Bridgestone pneumatiko enpresak bost aldiz geldituko du produkzioa otsailean hasi eta apirilera arte, eta 906 langileri eragingo die. Neurri horrek Basaurin (Bizkaia), Burgosen eta Puente San Miguelen (Espainia) enpresak dituen egoitzei eragingo die. Bizkaian, Bridgestonek 1.200 langile inguru ditu.
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako lurralde ordezkaritzak atzo onartu zuen Bridgestonek urtarrilaren 31n aurkeztutako lana erregulatzeko txostena. Gisa honetan, bi hilabetean bigarrena izango da. Aurreko txostena abenduan onartu zuen Jaurlaritzak, eta hamabost egunerako itxi zuten enpresa: 899 langileri eragin zien.
Egoitza ixteko arrazoia sektoreko eskaera jaitsierari egotzi diote, Europan pneumatiko gutxiago erosten dela argudiatuz. Jaurlaritzak onartutako neurriaren arabera, produkzio geldialdiak 30 egun iraungo luke denetara: otsailaren 2tik 7ra eta 24tik 28ra; martxoaren 8tik 13ra eta 23tik 27ra; eta apirilaren 3tik 10era.
LABen salaketa
Onartu berri den txostena UGT eta CCOO sindikatuekin adostu du Bridgestone enpresak; ELAk eta LABek, berriz, produkzio geldialdiaren aurkako jarrera erakutsi dute. LABek Lan eta Gizarte Gaietako lurralde ordezkaritzaren jarrera «lotsagarria» salatu du. «Enpresaren zuzendaritzaren interesen aurrean makurtu da, eta langileak babesik gabe utzi ditu», LABen iritziz.
Sindikatuak salatu duenez, enpresak aurkeztutako txosten ekonomikoak aintzat hartu dira, aurkako parteak kontuan hartu gabe. Era horretan, kontsultetarako aldia «antzerki hutsa» izan dela kritikatu du.
Horren guztiaren ondorioz, langileek «ekoizpenaren antolaketa akatsak» onartu beharko dituztela salatu du, baita «datozen hilabeteetako fakturazioko datu negatiboak» ere.
Krisiaren aitzakian langileen eskubideak «murriztu baino egiten ez diren» politikak salatu dituzte. Izan ere, horrek guztiak lan baldintzak «prekarizatzen» baititu.
30 eguneko dosierra 906 langilerentzat Bridgestonen
Eusko Jaurlaritzak atzo onartu zuen enplegua erregulatzeko dosierra, enpresak bi hilabetean egingo duen bigarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu