Petrolioa

2018an petrolio eskaintza handiegia egongo da, AEBen bultzadagatik

IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, eskaintza eskaria baino handiagoa izango da lehen seihilekoan

Saba hirian (Yemen) gasolina iturri bat. YAHYA ARHAB, EFE
Jon Fernandez.
2017ko abenduaren 14a
16:35
Entzun

Datorren urtean petrolio ekoizleek munduko eskaintzaren gainetik ekoitziko dute urre beltza: egunero, behar baino 200.000 petrolio upel gehiago produzituko dituzte, IEA Nazioarteko Energia Agentziaren azken txostenaren arabera. Gehiegizko eskaintza hori elikatuko dutenak AEBak izango dira batez ere, geroz eta gehiago baitabiltza ekoizten. Eskaintzaren gorakada, hain zuzen, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen estrategiaren kontra doa, haiek produkzioa txikitzen ari baitira, eskaintza txikituta, upelaren prezioa garestitzeko asmoz. Baina, IEAren arabera, Saudi Arabiak gidatutako taldearen ahaleginek ez dute saihestuko datorren urtean petrolio soberakinak izatea.

2018ko lehen urte erdian egunean 200.000 upelekoa izan daiteke gaineskaintza mundu mailan, IEAk kalkulatu duenez; baina, bigarren urte erdian irauli egingo da egoera, eta kopuru bereko defizita izango du eskaintzak.

Txostenak ondorioztatu du LPEEren estrategia emaitzak ematen ari dela: azken hilabeteetan garestitzen ari da Brent petrolio upela. Gaur Europan erreferente den upela 62,47 dolarretan dago. Urte amaitzerako, eta ohiz kanpoko gertakaririk jazo ezean, Brent upelaren 2017ko batez bestekoa prezioa 54,30 dolarrekoa izango da: IEAk joan den hilabetean aurreikusitakoa baino %1,2 garestiagoa, eta iazko batez besteko prezioa baino %20 garestiagoa.

Azaroan gora egin du prezioak, besteak beste, munduko petrolio eskaintza iazko azaroan baino 1,1 milioi upel txikiagoa izan delako. Iazko azaroan, hain justu, bai LPEEko herrialdeak bai Errusia inoizko petrolio ekoizpen handienak ari ziren punpatzen merkatura.

Aurtengo bideari jarraik, datorren urtean are gehiago garestituko da upela, IEAren arabera. Beste %5,7, zehazki, eta, horrela, kalkulatu du 62,50 dolar balioko duela Brent upelak 2018an. Gehiegizko eskaintza egoteak, ordea, kolokan jar dezake garestitze hori, nahiz eta, gaur-gaurkoz, erakundeak ez duen ikusten horretarako arriskurik: batetik, mundu mailako eskaria handituko dela uste duelako; eta, bestetik, eskaintzak behera egingo duelako datorren urteko bigarren seihilekoan.

Eskariari dagokionean, aurten egunean 97,8 milioi upel irentsiko ditu merkatuak, iaz baino baino 1,5 upel gehiago egunean. 2018an, ostera, egunean 99,1 milioi upel erosiko ditu merkatuak, aurten baino 1,3 milioi upel gehiago egunean.

Brent upela garestitzea helburu, LPEEk azaroan txikitu egin zuen petrolio ekoizpena, egunean 32,36 milioi upeleraino. Iazko hil berean baino 1,3 milioi upel gutxiago dira horiek. Arazoa da, alabaina, LPEEtik kanpoko beste petrolio ekoizleek ez dutela gerrikorik estutu. Alderantziz, azaroan egunero 300.000 upel gehiago ekoitzi dituzte: 58,5 milioi upel, guztira.

Igoera hori, batez ere, AEBei dagokie. Joan den irailean, esaterako, eguneroko produkzioa 9,48 milioi upeleraino handitu zuen (eguneko 290.000 upel gehiagoko ekoizpena), 2015eko apirilaz geroztik izandako kopururik handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.