%28ko sozietate zerga onartu dute Gipuzkoan, PPren abstentzioari esker

Batzar Nagusiek %32,6tik %28ra jaitsi dute, eta Arabako eta Bizkaiko sozietate zergarekin parekatu

jakes goikoetxea
2008ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Sugetzar eta gurutze bide. Hala deitu zion Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak sozietate zerga aldatzeko egitasmoak urte eta erdian izan duen ibilbide gorabeheratsuari. Atzo, urte eta erdiren ostean, sozietate zergaren tasa orokorra %32,6tik %28ra jaistea onartu zuten Batzar Nagusiek, PPren sei batzarkideen abstentzioari esker. EAJren hamasei batzarkideek eta EAren zazpiek jaitsieraren alde bozkatu zuten; PSE-EEren hamasiek, Ezker Batuaren laurek eta Aralarren biek kontra. 24 alde, 23 kontra eta PP epaile.

Atzoko erabakiaren ostean, sozietate zergaren tasa orokorra bera da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Zerga %28koa izango da enpresa handientzat eta %24koa enpresa txiki eta ertainentzat. Sozietate zerga berriaren arabera, enpresa txikiak dira urteko eragiketen bolumena hamar milioi euro baino txikiagoa dutenak eta 50 langile baino gutxiagokoak; enpresa ertainak dira, berriz, eragiketen bolumena 50 milioi baino txikiagoa dutenak eta 250 langile baino gutxiago dituztenak.

Gipuzkoako sozietate zergak beste zenbait neurri berri ere baditu: 4.600 euroko kenkaria enpresentzat, kontratatutako langile bakoitzagatik (7.600 euro langilea lana lortzeko zailtasunak dituen talderen batekoa bada); kenkariak berrikuntza teknologikoak edo ez teknologikoak egiteagatik; aktibo berriak amortizatzeko askatasuna eta ondare sozietateen zergaren igoera, %18tik %24ra, besteak beste.

Atzo onartu zen %28ko tasa orokorra, baina iaz ere aplikatu zen, Gipuzkoako diputatu nagusiak berak onartutako dekretu baten bidez. Dekretua EAren, zein Diputazioan gobernukide duen, eta Batzar Nagusien iritziaren kontra onartu zuen.

Zergaren tasa orokorraren jaitsieraren aldekoek neurria krisi egoerarekin lotu izan dute. Atzo ere hala egin zuten, bai Markel Olanok, bai EAk. Olanoren esanetan, «zergaren aldaketak enpresen lehiakortasuna bultzatuko du krisi ekonomikoaren testuinguruan». EAk gogoratu du Gipuzkoako ekonomiaren egituraren ia %80 enpresa txikiek eta ertainek osatzen dutela.

Gipuzkoako Merkataritza Ganberak eta Adegik, Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak, txalotu egin dute Batzar Nagusien erabakia, krisiari aurre egiten lagunduko dielako eta segurtasun juridikoa eskaintzen dielako. Hala ere, enpresaburuek gehiago nahi dute: «Europako Batasuneko batez bestekora, %24ra, hurbildu gara. Tasa hori da Gipuzkoako enpresen helburua».

Regina Otaola Gipuzkoako Batzar Nagusietako PPren bozeramaileak nabarmendu zuen bere alderdiak atzo «erantzukizunez» jokatu zuela, ez delako beren proiektua beren ekarpenak aintzat hartu badituzte ere.

Kritikak

EBko Arantza Gonzalezek, berriz, salatu zuen zerga berriarekin tasaren jaitsiera lau puntukoa baino handiagoa dela. «Enpresa txiki eta ertainen kontzeptua zabaldu egin dute, eta irabaziak dituzten Gipuzkoako ia enpresa guztiek, %28ko zerga ordaindu beharrean, %24koa ordainduko dute. Beraz, jaitsiera zortzi puntukoa da».

Aralarrek aztertu egingo du atzoko erabakiaren kontra helegitea aurkezteko aukera, proposamena Ogasun Batzordean onartu gabe iritsi baitzen osoko bilkurara. Aralarrek gogoratu zuen enpresek benetan %16,5 ordaintzen dutela.

ELAk nabarmendu zuen Gipuzkoan enpresen %54k ez dutela sozietate zergarik ordaintzen, eta atzoko aldaketaren ondorioz Gipuzkoan 116 milioi euro gutxiago bilduko direla zergetan.

Gipuzkoako ezker abertzalearentzat, atzoko erabakia EAJren eta EAren «beste urrats bat» da «aberastasuna banatzearen aurkako bidean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.