Javier Liria. Anecopeko presidentea

«2012an inbertsio publikorik egiten ez bada, oso enpresa gutxik iraungo dute»

Herri lanetan inbertitzeko arrazoi bat eman du Liriak: inbertitzen den milioi euro bakoitzeko 590.000 euro itzultzen direla dio, zuzeneko nahiz zeharkako zergen bidez.

joxerra senar
Iruñea
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Anecop herri lanetako eraikuntza enpresen Nafarroako elkarteko presidentea da Javier Liria. Sektorearen egoera «oso kritikoa» dela dio, eta etorkizunera begira ere ez da batere baikorra. Egoera hobetu ahal izateko herri lanetan inbertitzeko eskatu dio gobernuari, bestela enpresak ixtea eta langileak kaleratzea beharrezkoa izango delako.

Urte hasieran, agerraldia egin zuen Anecopek Nafarroako Parlamentuan. Ohartarazi zenuten lizitazio publikoen jaitsierak egoera kritikoan uzten zuela sektorea. Zein da gaur egungo egoera?

Oso kritikoa, eta aurrean ere panorama beltza daukagu.

Zenbat enpresa bazkide ditu gaur egun Anecopek eta zenbat lanpostu sortzen dituzte?

25 enpresak osatzen dute, eta haien eta bazkide ez diren herrialdeko gainerako eraikuntza enpresen artean, 10.000 lanpostu sortzen dituzte, zuzenean nahiz zeharka.

Eta barne produktu gordinari zenbateko ekarpena egiten diozue?

BPGari egiten zaion ekarpenari buruz hitz egitea baino egokiagoa da esatea herri lanetan inbertitzen den milioi euro bakoitzeko 590.000 euro itzultzen direla zuzeneko nahiz zeharkako zergen bidez.

Gobernuak iragarri du gastu publikoa murriztuko duela, baita egiten ari diren obra batzuk geratuko dituela ere. Neurri horiek nolako eragina izango duteAnecopeko enpresen artean?

Jakina, Nafarroako enpresa batzuk desagertu egingo dira, eta beste batzuek langileak kaleratuko dituzte.

2012ko aurrekontei begira, uste duzue herri lanen geldiarazteak jarraitu egingo duela?

Guk ez dugu ezer pentsatzen, Etxebizitza eta Sustapen kontseilariak egindako agerraldia irakurri dugu, eta hark esan du geldiaraztea ia erabatekoa izango dela herri lanetan.

Etxebizitzen eraikuntzan aritzen diren enpresekin konparatuta, zein da obra zibiletan espezializatutakoenpresen egoera?

Obra zibiletan aritzen direnena okerragoa da. Ekimen pribatua desagertu ostean, ekimen publikoaren menpe gaude gaur egun.

Nafarroak ez du zorpetzeko tarte handirik. Diru sarrerak espero baino txikiagoak izateak eta kontabilitate irizpideak Espainiakoetara egokitzeak 327 milioi euroko zuloa jarri dute agerian. Gobernuak kontu publikoak ez dituela ondo kudeatu uste duzue?

Ez dugu baloratuko kontabilitate nazionalerako sistema, baina uste dugu jarduera murriztu ahala diru sarrerak ere jaitsi egingo direla eta langabezia handituko dela. Beharrezkoa da formula berrien bidez inbertsio produktiboak sustatzea.

Nola ikusten duzue sektorearen etorkizuna?

2012an inbertsio publikorik egiten ez bada, oso enpresa gutxik iraun ahal izango dute Nafarroan.

Zer eskatzen diozue gobernuari?

Parlamentuko Herri Lanen Batzordean eskatu genuen gauza berbera —2008an Plan Navarra 2012 egitasmoa onartu zuen gobernuak, eta 4.500 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen herri laneratarako. Hiru urtean 1.500 milioi soilik gastatu direla dio Anecopek. Esleitugabe dauden3.000 milioiak hurrengo legegintzaldian erabiltzea nahi du—.

Zuen iritziz, sektoreak berregituraketa baten beharra dauka etorkizunari aurre egiteko?

Bai, berregituraketa plan ordenatu bat behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.