KONTU PUBLIKOAK

2014an zerga bilketa %4,2 handitzea espero dute ogasunek

Finantzen Euskal Kontseiluak kalkulatu du datorren urtean 12.374 milioi jasoko dituztela zergetan.

De Andres, Gatzagaetxebarria, Garitano eta Bilbao, bileratik irtetean. RAUL BOGAJO, ARP
Berria.info
2013ko urriaren 15a
20:25
Entzun

Datorren urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek zergetan  12.374 milioi euro jasotzea espero dute, aurten baino %4,2 gehiago.

Finantzen Euskal Kontseiluan bilduta, hiru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak kalkulatu dute aurten 11.875 milioi euro bilduko dituztela, iaz baino %4,1 gehiago. Aspaldiko partez aurreikuspen bat bete-betean asmatu dute: duela urtebeteko Finantzen Euskal Kontseiluak iragarri zuten 11.825 milioi jasoko zituztela. Hori baino 50 milioi gehiago izango dira, urtea amaitzeko falta diren hilabeteotan ustekabe handirik ez badago.

Iaztik hona gertatuko den hazkundea batez ere BEZaren bilketari dagokio, %10,7 handituko dela uste baitute. Kontsumoa beherantz egin arren, iazko irailean Espainiako Gobernuak indarrean jarri zuen BEZaren tasen igoera handiak 4.471 milioi ekarri dizkio ogasunei, 2012an baino 433  milioi gehiago. Igoera horrek konpentsatuko du errenta zergaren jaitsiera: 60 milioi gutxiago jasoko dituzte zerga horren bidez, 4,261 milioi hain zuzen ere. Gora egingo dute enpresen irabazien gaineko zergak (%2,9) eta zerga bereziek (%5,3).

2014an, berriz, gora egin beharko luke BEZaren eta errenta zergaren bilketak, eta behera, berriz, sozietate zergarenak, aurten ez bezala, datorren urtean enpresek ez dutelako beren kontuak eguneratzeko aukerarik izango. Azken horrek azaltzen du aurten Bizkaian sozietate zergan izan den igoera handia.

Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak jakinarazi duenez, lan talde bat osatuko dute Ekarpenen Legea aztertzeko. Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak egin du eskaera, uste baitu Arabak bere pisu ekonomiko errealak baino gehiago jartzen duela kutxa komunean. Antzeko kexua egin izan du Gipuzkoak ere. De Andresen arabera, Eustatek gaizki kalkulatzen du Arabaren barne produktu gordina, eta horrek dakar ustez dagokiona baino ekarpen handiagoa egin behar izatea. Arabako ahaldun nagusiaren salaketak tirabira sortu du Gatzagaetxebarriarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.