2012a «bereziki zaila» izango dela uste du Mondragonek

Kooperatibaren interesak «banakako langile bazkideek dituztenen gainetik» jartzea aholkatu du

Ivan Santamaria.
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
2012a urte «bereziki zaila» izango da, Mondragon korporazioaren aburuz. Munduko ekonomian eta finantzetan «lurrikara» gertatzen ari dela uste du talde kooperatiboak, eta enpresen erronka nagusietako bat produktibitatea indartzea izango dela ohartarazi du, horretarako langileen soldatan eta lanaldian murrizketak egin beharko balira ere. «Luzera begirako helburuak epe laburrekoen gainetik jarri behar dira; kooperatibarenak erakunde gisa langile bazkideek banaka dituztenen gainetik jarri behar dira», dio taldeko Planifikazio eta Kontrol Unitateko arduradun Paco Azpiazuk TU lankide aldizkarian heldu den urteko kudeaketa planei buruz sinatu duen artikuluan.

Azaroaren 7an eta 14an talde kooperatiboko kudeatzaileak eta zuzendariak bildu ziren Garaia berrikuntza gunean, 2012. urteko kudeaketa planen lehentasunak ezartzeko helburuarekin. Aholku orokorrak dira, ondoren enpresaz enpresa ezarri behar direnak, baina Mondragonek egoera kezka handiz ikusten duela islatzen dute.

Testuinguru horretan, talde kooperatiboetako langile eta bazkideen soldatak —kontsumo aurrerakinak— eta beste lan kostuak ez handitzeko edo murrizteko aukera aipatzen du. Horrekin batera, lanaldiak luzatzea edo gaur egun bezala jarraitzea planteatzen du, lan egutegia malgutzeko neurriekin osatuta. Krisia hasi zenetik hainbat izan dira taldeko enpresetan hartu diren neurriak: aparteko ordainei uko egitea, soldata igoerarik ez ezartzea edo murriztea, eta beste hainbat.

Mondragoneko arduradunek argi daukate ez dela erraza izango gainbehera ekonomikoari aurre egiteko neurriak eta luzera begirako erabakiak aldi berean hartzea. «Zailena plan estrategikoen definizio lasaia laburrera begirako moldaketa neurriekin bateratzea izango da», dio Azpiazuren testuak.

Aukerak eta arriskuak

Ekonomia aurreratuak atzeraldiaren ertzean ikusten ditu Mondragonen aurreikuspenak, eta motelaldi horrek garatzeko bidean dauden herrialdeen hazkundea trabatuko duela ere uste du. «Egoera globala oso nahasia da, arriskuak handiak dira, eta egoera bideratzeko politikak ezartzen zailak dira». Haatik, giro horretan lehiakor izateko, langileei dagozkien neurriez gain, negozioa bultzatzeko ekimenak eta balio erantsiari eustea ere ezinbestekotzat jo du.

2010. urtean 178 milioi euro irabazi zituen talde kooperatiboak. Guztira, ia 14.000 milioi fakturatu zituen, eta, batez beste, 83.000 langiletik gora izan zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.