Gorka Ramos, 26 urteko zumaiarra, hil zen atzo goizaldean Okin taldeko Artadi enpresan gertatutako lan istripuan, Zumaiako Jose Mari Korta industrialdean (Gipuzkoa). Lantegi horretan ogia egiten dute, eta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, hildakoa hartzitze aska batera erori zen, azaldu ez dituzten arrazoiengatik; bertan hil zen. Langilea askatik ateratzen saiatu ziren 11 lankide ospitaleratu egin zituzten, metano gasa arnastu zutelako. Zaurituetako baten osasun egoera larria da, eta zainketa intentsiboetako unitatean segitzen du, Donostiako ospitalean. Beste bat behaketan dago, eta gainontzekoei eman diete senda-agiria.
Istripua 02:55 aldean gertatu zen. Langile batzordeak azaldu duenez, atzo goizaldean ohiko lanean ari zen Ramos; egoera txarrean zeuden ogiak, masak eta kartoi zatiak baztertzen zituen. Lankideak, ordea, gaztea bere postutik normalean baino denbora tarte handiagoz falta zela ohartu ziren. Non zegoen jakiteko segurtasun kameretara jo zuten, eta langilea hartzitze askan zegoela konturatu ziren. Eusko Jaurlaritzako enplegu sailburuorde Sonia Perezen esanetan, askara nola erori zen aztertzen ari da Osalan.
Hildakoaren familiarekiko eta lagunekiko «errespetuz», ekoizpena 24 orduz gelditzea erabaki du enpresako langileen batzordeak. «Jendea lur jota dago. Hemen denok ezagutzen dugu elkar», adierazi du Iñaki Benavente batzordeko presidenteak. Gaur 11:00etan elkarretaratze bat egingo dute enpresaren atarian, lankidearen heriotza salatzeko. Okin taldeak ere doluminak eman dizkie gaztearen senitartekoei, eta,gertatutakoa argitzeko, ahal dituen bitarteko guztiak jarriko dituela azaldu du.
Zumaiako Udalak, ohar batean, bere «samina eta elkartasuna» adierazi die Ramosen familiari eta ingurukoei. Hildakoari laguntza eman nahian zauritu direnak lehenbailehen osatzea espero du, eta, jakinarazi duenez, enpresako arduradunekin harremanetan dira atzo goizetik, gertatutakoaren inguruko zehaztapenak jakiko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen bat plazaratu du gertakariaren haritik. Hildakoaren familiari babesa azaltzeaz gain, adierazi du ezinbestekoa dela lan osasunari lehentasuna emango dion lan harreman eta prebentzio eredu berri bat sortzea. Erakunde publikoek eta gizarte eta ekonomia arloko eragileek norabide horretan lan egin behar dutela uste du foru aldundiak.
Sindikatuak, haserre
LABek eta ELAk ere doluminak adierazi dizkie hildakoaren senideei, eta langilearen heriotza salatu dute. LABen arabera,2012an Euskal Herrian hil den 27. langilea da. Horri aurre egiteko, herritarrak mobilizatzera deitu ditu sindikatuak: «Guztion artean sarraski hau amaitu behar dugu». ELAk istripuaren arrazoiak eta egon daitezkeen erantzukizunak erabat argitzeko eskatu du. «Krisia aitzakiatzat hartuta, lan osasuna eta segurtasuna bigarren mailan geratzen ari dira; alor horretan, enpresa askok ez dituzte egin beharrekoak betetzen», ohartarazi du ELAk.
Euskadiko CCOOren ustez, enpresetako arriskuak behar bezala ez aztertzearen ondorio dira, Zumaiakoaren antzeko gertaerak. Langileek gaurko enpresa atarian antolatu duten elkarretaratzearekin bat egin du sindikatuak. UGT-Euskadik istripuaren nondik norakoak aztertzeko eskatu die erakundeei, eta lan istripuak saihesteko neurri egokiak hartzea ezinbestekoa dela esan du.
26 urteko langile bat hil da Zumaian, hartzitze aska batera erorita
Metano gasa arnastuta, beste 11 langile zauritu dira Okin enpresan; batek larri jarraitzen du Donostiako erietxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu