EAE-ko aurrekontuak

2012koak baino 234 milioi euro gutxiagoko aurrekontua eramango du Jaurlaritzak legebiltzarrera

Gobernu kontseiluan onartu dute proiektua, eta ondoren aurkeztu ditu datuak Ricardo Gatzagaetxebarriak. 2012an 10.449 milioi euroko aurrekontua izan zuen Jaurlaritzak, eta urte hartakoa luzatu du aurten. Ivan Santamaria BERRIAko kazetariak zuzenean jarraitu du.

Erkoreka eta Gatzagaetxebarria. RAUL BOGAJO, ARP
Jon Olano - Ivan Santamaria
2013ko urriaren 29a
17:39
Entzun

2014ko aurrekontu proiektua ezagutarazi du Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak, gobernu kontseiluak hura onartu eta gero. 10.215 milioi euroko aurrekontua da Jaurlaritzak proposatutakoa. 2013rako, 9.316 milioi euroko proiektua aurkeztu zuen gobernuak, baina ez zuen aurrera egin. Proiektu harekin alderatuz, sail guztietan igo du gastua Jaurlaritzak. 2012ko aurrekontuak —horiek luzatu ziren aurten— erreferentziatzat hartuz gero, ordea, 234 milioi gutxiago ditu aurrekontuak.

Gatzagaetxebarriak iragarri du atzeraldia hondoa jotzen ari dela, eta 2014. urterako ekonomia %0,9 haztea espero du. Nolanahi ere, 4.000 galduko direla gaineratu du.

Lege proiektua ostegunean eramango du Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrera, eta abenduaren 20an bozkatuko dute bertan. Hilabete eta erdi, beraz, negoziatu eta EAJk gainerako alderdien babesa bilatzeko. Legebiltzarrean gutxiengoa du EAJk, eta PSE-EE edo EH Bilduren babesak ahalbidetuko luke aurrekontuek aurrera egitea.

Iaz, aurkeztu eta gero erretiratu egin zituen Eusko Jaurlaritzak, talde parlamentarioek aurkako jarrera adierazita. Hala ere, aurtengoan errazagoa dirudi legebiltzarrak proiektua onartzea, EAJk, PSEk eta PPk zergen inguruko ituna izenpetu eta gero. Hain justu, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan den ostegunean azaldu zuen itunak "giro aproposa" sortu duela aurrekontuak onartu ahal izateko. Gatzagaetxebarriak, berriz, urriaren 9an aitortu zuen PSEk "nolabaiteko lehentasuna" izango dutela aurrekontuak negoziatzerakoan.

Gaur aurkeztu duten zirriborroaren ezaugarri batzuk iragarri zituen Urkulluk urriaren 20an. "Eusko Jaurlaritzak oinarrizko zerbitzuekin dituen lehentasunei eutsiko die", easn zuen. Areago, osasunerako, hezkuntzarako eta babes sozialerako diru sailek gora egitea aurreikusten duela iragarri zuen: "Goraka doituko diren lehen arloak izango dira".

Alderdiak, zain

Aurrekontua "hemen pentsatua eta hemengoentzat" izan dadila eskatu dio EH Bilduko legebiltzarreko bozeramaile Laura Mintegik Urkulluri: "Burujabetzaren parametroetatik herria eraikitzeko aurrekontuak behar ditugu. Porrotera eraman gaituen eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko balio behar dute".

PSE eta EAJ ostegunean batzartu ziren aurrekontuen inguruan hitz egiteko. Ondoren, Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarreko bozeramaileak esan zuen EAJk "ildo oso orokorrak" baino ez zizkiela ezagutarazi, baina gaineratu zuen horiek iaz aurkeztutako aurrekontuak baino "nabarmen hobeak" direla.

PPk, berriz, lankidetza eskaini dio EAJri "Euskadi hobetzen saiatzeko, dituen eskumenekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.