.200 (%10,50)

Nafarroa: 43.700 (%14,25)

Ipar Euskal Herria: 12.800 (%9,1)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.