ONTZIOLAK

2007tik 2011ra arteko laguntzak itzultzea proposatu du Europak, Jaurlaritzaren arabera

'Tax lease' sistema ezarrita ontziolek 2005etik 2011ra bitartean pagatu ez zituzten zergak ordainarazi nahi dizkie orain Europako Batasunak inbertitzaileei, baina 2007tik aurrerakoak ordaintzea eskaini dute Europako Komisarioen Elkargoko zuzendariek.

2013ko uztailaren 16a
17:51
Entzun

Jaurlaritzako iturriek Efe berri agentziari jakinarazi diotenez, atzo aritu ziren proposamena lantzen Bruselan. Europako Batzordeak ez du aukera horren inguruko adierazpenik egin. Neurria onartuz gero, "nabarmen" jaitsiko litzateke ordaindu beharreko isunaren zenbatekoa.

Eusko Jaurlaritzak uste du proposamen hori Joaquin Almunia Europako Batasuneko Lehiakortasun komisarioak izandako jarrera baino hobea dela. Bihar erabakiko dute salbuetsitako zergetatik zenbat itzuli beharko duten ontzioletako inbertitzaileek, eta Jaurlaritzak gaineratu du bihar arte lanean jarraituko dutela neurriak ahalik eta kalte txikiena egin diezaion ontziolen sektoreari.

Joan den ostiralean egin zuten bilera bat Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak eta Almuniak berak, besteak beste. 2005etik aurrerako zergak ordainarazteko asmoa azaldu zuen Almuniak, eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak atzo hitz egin zuen Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin, auzian "bidezko" erabaki bat har dezatela eskatzeko.

Navaleko langileek enpresan emango dute gau osoa, bihar Europan hartuko duten erabakiak ontziolak ixtea ekar dezakeela salatzeko. EH Bilduk, bere aldetik, langileei babesa adierazteko kontzentrazioa deitu du 21:00etan.

Iñigo Lamarca arartekoak, Galiziakoari jarraiki, Europako arartekoari gaian esku hartzeko eskatu dio, "Europako Batzordearen praxi administratibo txarra" egon daitekeela iritzita: horrek "administrazio onerako eskubidea" urratzea ekarriko luke. Lamarca "oso kezkatuta" dago tax lease direlakoak itzultzeak izan dezakeen ondorio ekonomiko eta sozialengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.