Iragan irailean eman zuen jakitera Jaurlaritzak soldata arrakalaren aurkako estrategia bat prestatzen ari zela. Eusko Legebiltzarrean aurreratu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak, hain zuzen, politika orokorreko eztabaidan. Lehendakaritzak eta Emakundek koordinatu dute plana, eta gaur goizean onartu dute gobernu bileran. Gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala “egiturazko arazoa” dela sinetsita, ordainen arteko ezberdintasunarekin amaitu nahi du 2030erako, eta hainbat neurri proposatu ditu horretarako.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eman du planaren berri gaur goizean. Haren hitzetan, plana “ekarpen garrantzitsua” da, baina beharrezkoa da gizartearen eremu askotan eragitea egoera irauli eta “arazoari erantzun integrala” eman ahal izateko. Kontzientzia zabaldu beharra azpimarratu du Emakundeko zuzendariak: “Erronka handia da, baina estrategia honek gaiari buruzko pedagogia egiten lagundu behar digu lehenik eta behin. Izan ere, gai honetaz gizarteak duen kontzientzia askotan ez da izaten arazoaren garrantziaren neurri berekoa”.
Izan ere, Emakundek 2016an egindako diagnostikoaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako soldata arrakala zuzena %14,3koa da –hau da, gizonek eta emakumeek orduko irabazietan duten aldea–; arrakala osoa, aldiz, –urte osoko ordainak aintzat hartuta– %24,4koa. Hala ere, lan munduan ematen den zereginen bereizketak eta kontziliazio ezak eragiten duten zeharkako arrakalaz ere ohartarazi du Landaidak.
Lau ardatz
Lau ekintza ardatz zehaztu ditu planak. Alde batetik, arrakala zuzena murriztea du xede, eta ikuskapenak egingo ditu enpresetan horretarako, besteak beste. Eguneko lanaldiari dagokion berdintasun eza ere murriztu nahi du planak; kontziliazio planak bultzatuko ditu Jaurlaritzak horretarako. Era berean, ordaindu gabeko zainketa lanak ere balioan jartzeko eta hitzarmen eta akordio kolektiboetan berdintasunaren aldeko neurriak sartzea sustatuko du.
Sentsibilizazioa da ekintza planaren hirugarren ardatza: gazteengan eragin nahi du gobernuak, eta hezkuntza izango du genero ikuspegia zabaltzeko tresna. Azkenik, enpresa eta sindikatuetan ere sortu nahi du gaiarekiko kontzientzia. Berdintasunerako diagnostikoak eta planak egin ditzaten sustatuko du gobernuak.
Datozen bi urtetarako 283 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak ekintza plana martxan jarri eta neurriak hartu ahal izateko. Era horretan, hiru bitarteko erabiliko dira estrategiari jarraipena egiteko: gobernuko sailen arteko lantaldea; foru aldundien, Eudelen eta Jaurlaritzaren arteko Koordinazio Taldea; eta, Euskadiko Elkarrizketa Mahaia.