Europako Justizia Auzitegiak 30 milioi euroko isuna jartzea ontzat jo du opor fiskalen kasuan. Erabakia gaur jakinarazi du Luxenburgon kokatuta dagoen epaitegiak. Isuna Europako Batzordeak eta abokatu nagusiak eskatu zutena baino arinagoa da, hala ere. Legez kanpokotzat jo zituen zerga kenkarien dirua ez berreskuratzeagatik 64 milioi euroko zigorra eskatu zuen Bruselak, eta abokatu nagusiak, 50 milioi eurokoa.
Isuna, berez, Espainiari ezarri dio auzitegiak, EBko justizian estatua delako epaiak betetzen direla bermatu behar duenak, baina horren ordainketari aurre egin beharko diote Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek. Epaia irmoa da. Hau da, ezin zaio helegiterik jarri.
Auzitegiaren irudiko, opor fiskalak legez kanpokotzat jo zituen 2006. urteko erabakia ez da behar bezala bete. Izan ere, 2008. urteko abuztuaren 28rako epai hura betetzea exijitzen zen. Alegia, emandako laguntza guztiak berreskuratzea, eta ez zen egin. Kasuaren ezaugarriak aztertuta, “justifikatuta dago” isuna jartzea, epaileen irudiko. “Laguntzak berreskuratzeko prozesua bost urtez luzatu zen 2006. urteko epaia atera zenetik, eta atzerapen hori ezin zaio egotzi laguntzak berreskuratzeko zailtasunei”, dio auzitegiak argitaratu duen oharrak.
Legez kanpoko laguntzak lehia askerako “bereziki kaltegarriak” direla ohartarazi du epaitegiak. Hori dela eta, “inolako atzerapenik gabe” kendu behar zitzaien opor fiskalen enpresa onuradunei lehiakideen aurrean izandako abantaila. Halaber, legez kanpoko laguntzak “berehala eta eraginkortasunez” ez berreskurateagatik Espainiaren aurkako lehen epaia ez dela gogoratu du Luxenburgoko auzitegiak.
Ikerketa eta zigorra
1993 eta 2000 urteen artean indarrean egon ziren hainbat zerga kenkari ikertzea erabaki zuen Europako Batzordeak. Bruselak uste zuen legez kanpoko estatu laguntzak izan zitezkeela. Alegia, Europako merkatu batuaren arauak urratu eta lehia distortsionatzen zutela.
Bi ziren neurri horien ezaugarri nagusiak. Alde batetik, aktibo finkoetarako inbertsioen truke %45eko kenkaria enpresentzat. Bestetik, zerga oinarriaren murrizketa handiak enpresek etekinak zituzten lehen lau urteetarako (%99tik %25era). Azkenean, laguntza horiek legez kanpokotzat jo zituen Europako Batzordeak (EB), 2001. urtean. Neurrien bidez enpresek jaso zituzten laguntza guztiak itzuli behar zirela ere erabaki zuen Bruselak.
Harrezkero, borroka luzea izan dute EBk eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek auzitegietan, neurri horien legezkotasuna dela-eta. Berez, Europako justiziak Bruselari arrazoia eman zion, eta arauak ez zirela legezkoak ebatzi zuen 2006. urtean. Helegite eta epaiketa guztiak galduta, ogasunen azken saioa laguntzak itzuli behar ez izatea zen, baina ez zuten lortu.
Bitartean, enpresek dirua ez bueltatzeko egoskorkeriak EBren pazientzia agortu zuen, eta isuna jartzea eskatu zuen Europako Justizia Auzitegiaren erabakia hartu zenetik laguntza guztiak berreskuratu ziren arte. Joan den urteko irailaren 13an saioa egin zen Luxenburgoko epaitegian isunari buruz. Europako Batzordeko ordezkariak, Carlos Urracak, 25.817 euroko isuna exijitu zuen egun bakoitzeko (64 milioi euro, guztira). Ondoren, aurtengo urtarrilaren 23ean abokatu nagusiak, Eleanor Sharpsonek, eskaera hori leundu zuen, baina zigor eskaerari eutsi zion: 50 milioi euro.
Berez, isun hori Espaiari ezartzen dio Europako Auzitegiak. Estatuari dagokio legez kanpoko estatu laguntzak bueltatu direla bermatzea. Haatik, isun hori azkenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek ordaindu beharko dute.
Ordaina eztabaidan
Ordaintzeko moduari buruz ere ezadostasunak izan dituzte hiru erakundeek. Izan ere, eman ziren garaian, erabilera oso ezberdina izan zen herrialdetik herrialdera. 322,3 milioi euro berreskuratu behar izan dituzte azken urteetan hiru diputazioek. Arabak eman zituen opor fiskal gehien, eta, beraz, diru gehien hark bildu behar izan du: 212,4 milioi, hain zuzen, kopuru guztiaren %65,89. Bizkaiak, ostera, 68,7 milioi euro berreskuratu ditu (%21,31), eta Gipuzkoak, 41,2 milioi euro (%12,8). Horri laguntzen interesak gehitu behar zaizkio: beste 245 milioi inguru.
Arabaren irudiko, isunaren %70 Eusko Jaurlaritzak hartu beharko luke bere gain, Ekarpen Legeak diru baliabideak banatzeko ezartzen duen ereduari jarraituz, eta %30 aldundiek. Aldundien parte hori banatzeko ere legeak badu aurreikuspen bat, herrialde bakoitzak ekonomian duen pisuaren araberakoa (%50 Bizkaian, %34 Gipuzkoak eta %16 Arabak).
Aldiz, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dute oraingo honetan Ekarpen Legearen eredua erabili nahi. Horren ordez, herrialde bakoitzak banatu zituen laguntzen proportzioa aintzat hartzea exijitu dute.