Urte berriak hazkundearen bidean jarriko du euskal ekonomia, Confebaskek gaur goizean aurkeztu duen aurreikuspen ekonomikoaren arabera. Krisitik ateratzeko prozesua erritmo “geldoan” egingo dela onartu du, baina urteko hiruhileko guztietan egingo du gora, “apalago” bada ere. Hala, 2014. urtean BPGa %1 haziko dela esan du patronalak, eta horrek 5.000 langposturen sorrera eragingo duela. Ahultasun hori nazioarteko faktore ezberdinen ondorioz alda daitekeela adierazi du Miguel Angel Lujua presidenteak, baina bertako egoerak ere hazkundea handiagoa izatea galarazten duela nabarmendu gura izan du. “Presio fiskal altuak, energia kostu altuak, gero eta finantzabide gutxiago egoteak eta Gizarte Segurantzak eragiten dituen gastuek lehiakorragoak izatea galarazten digu”. Horregatik, enpresek konfiantza berreskuratzeko murrizketen ildoa areagotu behar dela esan du Lujuak.
Horrez gain, sektore publikoa “arrazionalizatu” behar dela ere adierazi du patronalak, eta Eusko Legebiltzarrak gaur onartu dituen aurrekontuetan enpresen jarduna bultzatzeko behar adina neurririk ez egotea ere gaitzetsi dute. “Gastu sozialetik dirua kendu behar dela esatea zaila da, baina guk gomendioak besterik ez dugu egiten. Eta gure ustez, enpresek laguntza gehiago behar dute, ez dugu esaten nondik atera dirua”, adierazi du Lujuak. Espainiako Gobernuak esku artean duen lan erreforma berria ere haintzat hartu du, eta lan arloko gatazkak “gutxitzeko” legeak argia izan behar dela esan. “Sekula ez dugu kaleratze merkeagorik eskatu, ezta orain ere. Malgutasun handiagoa behar dela diogu, egoera honi buelta emateko oinarrizkoa delako”.
Nuria Lopez de Gereñu idazkari nagusiak, bere aldetik, argi utzi gura izan du 2013 urtean 2012an baino lan gatazka gutxiago egon zirela. “Aurten Espainian egon diren gatazken %41 EAEn eman dira, 2012an %44 izan ziren bitartean”, esan du. Jaitsiera ikusi du datu horretan. Eta Lujuak sindikatuen papera salatu du, eta bereziki ELArena. “Zentzu gehiago izan dezala eskatzen diogu, gatazka egoera batek krisiaren irteera geldotu besterik ez duelako egiten”.