FINANTZAK

2014 amaitzerako fundazio bihurtu beharko dute kutxek

Espainiako Gobernuak urtebeteko epea emango die banku bat duten aurrezki kutxei beren izaera aldatu eta banku-fundazio bilaka daitezen. 

Berria.info
2013ko urtarrilaren 21a
20:00
Entzun

Aurrezki kutxekin praktikan bukatuko duen kutxa lege berriaren aurreproiektua onartu du Espainiako Ekonomia Ministerioak. Kontsulta publikoan jarri dute, eta aurrerago legegai bilakatuko da. Horren arabera, aurrezki kutxek ezingo dute banku bat kontrolatu, eta haren jabe diren kutxek (BBK, Kutxa eta Vital Kutxa) banku-fundazio bihurtu beharko dute. Legea 2013aren amaieran edo 2014 hasieran indarrean jarriko duela esan diote Ekonomia Ministerioko iturriek Efe agentziari, eta behin hori gertatuta hilabete batzuk izango dituzte kutxek izaera berria hartzeko.

Lege berriarekin aurrezki kutxak ez dira guztiz desagertuko, 10.000 milioi eurotik beherako aktiboak dituzten eta eremu geografiko mugatuan aritzen direnek (hamar probintzia edo gutxiagotan) izaera horri eutsi ahal izango diotelako. Horrelakoak dira, esaterako, Valentziako Caixa Ontiynent eta Mallorcako Caixa Pollença. Kutxabank desegin eta aukera hori baliatzeko eskatu dute azken asteotan hainbat ahotsek Euskal Herrian, baina Ekonomia Ministerioaren asmoak lege bihurtuz gero, horretarako aukerarik ez legoke. 

Edonola ere, Kutxabanken kontrolari eutsi nahi badiote, etxeko-lan handiak egin beharko dituzte BBK, Kutxa eta Vitalek. Izan ere, bankuaren jabetzaren %30etik gora duten banku-fundazioek finantza plan bat aurkeztu beharko diote Espainiako Bankuari. Jabetzaren %50etik gora dutenek "dibertsifikazio plan bat" eta  erreserba-funts bat sortu beharko dute. Baldintza horien azken helburua da banku-fundazioak asko estutzea, epe erdian edo luzean beren partaidetzak txikitu ditzaten. Eskaera hori agertzen zen Espainiako Gobernuak bankuen erreskatearen truke Europako Batasunarekin sinatu zuen memorandumean. Gaur egun, Kutxabanken %100 kontrolatzen dute hiru kutxek eta horrela jarraitzeko asmoa adierazi dute oraingo kudeatzaileek. Araudi berriak, baina, pribatizazioa bultzatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.