24 urteko langile bat hil da Laudion, pieza handi bat gainera erorita

Tubacexen lanuztea egingo dute gaur, istripua salatzeko, eta sindikatuek protestak iragarri dituzte

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Tubacex enpresak Laudion (Araba) duen lantegian lanean ari zen behargin bat hil zen atzo. Eguerdiko hamabiak aldera gertatu zen ezbeharra, J. P. G. 24 urteko behargina ekoizpen prozesuko makina nagusienetako baten mantentze lanetan ari zen, eta lau metro luze eta 22 zentimetroko diametroko hodi formako pieza bat gainera erori zitzaion. Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.

Langilea Ugaokoa zen (Bizkaia), eta behin-behineko kontratua zuen Tubacexen. Istripu hilgarriaren berri izan zutenean, hildakoaren lankideek zein enpresak Amurrion dituen beste bi lantegietakoek lanuztea egin zuten gertatukoa salatzeko.

Sindikatuek atzo salatu zuten enpresaren prebentzio neurriak falta direla. Euskadiko CCOOren ustez, prebentzio neurrien plangintza egokiarekin istripua ekidin zitekeen, eta Tubacexi gogorarazi zion lan arriskuen arauak betetzea enpresaburuei dagokiela. LABek, bestalde, langileek pairatzen dituzten «lan erritmo handiak» gaitzetsi zituen, eta enpresaren arduradunei leporatu zien «langileen bizitza eta osasunaren gainetik ekoizpenak kezkatzea».

Protestarako deialdiak

Atzo hasitako lanuztearekin batera, Tubacexeko langile batzordeak elkarretaratzeak antolatu ditu lankidearen heriotza salatzeko. Gaur, eguerdiko hamabietan, elkarretaratzea egingo dute lantegiaren aurrean, eta bihar, berriz, goizeko hamaiketan, CCOOk elkarretaratzea egingo du SEA patronalaren egoitzaren aurrean. Ugaon, bestalde, 19:00etan aterako dira auzokidea gogorarazi eta istripua gaitzesteko.

LABek gogorarazi duenez, bost egunetan Euskal Herrian hil den hirugarren langilea izan da J. P. G. Urte hasieratik, berriz, hamaika dira lanean ari zirela hildako beharginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.