2014rako erreskatea atzean utzi nahi du Irlandak

Herrialdea baldintzak betetzen ari dela onartu du troikak, baina beste ahalegin bat eskatu dio osasun gastuak jaisteko

Erredakzioa
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Irlandako Gobernuak ziurtatu du 2014. urtea hasten denerako prest egongo dela erreskatea atzean utzi eta behar duen finantzabidea merkatuetan lortzeko. Bankuak kapitalizatu izanaren zama arintzeko akordio bat lortu edo ez, erreskatetik ateratzeko estrategia prestatzeko tenorea iritsi da, Michael Noonan Finantza ministroaren ustez.

Europako Batzordeko, Europako Banku Zentraleko, eta Nazioarteko Diru Funtseko ordezkariak Irlandan izan dira, erreskate programa aztertzeko. Troikak onartu du ezarritako baldintzak ari dela betetzen Irlanda. Haatik, beste ahalegin bat eskatu dio gastu publikoari eutsi eta defizit mugak ez gainditzeko; batez ere, osasun arloan. 85.000 milioi euro jasoko ditu Irlandak programa indarrean dagoen bitartean, eta diruaren %80 eskuratua du.

Aurten, asko jota, defizit publikoa BPGaren %8,6 izatea du hitzartuta Irlandak troikarekin. Hori lortu ahal izateko, 4.200 milioi euroren doikuntzak egin ditu. Heldu den urterako muga BPGaren %7,5 izango da. Beste 3.500 milioi lortu beharko ditu gobernuak helburu hori gauzatzeko, gastuak murriztuta edo diru sarrerak handituta. 2013. urtean ekonomia %1 inguru baino ez da haziko, aurreikuspenen arabera. Langabezia tasa %14tik gora dago, kopuru «onartezina», troikako kideen irudiko.

Finantzabide baldintzak hobetu ahal izateko, bi dira Irlandak Europatik lortu nahi dituen konpromisoak. Alde batetik, bankuen kapitalizazio osoa — 64.000 milioi euro — zergapekoen poltsikotik ordaindu izana arintzea eskatzen ari da, ondoren martxan jarri ziren erreskate funtsak ez zeudelako indarrean. Beste alde batetik, Espainiaren eta Italiaren egoera aintzat hartuta EBZk zor publikoa erosteko aurkeztu duen programan Irlanda ere sartu ahal izatea nahi du. Biak lortuz gero, merkatuetako interes tasak %2 jaitsiko direla uste du Finantza Ministerioak.

Erresuma Batua hazten

Urteko lehen hiruhilekoan atzeraldia gainditu du Erresuma Batuak, herrialdeko estatistika zerbitzuak atzo aurreratu zuen datuaren arabera. Urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz, %1 handitu zen barne produktu gordina. Hazkundea espero baino handiagoa izan da. Hala ere, urte arteko tasan hazkunderik gabe jarraitzen du herrialdeak.

Uztaila eta iraila bitarte horretan, Olinpiar Jokoen eragina nabaritu du ekonomiak. Oraindik datu zehatzik ez badago ere, soilik sarreren salmentak bi hamarren gehitu dizkio BPGari. Aurretik, bederatzi hilabete zeramatzan ekonomia erortzen.

Albiste ona da David Cameron lehen ministro kontserbadoaren gobernuarentzat, eta, batez ere, George Osborne Ekonomia ministroarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.