Gamesa. Berregituraketa

2.600 lanpostu gutxiago

Urtarriletik, Gamesak 800 enplegu kendu ditu, eta 2014ra bitarte, beste 1.800 langile kaleratuko ditu; horietatik 845, «Espainian»Nafarroak «bikaintasun teknologikoaren gune» izaten jarraituko du Gamesarentzat

joxerra senar
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
«Egungo egoera irauli behar dugu». 2005etik 2011ra bitartean, zabaltze eta dibertsifikazio faseetan murgildu ostean, barne egitura murrizteko garaia iritsi zaio Gamesari. 2013-2015 urte arteko negozio plana aurkeztu dute Ignacio Martin Gamesako presidenteak eta Xabier Etxeberria zuzendari nagusiak, Madrilen. 2013ko abendura bitartean, mundu osoan 2.600 lanpostu murrizteko asmoa du Gamesak. Hala ere, honezkero 800 lanpostu «atera egin dira», eta aurrerantzean 1.800 langile kaleratzeko asmoa du. Ia erdiak, 845 lanpostu, «Espainian izango dira, eta horietatik 480, Gamesako lanpostu zuzenak izango dira». Langileen kaleratzeekin batera, 46 bulego eta fabrika itxiko dituzte munduan.

Martinek ez du zehaztu zenbat langile kaleratuko diren Euskal Herrian, ezta zenbat instalazio itxiko diren. «Nahiz eta murrizketa egin, Nafarroak gure bikaintasun teknologikoaren gune izaten jarraituko du», azaldu du. Araban jaiotako enpresa horrek bi mila langiletik gora ditu Euskal Herrian. Bi egoitza teknologiko ditu: Sarrigurenen eta Zamudion. Gainera, Sarrigurenen eta Imarkoainen bi bulego komertzial ditu, eta horiez gain, bost fabrika. Mungian, Asteasun, Imarkoainen, Agoitzen, Olaztin eta Tuteran.

Langileei oraindik ez diete ezer esan. Espero dute astelehenean edo asteartean egitea, azarorako indarrean jartzeko. Tuterako lantegia izan daiteke kaltetuetako bat, pala txikiak egiten dituztelako, eta haizeerrota txikiak egiteari utzi nahi diolako Gamesak. Xabier Etxeberriak zehaztu duenez, negozio atal horretan ez dute «egon nahi», batez ere, Txinan kostu txikiagoko ekoizle ugari daudelako, eta oso teknologia maila eskasa duelako. Nahiago dute, 2 MWeko haize errotetan jarri indarra. Erabaki ofizialaren zain, gastu handia denez Tuteran beste produkzio lerro bat jartzea, etorkizun beltza izan dezake;72 langilek lan egiten du bertan.

Oraindik ez da ofiziala, baina Agoizko lantokiari eusteko asmoa dagoela dirudi. Gamesako barne iturrien arabera, enpresaren asmoa da itsasoko (offshore) errotak ekoiztea. Iberdrolak esan berri du Gamesari erosiko dizkiola, baldin eta onak badira. 2013ko uztailerako errotak prest izatea nahi du argindar enpresak.

Gastu finkoan, ehun milioi

Langile batzuk kaleratuta eta lantoki eta bulego batzuk itxita, gastu finkoa ehun milioi euro murriztu nahi du Gamesak; hau da, egungo gastu finkoaren %26. «Irteten den enplegu bakoitza porrota da enpresarentzat; ez da gure gustuko erabakia, baina ez dago beste erremediorik», argudiatu du Martinek. Kaleratutako langileetatik 1.100 «behin-behinekoak» dira, eta merkatuaren egoerari erantzuten diote. Beste 1.500 «egiturazkoak» dira, eta enpresaren funtzionamendua hobetzeko dira. «Iraganean, gure antolamendua oso funtzionala izan da, departamentuen arabera. Orain, prozesuen araberako antolamendua lortu behar dugu». Gaineratu du «etxean» funtsezkoa dela «giharra sortzea», eta kapital gutxiago erabiliz etorkizunerako prestatzea eta modu adimentsuagoan inbertitzea.

Sektore eolikoan, Gamesaren lekua erabat aldatu da urte gutxian. 2006an, Espainiak fakturatzen zuen %40. Sei urte geroago, nazioarteak askoz pisu handiagoa hartu du, eta Europa oso hartuta ere, negozioaren %17 baino ez da. Europa hegoaldea atzeraldian murgilduta egoteak eragin zuzena du. Gainera, iraganean sektore eolikoari emandako laguntzak «desagertu» egin dira.

AEBetan eta Txinan ere, egoera ez da uste bezain ona. Nahiz eta Estatu Batuetan aurten salmentak ondo joan diren, 2013a «ez da ona izango». Martinek ohartarazi duenez, hauteskundeak Barack Obamak edo Mitt Romneyk irabazi, bi hipotesi erabat desberdin kontuan hartu behar dira. Txinan, berriz, hazkunde handiko urteak izan ostean, egoera erabat aldatu da. Herrialdean ezarritako energia eolikoko ekoizpenaren herena argindar sarera lotzeko arazo teknikoak dituzte txinatarrek. «Horrek eskariaren hazkundea moteldu du eta ez dago jakiterik noiz konponduko duten», dio Martinek. Txinan eta AEBetan 1.185 langile kaleratuko dira.

Aukera handieneko merkatuak orain India eta Latinoamerika dira. Energia eolikoa handitzeko helburuak ziurrenik «leundu» egingo badira ere, goiz edo beranduago, sektoreak berriro ere gora egingo duela argi du Gamesak, eta lan ardatza da energia kostu eraginkor bat erdiestea: «Merkatuak gorantz egiten duenerako prest egon behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.