290 milioi euroko zerga iruzurra atzematea espero du Gipuzkoako Diputazioak

Iruzur handienak eraikuntzatik enpresen berregituratze prozesuetara pasatu dira urteotan

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Diputazioak 1.129 milioi euroko zerga iruzurra agerian jarri du lau urtean, 2007 eta 2010 artean. Iaz, 317,5 milioi euro izan ziren, zergen bidez bildu zuenaren %8,6. Aurten, 290 milioi euro atzematea espero du, aurtengo aurrekontuaren %34,5. Lau urtean 83 espediente bidali dituzte epaitegietara, eta 81,5 milioi euro berreskuratu dituzte horrela. Aintzat hartu behar da hiru kasutik bitan dirua berehala berreskuratzen dela.

BEZ balio erantsiaren gaineko zerga da iruzur gehien pilatzen duen zerga. Azkeneko lau urteak aintzat hartuz gero, %41. Sozietate zergan egindako iruzurra ere garrantzitsua da: guztiaren %22 2007 eta 2010 artean.

Jada ez da eraikuntza zerga iruzur gehien pilatzen duen sektorea. Krisiak sektorearen burbuila hustu du, baita sektoreko iruzurrarena ere, Diputazioko arduradunen esanetan.

Pello Gonzalez Gipuzkoako Ogasun diputatuak atzo nabarmendu zuen iruzur handienak enpresen berregituratze prozesuetan egiten direla: enpresak erostean, saltzean, bat-egiteetan, adar berriak sortzean... «Enpresa oso garrantzitsuei buruz hitz egiten ari gara, milioi euro askoko operazioez eta zergetan milioiak ordaindu behar dituztenez», zehaztu zuen Gonzalezek.

Halako operazioetan enpresekin harremanetan jartzen saiatzen dira, zergak saihesteko eta iruzurra egiteko tentazioa izan aurretik operazioaren ondorioz zergetan zenbat ordaindu behar duten esateko. Diputazioa Adegirekin eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberarekin harremanetan jarri da, enpresei aukera horren berri emateko eta bide hori komeni zaiela jakinarazteko. Enpresari «ziurtasuna» ematen diote, eta erakundeak prebentzio lana egiten du, Gonzalezen esanetan: «Emaitza onenak ematen ari zaigun arloetako bat da».

Berez, Ogasun Departamentuak zerga iruzurraren kontrako aurtengo plana eta lan ildoak aurkezteko egin zuen atzoko agerraldia; praktikan, ordea, foro hauteskundeetatik bi hilabete eskasera, lau urtean zerga iruzurraren kontra egindako lanaren balantzea egiteko baliatu zuten.

Ikuskatzaileak kalean

Iazko abenduan ekimen bat abian jarri zuten, ikuskatzaileek autonomoen jarduera kalean bertan kontrolatzeko. Hamar jardueratan oinarritu dira: «Bertako edariak», dentistak, ile apaindegiak, jatetxeak... Iruzur kopurua eta bildutako dirua ez direla handiak esan zuten atzo; baina ikuskatzeek iruzurrak saihesten dituztela. «Ikuskatzeak egiten ari garela jakiteak beldurra eragiten du, eta jendeak neurriak hartzen ditu», esan zuen Pedro Mari Ruiz de Azua Ogasun zuzendariak.

Diputazioak datu base indartsua du: Ikus. Gaur egungo Ogasun Departamentuko taldeak hurrengoari utz diezaiokeen «ondare onena», Gonzalezen arabera. Laster, tresna berri bat izango dute, hitzarmen bat sinatuko baitute Espainiako Zerga agentziarekin, datuak partekatzeko eta beste herrialde batzuetako datuak ere lortu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.