Enpresak

2003tik abuzturik txarrena izan da aurtengoa, autonomoen galerari dagokionez

Uztailetik abuztura 1.192 langile autonomo gutxiago zenbatu dituzte Gizarte Segurantzan.

Langile bat, arrandegian. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2017ko irailaren 13a
12:52
Entzun

"Abuztua hilabete txarra izan da enpresa kopuruari dagokionez", nabarmendu du Confebaskek. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalak azaldu du uztailetik abuztura bitartean 580 enpresa desegin direla. Berez, ohikoa da abuztuan enpresa batzuk ixtea; izatez, aurtengo abuztuan iaz baino enpresa gutxiago desegin dira: 274 konpainia gutxiago.

Hala ere, patronalak azpimarratu du enpresa kopurua izoztuta dagoela azken hamabi hilabeteetan. Iazko abuztutik aurtengora hazkunde txiki bat dago, "nahiz eta iaz baino 97 enpresa gehiago besterik ez diren, hau da, orduan baino %0,2 gehiago". Gaur egun, 57.862 konpainia daude hiru lurraldeetan.

Enpresa galerarena baino larriagoa izan da abuztuan galdutako langile autonomoen kopurua. "Jaitsiera nabarmena" izan dela ohartarazi du Confebaskek, eta gogora ekarri du aurtengoa 2003tik izandako abuzturik txarrena izan dela, 1.192 autonomo gutxiago baitzeuden uztailean baino. "Erortzea azkartu egin da, eta minimo berri bat ezarri da".

Patronalaren arabera, datu hauek baieztatu egiten dute "krisi garaian galdutako enpresa ehuna berreskuratzeko euskal ekonomiaren zailtasun izugarria, eta enpresa proiektu berriak eta sorkuntza lehenetsiko duten politiken beharra agertzen dute".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.