CAF Contrucciones y Auxiliar de Ferrocarriles enpresa da krisiak gutxien eragin dien euskal enpresetako bat. 2011ko emaitzak dira horren erakusgarri. 146,2 milioi euroren irabaziak poltsikoratu ditu, 2010ean baino %13 handiagoak. Beste horrenbeste handitu du ustiapenaren emaitza gordina ere (Ebitda), 288,8 milioi eurora arte, eta %10 fakturazioa, 1.725,1 milioi eurora arte.
Lau eurotik ia hiru atzerriko merkatuetan eskuratu ditu, eta aurrerantzean ere proportzio horri eusteko moduan izango da, dirutan, zorroan dituen lau eskarietatik hiru atzerrirako direlako. Abenduaren 31n, 5.035,9 milioi euroren eskariak zituen tren egileak, haietatik %73 atzerrirako.
Egun, Sao Paulo eta Reciferako (Brasil), Triesterako (Italia), Mallorcarako (Herrialde Katalanak) eta Euskal Herrirako trenak fabrikatzen ari da. Baina AEBetarako, Saudi Arabiarako, Irlandako, Espainiarako, Serbiarako, Suediarako, Frantziarako eta Bretainiarako trenak eta tranbiak egiteko proiektuak ere baditu.
Beste emaitza batzuk
Tubos Reunidosek ere urte txukuna igaro berri du. 2010an 14,2 milioi euroren galerak izan ostean, 24,4 milioi euro irabaztea lortu du 2011n. 25,8 milioi euro erreserbetara bideratzeak eragin zizkion galera haiek. Espainiako banaketa katea desegiteak eragindako gastuak ordaintzeko erabili zuen diru horren zati bat. Urtebete geroago, urrats hura egiten asmatu zuela onartu du enpresak, emaitza hobeak eman dizkiolako balio erantsi handiagoko produktuen alde egin duen apustuak .
Tubacex izan da zenbaki gorriak atzean utzi dituen beste enpresa bat. 2010ean 6,5 milioi euro galdu eta gero, 3,66 milioi euro irabazi ditu 2011n. Taldeak 486,60 milioi euroren salmentak erdietsi ditu, urtebete lehenago baino %34,5 handiagoak. Salmenten %95 atzerrian egin ditu.
Vidralak, berriz, 43,7 milioi euro poltsikoratu ditu, 2010ean baino %11,9 gutxiago. Irabazietan jaitsiera energiaren eta lehengaiaren garestitzeak eta ekoizpen gaitasuna alferrik galtzeak eragindako izan dela nabarmendu du talde arabarrak.
2010ean baino %13 gehiago irabazi du CAFek
Lau eurotik hiru atzerriko merkatuetan fakturatu ditu Beasaingo tren fabrikatzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu