150 milioi euroko kalte-ordaina nekazarientzat

Espainiari ez zaio nahikoa iruditu Bruselak proposatutako kopurua, galeren %30 baino ez dituelako estaliko

Erredakzioa
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Pepinoaren krisiak kaltetutako ekoizleei 150 milioi euroko kalte-ordaina ematea proposatu du Europako Batzordeak. Diru hori kaltetutako nekazari guztien artean banatuko litzateke, elkarteetan daudenen zein ez daudenen artean. Dacian Ciolos Nekazaritza gaietarako Europako komisarioak azaldu duenez, krisia hasi zenetik ekaina bukatu arte eragindako galerak estaliko lituzke laguntza horrek. Orain, Europako Batasuneko 27 herrialdeek esan beharko dute kopuruarekin ados dauden ala ez, eta laguntzak zein irizpideren arabera banatu erabaki beharko dute gero.

Espainiak dagoeneko adierazi du Bruselak proposatutako kalte-ordaina ez zaiola nahikoa iruditzen. «Argi hitz egingo dugu, ez zaigu nahikoa iruditzen galdutako merkantziak balio zuenaren %30 itzultzea», esan du Rosa Aguilar Espainiako Nekazaritza ministroak. Fepex Espainiako barazki eta fruta ekoizleen elkartearen arabera, astean 175 milioi euro eta 200 milioi euro ingururen galerak izan ditu sektoreak. Horregatik, ekoizleei galdu dutenaren %90 edo %100 itzultzeko eskatu dio Aguilarrek Bruselari. Horrez gain, «Alemaniaren akusazio faltsuak tarteko direla» nekazariek galdu duten merkatua eta kontsumitzaileen konfiantza berreskuratzeko, kanpainak abian jartzeko eskatuko dio Espainiak Europako Batzordeari.

Bien bitartean, E.coli bakterioak eragin duen epidemiaren jatorria argitu ezinik jarraitzen dute ikertzaileek. Espainia hegoaldeko pepinoetatik zetorrela uste izan zuten aurrena. Iragan asteburuan, berriz, sorburua soja ernamuinetan izan zezakeela jakinarazi zuten. Baina, azterketen emaitzak jaso ahala, uste hori ere indarra galtzen joan da. Eta, oraingoz, ikertzaileek ez dute ezer garbirik eskuartean.

Dagoeneko gutxienez 23 lagun hil ditu E.coli bakterioak: 22 Alemanian, eta bat Suedian. Kutsatuak, berriz, 2.500etik gora dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.