301 langileri eragingo dien dosierra aurkeztu du Hegal aeronautika enpresak

Eskaeraren jaitsieraren eraginez lana gutxitu da, eta 99 egunez egongo dira lanik gabe Miñaoko beharginak

2009ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Arabako aeronautika sektorea «hilzorian» dagoela esan zuten duela hilabete batzuk Aernnovako langileek. Orain, gainera, etorkizuna are beltzago jarri zaie. Izan ere, Miñaoko (Araba) Hegal enpresak enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztuko du. Langile guztiei eragingo die dosierrak (301 langileri), eta 99 lan egunekoa izango da, hau da, lau hilabete baino gehiagokoa. Aernnova taldeko enpresa da Hegal.

Abuztuan iragarri zuten kontratu milioidunarekin -30 urtean 3.300 milioi euro fakturazioa-epe luzerako lana izango zutela uste zuten Aernnovako Arabako langileek. Baina egoera asko okertu da ordudanik. Hilabeteetan susmoak izan ostean, urtarrilean Airbusen A-350 hegazkinaren piezak Araban ez zituela ekoitziko baieztatu zuen Aernnovak. Lan hori Illescasera (Toledo, Espainia) eramatea erabaki zuen. Arabako langileek ez zuten begi onez ikusi enpresaren erabakia, nahiz eta hori susmatuta, hilabeteetan lana Euskal Herrira erakartzeko eskaerak egin zituzten.

Hori nahikoa ez eta Embraer bezero nagusiaren eskaera nabarmen jaitsi da azken hilabeteetan. Aernnovaren arabera, Brasilgo enpresa hori «inbertsioak egiten ari da etorkizunean lehiakorragoa izateko», eta horren ondorioz egin du behera eskaerak. Baina krisiak sektoreosoan izan duen eragina ere ezin da ahaztu, oro har egin baitu behera eskaerak.

Gamesaren aeronautika adarra zena da egungo Aernnova. Sei lantegi ditu Araban -horietako bat da Hegal-, eta 2.000 langiletik gora. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garrantzi handia dauka aeronautikaren sektoreak 7.000 langile baitauzka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.