CAFek azaldu duenez, guztira lau tren egingo dituzte, eta horietako bakoitzak hamasei kotxe izango ditu. Bost kotxe mota egingo dituzte, eta, aipatutako horiez gain, beste 11 egingo dituzte, aldatu behar badira ordezkoak izateko prest izateko.
Hango trenbideen kudeatzaileak, ScotRailek, Sercori adjudikatu zion maiatzean Caledonian Sleeper trenaren kudeaketa. Konpainia horrek Eskoziako goi eta behe lurretan ematen du zerbitzua. Glasgow, Edinburgo, Aberdeen, Inverness eta Fort William Londresekin ere lotzen ditu konpainia horrek. Sercok 2014ko maiatzean lortu zuen frankizia horrekin aritzea.
Gauero bi tren abiatzen dira Ingalaterrako hiriburuko Eusten geltokitik: bata Edinburgora iristen da, eta han zatitu egiten da, Inverness, Fort William eta Aberdeenera joateko; bestea Eskozia hegoaldean zatitzen da, Edinburgora eta Glasgowra iritsi ahal izateko.
Sercok iaz azaldu zuenez, luxuzko trenak izango dira, Caledonian Sleeper "Eskozia harro egin behar duen kalitate handiko zerbitzu moderno" bat izan behar duelako. Kotxeetako batzuek oheak izango dituzte; beste batzuek, komunak, eta business zerbitzua dutenak ere egingo ditu CAFek.
Serco apirilean hasiko da Caledonian Sleeper trena kudeatzen, eta CAFen kotxe berriak 2018ko apirilean izango dira martxan. Eskoziako Gobernuak 81 milioi euro jarri ditu proiektuan, eta Caledonian Sleepers Rail Leasing enpresak ere finantzatuko du.
Azken hilabeteetan hainbat kontratu sinatu ditu Beasaingo enpresak munduko beste toki batzuetan: Herbehereetarako Civity 118 unitate, Mexiko-Toluca linearako trenak, Bukaresteko (Errumania) metroa handitzeko lanak, eta Saint-Etienne (Frantzia) eta Utrechteko (Herbehehereak) tranbiak.