Zaila da sinesten 300 metrotan ertzaina arrastaka eraman duen gidariarena. Barakaldon gertatu zen hori eta Bilbon, bankuak izan ziren Ibex-35 (-%3,46) indizea ia 300 puntuz(272, zehatz mehatz) arrastaka eraman zutenak. Astean %8 galdu dute gure indize nagusiek. Atzo BBVA (-%6,43), Sabadell (-%6,23) eta Santanderrek (-%5,38) jaso zuten egur handiena. 42, 7 eta 65 puntu galarazi zizkioten, hurrenez hurren, Ibex-35ari. Adreiluaren gaineko zalantzak handiak dira eta kontrol eskasiak urtetan eragin duen ziurgabetasuna, kolpez irensten ari gara orain. 2.158 milioiren salerosketa izan zen eta Enagas (+%0,54), Endesa (+%1,55) eta Grifolsen (+%0,69) txapel berde beltzez haratago, salmenten txapel gorriarekin atera ziren tropeleko akzio guztiak. Akzio azoken gainbeherari eutsiko dionik ez da inon ikusten eta, horretan, Wall Streetek eta Europak harridura aurpegi berbera erakutsi zuten atzo. Sinesgaitza, baina gertatzen ari da.
Stanford iruzurgilea AEBetako Virginian atxilotu arren, Venezuelan duen izen bereko bankuan esku hartu behar izan dute agintariek. Herrialdeko gordailu guztien %0,2 baino kudeatzen ez duen arren, 14 bulego dituen bankuaren ateetan ilarak osatu ziren.
Sabadell BS Inmobiliario izena duen higiezinen funtsa berraztertuko dute, aktiboen prezioak egokitzeko asmoz. Santanderrek Banif Inmobiliariorekin egin bezala, merkatu prezio berriak doitu beharra dauka adreiluen salerosketan ibili denak. 14 mila bezeroren mila milioi euro ditu.
300 metro arrastaka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu